2026-10-22
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakPatronalek eta sindikatu sinatzaileek birkokatzeko bermerik gabeko akordioa adostu dute EAEko Gizarte...

Patronalek eta sindikatu sinatzaileek birkokatzeko bermerik gabeko akordioa adostu dute EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeentzat

Gaur, Gizarte-Ekimeneko ikastetxeen negoziazioen azken esperpentoa bizi izan dugu. ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalekin, ikasgela jaitsieragatik lanpostuen galera dela eta, ikasturte honetan 40 langile baino gehiago birkokatzeko bermerik ez ematea adostu dute.

Uztailaren 15ean adostu duten xedapen gehigarri hau, joan den azaroan korrika eta presaka sinatu zuten greba-amaierako akordioaren arintasunagatik eta jaso zituzten hainbat eduki ez betetzetik sortu da. 8 hilabeteko epealdi luzearen ondoren, patronalak langileak ez birkokatzeko aitzakiak jartzen ari zirela ikusita, joan den astean LABek, langileei lanpostua bermatu ezean, patronalak epaitegietara eramatearekin mehatxu egin zuen.

Hori dela eta, alderdi sinatzaileek, hainbat desadostasunen ondoren, “Larrialdi egoerarako irteera” bat bilatu behar izan dute, betetzen ez den eta edukien aldetik gero eta murriztuago dagoen akordio bat defendatzeko.

Patronalek eta sindikatu sinatzaileek, egoera zail honen aurrean, beraien irudia garbitzeko antzezpena egin dute, langile guztiak benetan birkokatu gabe, Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa publikoa jaso ahal izateko eta erretiro aurreratuak ordaintzeko. Benetako iruzurra langileei, 29 greba egun egin baikenituen hitzarmen duin baten eta lanpostuak bermatzearen alde.

Azken finean, azken momentuan eta birkokapen prozedura serio eta sendo batek eskatzen duen patxadarik gabe adabaki bat jarri duten zuloz jositako hitzarmenean: alde batetik, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak prozesu honetatik kanpo utzi dituzte eta, behin baino gehiagotan sindikatu guztiok salatu dugun moduan, funtzionatzen ez duen espezialisten poltsara kondenatzea erabaki dute; bestetik, gardentasunik eta bermerik gabeko prozesu bat adostu dute, sindikatu sinatzaileen hitzek argi uzten duten moduan, “arautu gabe dagoen” birkokapen prozedura bati babesa eman die.

Argi dago helburu bat eta bakarra duela azken orduko testu honek: finantzaketa publikoa jasotzeko tramitea betetzea, ahalik eta langile gutxien birkokatuz, orain arte bezala jarraituz; langileak “hatzez” kaleratuz eta kontratatuz.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Miguel Servet Fundazioko langileek hitzarmena aplikatzeko finantziazio falta salatu dute, eta Nafarroako ikerketa biomediko publikoaren etorkizunaz ohartarazi dute

Langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta lanuzteak iragarri dituzte astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 12:00etara, datorren astetik aurrera.

LABen Bilboko Udaleko atal sindikalak babesa adierazten dio eraikin publikoetako garbiketako langileen grebari

LABek, ELArekin eta CCOOrekin batera, Bilboko Udalari eskatu diogu kontratuaren esleitzaile gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta premiazko elkarrizketa-mahai bat abian jartzeko, akordio duin bat bermatze aldera. Gure aldarrikapen nagusietako bat soldatetan dagoen genero-arrakala nabarmena desagerraraztea eta kale-garbiketa bezalako sektore maskulinizatuekin alderatuta pairatzen duten prekarietate-egoera jasanezinari amaiera ematea da.

Nafarroako Metalaren negoziazio mahaiaren presazko osaketa salatzen dugu

UGT eta CCOO sindikatuek eskatuta, Nafarroako Metalaren Hitzarmenaren negoziazio mahaia asteartean osatu zuten, indarrean dagoen hitzarmena bukatu baino bi hilabete lehenago. LABen ustez, aurrerapen hori justifikatzeko erabilitako argudioak ez dira nahikoak, eta bi sindikatuek mahaian duten gehiengoari eusteko balizko saiakera bati erantzuten dio.