Elkarretaratzea egin dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Osasun sailburu Nekane Murgaren agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, Murgak Gasteizko Santiago ospitaleko sukaldearen kudeaketari buruzko galderei erantzun behar izan die Legebiltzarrean.
Iazko azaroaren 20an, fiskaltzara eraman genuen Gasteizko Santiagoko ospitaleko sukaldean atzemandako kontabilitate desoreka baten salaketa, sindikatuak ezagutzera emandako kudeaketa txarraren atzean delitu penalik egon ote zitekeen zehazteko.
Gaur, Nekane Murga osasun sailburuak agerraldia egin du Legebiltzarrean, Gasteizko Santiago ospitaleko sukaldearen kudeaketari buruzko galdera guztiei erantzuteko. LABek 200.000 eurotako zuloa atzeman zuen.
Hala, Murgak agerraldia egin bitartean, elkarretaratzea egin dugu Parlamentuaren aurrean, 10:30ean, kudeaketa ezin txarragoko kasu argi honen gaineko erantzukizunak eskatzeko.
Hainbat eragilek agerraldia egin dugu Basaurin, urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean izandako polizia jazarpena salatzeko eta, bereziki, Basauriko bi ekintzaileen aurka Ertzaintzak izandako jarrera publiko egiteko.
Hauxe da agerraldian irakurritako oharra:
Salatu egin nahi dugu pasa den urtarrilaren 30ean, poliziak izan zuen hertsapen-jokabidea eta erabili zuen indarkeria, oinarrizko eskubideak mugatuz, hala nola grebarako askatasuna, manifestaziorako askatasuna, adierazpen-askatasuna eta abar.
Eta zehazki aipatu nahi dugu Ertzaintzak hilaren 30ean Basaurin egindako polizia-abusua. Egun horretan, uniformedun bi agentek pertsona bati eraso egin zioten fisikoki inolako aitzikiarik gabe eta konflikturik gabeko espazio batean, eta, beste alde batetik, kalez jantzitako lau agente bizilagun baten atariko atean goizaldeko 4:30ean zain zeuden, etxetik atera eta hura miatzeko, autoa birritan miatzeko. Eta bere lonjara 09:24an sartzea gure iritziz,legez kanpo, ustez lehergailuak konfiskatzeko, egun batzuk lehenago Astondoan erositako petardo batzuk bakarrik aurkituz, erabat legalki.
Ez zaigu kasualitatea iruditzen gertatutakoa, bi pertsona horiek gure herriko ekintzaile sozial ezagunak baitira. Eta ikusten dugu polizia-jardun horren helburua ez dela inolako deliturik saihestea, baizik eta pertsona horiek beren jarduketetan mugatzea, eta horiek ez dira inolaz ere delituzkoak.
Zilegitzat jotzen dugu langileen borroka, emakumeena, gazteena, langabeena, pentsiodunena eta existitzen diren beste hainbeste borrokatzea, horiek gabe ez genukeelako sozialki aurrera egiteko aukerarik izango. Beraz, hemendik kolektibo sozial eta sindikal ezberdinek poliziaren gehiegikeria horiek salatzen ditugu, eta berriro gerta ez daitezen exijitzen dugu.
Arabako helduen egoitza pribatuetako langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Aldundiaren aurrean. Mobilizazioaren bitartez, probintzia-hitzarmen duin bat aldarrikatu dute, lan-baldintzak hobetuko dituena eta, aldi berean, baldintza horiek erabiltzaileengan eragina izango dutena. Urtebete daramate hilean bitan kontzentratzen, eta kalean jarraituko dute hori aldatzen ez den bitartean.
Aste hau euskara hezkuntza sisteman sustatzen jarraitzeko ahaleginean oso garrantzitsua da, aurrematrikulazio epea ireki baita ostirala bitartean. LABek kezka handiz hartu du aurten Nafarroako Gobernuak D ereduan aurrematrikulatzeko kanpainarik egin ez izana, ez Hezkuntza Departamentuaren bidez, ezta Euskarabidearen bidez ere.
LAB Euskarabideko arduradunekin harremanetan jarri da irizpide berri honen inguruko azalpenak eskatzeko. Hezkuntzaren arloa berez ez dela euren eskumena eta arlo horretan euskararen sustapena egitea edo ez Hezkuntza Departamentua bera arduratzen hasi dela esan digute. Erakunde horrek dioenez, Hezkuntza Departamentuak matrikulazioaren inguruan ezer ez duela egingo erabaki omen du, gaiak nahasmena eragiten duela eta testuinguru horretan A eredua ere sustatu beharko litzatekeela iritzita.
Aurten arte Euskarabideak Nafarroako Udalekin batera elkarlana egin izan du D ereduaren matrikulazio kanpaina aktiboa izateko. Ostiralean bukatzen den aurtengo aurrematrikulazio kanpainan ez da, ordea, horrelakorik izango.
LABen aburuz, erabaki honek agerian utzi du Euskarabideak eta Hezkuntza Departamentuak euskararen egoera normalizatzeko zeregin garrantzitsu horretan agertzen duten pasibitatea eta onartezina iruditzen zaigu gutxitua dagoen Nafarroako hizkuntza ofizial hau babesteko eta sustatzeko dagoen estrategiarik eza, kontrako jarrera ez esatearren.
Euskara sustatzeko ahalegin erraldoi eta kolektiboan Hezkuntza sektore estrategikoa da eta ulertezina da berau indartzeko propio sortutako erakunde ofizial bakarrak, Euskarabideak, arlo horretan bere eskumen eta ardurei horren modu arinean uko egitea. Arduragabekeria galanta iruditzen zaigu zeregin hori PSNren kontrolpean dagoen Hezkuntza Departamentuaren eskuetan uztea adostu izana eta aurrematrikulazio kanpainan D ereduan matrikulazioak bultzatzeko ezer egin ez dela ikustean tamaina horretako jarrera pasiboa izatea.
Mundu guztia anima dezagun haurrak D ereduan matrikulatzera LAB sindikatuari garrantzitsua iruditzen zaio jendarteak, eta batez ere euskararenganako sentiberatasun eta adeitasun minimo bat duten sektoreek, egoeraren berri izatea. Euskararen normalizazioa hitzetatik ekintzetara igarotzeko aktibo nagusiak gu geu gara, Nafarroako jendartea, egungo erakundeek ezer gutxi egingo baitute hori horrela izan dadin. Beraz, euren haurrak D ereduan matrikulatu ala ez zalantzatan dabiltzan guztiak euskararen aldeko hautua egitera animatu nahi ditugu, horrek euren seme-alabei hezkuntza zabal eta aberasgarria eskaintzeaz gain, mundu berria ere irekiko dielako. Atzerriko hizkuntza ikasteaz gain, Nafarroako bi hizkuntzak menperatzea bermatzen duen eredu bakarra baita D eredua. Seme-alabak euskarazko ereduetan eskolaratzea denon artean bultzatu beharra dugun hizkuntzari bermea emateko dugun tresna nagusienetakoa da.
Gizarte Ekimeneko ikastetxeak, 2009tik lan hitzarmena berritu gabe egon dira eta borrokaldi luze eta neketsu baten ondoren, batasun sindikalak eta langileen borrokak patronala mugi arazi zuten, ELA, STEILAS eta CCOOrentzat nahikoak izan ziren eduki batzuk mahai gainean jartzera arte. Honek bide eman zion 2019ko azaroan sinatu zuten Gizarte Ekimeneko akordioari. Momentu horretan LABek publikoki salatu zuen adostu zuten akordio horrek zenbait puntutan ez zituela gutxieneko edukiak betetzen eta beraz, ez ziola bere sinadurarekin babesik emango.
Euskal Herria, Galiza eta Kataluniako LAB, ELA, CIG eta CSC sindikatuok adierazpen sindikal bat aurkeztu dugu, Bilboko Itsas Museoan. Adierazpenaren bitartez, hiru nazioetan eta Espainiako Estatuan bizi den egoera laboral, sozial eta politikoaren harira, Madrilen osatu den gobernu berriaren aurrean hainbat aldarrikapen egin ditugu, agenda soziala indartu eta erabakitzeko eskubidea aitortzearen ildotik. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, "garrantzitsua da posizio bateratu bat ezartzea Gobernuaren aurrean. Horrekin batera, norberak gure herrian borrokan jarraitu behar dugu eraldaketa soziala, dermokrazia eta burujabetza oinarri dituen prozesuan aurrera egiteko".
Garbiñe Aranburuk hitza hartu du ekitaldian, Euskaldunako Adierazpenaren izaera azaltzeko: "Espainiako Estatuaren errealitateari buruzko diagnostiko bateratu bat dugu. Garai politiko berri bat irekitzen da, eta horregatik kokatu nahi izan ditugu gure aldarrikapenak PSOE eta Unidas Podemos alderdiek osatutako Gobernu berriaren aurrean".
LABeko idazkari nagusiaren arabera, Espainiako Estatuan bizi den krisia, arlo politiko zein sozialean, jasangaitza den errealitate bat da, eta orain jokoan dagoena da nola konpontzen den krisi hori. "Ultraeskuindarren gorakadak agenda politikoa baldintzatzen du autoritarismoaren aldera, eta eskuineko blokeak inboluzio nazional, sozial eta patriarkalaren aldeko apustua egin du argi eta garbi. Birzentralizazioaren aldeko apustu garbi bat da, eskubide laboral eta sozialen galeraren aldekoa", azaldu du.
Egungo Gobernuaren apustua, dirudienez, erregimena mantentzea da, aldaketa gehiegirik gabe, "azken urteetan izandako murrizketak bere osotasunean bertan behera utzi gabe, autodeterminazio eskubidea aitortu gabe eta gatazka politikoak konpontzeko eskaintza demokratizatzailerik gabe".
Garbiñe Aranbururen esanetan, Estatuaren krisia konponduko ez lukeen "bide autonomista" da apustua, "milaka eta milaka kataluniar, euskal herritar eta galiziarren nahiak asebetetzen ez dituenean".
LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "herri burujabetza defenditzen dugunak gaude. Egungo sistema errotik aldatu nahi dugu, beste eredu sozial bat defendatzen dugu eta proposamen zehatzak ditugu prekarizazioa gelditzeko eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen ereduan aurrera egiteko. Proposamenak ditugu, eta proposamen horiek gauzatzeko botere politikoa behar dugu langileok. Horregatik diogu: aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira".
Urtarrilak urtea langabeziaren igoera kezkagarri batekin hasi du. Gaur egun Hego Euskal Herrian orain dela hilabete baino 4.161 pertsona gehiago daude langabezian. Bilakaera negatibo honen ondorioz langabeziaren zifra ofiziala 151.521 pertsonetakoa da. Urtarrila inoiz ez da izan enpleguarentzat hil ona; hala ere, oraingo honetan 2016tik hilabete honetan gertatu den langabezia igoera handienaren aurrean gaude.
Langabeziaren igoera honek herrialde guztietan izan du hedapena, baina gazteen eta bereziki emakumeen artean izan du eragin gogorrena. Izan ere, urtarrilean batazbeste %2,8 igo da langabezia, gazteen arteko langabezia tasak ordea igoera bikoitza baino handiagoa izan du (%5,9). Gainera, langabezia egoerara batu diren pertsona berrien %95 emakumeak dira.
Gizarte Segurantzaren afiliazioak ere kolpe gogorra jaso du iraupen oso laburreko kontratu asko bukatzearen ondorioz, batik bat merkataritzan eta ostalaritzan.
Hilabete bakarrean, Gizarte Segurantzan 13.500 afiliatu baino gehiago galdu dira eta horrek suntsitu diren lanpostuen zenbatekoaren ideia bat ematen digu, gaizki ordaindutako enplegu prekarioak gehienak.
Lan kontratazioaren datuen arabera, gutxi gorabehera behin-behineko hamar kontratutik lau (iraupen mugatukoak) astebeteko epea baino laburragoak dira. Eta Hego Euskal Herrian 400.000 pertsona baino gehiago daude lan prekarioetatik langabeziara eta langabeziatik prekarietatera bueltan daramaten ate birakarietan harrapatuta.
Instituzioek kanpainak egin arren enplegua ez dela gizarte inklusiorako giltza gogorarazten digu aipatu ditugun datuek. Aitzitik, laneko prekarietatea areagotzearen ondorioa da enpleguak pobrezia egoerarekin gero eta lotura zuzenagoa izatea.
Horregatik, pobrezia errealean bizi den jendarteko %39a ez da etxerik gabekoa edota eskalea, beraien kideetako batek lan harreman motaren bat (behin-behinekoa edo finkoa) duten familiak dira, azkeneko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen Inkestaren arabera.
LABek negoziazio kolektiboa benetako edukiekin eta bermeekin Euskal Herrrian eman dadin borrokan jarraituko du, eta hain zuzen ere U30eko greba orokorrak bidea zein den are argiago utzi digu.
Gaurko Gobernu Kontseiluan Eusko Jaurlaritzak bere menpeko langileen soldata igoera urtarrilaren 1eko atzeraeragina izango duela iragarri duela eta, LABek gobernuak adierazten duen langileekiko mespretxua eta agintekeria eta era berean, Madrilekiko morrontza salatzen du.
• Langileekiko mespretxua, hain zuzen, greba orokor arrakastatsuaren ondoren negoziazio eta akordioetarako borondate ezan sakontzen duelako. Hitzekin jolastuz, igoera negoziazio baten ondorioa dela esanez, ohiko inposizioekin jarraitzen du.
• Ohiko agintekeria sindikatuon eta langileon eskakizunei uko eginez bere erabakiak inposatu egiten dituelako, eros-ahalmena eta gainontzeko murrizketak berreskuratzeari ateak itxiz.
• Eta Madrilekiko morrontza erabat agerian gelditu da forman eta fondoan. Madrilek ezarritako gastu araua zintzo betez, eta Madrilek igoera gauzatzeko baimena eman dionean bakarrik.
Eusko Jaurlaritzak lan baldintzen neurriak Madrilek aginduko duenaren aurreikuspenen arabera iragarri eta inposatu baino ez ditu egiten. Publizitatearekin eta marketinarekin oso trebea dela onartu beharra badago ere, kudeatzaile erabat nagia eta txapuzeroa dela argi uzten du behin eta berriro: prekarietatea eta murrizketak bere horretan mantentzen ditu.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako ordezkariak Nafarroako presidente Maria Chiviterekin bildu dira, joan den urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren testuinguruan. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrera izan dira bertan. Bilera amaituta, Garbiñe Aranburuk adierazi du patronalari presionatzeko eta interpelatzeko eskatu diotela Chiviteri, patronala bera delako egun bizi dugun prekarietate egoeraren erantzule nagusia.
Bilera giro onean joan dela azaldu du Garbiñe Aranburuk: “Normaltasun baten barruan ulertzen dugu bilera, Maria Chiviteri bere ardura instituzionalaren baitan eskatutako bilera izan den neurrian. Gogoeta bat eraman dugu bilerara, kezka bat, bizitzen ari garen prekarietate eta pobreziaren inguruan”.
Bilera giro onean joan dela azaldu du Garbiñe Aranburuk: “Normaltasun baten barruan ulertzen dugu bilera, Maria Chiviteri bere ardura instituzionalaren baitan eskatutako bilera izan den neurrian. Gogoeta bat eraman dugu bilerara, kezka bat, bizitzen ari garen prekarietate eta pobreziaren inguruan”.
Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak Chiviteri jakinarazi dio aipatutako kezka hori gero eta zabalduago dagoela jendartean, joan den urtarrilaren 30eko Greba Orokorrean argi geratu zen bezala. “Nafarroako Gobernuak kontu hartu behar duela esan diogu, eta aldarrikapen oso zehatzak helarazi dizkiogu”, aipatu du.
Hala, mahai gainean jarritako aldarriak zerrendatu ditu: besteak beste, gutxieneko pentsioa osagarritzea, 1.080 euro arte; azpikontratetako langileei 1.200 euroko soldata eta 35 orduko lanaldia bermatzea; enplegatu publikoen lan baldintzak kalitatezkoak izatea eta egun dagoen behin behinekotasun tasa altuarekin amaitzea; berrikuntzak errenta bermatuaren inguruan; eta alokairuzko etxebizitza bermatua izan dadin neurri zehatzak.
Garbiñe Aranbururen hitzetan, “patronalari akordio intersektoriala negoziatzeko egindako eskaeraren aurrean, eskatu diogu ere Gobernuak patronala interpelatu dezala, presionatu dezala, patronala bera delako bizi dugun prekarietate egoeraren erantzule nagusia”.
Gaurko bileraren ostean, interpelazioak eginda, erantzunaren zain geratuko gara Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileak. “Erantzun baikorrik jaso ezean, mobilizaziora jo beharko genuke berriro”, ohartarazi du Garbiñe Aranburuk.