2026-01-30
Blog Page 541

Sei greba egunetako lehena, bihar, Tolosako Voith Paper-en

0
Bihar, martxoaren 4an, iragarritako sei greba egunetako lehena egingo dute Tolosako Voith Paper-en. Mobilizazioa egingo dute 07:00etatik 10:00etara enpresa atarian, Tolosako Apatta poligono industrialean.

Voith-eko enpresa-komitearen oharra:

Aurreko astean Voith Paper S.A-ko komiteak greba egunak iragarri zituen martxoaren 4, 11, 17, 18, 25 eta 26rako. Bihar Voith Paper S.A-ko langileak lehen greba eguna izango dute, iragarrita dauden 6 greba egunetako lehena.

Negoziaketa luze doa eta enpresaren jarrera salagarria izan da lehen momentutik, planteamendu ezberdinak eta aldakorrak eginez bilera bakoitzean ezer konkretatu gabe. Azken deialdi batean EEE bat jarri zuen mahai gainean eta denok ulertzen dugu presio moduan egin dutela.

Enpresaren aldetik, txantaiak eta presioak jasaten ari dira langileak eta komiteko kideak negoziazio iraun duen denbora guztian, eta ez dugu onartuko horrela jarraitzea. Langileak eskatzen dutena soldaten arrakalekin bukatzea, gehien eta gutxien irabazten duen tartea handitzen ez jarraitzea, langile guztiak errespetatuko dituen hitzarmen bat eta denentzat izango dena. Ezin dugu jarraitu enpresak ezarri nahi duen eredu enpresarialarekin, non langileen lan baldintzak prekarizatu nahi dituen.

Mobilizazioa egingo dugu martxoak 4, asteazkena, lehen greba egunean, Voith Paper S.A. enpresaren aurrean, Tolosako Apatta poligono industrialean, goizeko 7,00etatik 10,00etara eta gure aldarrikapenak defendatuko ditugu!
Enpresaren esku dago benetako negoziazio batean hasi edo ta mobilizazioei aurre egin!
 

 

 

“Langileok bakarrik gaude, hildakoen atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi”

Ekitaldia egin dugu Gasteizen goizean, Martxoaren 3ko plazan, 1976ko martxoaren 3an izandako langileen aurkako sarraskiaren 44. urteurrenean. Aurtengoan, lanean hildakoak gogoan izan ditugu, odolusteak etenik ez duela nabarmenduta: urte hasieratik, gutxienez 14 dira Euskal Herrian hildako langileak eta beste 2 desagertuta daude Zaldibarreko zabortegiaren luizian otsailaren 6tik.

Laneko ezbeharrak ugalduz joan dira urterik urte. Azken 10 urteotan, Euskal Herrian 648 langile hil dira lanean; 2020 urtean, gutxienez 14 langile bizitza galdu dute lanean, hauetatik 4 Araban. Zaldibarko bi langilek desagertuak jarraitzen 27 egun jada. Odolusteak ez du etenik.

Hain zuzen ere, Gasteizen egindako ekitaldian laneko indarkeriaren arazo larriari jarri diogu fokoa. "Hildako langileen zenbakiek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaia daukan gordintasunean azaleratzeko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da honen guztiaren atzean dagoen patronalaren buruzko irakurketa politikorik egin nahi. Botere politiko zein instituzionala behin da berriz lerrokatzen dira patronalarekin beraien prekarizazio politikak bultzatuz eta babestuz", adierazi dugu.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak direla nabarmendu dugu: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da, honen atzean dagoen zio bakarra, enpresen diru gosea dela, lan kosteak murriztu eta irabazi tasak mantentzeko sakontzen da prekarietatean, eta ez dira prebentzio neurriak hartzen. Batzuk gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero egunero, berain bizitza arriskuan jartzera behartuak baita hiltzen diren langileak. "Istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izan dira eta horrelako kasuek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz. Hau oso larria da, hildako hauek ekidin zitezkeen", ohartarazi dugu.

Ekitaldian azpimarratutakoaren arabera, "lan egiteagatik ehunkada hildako egotea eskandalu bat da. Confebaskek ez du arazo honi buruz ezer jakin nahi. Euskal erakundeen ahotik ere ez dugu prekarizazio politikaren salaketarik entzun, babesa baino, ezta familia eta lankideekiko egiazko elkartasun mezurik ere. Langileok bakarrik gaude, hildako horien atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi".

Irtenbidea
Hau guztiaren aurrean, zein da irtenbidea. LABek argi auka:

-Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar da gobernuen ekintzan. Osasuna bermatuko duen enplegua sortzeko eta prekarietatea ezabatzeko enplegu politikak aldarrikatzen ditugu.

-Lan osasun politikak errotik aldatzeka. Hori eskatzen diegu gobernu guztiei, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz.

-Enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarriak areagotzea.

-Lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea lan osasun politiketan. Erregistro bat sortzea eskatzen dugu.

Nola lortu?

-Langileen sentsibilizazioa, formakuntza eta parte hartzea landuz.

-Tresna eraginkorrenak diren mobilizazioa eta ekintza sindikala areagotuz, patronala eta erakundeak interpelatzeko eta presionatzeko: enpresako langileak antolatu, mobilizatu eta ahalik eta erantzun irmoena ematea, lanuzteak, elkarretaratzeak…

Arratsaldean, omenaldia eta manifestazioa
Arratsaldez, LABek omenaldia eta manifestazioa egingo ditu Gasteizen, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuekin eta Martxoaren 3ko elkartearekin batera. “Hiltzen jarraitzen gaituzue. Bizitza duina. Martxoak 3, euskal langileok ez dugu barkatuko, ez atzo ez gaur” omenaldia egingo dugu 18:30ean, Martxoaren 3ko plazan, eta, 19:00etan, manifestazioa, leku beretik aterata.

 

 

 

Florence Lasserre-David diputatu macronistaren bulegoa okupatu dugu Angelun, bizitza eta erretreta duinen alde

Florence Lasserre-David diputatu macronistaren Angeluko bulegoa okupatu dugu goizean, erretreten erreforma dekretua salatzeko. LABeko zenbait militantek egin dute okupazioa, eta Frantziako Gobernuaren neurrien aurkako haserrea adierazi dute. 24 orduz bertan egotea genuen aurreikusita, baina, poliziak arratsaldeko lehen orduan kanporatzeko emandako aginduari muzin egin badiogu ere, azkenean, arratsalde erdian okupazioari amaiera ipintzera behartu gaituzte; hori bai, gure aldarriak ozen zabaldu ondoren.

Ipar Euskal Herrian mobilizazio indartsuak izan ondoren, erretreten erreforma posible egingo duen 49.3 artikuluaren alde egin du Florence Lasserre diputatuak. Horregatik okupatu dugu Angelun duen bulegoa, bizitza eta erretreta duinen alde.  

 

 

 

Larrialdietakoa ez den osasun garraioko anbulantzien egoerak arriskuan jartzen ditu herritarrak, koronabirusagatiko krisiaren aurrean

0
Zerbitzu honek dituen arazo larri eta premiazkoak konpontzea exijitzen dugu, ez soilik Bizkaiko itunpeko anbulantzietan, osasun garraioaren sektore osoan baizik.

Bizkaiko osasun garraio programatuko prebentzio delegatuen oharra:

Duela hilabeteetatik Bizkaiko zerbitzu programatuko anbulantziak (larrialdietakoa ez den osasun garraioa) jasaten ari diren egoera prekarioak arrisku egoerek gora egitea ekartzen du, langileei, gaixoei eta orohar, herritarrei dagokienez.
Ibilgailuak oso egoera negargarrian daude: egoera txarrean dauden gurpilak, egoera txarrean dauden sarbideak, zikinkeria, berogailurik eza, osasun bidaiari-lekuan keak sartzea, etab. Kezkagarria den bitarteko eta ekipo falta dago: maskarak, laneko arropa, etab.

Ibilgailuak desinfektatzeko bitartekoak ez dira nahikoak, eta arriskutsuak dira langileontzat eta hauek egin behar izaten dituzte lan hauek, prestakuntza eta babes egokirik gabe.
Langileei ez zaie informazio egoki ez nahikorik eman koronabirusaren arazoaren aurrean.

Bizkaiko larrialdietakoa ez den osasun garraioko zerbitzuak kontsulta eta tratamenduetara eramaten ditu gaixoak, eta ospitaleko altez ere arduratzen da. Larrialdietako Osasun Garraiko Sareko larrialdietako anbulantziak laguntzen ere artizen da.

Guzti horrengatik, delegatuek salatu egiten dute AMBUIBERICA, zerbitzuaren ardura duen enpresak, arduragabekeriaz jokatzen duela. Bere irabaziek soilik kezkatzen dute. Salatzekoa iruditzen zaie baita Eusko Jaurlaritzaren erantzukizun falta, hain oinarrizkoa den zerbitzu honen azken erantzulea, ez baitu betetzen berau gutxieneko baldintza egokietan ematearen betebeharra.

Zerbitzu honek dituen arazo larri eta premiazkoak konpontzea exijitzen dugu, ez soilik Bizkaiko itunpeko anbulantzietan, osasun garraioaren sektore osoan baizik.

Gainera, dei egiten du zerbitzu hau enpresa pribatuei esleitzeari uztera. Hauek irabazi ekonomikoak baino ez dituzte buruan. Zerbitzu hau administrazio publikoak kudeatu beharko luke, herritarrok behar eta merezi dugun kalitatezko zerbitzua izan dezagun.
 

 

 

Langile gutxiagorekin beste solairu bat irekitzea erabaki dute Eibarko Egogain helduen egoitzan

Egogaineko langileek, urtebeteko borrokaldiari jarraiki, Itxialdia gauzatu zuten atzo lantokiko sarreran. Hain zuzen ere, atzoz geroztik langile gutxiagorekin solairu berri bat irekitzea erabaki dute, lan baldintza eta pertsona helduek merezi duten arreta duinaren kaltean. Aldundiaren jarrera inposatzailea eta langile zein egoiliarrekiko erakutsi duen mespretxua salatzeko burutu zuten atzoko ekintza.

Langileen eurek salatu bezala, "Egogaineko langileok ez gara isildu ia bi urte beteko duen borrokaldi luze honetan, ezta gutxiago ere! Bai ordea bidelagunak galdu, 18 lankidek alde egin behar izan baitute egoerak behartuta, hau da, Aldundiak hartu duen prekarizazio eta esplotaziorantzako norabideagatik".

Langileen hitzetan, "Aldundia zuzentzen duten PNV eta PSEk itxurakeria egiten dute; pertsona helburu, Gipuzkoa orain, Etorkizuna eraikiz… marketing hutsa. Egogain gobernu talde honek zer nolako errealitatea eraikitzen ari den adierazle garbia da; zaintza negozio bihurtzen ari dira, zerbitzu publikoak, azpikontraten esku utziz. Era berean, zaintza feminizatutako sektorea izanik, lanean aritzen garen emakumeak baztertuz. Egogaineko langileok lan eta bizi duinagatik borrokatzen jarraituko dugu, borrokaren eredu izaten jarraituko dugu".
 

 

 

Herritarrentzako informazioa eta langileen segurtasuna bermatzea eskatzen dugu koronobirusaren aurrean

0

Koronabirusaren epidemia hasi zenetik, EAEko eta Espainiako estatuko osasun administrazio ezberdinen informazioa eta ekintzak kontraesankorrak izan dira. Osakidetzaren kasuan, nazioarteko adituen iritzia errepikatzen da, morbilitate- eta hilkortasun-maila handia ez duen birus izurrite baten benetako eraginari buruz, eta, aldi berean, kontrako egoeran izango balitz bezalako neurriak ezartzen dira. Badirudi lehentasuna dela gure osasun-sistema edozein gorabeheratarako prest dagoela frogatzen saiatzea, eta Zaldibarko ingurumen-larrialdian agertutakoarekin zerikusirik ez duen gardentasun informatiboa erakustea.

Birusagatik beragatik baino gehiago, gure kezka euskal administrazioen kudeaketarako gaitasun faltatik sortu da. Gobernu honek dagoeneko erakutsi dizkigu kudeaketa txar baten eta inprobisazioaren ondorioak Zaldibarkoa bezain larria den kasu batean. Eta Osakidetza kudeaketa kaskarragoa duen administrazioetako bat da, LEPetatik hasi eta Euskal Osasun Zerbitzuko langileen egunerokotasunarekin amaituz. Espero bezala, ospitaleetan eta Osakidetzako osasun- zentro eta anbulatorioetan ikusten ari gara argazkia ez dela Sailburuak erakutsi nahi digun bezain perfektua.

Gaitutako protokoloak astero aldatzen dira eta, profesionalen artean hedapen eskasarekin. Lehen mailako arreta, apurka-apurka desegiten joan ondoren, ahultasun-egoera batean ikusten da, eta hori urtero, gripe-garaian, oso argi geratzen da. Eta horri gehitu behar diogu komunikabideek eta sare sozialek sortutako diskurtso alarmista. Hori, eta ez besterik, zalantzan dago OMEk ezarritako "osasun-larrialdi" honen aurrean.

LABek bezala, Osakidetzari ere gogorarazi behar diogu bere betebeharra dela bere lan-taldeko langileek beren lana modu seguruan egin ahal izateko behar beste baliabide jartzea, koronabirusaren, gripe arruntaren edo Zaldibarko zabortegiak kutsatutako airearen aurrean.

Beraz, hau eskatzen diogu Osakidetzari:

• Informazio-kanpaina argia, zehatza eta ez-alarmista komunikabideetan, herritarrei argitzeko nola jokatu susmoen, berrogeialdien eta abarren aurrean.

• Langileen segurtasuna bermatzea, osasun-sistemaren funtzionamendua bermatzeko:

• Haurdunei eta langile sentikorrei arreta berezia ematea, baja medikoen bidez eta egon daitezkeen kasuekin “0” kontaktua bermatzeko.
• Osakidetzako zentro guztietan langileak prestatzeko irizpideak bateratzea.
• Langileei prestakuntza eta informaziorik ezarekin amaitzea, batez ere zenbait kategoriatan.
• Protokoloak eta informazioa langile guztiengana eta kategoria guztietara (kontratak eta
ordezkaritza sindikala barne) erabat iristeko eskakizuna.
• Segurtasun-arauek baimentzen duten heinean, aurrez aurreko prestakuntza, bideoak
sarean zintzilikatzeaz harago.
• Protokoloen %100 betetzea, berauek eguneratzea beharrezkotzat jotzen denean, eta
barneko eta kanpoko informazio eguneratzea.
• Araba ESIko fokoaren kudeaketan egon litezkeen akatsengatik erantzukizunak onartzea (ezin dugulako ulertu zelan den posible lehenengo kasuari buruzko informazioa komunikabideetan jasotzea ostiral arratsaldeko 19.00etan eta protokoloa ez aktibatzea gaueko 22.00ak arte).

• Lan-taldea indartzea beharrezkoa den zerbitzu guztietan (Oinarrizko Prebentzio Unitateak, anbulatorioetako mostradoreak, larrialdiak …) eta langile berri guztiei prestakuntza ematea, lanean hasi aurretik.

Koronabirusa ez da, a priori, osasun publikoko arazo bat bere birulentziagatik, baizik eta, beste behin ere, agerian utz dezakeelako osasun-egiturarik eza ezohiko egoerei aurre egiteko, egunero gutxienekoen pean dauden zerbitzuetan; langileen gabezia endemikoak, murrizketek, prestakuntzarik ezak, behin-behinekotasun onartezinaren tasak eta kudeaketa ilun, ez-eraginkor eta pribatizaziorantz bideratua markatutako zerbitzuetan.
 

 

 

Bost asteko grebari ekin diote EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek

0

EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileek bost asteko grebari ekin diote goizean. Eusko Jaurlaritzako garbiketako langileen soldatekin parekatzea besterik ez dute eskatzen; lan berdina, soldata berdina, alegia.

Grebara joatera behartu dituzte EHUko eta Hezkuntza Saileko azpikontratatutako garbitzaileak, euren egoera jasanezina delako. Gelditzea erabaki dute existitzen direla erakusteko, azpikontratatuak izan arren, Hezkuntza Komunitatearen parte direlako.
 

 

 

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean salatu dugu helduen egoitzetako dekretua

Dekretuak zerbitzuaren titular publikoen arduragabekeria agerian uzten duela nabarmendu dugu; Bizkaiko kasuan, bertako aldundiarena.

“8 hilabete, 8 arrazoi” lemarekin, LABek kanpaina abiatu zuen 2019ko azaroan Eusko Jaurlaritzaren hirugarren adineko egoitzetako dekretuari ezetz esateko. Ekimen honen barruan, mobilizazioak egiten ari dira hilero, hauetariko bakoitza dekretuari ezetz esateko arrazoi baten inguruan ardazten dutelarik.

Azaroan dekretuak langileen osasuna urratzen dutela salatu zuten. Abenduan, patronalek eta zerbitzu publikoen titularrek langileen gorputzak eta zaintza negozio bihurtzen dutela adierazi zuten. Urtarrilean, dekretua bera hilaren 30eko Greba Orokorrera deitzeko arrazoi bat gehiago dela adierazi zuten.

Gaur, berriz, martxoko protesta egin dute, titulartasun publikoaren ingurukoa, dekretuak berriz ere nabarmentzen duelako zerbitzuaren titular publikoen arduragabekeria. Bizkaian, Aldundiak bermatu luke zerbitzua.

 

 

 

Ambazonia, nazioarteko isiltasuna Afrikaren bihotzean

0

LABetik Ambazonian ematen ari diren giza eskubideen urraketak salatzeko dei bat egiten dugu. Eskubideen urraketa hori salatzeaz gain, Ambazoniako herriak kanpoko inolako esku-sartzerik gabe bere lurraldearen gaineko burujabetza gauzatzeko eta bere etorkizun politikoa bakean eta demokrazian erabaki ahal izateko herritarren gehiengoak egindako eskaerari babesa ematea gure eginbeharra da. Ambazoniako herriaren borondate demokratikoaren errespetuak izan behar du Afrikako herrialdean gatazka politikoa konpontzeko muga bakarra.

Ambazonia, Amba Land bezala ere ezaguna, Kamerungo zati anglofonoak bere lurralde bezala aldarrikatzen dituen herrialde bat da; lurraldea, aurretik, hegoaldeko Kameruna hartzen zuen. Hegoaldeko Kameruna, lehenago, hegoaldeko Kamerungo Nazio Batuen fideikomiso lurraldea zen, Erresuma Batuaren administraziopean (1922-1961), 1961ean Erresuma Batuaren independentziaren alde bozkatu zuena Kamerungo frantses hizkuntzako Errepublikarekin federatuz.

2017an, Kamerungo Hegoaldeko Ambazonia Partzuergoko (SCACUF) Fronte Batuak alde bakarrez deklaratu zuen Ambazoniaren independentzia; Kamerungo gobernuak, berriz, adierazpenak legezko pisurik ez duela esan zuen. Ambazonia Nazio eta Herri Ez Ordezkatuen Erakundean onartua da.

Ambazonia Alemaniar Inperioaren protektoratua izan zen I. Mundu Gerraren amaierara arte, 1919ko Versaillesko Ituna sinatu ondoren Alemaniak bere jabego kolonial guztiak Afrikan galdu zituen eta frantziar eta ingeles inperioek kontinentea berriro banatu zuten. Kasu honetan, Kamerungo kolonia alemaniarra Nazioen Elkartearen abalarekin 1922an. Lurraldea britainiar inperiotik independizatu zen 1961ean, eta erreferendumean Kamerunekin batzea bozkatu zuen – Bi aukera baino ez zituzten, edo Nigeriarekin edo Kamerunekin elkartzea, eta inoiz ez zuen nazio independente berri bat eratzeko aukerarik izan –.

1961 eta 1990 artean, Kamerun Meriodionalaren abandonu eta marjinazio sentimenduak, protesta mugimendu eta dinamika ezberdinei bide eman zien. 1982an anglofonoak Kamerungo Mugimendu Anglofonora batu ziren, 1995ean Hegoaldeko Kamerunaren Mugimendu Nazionala sortu zen, kasua NBEra eraman zuena, anexioaren aurkako alegatu bat aurkeztuz eta 1961eko egoerara itzultzea eskatuz, britainiarrengandik independizatu zenean. 2017ko urriaren 1ean hainbat talde independentista anglofonok independentzia aldarrikatu zuten, munduaren aurrean estatu independente berri baten sorrera aldarrikatuz: Ambazoniako Errepublika Federala.

Kamerungo 22 milioi biztanleen bosten bat anglofonoa da, elite gehienak frankofonoak diren arren. Baztertuta sentitzen dira, enplegu publikoetatik baztertuta eta erakundeen tramiteetan frantsesa hitz egitera behartuta, nahiz eta haien hizkuntza, ingelesa, ofiziala ere izan. Baina Yaoundeko Gobernu zentralak handiena ukatu du: historikoki arazo anglofono baten existentzia ukatu egiten du. Erabat jakobinoa den posizio batetik, uko egin dio sistema federal baterantz eboluzionatzea, Kamerun Meriodionalaren sezesioaren aurrekaritzat hartzen baita.

Ambazoniako ordezkaritza baten bisita
Ambazoniako Gobernu Kontseiluko ordezkariak Garbiñe Aranburu eta Koldo Saenz LABeko idazkari nagusi eta nazioarteko harremanetarako idazkariarekin bildu ziren iaz, hurrenez hurren.

Herrialde afrikarraren ordezkaritzarekin egin ahal izan genuen bisitan eta bileran, Kamerungo Estatuak modu basatian lurraldea erreprimitzen ari zela azaldu ziguten, milaka hildako eta iheslari eta kanporatutakorekin. Etxeak erretzen dizkiete, eta lehen mailako krisi humanitarioa pairatzen dute, milaka pertsona desplazatuta daude gaur egun.

Bisita Ambazoniako ordezkaritzak Euskal Herrian zehar egindako bira baten parte izan zen. Bertan, jasaten duten egoera azaldu zuten eta gatazka nazioartera zabaltzeko eta Ambazonia herrialde independente gisa aitortzeko deia egin zuten.

Sarraski berri bat, zoritxarrez zerrenda luze batean
Duela astebete Ambazonian gertatutako sarraski berri baten albistea iritsi zitzaigun, Ambazoniako ordezkaritzak Euskal Herria bisitatu eta LAB sindikatuarekin bildu zenean irekitako bidearen bitartez. Esan dugun bezala, oso gutxi ezagutzen den herrialdea da, eta pertsonen gehiengo batek nekez koka dezake mapan. Afrikako bisagran dagoen lurralde batez ari gara, kontinentearen mendebaldeko ekuatoreaz. Baina gatazka politikoaren dimentsioak eta etorkizuneko gerra zibil suntsitzaileenetako bat bihurtzeko potentzialak han gertatzen ari denari begirada gelditzera behartzen gaitu.

Kamerungo Errepublikako soldaduek, zehazki AEBk eta Israelek Boko Harami aurre egiteko entrenatutako eliteko kideek, 35 zibil hil zituzten Ngarbuh herrixkan, tartean 14 haur. Milioi erdi desplazatu, 40.000 errefuxiatu Nigerian eta ia 3.000 hildako utzi dituen gatazkaren azken adibidea da. Sarraskiak, su hartutako herrixkak, mundutik isolatutako eta Interneterako konexiorik gabeko herrialde oso bat gatazka politiko mingots baten errealitatea dira, bere sustraiak herentzia kolonialean hondoratzen dituena, pixkanaka gerra ireki baterantz lerratzen dena eta Gineako Golko osoa ezegonkortu dezakeena.