2024-04-19
HomeLAB SindikatuaLAB"Aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira"

“Aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira”


Euskal Herria, Galiza eta Kataluniako LAB, ELA, CIG eta CSC sindikatuok adierazpen sindikal bat aurkeztu dugu, Bilboko Itsas Museoan. Adierazpenaren bitartez, hiru nazioetan eta Espainiako Estatuan bizi den egoera laboral, sozial eta politikoaren harira, Madrilen osatu den gobernu berriaren aurrean hainbat aldarrikapen egin ditugu, agenda soziala indartu eta erabakitzeko eskubidea aitortzearen ildotik. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranbururen hitzetan, "garrantzitsua da posizio bateratu bat ezartzea Gobernuaren aurrean. Horrekin batera, norberak gure herrian borrokan jarraitu behar dugu eraldaketa soziala, dermokrazia eta burujabetza oinarri dituen prozesuan aurrera egiteko". 

Garbiñe Aranburuk hitza hartu du ekitaldian, Euskaldunako Adierazpenaren izaera azaltzeko: "Espainiako Estatuaren errealitateari buruzko diagnostiko bateratu bat dugu. Garai politiko berri bat irekitzen da, eta horregatik kokatu nahi izan ditugu gure aldarrikapenak PSOE eta Unidas Podemos alderdiek osatutako Gobernu berriaren aurrean".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, Espainiako Estatuan bizi den krisia, arlo politiko zein sozialean, jasangaitza den errealitate bat da, eta orain jokoan dagoena da nola konpontzen den krisi hori. "Ultraeskuindarren gorakadak agenda politikoa baldintzatzen du autoritarismoaren aldera, eta eskuineko blokeak inboluzio nazional, sozial eta patriarkalaren aldeko apustua egin du argi eta garbi. Birzentralizazioaren aldeko apustu garbi bat da, eskubide laboral eta sozialen galeraren aldekoa", azaldu du.

Egungo Gobernuaren apustua, dirudienez, erregimena mantentzea da, aldaketa gehiegirik gabe, "azken urteetan izandako murrizketak bere osotasunean bertan behera utzi gabe, autodeterminazio eskubidea aitortu gabe eta gatazka politikoak konpontzeko eskaintza demokratizatzailerik gabe".

Garbiñe Aranbururen esanetan, Estatuaren krisia konponduko ez lukeen "bide autonomista" da apustua, "milaka eta milaka kataluniar, euskal herritar eta galiziarren nahiak asebetetzen ez dituenean".

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, "herri burujabetza defenditzen dugunak gaude. Egungo sistema errotik aldatu nahi dugu, beste eredu sozial bat defendatzen dugu eta proposamen zehatzak ditugu prekarizazioa gelditzeko eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen ereduan aurrera egiteko. Proposamenak ditugu, eta proposamen horiek gauzatzeko botere politikoa behar dugu langileok. Horregatik diogu: aldaketa sozialaren eta burujabetzaren aldeko borrokak bat datoz, borroka bera dira".
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.