2026-02-05
Blog Page 572

Hauteskundeetako hautagai bat kaleratu du Ibermatica-Gipuzkoak

Hauteskunde partzialak abian daude Ibermatican, eta enpresak hautagaia den eta aktiboki lanean ari den langile bat kaleratu du. Zuzendaritzari lankidearen berlaneratzea eskatu dugu, eta jasotako ezetzak argi utzi du kaleratzearen arrazoia. Horregatik, kalera atera gara, lankidearekiko elkartasunez, bere berronartzea exigitzeko eta hauteskundeetan enpresaren injerentzia salatzeko.

Ibermatica-Gipuzkoan hausteskunde sindikal partzialetan murgilduak daude. Hauteskunde kontestu honetan, pasa den azaroaren 21ean (hauteskunde mahaia eratu baino egun bat lehenago), Amaia Arrazola langilea kaleratua izan zen enpresan hiru urte lanean egon ondoren. Zuzendaritzak kaleratze disziplinario zela argudiatu zuen arren, ez du justifikazio bakar bat eman hau horrela izan dela defendatzeko.

Pasa den urrian, giza baliabideak (RRHH) hauteskundeen preabisua jaso zuenean lan batzordearekin jarri zen kontaktuan. Hauteskunde partzial hauen aurrean kezka eta ardura helarazi zion lan batzordeari. Zuzendaritzak interes handia jarri du prozesu hortan doazen partaideen izenak ezagutzeko. Amaia Arrazola oso era aktiboan zegoen parte hartzen hauteskunde hauetan. Horregatik ez dugu uste kasualitatea denik bere kaleratzea.
 

 

 

Hydro enpresako greba batzordeak eta borrokan dauden langileek lan baldintzen parekatzea bermatuko duen akordio bat aldarrikatu dute

0

Irurtzungo Hydro Extrusion enpresan 8. greba eguna bete dute gaur. Grebaren nondik norakoak azaltzeko, Greba Batzorde eta Batzarrak egiten duten proposamena esplikatzeko eta aurrera begira planteatzen dituzten ekimenen berri emateko prentsaurrekoa degin dute. Gainera, arratsaldean, 17:30ean, manifestaziora dei egin dute Irurtzunen, enpresa dagoen tokitik herriko plazaraino.

Hauxe da Irurtzungo Hydro Extrusion enpresako Greba Batzorde eta Batzarrak eman duten prentsaurrekoaren edukia:

2010eko martxoan enpresak, biltegia azpikontratatzeko mehatxuarekin langileak bi taldetan banatzen zituen akordioa inposatu zuen. Alde batetik HYDRO soldata (garai horietan SAPA) duten langileak eta bestetik data horretatik aurrera kontratatuak izango ziren langileak, Nafarroako metalgintza hitzarmena aplikatzen zaienak.

Neurri honek epe muga bat zuen 2015ean. Urte horretan langile guztien soldatak parekatu behar ziren. Hilabete batzuk lehenago 2014ko ekainaren 6ean hauteskunde prozesua hasi baino bost egun lehenago, testuinguru hura erabiliz akordio bat lortu zuen orduko komitearekin soldata banaketa hori mugagabea izan zedin. Akordio hark etzuen erantzuten errealitateari, hauteskundeak ospatu zirenean sindikatu bat jokalekutik desagertu zen. Hau da, egun gutxitara enpresa komitean zegoen errealitatea eta posizioak kontutan hartuz, enpresak ez zuen gehiengo nahikorik akordio hura gauzatzeko. Osatu zen komite berrian ez zegoen adostasun nahikorik soldata arrakala betikotzeko. Akordio hura beraz fede txarrez eta gehiengo baten aurka eraiki zen.

Ez da gure asmoa sindikatuen posizioak azaltzea enpresan eman den eraldaketa guztiaren inguruan. 2010Ean, krisialdi orokor baten inguruan hainbat erabaki hartu ziren, baina gaur egun egoera asko aldatu da. 2014. urtetik ona, soldatak parekatu behar ziren urtetik enpresak 20.000.000€ inguruko irabaziak izan ditu. 2018Ko balantzean (dugun azkena) enpresak 5.260.000€ ko irabaziak izan ditu. Irabazi hauek guztiak langileon izerdi eta eskubide galerari esker izan da.

Gaur egun behin behinekoen eta ABLEen tasa handia dugu, 2010etik aurrera kontratatuak izan garenak %22 eta %25 gutxiago kobratzen dugu, 2012. urtean galdu genituen eskubideen kostua 3122€ koa izan zen urteko eta langile
bakoitzeko, Nafarroako metalgintza hitzarmenean baino hiru lanegun gehiago ditugu. Izan ditugun hobekuntzak eskubide galeren truke izan dira eta ez dira kontsolidableak, iraungitze data dute. Hori bai, soldata arrakala 2014ean betikotu zen.

Desberdintasuna jasangaitza da, hilabetean 1200€ra iristen ez diren lankideak ditugu, parekatuta egongo balira 500€ gehiago kobratuko lituzketenak.

Guzti horregatik, gainezka egin dugu eta gaurkoa 8. greba eguna dugu hurrengo egunetan jarraipena izango duena.

Gure aldarrikapenak egingarriak dira eta azken urteotan 2014tik aurrera enpresak pilatu dituen irabazien %1a da. Gogora ezazue 2014. urtetik aurrera lan baldintzak parekatuak egon behar zutela enpresan.

• Soldaten parekatze progresiboa. Abiapuntu bezala gaur egun %25ean kokatzen den soldata arrakala %12,5era jaistea.

• Azken urteetan sortu diren kontzeptu ez kontsolidagarriak, kontsolidagarri egitea.

• Kategoriak egiten ditugun funtzioen arabera errekonozitzea.

• Ez dadila egon jazarpenik greban aritu diren langileen aurka.

Egungo egoera ri irtenbide bat eman nahian LAB sindikatuak eta langile multzo handi batekin batera greba eta mobilizazioak egiten jarraituko dugu hurrrengo asteetan.

Azkenik dei egin nahi diegu UGT eta CCOO sindikatuei azkeneko akordioa sinatu ez dezaten eta borrokara batu daitezen. Elkarrekin indartsuagoak gara.

 

 

 

Bat egiten dugu hezkuntza sistema propioa eskatzeko biharko antolaturiko ikasle grebarekin

0
Euskal Herriko ikasle mugimenduak greba deialdia egin du ikastetxeetan, biharko, azaroak 28, hezkuntza publiko eta burujabe baten alde. LAB sindikatuak, noski, hezkuntza eredu propioa, publikoa, euskalduna eta feministaren aldarriarekin bat egiten du eta, hartara, biharko ikasle greba babesten du eta antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditu langileak.

Besteak beste, hauexek dira ikasleek greba egiteko zergatiak. LABek bat egiten du haien ikuspegi eta helburuekin:

• LOMCE eredu antidemokratikoaren inposizioa.
• Eskubide murrizketen aurrean hezkuntza eskubidearen defentsa; ikasteko baliabide duinen defentsa.
• Ikasle euskaldun eleaniztunak osatutako jendartea lortzeko euskalduntzeko neurrien beharra.
• Curriculum propioaren eta pedagogia eredu alternatiboen beharra, herritar gisa komunitateko partaide aktibo bezala hezteko.
• Berdintasuna, hezkidetza eta eskola inklusiboa.
• Euskal Herriak dauka hitza eta erabakia, hezkuntza eredu propioa euskal herritarrok erabakita.
• Ikasleen erabakitze ahalmena eta eskubide demokratikoak.

 

 

 

Delegatuek Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren aurreakordioa babestu dute

0

LABeko batzarrak baiezkoa eman dio aurreakordioari. Eskerrak eman nahi dizkiegu gurekin bidelagun izan ditugun mugimendu sozialei, eta, argi izan dezatela, aurrerantzean ere bide lagun izango garela, gure borroka beraiena izan den bezala beraiena ere gurea delako. Zorionak ere borroka egin duten Metalgintzako langile guztiei, borrokatzeak merezi duela argi utzi dutelako. LAB sindikatuaren oinarri osoa eskertu nahi dugu, gure Metalgintzako afiliazioari harrotasuna adierazi. Dena eman dute borroka honetan.

Luzea eta gogorra izan da. Urte eta erdi baino gehiago ibilin gara borrokan. LABek 2018ko ekainean mahaitik joatea erabaki zuenetik, langileekin batera borrokatzea erabaki genuen, hitzarmena lortzera gindoazela esan genuen, eta lortu dugu.

Gaur, delegatuekin batera, borrokaren garapena gogoratu dugu; FVEMeko okupazioa eta 2019ko urtarrilean aliantzen eta greben beharraz gainerakoak interpelatu genituenekoa, kasu. Gerora, lortu den aliantza historikoa da, sindikatuen artekoa eta mugimendu sozialekin erdietsitakoa. Mobilizazioen eta greben jarraipenak ere denon aurreikuspenak gainditu ditu. Hain zuzen ere, hori guztia izan da aurreakordioa mahai gainean egoteko gakoa.

LABeko delegatuek pozez gainezka jaso dute lortutakoa; aurten langileek 527 euro baino gehiago jasoko dute (hori da minimoa); eta tabletatik gora daudenek 395 eta 422 euro bitartean; gainera, lehen aldiz, subrogazioa eta ABLEen gaia jasoko da hitzarmenean; lan osasun arloan, IT osagarria kendu dute eta prebentzio delegatuak ahaldunduko dira; berdintasun arloan, industrian klausula historikoa lortu dugu; era berean, lan erreformaren aurkako klausulak eta ultraaktibitate mugagabea aplikatzekoa jaso ditugu.

 

 

 

Ofentsibara joko dugu urtarrilaren 30eko Greba Orokorrarekin, 30 aldarritik gora kaleratuz


Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren eragileetako ordezkariok agerraldia egin dugu Donostian, urtarrilaren 30eko Greba Orokorreko aldarrikapen taula aurkezteko. Hain zuzen ere, aldarrikapen taulak 30 neurritik gora jasotzen dituela jakinarazi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, beti ere prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan-prekarietatea ezabatzeko, lan-baldintzak duintzeko eta eskubide sozialen defentsarako. Azken batean, bestelako eredu sozio-produktibo baten aldeko neurriak direla nabarmendu du. Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa, eskubide sozialen bermea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarriak daude, tartean.


Garbiñe Aranbururen hitzetan, "urtarrilaren 30eko Greba Orokorra lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko greba da; aldarrikapen batzuen aldeko greba da, ez zerbaiten kontrakoa. Ez da erantzun bat emateko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik".

Ofentsibara joko dugula esan eta gero, horretarako arrazoiak azaldu ditu LABeko idazkari nagusiak: "Bizi baldintzak duintzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa baten alde, ekonomia fase berriari harresi bat jartzeko, patronala eta erakundeak interpelatzeko, demokrazia eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko".

Langileen erabakitzeko eskubideen defentsan irtengo garela kalera berrretsi du: "Hemen erabaki nahi ditugu lan harremanak edo pentsio sistema, Lan Harremanetrako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko greba izango da".

Hala, borrokak merezi duela adierazi du: "Borrokaren bitartez eskubideak eskuratzen ditugu; borrokaren bitartez austeritate politikak eta patronalak prekarizaziorako duen grina gelditu ahal dugu. Urtarrilaren 30ean, zalantzarik gabe, Euskal Herrian planto egingo du".

Babes zabala
Urtarrilaren 30ean Greba Orokorra izango dugu, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Antolakunde honetan 100dik gora eragile sozial eta sindikal batzen gara: pentsiodunak, feministak, ekologistak, gazte-mugimendua, bazterketa sozialaren aurkako plataformak, ekonomia alternatibo eta solidarioaren sarea eta euskal gehiengo sindikala, besteak beste.

Grebaren bidez gure erantzuna emango diogu pentsiodunen mugimenduak egindako deiari. Egoera ikusita, beharrezkoa da pentsio, lan baldintza eta bizitza duinaren aldeko borrokan jauzi bat ematea. Badira arrazoiak gaurko eta etorkizuneko pentsiodunak kezkatzeko: pentsio-sistema publikoa babestea, lan-harremanetarako eta babes sozialerako bertako sistema ezartzea, gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea, edota eros-ahalmena legez bermatzea.

Grebarekin neurri jakin batzuk hartzeko beharrizana azpimarratu nahi dugu, prekarizazioari mugak jartzeko, azken urteetako murrizketak atzera botatzeko, lan-prekarietatea ezabatzeko, lan-baldintzak duintzeko, eta eskubide sozialen defentsan. Bestelako eredu sozio-produktibo baten alde, azken finean.

Grebara garamatzaten arrazoiak 30 neurritik gorako aldarrikapen taula batean bildu ditugu. Donostian egindako agerraldian aurkeztu ditugu:

2011 eta 2013ko erreformetan onetsitako pentsio-murrizketak indargabetzea:

• Erretiroa 65 urterekin.
• Erretiro Aurreratua 61 urterekin, 30 urte kotizatuta izanez gero. Koefiziente murriztaileak arintzea.
• Erretiroa hartu ahal izateko adina jaisteko aukera zabaltzea sektore berrietara, bereziki nekagarriak eta arriskutsuak diren sektoreetara, adibidez, garraio-sektorea.
• Pentsioa kalkulatzeko 15 urte hartzea kontutan.
• Pentsioen eros-ahalmena bermatzea (gutxienez KPIaren pareko igoera)
• Pentsioen jasangarritasun-faktorea kentzea.

Beste neurri batzuk pentsioei buruz:

• 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
• Pentsio sistemaren finantziazioa bermatzea, kotizazio sozialen eta zergen bidez.
• Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioak zenbatzerakoan zigorrik ez aplikatzea. Lan egindako egun bakoitzeko, kotizatutako egun bat.

Zapateroren eta Raxoiren lan-erreformak bertan behera uztea:

• Hitzarmen kolektiboetan ultraktibitate mugagabea.
• Herrialdeko hitzarmenen aplikazioa lehenestea estatu mailako hitzarmenen gainetik.
• Beheko esparruko hitzarmen batek goragoko esparruko beste baten baldintzak okertzeko aukerarik ez izatea.
• Lan-eskubideetan egindako murrizketak atzera botatzea.

Beste neurri batzuk enpleguari eta pentsioei buruz:

• Gizon eta emakumeen arteko soldata-arrakala eta pentsio-arrakala amaitzea.
• Hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata.
• Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea.
• Lanaldia 35 ordura jaistea, soldata gutxitu barik.
• Bereziki emakumeei ezartzen zaizkien lanaldi partzial inposatuak ezabatzea.
• Azpikontratatutako enpleguan subrogaziorako eskubidea bermatzea.
• Zerbitzu publikoak garatzea, ezarritako murrizketak atzera botatzearekin batera.
• Kontratazioan sexuaren, jatorriaren, ideologiaren, sexu-identitatearen, aniztasun funtzionalaren edo ekonomia-jardueraren araberako diskriminaziorik egingo ez dela bermatzea.
• Kontratazioan prekarizazio-formula oro kentzea (etxeko langileen erregimen berezia, autonomo faltsuak, uberizazioa…)
• Klausula sozialak ezartzea administrazioko azpikontratetan.
• Lanera bizirik itzultzeko eskubidea. Lan Ikuskaritzako plantillak handitzea, Europar Batasunekoekin parekatu arte, eta lan-istripuen eta laneko gaixotasunen aurkako ekintza plan zorrotz bat ezartzea.
• Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eta gainerako enpleguetan dauden eskubide berberak aitortzea.

Eskubide sozialen bermea:

• Menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza-zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea.
• Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Errenta Bermatua %100ean parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin, eta azken hori %50 igotzea bi pertsonak osatutako ohiko unitateetan,
eta beste %50 igotzea 3 pertsona edo gehiagoko unitateetan.
• Alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko eskubidea legez bermatzea, EHko Eskubide Sozialen Kartaren Herri Ekimen Legegileak ezarritako baldintzetan.

Lan-harremanetarako eta babes-sozialerako esparru propioa:

• Euskal Herriko langileek eskubidea izatea pentsio sistema publikoa eta pentsio duinak bermatzeko modurik onena erabakitzeko.
• Lan-harremanetarako gure eredu propioa eta negoziazio kolektiboko marko propioa erabakitzeko eskubidea, kanpoko esku-hartzerik gabe.
• EAEko eta Nafarroako instituzioei dei egiten diegu euren erantzukizunak onartu eta bide horretan aurrera egiteko neurriak har ditzaten, gisa honetako ekimenekin:

1. Gutxieneko pentsioa legez 1.080euro arte osatzea, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuen bidez.

2. Enplegu publikoari dagokionean (zuzenekoa nahiz azpikontratatua): 1.200euroko gutxieneko soldata 35 orduko gehienezko lanaldia ezartzea; gutxienez herrialdeko hitzarmen sektoriala aplikatzen dela bermatzea, baita beste klausula sozial batzuk ere.

3. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan eta etxebizitza eskubidearen alde Eskubide Sozialen Kartak sustatutako Herri Ekimen Legegilea onartzea.

4. Lan arloan ematen den soldata arrakalaren, diskriminazioaren eta indarkeria matxistaren aurkako Lege bat onartzea.
 

 

 

Aurreakordio historikoa lortu dugu Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean, borroka historiko baten ostean

0

Bizkaiko Metalgintzako Mahaiko gehiengoaren babesarekin, aurreakordio historikoa sinatu dugu gaur Bizkaiko Metalgintzako sektorean. Historikoa, orain arte sektore honetan ez zeuden edukiak lortu ditugulako. Borroka honen hasieran prekarietatea eta diskriminazioa borrokatzea jartzen genuen helburu nagusitzat, sektorean ematen diren egoera prekarioei aurre egiteka; subrogazioa, estatalizazioa, dualitatea, behin-behinekotasuna, lan osasuna, berdintasunik eza… eta, bide horretan, aurrera urrats historikoak lortu ditugu.

Hauek dira aurreakordiaok jasotako lorpenak:

SUBROGAZIOA mantenua egiten duten langileentzat. Euskal Herrian industria eremuko lehen hitzarmena da subrogazioa lortzen duena.

EMAKUMEEN DISKRIMINAZIOARI aurre egitea. Sektore honetan emakumeen aukera berdintasunean aurrera egiteko neurriak (soldata arrakalarekin amaitzeko ezinbestekoa dena). Gai honetan ere aurrerapen garrantzitsuak lortu dira berdintasun batzorde bat sortzeko konpromisoarekin, enpresetan berdintasun planak egitearekin eta kontratazioa langilearen sexua kontutan izan gabe egitearekin, kasu. Hurrengo urteetan emakumeen presentzia sektore honetan hazten joatea ekarriko dute neurri horiek. Bizkaiko emakume langileek ez dituzte alferrik egin bi greba feminista Martxoaren 8ko testuinguruan. Lan munduan ere borroka feministak aurrera darrai.

DUALITATEA eta ESTATALIZAZIOAREN mehatxuarekin amaitzea. Metalgintzako langileek urteak zeramatzaten hitzarmenik izan gabe eta eremuko langile berriak dualitatea pairatzen (lan baldintza desberdinak lan bera egiteagatik). Halaber, langile guztiei eragiten zien estatalizazioaren mehatxuak. Hitzarmena berritzearekin lortu dugu prekarietatea hedatzeko bi egoera hauek sektoretik desagertzea.

MALGUTASUNA eta BEHIN-BEHINEKOTASUNA elkarlotu egin dira, sektorean lehen aldiz. Alegia, patronalak flexibilitatea baliatu nahi badu, behin-behinekotasun portzentaia muga batzuk errespetatu beharko ditu. Horrela, malgutasunari mugak jarri eta langileen egonkortasuna bultzatzen da.

KONTRATAZIO ZUZENA BULTZATU eta ETT bidezko kontratuak desagertzeko bidea ireki da, ETTko langileek pairatzen dituzten egoerekin amaitzeko.

LAN OSASUNEAN URRATS BERRIAK lortu ditugu lan osasun galera dakartzen egoerak sektoretik desagertzeko bidean jartzeko. Bizkaiko Metalgintzako langile ugari lanaren ondorioz hil edo gaixotu egin da azken urteetan (2018an Bizkaiko Industria eremuan 3 langile hil ziren lan istripuz, Euskal Herrian hildako langileen %7,31; eremu berean, 892 gaixotasun profesional erregistratu ziren urte horretan).

SOLDATETAN IGOERA. Langileek garrantzia handia ematen diote jasotzen duten soldatari, bizitza duin baterako ezinbestekoa dena. 2019rako KPI + 1’75eko igoera lortu da, eta 2020 eta 2021ean KPI +1.5eko igoera.

Hori guztia lortu dugu Bizkaiko Metalgintzako borrokan. Langileek lortu dute. Borrokarako determinazioak eta gaitasunak ezaugarritu eta ahalbidetu dute borroka hau. Langileek izan dute mobilizazioen arrakastaren giltza, greben jarraipen historikoaren giltza, piketeeten jarrera eredugarriaren giltza.

10 greba egun egin ditugu eta beste 8 greba egun egiteko prest ziren langileak, patronalak gure aldarrikapenak onartu izan ez balitu. Denon artean borroka historikoa egin dugu. Garai berri bat ireki da Bizkaiko Metalgintzan, lan munduan eta jendartean. LAB sindikatuaren aitzindaritza funtsezkoa eta erabakigarria izan da borroka hau sortu, bidea egin eta helmugara iristeko. Harro gaude egindako lanarekin eta harro gure oinarriekin:

Hasieratik hitzarmen sektoriala irmoki defendatuz

-Hitzarmen sektorialaren beharra defendatu dugu beti.
-Enpresa negoziaketa dagoen eremuan ere sektore hitzarmenaren ezinbestekotasuna argi utzi dugu.

Azkeneraino borrokaren beharra irmoki defendatuz

-Aurreko premisak oinarri hartuta, baldintzak sortu ditugu elkarlan sindikalari bide emateko. Elkarlan bera premisa horietan oinarritua egon da.
-Elkarlan sindikalaz gain, aliantza soziala ere izan dugu borroka honetan. Eragile sozial ugari izan ditugu bidelagun. Gure eskerrak denei. Eremu bateko zein besteko, borroka denak langile klasearenak direla erakutsi dugu.

Eskubideak eta lan baldintzak defendatu eta lortzeko borrokatzea beste biderik ez dago, eta langileek hori argi dute. Zoriondu nahi ditugu LABetik. Ohorea eta plazerra izan da borroka hau partekatzea.

LAB sindikatuak bihar bertan partekatuko du aurreakordioa bere delegatuekin, berrespena emateko.

 

 

 

Osakidetzan gutxienez 3.000 lanpostu finko berri behar direla aldarrikatu dugu Mahai Sektorialean eta Eusko Legebiltzarrean

0

LAB sindikatua Osasungintzako Mahai Sektorialean zein Eusko Legebiltzarrean egon da gaur Osakidetzako kontratazioaren egoera salatzeko, eta egun ezkutuan dauden 3.000 lanpostu baino gehiago finko bihurtu behar direla aldarrikatzeko, lanpostu hauei guztiei kodea emanda.

Zifra hori ez dugu asmatu. LABek iaz egin zuen ikerketa sakonaren emaitza da. Izan ere, guk lortutako datuen arabera, 2.981 lanpostu berriren behar estrukturala dago, baina hauek guztiak “zerbitzuen beharren” motako kontratupean ezkutatzen dira, koderik gabe eta, beraz, Osakidetzako plantilla estrukturalean agertu gabe. Desagertzen badira, ez da ezer gertatzen, estatistikoki “ez da enplegua suntsitu”.

Beraz, gaur deitutako Mahai Sektorialean zein Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin dugun agerraldietan Osakidetzaren plantilla faltaren arazoa ipini dugu mahai gainean. Osakidetza, EAEko enpresarik handiena dena hain zuzen ere, kontratazio prekarioan oinarritzen da, izugarrizko behin-behineko tasarekin (%35 baino altuagoa). Osasun sistema publikoaren premia egoera horrekin amaitzea da, plantilla errealitatera dimentsionatuz eta egonkortuz, ez soilik pertsonak, plazak ere bai. Kontsolidazio EPEak nahitaezkoak dira Osakidetzan, eta orain, Funtzio Publikoaren Kontseiluak ireki duen atearekin posiblea da, ez dago aitzakiarik.

Baina inongo kontsolidazio EPE prozesua abiatu baino lehen, plantilla estrukturala handitu behar dugu eta errealitatera ekarri. Edozein kontsolidazio prozesuak, iruzurra izan ez dadin, oinarri hauek kontuan hartu beharko lituzke:

-3.000 lanpostu “ezkutu” hauek kodedun lanpostu finko bihurtu behar dira.
-Kontuan hartu behar dira gaur egun kodifikaturik dauden milaka lanpostu interino.
-Kontuan hartu behar dira urtero gertatzen diren 1.000 erretiroak.

Laburbilduz, momentu honetan, Osakidetzan, Kontsolidazio EPE batek 7.000 plazako izan beharko luke, gutxienez. Eta hau guztia aurrera eramateko, negoziazioa da klabea, negoziazio kolektiboa. Hori ere aldarrikatu dugu gaur egun negoziaziotik urrun dagoen Mahai Sektorialean, eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Osakidetzako zein Osasun Saileko zuzendaritzek urrezko aukera daukate oraingoan enplegua lehentasun bezala hartzeko eta negoziazioaren bidea berreskuratzeko. Orain da momentua, aitzakiarik gabe, Osakidetzako plantilla egonkortzeko, dimentsionatzeko eta euskal jendarteak behar duen kalitatezko osasun sistemaren oraina eta etorkizuna ziurtatzeko.

 

 

 

Bilbao Kirolak-ek ez du garbitzaileen atsedena errespetatzen

0

Bilbao Kiroletako kiroldegietako Zaintzen garbiketako langileek mobilizazio egutegiarekin jarraitzen dute, asteko atsedena aldarrikatzeko. Beste astebetez, LAB, CCOO, ELA eta ESK sindikatuok deituta, Bilbao Kirolaken aurrean elkarretaratzea egin dute, kontziliaziorako eta 48 orduko atsedenaldirako eskubidea aldarrikatzeko.

Epaiketa abenduaren 3rako dago iragarrita, baina ez garbiketa kontrata den Zaintzen-ek, ez Bilbao Kirolakeko zuzendaritzak berak ere, ez dute gatazkari amaiera emango dion akordioa lortzeko borondaterik erakutsi. Enpresa-batzordeak bilera eskatu zion joan den astean Bilbao Kirolakeko Zuzendaritzari, bai eta teknikariei ere, baina ez dute erantzunik jaso.

Garbitzaileek, beraz, mobilizazioekin jarraituko dute, akordioa lortzearekin bakarrik amaituko baitira protestak.
 

 

 

Iurretako Smurfit Kappa Nervion enpresan gertatutako intoxikazioaren aurrean, berretsi nahi dugu ez dugula lan istripu bakar bat bera ere pasatzen utziko

0
Hiru langile Galdakaoko ospitalera eraman behar izan dituzte pasa den goizaldean, papergintza sektoreko Iurretako Smurfit Kappa Nervion enpresan lanean ari zirela. Horietako langile bat konortea galdu zuen. Hain zuzen ere, langile honek ospitalean jarraituko du datozen orduetan, obserbazioan; beste bi langileei alta ematea erabaki dute.

LAB sindikatuak jakin izan duenez, Intoxikatutako hiru lagunetatik bakarra da enpresako langilea, beste biak azpikontratatuak baitaude. Azido sulfamikoarekin kutsatu dira, begietan eta azalean narrikortasuna eragin ohi duen azido batekin; begien kasuan, narrikortasuna larria izan daiteke. Babes maskara, begietarako babes pantaila, arropa egokia eta eskularruak beharrezkoak dira azido honekin lan eginez gero, eta beste zenbait segurtasun neurri bermatu ere; aireaztapen egokia, tartean. Formazio falta egoten da halako istripuen jatorrian, eta, kasu honetan, arrazoia hori izan daitekeelakoan gaude.

Segurtasun neurriak eta protokoloa behar bezala jarraituz gero, halako istripuak ezingo lirateke inoiz gertatu, saihestu daitezke erabat. Hortaz, ikerketa egin dezaten eta enpresak bere ardura har dezan exijitzen dugu. LAB sindikatuak ez du lan istripu bakar bat bera ere pasatzen utziko.