2026-01-30
Blog Page 535

Elikadura merkataritza sektoreko langileentzat gomendioak luzatu ditugu, denon osasuna bermatzeko

0

Osasun krisia dela eta, jendartearen gehiengoak etxean egon behar duen bitartean, beste batzuk gure lanpostuetara joatera behartuta gaude, gure jarduera funtsezkoa delako. Elikadura merkataritza sektorerako gomendioak luzatu ditugu, denon osasuna bermatzeko.

 

 

 

Alarma egoeraren aurrean, 10 gomendio langileontzat

0

Enpresaren jakinarazpen bat izan arte, lanera joan behar duzu; lantokian enpresak babes neurriak bermatu behar dizkizu. Errespeta itzazu… hamar gomendio luzatu dizkiegu langileei, koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta.


 

 

 

Exijitzen dugu krisia kapitalak ordain dezala, inolaz ere langileek

0

Koronabirusaren pandemiak sortutako osasun krisi betean, eta oraindik gaina jo gabe dagoenean, krisi ekonomikoaren hotsak gero eta ozenago entzuten ari gara, botere ekonomikoren aldetik. Aurreko krisi ekonomikoa langileok ordaindu genuen (kaleratzeak, murrizketak, deskuelgeak…) eta oraingoan kapitalak lepo beretik du burua, osasun krisiaren ondorioak langileon kontura izan daitezen nahi dute. Aurreko krisia baliatu zuten emakumeok zaintza lanekin are eta gehiago zamatzeko, eta krisi honek errezeta berean sakonduko du.

Espainiako Gobernuak lan zentruei begira neurri batzuk hartu ditu, gehienak patronalari begira. Langileei dagokienez, gutxi batzuk bide egokian doaz (langabezia ematea gutxieneko epea betetzen ez dutenei edo langabezian egondako denbora ez konputatzea) eta beste asko, gehienak, patronalaren neurrira egin dira (ERTE guztiak malgutu dituzte, enpresen likidezia lortzeko dirutza patronalaren eskutan). Neurriok ez dituzte enpresak lotzen langileen lan eskubideen mesedetan aritu daitezen (kaleratzerik ez egiteko eskatzera mugatzeak bide laburra du, horretarako neurririk ezarriko ez bada), eznahikoak dira oso (ez du planteatu ERTE bitartean enpresek langabezian jasotzen dena osagarritzea).

Europako beste herri batzuetan (Danimarka, Italia…) Estatuak eta langileak soldataren %75a bermatzen dute langabeziaren bitartez, eta patronalak %25, edo kaleratzeak debekatu egin dira. Euskal Herrian? Non dago patronalaren erantzukizun soziala? Non Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna? Ez dute patronala interpelatuko? Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute inongo neurririk zehaztu langileei begira. Hori bai, patronalarentzat dirutza jarri dute.

Langileen lan baldintzak bermatzen dituen neurriak behar ditugu:

-Patronalaren neurrira egindako ERTErik ez.
-ERTErik bada, langabezia osagarritzea eskatzen dugu, soldataren %100 bermatu arte. Patronalak ordaindutako osagarria izan dadila, gaurdanik.
-Kaleratzerik ez.
-Langilee finkoei ezartzen zaizkien baldintza berdinak behin-behinekoentzat. Ez dugu onartuko kontratua amaitutzat ematerik.
-Azpikontratatutako langileentzat enpresa nagusiko langileei aplikatzen zaizkien baldintza berdinak.
-Oporrak errespetatu.
-Zerbitzu publikoak eta oinarrizko zerbitzuak indartu.
-Zaintza lanak egiteko baimen ordainduak.
-Autonomoentzat langabezia eskubidea.

Eta horrekin guztiarekin batera, zaintza lanekin egiturazko neurriak hartu behar dira; eta bitartean lan banaketa justua egin eta ordaindu.
 

 

 

“Langileok planto eginen dugu gobernuek Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzen ez badute”

0

Nafarroako LABeko bozeramaile Imanol Karreraren hitzetan, "oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.

Imanol Karreraren balorazioa:

“Pasa den ostiralean, martxoaren 13an, Garapen Ekonomikorako kontseilari Manu Aierdirekin batzartu ginen sindikatuok. Bileraren arrazoia zen Covid-19 birusak sortutako emergentzia sozialaren inguruan hitz egitea. LAB sindikatuaren ustez erabat beharrezkoa eta urgentea zen bilera.

Gure harridurarako, entzutera zetorrela esan zigun Aierdi jaunak. Argi esan genion moduan, gure ustez ez zen entzuteko momentua. Egoerak horrela eskatuta, irizpide orokorrak ezarriz langileon, guztion osasuna erdigunean jartzeko eta langileok zaintzak lanak aurrera eraman ahal izateko baimen ordaindu orokorra ezartzeko momentua zen. Bestelako fiskalitatea (kapital errentei zerga ezarriz) onartzeko momentua, ERTEak, bajak eta bestelako egoeraren ondorioz enpresek eta administrazioak langileon soldata osagarritzeko momentua zen. Horrela eskatu genion.

Aldiz, Nafarroako Gobernua Madrili begira dagoela ondorioztatu genuen. Madrilek hartuko dituen aurrekontuen neurrien zain dago. Honen harira, aurrekontu-egonkortasunari buruzko legearen mugen atzean babesten da, beraien esanetara ezartzen dituen mugek zaildu egiten dutela neurriak hartzea.

Aierdik atzo [martxoak 16] egindako adierazpenetan, enpresa jakin batzuen itxiera ez zuela ulertzen esan zuen. Adierazpen horiek argi erakusten dute kapitalista hutsa dela. Jendartea bakartzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina aldi berean langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez bidean ezta lanean ere. Hala ere, kontseilariaren ustez langileen osasuna bermatzen ez duten enpresen itxiera ez du ulertzen. Langileen osasuna ez zaio batere axola egoera ekonomikoa bermatzeko.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Nafarroa gutxieneko zerbitzutan jartzea. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosterik suposatu gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo dio eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, atzo langileek egin zuten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiaren ondorioz langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea, enpresek ordaindutako baimenak ematearena da eta ERTErik planteatuko balitz soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Oraindik ez dakigu zein izanen diren Gobernuak hartuko dituen neurri ekonomikoak. Beraz, gurekin konpartitzea eskatzen dugu. Hala ere, termino ekonomikoetan bakarrik hartzen baldin badute aurrean izango gaituzte, tinko”.
 

 

 

DIA supermerkatuen 12 denden itxiera eskatu dugu Bizkaian

0
DIA supermerkatuak enpresako denda gehienetan langileak Coronavirusari aurre egiteko babes neurri gabe lanean jarraitzen dute. Denda hauetan ez dira aforo protokoloak betetzen, ezta garbiketa neurri bereziak hartzen, eta langileek ez dute eskularrurik eta xaboirik beraien osasuna babesteko.

Egoera honen aurrean, eta bereziki langileen babeserako neurriak betetzen direla bermatzeko, ELA eta LAB sindikatuok Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzan denuntzia sartzera behartuak ikusi gara. Denuntzia honekin hurrengo eskaerak egin ditugu: ikuskaritzaren interbentzioa eta Bizkaian dauden 12 denden itxiera (arrisku larri eta berehalakoagatik).

Beste dendetan neurriak gutxienekoak eta eznahikoak izaten ari dira. Gainera, hau guztia gutxi balitz, xaboia eta eskularruak bukatzen ari diren bitartean, enpresak ez ditu hauek birjartzen. Guzti hau Ikuskaritzari ere jakinarazi zaio.
 

 

 

Inoiz baino inportanteagoa da egiten ari garen lan sindikala, Osakidetza zein Osasun Arlotik egiten ari den kudeaketa inprobisatuaren aurrean

0
Egoera sanitarioari aurre egiteko sortzen ari diren zailtasun askotan azken urteotan Osakidetzan aurrera eraman diren murrizketa, pribatizazio eta plantila murrizketek zer esan handi daukate.

Arlo politikoan hartu diren neurrien harira eta gure esparruan, Osakidetzan, aurre egin behar diogun egoera zailaren aurrean, Osakidetzako LAB sindikatuak honakoak adierazi nahi ditu:

-Salatu nahi dugu Madriletik etorritako azken inposaketa, egoera aprobetxatuz, berriro zentralizazio politikoa areagotzeko. Osakidetzako langile bezala ez dugu onartzen estatuko ministerioen menpe egotea. Beste behin ere herri honetan daukagun sasi-autonomiaren ilusioa agerian geratu da.

-Madrileko zein Gasteizko gobernuek hartutako neurriak ez-nahikoak dira. Modurik eraginkorrena koronabisuraren hedapena geldiarazteko aktibitate guztiak bertan behera uztea da, arlo produktiboan ere, patronalen interesen gainetik. Langile horiei guztiei diru-sarrera bermatu beharko litzaieke. Diru publikoaren mila milioka euro oparitu zitzaien bankuei “erreskatatzeko”, zergatik ezin da hori egin langileokin?

-Osakidetzako LABeko kide eta langile bezala, hainbat ESItan jadanik egin dugun bezala, Osakidetzako zuzendaritzari agertu nahi diogu beharrezkoa den arreta sanitarioa ziurtatu aldera laguntzeko prestutasuna. Beti ere, modu adostuan, gainontzeko langileei kalterik eragin gabe (hau da, behin kontratazio zerrendak agortuta eta gure ordez kontratatuta dauden langile guztiei kontratua mantenduz) eta Osakidetzan bertan egiten ari garen eta egin beharko dugun lan sindikala ziurtatzen duten baldintzetan. Zentzu honetan, bete beharreko protokoloak beteta, lan sindikal hori ez oztopatzeko exijitzen diogu Osakidetzari.

-Azken puntuaren harira, azpimarratu nahi dugu inoiz baino inportanteagoa dela egiten ari garen lan sindikala, Osakidetza zein Osasun Arlotik egiten ari den kudeaketa inprobisatuaren aurrean langileok dagokigun lana modu seguruan egin ahal izateko. Bestaldetik, lan sindikala bermea da egoera larria aprobetxatuz eskubide eta osasun zerbitzu murrizketa berriak ez ezartzeko, behin-behinekoa dena behin betikotuz. LAB, egoera honetan ere, langileon ondoan egongo da ospitale zein osasun zentroetan, langileon osasuna eta eskubideak babesteko eta eraso eta murrizketa berriei aurre egiteko.

-Egoera sanitarioari aurre egiteko sortzen ari diren zailtasun askotan azken urteotan Osakidetzan aurrera eraman diren murrizketa, pribatizazio eta plantila murrizketek zer esan handi daukate.

-Diru publikoari esker gizendu den osasun pribatuak kareta kendu du eta bere benetako aurpegia agerian gelditu da: etekin ekonomikoak baino ez zaie inporta eta koronabirus kasurik ez dute artatzen. Zentzu honetan, Osakidetzak bere gain hartu behar ditu, gaurtik bertatik, osasun pribatu zerbitzu guztiak eta erabili gehiago itxaron gabe egoera honi aurre egiteko, inolako konpentsatzio ekonomikorik gabe.

-Azkenik, eskertu nahi diogu euskal gizarteari Osakidetzako langileoi adierazi digun eskerona eta animoa. Espero dezagun horrela izatea etorkizunean ere, koronabirusa atzean uzten dugunean, eta osasun publikoa defendatzeko luzatzen ditugun deialdi ezberdinekin bat egiteko eskatzen dugunean. Guretzat txalorik onena denontzako kalitatezko osasun zerbitzu publiko eta euskaldunaren alde egitea da.
 

  

Langileok planto egiten hasi gara, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea aldarrikatuz

0

Pasa den ostiralean, CODVID-19 birusak eragindako pandemiaren aurrean hartzen hasiak ziren neurrien aurrean, LABetik argi eta garbi salatu genuen neurriok langileon alde ez, kapitalaren mesedetan hartzen ari zirela, eta gaurkoan salaketa bera berretsi beharrean gaude.

Frantziako nahiz Espainiako Gobernuak jendartea isolatzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina, aldi berean, langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez lanera bidean (garraio publikoaren gutxitzearen ondorioz pilaketak egon baitira hainbat lekutan) ezta lanean ere: esaterako, Ezkerraldeako ITP enpresan, koronabirus kasuak egonda, zuzendaritzak ez du inolako prebentzio neurririk hartu eta, bost egunetan, gaixotutako 3 langiletik 11ra pasa dira, kuarentenan daudelarik, Osakidetzan dagoen butxadurarekin oraindik frogarik egin ez dizkieten arren; kutsadura hauen aurrean (gaixotutako bati egindako frogak bai eman du positibo), langileek planto egitea beste aukerarik ez dute izan, enpresaren jarduera geldituz.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko, baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu EAEko, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Euskal Herria gutxieneko zerbitzutan jartzea. Egunak pasa ahala, gainera, gero eta premia handiagoko neurria dela deritzogu. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosturik eragin gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo diote eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, gaurkoan Mercedes, ITP edota CIE Amayako langileek egin duten bezala.

Kasu hauetan ere, geldialdiarengatik langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea enpresek ordaindutako baimenak ematearena da. ERTErik planteatuko balitz, soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Amaitzeko, gaur Mugimendu Feministak zaintza krisiari aurre egiteko mahaia eratzeko egin duen proposamenari babesa adierazi nahi diogu, eta mahai horretan parte hartu eta ekarpena egiteko gure borondatea adierazten dugu.
 

 

 

Hezkuntzak eta Haurreskolak Partzuergoko gerentziak langile guztiak babes ditzatela exijitzen dugu

0
EAEko Hezkuntza Saila larunbatean Gasteizko Jaurlaritzak eta Madrilgo Gobernuak ezarritako larrialdi-egoerari berandu egokitzeak nahasmena sortu du goziean zehar bai hezkuntza-zentroetan zein Haurreskolak Partzuergoan. Izan ere, ehundaka langile eskoletara joatera behartuak izan dira deialdi orokorra etxean geratzekoa bazen ere: Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak eta bulegoetako langileak, eskoletako hezkuntza-laguntza espezialistak, sukaldari eta garbitzaileak…

Hezkuntza Sailak ez du ebazpen berririk bidali eskoletara ostirala geroztik. Gainera, soilik jasotzen zen irakaslegoari zegokion oharra, ahal zen neurrian irakaskuntza bide telematikoan eskaintzeko, eta zuzendaritzaren esku geratzen zen -hori bermatu ezin zenean- langileak ikastetxera joatea ala ez. Haurreskolak Partzuergoan nahasmena sortu eta gainerako langileen inguruan hitz bat ere ez zuen argitu agiriak

Gauzak aldatu dira asteburuan, eta bai Jaurlaritzak zein Madrilgo Gobernuak larrialdi-egoera ezarri dute. Hala ere, gaur Hezkuntza Saileko hainbat langile lanpostuetara joatera behartuak izan dira: Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileak eta bulegoetako langileak; baita eskoletako pertsonal laborala, hezkuntza-laguntzako espezialistak, sukaldari eta garbitzaileak. Are gehiago, azkenengo kolektibo honetan ordezkapen kontratu batzuk moztera heldu dira. Eskoletako zuzendariek ez dakite zein jarrera hartu eta Haurreskoletako koordinatzaileek beraiek ez dute jarraibiderik jaso gaur eguerdia arte.

Jakin berri dugu Haurreskolak ixteko agindua heldu zaiela koordinatzaileei, baina kudeaketako langileentzat berranketolaketa lana baino ez da aipatzen. Argi dugu neurri berri hauek langileen presioagatik hartu dituztela.

LABek hasiera hasieratik eskola guztiak ixteko eta langileak babesteko deia egin du, baita hartu beharreko neurriek lan-eskubideen murrizketa ekar ez dezatzen ere. Oraindik ez dakigunean Hezkuntza languntza espezialistak eta sukaldari eta garbitzaileak zein egoeretan dauden borrokan jarraituko dugu langile guztiak etxean egon arte.
 

 

 

“Salbuespenezko egoera baten aurrean aurkitzen gara. Osasuna interes ekonomikoen gainetik jartzeko momentua da”

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk erakundeak eta patronala kritikatu ditu ez dutelako behar den ardura maila erakutsi, eta herritarren jarrera arduratsua eta eredugarria goraipatu du. Kontrasena dela dio etxean geratzeko neurriak ezartzea, lanera joateko ez bada.