2026-04-10
Blog Page 528

Bilboko Udalak COVID-19aren kudeaketan arduragabekeriaz jokatzen du

0

Miribillako Bilbao Kirolak-en instalazioetan gutxienez bi positibo atzeman dira. Guedan enpresak kirol jardueretarako azpikontratatutako langileei honako mezu hau helarazi zieten, gertatutakoaren berri emateko: “Kaixo, gaur, hilak 19, COVID-19gatiko beste kasu positibo baten berri ematen da Miribillako kiroldegian. Garbiketako kontratako langileei eragiten die. Gogorarazten dizuegu higiene- eta segurtasun-neurriak zorroztu behar direla”. Aurreko kasua joan den astean gertatu zen.

Bestalde, garbitzaileei euren enpresak (Zaintzen) dei egin zien proba serologiko bat egin zezaten, ezta PCR bat ere. Langileek Osakidetzara jo zuten proba egitea eskatuz eta honek esaten die arduraduna mutualitatea dela, eta azken honek esaten die Osakidetza dela. Oraingoz beraz, ez zaie proba egin, eta langile batzuek diote sintomatologia dutela.

Esan gabe doa Bilbao Kirolak-ek eta Bilboko Udalak ez dietela honen berririk eman erabiltzaileei. Zentroa ez da itxi desinfektatzeko, eta ez dira erabiltzaileekin harremanetan jarri berrogeialdi prebentiboan jar zitezen.

Lotsagarria da arduradun politikoek prentsaurrekoak deitzea euskal gizarteari normaltasun berri honek eskatzen zuen mailan egoten jakin ez duela leporatzeko, eta agerraldia euren etxean gertatzen denean entzungor egitea.



Bilboko Udalari gertatukoaren inguruko azalpen bat eskatzen diogu, protokoloa eredugarritasunez aplika dezala eta erantzukizunak argitu ditzala, gertakari hauen aurrean izandako kudeaketan izandako kudeaketa penagarriagatik.

DIA supermerkatuek arduragabekeriaz jokatzen dute Bizkaiko 2 dendatako 2 langilek COVID-19an positibo eman ondoren

Gaur LABek Bizkaiko DIA supermerkatuetan emandako bi positiboren berri izan du. Enpresako zuzendaritzarekin hitz egin eta bi dendak berehala ixteko eskatu eta langileei etxera joateko agindu diezaiela eskatu ondoren, egon daitezkeen kutsatzeak baztertzeko proba baten zain, enpresako zuzendaritzak adierazi digu langile horiek ez direla langile guztiekin harremanetan jartzen eta, horregatik, ez diela gure eskaerei jaramonik egingo.

LABek, langileak kutsatzeko arriskua izateko jarrera zikoitza eta arduragabea leporatu nahi dio DIAren zuzendaritzari.

Duela ez asko, balkoietatik txalo egiten zieten supermerkatuetako kutxazainei, beren bizitza arriskuan jartzen zutelako. Aldiz, taldeak 2020ko lehen seihilekoan beren irabaziak %15 baino gehiago handitzen ditu, horrelako jarduera arduragabeen kontura.

Berriz ere eskatzen diegu DIA supermerkatuei euren jarrera alda dezala, langileen osasuna zaindu eta langileen osasunaren defentsarako protokoloak ezarri.

USOAko langileek prekarietateak hil egiten duela adierazi dute lankide baten heriotza salatzeko kontzentrazioan

Enpresa-batzordeak deituta, kontzentrazioa egin dute gaur Barakaldon, bertako Udaleko enplegu zentro berezia den USOAko langileek. “Prekarietateak hil egiten du, lan istripurik ez” lema zeukan pankartaren atzean salatu dute, astelehenean, abuztuaren 17an, bertako langile bat hil zen lan-istripu ez traumatiko batean. Horrela, 46 dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

ENPRESA-BATZORDEAREN OHARRA

Doluminak adierazi nahi dizkiegu eta besarkada handi bat bidali gure lagunaren familiari eta hurkoenei.

Gure lankidearen heriotzak urte honetan gertatutako laneko heriotzen 47. zenbakia egiten du. Egoera hori guztiz onartezina da.

Batzordeak azpimarratu nahi du gaur egun lan egiten den lan-baldintzak: estresa, beldurra, prekarietatea, behin-behinekotasuna……. beren lanpostuetan hildako langileen inguruko zifra mingarri horien oinarria direla.

Horri gehitu behar zaio pandemia-egoera batean bizi garela, langileak ahulago bihurtzen direla eta estres, beldur eta segurtasun-falta handiagoa sortzen dutela.

Horregatik guztiagatik, enpresei eta erakundeei exijitzen diegu premiazko neurriak har ditzatela berehala. Laneko Ikuskatzailetzari eta Osalani, prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko eta kontrolatzeko. Lan-osasunak erabat lehentasunezkoa izan behar du lantokietan.

Kirol jardueretako langileek bertan behera utzi dituzte lanuzte partzialak, Gasteizko Udalarekin gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren

0

Arabako kirol-jardueren sektoreko langileek, Gasteizko Udaleko Kirol Sailaren gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren, eta sorospen-zerbitzuari eta kirol-jarduerei eragiten dien gatazkan enpresekin egingo duten bitartekotza lortu ondoren, abuztuaren 10etik egiten ari ginen lanuzte partzialak bertan behera uztea erabaki dute.

Horrek ez du esan nahi gatazka amaitu denik, eta are gutxiago arazoak konpondu direnik. Borondate oneko keinu gisa, batzarrean erabaki dute lanuzteak bertan behera uztea, Kirol Departamentuak atzoko bileran hartutako konpromisoak bete ditzan.

Alde batetik, Udalak enpresa esleipendunei eskatuko die igerilekuak ireki eta ixtearekin lotutako segurtasun lanak bete ditzatela, kontratuaren arabera. Era berean, udako errefortzuko langileei aurrez jakinarazteko epeak betetzeko eskatuko dio enpresa esleipendunari.

Bestalde, kirol-jardueren programazioari dagokionez, udalak konpromisoa hartzen du egindako programazioan ekarpenak jasotzeko, hobetzeko eta, horrela, ahalik eta ikastaro gehien ez galtzeko. Era berean, COVID-19 pandemia desagertzen denean, azken urteetako ohiko programaziora itzultzeko konpromisoa hartu du.

Dena den, datozen egunetan Udalak ez baditu plantillekin hartutako konpromisoak betetzen eta arazoa behar bezala konpontzen ez bada, iragarri nahi dute irailaren 1etik aurrera greba orokorra hasiko dugula sektore osoan. Langileek adierazi dute nekatuta daudela bai udalak eta bai enpresa esleipendunek elkarri pilota pasatzen diotelako.

Langileen helburua da lan-baldintza duinak izatea eta sektorearen prekarizazioa saihestea, baita gasteiztar guztiek aisia- eta kirol-zerbitzuak baldintza egokietan, kalitatezkoak, erakargarriak eta seguruak izatea ere. Borondatearekin akordioa posible dela uste dugu; euren eskua luzatuta dago.

Kontrol zorrotza eskatzen dugu COVID-19a dela-eta egindako aparteko orduak ordaintzeari begira

Nafarroako Gobernuak abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua onetsi berri du, COVID-19ak eragindako pandemiarekin zerikusia duten hainbat alderdi arautzen dituena. Bertan, besteak beste, onartzen da krisialdian egindako aparteko orduak ordaintzea dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen duten langileei, orain arte bateraezina baitzen. LABetik eskatzen dugu ordu horiek ahalik eta gehien kontrolatzea, esker oneko urdailei ordaintzeko zirrikitu bat izan ez dadin.

Aitortzen dugu osasun-krisialdi honetan langile publiko ugarik aparteko lana egin dutela. Langile horiei eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten ahaleginagatik, eta zuzena iruditzen zaigu behar bezala ordaintzea ahalegin hori.

Foru lege-dekretuaren zioen azalpena irakurrita, imajinatzen dugu helburu nagusia dela Administrazio Erroko fakultaboei ere ordaintzea Osasunbideko fakultatiboek kobratzen duten produktibitate-saria (hau da, aparteko orduak), eta, hala, gertatzen den konparaziozko bidegabekeria hori ezabatzea, nahiz eta arauaren artikuluetan ez diren lanpostu zehatzak aipatzen.

Dedikazio esklusiboaren osagarriaren esleipena administrazioko langileen artean hautsak harrotzen dituen gaia da. Langile horiek aparteko orduak kobratu ahal izateko aukera zabaltzea kontu delikatua izan daiteke, nahiz eta bide hori COVID-19aren ondorioz ireki.

Gaur egun, 351 pertsona dira Foru Administrazioan dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen dutenak. Foru lege-dekretua idatzita dagoen bezala, 12. artikuluan, ez da bereizketarik egiten langile horien guztien artean, eta denek aparteko orduak kobratzeko bidea irekitzen du.

LABen iritziz, oso zorrotz eta gardenki jokatu behar da kontu horrekin, eta langile guztiei aitortu behar zaie egindako aparteko lana. Baina, aldi berean, aitortu behar dugu ez garela fidatzen nagusi batzuek egin ditzaketen justifikazioekin.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bidal diezagutela ordainsari hori jasoko duten langileen zerrenda eta bakoitzaren diru-zenbateko zehatza, baita kobraketa justifikatzen duen arrazoia ere.

Zaldibarreko zabortegiko heriotzen erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea eskatzen dugu

Une latz hauetan, identifikatua izan den Alberto Sololuzeren eta desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senitarteko eta gertukoei bere babes eta elkartasun guztia helarazi nahi die LABek.

Otsailaren 6an desagertu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegian, berau hondoratu zenean. 6 hilabete eta 10 egun desagertuta eman ondoren, gaur identifikatu dituzte azken egunotan zabortegian aurkitutako gorpuzkinak eta baieztatu dute Alberto Sololuzerenak direla. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik, gure doluminak, babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu haren familia eta hurbilekoei. Berdin, oraindik desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senide eta gertukoei ere. Hura aurkitu arte, bilaketa lanekin jarraitzea eskatzen dugu behar diren baliabide guztiekin,.

Lehen momentutik kalean izan gara kasua argitzea eskatzeko. Zabortegian bertan ere izan ginen, han entzundako azalpenek ez gintuzten asetu, eta han ikusitakoak (hondamendiaren dimentsioa, bilaketa lanetan zebiltzan langileen baldintzak…) gure susmoak konfirmatu egin zituzten.

Hasieratik eskatu dugu langileak aurkitzea, eta garrantzitsua da gorpuak berreskuratzea, gehiago familia eta ingurukoentzat. Baina afera hau ez da hor amaitzen, hasieratik esan izan dugun moduan, erantzukizunak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Inplikatutako agente guztien erantzukizuna argitzea eta herritarron osasuna bermatzeak ezinbestekoa izaten jarraitzen du.

Argi dago Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena duela hildako eta desagertutako langileen gainean eta oro har, zabortegian eman den hondamendiaren aurrean. Hala ere, erantzukizun horiek ezin dira soilik eremu pribatura mugatu, izan ere, administrazio publikoak, eta kasu honetan Iñigo Urkulluk, bere lan-istripu eta langileekiko indiferentziarekin, zuzendutako Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak, ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoen artean dagoen harreman pertsonal eta zuzena. Hasieratik Eusko Jaurlaritzak afera eremu pribatura mugatu nahi izan duen arren, hari dagokio zabortegien kontrola eta ikuskaritza.

Sololuzeren heriotza baieztatuta, dagoeneko 46 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak. Izan ere, abuztuaren 17an USOA enplegu zentro bereziko langile bat hil zen lan-istripu ez traumatiko batean.

2019an lanean hildako langileen kopurua (46) lortu dugu abuztu erdian. Eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian. Koronabirusaren testuinguruan jarduera ekonomikoak izaniko geldialdiak eta ondotik eratorritako krisialdi ekonomikoak ere ez du gelditu lanean hildakoen odolustea. Eta oraindik lau hilabete baino gehiago falta dira urtea amaitzeko.

Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun lan baldintzen ondorio baizik, eta Zaldibarrekoa bereziki, sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzukizunak argitzeak. Honekin lotuta, salagarria da administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika. Ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.

Ekimen ugari egin izan da azken sei hileotan langile bi hil zituen istripua argitzea helburu hartuta, langileak, osasuna eta erantzukizuna kontuan hartuko dituen konponbidea lortzeko.

Mobilizazioak eta herri erantzunak beharrezkoa izaten jarraitzen du horrelako gertakariak onartzeko prest ez gaudela adierazi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu bateranzko trantsizioa indartzeko.

EAEko Hezkuntza Sailak adostasunik gabeko eta inprobisazioz beteriko proposamenak gaizki eta berandu aurkeztu dituela salatzen dugu

0

Ikasturte berria hasteko bi aste geratzen direla, azken egunotan ezagutu ditugu Iruñeko eta Gasteizko gobernuen asmoak eskoletarako itzulerarako. Kasu bietan, aldebakarrez diseinaturiko proposamenak dira aurkeztutakoak, eta, okerragoa dena, azken uneko erabaki inprobisatuez beteak, zalantza eta hutsune asko agerian uzten dituztenak. EAEn, gainera, azken asteotan COVID19-ren berragertzea indartu denean, Hezkuntza Sailburua desagerturik egon da langile, eragile eta familiek zituzten kezken aurrean azalpenik eman gabe.

Ekainetik hona EAEko hezkuntza arduradunak ez dira langileen ordezkariekin bildu hartu beharreko neurriak negoziatu eta adosteko, eta ez da uda baliatu ikasturtearen diseinua lantzeko. Oporraldi aurretik, kontingentzia-planak eta jarraibide batzuk bidali zitzaizkien ikastetxeetara, baina, autonomiaren izenean, ez dira irizpide komunak ezarri LABetik exijitu dugun bezala. Prebentzio-koordinatzailearen figura aurreikusten da, gure iritziz guztiz beharrezkotzat jotzeaz gainera, argi dugu koordinazioa egingo duen pertsonari orduak eman beharko zaizkiola funtzio hori bete dezan, eta lan hori Hezkuntza Sailarekin koordinatua izan beharra dagoela.

Talde egonkorrak edo afinitate-taldeak eratzearen alde agertu gara hasieratik, baina neurri hau eraginkorra izan dadin ikasleen ratioak jaistea ezinbestekoa da. Eskoletako geletan ikasle gutxiago sartzeaz gainera, ratioak ere jaitsi behar dira 0-3 zikloan, heziketa bereziko espezialistek artatu behar duten ikasle-kopuruari dagokionez, jangeletan, garbitu beharreko metro-kopuruetan… Beharrezkoa balitz, gainera, udal instalazioak edo beste espazio publikoak egokitzeko eskatu genuen eta aurreikuspenik ez dela egin uste dugu. Kasuak kasu, eskoletan maiatzean, 15 ikasleko taldeak posible baziren ere, ez dugu ulertzen orain nola ratioak 23, 25 eta 30eko taldeetan jezartzen diren, ez bada irizpide ekonomizistak lehenesten direla, behar pedagogiko eta segurtasunekoen gainetik.

Kolektiboz kolektibo ratioak aztertzea eta jaisteak -eta, beraz, langile gehiago kontratatzea-, ez da hezkuntzan aurrezteko momentua, beharrezko giza-baliabide eta bitarteko materialez hornitzeko baizik; baita azken sei hileotan atzera egin den arlo pedagokikoa indartzeko ere. Arrakala digital eta sozialari aurre egitekoez gainera, euskara eta euskal kultura alorrean ikasle askok jasan duten hutsuneari aurre egiteko neurriak behar dira. Oraindik ez ditugu ezagutzen ikasleek arlo pedagogikoan eta psikoemozionaletan jasan dituzten ondorioei aurre egiteko hezkuntza sailek egiten duten proposamenik.

Hezkuntza-sistema agortua zegoela-eta, ekainaren amaieran, LABetik arlo pedagogikoa eta prebentzio arlotik landutako proposamena aurkeztu genuen 2020/21 ikasturterako. Bertan, ebaluazio hezitzailerantz urrats zehatzak egitea proposatzen genuen, baita konpetentzietan oinarrituriko metodologia eta, ratioak jaisteko beharra aprobetxatuz, hezkuntza kooperatiboa ere. Hori guztia, ikaslea ikas-prozesuaren subjektu anitza dela kontuan hartuta eta hezkidetza bermatuta. Pandemiak ere aukera ematen zuen zaintza, elikadura edo kontsumo jasangarria erdigunean jartzeko.

Nafarroako eta EAEko hezkuntza arduradunek, ordea, ez dute ezer ikasi, eta Europan dauden Italiako bezalako esperientziei muzin eginez, Madrilera begirako epe motzeko irtenbideak bilatzen ari dira, ahalik eta koste txikienean gainera, inorekin adostu gabe, eta berandu, oso berandu…

LABetik lehen bait lehen langile eta beste eragileekin ikasturte-hasiera segurua eta adostua planifikatzeko exijitzen diegu bi gobernuei, eta irailetik harago, prest gaude hezkuntza-komunitatea osatzen dugun eragile guztiokin euskal jendarteak merezi duen Euskal Eskola Publiko Komunitariorantzko urrats sendoak emateko lan egiten jarraitzeko, pandemiak agerian utzi baitu egungo hezkuntza-sistema agorturik dagoela eta aukera berria ematen digu birpentsatu eta eraldatzeko.

Nafarroako Osasuneko Mahai Sektoriala bil dadila eskatzen dugu

0

Covid kontratuen luzapenak arautzea, kontaktu-bilatzaileen kontratazioa dimentsionatzea eta oinarrizko osasun laguntza indartzea eztabaidatu beharreko premiazko gaiak dira.

Covid kontratuak luzatzeko erabakiak berehalako erantzuna behar duten hainbat zalantza sortu ditu langileen artean: lanpostu bati uko egiten diotenentzako penalizazioa, kontratazio-zerrendak kudeatzeko modua, kontratatutako langileen lan-eskubideak bermatzea, etorkizuneko luzapenen plangintza, edo erabakia nola egokituko den gure lege esparrura.

Europa osoko datuak hartuta, Nafarroak kontaktu-bilatzaileen ratio baxuenetako bat dauka, eta, gainera, lan horretarako erizaintzako langileak erabiltzen ari da. Lan hori beste kategoria batzuetako langileek egin lezakete, administrariek adibidez. Oinarrizko Osasun Laguntzako Larrialdietako Zuzendariordetzak eraginkortasunik gabe eta ilun samar kudeatu du langile horien jarduna. Datuen manipulazioaren ondorioz, egun bakar batean 38tik 148ra pasatu omen dira kontaktu-bilatzaileak, eraginkortasun eza dela-eta egindako kritikak saihesteko. Edozein modutan ere, maniobra hori berandu iritsi da, eta ez da nahikoa.

Bestalde, oinarrizko osasun laguntzari dagokionez, tele-asistentziak eta osasun etxera joateko herritarrei ezarri zaizkien mugek bi ondorio argi ekarri dituzte, herritar guztientzat kaltegarriak direnak: alde batetik, profesionalak jasaten ari diren lan gainkarga, eta, bestetik, herritarrak asistentziarik gabe uztea. Asistentzia-eredu ez-eraginkor hori lehenbailehen zuzendu beharra dago, eta, horretarako, oinarrizko osasun laguntzako plantilla sendotzetik hasi behar da. Justifikaezina da Osasunbideak 650 pertsona baino gehiago kontratatu izana COVID 19ari aurre egiteko, eta horietatik 31 bakarrik bideratzea osasun etxeetako plantillak indartzera.

Oso egoera kritikoan gaude, eta Osasun Departamentuak langileentzat eta asistentziaren kalitatearentzat kaltegarriak diren neurriak hartzen segitzen du, profesionalak eta sindikatuak kontuan hartu gabe.

Horregatik guztiagatik, LABek Osasuneko Mahai Sektoriala biltzeko deia lehenbailehen egin dezatela eskatzen du; pandemia nola garatzen ari den kontuan hartuz, eta Departamentua baliabideak modu negargarrian kudeatzen ari dela ikusita, langileek eta biztanleek ezin dute gehiago itxaron.

Gasteizko kirol jardueretako langileen grebak aurrera darrai

0

Gasteizko kirol jardueretako langileek greba mugagabearen bosgarren eguna beteko dute gaur, eta mobilizazio eta jarduerekin jarraituko dute, Udalak ez baitio inolako erantzunik eman bizi duten egoerari. “Udala gezurretan ari al da eta osasun-egoera aprobetxatzen ari al da sektore honetan hainbeste urtetan egin nahi izan dituen murrizketak aplikatzeko, erakundeek hain gutxi baloratu duten eta herritarrek hain estimatu duten sektore honetan?”, galdera luzatu dute langileek.

Hauxe da, atzoko egunez, langileek hedabideetara bideratutako oharra:

Arabako kirol-jardueren sektoreak deitutako greba partzial mugagabearen lau egun bete dira, eta Gasteizko Udalak beste aldera begiratzen jarraitzen du.

Langileek deitutako lanuzteek jarraipen zabala dute: Mendizorrotza eta Gamarra parkeak itxi egin behar izan dituzte langile faltagatik. Hala ere, Udalak oporretan jarraitzen du. Prentsa-ohar baten bidez adierazi dutenez, greba hau ez dute ulertzen aldez aurretik negoziatu ez delako. Berriro gezurretan ari dira. Duela hilabete inguru, langileek Udaleko gobernu-taldeari bilera eta gaia aztertzeko eskatu zioten. Bilera hori ez zen onartu, eta, beraz, oposizioko alderdiekin bildu ziren.

Halaber, esan dute gatazka enpresaren eta langileen artekoa dela. Bada, gogorarazi behar da zerbitzuaren arduradun nagusia Udala dela, hark aplikatu baititu murrizketa guztiak.

Gatazka handiena gizarte-etxeetako monitoreen sektorean dago; izan ere, Udalak gutxi gora behera plazen % 61 murriztu ditu, eta horrek lanpostuen galera handia ekarriko du.

Murrizketa horiek aplikatzeko, osasun-neurrien beharra hartzen dute oinarritzat. Zer neurriri buruz ari gara? Osasun-arrazoiak direla-eta hartutako neurrien kasuan, edukiera murriztuko litzateke, baina eskainitako ikastaro guztiak mantenduko lirateke, lanpostu guzti-guztiak mantenduz. Era berean, klase bakoitzaren edukierak bana daitezke eta langile gehiago kontratatu, Gasteizko herritarrak eta langileak kaltetuak atera ez dezaten.

Beraz, Udala gezurretan ari al da eta osasun-egoera aprobetxatzen ari al da sektore honetan hainbeste urtetan egin nahi izan dituen murrizketak aplikatzeko, erakundeek hain gutxi baloratu duten eta herritarrek hain estimatu duten sektore honetan?

Beste behin ere, langileek Udalarekin eta enpresa esleipendunekin biltzeko prestutasuna adierazten dute, gu baikara Gasteiztarrei kalitatezko zerbitzua emateko interesatuenak.