2026-10-31
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzan gutxienez 3.000 lanpostu finko berri behar direla aldarrikatu dugu Mahai Sektorialean...

Osakidetzan gutxienez 3.000 lanpostu finko berri behar direla aldarrikatu dugu Mahai Sektorialean eta Eusko Legebiltzarrean

LAB sindikatua Osasungintzako Mahai Sektorialean zein Eusko Legebiltzarrean egon da gaur Osakidetzako kontratazioaren egoera salatzeko, eta egun ezkutuan dauden 3.000 lanpostu baino gehiago finko bihurtu behar direla aldarrikatzeko, lanpostu hauei guztiei kodea emanda.

Zifra hori ez dugu asmatu. LABek iaz egin zuen ikerketa sakonaren emaitza da. Izan ere, guk lortutako datuen arabera, 2.981 lanpostu berriren behar estrukturala dago, baina hauek guztiak “zerbitzuen beharren” motako kontratupean ezkutatzen dira, koderik gabe eta, beraz, Osakidetzako plantilla estrukturalean agertu gabe. Desagertzen badira, ez da ezer gertatzen, estatistikoki “ez da enplegua suntsitu”.

Beraz, gaur deitutako Mahai Sektorialean zein Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin dugun agerraldietan Osakidetzaren plantilla faltaren arazoa ipini dugu mahai gainean. Osakidetza, EAEko enpresarik handiena dena hain zuzen ere, kontratazio prekarioan oinarritzen da, izugarrizko behin-behineko tasarekin (%35 baino altuagoa). Osasun sistema publikoaren premia egoera horrekin amaitzea da, plantilla errealitatera dimentsionatuz eta egonkortuz, ez soilik pertsonak, plazak ere bai. Kontsolidazio EPEak nahitaezkoak dira Osakidetzan, eta orain, Funtzio Publikoaren Kontseiluak ireki duen atearekin posiblea da, ez dago aitzakiarik.

Baina inongo kontsolidazio EPE prozesua abiatu baino lehen, plantilla estrukturala handitu behar dugu eta errealitatera ekarri. Edozein kontsolidazio prozesuak, iruzurra izan ez dadin, oinarri hauek kontuan hartu beharko lituzke:

-3.000 lanpostu “ezkutu” hauek kodedun lanpostu finko bihurtu behar dira.
-Kontuan hartu behar dira gaur egun kodifikaturik dauden milaka lanpostu interino.
-Kontuan hartu behar dira urtero gertatzen diren 1.000 erretiroak.

Laburbilduz, momentu honetan, Osakidetzan, Kontsolidazio EPE batek 7.000 plazako izan beharko luke, gutxienez. Eta hau guztia aurrera eramateko, negoziazioa da klabea, negoziazio kolektiboa. Hori ere aldarrikatu dugu gaur egun negoziaziotik urrun dagoen Mahai Sektorialean, eta baita Eusko Legebiltzarrean ere. Osakidetzako zein Osasun Saileko zuzendaritzek urrezko aukera daukate oraingoan enplegua lehentasun bezala hartzeko eta negoziazioaren bidea berreskuratzeko. Orain da momentua, aitzakiarik gabe, Osakidetzako plantilla egonkortzeko, dimentsionatzeko eta euskal jendarteak behar duen kalitatezko osasun sistemaren oraina eta etorkizuna ziurtatzeko.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....