2026-01-28
Blog Page 512

14 urteren ondoren, lanaldia jaitsi behar dugu Gipuzkoako metalgintzan

LABek ezin du balorazio positiborik egin Gipuzkoako metalaren gaurko bilerari buruz. Adegik gaur ez du ezer berririk ekarri. Gainera, mehatxatu egin du eta negoziazioari mugak jarri dizkio. Argi utzi du ez dagoela prest ez lanaldiari buruz hitz egiteko, ez bajak osatzeko, etab.

Atzo bertan Confebaskek 45.000 lanpostutan enplegua suntsitzeko aurreikuspenak iragarri zituenean, nola da posible patronal horrek berak lanaldia murrizteari buruz hitz egiteari uko egitea suntsiketa hori arintzeko neurri gisa, are gehiago 14 urte daramatzagunean lanaldi berarekin? Beharrezkoa da lanaldia murriztea enplegua defendatzeko eta lana eta familia bateratu ahal izateko. Errealitate horren aurrean, sindikatuok ezin dugu beste alde batera begiratu, eta gure aldarrikapenetan enpleguak lehentasuna izan behar du

Oso larria eta arduragabea iruditzen zaigu Adegik esatea zeri buruz hitz egin daitekeen eta zeri buruz ez. Sindikatuok ezin dugu onartu Adegik ezartzea hitzarmenaren edukia.

Irailaren 4an berriro bilduko gara, baina Adegik ez badu inposaketa uzten eta jarrera aldaketarik ez badago, ezinezkoa izango da akordio bat lortzea.

Instituzioetan, krisiaren ondorioak langileek ez ordaintzeko neurrien alde egitea eskatu diogu EH Bilduri

0

Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Edurne Larrañaga Ekintza Sozialeko Lurralde Egiturako Idazkaria eta Dabid Lizarralde Eraketa Idazkariak osatutako LABen ordezkaritza batek bilera egin du gaur EH Bilduren ordezkaritza batekin, azken hau eragile sozial eta politikoekin egiten ari den bilera-errondaren barruan.

Bileran zehar pandemia ondorenak utziko digun egoeraz dugun kezka konpartitu dugu. Osasun krisiaren segidan, krisi ekonomiko eta soziala gainera datorkigu eta krisi berri honen ondorioak langileon bizkar gainean ez erortzeko, bizitza erdigunean jarriko duten eredu berri batera egin beharreko bideaz aritu gara. Lana eta aberastasuna hobeto banatuko duen eredu berriaz aritu gara. Aberastasuna hobe birbanatzeko zerga politikan egin behar diren aldaketak ere hizpide izan ditugu.

Lehentasunez, enpleguaren defendatu eta duindu beharraz (eta hau lortzeko lan-erreformak bertan behera utzi beharraz), pobreziaren hedapenari mugak jarriko dizkion babes sozial eredu bat eraikitzeaz, zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazio politikarekin amaitu eta herritarren zerbitzura egongo den zerbitzu publikoak ereduaz, bereziki osasungintzan eta zaintza sistema publiko indartsu baten beharraz aritu gara.

LABetik gure konpromisoa adierazi dugu, langileon bizi baldintzak hobetzeko proposamenak egiten jarraituko dugula eta proposamen horien alde lantokietan eta kalean borroka sindikal eta sozialak sustatuko ditugula. Era berean, EH Bilduri eskatu dioguna da, kaleko aldarrikapen horiek instituziotan borrokatu ditzala.

Azkenik, burujabetzaren beharra ere mahai gainean jarri dugu. Indarrean dagoen autonomi estatutuen eredua gainditu egin behar da, langileon bizi baldintzak hobetzeko,

Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraiki ahal izateko enplegu eta babes sozial gaietan ahalmen legegilea eta eskuduntzak izango dituen estatus politikoen alde egiten jarraitu dezala eskatu diogu. Besteak beste, 1.200 eurotako gutxieneko soldata, 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa, soldata eta pentsio arrakalak ezabatzea, ABEEEen baldintzak, langile publikoen lan baldintzak, negoziazio kolektiborako eredua hemen erabaki nahi ditugulako

Euskal presoen etxeratzea eskatu dugu Gasteizen

Kontzentrazioa egin dugu gaur Gasteizko Andra Mari Zurian, “Konponbide garaia da, presoak etxera” lemarekin. Adierazi dute euskal preso eta iheslariak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugula.

Ezinbesteko urratsa da, gainera, gatazkaren konponbidean, bake eta bizikidetzaren bidean aurrera egiteko. Bada garaia salbuespen legediarekin amaitu eta presoak etxeratzeko prozesua martxan jartzeko, jendartearen aktibazioarekin eta eragileok inplikazioarekin, Gobernua mugiaraziz.

Zehazki, LABek bere egiten ditu aldarrikapen hauek:
– Preso guztiak Euskal Herriratzea.
– Larriki gaixorik daudenak eta 65 urtetik gorakoak berehala askatzea.
– Gradu aldaketak ahalbidetzea eta baldintzak betetzen dituzten presoak etxean egotea.
– Bisitetareko eskubidea bermatua izatea.

Covid-19aren pandemiak ondorio larriak izan ditu espetxeetan ere. Beste gobernu batzuk gaixotasunak dituzten presoak eta adinekoak askatu dituzten arren, euskal presoei dagokienez ez da horrelakorik izan. Gobernuek salbuespeneko neurriei eutsi diete, etxetik ehunka kilometrora dituen sakabanaketarekin jarraituz. Ezin dugu ahaztu, alarma egoeran izan garen bitartean presoek eta senitarteko zein hurbilekoek bisitetarako eskubidea ukatua izan dutela.

LABetik babes osoa adierazi nahi diegu SARE eta Etxerat-i, eta norabide horretan, LABek bat egiten du SAREk antolatutako Izan Bidea ekimenarekin.

Era berean, uztailaren 30ean mobilizazioa egingo du LABek Debako hondartzan, 12:00etan, “Euskal presoak etxean eta bizirik nahi ditugu” lemarekin. 

Modu positiboan baloratzen dugu Guascor-eko lehen lanuzte eguna

Gaur hasi dira bi orduko lanuzteekin Zumaian kokatuta dagoen Siemens taldeko Guascor enpresan. Lantokia erabat gelditu da eta balorazio positiboa egiten dugu. Langileok beste behin ere erakutsi dugu indarrak batzeko gai garela eta enpresako zuzendaritzari planto egin diogu.

Biharko, bilerara deitu gaitu enpresak 11:00etan. Ez digu bileraren arrazoiaren zergatia eman, baina, horren arabera erabakiko ditugu ondoren egingo ditugun pausoak.

Esan beharra dago ez daukagula ia inongo ia informaziorik. Dakigun bakarra da, langileen %10a baino gutxiago izango dela kaleratua. 2 izan litezke, eta baita 18 ere. Ez dakigu zenbat izango diren.

Garbi daukagu enpresak jarrera aldatzen ez baldin badu borrokan jarraituko dugula.

Zaldibarreko zabortegiaren inguruko prozedura judiziala berandu dator eta ez-nahikoa da

Ertzaintzak Verter Recycling 2002ko 3 kide atxilotu zituen asteartean, enpresaren jabea, enpresaren kudeatzailea eta ingeniari burua izan dira. Atxiloketa hauek zabortegia jausi eta ia 6 hilabete geroago eman dira; gogoratu dezagun Alberto Sololuze eta Joaquin Beltrán oraindik desagertuta daudela.

LABen iritziz, prozedura judizial hauek berandu datoz eta ez dira nahikoak. Argi dago Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena duela desagertutako langileen gainean eta oro har, zabortegian eman den hondamendiaren aurrean. Hala ere, erantzukizun horiek ezin dira soilik eremu pribatura mugatu, izan ere, administrazio publikoak, eta kasu honetan Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak, ardura zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoen artean dagoen harreman pertsonal eta zuzena. Hasieratik Eusko Jaurlaritzaren estrategia afera eremu pribatura mugatzea izan arren, Eusko Jaurlaritzari dagokio zabortegien kontrola eta ikuskaritza.

Zentzu horretan, erantzukizun politikoak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ezinbestekotzat jotzen dugu. Atxiloketetatik haratago, desagertutako langileak topatzea, inplikatutako agente guztien erantzukizuna argitzea eta herritarron osasuna bermatzea ezinbestekoa izaten jarraitzen du.

ADEGIren estrategiaren porrota agerian geratu da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren mahaian

0

Gaur, uztailak 16, bigarren bilera egin du negoziazio batzordeak eta bileran agerian geratu da porrot egin duela Gipuzkoako metaleko hitzarmena desarautzeko ADEGIren estrategiak. Hainbat urtetan “legez kanpoko” gauzak eta legearen aurka zihozenak eskatzen genituela esan ostean, hau da, lan-erreformaren aurka ari ginela, ADEGI patronalak oinarrizko hainbat gauza onartu ditu, hala nola ultraaktibitate mugagabea, hau da, hitzarmenak indarrean jarraitzen duela beste batek ordeztu arte, enpresek ezin dutela alde bakarrez hitzarmena ez aplikatu edo Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna izatea, kontu hau lehen aldiz adostu baitzen grafikagintzako hitzarmenean, zortzi eguneko grebaren ondoren eta LABek gehiengo absolutua duen sektorean. 

Horrek erakusten digu ez zela arazo juridikoa, borondate ezarena baizik. Lantokietako langileen antolaketari eta borrokari esker lortu dugu enpresetan jada lortutako aldarrikapen horiek orain sektoreko hitzarmenean jasotzea.

Edukiei dagokienez, LAB oso kezkatuta dago lanaldiari, berdintasunari, aldi baterako ezintasunen osagarriei, amiantoa enpresetatik desagerrarazteko neurriei, deskonexio digitalari eta abarri buruz hitz egiten jartzen duen betoak.

Era berean, erabateko zehaztasun falta dago azpikontratatutako langileen subrogazioaz, ABLEez eta soldata-igoerez hitz egiteko aukera zabaldu den gaietaz, ez baita testurik aurkeztu.

LABen ustez, funtsezkoa da langile guztientzako soldata-igoera duinak eta benetakoak lortzea, lanaldia murriztea, enpleguaren kalitatea hobetuko duten eskubideetan eta neurrietan aurrera egitea, hala nola azpikontratatutako langileen subrogazioa, istripuagatiko aldi baterako ezintasunak osatzea, ABLEak ezabatzea, gazteen kontratuak hobetzea, lan-osasuneko neurriak hartzea eta sektorean benetako berdintasuna bermatzea.

Hurrengo bilera uztailaren 24an izango da.

Patronalek eta sindikatu sinatzaileek birkokatzeko bermerik gabeko akordioa adostu dute EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeentzat

Gaur, Gizarte-Ekimeneko ikastetxeen negoziazioen azken esperpentoa bizi izan dugu. ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin, ikasgela jaitsieragatik lanpostuen galera dela eta, ikasturte honetan 40 langile baino gehiago birkokatzeko bermerik ez ematea adostu dute.

Uztailaren 15ean adostu duten xedapen gehigarri hau, joan den azaroan korrika eta presaka sinatu zuten greba-amaierako akordioaren arintasunagatik eta jaso zituzten hainbat eduki ez betetzetik sortu da. 8 hilabeteko epealdi luzearen ondoren, patronalak langileak ez birkokatzeko aitzakiak jartzen ari zirela ikusita, joan den astean LABek, langileei lanpostua bermatu ezean, patronalak epaitegietara eramatearekin mehatxu egin zuen.

Hori dela eta, alderdi sinatzaileek, hainbat desadostasunen ondoren, “Larrialdi egoerarako irteera” bat bilatu behar izan dute, betetzen ez den eta edukien aldetik gero eta murriztuago dagoen akordio bat defendatzeko.

Patronalek eta sindikatu sinatzaileek, egoera zail honen aurrean, beraien irudia garbitzeko antzezpena egin dute, langile guztiak benetan birkokatu gabe, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa publikoa jaso ahal izateko eta erretiro aurreratuak ordaintzeko. Benetako iruzurra langileei, 29 greba egun egin baikenituen hitzarmen duin baten eta lanpostuak bermatzearen alde.

Azken finean, azken momentuan eta birkokapen prozedura serio eta sendo batek eskatzen duen patxadarik gabe adabaki bat jarri duten zuloz jositako hitzarmenean: alde batetik, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak prozesu honetatik kanpo utzi dituzte eta, behin baino gehiagotan sindikatu guztiok salatu dugun moduan, funtzionatzen ez duen espezialisten poltsara kondenatzea erabaki dute; bestetik, gardentasunik eta bermerik gabeko prozesu bat adostu dute, sindikatu sinatzaileen hitzek argi uzten duten moduan, “arautu gabe dagoen” birkokapen prozedura bati babesa eman die.

Argi dago helburu bat eta bakarra duela azken orduko testu honek: finantzaketa publikoa jasotzeko tramitea betetzea, ahalik eta langile gutxien birkokatuz, orain arte bezala jarraituz; langileak “hatzez” kaleratuz eta kontratatuz.

Iaz 150 milioi euroko irabaziak izan eta 130 milioi baino gehiago dibidenduetan banatu ondoren, Mercedesek ezin die murrizketarik planteatu langileei

0

LAB sindikatuak Mercedes-Benzeko egoeraren azterketa ekonomikoa egin du, eta datu bat nabarmendu du: azken 4 urteetan 500 milioi euro baino gehiago banatu ditu dibidenduetan. Gainera, 2015etik 2019ra, 485 milioiko irabaziak izan ditu. Egoera horretan, lizuna da enpresak eta taldeak langileei murrizketak ezarri nahi izatea.

Egindako azterketa ekonomikotik ondorioztatzen da Mercedes-Benz Españak egoera erabat onbideratua duela. Izan ere, 2019an 150 milioi euro baino gehiagoko mozkin errekorra lortu zuen, 2018an baino 20 gehiago, 2015ean eta 2017an baino bi aldiz gehiago eta 2016koaren halako hiru. Onura hori plantillaren %8 gutxiagorekin gertatu zen, enpresak ebentualak kaleratu baititu (soldata eskala bikoitza aplikatzen jarraitzen du) eta langileak kanpora atera dituelako Zerbitzu Medikuan, logistikan, ingenieritzan… Hori guztia, oro har, 2015 eta 2019 artean, 485 milioiko mozkina izan duen bitartean.

2016. eta 2017. urteetako praktikara itzuliz, eta langileek sortutako aberastasuna biltzeko logika kapitalista hutsari erantzunez, Mercedesek aurreko urteko mozkin guztia dibidenduetan banatu zuen iaz, zehazki, 130 milioi euro baino gehiago. 2018an aurreko urteko mozkinen ia laukoitza banatu zuenez, enpresa nolabait deskapitalizatuz, azken 4 urteetan 500 milioi euro baino gehiago banatu ditu dibidenduetan.

Gauzak horrela, LABen ustez, mozkin maila horrekin, diru kopuru handi hori dibidenduetan banatu ondoren, Mercedesek langileei murrizketak egin nahi izatea zentzugabea da. Gure iritziz, ezin dute iradoki langileen lan-eskubide eta lan baldintzei eragiten dien neurririk. Uste dugu Mercedesek duen egoera ekonomikoa edukita onartezina dela langileak eta, oro har, Gasteizko jendartea beldurtu nahi izatea planteamendu horiekin. LABek langile guztien baldintza duinak defendatzen jarraituko du orain eta etorkizunean, kapitalaren logika prekarizatzailearen aurrean.

Olaberriako Arcelor Mittal-eko langileak lanuzteekin hasi dira enpresak euren eskakizunei jaramonik egin gabe jarraitzen duelako

0

Zuzendaritzak orain arte izandako jarrerak ez du mobilizaziora jo beste aterabiderik utzi. Horregatik langileek batzarrean adostutako presio neurriak martxan jarri dituzte. Errelebo bakoitzaren azken orduan paroak burutu dituzte gaur eta sarreraren aurrean mobilizatu dira. Larunbatean gauza bera egingo dute.

Duela bi aste buruturiko langileon batzarrean ELA eta UGTk gutxiengoan sinaturiko aurreakordioari ezezkoa eman genion. Horrez gain, LAB eta CCOOen artean adostutako plataforma eta plangintzari baiezkoa eman genion. Modu horretan 16 hilabeteko prozesu negoziatzaile luzean zehar defendatzen aritu garen edukiak hitzarmenean txertatu daitezen negoziatzen jarraitzeari eman zitzaion baiezkoa, eta enpresako zuzendaritzak erakutsitako borondate eskasari buelta emateko presio egiteko neurriak adostu genituen.

Batzarraren emaitzak eskuetan, uztailak 3 ostiralean bertan, enpresa-batzordeak, gehiengoz, langileon eskaera zuzendaritzari komunikatu eta lehenbailen negoziatzera eseritzeko eskaera egin zion, asteartea, uztailak 7, data bezala proposatuz. Irmoki salatu nahi dugu zuzendaritzak erakutsitako jarrera, benetan kezkagarria baita. Erantzun argirik eman gabe eta “agenda” konplikatuari erreferentzia eginik mahai negoziatzailea biltzeari muzin egin dio. Are gehiago, jakinik, jarrera horrek langileok batzarrean adostu genuen plangintza mobilizatzailea martxan jartzera eramango gintuela. Ez du bildu nahi izan proposatutako egunean eta beste proposamenik ere ez du egin. Horregatik galdera luzatu nahi diogu: ez ahal zaio zuzendaritza honi urgentziazkoa iruditzen, langileok hala eskatu ondoren, negoziatzen jarraitzea? Edo batzarreko emaitza gustatu ez eta berdin zaizkio negoziatzeko borondate faltak eragin ditzakeen eszenatoki gatazkatsuak?

Gure ustetan prozesu osoan zehar Zuzendaritzaren helburua langileok behin eta berriz mahaigaineratu ditugun aldarrikapen zeinbaiti aterabiderik ematen ez dien hitzarmena inposatzea da. Kontestu horretan kokatzen dira lehen ere publikoki salatu ditugun hainbat trikimailu: estatu mailako ABEEEaz egiten dabilen erabilera interesatua (Lan ikuskaritzan salatu duguna) edo aurrez egitekoak ginen langile asanblada galaraztea. Batzarrarren emaitzaren aurrean ordea, uste dugu zuzendaritza behartuta dagoela hitzarmen duin bat negoziatzen jarraitzera. Soldata igoera duinak, egutegian aldaketak adostuak izatea, bajak osagarritzen dituen sorospen kutxaren biziraupena, errelebo kontratua egingo dela bermatzea…

Beraz, Olaberriako ArcelorMittaleko LABek publikoki dei egin nahi dio zuzendaritzari hitzarmena negoziatzen jarraitu dezan, langileok batzarrean erabakitakoari kasu eginez eta aldarrikatu ditugun edukiei aterabidea emateko borondatearekin. Aldi berean, batzarrean adostutako aldarrikapenak bururaino eramateko konpromisoa adierazi nahi dugu eta langileei borrokara batu eta mobilizazioetan parte hartzeko eskua luzatu nahi diegu.