2025-12-22
Blog Page 55

LABek Haurreskolak Partzuergo Publikoko plazen eskaintza handitzea lortu du

Haurreskolak Partzuergoan haurren plazen eskaintza handitzeko hainbat udaletan sartu dituen mozioen inguruko balorazio oso ona egiten du.

LAB sindikatua EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratzen hasi zen 2023ko azaroan eta unibertsaltasuna helburu, horretan dihardu.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu zuen LABek, aurreko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean.

Doakotasunak hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Gainera, Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, ondorioz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa. Jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du azkenengo urteetan. Partzuergoko hainbat haurreskoletan urrirako ez dagoela plaza librerik detektatu du eta ondorioz, ikasturtean zehar zentro horietan ezin izango dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita, familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Izan ere, Eustatek egunotan argitaratutakoaren arabera, 2023/24 ikasturtean “0 eta urte 1eko matrikulak izugarri igo dira ikastetxe publikoetan 0 eta urte 1eko geletako izen-emateak % 13 igo ziren. Haur-eskola publikoen doakotasuna indarrean jartzeak eskaera nabarmen handitzea eragin zuen. Zehazki, ikastetxe publikoetako 0 urteko haurren matrikulak % 57 igo ziren aurreko ikasturtearen aldean, 1.111tik 1.746ra. Urte 1eko ikasgeletan % 20ko inguruko hazkundea izan zen.”

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz.

Azkeneko egunetan jakin izan dugu gure mozioa oinarri hartuta, Portugaleteko Udalak plaza publiko gehiago eskaintzeko asmoz udal haur-eskola Partzuergoan integratzea eta plazak handitzea onartu duela, eta Derioko Udalak egoera aztertzeko eta behar besteko plazak eskaintzeko konpromisoa hartu duela.

Aurretik, Santurtziko udalbatzak LABen mozioa oinarri hartuta, aho batez plazak handitzea onartu zuen eta haurreskola berri bat eraikitzeko obrak egiten hasi dira.

Donostiako Udalak ez zuen mozioa onartu PSE eta EAJren kontrako bozkekin, baina Loiola, Gros eta Intxaurrondo auzoetan haurreskola berriak zabalduko dituela esan du.

Bilboko Udalak 2025eko ikasturtean egun dauden plazei 117 plaza berri gehitzea erabaki zuen, eta azkenik 195 izango direla argitaratu du.

Zallako Udalak plaza kopurua zelan handitu aztertuko zuela esan zuen.

LABen mozioa onartuta, Laudiok, Lasarte Oriak eta Irunek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen haurren plaza kopuruaren eskaintza handitzea erabaki zuten.

Bastidako Udalak, plazen eskaintza handitzea helburu izanik, haurreskola berri bat egiteko aukerak aztertzeko lantaldea osatzeko konpromisoa hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera egingo ziola adierazi zuen, haurreskola berria martxan jarri ahal izateko.

Getxoko udalbatzan, LABetik Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk, aurrekontuetan horretarako diru-saila gordeko dutela argudiatuz.

Sondikako udalbatzak ordea, atzera bota zuen LABetik aurkeztutako mozioa, EAJ-k mozioaren aurka bozkatu zuelako. Horren ondorioz, udalak momentuz ez du herriko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko asmorik, ezta beharren inguruan azterketarik egiteko asmorik ere.

Bestalde, otsailean LABek alde bakarrez sinatu duen Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenean jasotzen den bezala, udal batek bere titulartasuneko udal haur eskola bat edo batzuk, Haurreskolak Partzuergoan integratzea eskatzen badu, langileak ere subrogatzeko urratsak emango dira. Norabide honetan eskaerak egotekotan prozesu hauek alde sozialarekin adostuak izango direlarik.

LABek lehen haurtzaroko hezkuntza zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu borrokan jarraituko du. Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortzeko apustua egiten du. Sare publiko bakar deszentralizatuaren alde borrokan, euskal eskola publiko komunitarioa iruten jarraituz.

Milaka pertsona atera gara kalera Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko soldata eta pentsio duinak aldarrikatzera, orain, hemen eta denontzat

Gaur, euskal gehiengo sindikala kalera atera da, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera indarrak eta aldarrikapenak batuz. Pentsio duin eta nahikoak eta hemen erabakitako gutxieneko soldata baten aldeko borrokak batzen gaitu.

EAErentzat eta Nafarroarentzat gutxieneko soldata bat negoziatzea aldarrikatzen dugu. Horregatik, CEN eta Confebask patronalen jarrera antidemokratikoa salatu behar dugu, mahai batean eseri eta negoziazio aukerari uko egin diolako. Badakite Espainiako Estatuko gutxieneko soldata ez dela nahikoa Euskal Herrian bizi proiektu bat aurrera eramateko. Enpresen lehiakortasunaz mintzo dira gutxieneko soldata igo nahi ez izateko. Hala ere, enpresa handiek, hala nola energiakoek edo bankuek, irabaziak handitzen dituzte etengabe. Euskal gehiengo sindikalaren proposamenak milaka langileri egingo lieke mesede, batez ere sektore prekarizatuenei (sektore feminizatuak, arrazializatuak, aniztasun funtzionala, gazteak eta abar).

Borroka hau pentsio nahikoak lortzeko borrokarekin lotzen da, soldata duinik gabe ez baitago pentsio duinik. Milaka pentsiodunek gutxieneko soldataren azpiko pentsioak jasotzen dituzte; batez ere, emakume pentsiodunek, % 40 inguruko aldea baitago pentsioetan. Horregatik, MPEHk gauzatutako eta dagoeneko milaka sinaduren bidez babes sozial handia jaso duen Herri Ekimen Legegilea aktiboki babesten dugu.

Datozen hilabeteetan, euskal gehiengo sindikalak ere EAEn HEL bat egingo du, gure gutxieneko soldata hemen erabakitzeko eskumena lortzearen alde. Nafarroan HEL-a ez da tramitera onartu, hala ere, sinadurak bilduko ditugu langile klasearen artean gure aldarrikapenak babes sozial nahikoa duela frogatzeko. Era berean, Nafarroan, gehiengo sindikala apirilaren 14an mobilizatuko da CENetik Nafarroako Parlamentura langile klasearen aurkako jarrera atzerakoia salatzeko.

Aberastasunaren banaketa justuaren alde eta gure errealitatearekin bat datorren soldata eta pentsio minimoen alde mobilizatzen jarraituko dugu. Hemen bizi gara, berton lan egiten dugu; hemen erabaki dezagun.

LABek irmoki salatzen du Bilboko Errekalde auzoan Ertzaintzak erabilitako bortizkeria, eta erantzukizunak argitu daitezen eskatzen du

Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea desalojatzeko aginduarekin batera, hamarnaka zauritu eragin ditu Ertzaintzaren operatiboak. Tartean, gazte bati ebakuntza egin behar izan diote eta barrabila galdu du. Furgoneta barruan atxiloturiko gazteak kolpatu dituztela ere salatu dute.

LABek elkartasuna adierazi nahi die zauritutako pertsona guztiei, baita gaztetxeak herri solidario eta justuagoa eraikitzeko espazioak direla adierazi ere. Gazteak antolatzeko lekuak izateko beharra defendatzen du sindikatuak.

Modu berean, Ertzaintzaren bortizkeria irmoki salatu nahi dugu. Hizpide ditugun gertakari hauek, beste behin, agerian uzten dute bestelako polizia eredu bat eraikitzeko premia. Inolako kontrolik gabe ari da Ertzaintza, eta bere gain inolako erantzukizunik hartzeko mekanismorik gabe. Ikerketa abiatu dela iragarri dute; gertatutakoa lehenbailehen argitu dadila eta erantzukizunak exijitzen ditu LAB sindikatuak. Asko dira euskal langileon memorian Ertzaintzaren bortizkeriak eragindako biktimak eta ondorioak, berriki bertsio ofiziala deseraikitako Rosa Zarraren heriotzatik hasi eta Iñigo Cabacas gaztearen heriotzeraino. Berriz gertatu ez dadin beharrezko neurri guztiak har daitezen eskatzen du LABek.

17. hildakoa 2025a hasi denetik Euskal Herrian, 10.a Nafarroan

Atzo, 55 urteko langile iruñear bat hil zen Agoitzen aldamiotik erorita. Tejados Aoiz enpresako langileak 10 metroko erorikoa izan zuen.

Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.

Nafarroan ematen ari den istripuen intzidentziak ez du etenik. Altueretako istripuena da honen islada, prebentziorako neurri teknikoak hartzen erraza izanik istripu hauek gertatzen jarraitzeak zera uzten du argi; patronalak muzin egiten diola araudia betetzeari. Beste era batera esanda, patronalak amilarazten gaitu.

LABek argi dauka aldamioen arloko segurtasun-araudia aplikatu izan balitz ez zela lan-istripua gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek guztiak ekidin daitezke, prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.

2024ko irailean honelako heriotza bat izan zen Irunberrin, aldamiotik erorketa baten ondorioz. Mutualitateak zituen baliabide guztiak erabili zituen lan heriotz hau ukatzeko, hain da horrela, Osasunbideak eginiko autopsia arakatu ahal izan zuela eta hau baliatuz ez zuela heriotzaren laneko jatorria aitortu. Galdera da ea oraingo honetan ere Nafarroako Gobernuak honelako trikimailuak egiten utziko dion enpresa elkateari eta enpresak berak eragindako heriotza ezkutatuko duen.

Lan istripuen eta laneko gaitzen atzean araudiaren ez betetzea dago. Hau enpresen ardura zuzena da, hildakoek badute arduraduna.

Gobernuak, honen aurrean neurriak hartu beharrean, Enplegu Plana adostu du CCOO, UGT eta heriotzak eragiten dituen CENekin, hauei milioiak banatuz. Lan istripuak zigortu beharrean diruz saritzen ditu, alegia.

Datozen orduetan intersindikaletik burutuko ditugun ekimenen berri emango dugu.

Langileen aldeko politika publikoen beharra partekatu du LABek EH Bildurekin

LABen eta EH Bilduren ordezkaritza banak, LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyo eta EH Bilduko EAEko Legebiltzarreko bozeramaile Pello Otxandiano buru, bilera izan dute gaur Donostian.

Bileraren ondotik egindako adierazpenetan, Igor Arroyok burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko eragile sozial, sindikal eta politikoen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: “Eremu guztiak lehiatu behar dizkiogu Kapitalari eta harekin lerratutako eragile politikoei: lantokiak, kaleak eta instituzioak”.

Ildo honetan, azken urteotako borroka sozial eta sindikalei esker, agenda politikoan euskal langileontzat garrantzitsuak diren gaiak kokatu direla nabarmendu du Arroyok, hala nola, osasun sistema, zaintza, etxebizitza, pentsioak edota gutxieneko soldata.

Halere, eztabaida hauek faltsuan ixteko arriskuaz ohartarazi du: “Pradalesek formak aldatu ditu, baina funtsean ez dugu aldaketa handirik ikusten: EAJ-PSEk egindako zerga erreformak elite ekonomikoaren pribilegioei eusten die eta, osasun mahaian, osasun sistemaren pribatizazioari eusteko asmoa erakusten ari da Jaurlaritza”.

Hau dela eta, borroka sindikal, sozial eta politikoari eustearen garrantzia azpimarratu du Arroyok, agenda politikoan diren eztabaidak neurri sakonak hartu gabe itxi ez daitezen. Ildo honetan, bihar Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan gutxieneko pentsio eta soldataren alde egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du.

Hiru lehentasun aipatu ditu, hain zuzen ere, Arroyok: gutxieneko soldata eta pentsioa, zerbitzu publikoak eta politika industriala. Gutxieneko soldatari dagokionez, EH Bilduk egindako lana eskertu du Arroyok eta aktiboki eragiten jarraitzeko eskatu dio. Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin kritiko azaldu da: “Ez da nahikoa Confebaskek negoziatu dezan eskatzearekin. Jaurlaritzak babes instituzional, politiko eta ekonomiko handia ematen dio Patronalari. Baldintzatu dezala babes hori gutxieneko soldata propioa negoziatzeko konpromisoa lortzeko. Patronalak jendartearengandik onurak jaso eta jaso bai, baina jendartearekiko bere betebeharrei muzin egitea onartezina da”.

Zerbitzu publikoei dagokionez, hamarkadetako politika pribatizatzaileak albo batera uzteko beharra defendatu du Arroyok: “Sindikatuok urteak daramatzagu salatzen osasun sistema publikoaren egoera, eskola publikoaren azpigarapena edota zaintza eremuaren pribatizazioa. Sakoneko aldaketa beharrezkoa da, herritar guztien osasuna, heziketa eta zaintza bermatzeko”.

Azkenik, langileekin adostutako trantsizio industrialaren beharraz mintzatu da Arroyo: “Azken bi hamarkadetan ez da egon politika industrialik, baliabide publikoak enpresa handien esku jartzera mugatu da Jaurlaritza. Orain, energia iturrien aldaketak eta krisi klimatikoak behartutako eraldaketa beharrezkoa den honetan, akats berbera errepikatzeko arriskuan gaude”. Horren ordez, trantsizio ekosozial baterako hiru irizpide defendatzen ditu LABek: planifikazioa, esku hartze publiko zuzena (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea.

LABek salatu du Iruñeko alokairuko bizikleten zerbitzua kudeatzen duen enpresak atzerapenekin ordaintzen duela eta dagoeneko bi nomina oso zor dizkiela langileei

LAB sindikatuak salatu nahi du Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian daudela, sei hilabete baitaramatzate nominak berandu kobratzen eta egun enpresak bi nomina oso zor baitizkie. Lan baldintza duinak bermatuko dizkien eta zerbitzuaren jarraipena bermatuko duen berehalako irtenbidea eskatzen dute langileek.

Enpresak plantillarekin duen zorraz gain, langileek salatu nahi dute “ez dituztela beharrezko ordezko piezak bizikleta flota behar bezala mantentzeko, eta plantillaren tamaina ez dela nahikoa herritarrei zerbitzu duina eskaintzeko, gaur egun bi mekaniko baitaude 640 bizikletarendako, horiek birbanatzeko kamioi bakar bat eta mantentze-lanetarako bi pertsona 58 geltokirendako”.

Ride On enpresako langileek uste dute beren lana funtsezkoa dela hirian mugikortasun iraunkorra bermatzeko, baina ordainketa eta material faltak ez die uzten beren ardurak behar bezala betetzen. “Bizikletak hondatzen ari dira, zerbitzua ahultzen ari da eta gu, langileok, egoera jasanezinean gaude”, gaineratu dute.

Azkenik, Ride On-eko langileek adierazi nahi dute enpresarekin eta administrazio arduradunekin irtenbideak bilatzen saiatu direla, baina oraingoz ez dutela erantzun edo konponbide zehatzik lortu.

Irakasleen mahai negoziatzailera deitu dute, proposamenik gabe

Irakasleen mobilizazio gaitasunak eta indarrak Hezkuntza Saila mahai negoziatzailera deitzera behartu du.

Greba zikloaren hirugarren txandan negoziazioa etenda izan ondoren, 9 egun pasa direnean Hezkuntza Sailak irakasleen mahai negoziatzailea deitu du biharko. Egun hauetako greba eta mobilizazioetako indar erakustaldiak Hezkuntza Saila mugiarazi duela argi dagoela uste du LABek. Hezkuntza komunitate osoa mobilizatu da irakasleek aldarrikatutakoei babesa erakusteko: familiak, ikasleak, hezkuntza publikoan greban ez dauden kolektiboak… Horregatik, LABek eskerrak eman nahi dizkie.

Nahiz eta akordio arautzailea negoziatzeko idatzizko proposamenena bidaltzeko eskatu izan dion LABek, sailak momentuz ez du inongo proposamenik bidali. Biharko mahaira zer ekarriko duten ikusteke badago ere, LABek ondo baloratzen du mahaira deitu izana. Hortaz, biharko mahaira indartsu eta indar posizio argiarekin doa LAB. Bere helburuak eta egingo ditugun eskariak berretsiko ditu bertan.

LABentzat herri bezala ditugun erronkei erantzuteko berebiziko garrantzia duten eta sindikatuarentzat estrategikoak diren hezkidetza edota euskara koordinatzaileak ezinbestekoak dira, eta baita aniztasunari erantzuteko baliabideak indartzea edota zuzendaritza taldeek duten lan zamari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak zehaztasunez txertatzea ere. Aipatutako figura eta baliabide horiek, hezkuntza kalitatean eta zerbitzuan eragiteaz gain, eskola publikoa indartuko lukete, eta egun irakasleek dituzten lan zametan eragingo luke horrek. Estrategikoak izateaz gain, ezinbestekoak dira. Gainera, akordio arautzaile edo lan hitzarmenean zehaztasun eta epeak jasotzeko ekarpenak egiten jarraituko du eta lan zamen jaitsieran zein soldata igoeran lanean jarraituko du.

Gehiengo sindikalak Confebasken egoitza aurrean gutxieneko soldatarekin duen jarrera autoritarioa salatu du

LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek hilean 1.500 eurotako gutxieneko soldata adosteko prest zeudela azaldu ondoren Confebaskek uko egin zion sindikatuekin biltzeari eta horrela bere izaera atzerakoia argiro erakutsi zuen. Gaurko kontzentrazioarekin, larunbatean pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin batera, gutxieneko soldata propio baten aldeko mobilizazio ziklo bati hasiera eman diote sindikatuek.

Gehiengo sindikala osatzen duten sindikatu guztiek esfortzu nabarmena egin zuten gutxieneko soldataren aldarrikapen bat adosteko eta patronalarekin adostu zitekeen kopuru bat pragmatismoz jasotzeko. Adostutako aldarrikapenak, hilean 1.500 euroko gutxieneko soldatak, 140.000 langile ingururi eragingo lieke EAEn. Adierazitako gutxieneko soldatak bereziki eragingo lieke zerbitzuen sektorean ari diren emakumeei, migratutako pertsonei, aniztasun funtzionala dutenei eta gazteei, ia guztiak estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa dutenak edo inongo hitzarmen eguneraturik ez dutenak. Patronalak aldarrikapen horri buruz hitz egiteari ere uko egin zion eta argi utzi zuen langileen esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde egiten duela, eta horretarako Espainiako lan harremanen esparrua oso baliagarria zaiola.

Sindikatuek ez dute ontzat emango patronalak gutxieneko soldata bat ezartzeko betoa izatea. Batetik, mobilizazioen bidez patronalari presio gero eta handiagoa eragingo diote. Norabide horretan, mobilizazio horren erakusgarri izango da hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propio baten alde jasoko dituzten milaka sinadura, Eusko Legebiltzarrean izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onar dadin.

Bestetik, alderdi politiko eta instituzioei dei egiten diete Confebaski aurre egin diezaioten. Patronalak ezin du soldata politika monopolizatu eta, horretarako, ekimen politikoa ezinbestekoa izango da. Mezu hori da, hain zuzen, Pradales Lehendakariari atzo arratsaldean helarazi ziotena, gutxieneko soldata duina hemen erabakitzea defenda dezan exijitu zioten, patronala interpelatzearekin batera, sindikatuek abiatutako Herri Ekimen Legegilea babestuz.

Gaur Confebask aurrean egindako salaketarekin mobilizazio ziklo berri bat hasi dute LAB, ELA, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRUk. Datorren larunbatean sindikatuek beren militantziari dei egiten diete pentsionistekin batera deitutako manifestazioekin bat egin dezaten eta, ondorioz, gutxieneko pentsio eta soldata propio baten alde Hego Euskal Herriko kaleak bete ditzaten.

Amurrioko Eguneko Arretarako Landa Zentroko langileek, zaintza sistema publiko bat lortzeko bidean, euren lan-baldintzak hobetzea exijitu dute

LAB sindikatuak aspaldi zuzendu du bere ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko estrategia zaintza-sistema publiko bat sortzera, Hego Euskal Herriko administrazioei zaintza-lanak publifikatzeko exijituz eta hauen kudeaketa publikoa aldarrikatuz.

Amurrioko Eguneko Arretarako Landa Zentroko (EALZ), LAB sindikatuko eta Amurrioko zaintza-sareko langileek agerraldia egin zuten gaur, zaintza-sistema publiko baten aldeko konpromisoarekin eta zerbitzuak publifikatzeko helburuarekin bat datozelako.

Amurrioko EALZ pribatizatuta dagoen kudeaketa publikoko zerbitzua da. Horrek esan nahi du Arabako etxez etxeko laguntza zerbitzuko sektoreko hitzarmen erabat prekarioak arautzen dituela bertako langileen lan-baldintzak. 1.680 lanordu urtean, hilean 1.100 euro inguruko soldatarekin. Horrez gain, bi langileri dagokie mendekotasuna duten 15 pertsona ingururi egunero arreta ematen dien zerbitzu baten kudeaketa osoa; zaintzen dituzten pertsonei banakako arreta ematea, sukaldea, administrazio-lana, txostenak egitea, familiekin eta udal-zerbitzuekin koordinazioak egitea, garbiketa… Erabat bideraezina da EALZren kudeaketa baldintza hauetan.

Hau dela eta, Amurrioko EALZko langileek, LAB sindikatuarekin batera, zerbitzuan egiten duten zaintza-lana arautzeko asmoz eta egiten dituzten lanek eskatzen duen aitortza lortzeko asmoz, Zaintzen enpresari, zerbitzua kudeatzen duen enpresari, eskatu diote lantokiko hitzarmen bat negoziatzeko. Enpresaren ezezko irmoa jaso dute edozein elkarrizketa-prozesu abiarazteari.

Amurrioko EALZko langileak langile publikoak dira, eta zaintza-sistema publiko bat dute jomuga. Bitartean, euren lan-baldintzak hobetzeko negoziazio-prozesu bati ekitea exigitzen dute.

Zerbitzua publiko egiteko bidean, Zaintzen enpresari lantokiko hitzarmen baten negoziazioa exijitzen diote, administrazio publikoko langileen ekiparaziora hurbilduko dituena.

Era berean, Udalari borondatea eta inplikazioa exigitzen dizkiote; izan ere, udal kudeaketako zerbitzua izanik, akordioa administrazio honek finantziatu eta sostengatu beharko du.

LABetik, beraz, Zaintzen enpresari exijitzen diogu Amurrioko CRADeko langileen lan-baldintzak duintzeko beharrezkoak diren urratsak eman ditzala, eta herriko Udalari zaintza sektoreekin duen konpromisoan aurrera egin dezala.

Erantzukizun politikoa ezinbestekoa delako eta Amurrioko biztanleek zaintza zerbitzu duina behar dutelako, zaintza pribatizatuko langileek lan publikoa egiten baitute.