2025-12-22
Blog Page 55

LABek bi epaiketa irabazi dizkio FCCri, garbiketa enpresa behartzen dutenak astero 48 orduko atsedena errespetatzera txanda aldaketarik gabe

LAB sindikatuak prentsaurrekoa eman du gaur goizean Iruñean, eta bertan eman du ezagutzera sindikatuak epaitegietan lorturiko garaipena, Nafarroa Garaian 48 orduko asteko atsedena aspalditik betetzen ez duen FCC garbiketa enpresaren kontra, eta orain bi epairi kasu eginez errespetatu beharko duena. Era berean, LABek irmoki salatu du langileen zati batek pairatzen duen diskriminazio egoera, enpresak babes judizial eraginkorrerako eta ukigabetasun bermerako duen eskubidea urratzen ari delako; gainera, bere ordezkaritza sindikalaren kasuan FCC askatasun sindikalerako eskubidea ere urratzen ari da.

FCC Medio Ambiente enpresak langileen oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen dituela salatu du gaur LABek, bai kale garbiketan, bai Iruñeko eta Iruñerriko zabor bilketan, baita Nafarroan esleituta dituen gainontzeko kontratetan ere. LABek epaitegietara jo behar izan zuen FCCk langile baten asteko 48 orduko atsedenerako eskubidea errespeta zezan. LABek irabazi zuen epaiketa hura, eta FCCk errespetatu egin behar izan zuen atsedenaldi hura, baina hori egiteko langilearen lan baldintzak aldatu zituen. Beraz, LABek epaitegietara jo zuen berriz, eta berriz ere irabazi du. Hori dela eta, FCCk atsedena errespetatu beharko du, langile horren txandak aldatu gabe.

LABen iritziz, onartezina da langileon oinarrizko eskubide guztiak judizializatu behar izatea: atsedenerako eskubidea, antzinatasuna, ordaindutako lizentziak, lan osasuna, berdintasuna… Zentzu horretan, LABek ATSU, CCOO eta UGT sindikatuen jokabidea ere salatu nahi du, borroka kolektiboa alde batera utzi eta sententziak ez betetzeko enpresako zuzendaritzaren diktatuei obedientzia itsua erakusten baitiete. Era berean, LABek Iruñeko Udalari eta Iruñerriko Mankomunitateari kontratazio agiriek diotena betearazteko exijitu die.

Gainera, LABek irmoki salatu du FCCk, bere eskubideak errespeta zitezen eskatzen zutenen lan baldintzak nabarmen aldatzean, benetako babes judizialerako eta ukigabetasun bermerako eskubideak urratu dituela, hau da, enpresaren aldetik errepresaliarik ez jasateko eskubidea, eskubideak aldarrikatze hutsagatik edo horiek betetzea eskatze hutsagatik. Errepresaliak areagotu egin dira LABeko delegatu sindikalen kasuan, izan ere, delegatu izateagatik jazarri dituztelarik, askatasun sindikalerako oinarrizko eskubidea ere urratu dute.

FCC enpresak jaso duen astindu judiziala nabarmena da, eta, zalantzarik gabe, asteko 48 orduko atsedena errespetatzera behartzen du, igandeetan ere atseden hori errespetatuz eta funtsezko aldaketarik egin gabe, hala nola txanda-aldaketak. Hala ere, FCC arauak ez betetzeaz gain, galtzaile txarra ere bada, eta ez ditu epaiak betetzen eta kale-garbiketako langile guztiei aplikatzen. Eta jokabide enpresarial horrek ATSU, UGT eta CCOOen aliantza eta konplizitate negargarri eta antisindikalak ditu, langile bakar batek ere eskubide hori eska ez dezan presionatu duena, eta legez ezarritakoaren azpitik dauden Zuzenbidearen aurkako akordioak sinatu dituena. Hori horrela izanik, Nafarroako Gobernuko Enplegu Departamentuak berak hitzarmen berriaren erregistroa geldiarazi du, epaien arabera zuzendu eta konpon dadin, langile bakoitzaren txandak errespetatuz, asteko gutxieneko atsedenaldi legalak jaso eta bete ditzan.

LABek Iruñeko Udalari zein Iruñerriko Mankomunitateari exijitu nahi die kontratazio agiriak betearaz ditzatela, eta enpresa esleipendunei langileen oinarrizko eskubideak errespetaraz diezazkietela. Zentzu horretan, LABek dagoeneko jakinarazi dio Iruñeko Udalari FCCk udalarekin sinatuta duen kontratuaren lan-eskubideen arloko ez-betetzeen berri, enpresa zigor oso larriengatik zigortzeko beharrezko izapideak has ditzan, eta esleipen berrian arreta berezia jar dezan, kontratua adjudikatzen zaion enpresak orain urratutako eskubideak errespeta ditzan.

LABek askatasun sindikala eskatzen du TUVISAn

Mobilizazioa egingo du ostiralean, apirilaren 11n, Gasteizen, TUVISAren aurrean (Agirrelanda, 2), goizeko 10:30ean.

Joan den martxoan, Gasteizko Lan Arloko 3. Epaitegiak LAB sindikatuaren aldeko epai irmoa eman zuen, eta onartu zuen enpresak legez kanpo jokatu zuela, LABen atal sindikala ukatuta eta gure kide bat ordezkari sindikal izatetik kenduta. Epaia argia da: eskubide urraketa dago eta eta TUVISA horregatik kondenatu zuten.

Baina epaia onartu, erantzukizunez jokatu eta bere jarrera errepresiboari amaiera eman beharrean, TUVISAk errekurtsoa jartzea erabaki du. Erabaki honek agerian uzten du enpresako zuzendaritzak erabat mespretxatzen dituela langileen eskubide laboral eta sindikalak. Gatazka luzatu nahi dute, langileen eskubideak defendatzen dituztenak ahuldu eta askatasun sindikala zigorrik gabe urratzen jarraitu.

LABek azpimarratu nahi du ez dela ari edozein multinazional pribaturi buruz, Gasteizko Udalaren menpeko enpresa bati buruz baizik. Beraz, horretarako baimena, babesa eta abala ematen jarraitzen duen bitartean, politika antisindikalaren erantzule zuzena da. LABentzat jarrera hau oso larria eta onartezina da. Noiz arte jarraituko du Udalak onartzen TUVISAn langileen eskubideak zapaltzea?

LABek argi dauka: epaitegietan, enpresan eta kaleetan borrokan jarraituko du. Isiltzen saiatu dira, baztertzen saiatu dira, bere atal sindikala ikusezin bihurtzen saiatu dira… baina ez dute lortu eta ez dute lortuko. Aurrera egiteko arrazoiak eta duintasuna soberan ditu.

Maiatzaren Lehen bateratuan Baiona klase elkartasunez eta borrokaz betetzera dei egin dugu

Maiatzaren Leheneko mobilizazio bateratua aurkeztu dute gaur Baionan LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuok. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, klase elkartasuna eta borroka aldarrikatuko dituzte, eta baita aberasatasuna, enplegua eta zaintza lanak banatzeko beharra ere.

Ezinbesteko borroka eguna da Maiatzaren Lehena mundu osoko langileriarentzat, langile izatearen harrotasuna aldarrikatzekoa eta justizia sozialaren alde borrokatzekoa. Horregatik, LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires sindikatuek mobilizazio bateratura deitu dute gaur Baionan. 11:00etan abiatuko da tren geltokitik.

Konstatazioa lazgarria da, salatu dutenez: “kapitalistek gure bizkar gainean aberastasunak bereganatzen dituzte, eta gure bizitzei kalte izugarria egiteko ahalmena dute”. Egoera horren benetako errudunak aberastasuna arpilatzen eta planeta suntsitzen duten aberatsak eta boteretsuak direla azaldu dute: “Eskuin muturra diruztatzen dute faxismoa hobeto zabaltzeko, bestearen gorrotoa hauspotzeko beren sistema bidegabe eta bortitzari eusteko asmoz”.

Horren aitzinean, elkartasunari eta borrokari eustera dei egin dute: “klase langilearen antolaketa eta batasuna ezinbestekoak dira biharko borrokak irabazteko. Aberatsek, espekulatzaileek, multinazionalek espoliatu egiten gaituzte, larrutu egiten gaituzte. Bada garaia langileoi boterea emateko eta krisi demokratiko egoera honetatik ateratzeko, aberastasuna, enplegua eta zaintzak lanak, ordainduak edo ordaindu gabeak, banatzeko”

Era berean, egungo gobernuek sustatu nahi duten “gerra ekonomia inperialista”, heriotza ereiteaz gain, zerbitzu publikoak eta oinarrizko eskubideak desegiteko aitzaki gisa darabiltela salatu dute. “Lan egiten dutenak edota prekarioenak sakrifikatzea ez da onargarria. Indar harreman bat eraiki behar dugu, sistema kolektibo eta elkartasunezkoak indartzea edo sortzea exijitzeko”.

Bestalde, Gizarte Segurantzak 80 urte beteko ditu aurten, eta urteurrena baliatu dute salatzeko, aurrerapen sozial handia izanagatik, haren desegitea azkartzen ari dela: “osasun zerbitzuak eta zainketakoak pribatizatu egiten dira, eta osasun-gastua gero eta gehiago langileon gain geratzen da, lanpostuak prekarizatzen. Horrela, langileok ez gaude hain babestutak”.

Elkarrekin honako aldarrikapenak plazaratuko dituzte Maiatzaren Lehenean:
• Zerbitzu publiko indartsu, kualitatibo eta irisgarriak denetzat
• Duintasunez bizitzeko aukera ematen diguten lansariak eta pentsioak
• Bifurkazio ekologiko politika bat, klima-aldaketearen ondorioak arintzeko
• Emazteen eta gizonen arteko berehalako lansarien berdintasuna
• Lantoki guztietan protokoloak ezarri eta aplikatzea, diskriminazio, jazarpen eta indarkeria guztiei eraginkortasunez aurre egiteko 

Guardianek 171 langile kaleratuko ditu inpunitate osoz eta Eusko Jaurlaritzaren pasibotasunaren eta gelditasunaren aurrean

Joan den asteazkenean amaitu zen, akordiorik gabe, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldia Guardian Laudion. LABetik berriro ere irmo salatzen dugu itxiera hori ez dela gerora sortutako edo saihestezinezko egoera baten ondorioa, multinazionalak lantegia ixteko planifikatutako estrategia baten emaitza baizik. Guardianek nahita eragin ditu itxiera justifikatzeko baldintzak, eta, hasiera hasieratik, aurrez pentsatutzat jo dugu.

Gure kontrako jarrera argia eta sendoa izan da prozesuaren hasieratik. Ahalegin guztiak egin ditugu Aiaraldean enplegua gehiago suntsitzen duen erabaki bidegabe bat geldiarazteko eta enpresa historiko bat ez ixteko, hainbat hamarkadatan lurraldean errotuta egon dena. Erakundeen ate posible guztiak jo ditugu, baina prentsan egindako adierazpenetatik harago, ekintza eza besterik ez dugu aurkitu. Ez da benetako borondaterik egon konponbideak mahai gainean jartzeko, eta are gutxiago enplegua babesteko.

Kontsulta aldia akordiorik gabe amaitu zenez, LABek uste zuen ezinbestekoa zela bide juridikora jotzea. Hala ere, enpresak prozesua kalte ordainekin bakarrik ixteko egindako presioek eragina izan dute: langileen gehiengo batek eskainitako kalte-ordaina onartzea erabaki du, eta, horrela, bide judizialetik jarraitzeari uko egin dio.

Guardianek azken unera arte jokatu ditu bere kartak, higadura eta ziurgabetasuna erabiliz borondateak menderatzeko, pertsonen bizitzarekin eta lanpostuekin jolastuz. Eta hau ezin da gertatu. Multinazionalei inpunitate osoz jardutea ahalbidetzen dien logika horri amaiera emateko eskatzen dugu irmo. Nahikoa da bere erabakiak baldintzarik gabe abalatzea, eta nahikoa da langileria kontuan hartzen ez duten politika industrialak egitea.

Eusko Jaurlaritzak ikusle soila izatea erabaki du berriro ere, enpleguaren eta tokiko industriaren defentsan eragile aktibo gisa jardun beharrean. Pasibotasun instituzional horrek multinazional handien boterea indartzeko baino ez du balio, gure herrialdeko ehun produktibo eta sozialaren kontura.

LABetik eredu hori salatzen jarraituko dugu, langile klasearen eskubideak defendatuz eta pertsonen zerbitzura egongo den eta ez kapitalaren zerbitzura egongo den industria politika eskatuz. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela aktibatzen jarraitzea eskualdeko enplegua defendatzeko eta langileen interesak beti izango dituzten parte hartze prozesuak bermatzeko.

Patronalak absentismoarekin iruzur egin nahi duela salatu eta lan osasuna langileen eskubidea dela aldarrikatuz, apirilaren 28an mobilizatzeko deia egin dute LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek

Sindikatuek nabarmendu dute patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia ez betetzen, inpunitate osoz.

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a eta egun horretan egingo dituzten mobilizazioak aurkeztu dituzte gaur LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek (Nafarroakoan CGTk ere hartuko du parte).

Horrela, “Absentismoa patronalaren iruzurra. Lan osasuna, gure eskubidea” lemapean, mobilizazioak egingo dituzte Donostian (11:30ean Alderdi Ederren) eta Iruñean (11:00etan, Sarasate pasealekuan).


Sindikatuen arabera, datuek erakusten dute absentismoa ke-laino bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituenak. Arrisku hauek emaitza larriak dituzte langileen osasunean, 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko 2024an.

Gasteizen, Legebiltzarreko atarian egin dute iragarpena. Izan ere, lan osasunerako intersindikalak 2024ko ezbeharren txostena aurkeztu dute bertan.

Adierazi dute 2024an enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu dituztela, eta hauen erdiek baja eragin dutela. Zehaztu dute gertatzen diren lan istripuetako asko ez direla aitortzen.

Gaineratu dute gobernuek heriotzen datuak ere izkutatzen dituztela, ohikoenak, garraiolarienak edo in itinere zein in mision istripuak izaten direlarik, askotan laneko heriotza bezala hartzen ez dituztenak.

Istripu eta heriotza hauetako asko beren afiliatu sarearen bidez ezagutzen dituzte sindikatuek. Horrela, sindikatuek 64 laneko heriotza zenbatu zituzten 2024an eta datu ofizialek 47 jaso zituzten. Sindikatuen arabera, honek erakutsiko luke datu ofizialak ezin direla seriotasunez hartu.

Azken urtean mutualitateen ariketa zital berri bat azaleratzen dela ere adierazi dute sindikatuek, enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea.

Gaineratu dute sektore batzuetan errazagoa da hiltzea, basogintzan, eraikuntzan, industrian edo garraioan, esaterako, eta beste batzuetan errazagoa dela gaixotasun profesionalak garatzea, eta honetan gero eta nabarmenagoak direla afekzio psikosozialak. Honekin lotuta, sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz, ez dute bizitzen uzten.

Laneko gaixotasunei dagokienez, elkarte enpresarialak diren mutualitateetako sendagileek erabakitzen dute lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta den. Mutualitateen jarrerak gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria eragiten dutela gaineratu dute.

Sindikatuek nabarmendu dute patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia ez betetzen, inpunitate osoz. Gaineratu dute amaraun instituzionala inpunitate hori babesteko izan zela sortua, gobernuek ez dutelako patronala isuntzen eta patronalak ederki dakielako hori. Gobernuek enpresei zuzendutako mezua argia izango litzateke, “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”.

Iruzur honetan funtsezkoa da mutualitateen egitekoa, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen baitute. Honela, OSALAN eta NOPLOIk egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri.

Egoera latz honen aurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek adierazi dute urratsak ematen jarraituko dutela:

Era berean, gobernuei exijitu diete patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala.

LABek Haurreskolak Partzuergo Publikoko plazen eskaintza handitzea lortu du

Haurreskolak Partzuergoan haurren plazen eskaintza handitzeko hainbat udaletan sartu dituen mozioen inguruko balorazio oso ona egiten du.

LAB sindikatua EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratzen hasi zen 2023ko azaroan eta unibertsaltasuna helburu, horretan dihardu.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu zuen LABek, aurreko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean.

Doakotasunak hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Gainera, Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, ondorioz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa. Jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du azkenengo urteetan. Partzuergoko hainbat haurreskoletan urrirako ez dagoela plaza librerik detektatu du eta ondorioz, ikasturtean zehar zentro horietan ezin izango dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita, familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Izan ere, Eustatek egunotan argitaratutakoaren arabera, 2023/24 ikasturtean “0 eta urte 1eko matrikulak izugarri igo dira ikastetxe publikoetan 0 eta urte 1eko geletako izen-emateak % 13 igo ziren. Haur-eskola publikoen doakotasuna indarrean jartzeak eskaera nabarmen handitzea eragin zuen. Zehazki, ikastetxe publikoetako 0 urteko haurren matrikulak % 57 igo ziren aurreko ikasturtearen aldean, 1.111tik 1.746ra. Urte 1eko ikasgeletan % 20ko inguruko hazkundea izan zen.”

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz.

Azkeneko egunetan jakin izan dugu gure mozioa oinarri hartuta, Portugaleteko Udalak plaza publiko gehiago eskaintzeko asmoz udal haur-eskola Partzuergoan integratzea eta plazak handitzea onartu duela, eta Derioko Udalak egoera aztertzeko eta behar besteko plazak eskaintzeko konpromisoa hartu duela.

Aurretik, Santurtziko udalbatzak LABen mozioa oinarri hartuta, aho batez plazak handitzea onartu zuen eta haurreskola berri bat eraikitzeko obrak egiten hasi dira.

Donostiako Udalak ez zuen mozioa onartu PSE eta EAJren kontrako bozkekin, baina Loiola, Gros eta Intxaurrondo auzoetan haurreskola berriak zabalduko dituela esan du.

Bilboko Udalak 2025eko ikasturtean egun dauden plazei 117 plaza berri gehitzea erabaki zuen, eta azkenik 195 izango direla argitaratu du.

Zallako Udalak plaza kopurua zelan handitu aztertuko zuela esan zuen.

LABen mozioa onartuta, Laudiok, Lasarte Oriak eta Irunek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen haurren plaza kopuruaren eskaintza handitzea erabaki zuten.

Bastidako Udalak, plazen eskaintza handitzea helburu izanik, haurreskola berri bat egiteko aukerak aztertzeko lantaldea osatzeko konpromisoa hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera egingo ziola adierazi zuen, haurreskola berria martxan jarri ahal izateko.

Getxoko udalbatzan, LABetik Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk, aurrekontuetan horretarako diru-saila gordeko dutela argudiatuz.

Sondikako udalbatzak ordea, atzera bota zuen LABetik aurkeztutako mozioa, EAJ-k mozioaren aurka bozkatu zuelako. Horren ondorioz, udalak momentuz ez du herriko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko asmorik, ezta beharren inguruan azterketarik egiteko asmorik ere.

Bestalde, otsailean LABek alde bakarrez sinatu duen Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenean jasotzen den bezala, udal batek bere titulartasuneko udal haur eskola bat edo batzuk, Haurreskolak Partzuergoan integratzea eskatzen badu, langileak ere subrogatzeko urratsak emango dira. Norabide honetan eskaerak egotekotan prozesu hauek alde sozialarekin adostuak izango direlarik.

LABek lehen haurtzaroko hezkuntza zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu borrokan jarraituko du. Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortzeko apustua egiten du. Sare publiko bakar deszentralizatuaren alde borrokan, euskal eskola publiko komunitarioa iruten jarraituz.

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko soldata baten aldeko borrokak batzen gaitu.

EAErentzat eta Nafarroarentzat gutxieneko soldata bat negoziatzea aldarrikatzen dugu. Horregatik, CEN eta Confebask patronalen jarrera antidemokratikoa salatu behar dugu, mahai batean eseri eta negoziazio aukerari uko egin diolako. Badakite Espainiako Estatuko gutxieneko soldata ez dela nahikoa Euskal Herrian bizi proiektu bat aurrera eramateko. Enpresen lehiakortasunaz mintzo dira gutxieneko soldata igo nahi ez izateko. Hala ere, enpresa handiek, hala nola energiakoek edo bankuek, irabaziak handitzen dituzte etengabe. Euskal gehiengo sindikalaren proposamenak milaka langileri egingo lieke mesede, batez ere sektore prekarizatuenei (sektore feminizatuak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala, gazteak eta abar).

Borroka hau pentsio nahikoak lortzeko borrokarekin lotzen da, soldata duinik gabe ez baitago pentsio duinik. Milaka pentsiodunek gutxieneko soldataren azpiko pentsioak jasotzen dituzte; batez ere, emakume pentsiodunek, % 40 inguruko aldea baitago pentsioetan. Horregatik, MPEHk gauzatutako eta dagoeneko milaka sinaduren bidez babes sozial handia jaso duen Herri Ekimen Legegilea aktiboki babesten dugu.

Datozen hilabeteetan, euskal gehiengo sindikalak ere EAEn HEL bat egingo du, gure gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eskumena lortzearen alde. Nafarroan HEL-a ez da tramitera onartu, hala ere, sinadurak bilduko ditugu langile klasearen artean gure aldarrikapenak babes sozial nahikoa duela frogatzeko. Era berean, Nafarroan, gehiengo sindikala apirilaren 14an mobilizatuko da CENetik Nafarroako Parlamentura langile klasearen aurkako jarrera atzerakoia salatzeko.

Aberastasunaren banaketa justuaren alde eta gure errealitatearekin bat datorren soldata eta pentsio minimoen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Hemen bizi gara, berton lan egiten dugu; hemen erabaki dezagun.

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu du. Furgoneta barruan atxiloturiko gazteak kolpatu dituztela ere salatu dute.

LABek elkartasuna adierazi nahi die zauritutako pertsona guztiei, baita gaztetxeak herri solidario eta justuagoa eraikitzeko espazioak direla adierazi ere. Gazteak antolatzeko lekuak izateko beharra defendatzen du sindikatuak.

Modu berean, Ertzaintzaren bortizkeria irmoki salatu nahi dugu. Hizpide ditugun gertakari hauek, beste behin, agerian uzten dute bestelako polizia eredu bat eraikitzeko premia. Inolako kontrolik gabe ari da Ertzaintza, eta bere gain inolako erantzukizunik hartzeko mekanismorik gabe. Ikerketa abiatu dela iragarri dute; gertatutakoa lehenbailehen argitu dadila eta erantzukizunak exijitzen ditu LAB sindikatuak. Asko dira euskal langileon memorian Ertzaintzaren bortizkeriak eragindako biktimak eta ondorioak, berriki bertsio ofiziala deseraikitako Rosa Zarraren heriotzatik hasi eta Iñigo Cabacas gaztearen heriotzeraino. Berriz gertatu ez dadin beharrezko neurri guztiak har daitezen eskatzen du LABek.

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.

Nafarroan ematen ari den istripuen intzidentziak ez du etenik. Altueretako istripuena da honen islada, prebentziorako neurri teknikoak hartzen erraza izanik istripu hauek gertatzen jarraitzeak zera uzten du argi; patronalak muzin egiten diola araudia betetzeari. Beste era batera esanda, patronalak amilarazten gaitu.

LABek argi dauka aldamioen arloko segurtasun-araudia aplikatu izan balitz ez zela lan-istripua gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek guztiak ekidin daitezke, prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.

2024ko irailean honelako heriotza bat izan zen Irunberrin, aldamiotik erorketa baten ondorioz. Mutualitateak zituen baliabide guztiak erabili zituen lan heriotz hau ukatzeko, hain da horrela, Osasunbideak eginiko autopsia arakatu ahal izan zuela eta hau baliatuz ez zuela heriotzaren laneko jatorria aitortu. Galdera da ea oraingo honetan ere Nafarroako Gobernuak honelako trikimailuak egiten utziko dion enpresa elkateari eta enpresak berak eragindako heriotza ezkutatuko duen.

Lan istripuen eta laneko gaitzen atzean araudiaren ez betetzea dago. Hau enpresen ardura zuzena da, hildakoek badute arduraduna.

Gobernuak, honen aurrean neurriak hartu beharrean, Enplegu Plana adostu du CCOO, UGT eta heriotzak eragiten dituen CENekin, hauei milioiak banatuz. Lan istripuak zigortu beharrean diruz saritzen ditu, alegia.

Datozen orduetan intersindikaletik burutuko ditugun ekimenen berri emango dugu.