2026-01-31
Blog Page 547

Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaiei galdetegi bat helarazi diegu, herritarrek euren konpromisoen berri izateko

0

Justizia soziala bermatzeko eta ingurumenaren defentsarako dinamiketan inplikatuak gara LABeko kideak, egunerokotasunean. Horretarako, galdetegi bat osatu dugu Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaien iritziak jakiteko, hainbat gairen inguruan. Emango dituzten erantzunak publiko egingo ditugu, zerrenda bakoitzaren lehentasunak eta konpromisoak ezagutzeko. Izan ere, gaurko hautagaiak izango baitira biharko Euskal Herriko langile guzientzat erabakiak hartuko dituztenak.

"Tokiko eta kalitatezko zerbitzuen alde zaude?", "Euskal Herrian euskararen ko-ofizialtasunaren alde zaude?"… hainbat gairen inguruko hamahiru galderez osatutako galdetegia helarazi diegu Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeetako hautagaiei. Euskara, ingurumena, berdintasuna, bake prozesua…  gai hauei guztiei buruz duten iritzia jakin nahi dugu. Hala, erantzunak publiko egingo ditugu, herritarrek haien lehentasunak eta konpromisoak ezagutu ditzaten bozka eman aurretik.

 

 

 

Zazpi urte geroago, Gipuzkoako metalgintzaren negoziazio mahaia eratu da

0

Gaur, otsailak 18, eta Adegi patronalak Gipuzkoako metaleko lan hitzarmenaren negoziazioa itxitzat ematea erabaki eta 7 urtera, hitzarmenaren negoziazio mahaia eratu da. LABek argi du hitzarmen duin bat izateko bermerik onena sektoreko langileak aktibatzea dela, eta horretarako lanean jarraituko dugu datozen asteetan, gure militantziarekin eta sektorean ditugun 500 ordezkariekin batera.

Bilera horretara, patronalen aldetik, Adegi baino ez da aurkeztu, eta sektoreko ordezkaritza bere gain hartu du. Sindikatuen aldetik, ez dago aldaketa handirik euren ordezkaritzan 4 nagusien artean, salbuespen batekin: LAB sindikatuak duen hazkunde handia, zehazki, 4 puntu baino gehiago hazi da mahaiaren azken osaketatik, %30,28tik egungo %34,37ra. Datu hori gure militantziak egindako lan onaren eta Gipuzkoako metalurgikoek gure proiektu sindikalari emandako gero eta babes handiagoaren emaitza da.

Proiektu sindikal sinesgarria da LABena, eta sektoreko hitzarmen duin baten alde egin duena beti, aberastasuna modu justuan banatzeko eta sektoreko langile guztientzako eskubideak bermatzeko. Horregatik, gure militantzia guztiari zorionak eman nahi dizkiogu, aurpegia hautsi eta grebak egin baititugu, askotan enpresetan bakarrik defendatuz sektoreko hitzarmenaren baliozkotasuna, ez bakarrik patronalaren aurrean. Mahai hau pentsaezina da gure militantziaren lan eskerga hori gabe.

Baina ez gaitezen engaina, enpresaburuen mozkinak izugarriak izan arren, 2017an 803 milioi euroko mozkina aitortu arren, 2011. urteaz geroztik hitzarmena negoziatzeari uko egin dion patronal honek ez digu ezer oparituko mahaian.
Langileek sortutako aberastasuna banatuko duen hitzarmen bat nahi dugu, prekarietatea murriztuko duena, lan-erreformari eta estatalizazioari aurre egingo diona, hitzarmen feminista bat, eta ahulena babestuko duena. Adegiren indibidualizazioaren aurrean, langile klasearen batasun handiagoa bultzatuko dugu.
 

 

 

Sindikalgintza feministatik batuko gara Martxoaren 8ko mobilizazioetara

0

Gure indarrarekin eta sindikalgintza feministatik gu ere batzen gara borrokara! Martxoaren 8an, LABek bat egingo du Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioekin.

Iruñean aurkeztu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko mobilizazio eguna. Kalera irtetzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute agerraldian, eta egun horretarako deitutako mobilizazioen berri eman dute.

Hona hemen agerraldian irakurri duten oharra:


 

 

 

Uruguaiko PT CNT sindikatuaren bisita jaso dugu

0

Uruguaiko PIT CNT sindikatuko Nazioarteko arduradun Jorge Bermudezen bisita izan dugu. Hain zuzen ere, LABeko Nazioarteko idazkari Koldo Saenzekin bildu da, eta Euskal Herriko eta Uruguaiko egoera sozio-politiko-sindikalari buruz hitz egin dute.
 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Errealitateak erakusten du egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin”


Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren aldeko eguna da otsailaren 22a. Honen bezperetan, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Idazkaritza Feministako idazkari Elixabete Etxeberriak soldata-arrakalari aurre egiteko neurriak eta honetarako martxan jarriko ditugun ekimenen berri eman dute. Hain zuzen ere, mintegi bat egingo dugu ostiralean Gasteizen. Bertan, lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortzeko, berrantolatzeko eta banatzeko beharraz arituko gara; zaintza lanak, tartean.  


Soldata arrakala arazo politiko bat da, eta, horregatik, arazo hau gainditzeko bi elementu hauei heldu behar zaie:

-Lan guztiak modu kolektiboan eta ekitatiboan aitortu, berrantolatu eta banatu behar dira; zaintza lanak barne. Izan ere, emakumeak dira nagusiki zaintza lanen ardura hartu behar izan dutenak. Ezinbestekoa lana da bizitza sostengatzeko, eta lan hau gehienetan doan egin izan dute, sistema kapitalista eta jendarte orokorraren mesederako. Honek suposatu du emakumea bigarren mailan eta modu subsidiarioan egotea lan merkatuan.

-Lanean ematen den sexu araberako banaketarekin amaitu behar da. Banaketa honek emakumeak zigortzen ditu soldata okerragoa izatera, borondatearen kontrako kontratu partzialak izatera, prekarietate gehiago pairatzera.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “errealitate honek erakusten digu egungo sistema zorretan dagoela emakumeekin. Ordaindu behar zaigun zor bat dago. Zor honi zor patriarkala deitzen diogu".

Sindikatuaren helburua zaintza lanen banaketa bidegabea modu kolektiboan berrantolatzea dela berretsi du LABeko idazkari nagusiak. Bitartean, zor hori kitatzen hasteko, enpresek eta instituzioek neurri batzuk hartu behar dituztela adierazi du:

-Enpresek lanpostuen balorazio berri bat egin behar dute, ikuspuntu ez sexista batetik. Emakunde, INAI eta Gasteizko eta Nafarroako gobernuak bezalako instutuzioek pautak, tresnak eta baliabideak jarri behar dituzte balorazio hauek egiteko. Eragin faktorearen arabera baloratu behar dira lanak, bizitzaren iraunkortasunean duten eraginaren arabera.

-Horretaz gain, neurriak hartu behar dira emakumeek enplegua aurkitzeko pairatzen duten diskriminazioaren aurrean; 1.200 euroko gutxieneko soldata ezarri behar da; lanaldia 35 ordura jaitsi behar da enplegua sortzeko eta lan guztiak banatzeko, inposatutako lanaldi partzialekin bukatuz eta 20 orduko gutxieneko lanaldia ezarriz; subrogazio eskubidea bermatu behar da.
 

 

 

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek bost asteko grebara deitu dute

0

Bost asteko grebarako deia erregistratu dugu sindikatuok, EHUko eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileen kolektiboan, soldatak Eusko Jaurlaritzako garbitzaileekin parekatzeko exijitzeko. Martxoaren 2an hasiko da greba, LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.

Bost urte bete dira EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileok lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa negoziatzen hasi ginenetik. Egoera ondokoa da: enpresek mahaira joateari utzi diote, eta Euskal Administrazio Publikoak beste alde batera begiratzen du. Negoziazioa hilda dago, patronalen eskaintza zerora murrizten da.

"Lan berdina, soldata berdina" lelopean, Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatak parekatzea besterik ez dugu eskatzen. Soldaten arteko aldea, gaur egun, %13tik gorakoa da eta urtetik urtera handitzen jarraitzen du gure soldatak izoztea erabakitzen duten bakoitzean.

Diskriminazioa ez da hor amaitzen. Azpikontratatutako langileen% 40k lanaldi partzialak ditugu eta, beraz, soldata partzialak. Enpresek uko egiten diote lanaldiak handitzeko neurriak hartzeari, lanpostu hutsak betetzeko sistema berri baten bidez. Horrek esan nahi du denboran mugagabeko prekarietate batera kondenatzen gaituztela.

Gainera, lan kargak jasanezinak dira. Hezkuntza Sailean garbiketako langile lan-kontratudunak lan karga 1.240 metrora mugatzea lortu duten bitartean, azpikontratatutako langileek 2.500 eta 2.800 metro garbitzen ditugu egunero. Ondorioz, langile askok karpoko tunela, epikondilitisa, tendinitisa sorbaldan, antsietatea, etab… sufritzen dute.

Bitartean, Hezkuntza Sailak eta EHUk zerbitzuak beherantz lizitatzen jarraitzen dute, kontratuak prezio baxuenak eskaintzen dituzten enpresei esleituz. Ondoren, erreklamatzen ditugun eskariak onartzeko zailtasuna adierazten dute eta horrela bost urte igaro direlako.

Grebara joatera behartu gaituzte, egoera jasanezinean delako. Gelditzea erabaki dugu norbaitek ikus gaitzan, erakusteko gu ere existitzen garela eta, azpikontratatuak izan arren, Hezkuntza Komunitatearen parte garelako. Gehienak emakume langileak gara, eta gure lanpostuetara baldintza duinetan joatea da eskatzen dugun gauza bakarra. Batzuek 30 urte baino gehiago daramatzagu zentroan, bertako inork gure izena inoiz galdetu ez duelarik.

Baina ez gaude bakarrik. Ikasle-taldeak gurekin izan dira hilabete hauetan, eta hainbat mobilizaziotan parte hartu dugu. Irakasle batzuek ere babesa adierazi nahi izan digute.

Martxoaren 2tik aurrera greban jarriko gara. Bost astez ez dugu garbituko. Greba honekin espero dugu enpresek negoziazioari seriotasunez heltzea eta Hezkuntza Sailak eta EHUk berak azken bost urteotan eskaini ez diguten arreta eskaintzea. Negoziazioari berriz ekitea eskatzen dugu, edukiekin berriro ekin diezaiotela eta neurriak har daitezela azpikontratatutako garbitzaileon prekarietatearen aurrean.

 

 

 

Portugalgo CGTP IN zentral sindikalaren kongresuan parte hartu dugu

0

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok Portugalgo CGTP In zentral sindikalaren XIV. Kongresuan parte hartu du. Euskal Herritik eta Europatik bakarrik ez, mundu osotik etorritako nazioarteko 96 gonbidatuk hartu dute parte kongresuan, kongresuaren garrantzia eta parte hartze maila handia erakutsiz.

Kongresu honetan CGTPren barruan aldaketa handiak egon dira; besteak beste, lehenengo aldiz emakume bat izango da Idazkari Nagusia, konkretuki Isabel Camariñak hartuko du Armenio Carlosen ardura. Nazioarteko harremanetan ere aldaketa egon da eta Augusto Praçak utzitako tokia Joao Barreirosek hartu du. Hemendik bioi eta kongresuan aukeratua izan den zuzendaritza berriari gure desiorik hoberenak bidaltzen dizkiegu.
 

 

 

Erretreten erreformari buruzko erreferendum bat aldarrikatu dugu Biarritzen, Vincent Bru diputatuaren bulegoaren aurrean

Macronen Gobernuak ezarri nahi duen erretreten erreformaren eztabaida parlamentarioaren atarian, Frantziako presidentearen aldeko den Vincent Bru diputatua interpelatu dugu, erretreten erreformaz erreferenduma egiteko eskatzeko. Hain zuzen ere, bozka kutxa ekarri diogu eta banderola zintzilikatu dugu bere Biarritzeko bulegoaren leihotik.
 

 

 

CCOO eta UGTk sinatu duten Nafarroako Iturgintza hitzarmenaren aurreakordioa ez-nahikoa da

0
LABek salatu nahi du UGTk eta CCOOk – bai eta patronalak ere- ardura falta nabarmena erakutsi dutela Nafarroako Iturgintza hitzarmenaren aurrreakordioaren sinatzean, negoziazioan 5 urteko atzerapena izan ondoren -2016. eta 2017. urteetarako soldata igoera bat eta hitzarmenaren ultraaktibitatea besterik ez da izan- trantsizio hitzarmen bat adostu baitute, sektorearen benetako beharrak kontuan hartzen ez dituena.

Orain, negoziatzen urte bat baino gehiago eman ondoren, UGT, CCOO eta patronalak 4 urteko indarraldia izango duen akordioa sinatu dute (2018, 2019, 2020 eta 2021, non atzerapen-urteetan KPIaren igoera bakarrik bermatzen baita), medikuarenera joateko eta prozesu onkologikoetan laguntzeko lizentziak, 16 eta 17 urteko langileen kategoria profesionalak ezabatu eta kategoria batzuk parekatzen dituena.

CCOO eta UGTren jarrera-aldaketa ere salatu nahi dugu; izan ere, negoziazioaren hasieran alderdi sozialak bere osotasunean ez zuen onartu patronalarekin trantsizio hitzarmen bat adostea. Hiru sindikatuok sektoreari egonkortasuna emango zion hitzarmen bat negoziatzeko beharra planteatzen genuen. Baina, une honetan, LAB da hain gai garrantzitsuei heltzeko beharra defendatzen duen bakarra: sektorea gaztetzea (errelebo-kontratua), kategorien prestakuntza eta sustapena edo guardiak arautzea.

Alde horretatik, uste dugu hitzarmenak ez dituela inola ere asetzen sektoreko langileen beharrak, ezta hitzartutakoari dagokionez ere, 2018ko eta 2019ko soldata-igoerak orain arte ukatutako erosteko ahalmena soilik bermatzen baitu. Horregatik guztiagatik, uste dugu sinatutako aurreakordioa ez dela nahikoa eta, beraz, berrtsi nahi dugu sektoreko langileen lan-baldintzak hobetzeko borrokan jarraituko dugula.