2025-02-07
HomeEkintza Politikoa"Langileok bakarrik gaude, hildakoen atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi"

“Langileok bakarrik gaude, hildakoen atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi”

Ekitaldia egin dugu Gasteizen goizean, Martxoaren 3ko plazan, 1976ko martxoaren 3an izandako langileen aurkako sarraskiaren 44. urteurrenean. Aurtengoan, lanean hildakoak gogoan izan ditugu, odolusteak etenik ez duela nabarmenduta: urte hasieratik, gutxienez 14 dira Euskal Herrian hildako langileak eta beste 2 desagertuta daude Zaldibarreko zabortegiaren luizian otsailaren 6tik.

Laneko ezbeharrak ugalduz joan dira urterik urte. Azken 10 urteotan, Euskal Herrian 648 langile hil dira lanean; 2020 urtean, gutxienez 14 langile bizitza galdu dute lanean, hauetatik 4 Araban. Zaldibarko bi langilek desagertuak jarraitzen 27 egun jada. Odolusteak ez du etenik.

Hain zuzen ere, Gasteizen egindako ekitaldian laneko indarkeriaren arazo larriari jarri diogu fokoa. "Hildako langileen zenbakiek zer pentsatu eman beharko lukete. Hala ere, gaia daukan gordintasunean azaleratzeko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik. Ez da honen guztiaren atzean dagoen patronalaren buruzko irakurketa politikorik egin nahi. Botere politiko zein instituzionala behin da berriz lerrokatzen dira patronalarekin beraien prekarizazio politikak bultzatuz eta babestuz", adierazi dugu.

Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea lan istripu eta gaixotasunen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak direla nabarmendu dugu: azpikontratazioa, aldi baterakotasunak, kontratu partzialak, lan erritmo biziak, formakuntzarik eza… Larriena dena da, honen atzean dagoen zio bakarra, enpresen diru gosea dela, lan kosteak murriztu eta irabazi tasak mantentzeko sakontzen da prekarietatean, eta ez dira prebentzio neurriak hartzen. Batzuk gehiago irabazten jarraitzeko, gero eta gehiago dira egunero egunero, berain bizitza arriskuan jartzera behartuak baita hiltzen diren langileak. "Istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin zitezkeela azpimarratu nahi dugu. Prekarietate egoera gordinetan gertatutakoak izan dira eta horrelako kasuek agerian uzten dute prebentzio arloan atzera goazela prekarietatearen ondorioz. Hau oso larria da, hildako hauek ekidin zitezkeen", ohartarazi dugu.

Ekitaldian azpimarratutakoaren arabera, "lan egiteagatik ehunkada hildako egotea eskandalu bat da. Confebaskek ez du arazo honi buruz ezer jakin nahi. Euskal erakundeen ahotik ere ez dugu prekarizazio politikaren salaketarik entzun, babesa baino, ezta familia eta lankideekiko egiazko elkartasun mezurik ere. Langileok bakarrik gaude, hildako horien atzean dagoena ez da ezagutu ere egin nahi".

Irtenbidea
Hau guztiaren aurrean, zein da irtenbidea. LABek argi auka:

-Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzea lehentasunezkoa izan behar da gobernuen ekintzan. Osasuna bermatuko duen enplegua sortzeko eta prekarietatea ezabatzeko enplegu politikak aldarrikatzen ditugu.

-Lan osasun politikak errotik aldatzeka. Hori eskatzen diegu gobernu guztiei, horretarako behar diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak handituz.

-Enpresen gaineko kontrola, ikuskaritza eta zehapen eredugarriak areagotzea.

-Lanbide-gaixotasunei beharrezkoa duten zentraltasuna ematea lan osasun politiketan. Erregistro bat sortzea eskatzen dugu.

Nola lortu?

-Langileen sentsibilizazioa, formakuntza eta parte hartzea landuz.

-Tresna eraginkorrenak diren mobilizazioa eta ekintza sindikala areagotuz, patronala eta erakundeak interpelatzeko eta presionatzeko: enpresako langileak antolatu, mobilizatu eta ahalik eta erantzun irmoena ematea, lanuzteak, elkarretaratzeak…

Arratsaldean, omenaldia eta manifestazioa
Arratsaldez, LABek omenaldia eta manifestazioa egingo ditu Gasteizen, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuekin eta Martxoaren 3ko elkartearekin batera. “Hiltzen jarraitzen gaituzue. Bizitza duina. Martxoak 3, euskal langileok ez dugu barkatuko, ez atzo ez gaur” omenaldia egingo dugu 18:30ean, Martxoaren 3ko plazan, eta, 19:00etan, manifestazioa, leku beretik aterata.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatu du FCCk ez duela errespetatzen Iruñeko kale-garbitzaileen asteko 48 orduko atsedena, eta errespetarazteko eskatu dio Udalari

LAB sindikatuak Iruñeko kale garbiketaren enpresa esleipenduneko langile batek jarritako epaiketa irabazi zuen iazko irailean, astean 48 orduko atsedenerako eskubidea errespetatzeko eskatuz. Zoritxarrez, epaia auzi-jartzaileari baino ez zitzaion aplikatu, eta beraz, LABek FCCri exijitzen dio behingoz errespeta dezala Langileen Estatutuak markaturiko atsedenaldi hori, eta Iruñeko Udalari eskatzen dio, zerbitzuaren titularra den heinean, errespetarazi dezala.

Eusko Jaurlaritzaren ardura da negoziazioari uko egiten dion Confebask interpelatzea

Mobilizazioaren bidetik presioa areagotzeko prest da LAB, patronala mugiarazteko.

Mobilizaziora deitu dute Nafarroako zazpi enpresa batzordek, industriaren etorkizunaren alde

Milaka langileren egoera ziurgabea da Nafarroan, hainbat enpresek euren lanpostuak jopuntuan dituztela eta. Horren aurrean erantzun bateratua ematea erabaki dute enpresa horietako langileek, eta...