2026-02-06
Blog Page 537

Nafarroako Gobernuaren neurriek ez dute gehiengo soziala babesten, kapitala eta enpresak baizik

0

Nafarroako Gobernuak iragarritako neurri ekonomiko eta babes sozialekoen balorazio negatiboa egiten du LAB sindikatuak bere definizio faltagatik eta erabat eskasak direlako. Gainera, Nafarroako Gobernuak ez du aldez aurretik sindikatuekin partekatu neurri horiek, Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako kontseilariak joan den ostiraleko bileran (martxoaren 13an) hitzeman zuen bezala.

Gobernuak berak María Txibite presidentearen bitartez iragarri duen bezala, neurri horiek hiru ildo nagusitan egituratzen dira: 100 milioi euroko funts bat sortzea, behar izanez gero handitu ahal izango dena; kreditu-emakida 30 milioira arte handitzeko lerro espezifikoak ezartzea; enpresei 40 milioira arte abalak ematea; eta, azkenik, larrialdi horri aurre egiteko giza baliabide publiko eta aurrekontu-baliabide guztiak mobilizatzea.

Hau da, oso argi geratzen da zeintzuk diren lehentasunak eta neurri ekonomikoak kapitalari eta enpresei dagokienez, baina ez "eskubide sozialei" dagokienez, inolako zehaztasunik gabe giza baliabide publikoei, osasunari, hezkuntzari, gizarte-politikei, enpleguari, familiei, enpresei, ETEei, autonomoei, lana eta familia bateratzeari, gizarte-babesari eta koronabirusak eragindako beste gastu batzuei buruzko aipamen generikoez harago.

Aierdi kontseilariarekin enpleguaren arloan partekatu ditugun neurrietako bat bera ere ez du aintzat hartu Nafarroako Gobernuak. Ez da aipatzen funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztea, ez eta ordaindutako lizentzia orokor bat ezartzea ere, langileen osasuna eta gure seme-alaben eta adinekoen zaintza bermatzeko. Era berean, ez dago ezer patronalari gure soldaten %100 osatzeko edo enplegua suntsitzea saihesteko eskatzeari buruz.

Aierdi sailburuarekin gizarte-arloan partekatu ditugun neurrietako bakar batek ere, tituluez harago, ez dakigu zer neurri zehatz hartuko diren zerbitzu publikoak garatzeko, kolektibo ahulenak babesteko, etxebizitzarako, elikadurarako, uretarako eta energiarako oinarrizko eskubideak bermatzeko, hala nola gainerako askatasun eta eskubide zibil eta politikoak.

Nafarroako langileok ez dugu onartuko krisi eta gizarte-larrialdi honen faktura guk ordaintzea. 2008an egin genuen. Orain ardura hori hartzea tokatzen zaie gehien dutenei, kapital errenta handiei eta patronalari. Eta, horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu zerga-erreforma bat egin dezala non kapital-errentei eta enpresei zerga bat ezarriko zaien.

Egun hauetan guztietan errepikatu dugun arren, badirudi Txibite presidenteak ez duela ezer ulertu; izan ere, gorritu gabe esan digu "lanean jarraitu behar da, Nafarroako ekonomiak ez du gelditu behar". Adierazpen horiek egungo Nafarroako Gobernuaren izaera kapitalista islatzen dute. Inork ez du ulertzen, biztanleria isolatzeko eta konfinatzeko neurri zorrotzak hartzen diren bitartean, gure osasuna bermatzeko eta Covid-19ren hedapena saihesteko, milaka pertsonak lan egin behar izatea beren osasuna eta gainerakoena arriskuan jarriz, eta konfinamenduak eta jasaten ari garen alarma-egoerak dakarren ariketa zorrotzaren ondorioak kareletik botaz. Konfinamenduaz eta ekonomiaren garapen normalaz hitz egitea bateraezina da.

Txibite anderea guztion osasuna erdigunean jartzeko unea da, eta ez kapitala eta betikoak zaintzekoa. Ez da kosta ahala kosta lanean jarraitu behar Nafarroako ekonomia geldi ez dadin. Hori ez da lehentasuna. Lehenik eta behin, gure osasuna, gure bizitzak irabaz ditzaten!
 

 

 

Jaurlaritzaren menpeko langile prekarizatuenekiko jarrera diskriminatzailea salatzen dugu

Sukalde eta garbiketa langileek euskara ikasteko zuten liberazioa bertan behera utzi eta lanera bueltatzera behartu ditu, kontrataturiko ordezkariak kalean utzita.

Azken egunotan, eta koronabirusagatik dekretatutako osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, Lakuako gobernutik, beste langileei bezala, sukaldari eta garbitzaileen kolektiboari eragiten dizkioten erabakiak hartzen ari dira.

Horien artean, euskara ikasteko liberatutako langileei (irakasle funtzionario zein lan-kontratudunei, hezitzaileei, zerbitzuetako langileei, administrazio orokorrekoei…) zuzendutako "aurrez aurreko prestakuntza-jarduerak eteteko" erabakia hartu da. Irakasle zein hezitzaileen kasuan on-line egiteko aukera martxan jarri duten arren, sukaldari eta garbitzaileon kasuan ez da horrela izan.

IVAP-eko klase presentzialak eten eta on-line egiteko aukera martxan jarri ez dituela-eta, Hezkuntza Sailak langile horiek beren lanpostura bidali ditu, inolako alternatibarik eskaini gabe eta euskalduntze-prozesuari kalte eginez. Horretaz gainera, liberazioak betetzen ari ziren ordezko langileei telefonoz jakinarazten die beren kontratua bertan behera utzi dutela, babesgabetasun eta zalantza egoeran utziz, idatziz ezer jakinarazi gabe.

Nahasmena izan da nagusi, gainera. Hilaren 13an, ostiralean, Lakuak -berriz telefonoz- erantzun zuen akats bat egon zela eta ez zirela moztuko indarrean zeuden kontratuak; baina ordezkapen-kontratu berririk ez egiteko erabakia hartzen zutela gaineratu zuen.

Zoritxarrez, astelehenean, hilaren 16an, Jaurlaritzak ebazpen bat argitaratu zuen, erabat diskriminatzailea. Horren arabera, liberazio-egoeran mantentzen zituen irakasleak eta lan-kontratudun dozenteak; gure kolektiboarentzat eta administrazio orokorreko langileentzat, aldiz, liberazio-etenaldia ebatzi zuen, eta, beraz, ordezko horien kontratuak mozten zituen.

Momentuak eskatzen duen eta langile gisa eskatzen zaigun erantzukizunetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarteren argudioei kasu eginez, honako hau eskatzen jarraituko dugu:

– Garbiketako eta sukaldeko langileek ere euskaraz ikas dezaten liberatuta jarraitzea, etxetik prestakuntza jasotzen, bitarteko telematikoak edo bestelako baliabide egokiak erabiliz.

– Euskara ikasteko liberazioagatiko ordezkapen-kontratuak ez moztea. Ondorioz, indarrean dauden kontratu guztiak mantenduko dira, eta kaleratze masiboak saihestuko dira (gurean 30 kaleratze)
 

 

 

Elikadura merkataritza sektoreko langileentzat gomendioak luzatu ditugu, denon osasuna bermatzeko

0

Osasun krisia dela eta, jendartearen gehiengoak etxean egon behar duen bitartean, beste batzuk gure lanpostuetara joatera behartuta gaude, gure jarduera funtsezkoa delako. Elikadura merkataritza sektorerako gomendioak luzatu ditugu, denon osasuna bermatzeko.

 

 

 

Alarma egoeraren aurrean, 10 gomendio langileontzat

0

Enpresaren jakinarazpen bat izan arte, lanera joan behar duzu; lantokian enpresak babes neurriak bermatu behar dizkizu. Errespeta itzazu… hamar gomendio luzatu dizkiegu langileei, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta.


 

 

 

Exijitzen dugu krisia kapitalak ordain dezala, inolaz ere langileek

0

Koronabirusaren pandemiak sortutako osasun krisi betean, eta oraindik gaina jo gabe dagoenean, krisi ekonomikoaren hotsak gero eta ozenago entzuten ari gara, botere ekonomikoren aldetik. Aurreko krisi ekonomikoa langileok ordaindu genuen (kaleratzeak, murrizketak, deskuelgeak…) eta oraingoan kapitalak lepo beretik du burua, osasun krisiaren ondorioak langileon kontura izan daitezen nahi dute. Aurreko krisia baliatu zuten emakumeok zaintza lanekin are eta gehiago zamatzeko, eta krisi honek errezeta berean sakonduko du.

Espainiako Gobernuak lan zentruei begira neurri batzuk hartu ditu, gehienak patronalari begira. Langileei dagokienez, gutxi batzuk bide egokian doaz (langabezia ematea gutxieneko epea betetzen ez dutenei edo langabezian egondako denbora ez konputatzea) eta beste asko, gehienak, patronalaren neurrira egin dira (ERTE guztiak malgutu dituzte, enpresen likidezia lortzeko dirutza patronalaren eskutan). Neurriok ez dituzte enpresak lotzen langileen lan eskubideen mesedetan aritu daitezen (kaleratzerik ez egiteko eskatzera mugatzeak bide laburra du, horretarako neurririk ezarriko ez bada), eznahikoak dira oso (ez du planteatu ERTE bitartean enpresek langabezian jasotzen dena osagarritzea).

Europako beste herri batzuetan (Danimarka, Italia…) Estatuak eta langileak soldataren %75a bermatzen dute langabeziaren bitartez, eta patronalak %25, edo kaleratzeak debekatu egin dira. Euskal Herrian? Non dago patronalaren erantzukizun soziala? Non Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna? Ez dute patronala interpelatuko? Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute inongo neurririk zehaztu langileei begira. Hori bai, patronalarentzat dirutza jarri dute.

Langileen lan baldintzak bermatzen dituen neurriak behar ditugu:

-Patronalaren neurrira egindako ERTErik ez.
-ERTErik bada, langabezia osagarritzea eskatzen dugu, soldataren %100 bermatu arte. Patronalak ordaindutako osagarria izan dadila, gaurdanik.
-Kaleratzerik ez.
-Langilee finkoei ezartzen zaizkien baldintza berdinak behin-behinekoentzat. Ez dugu onartuko kontratua amaitutzat ematerik.
-Azpikontratatutako langileentzat enpresa nagusiko langileei aplikatzen zaizkien baldintza berdinak.
-Oporrak errespetatu.
-Zerbitzu publikoak eta oinarrizko zerbitzuak indartu.
-Zaintza lanak egiteko baimen ordainduak.
-Autonomoentzat langabezia eskubidea.

Eta horrekin guztiarekin batera, zaintza lanekin egiturazko neurriak hartu behar dira; eta bitartean lan banaketa justua egin eta ordaindu.
 

 

 

“Langileok planto eginen dugu gobernuek Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzen ez badute”

0

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karreraren hitzetan, "oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.

Imanol Karreraren balorazioa:

“Pasa den ostiralean, martxoaren 13an, Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Aierdirekin batzartu ginen sindikatuok. Bileraren arrazoia zen Covid-19 birusak sortutako emergentzia sozialaren inguruan hitz egitea. LAB sindikatuaren ustez erabat beharrezkoa eta urgentea zen bilera.

Gure harridurarako, entzutera zetorrela esan zigun Aierdi jaunak. Argi esan genion moduan, gure ustez ez zen entzuteko momentua. Egoerak horrela eskatuta, irizpide orokorrak ezarriz langileon, guztion osasuna erdigunean jartzeko eta langileok zaintzak lanak aurrera eraman ahal izateko baimen ordaindu orokorra ezartzeko momentua zen. Bestelako fiskalitatea (kapital errentei zerga ezarriz) onartzeko momentua, ERTEak, bajak eta bestelako egoeraren ondorioz enpresek eta administrazioak langileon soldata osagarritzeko momentua zen. Horrela eskatu genion.

Aldiz, Nafarroako Gobernua Madrili begira dagoela ondorioztatu genuen. Madrilek hartuko dituen aurrekontuen neurrien zain dago. Honen harira, aurrekontu-egonkortasunari buruzko legearen mugen atzean babesten da, beraien esanetara ezartzen dituen mugek zaildu egiten dutela neurriak hartzea.

Aierdik atzo [martxoak 16] egindako adierazpenetan, enpresa jakin batzuen itxiera ez zuela ulertzen esan zuen. Adierazpen horiek argi erakusten dute kapitalista hutsa dela. Jendartea bakartzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina aldi berean langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez bidean ezta lanean ere. Hala ere, kontseilariaren ustez langileen osasuna bermatzen ez duten enpresen itxiera ez du ulertzen. Langileen osasuna ez zaio batere axola egoera ekonomikoa bermatzeko.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzea. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosterik suposatu gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo dio eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, atzo langileek egin zuten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiaren ondorioz langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea, enpresek ordaindutako baimenak ematearena da eta ERTErik planteatuko balitz soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.
 

 

 

DIA supermerkatuen 12 denden itxiera eskatu dugu Bizkaian

0
DIA supermerkatuak enpresako denda gehienetan langileak Coronavirusari aurre egiteko babes neurri gabe lanean jarraitzen dute. Denda hauetan ez dira aforo protokoloak betetzen, ezta garbiketa neurri bereziak hartzen, eta langileek ez dute eskularrurik eta xaboirik beraien osasuna babesteko.

Egoera honen aurrean, eta bereziki langileen babeserako neurriak betetzen direla bermatzeko, ELA eta LAB sindikatuok Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan denuntzia sartzera behartuak ikusi gara. Denuntzia honekin hurrengo eskaerak egin ditugu: ikuskaritzaren interbentzioa eta Bizkaian dauden 12 denden itxiera (arrisku larri eta berehalakoagatik).

Beste dendetan neurriak gutxienekoak eta eznahikoak izaten ari dira. Gainera, hau guztia gutxi balitz, xaboia eta eskularruak bukatzen ari diren bitartean, enpresak ez ditu hauek birjartzen. Guzti hau Ikuskaritzari ere jakinarazi zaio.
 

 

 

Inoiz baino inportanteagoa da egiten ari garen lan sindikala, Osakidetza zein Osasun Arlotik egiten ari den kudeaketa inprobisatuaren aurrean

0
Egoera sanitarioari aurre egiteko sortzen ari diren zailtasun askotan azken urteotan Osakidetzan aurrera eraman diren murrizketa, pribatizazio eta plantila murrizketek zer esan handi daukate.

Arlo politikoan hartu diren neurrien harira eta gure esparruan, Osakidetzan, aurre egin behar diogun egoera zailaren aurrean, Osakidetzako LAB sindikatuak honakoak adierazi nahi ditu:

-Salatu nahi dugu Madriletik etorritako azken inposaketa, egoera aprobetxatuz, berriro zentralizazio politikoa areagotzeko. Osakidetzako langile bezala ez dugu onartzen estatuko ministerioen menpe egotea. Beste behin ere herri honetan daukagun sasi-autonomiaren ilusioa agerian geratu da.

-Madrileko zein Gasteizko gobernuek hartutako neurriak ez-nahikoak dira. Modurik eraginkorrena koronabisuraren hedapena geldiarazteko aktibitate guztiak bertan behera uztea da, arlo produktiboan ere, patronalen interesen gainetik. Langile horiei guztiei diru-sarrera bermatu beharko litzaieke. Diru publikoaren mila milioka euro oparitu zitzaien bankuei “erreskatatzeko”, zergatik ezin da hori egin langileokin?

-Osakidetzako LABeko kide eta langile bezala, hainbat ESItan jadanik egin dugun bezala, Osakidetzako zuzendaritzari agertu nahi diogu beharrezkoa den arreta sanitarioa ziurtatu aldera laguntzeko prestutasuna. Beti ere, modu adostuan, gainontzeko langileei kalterik eragin gabe (hau da, behin kontratazio zerrendak agortuta eta gure ordez kontratatuta dauden langile guztiei kontratua mantenduz) eta Osakidetzan bertan egiten ari garen eta egin beharko dugun lan sindikala ziurtatzen duten baldintzetan. Zentzu honetan, bete beharreko protokoloak beteta, lan sindikal hori ez oztopatzeko exijitzen diogu Osakidetzari.

-Azken puntuaren harira, azpimarratu nahi dugu inoiz baino inportanteagoa dela egiten ari garen lan sindikala, Osakidetza zein Osasun Arlotik egiten ari den kudeaketa inprobisatuaren aurrean langileok dagokigun lana modu seguruan egin ahal izateko. Bestaldetik, lan sindikala bermea da egoera larria aprobetxatuz eskubide eta osasun zerbitzu murrizketa berriak ez ezartzeko, behin-behinekoa dena behin betikotuz. LAB, egoera honetan ere, langileon ondoan egongo da ospitale zein osasun zentroetan, langileon osasuna eta eskubideak babesteko eta eraso eta murrizketa berriei aurre egiteko.

-Egoera sanitarioari aurre egiteko sortzen ari diren zailtasun askotan azken urteotan Osakidetzan aurrera eraman diren murrizketa, pribatizazio eta plantila murrizketek zer esan handi daukate.

-Diru publikoari esker gizendu den osasun pribatuak kareta kendu du eta bere benetako aurpegia agerian gelditu da: etekin ekonomikoak baino ez zaie inporta eta koronabirus kasurik ez dute artatzen. Zentzu honetan, Osakidetzak bere gain hartu behar ditu, gaurtik bertatik, osasun pribatu zerbitzu guztiak eta erabili gehiago itxaron gabe egoera honi aurre egiteko, inolako konpentsatzio ekonomikorik gabe.

-Azkenik, eskertu nahi diogu euskal gizarteari Osakidetzako langileoi adierazi digun eskerona eta animoa. Espero dezagun horrela izatea etorkizunean ere, koronabirusa atzean uzten dugunean, eta osasun publikoa defendatzeko luzatzen ditugun deialdi ezberdinekin bat egiteko eskatzen dugunean. Guretzat txalorik onena denontzako kalitatezko osasun zerbitzu publiko eta euskaldunaren alde egitea da.
 

  

Langileok planto egiten hasi gara, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea aldarrikatuz

0

Pasa den ostiralean, CODVID-19 birusak eragindako pandemiaren aurrean hartzen hasiak ziren neurrien aurrean, LABetik argi eta garbi salatu genuen neurriok langileon alde ez, kapitalaren mesedetan hartzen ari zirela, eta gaurkoan salaketa bera berretsi beharrean gaude.

Frantziako nahiz Espainiako Gobernuak jendartea isolatzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina, aldi berean, langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez lanera bidean (garraio publikoaren gutxitzearen ondorioz pilaketak egon baitira hainbat lekutan) ezta lanean ere: esaterako, Ezkerraldeako ITP enpresan, koronabirus kasuak egonda, zuzendaritzak ez du inolako prebentzio neurririk hartu eta, bost egunetan, gaixotutako 3 langiletik 11ra pasa dira, kuarentenan daudelarik, Osakidetzan dagoen butxadurarekin oraindik frogarik egin ez dizkieten arren; kutsadura hauen aurrean (gaixotutako bati egindako frogak bai eman du positibo), langileek planto egitea beste aukerarik ez dute izan, enpresaren jarduera geldituz.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko, baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu EAEko, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Euskal Herria gutxieneko zerbitzutan jartzea. Egunak pasa ahala, gainera, gero eta premia handiagoko neurria dela deritzogu. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosturik eragin gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo diote eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, gaurkoan Mercedes, ITP edota CIE Amayako langileek egin duten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiarengatik langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea enpresek ordaindutako baimenak ematearena da. ERTErik planteatuko balitz, soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Amaitzeko, gaur Mugimendu Feministak zaintza krisiari aurre egiteko mahaia eratzeko egin duen proposamenari babesa adierazi nahi diogu, eta mahai horretan parte hartu eta ekarpena egiteko gure borondatea adierazten dugu.