2026-01-28
Blog Page 508

Ikasgeletara itzultzea Nafarroan: hezkuntza eredua berrikusteko beste aukera bat galdu du Departamentuak

Hezkuntza presentziala, lanaldi jarraitua jantokiarekin eta irakasle-kopurua handitzea. Gimeno kontseilariaren ikasgeletara itzultzeko planak ez die hezkuntza sistema aldatzeko beharrei erantzuten eta alferrik galdutako aukera hutsa suposatzen du; beste bat.

LABen iritziz, Departamentuak aukera paregabea galdu du ikasleen behar pedagogikoak eta emozionalak erdigunean jarriko dituen hezkuntza-eredu berri bateranzko aurrerapausoak egiteko.

Ratioak
Haur Hezkuntzako ratioen jaitsiera izan da kontseilariak iragarritako neurrietako bat. LABetik beti eskatu izan dugu ratioen jaitsiera, baina jaitsiera orokorra, hezkuntzako etapa guztietan ezarriko dena. Beraz, guztiz salagarria iruditzen zaigu hobekuntza hori maila guztietan ez aplikatzea, eta baita ikasgelaz bestelako espaziorik ez ezartzea ere.

Osasun neurriak
Madrilekin bilera egin arte, Hezkuntza Departamentuak ez du Nafarroako eskoletan PCR testa egiteko aukerarik proposatu ere egin. Hori izan zen LABetik egin genuen lehen aldarrikapenetako bat, eta horri eutsi egiten diogu gaur egun ere: PCR testak hezkuntza-komunitate osoarentzat.

Inbertsio ekonomikoa eta baliabideak
Kontseilariak iragarri du Hezkuntza Departamentuak 47 milioi euro dituela, eta horiek langile gehiago kontratazeko erabiliko dituela: 666 irakasle gehiago eta 183 behargin gehiago jantoki eta garbiketa zerbitzuak indartzeko. Gainera, inbertsio horren zati bat ikastetxeen baliabide teknologikoak indartzeko izango dela ere iragarri du.

LABek positibotzat jotzen du hezkuntzako inbertsioa handitzea, baina penaz dakusagu oraindik ere ez dela baliabide nahikorik bideratzen ari gaur egun horren beharrezkoak diren estrategia pedagogikoak ezartzera. Gainera, honakoa ere argi ikusten dugu: aurretiaz planifikazio pedagogikorik egin gabe baliabide teknologikoetan inbertitzeak iraganeko hanka-sartzeak berriz ere egitera eraman gaitzakeela, arbel digitalekin gertatu zen bezala.

Eta jakina, ez dugu inolaz ere onartuko egoera horrek zerbitzu publikoetako langileen baldintzen galera ekartzerik: ez murrizketarik, ez soldatak jaisterik. LABetik gure indar guztiz defendatuko ditugu  

Jaurlaritzak ez du eskola-jangela eta garraioko langileen ordezkariekin bildu nahi datorren ikasturtea antolatzeko

Aldebakarreko erabaki arduragabea da. Joan den uztailaren 30ean, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari bilera bat eskatu genion, eta ikasturtea hasteko bi aste falta direla, erantzunik gabe jarraitzen dugu. Daukagun informazio guztia komunikabideetatik jasotakoa da edo Cristina Uriarteren sailak berak bere webgunean argitaratzen duena.

Era berean, EAEko hezkuntza-patronalei ere bilera zabaldu genien (Kristau eskola, AICE-IZEA, Ikastolen Elkartea…) baina gaur gaurkoz ez dugu inolako erantzunik jaso.

Uztailaren 21ean, protokolo-proposamen bat bidali zion LABek Hezkuntza Sailari. Proposamen horretan, jangela eta eskola-garraioko langileentzako prebentzio-neurriak zehaztu genituen, baita zerbitzu horiek ikasleen funtzionamendu onerako eta prebentziorako nola antolatu ere, baina ez dugu erantzunik jaso.

Ez dugu ahaztu behar jangela eta eskola-garraioko langileek behin-behineko kontratuak edo aldizkako kontratu finkoak dituztela, eta, ondorioz, enpresak aldizkako langile finko bati deituko ez balio, bidegabeko kaleratzetzat har liteke eta hori salatzeko 20 egun balioduneko epea izango lukete. Enpresa kontratatzaileek eta hezkuntzako patronalek kalte-ordain horiek beren gain hartzeko ardura izango lukete. Horrek 10.000 langile baino gehiagori eragingo lieke (begiraleak, sukaldariak, hezitzaileak eta garbiketa, sukalde nagusi eta administrazioetako langileak, …).

Hau esanda, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari eskatzen diogu behingoz eseri dadila sindikatuekin hitz egiteko, 2020-2021 ikasturterako jangela eta eskola-garraioko zerbitzuak antolatzeko, eta sektoreko langileen lanpostuak eta lan-baldintzak bermatzeko, murrizketarik gabe.

Ez dugu enplegu suntsiketarik onartuko, ezta langile zein ikasleon osasuna lehenesten ez duen funtzionamendurik ere. Bestela, aurrean izango gaituzte.

ITP AERO CASTINGS-ek berandu eta txarto jokatu du langileen artean dauden COVID-19aren kasuen aurrean

0

Aste honetan enpresako langile batzuk positibo eman dute COVID-19an. Abuztuaren 20rako 6 ziren guztira eta gehiago ere izan daitezke. Besarkada beroa helarazi nahi diegu eta espero dugu ahalik eta lasterren sendatzea.

Ohiturari jarraituz, berriro ere gure bitartekoen bidez ezagutu izan behar ditugu hain gertakari larriak. Zuzendaritzak pasa den asteburuan izan baitzuen baieztatu ziren lehen 2 positiboen berri. Hala ere, astelehenera arte, abuztuaren 17an, zuzendaritzak ez zigun baieztatu, e-mailez, lankide bik positibo eman zutela COVID-19an, beste 7 berrogeialdian zeudela Osakidetzak horrela aginduta eta beste batzuk, prebentzio zerbitzuak egin behar zien PCRaren zain zeudela, lanean jarraitzen zutelarik. Informazio hau langile eta ordezkari sindikalen interpelazioen ondoren soilik helarazi zuen enpresak, hala ere, ez zion erantzun enpresa-batzordeak egoerari aurre egiteko proposatzen zion biltzeko deiari.

Abuztuaren 18an, posta elektronikoz jakinarazi zigun berriro zenbat pertsona zeuden isolatuta Osakidetzaren aginduz, eta barne protokoloaren irizpideen arabera jokatzen jarraitzen zutela. Hala ere, langileei esker jakin izan genuen azken orduan positiboak 4 zirela ordurako.

Egoera honen aurrean, asteazkena, abuztuaren 19ko lehen orduan, enpresako medikua eta Giza Baliabideen atalarekin harremanetan jartzen saiatu ginen, baina ez zegoen nor. Jarraian, OSALAN eta Eusko Jaurlaritzari jakinarazi genien zein zen gure lan-zentroetako egoera, mahai gainean genuenari konponbidea aurkitu nahian. Gure harridurarako, OSALANera 3 aldiz deitu ostean, 11:30ean lantegian “agertu” zen enpresaren zuzendaritza osoa, giza baliabideetako arduraduna eta medikus barne, 09:00etatik 10:30era artean ez zegoenean inor. 14:00ak arte ez zen batzartu zuzendaritza langileen ordezkariekin, atera ziren arte asean zain egon ondoren.

Bilera honetan jakinarazi ziguten zer ari zen gertatzen koronabirusagatik bajan zeuden gure lankideekin, ze irizpide erabili zen etxean berrogeialdian zeudenentzat eta zergatik beste batzuk ez zeiden etxean PCRaren zain egon arren. Konfinamenduaren amaiera arte indarrean izan genuen protokoloa berraktibatzen zela ere esan ziguten, zuzendaritzari hejarazi genizkion xehetasun eta desadostasun batzuekin. Aipatu protokoloa aldebakarrez erretiratu zuen enpresak “deseskalatzea” baliatuz eta inoiz ez zen alboratu behar izan, eta horregatik, enpresa-batzordeak salaketa aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan.

LABetik argi utzi nagi dugu, berriro ere, langileok izan garela egoera behartu behar izan dugunak enpresak erreakzionatu arte. Beste behin ere konstatatu dugu ekoizpena eta enpresaren irabaziak direla zuzendaritaren lehentasun bakarra. Gure osasuna azken lekuan dago euren kezken artean. Horrela izango ez balitz, lehen momentutik harremanetan jarriko ziren ordezkaritza sindikalarekin konponbide eraginkor bat aurkitzeko. Baina berriro ere euren kabuz jokatu dute. Zein da neurri drastikoagoak martxan jartzearen arazoa, are gehiago ABLEan gaudenean “eskariak jaitsi” egin direlako? Ze interes izkutatzen da zuzendaritzaren aldebakarreko ekintzen atzean? Etengabe empresa-batzordeko ordezkariei izkin egitea?

Era berean, Lan Ikuskaritza, OSALAN eta Eusko Jaurlaritzaren erabateko utzikeria salatu beharrean gaude. Dei ugari egin eta hainbat salaketa jarri ondoren, anibiguoak eta zehaztu gabeak izan dira euren erantzunak, eta hori patronalaren jokabidea zuritu ez dutenean. Argi utzi nahi dugu etengabe goraka doazela COVID-19ko kasuak eta osasun larrialdian gaudela.

Horregatik, berehala esku-hartzea eta norabide aldaketa bat eskatzen diegu instituzio hauei ITP AERO CASTINGS-en lantegietan. Ez soilik langileen osasuna babesteko, lan-zentroetatik harago joan daitekeen osasun katastrofea ekiditeko baizik. Administrazioek esku-hartze gogorrak egiten dituzte langileen bizitza eta aisiaren kontra, birusaren hedapenaren aurrean duten jarrerengatik errua botaz. Hala ere, enpresa handiekin askoz malguagoak izaten dira, hauek nahieran aritu daitezen. Administrazio publikoak eta Eusko Jaurlaritza kapitalaren zerbitzura ari direnaren beste adibite bat baino ez da hau.

Egoera honen aurrean, konbentzituta gaude gehiegikeria hauei egiteko bide bakarra langileon borroka, klase-borroka dela. Horregatik, dei egiten dizuegu gure eskubideen defentsan amore ez ematera. Antolakuntza eta borrokarekin dena lor daiteke.

Bilboko Udalak COVID-19aren kudeaketan arduragabekeriaz jokatzen du

0

Miribillako Bilbao Kirolak-en instalazioetan gutxienez bi positibo atzeman dira. Guedan enpresak kirol jardueretarako azpikontratatutako langileei honako mezu hau helarazi zieten, gertatutakoaren berri emateko: “Kaixo, gaur, hilak 19, COVID-19gatiko beste kasu positibo baten berri ematen da Miribillako kiroldegian. Garbiketako kontratako langileei eragiten die. Gogorarazten dizuegu higiene- eta segurtasun-neurriak zorroztu behar direla”. Aurreko kasua joan den astean gertatu zen.

Bestalde, garbitzaileei euren enpresak (Zaintzen) dei egin zien proba serologiko bat egin zezaten, ezta PCR bat ere. Langileek Osakidetzara jo zuten proba egitea eskatuz eta honek esaten die arduraduna mutualitatea dela, eta azken honek esaten die Osakidetza dela. Oraingoz beraz, ez zaie proba egin, eta langile batzuek diote sintomatologia dutela.

Esan gabe doa Bilbao Kirolak-ek eta Bilboko Udalak ez dietela honen berririk eman erabiltzaileei. Zentroa ez da itxi desinfektatzeko, eta ez dira erabiltzaileekin harremanetan jarri berrogeialdi prebentiboan jar zitezen.

Lotsagarria da arduradun politikoek prentsaurrekoak deitzea euskal gizarteari normaltasun berri honek eskatzen zuen mailan egoten jakin ez duela leporatzeko, eta agerraldia euren etxean gertatzen denean entzungor egitea.



Bilboko Udalari gertatukoaren inguruko azalpen bat eskatzen diogu, protokoloa eredugarritasunez aplika dezala eta erantzukizunak argitu ditzala, gertakari hauen aurrean izandako kudeaketan izandako kudeaketa penagarriagatik.

DIA supermerkatuek arduragabekeriaz jokatzen dute Bizkaiko 2 dendatako 2 langilek COVID-19an positibo eman ondoren

Gaur LABek Bizkaiko DIA supermerkatuetan emandako bi positiboren berri izan du. Enpresako zuzendaritzarekin hitz egin eta bi dendak berehala ixteko eskatu eta langileei etxera joateko agindu diezaiela eskatu ondoren, egon daitezkeen kutsatzeak baztertzeko proba baten zain, enpresako zuzendaritzak adierazi digu langile horiek ez direla langile guztiekin harremanetan jartzen eta, horregatik, ez diela gure eskaerei jaramonik egingo.

LABek, langileak kutsatzeko arriskua izateko jarrera zikoitza eta arduragabea leporatu nahi dio DIAren zuzendaritzari.

Duela ez asko, balkoietatik txalo egiten zieten supermerkatuetako kutxazainei, beren bizitza arriskuan jartzen zutelako. Aldiz, taldeak 2020ko lehen seihilekoan beren irabaziak %15 baino gehiago handitzen ditu, horrelako jarduera arduragabeen kontura.

Berriz ere eskatzen diegu DIA supermerkatuei euren jarrera alda dezala, langileen osasuna zaindu eta langileen osasunaren defentsarako protokoloak ezarri.

USOAko langileek prekarietateak hil egiten duela adierazi dute lankide baten heriotza salatzeko kontzentrazioan

Enpresa-batzordeak deituta, kontzentrazioa egin dute gaur Barakaldon, bertako Udaleko enplegu zentro berezia den USOAko langileek. “Prekarietateak hil egiten du, lan istripurik ez” lema zeukan pankartaren atzean salatu dute, astelehenean, abuztuaren 17an, bertako langile bat hil zen lan-istripu ez traumatiko batean. Horrela, 46 dira gutxienez urte hasieratik Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

ENPRESA-BATZORDEAREN OHARRA

Doluminak adierazi nahi dizkiegu eta besarkada handi bat bidali gure lagunaren familiari eta hurkoenei.

Gure lankidearen heriotzak urte honetan gertatutako laneko heriotzen 47. zenbakia egiten du. Egoera hori guztiz onartezina da.

Batzordeak azpimarratu nahi du gaur egun lan egiten den lan-baldintzak: estresa, beldurra, prekarietatea, behin-behinekotasuna……. beren lanpostuetan hildako langileen inguruko zifra mingarri horien oinarria direla.

Horri gehitu behar zaio pandemia-egoera batean bizi garela, langileak ahulago bihurtzen direla eta estres, beldur eta segurtasun-falta handiagoa sortzen dutela.

Horregatik guztiagatik, enpresei eta erakundeei exijitzen diegu premiazko neurriak har ditzatela berehala. Laneko Ikuskatzailetzari eta Osalani, prebentzio-neurriak betetzen direla bermatzeko eta kontrolatzeko. Lan-osasunak erabat lehentasunezkoa izan behar du lantokietan.

Kirol jardueretako langileek bertan behera utzi dituzte lanuzte partzialak, Gasteizko Udalarekin gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren

0

Arabako kirol-jardueren sektoreko langileek, Gasteizko Udaleko Kirol Sailaren gutxieneko konpromiso batzuk lortu ondoren, eta sorospen-zerbitzuari eta kirol-jarduerei eragiten dien gatazkan enpresekin egingo duten bitartekotza lortu ondoren, abuztuaren 10etik egiten ari ginen lanuzte partzialak bertan behera uztea erabaki dute.

Horrek ez du esan nahi gatazka amaitu denik, eta are gutxiago arazoak konpondu direnik. Borondate oneko keinu gisa, batzarrean erabaki dute lanuzteak bertan behera uztea, Kirol Departamentuak atzoko bileran hartutako konpromisoak bete ditzan.

Alde batetik, Udalak enpresa esleipendunei eskatuko die igerilekuak ireki eta ixtearekin lotutako segurtasun lanak bete ditzatela, kontratuaren arabera. Era berean, udako errefortzuko langileei aurrez jakinarazteko epeak betetzeko eskatuko dio enpresa esleipendunari.

Bestalde, kirol-jardueren programazioari dagokionez, udalak konpromisoa hartzen du egindako programazioan ekarpenak jasotzeko, hobetzeko eta, horrela, ahalik eta ikastaro gehien ez galtzeko. Era berean, COVID-19 pandemia desagertzen denean, azken urteetako ohiko programaziora itzultzeko konpromisoa hartu du.

Dena den, datozen egunetan Udalak ez baditu plantillekin hartutako konpromisoak betetzen eta arazoa behar bezala konpontzen ez bada, iragarri nahi dute irailaren 1etik aurrera greba orokorra hasiko dugula sektore osoan. Langileek adierazi dute nekatuta daudela bai udalak eta bai enpresa esleipendunek elkarri pilota pasatzen diotelako.

Langileen helburua da lan-baldintza duinak izatea eta sektorearen prekarizazioa saihestea, baita gasteiztar guztiek aisia- eta kirol-zerbitzuak baldintza egokietan, kalitatezkoak, erakargarriak eta seguruak izatea ere. Borondatearekin akordioa posible dela uste dugu; euren eskua luzatuta dago.

Kontrol zorrotza eskatzen dugu COVID-19a dela-eta egindako aparteko orduak ordaintzeari begira

Nafarroako Gobernuak abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretua onetsi berri du, COVID-19ak eragindako pandemiarekin zerikusia duten hainbat alderdi arautzen dituena. Bertan, besteak beste, onartzen da krisialdian egindako aparteko orduak ordaintzea dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen duten langileei, orain arte bateraezina baitzen. LABetik eskatzen dugu ordu horiek ahalik eta gehien kontrolatzea, esker oneko urdailei ordaintzeko zirrikitu bat izan ez dadin.

Aitortzen dugu osasun-krisialdi honetan langile publiko ugarik aparteko lana egin dutela. Langile horiei eskerrak eman nahi dizkiegu egin duten ahaleginagatik, eta zuzena iruditzen zaigu behar bezala ordaintzea ahalegin hori.

Foru lege-dekretuaren zioen azalpena irakurrita, imajinatzen dugu helburu nagusia dela Administrazio Erroko fakultaboei ere ordaintzea Osasunbideko fakultatiboek kobratzen duten produktibitate-saria (hau da, aparteko orduak), eta, hala, gertatzen den konparaziozko bidegabekeria hori ezabatzea, nahiz eta arauaren artikuluetan ez diren lanpostu zehatzak aipatzen.

Dedikazio esklusiboaren osagarriaren esleipena administrazioko langileen artean hautsak harrotzen dituen gaia da. Langile horiek aparteko orduak kobratu ahal izateko aukera zabaltzea kontu delikatua izan daiteke, nahiz eta bide hori COVID-19aren ondorioz ireki.

Gaur egun, 351 pertsona dira Foru Administrazioan dedikazio esklusiboaren osagarria kobratzen dutenak. Foru lege-dekretua idatzita dagoen bezala, 12. artikuluan, ez da bereizketarik egiten langile horien guztien artean, eta denek aparteko orduak kobratzeko bidea irekitzen du.

LABen iritziz, oso zorrotz eta gardenki jokatu behar da kontu horrekin, eta langile guztiei aitortu behar zaie egindako aparteko lana. Baina, aldi berean, aitortu behar dugu ez garela fidatzen nagusi batzuek egin ditzaketen justifikazioekin.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu bidal diezagutela ordainsari hori jasoko duten langileen zerrenda eta bakoitzaren diru-zenbateko zehatza, baita kobraketa justifikatzen duen arrazoia ere.

Zaldibarreko zabortegiko heriotzen erantzukizun publiko zein pribatuak argitzea eskatzen dugu

Une latz hauetan, identifikatua izan den Alberto Sololuzeren eta desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senitarteko eta gertukoei bere babes eta elkartasun guztia helarazi nahi die LABek.

Otsailaren 6an desagertu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran Zaldibarreko Verter Recycling-eko zabortegian, berau hondoratu zenean. 6 hilabete eta 10 egun desagertuta eman ondoren, gaur identifikatu dituzte azken egunotan zabortegian aurkitutako gorpuzkinak eta baieztatu dute Alberto Sololuzerenak direla. Ezer baino lehen, LAB sindikatutik, gure doluminak, babes eta elkartasun guztia helarazi nahi diegu haren familia eta hurbilekoei. Berdin, oraindik desagertua jarraitzen duen Joaquin Beltranen senide eta gertukoei ere. Hura aurkitu arte, bilaketa lanekin jarraitzea eskatzen dugu behar diren baliabide guztiekin,.

Lehen momentutik kalean izan gara kasua argitzea eskatzeko. Zabortegian bertan ere izan ginen, han entzundako azalpenek ez gintuzten asetu, eta han ikusitakoak (hondamendiaren dimentsioa, bilaketa lanetan zebiltzan langileen baldintzak…) gure susmoak konfirmatu egin zituzten.

Hasieratik eskatu dugu langileak aurkitzea, eta garrantzitsua da gorpuak berreskuratzea, gehiago familia eta ingurukoentzat. Baina afera hau ez da hor amaitzen, hasieratik esan izan dugun moduan, erantzukizunak argitzea eta azken ondorioetaraino iristea ere ezinbestekotzat jotzen dugu. Inplikatutako agente guztien erantzukizuna argitzea eta herritarron osasuna bermatzeak ezinbestekoa izaten jarraitzen du.

Argi dago Verter Recycling enpresak erantzukizun zuzena duela hildako eta desagertutako langileen gainean eta oro har, zabortegian eman den hondamendiaren aurrean. Hala ere, erantzukizun horiek ezin dira soilik eremu pribatura mugatu, izan ere, administrazio publikoak, eta kasu honetan Iñigo Urkulluk, bere lan-istripu eta langileekiko indiferentziarekin, zuzendutako Eusko Jaurlaritzak eta Iñaki Arriola sailburuak, ardura politiko zuzena dute Zaldibarren gertatukoaren inguruan. Are gehiago kontuan hartzen badugu enpresaren eta hainbat kargu politikoen artean dagoen harreman pertsonal eta zuzena. Hasieratik Eusko Jaurlaritzak afera eremu pribatura mugatu nahi izan duen arren, hari dagokio zabortegien kontrola eta ikuskaritza.

Sololuzeren heriotza baieztatuta, dagoeneko 46 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak. Izan ere, abuztuaren 17an USOA enplegu zentro bereziko langile bat hil zen lan-istripu ez traumatiko batean.

2019an lanean hildako langileen kopurua (46) lortu dugu abuztu erdian. Eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian. Koronabirusaren testuinguruan jarduera ekonomikoak izaniko geldialdiak eta ondotik eratorritako krisialdi ekonomikoak ere ez du gelditu lanean hildakoen odolustea. Eta oraindik lau hilabete baino gehiago falta dira urtea amaitzeko.

Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, ekonomia eredu zehatz batek ezartzen dizkigun lan baldintzen ondorio baizik, eta Zaldibarrekoa bereziki, sistema kapitalista ekozidaren erakusgarri garbia da. Horrela, berebiziko garrantzia du gertatutakoaren inguruan erantzukizunak argitzeak. Honekin lotuta, salagarria da administrazioek orain arte garatu duten pribatizazio politika. Ekonomia jarduera estrategikoak publikoak izan behar dira.

Ekimen ugari egin izan da azken sei hileotan langile bi hil zituen istripua argitzea helburu hartuta, langileak, osasuna eta erantzukizuna kontuan hartuko dituen konponbidea lortzeko.

Mobilizazioak eta herri erantzunak beharrezkoa izaten jarraitzen du horrelako gertakariak onartzeko prest ez gaudela adierazi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu bateranzko trantsizioa indartzeko.