2026-04-12
Blog Page 502

Protokolo espezifiko eta eraginkorrak exijitu ditugu indarkeria matxistarekin amaitzeko

Indarkeria Matxistaren kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Hala, LABek mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste eskualde batzutan, “indarkeria matxista identifikatu, salatu eta borrokatu!” lemarekin. Donostian, LABeko Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta indarkeria matxistaren aurkako protokoloetan jarri nahi izan du arreta.

Hain zuzen ere, azken datuen arabera, indarkeria matxistak gora egin du hilabete hauetan. Bizi dugun salbuespenezko egoerak argi uzten du jendarte gisa dugun askatasun-murrizketa, non argi eta garbi baiezta baitezakegu emakumeok pandemia honen ondorio zuzenenak pairatuko ditugula eta jasango ditugula. Gure bizitzaren prekarizazioa etengabea da eta egoera honetan intentsitate handiagoz gertatzen da.

Indarkeria matxista egiturazkoa da. Sistema patriarkalak emakumeok eta sexu-genero arauarekiko disidenteak garen pertsonak egokitu nahi diguten mendeko lekuan mantentzeko duen moduetako bat da. Eremu guztietan ematen da: ostalaritzan, lantegietan, udaletan, garbiketan, Eusko Jaurlaritzan, nekazaritzan, etxeko lanean, nagusien egoitzetan, supermerkatuetan, etxez etxeko laguntzan, edozein bulegotan, merkataritzan, garraioan, baita gure erakunde eta sindikatuetan ere. Ezkutuan gelditzen da hainbat arrazoiengatik: kontzientziazio falta, protokoloen falta, beldurra, enpresen jarrera matxista, berme gutxi erreparaziorako, emakumeon hitza kolokan jartzea, enplegua galtzeko beldurra, botere harremanak…

Guztion ardura da baliabide eta mekanismo guztiak martxan jartzea, baina, noski, erantzukizun guztiak ez dira berdinak. Guk gure barrura begira indarkeria matxista identifikatzeko eta borrokatzeko medio guztiak jarri ditugu, erreparazioan, ez zigortzailean eta erantzun komunitarioan oinarritzen den protokolo berri bat eginez.

Lan-arloan, enpresari dagokio horrelako indarkeriak prebenitzeko eta, behin gertaturik, aurre egiteko eta erreparatzeko mekanismo horiek erabiltzea. Horregatik, aurtengo azaroaren 25ean,  protokolo espezifikoak eta eraginkorrak abian jartzeko exijitu dugu Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan, sektore ezberdinetako enpresak, patronalak eta instituzioak interpelatuz.  Indarkeria matxistarik gabeko lantokiak nahi ditugu.

A25. Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna

PCBk 136 kaleratze proposatu ditu EEEaren negoziazioaren lehen bileran

Gaur, PCBren zuzendaritza, pauso bat harago joan da ITP taldean ematen ari den kaleratzeen bidean. Duela hilabete gutxi ikusi genuen epaitegiek atzera bota zutela ABEEEa eta, orain, zuzendaritza erasora dator berriro PCBko langileen kontrako neurri basati honekin.

136 kaleratze hauek, honezkero egin diren 117ekin, 253 kaleratze suposatzen dituzte Barakaldo eta Sestaoko lantegietan urtea amaitu aurretik.

EEEa berehala bertan behera uztea exijitzen du LABek, argi dugulako krisi koiuntural honek ezin dituela egiturazko neurriak ekarri.

Amaitzeko, langileak animatu nahi ditugu gehiegikeria honi aurre egitera eta dei egiten diegu borrokan tinko egin dezatela, euren lanpostuen alde eta neurri hauekin arriskuan egon daitekeen lantokien bideragarritasunaren alde.

Azkenik, galdera nahiko genuke non dagoen Eusko Jaurlaritza eta ia Ezkerraldeko enpresa handienetako bat arriskuan egon ahal izatea ahalbidetuko duen.

[IRITZIA] “Azaroak 25: pandemiak Osakidetzan”

Lurdes Barragan, Osakidetzako LABeko Emakume arloko arduraduna.

Osakidetzak %80 emakume ditu bere plantillan, gaur egun COVIDen aurka borrokatzen lehen lerroan, eta pandemia horri aurre egiteko behar bezala babestuta ez egoteaz gain, babesik gabe jarraitzen dute berdintasunaren aldeko borroka zahar honetan. Izan ere, gelditzen ez den bizitza honetan, dena ez da koronabirusa, hori eta konpondu gabeko betiko arazoak dira.

Baliabide eta langileen urritasuna eta lidergo eta antolaketa faltak lan-ingurunea gero eta aurkakoagoa bihurtzen ari dira.

Ez gobernatzen gaituena, eta are gutxiago Osakidetza, ez dira egon eta ez daude prestatuta errealitateari aurre egiteko: emakumeak bizitzari eusten, ordaindutako zaintzaren edo ordaindu gabeko zaintzaren mende dagoen bizitza horri. Zaintzen ez den kontu hori.

Erantzunkidetasuna edo kontziliazio-eskubidearen aldeko neurriak partxeatu egiten dira, eta gizonen eta emakumeen arteko soldata-arrakala areagotzen baino ez dute laguntzen;  Osakidetzan, %24koa da emakumeen aurkako arrakala. Euskal enpresa publiko handieneko langileek babesgabetasuna pairatzen dute desberdintasunaren aspaldiko pandemiaren aurrean.

Enpresa honek ez du Berdintasun Planik. LAB hasieratik borrokatu da eta ekarpenak egiten aritu da, araudia betetzeko soilik ez den plan bat ateratzeko ahaleginean, hori bait da, zoritxarrez, ohikoena. Zirriborroek hainbat urte daramatzate trastelekuan, berrikusi eta baztertu egiten dira Berdintasun sailetik buruzagitza desberdinak igarotzen diren heinean; zirriborro bat han hemen… Osakidetzako Berdintasun Plana marmotaren egunarekin konpara dezakegu.

Komikoa izango litzateke, ez balitz izango gertaera horrek eta sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko protokolo espezifikorik ez izateak, beste gabezia batzuen artean, kasuistika onartezinak uzten dizkigulako, esate baterako, langileek salatutako jazarpenak egotea, epaitegietan ebazten diren bitartean, salatzaileek, oro har, beren lanpostua lekuz aldatzea eskatzeko prest dauden laneko baja hartzea eragiten dutenak, kasu askotan ustezko jazarleek beren lekuetan lasai lan egiten jarraitzen duten bitartean. Ez nahastu, ez da erruduna babestu behar, errugabetasun-presuntzioa babestu behar da!

Zer egiten du Osakidetzak? Nola babesten ditu salatzaileak? Bada, beti bezala: eskuak garbituz, inolako erantzukizunik bere gain hartu gabe, batzuetan auzibidean dagoela argudiatuz (nahiz eta barneko administrazio-prozesua geldiarazten duen, demandatuaren aurkako prebentzio-neurriak hartzeko aukera dago); beste batzuetan, berriz, gatazken-konponbide auzi gisa kudeatuz.

Urte luzez beste aldera begiratzeak sortutako amnesiak gertaera horiek beren antolaketan, egituran, gertatzen direla ahaztarazten die. Lankideen arteko gatazka gisa ezkutatzea indarkeria-mota hori EZ IDENTIFIKATZEA, EZ SALATZEA ETA HORREN AURKA EZ BORROKATZEA DA.

Osakidetza zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta sarriegi erakusten digu bigarrenaren pisua lehenarena baino handiagoa dela; izan ere, berdintasun-plana eta sexuagatiko indarkeriaren aurkako protokoloa edukitzeko derrigortasunari buruzko legeak ez betetzera ausartzen da. Baina gogorarazi nahi diegu, beste edozein enpresak bezala, jazarpen-jokabideak edo antzekoak prebenitzeko, egiaztatzeko eta zuzentzeko mekanismoak sortu behar dituela, eta ez lukeela etsipenera eraman behar jazarpen jarduerak salatu nahi dituen langilea.

Jokabide horiek gizartean sortzen duten alarma soziala eta Osakidetzaren ekintzarik ezak biktimei eragindako kalte morala salagarriak dira. Jakina, ezer gutxi espero daiteke berdintasunari buruzko prestakuntzarik gabeko zuzendaritza batean egituratutako erakundetik, hau da, berdintasunari buruz hitz egiteko lehenik desberdintasunei eta genero-indarkeriari buruz hitz egin behar dela ulertzeko gai ez den erakundetik. Ez da eredu bat gizartearentzat, ezta pazienteentzat ere. Eta ez dugu nahi infantilizatuko gaituen neurririk, horretaz arduratzen baita jada Eliza eta haren segizioa.

Noiz arte salatzailearen babesgabetasuna eta estigmatizazioa, tratu txarrak ematen dituenaren zigorgabetasuna, erru guztien gaineko administrazioaren absoluzioa?

Argi dago Berdintasun Plan bat edo hainbat protokolo izateak ez duela gizarte honetan egiturazko arazo bat konponduko, baina benetan lagungarria EZ dena da Plan eta potrokolo horiek ez edukitzea. Eta horiek ditugunean, aktibatu ditzagun, amaitu dezagun indarkeria eta diskriminazio mota guztiekin.

Nekatuta gaude beti gu eta gure bizitzak baino lehentasunezkoagoa den zerbait egoteaz.

Pediatriak eta Psikiatriak azpiegitura duinak behar dituzte Nafarroan

Pandemiak eta pandemia dela medio Ospitalegunean dugun egoerak lotsagarri utzi dute Nafarroako osasun sistema, eta agerian gelditu da zenbait zerbitzuren azpiegiturak eskasak eta zaharkituak daudela,  hala nola Pediatria eta Psikiatria. Horregatik, LABek berriz ere eskatzen du premia larri horiei erantzuteko.

Datorren urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak adostu ondoren, zuzenketak egiteko unea iritsi da. LABek aukera aprobetxatu nahi du Ospitaleguneko azpiegituretan arreta jartzeko; bereziki Pediatria eta Psikiatria zerbitzuetan, azpiegitura espezifikorik ez dutelako edo zaharkituta daudelako.

Ospitaleguneko Pediatriako zainketa intentsiboen egoera larria da. Azpiegitura eta espazio egonkorrik gabe, pandemia honetan “inolako arazorik gabe” nonahi eta noiznahi birkokatu zitekeen komodina izan da. Egia da une honetan lehentasuna dutela pandemiak eta Covid-19agatik ospitaleratutako pertsonek, baina hori ez da aitzakia kolektibo horrekin arinkeriaz jokatzeko, talderik ahulenetako bat baita.

Planifikazio faltaren ondorioz (baita bigarren olatu honen aurrean ere), hainbat osasun zerbitzuk gainezka egin dute; horregatik, zenbaitetan, inprobisazioan jardun behar izan dute, batez ere Covidek ospitaleratutakoentzat ZIUko oheak prestatzeari dagokionez, kasu horiek larriagoak baitziren.

Kolektibo kaltetuenen artean ditugu ZIU pediatrikoa behar zuten adingabeak eta haien familiak. LABek urteak daramatza modulu horretarako azpiegitura eta espazio egonkorrak eskatzen. Eta orain, osasun krisia eta kutsatze oldea direla eta, inoiz baino nabarmenago geratu da eskaera historiko hori gauzatzeko beharra. Aski da adin txikiko ahulenak eta haien familiak zorabiatzeaz! Nahikoa da! Bukatu behar da Ospitalegunean eskaini beharko liratekeen zerbitzu horiek beste ospitale batzuetara bideratzea!

Horiekin batera, beste zerbitzu batean ere  jarri nahi dugu arreta: Psikiatria zerbitzuan. Zerbitzu honetako azpiegiturak erabat zaharkituta daude, eta ez daude gure langileen beharren eta prestakuntzaren mailan.

Horrela, bada, LABek eskatzen die Foru Parlamentuko kideei Nafarroako herritarren behar horiek kontuan har ditzatela eta, aurrekontu hauek ematen dieten aukeraren bidez, ekin diezaiotela azpiegitura duinak eta kalitatezkoak atontzeari, bai Pediatriako ZIUrako, bai Psikiatria zerbitzurako. Haien esku dago Nafarroako osasun sistemak aspaldian zuen kalitatea berreskuratzea; guk hemen proposatzen ditugunak aurrerapauso txikiak dira kalitate hori lortzeko.

Matriceria Deusto eta GTSk kaleratzeak egingo dituztela jakinarazi dute

Gestamp Taldeak jakinarazi digu akordio gabe amaitu zen Enplegua Erregulatzeko Espedientea aurrera eramateko borondatea duela. Hortaz, kaleratzeak egingo dituela GTS eta Matriceria Deusto enpresetan. Birkolokazio gutxi batzuk egongo dira, baina langile gehienak kalera joango dira. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu multinazional gupidagabe honek kaleratuko dituen eta borroka eredugarria egin duten langileei. Ahal zuten guztia egin dute, eta ez dute instituzioen babesik jaso. LABentzat lotsagarria da Gestampek hartu duen erabakia eta salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera prozesu honetan.

Non gelditu dira lehendakariaren hitzak esanez diru publikoa jaso duten enpresetan onartezina dela kaleratzeak egiteko erabiltzea? Gestampi txantaia eta mehatxua erabiltzea erraztu dio Eusko Jaurlaritzak. Ordainsari handiago Lan erreforma muga gabe erabiltzeko aukera duten bitartean, deslokalizazio eta desindustrializazio prozesuak ugarituko dira.

Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman dituzte euren aldarrikapenak greba mugagabean dauden Enviser-eko langileek

Enviser Servicios Medioambientales Ecovidrioko langileak Bizkaian beira jaso eta birziklatzeaz arduratzen dira, eta, urrian, greba eta mobilizazioekin hasi ziren enpresak uko egiten zielako lan-baldintza duinak aitortzeari. Langileek urtebete daramate enpresari lan-baldintza duinak eskatzen.

Gaur egun, Estatu mailako hitzarmena dute (hondakin eta bigarren mailako lehengaien berreskurapen eta birziklaia), 816 euroko soldatekin. Gainera, enpresaren beharrizanen arabera egiten da lan.

Enpresak erakutsitako borondate falta eta negoziazioan dagoen blokeoaren aurrean, azaroaren 2an, borroka gogortzea erabaki eta greba mugagabean hasi ziren.

Gaur, moblizazioa egin dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusien egoitzaren aurrean. Hain justu, instituzio honetan, euren lan-gatazkaren gaia landu da gaur.

Herri akusazio bezala, beste bultzada prozesal bat eman diogu Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoetako filtrazioengatik irekitako auziari

Eztabaidaezina da Osakidetzako zuzendaritzaren inplikazioa bezero-sare horretan, eta azken honen gune operatiboa gero eta garbiago ikusten da. Horregatik uste osoa dugu Osakidetzako Zuzendaritzak LEP honetan legez kanpoko antolaketa-delitu bat egin zuela.

Instrukzio-epaileak gure zerbitzu juridikoek egindako eskaera guzti-guztiak onartu ondoren, azken egunotan Osakidetzari eskatutako informazioaren zati bat jaso dugu, besteak beste.

Hala, bultzada berri honetan, lau gairen berri eman nahi dugu:

1.- “X” Oposiziogilea.

Kirurgia Plastikoko espezialitate medikoko bi azterketak (teorikoa eta praktikoa) egin ondoren, aurkeztutako oposiziogileek bi ezusteko izan zituzten. Lehena, oposiziogile batek, “X oposiziogilea”, probako egilearekiko familia harreman ezagunak zituena, argitaratutako notetan agertzen ez zela da, azterketetan berarekin bat egin zuten arren. Gai horrek nahasmena sortu zuen eta filtrazioei buruzko susmoak zabaldu ziren, eta oposiziogileren batek ere epaitegian salaketa jarri zuen.

LABek lortutako dokumentazioan agertzen denez, 2018/05/20an, azterketak egin zituenetik bi egun igaro ondoren, “X oposiziogileak” 14:29an, eta “hotmail” posta elektroniko batetik (ez zen bere posta korporatiboa) mezu elektroniko bat bidali zion IVAPeko arduradun bati, adieraziz “uko egiten ziola abian zen LEPari dagokion Kirurgia Plastikoko espezialitateko hautaketa-prozesuarekin jarraitzeari, kontu pertsonalak eta familia-arlokoak zirela eta”. IVAPeko arduradun horrek, 14:30ean, mezu hori berbidali zien IVAPeko zuzendariari (Maite Iruretagoiena) eta Juan Carlos Sotori (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaria).

Hala ere, “X oposiziogileak” ez zuen eskabidea formalizatu 2018/05/24ra arte (osteguna). Egun horretan, Osakidetzari zuzendutako eskuizkribu bat aurkeztu zuen, oraingoan bai, Osakidetzari erregistro ofizial batean aurkeztutako eskabidearen bidez. Erregistroko arduradunak eskaera bidali zion Miriam Apariciori 2018/05/24an bertan, 13:20an, eta, horrela, 2018/05/28an (astelehena) Juan Carlos Sotok 522/2018 zenbakiko Ebazpena sinatu zuen, uko egiteko eskaera berretsiz, eta, “X oposiziogileak” eskatutakoaz gain, “uko egite hori onartu egin zuela jakinarazi zion Epaimahai kalifikatzaileari, eta edozein jarduketa edo argitalpen egiteko honen inguruan”. Horrela, “X oposiziogilearen” kalifikazioak ez ziren agertu gainerako oposiziogileen kalifikazioekin batera.

Oposiziogileek jaso zuten bigarren ezustekoa izan zen argitaratutako 19 emaitzetatik 5 baino ez zeudela gaindituta, eta kalifikaziorik onena 58 puntukoa izan zela.

LABek eskatuta jasotako dokumentazioaren arabera, “X oposiziogileak” 72 puntu lortu zituen.

2.- Kardiologia

Kategoria horretan 22 plaza eskaintzen ziren, eta 22 nota perfektu egon ziren. Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendaritzako kideek Loma Osorio Doktorearekin (kardiologiako salatzailea eta epaimahaiko kidea, epaimahaikideetako 4 kidek proba praktikoa filtratzeko asmoa zutela ohartarazi zuena) izandako bileraren akta jaso dugu. Akta hori benetako zentzugabekeria inkongruentea da, eta Osakidetzako arduradunek epaitegian horren berri eman dezaten saiatuko gara.

3.- Traumatologia

Traumatologiako espezialitatetik jasotako dokumentazioak ere susmoak biderkatzen ditu kategoria batean, non kointzidentzia deigarria dagoen kalifikazio onenak lortu zituzten pertsonen kokapen profesionalaren eta epaimahaiko kide baten lan kokalekuaren artean.

Espezialitate honetan ikusi dugunez, azterketa egin baino egun batzuk lehenago Astoria Hotelean bilera batera joan ziren bokalei (epaimahaiburuari eta idazkariari ezer jakinarazi gabe), “kargu-hartze” batekin baino ez zitzaien zigortu.

4.- Deklarazio berriak

Epaitegiak Neurokirurgia Epaimahiko presidentearen deklarazioa finkatu du abenduaren 7rako, eta, ondoren, beste hiru lekukoren deklarazioa. Abenduaren 9an beste lau lekuko deklaratzea aurreikusten da; deklarazio hauek guztiak LABek eskatuta egingo dira.

‘Black Friday’ egunean Ernairekin mobilizatuko gara Iruñean, gazte langileen prekaritatea salatzeko

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek agerraldia egin dugu gaur, Decathlon enpresak Berriozarren duen saltoki handiaren parean, gazte langileen prekaritatea salatzeko ortzirale honetan Iruñean mobilizatuko garela iragartzeko. LABek eta Ernaik adierazi dugu Black Friday eta gisako ekimen kapitalistek kontsumismo basatia sustatzen dutela eta milaka langile gazte, emakume eta migratzaile “erabili eta botatzeko langile” bilakatzen dituztela.“Bizi-baldintza eta lan-baldintza tamalgarrien sinonimoa da Black Friday”, adierazi dugu. “Erabateko behin-behinekotasuna dakar, partzialtasuna, estaldurarik eza eta gizarte-prestaziorik eza. Etorkizun beltzera kondenatzen gaitu. Baina gu etorkizuna argitzera goaz”.

“Etorkizuna argitzera goaz” lelopean, beraz, mobilizatzera deitu ditugugazte langileak LABek eta Ernaik. Hitzordua azaroaren 27an izanen da, 19:00etan, Iruñeko Entzierroaren monumentuaren parean, Karlos III.a etorbidean.

LABek eta Ernaik salatu dugunez, gazte langileen Nafarroa Garaiko langabezia datuak gero eta tamalgarriagoak dira. Urriko datuen arabera, 2020ko otsaileko datuekin alderatuta, 25 urtetik beherako 1.331 gazte gehiago daude lanik gabe; horrek erran nahi du % 42ko igoera izan dela; denetara, Nafarroan 25 urtetik beherako 4.515 gazte daude langabezian. Bertzetik, aipatzekoa da langabeen erdiek 35 urte baino gutxiago dituztela; 35 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa % 20,2koa da -hau da, bortzetik bat langabezian dago- eta behin-behinekotasun tasa %52,4koa dela.

Black fridayeta gisakoek, ordea, ez dituzte halako zenbakiak zuzenduko, LABen eta Ernairen ustez. “Black Friday ez da egun soil bat, aste oso bat baizik, mugarik gabe kontsumismoa ospatzeko, gure bizitzak eta emozioak diruaren eta kontsumoaren bidez merkaturatzeko. Beste era batera esanda, alde batetik, multinazional handien (Media Markt, El Corte Ingles, Amazon, Inditex, …) diru-sarrerak mugarik gabe handitzeko estrategia kontsumista bat da, merkataritza txikia suntsituz. Bestetik, gure bizi-erritmoa bizkortzea. Gero eta denbora gutxiago dugu atseden hartzeko, gozatzeko eta zoriontsu izateko. Denbora guztia lan egiteko eta kontsumitzeko erabiltzen dugu”.

“Black Friday, beraz, dirua eta kontsumoa da, gutxi batzuentzako mozkinak handitzea”, esplikatu dugu LABek eta Ernaik. “Neoliberalismoa da, kapitalismoa. Gure lanen prekarizazioa dakar, berez, lan-baldintza kaskarrekin. Gainera, eragiten duen kontsumismoak bizitza- eta lan-erritmo onartezina ezartzen digu, eta horrek gure atsedena eta gure familiekin eta lagunekin izan nahi dugun bizitza baldintzatzen du”. Hari horri tiraka, LABek eta Ernaik Nafarroako Gobernua eta enpresaburuak kritikatu ditugu igande eta jaiegunetan irekitzeko 2021eko egutegia egun bat luzatzea adostu dutelako. “Bost axola zaizkie zaie gure osasuna, kontziliazioa, atsedena eta lan-baldintzak”.

Sindikatuok greba dinamikari hasiera emango diogu Haurreskolak Partzuergoan

Hauxe da LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon oharra, gaur egindako greben erregistroaren harira osatua:

Aurrekontu faltagatik Haurreskolak Partzuergoan indarrean dugun Lan Hitzarmena eta sinatuta dauden akordio desberdinak ez dituela betetzen onartu zuen Zorione Etxezarraga Partzuergoaren gerenteak Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean pasa de astelehenean, hilak 16.

Gauzak horrela, ikasturte honetan oraindik mahai negoziatzailea deitu gabe jarraitzen dute, Hezkuntza saileko ordezkariaren zain dago gerente dugun Zorione Etxezarraga anderea, Bildarratzen Hezkuntza sailak albo batera utzi gaitu. Pazientzia agortu zaigu.

0-3 hezkuntza-zikloaren garrantziaren aitortza eskateaz gain, jaiotzatik hezkuntza-eskubidea aldarrikatzen dugu eta, horregatik, Haurreskolak Partzuergoaren erabateko doakotasuna eta sarbide unibertsala bermatzea eskatu ditugu.

Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen eta akordio desberdinak ez dira betetzen ari, eta, ondorioz, haur hezitzaileon eta kudeaketako langileen lan baldintzak okertu eta zerbitzuaren kalitatea kolokan jarri dira.

Irakaskuntza publikoko gainontzeko kolektiboetan lan-hitzarmen berrien negoziaziorako atea zabaldu denean, gurean oraindik aurrekontuek mugatuta gaude. Horrela, gure eskubideak zapalduta ikusten ditugu egunero eta, bitartean, Eusko Jaurlaritzak Haurreskolak Partzuergo publikoaren etorkizuna kolokan jartzen du.

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoaren aurrekontua handitzeko momentua dela azpimarratu nahi dugu. Era berean, Zorione Etxezarragaren dimisioa eta Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena exijitzen ditugu: bada garaia Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua arduraz jokatzen hasi eta dagokion erantzukizuna bere gain hartzen hasteko.

Egoeraren larritasuna kontuan hartuta, haurreskoletako langileoi mobilizazioekin jarraitzea eta sakontzea beste biderik ez zaigu geratu. Momentuz abendurako bi greba-egun deitzea adostu dugula, abenduaren 10 eta 16an, honako aldarrikapen hauen baitan:

Haurreskolak Partzuergoaren gerenteari,
– Lan-hitzarmen eta akordio desberdinak berehala betetzen hasteko konpromisoa har dezala: desplazamendu gehiago ez gauzatu, aparteko orduen erabilerarekin bukatu, ordezkapenak bete, e.a.
– Hezkuntzako beste sektoreetan bezala, Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abian jartzeko konpromisoa.

Eusko Jaurlaritza eta Hezkuntza Sailari,
– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen NBEen horniketan Haurreskolak Partzuergoa sartzea
– Haurreskolak Partzuergoaren integrazioa Hezkuntza Sailean.
– Hurrengo urteko aurrekontua handitzea Legebiltzarrak eskatutako doakotasunean urratsak emateko, lan-hitzarmen eta akordioak bete ahal izateko eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatu ahal izateko.