Azaroaren 20aren etorrerarekin, urtero moduan, gogora ekarri ditugu duela 36 eta 31 urte, hurrenez-hurren, erahildako Santi Brouard eta Josu Muguruza politikari abertzaleak. Bat egin dugu Bilbon goizean egindako omenaldiarekin.
Eskola jangeletako langileekin hitz egin dezala eskatu diogu Jaurlaritzari; aldebakartasunera eta inposaketara itzul ez dadila
Mobilizazioa egin dugu Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, EAEko eskola jangela seguruak eta kalitatezkoak aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako hezkuntzako sindikatu guztiekin azaroaren 10erako aurreikusitako bilera bertan behera utzi ostean, 9 egun beranduago berririk gabe jarraitzen dugula salatuko dugu.
Urriaren 20ko bilera batera deitu zuen Jaurlaritzak, lehen greba deialdia egin baino egun bat lehenago. Horren ondoren, berriz ere beste bilera batera deitu ziguten azaroaren 10erako, hitz egiten jarraitzeko.
Azaroaren 6an, mezu elektroniko baten bidez jakinarazi ziguten, agenda-arazoak zirela medio, azaroaren 10eko bilera bertan behera geratuko zela eta 9an data berria jakinaraziko zigutela. Ordutik astebete baino gehiago igaro da eta deialdi berririk gabe jarraitzen dugu.
Jangela seguruak eta kalitatezkoak aldarrikatu nahi ditugu, bai langileentzat bai ikasleentzat, eta horretarako beharrezkoa da ratioa jaistea, langile gehiago kontratatzea eta lanaldiak handitzea.
Hezkuntza Sailari eskatu diogu aldebakartasunera eta inposaketara itzul ez dadila, eta jangeletako langileen ordezkariekin hitz egin dezala.
Irmoki salatzen dugu EAJ-PSEren gobernuak euskararen ikaskuntzaren doakotasunerako legea atzera bota izana
Eusko Legebiltzarrean enegarrenez euskararen doakotasuneran inguruko eztabaida gauzatu den honetan, LABek berretsi egiten du 2019ko martxoan kaleratu zuen proposamena, eta inoiz baino indar geahiagorekin garatzeari ekin behar zaiola uste du.
LAB sindikatuaren iritziz, onartezina da gaur Eusko Legebiltzarren gertatu dena. EAJ-PSEren gobernua euskararen kontra eta herritarron hizkuntza eskubideon kontra kokatu da, euskararen legeari ezeko botoa emanez. PP eta VOX alderdiek egin duten bezala, alegia.
Bihar Euskaraldiaren bigarren edizioa martxan jarriko denean, zein zilegitasun izango du gobernuak? Gaur euskarari ostikoa eta bihar entitate eta arigune gisa beren burua saldu?
Doakotasuneran eztabaida honek bukaera behar du behingoz, eta badirudi betikotzen ari den gaia dela. Irtenbidea behar du, eta jendarteak eskatzen duen soluzioa gauzatzea dagokio Eusko Jarlaritzari. Alegia, helduen euskalduntzearen benetako doakotasuna. 2018an onartutakoari bide eman eta urratsak egiten jarraitzea.
Gure herrian euskara hizkuntza normala eta normalizatua izan dadin klabea da botere publikoek herritarrak euskararen ezagutzara erakartzea eta euskara jakiteko baliabide errealak, doakoak, publikoak eta kalitatekoak eskaintzea.
Kontuak horrela, LABen iritziz, helduen euskalduntzearen sektoreak eraldaketa sakona behar du eta legebiltzarreko alderdiei helarazi dizkiegu gure proposamenaren oinarriak, 2019an egin genuen bezala.
Euskal Herrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar da:
• Unibertsala izan behar da: euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea eta botere publikoek hori bermatu behar dute
• Doakoa izan behar da: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, gutxienez C1 maila lortzen dutenean.
• Publikoa izan behar da: Helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea, langileak kudeatzea …
• Kalitatekoa izan behar da: kalitatekoa bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat.
Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Are gehiago bizi ditugun garaiotan.
Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, errekonozimendua eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.
Euskara ikastea eskubidea da!
Haurreskolak Partzuergoko gerenteak dimisioa aurkeztu dezala exijitzen dugu sindikatuok
Zorione Etxezarragak EAEko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean hilaren 16an egindako adierazpenek eraman gaituzte ezinbestean erabaki hori hartzera: aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmena eta akordioak ez dituela betetzen onartu du.
Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok (LAB, STEILAS eta ELA) Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian 0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskatzeaz gain, hezkuntza-eskubidea jaiotzatik aldarrikatu genuen, eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu genituen. Ostean, Zorione Etxezarragak aipaturiko azalpenak eman zituen hilaren 16an batzorde berean. Agerraldi horretan argi esan zuen Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dituela betetzen, horretarako diru nahikorik ez duelako. Ez da onargarria enpresa publiko baten kudeatzaileak horrelako adierazpen publikoak egitea. Pentsaezina litzateke, gainera, horrelakorik egitea gainontzeko irakaskuntza publikoko kolektiboetan. Dirua ez izateak ez dio arrazoia ematen: kalitatezko zerbitzua eta langileen eskubideak bermatzeko beharrezkoa den aurrekontua dagokion Sailean eskatzea da bere ardura gerente gisa. Haurreskolak Partzuergoaren egunerokotasuna, berriz, osatzen duten langileen profesionaltasun eta borondate onaren ardurapean geratu da, gerenteak bereak diren ardurak ahaztu duen eta administrazioa ezikusiarena egiten aritu den bitartean.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu, kalitatezko zerbitzu publikoa eta langileen eskubideak bermatu ahal izateko. Era berean, Haurreskolak Partzuergoaren aitortza politikoa, haurreskoletako langileen, haurren eta familien beharretara egokitutako politikak, eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena eskatzen ditugu.
Hortaz, EAEko Legebiltzarreko agerraldian egindako adierazpenengatik, Zorione Etxezarragari dimisioa aurkeztu dezala exijitzen diogu eta, Haurreskolak Partzuergoko Lehendakaria eta Hezkuntza sailburua den Jokin Bildarratzi, bere erantzunkizuna asumitu dezala eskatzen diogu.
Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko
Kontua LOMCE edo LOMLOE artean erabakitzea baldin bada, gure erantzuna da ez bata ez bestea. Argi dago Espainiako eskumaren legea baino hobea dela PSOEk eta Podemosek osatzen duten gobernuarena, baina ez da Euskal Herriak behar duen legea inondik ere. Ikuspegi pedagogiko-sozialetik mugatuak diren aurrera-pausuak ikus daitezke hainbat gaitan; ikuspegi nazionaletik, aldiz, Madrilek jarraituko du erabakitzen estatu osoko eta Hego Euskal Herriko hezkuntzari dagozkion gai nagusien inguruan.
Zentzu honetan, LABek argi eta garbi adierazi nahi du LOMLOEren aurka dagoela, ikuspegi pedagogiko eta sozialetik nahikoa ez delako, euskal langileon eskubideak zapaltzen jarraitzen duelako eta gure hezkuntza-sistema erabakitzeko eskubidea ukatzen duelako, LOMCEk bezala. Euskal Herriak hezkuntza sistema burujabea, publikoa eta komunitarioa behar du, hezkuntzaren zentralizazioari, pribatizazioari eta merkantilizazioari herri bezala aurre egiteko.
Esan bezala, badaude neurri pedagogiko sozial batzuk, Wert ministro ultra-espainiar eta eskuindarraren legea hobetzen dutenak, baina motz gelditzen direla iruditzen zaigu. Inbertsio publikoa handitu arren, Europako herrialde aurreratuek inbertitzen duten BPGaren %6tik urrun geratzen da. Berrikuntza pedagogikoez hitz egiten du, baina ebaluazio-eredu zaharkitua mantetzen dute. Segregazioaren aurkako neurri nagusia kontzertazio orokorrari mugak jartzea izanda, praktikan proiektu elitistak diru publikoz finantzatzen jarraituko dute. Sexuaren arabera segregatzen duten ikastetxeak ez dira kontzertatuko, eta hau berri ona da. Hezkidetza edo pedagogia feministaz ere, ez dago Nafarroako Skolae bezalako proiektuak hedatzeko neurririk. 0-3 zikloaren aitortzarako urratsen bat proposatu arren, ez da sistema publikoan txertatzeko neurririk hartzen.
Arlo nazionalean, berriz, betiko lepotik burua, Espainiako estatuak erabakiko du Hego Euskal Herrian zer eta nola ikasi- irakatsi edo nola ebaluatu behar den, zenbat funtzionario publiko kontratatu ahal izango ditugun edo jantokietako beken inguruan.
Era berean, hizkuntza koofizialak dauden autonomietan gaztelania ez omen da hizkuntza nagusia izango. LABek erabat gezurtatu nahi du esaldi hori: Nafarroa erdi eta hegoaldean ez da gaztelania hizkuntza nagusia izango? A, B eta G ereduak gaindituko al dira? Lege honek ez du bermatzen euskarazko murgiltze eredua ezartzea, ezta EAEn ere.
Madrilek hezkuntzarako lege berria zehaztu duen honetan, milaka langilek egiten ditugun eskariei ere ez die biderik eman. Nafarroa eta EAEko gobernuek, bakoitzak bere neurrian, urteetan negoziaziorako ateak itxi dizkigute eskuduntzarik ez zutelakoan, eta oraingo legean ere ez dugu aurrerapenik ikusten. Azken finean, hezkuntzako langileon negoziazio kolektiborako aukerek bahituta jarraituko dute estatuan, eta ez dira jasotzen beharrezkoak jotzen ditugun auzi batzuk, ratioen jaitsiera edo Lanbide Heziketako irakasleen jarduna kasu.
Gauzak horrela, LABek ez du LOMLOE babesten eta Euskal Herriak hezkuntza lege propioa eta burujabea behar duela aldarrikatzen du, Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa eraikitzeko.

