2026-07-05
HomeLAB SindikatuaLABLangileok planto egiten hasi gara, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea aldarrikatuz

Langileok planto egiten hasi gara, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea aldarrikatuz

Pasa den ostiralean, CODVID-19 birusak eragindako pandemiaren aurrean hartzen hasiak ziren neurrien aurrean, LABetik argi eta garbi salatu genuen neurriok langileon alde ez, kapitalaren mesedetan hartzen ari zirela, eta gaurkoan salaketa bera berretsi beharrean gaude.

Frantziako nahiz Espainiako Gobernuak jendartea isolatzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina, aldi berean, langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez lanera bidean (garraio publikoaren gutxitzearen ondorioz pilaketak egon baitira hainbat lekutan) ezta lanean ere: esaterako, Ezkerraldeako ITP enpresan, koronabirus kasuak egonda, zuzendaritzak ez du inolako prebentzio neurririk hartu eta, bost egunetan, gaixotutako 3 langiletik 11ra pasa dira, kuarentenan daudelarik, Osakidetzan dagoen butxadurarekin oraindik frogarik egin ez dizkieten arren; kutsadura hauen aurrean (gaixotutako bati egindako frogak bai eman du positibo), langileek planto egitea beste aukerarik ez dute izan, enpresaren jarduera geldituz.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko, baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu EAEko, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Euskal Herria gutxieneko zerbitzutan jartzea. Egunak pasa ahala, gainera, gero eta premia handiagoko neurria dela deritzogu. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosturik eragin gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo diote eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, gaurkoan Mercedes, ITP edota CIE Amayako langileek egin duten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiarengatik langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea enpresek ordaindutako baimenak ematearena da. ERTErik planteatuko balitz, soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Amaitzeko, gaur Mugimendu Feministak zaintza krisiari aurre egiteko mahaia eratzeko egin duen proposamenari babesa adierazi nahi diogu, eta mahai horretan parte hartu eta ekarpena egiteko gure borondatea adierazten dugu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako kolektibo guztiekiko errespetua eta negoziazioan gardentasuna eskatzen dugu zerbitzua indartzeko

Osasun sistema publikoa indartzeko, pribatizatutako zerbitzuak publifikatzeko eta lan baldintzak negoziatzeko exijitzen dugu, eta eredu aldaketa hori lortzeko langileen arteko eta eragileen batasuna ezinbestekoa izango da.

Ikasturte amaierak agerian utzi du lan prekarioen pisu nabarmena

Aurreko urteko ekainean baino 902 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian; guztira 132.512 dira, eta azken hilabetean 503 langile batuzaizkio zerrenda horri. Honen atzean bi arrazoi nagusi daude; alde batetik, ikasturte bukaera dela, eta bestetik, ezohiko erregularizazio prozesuaren lehen ebazpenak atera direla. Langabeziak gora egiteaz gain, egiturazko arazoak areagotzen jarraitzen dute eta prekarizazioa sistemaren muina bihurtu da.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala jorratuko dugu, enpresariek inpunitatez jokatzeari utz diezaioten

Lehen kasuaren berri eman dugu: AranokoMaderas en General Justa S.L. enpresako lan istripu larriaren harira, LABen salaketa tramitera onartua izan da, eta ikerketapean daude enpresako bi arduradun.