2026-01-28
Blog Page 502

Eskola jantokietako sindikatuok Nafarroako Gobernuari eta sektoreko enpresei eskatu diegu neurriak har ditzatela lanpostuen galera arintzeko

Nafarroako eskola jantokietako hainbat langilek, sektorean ordezkatuta dauden lau sindikatuen deiari erantzunez -LAB, UGT, ELA eta CCOO, ordezkaritzaren arabera ordenatuak-, gaur Iruñean elkarretaratzea egin dute, Hezkuntza Departamentuaren aitzinean, eskoletan eskolaldi jarraitua ezartzearen ondorioz lanpostu asko galdu direlako protesta egiteko, eta Nafarroako Gobernuari zein sektoreko enpresei eskatzeko neurriak har ditzatela lanpostuen galera hori ahal den neurrian arintzeko, oso sektore feminizatuan eta prekarizatua baita.

Ikasturte honetan, eskola jantokietan pandemiaren ondorioz ezarri diren osasun-segurtasuneko neurrien ondorio latzak jasaten ari gara. Eskolalaldi jarraitua ezartzeko moduak umeen kopurua nabarmen jaistea eta jantokiaren iraupena murriztea ekarri du, eta horrek lanpostuak galtzea eta langileen ordutegia murriztea ekarri du.

Era berean, Covid-aren aurkako prebentzio-neurri horien ondorioz, nabarmen igo dira jantokiko prezioak, eta familiek bizi duten egoera kontuan hartuta, ume kopurua jaitsi egin da berriz, nahiz eta horrek bateragarritasunerako zailtasun handiak ekarri. Gainera, informazioa emateko modua dela-eta, familiek beldurra eta zalantzak izan dituzte seme-alabak ikastetxean eta jantokian sartzeko.

Eskola jantokietako matrikulazioa beste ikasturteetakoa baino %40 txikiagoa izaten ari da, eta horrela jarraituz gero, emakume askok ez dakite ziur haien lan etorkizuna nolakoa izango den. Hori dela eta, Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu neurriak har ditzala egoera horri buelta emateko eta sektore horretan lanpostu galera handiak eta sortuko diren baldintzak saihesteko.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuari eta sektoreko enpresei eskatzen diegu neurriak har ditzatela lanpostu galera hori ahal den neurrian arintzeko, sektore hori berez prekarioa baita, partziala eta oso feminizatua. Familientzako laguntzak eman behar dituzte jantokiko kuotaren igoerari aurre egin ahal izateko; eta familiekiko komunikazioa indartu behar dute, jantokietan seme-alaben segurtasuna mantenduz eta bermatuz, eta sektoreko langileen profesionaltasunari balioa emanez.

Bizitza duinen alde antolatu eta kapitalismoaren izurriteari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara Biltzar Artekoan

0

Barakaldoko BECen egingo dugu, urriaren 8an, sindikatuaren lehen Biltzar Artekoa. LABen 40 urtetik gorako historian, sindikatuaren lehen Biltzar Artekoa izango da, 2017ko maiatzean Gasteizen egindako 9. Biltzar Nagusian hala erabakita. Hain zuzen ere, Biltzar Nagusian hartutako erabakien nondik norakoen berri eman zein hartu ziren konpromisoen deboluzio ariketa bat izango da Barakaldoko hitzordua, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak hedabideen aurrean egindako agerraldian azaldu bezala. Aurrera begirako ildoek ere tarte nabarmena izango dute: bizitza erdigunera eramateko alternatiba estrategikoa berretsi, eta  eredu aldaketarako baldintzak sortu; kontrabotere sindikalismoa indartu, ekintza soziosindikal integrala praktikan jarrita; aldaketa sozialak gauzatzeko aldaketa politikoak eragin; eta sindikatu eraldatzaile moduan indartu.

Pandemiak areagotu duen krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, LABen ekarpena zein izan behar den eztabaidatu eta erabakiak hartzera goaz urriaren 8ko Biltzar Artekoan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “apustu estrategikoan berresten gara, bizitza erdigunera eraman behar dugu. Sistema kapitalista berreraiki ez, eredu aldaketa behar dugu. Sistema kapitalista berreraikitzea prekarietate eta pobrezia gehiago da, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea da, zaintza lanen arazoari irtenbidea ez aurkitzea da, planteta suntsitzen jarrraitzea da”.

Hala, norabidea aldatu behar dela nabarmendu du: “Eredu ekonomiko eta sozial berrira eramango gaituen trantsizio ekosozialista eta feminista behar dugu”. Eta eredu berri hori hemen erabaki nahi dugu. Eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eskutik doaz.

Hain zuzen ere, eredu aldaketa behar dugu langileok. Kapitalismoa ez da jasangarria, ez ikuspegi sozialetik, ez ikuspegi ekologikotik ere. Eredu aldaketa horretarako aukerak daude. Zentzu honetan, Biltzar Artekoaren aurkezpen agerraldiarekin irudikatu nahi izan duguna da badagoela partida jolasteko eta irabazteko aukera; alegia, partida hori xake partida modukoa izango dela.

Aurrez aurre gaude alderdi sistemikoek eta patronalak osatzen duten binomioa eta langileak. Partida gogorra izango da. “Xakea zerbait bada, estrategia jokoa da. Eta horrelaxe ikusten dugu momentua, xake partida baten modukoa. Xakean garrantzitsua da norberaren jokaldiak aurrez ongi pentsatzea, baita parean dagoen jokalariaren jokaldia aurre ikusteko gaitasuna izatea ere. Hori da gure abantaila. Alderdi sistemikoek eta patronalak krisiari nola erantzun nahi dioten badakigu: soldatak eta lan baldintzak kaskartuz, zorpetze publikoa handituz eta aberastasuna birbanatzeko zerga politika ukitu gabe, kostu guztiak langileon bizkar gainean utziz”, adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Bada, aurkakoaren mugimenduak nondik etorriko diren aurreikusiz, gure jokaldian zentratzera goaz. Izan ere, xake partida horretako estrategia zehazteko ariketa izango da Biltzar Arteko eztabaida. Partida jokatzera goaz, orain dugu aukera, baldin eta partida hori ongi jokatzeko gai bagara.

Lehentasunezko aldarriak, argi
Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko lehentasunezko aldarrikapenak argi ditugu. Aldarrikapen horiek garatuko eta eztabaidatuko ditugu BEC-en. Proposamen horien alde langileak nola antolatu eta nola aktibatu, baita aliantza politikaz ere, arituko gara.

LAB langile guztientzako tresna izan dadin, gure eredu sindikala birpentsatzen jarraituko dugu. Prekarietate modu zaharrei lan harremanen desregulazio horretan urrats berriak suposatu ditzaketen arrisku berriak (telelana, digitalizazioa…) gehitu zaizkie. Horri guztiari nola aurre egin eztabaidatuko dugu, arreta berezia jarriz ohiko sindikalgintzarekin irismenerako zailtasunak ditugun langile kolektiboetan (sektore feminizatu eta prekarizatuak, lan munduan sartu eta atera prekarioan dauden gazteak, migranteak, etxeko langileak, ridersak, ekonomikoki menpekoak diren autonomoak, ekonomi ezkutuan ari direnak….)

Erronkei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko egin beharreko aldaketa organizatiboak ere hizpide izango ditugu.

Euskal sindikalismoak oro har, eta LABek zehazki, funtzio garrantzitsua bete dezake datozen urteotan, hala arriskuei aurre egiteko, nola aukerak baliatzeko. Honako hauek dira, hasten den borroka garai berriari begira, planteatzen ditugun ardatzak:

-Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren alternatiba estrategikoa berretsi eta eguneratzea, eredu aldaketarako baldintzak sortuko dituen estrategia integrala martxan jarrita.

-Kontrabotere sindikalismoa indartzea, hala lantokietan, nola maila sozialean, ekintza soziosindikal integralaren bitartez.

-Aldaketa sozialak ahalbidetuko dituzten aldaketa politikoen alde borrokatzea, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea, nahiz langileen mesederako erabakiak hartu ahal izatea, aldarrikatzen.

-Aipatutako zereginetan ekarpena egin ahal izateko, LAB sindikatu eraldatzaile moduan indartzea.

Gipuzkoako Metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat ari gara aldarrikatzen, eskualdez eskualde

0

ADEGI arduragabekeriaz ari da Gipuzkoako Metalgintzaren sektorea konfrontaziora eramaten. LABek oso argi du, negoziazioak aurrera egin dezan eta ADEGIk bere proposamenak hobetu ditzan, beharrezkoa dela sektoreko langileak antolatzea eta aktibatzea. Eta horretan ari gara. Hain zuzen ere, hurrengo ostiralean aurreikusitako negoziazio mahaiaren beste bilera baten atarian, auto karabanak ari gara eskualdeetan, gure aldarrikapenak jendarteratzeko. Irunen eta Hondarribian ibili gara gaur, baita Urola-Kostan ere.

Soldata duinak, lanaldi-murrizketa, lizentziak eta baimenak hobetzea, gazteen kontratuak hobetzea, azpikontratatutako langileentzat subrogazio eskubidea, behin-behinekotasuna eta ABLEak mugatzea, aukera berdintasuna, errelebo kontratatua eta laneko bajen %100a dira gure aldarrikapen nagusiak. Bitartean, Gipuzkoako Metalgintzako enpresek 2018. urtean 8.40.762.000 euroko irabaziak izan zituztenean, patronala ez dago prest langileen lan baldintzak duintzeko.

Gasteizko Gobernuak patronalaren tesiak defenda ez ditzala eskatu diogu Idoia Mendiari

0

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Negoziazio Kolektiboko eta Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak Gasteizko Gobernuko Lan eta Enplegu sailburu berri Idoia Mendiarekin izandako bileran, berretsi dugu LAB ez dagoela sistema kapitalista berreraikitzeko. Gure apustua beste eredu baterantz joatea da. Trantsizio ekosozialista eta feminista bat behar dugu. Beste eredu baterako bidean, lau multzo nagusitan egin ditugu proposamenak: enplegua, zerbitzu publikoak, gizarte-babesa eta fiskalitatea.

Enplegu integraleko plan baterako LABen proposamena helarazi diegu. Plan horrek lan-erreformak indargabetu behar ditu, eta enpleguaren suntsipena geldiarazteko eta enplegua duintzeko neurri zehatzak hartu. Patronalaren tesien aurkako jarrera argia har dezaten esan diegu, soldata edo enplegua artean aukeratzera eraman nahi baigaituzte. Enpleguari eusteko ez dira soldatak jaitsi behar.

Zerbitzu publikoak indartzeko beharra planteatu dugu. Hezkuntzan, osasunean eta azpikontratetan mobilizatzen ari diren langileen eskaerei erantzuten hasita. Lehentasunezkoa da, halaber, egoitzetan bizi den egoera larriari erantzutea. Horretarako, langile gehiago kontratatu eta ratioak jaitsi behar dira, pribatizatu diren zerbitzuak publifikatu behar dira; azken batean, inbertsio handiagoa behar da. Hori aurrekontuetan islatu beharko litzateke.

DSBEren erreforma ere egiteke dago eta planteatu dugu atzera bota behar direla azken urteotako murrizketa guztiak eta babes sozialeko esparru guztietan estaldura sistema zabaltzea.

Fiskalitateari buruz ere hitz egin behar da. Gure proposamena helarazi diegu Enplegu Saileko ordezkariei. Honek, diru gehiago eta modu progresiboagoan biltzeko 4 neurri planteatzen ditu.

Aranburuk gaineratu du, “bileratik ateratzen dugu ondorioa da gutxi aldatuko dela edo ez dela ezer aldatuko”. Batetik adierazi du ez dugula aldaketarik ikusten politika publikoen norabidean, Eusko Jaurlaritza eta CONFEBASKek osatutako tandemak funtzionatzen jarraituko du. Gainera, “Lan eta Enplegu Saila Madrilgo sukurtsal bat izango da. Herritarrei bizitza duina bermatuko dieten politikak egiteko errotikoak diren gaietan erabaki behar da, hala nola lan harremanak edo babes soziala. Baina ez dago borondate politikorik Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Esparru Propiorantz aurrera egiteko”, adierazi du.

Amaitzeko, gaineratu du langileen gehiengoaren eskariak kontuan hartu gabe jarraitu nahi dutela gobernatzeko, elkarrizketa sozialaren esparruari eusteko apustu argia eginez. “Proposatu ditugun gaien inguruan hitz egiteko prest gaudela adierazi dugu, baina elkarrizketa sozialaren mahaia ez da horretarako egokia. Edukiz hutsik dagoen esparrua da, eta gehiengo sindikalak errespetatzen ez dituena. Elkarrizketa sozialaren iruzur horretan parte hartuko ez dugula berresten dugu”.

Nahitaezkotzat jotzen dugu enpresen deslokalizazioa eragotziko duen Nafarroako lege bat, eta tramitatzen ari den proposamena edukiz husten ez dutela zainduko dugu

0

LAB sindikatuak ontzat jo du Nafarroako Parlamentuak atzo tramitera onartu izana enpresa-deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko foru lege baten EH Bilduren proposamena. Hala ere, erne egonen da, ezein taldek proposamen hori desegin ez dezan, eta, gainera, horretan gehiago sakontzeko lan eginen du.

Azken hilabeteotan LABek behin eta berriz erran duen gisara, egoera zail honetan, sindikatu hau ez dago prest sistema zaharra berreraikitzen parte hartzeko, egun batetik bertzera milaka lanpostu suntsitzen ditueneredu sozioekonomiko kapitalista, batez ere emakumeak, gazteak eta etorkinak langabeziara bidaltzen dituena, eta egoera erabat ahulean uzten dituena.

LAB sindikatuaren ustez gakoa aukera aprobetxatzea da, gure etorkizuna eraikitzeko erabili nahi dugun bideari ematen dizkiogun oinarriak eta helbidea finkatzea, protagonista gizartearen gehiengoak izan behar duen bidea. Norabide horretan kokatzen du LABek enpresa deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko ekimena, EH Bilduk aurkeztua eta Nafarroako Parlamentuko gehiengoak tramitera onartua (PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerra-Ezkerrak). Ekonomia eta haren politikak berrantolatzeko garaia da, Nafarroako gizartearen beharrei erantzuteko, langileen beharrei erantzuteko, eta ez beren mozkinak ehunka familiaren etorkizunaren aitzinetik paratzen dituzten eskrupulurik gabeko enpresaburu lukurreruen interesei erantzuteko. Horren adibide garbia da Siemens-Gamesarekin eta Nafarroako beste enpresa batzuekin gertatutakoa.

LABek beti bezala eginen du lan langile-klasearen interesak defendatzeko, Nafarroako Kontratu Publikoen Legearekin egin zuen modu berean. Gainera, ahal duen guztia eginen du eskuin muturrari eragozteko —horixe baita Navarra Sumaren asmoa, atzo Pérez-Nievas ahoberoak iragarri zuen bezala— ekimen hori indargabetu dezan. Deslokalizazioaren aurkako legea edukiz hustu nahi dute betikoen pribilegioak eta egiteko moduak betikotzeko, ezer gutxi ordaintzeaz gain ordaintzaile txarrak ere direnenak, diru publikoa jaso bai baina ehunka langile kaleratzeko batere arazorik ez dutenenak.

Halako lege bat nahitaezkoa da Nafarroako langileen aberastasuna hemen, Nafarroan, gelditzeko. Edo bertzela erranda, lege bat eragozteko enpresek aberastasuna hemen metatzea baina gero hemengo lanpostuak suntzitsea, lege bat eragozteko enpresa horiek aberastasun hori eskulan merkeagoa eta lan baldintza eskasagoak dituzten herrialdeetara eramatea.

LABek lege proposamen honetan sakontzea du helburu, garrantzi handiagoa emateko, azpikontratatutako langileak kontuan har ditzan (batez ere enpresa nagusia deslokalizatzearen ondorioz beren lana suntsituta ikusten duten emakumeak), eta legea benetan eta eraginkortasunez betetzen dela ziurtatzeko kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismoak ezar daitezen.

Arabako Larrialdietako Osasun-Garraio Sareko bi langilek jasandako erasoa salatu nahi dugu

0

LABetik ozen salatzen dugu, bere lanaren eginkizunetan, anbulantzietako langileek bizi duten babesgabetasun egoera. Izan ere, bere osasun fisiko eta emozionalean eragiten duten halako egoera larriak ohiko bihurtzen ari baitira.

Gertakariak joan den irailaren 12an izan ziren, larunbatean, Arabako Araia herrian. Gertakarien tokian gizonezko bat zegoen zauri batekin, arreta medikua eskatzen. Gizonezkoa anbulantzia barruan zegoela, anbulantziako altzariak bortizki jo zituen eta osasun-zerbitzuek polizia-laguntza eskatu zioten Koordinazio Zentro Medikuari. Pazientea artatzen zuten bitartean, osasun-langileek, emakumeak biak, irainak eta mehatxuak jasan zituzten honen aldetik, zeinek ez zuen jarrera aldatu, ezta laguntza eskaera egin eta 30 bat minutura heldu zen Ertzaintzaren patruilan bertaratu zirenekin ere.

Pazientea osasun zentrora eramateko, anbulantziako langileek lan hau burutzeko babesa eskatu zieten agenteei, baina ukatu egin zitzaien babesa, hauen esanetan, ez baitzegoen behar adina polizia-baliabiderik filiazio eta babes-lana burutu ahal izateko.

Pazientea eramaten hasi zirenean, honek jarrera oldarkorraz jarraitzen zuenez, Aguraingo Etenik Gabeko Arreta Gunean gelditzea erabaki zuten, nondik berriro ere, zentroko medikuak eta anbulantziako langileek polizia-patruila bertaratzea eskatu zuten. Oraingoan ere patruila bertaratu arte denbora dezente igaro zen, 15 bat minutuz itxaron behar izan zutelarik. Oraingoan, ordea, pazientea ezinbestean Gasteizko Santiago Ospitalera eraman beharra zegoenez, anbulantziak poliziaren babesa izan zuen, patruila une oro atzean joan zelarik.

LABetik ozen salatzen dugu, bere lanaren eginkizunetan, anbulantzietako langileek bizi duten babesgabetasun egoera. Izan ere, bere osasun fisiko eta emozionalean eragiten duten halako egoera larriak ohiko bihurtzen ari baitira. Kasu zehatz honetan, batetik, Ertzaintzaren patruila berandu iritsi izanak, beste funtzio batzuk bete behar eta bitarteko falta zutela argudiatuz, eta bestetik, anbulantzia laguntzera ukatu izanak, berriro ere segurtasun Protokoloak berrikusteko beharra dagoela agerian geratzen da.

Beste behin ere, Osasun Sailari eta Herrizaingo sailari neurri hobe eta ugariagoak eskatzen dizkiegu, gertakari hauek berriro errepika ez daitezen. Era berean, langile guztiak ahalik eta lasterren egoera onean dauden TETRA sistemako irrati-hargailuz hornitzea eskatzen dugu, eman daitezkeen babes gabeko egoeretan zein erasoen aurrean, langile orok larrialdiko botoia aktibatu ahal dezan.

Salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari, denborarik galdu gabe

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan, eta LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza. Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi du, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dio.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “presoen eskubideen alde bildu gara, bizirik, osasuntsu eta etxean nahi ditugulako. Etorri gara honera preso politikoei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politika kritikatzera, erabat ankerra delako, erabat krudela delako. Espetxe politika horrek gaixotu eta heriotzera eramaten ditu presoak, Igor Gonzalezen kasuan ikusi dugun bezala”.

LABeko idazkari nagusiak gogora ekarri du espetxe politika anker honen ondorioz 20 preso hil egin direla espetxeetan, beste 13 preso gaixorik eta erabateko askatasuna berreskuratu gabe hil egin direla eta 16 pertsona zendu direla sakabanaketa politikak eraildak: “Bada momentua konponbideak eskatzeko, eta konponbidean erantzukizun zuzena du Espainiako Gobernuak. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei zuzen eta argi bat egiten diogu: denborarik galdu gabe, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera utz dezala”.

Bada garaia urrats sendoak emateko, eta, zentzu horretan, LABek presoen eskubideen aldeko mobilizazio desberdinak babesten jarraituko duela berretsi du Garbiñe Aranburuk. Hurrengo mugarria Baiona izango dela adierazi du, Bake Artisauek biharko egindako deialdia dela eta (14:30ean, Baionako Subprefekturan).

Osakidetzako langileen eta osasun-sistemaren muturreko egoera salatu dugu Lehen Arretako zentroen aurrean

0

Mobilizazio eguna izan da Osasungintzan, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok deituta. Hain zuzen ere, Lehen Arretako zentroen aurrean elkarretaratzeak egin ditugu, osasun langileen muturreko egoera salatzeko eta osasun-sistemaren arazo larrienetarako konponbideak eskatzeko.

Hauxe da sindikatuok (LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK) argitaratutako ohar bateratua, gaurko mobilizazioak direla eta:

LEHEN ARRETAKO EGOERA JASANEZINA DA

Lehen Arretako langileak, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratze jendetsuak egin dituzte osasun zentroetan berehalako konponbideak eskatzeko. Datorren ostiralean, hilak 25, Osakidetzako Ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da.

Gaur, Osakidetzako langileek mobilizazio-dinamika berri bati ekin diote, beren eguneroko lanean bizi duten muturreko egoera salatzeko, eta Osasun Sailari, osasun-sistema publikoak dituen arazo larrietarako berehalako eta sakoneko konponbideak eskatzeko.

Azpimarratu nahi dugu egungo arazoak ez direla arazo berriak. Urrunetik datozen arazoak ditugu aurrean, azken urteetako murrizketa-politiken ondoriozkoak, eta behin eta berriz salatu izan ditugunak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aurrean. Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du Osakidetzan dagoen giza baliabide eta baliabide materialen eskasia.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Lehen Arretako ehunka profesional bildu dira ESI guztietako (13) osasun-zentroen atarian, pairatzen duten kolapsoa eta gainkarga sistematikoa agerian uzteko eta salatzeko: lan-kargak onartezinak dira; profesionalak ez dira ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa da; behin-behinekotasun tasa altuak daude; inbertsio falta dago osasungintzan, bereziki Lehen Arretan; etabar luze bat.

Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen Lehen Arreta kolapsoaren ertzean dagoela eta profesional akituak dituela. Hala ere, esan bezala, ez gaude arazo berri baten aurrean, osasun-zentroek lan-gainkarga izaten baitute urte osoan zehar. Egoera horren ondorio izan ziren iaz deitutako hiru greba-egunak. Osakidetzak, ordea, horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, arreta-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra izan da profesionalak gehiago kargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatea gero eta gehiago okertzea.

Aurten ere, aurreko urteetan bezela, arazoa larriagotu egin da udaren etorrerarekin. Hala, beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egin behar diona (oso urria da egunerokoan ere), ordezkapen edota estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude gainkarga sistematikoagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan; eta, horrela, etabar luze bat.

Aurten, gainera, profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen. Eta, egoera horretan, Osakidetzak emandako konponbidea betikoa izan da: kategoria guztietan ordezkapenik ez izatea, Lehen Arreta ez indartzea, arreta-murrizketak, zentroak ixtea (Zumarragako edo Elgoibarko EAGak adibide gisa) ordutegiak murriztea, etab.

Osasun sailburu berriari berehalako neurriak eskatzen dizkiogu egungo osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, bai eta Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazoei sakoneko irtenbideak emateko ere. Eusko Jaurlaritza da gure osasun-sistemaren narriadura larrigarriaren eta langileen eskubide eta lan-baldintzen murrizketaren erantzule bakarra. Pausuak ematen ez badira, mobilizazio dinamika areagotuko dugu, bat ere baztertu gabe.

Gaur Lehen Arretaren txanda izan da. Hilaren 25ean ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da. Haiek ere egunerokotasunean pairatzen dituzte prekarietate baldintzak, eta goizeko 11etan ospitale guztietan kontzentrazioak eginez salatuko dugu hori.

Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde. Guztion osasuna dago jokoan.

WECeko gure ordezkaria berriro lanean hastea exijitzen dugu

0

Aguraingo enpresan gertatutako kaleratzea askatasun sindikalaren kontrako eraso bat da. Aldi baterako ezintasun luze baten ondoren, zeinetan delegatuak enpresaren egunerokotasunarekin lotuta jarraitu zuen, ahal zuen bilera guztietara joanez eta oraindik bere lanpostuan berriro hasi ez zenean, enpresak deitu zuen kaleratzea jakinarazteko ondoren gertatutako ezgaitasunagatik.

Gertatutakoaren jarraipena egin ondoren, LABetik kaleratze hau ulertzen dugu zuzendaritzarentzat deserosoa den langile bat paretik kentzeko ahalegin bezala, enpresaren bertsioa beti zalantzan jartzen zuena. Ematen diotena irensten ez duen pertsona bat. Agurainen dagoen Wind Energy Casting Iiko zuzendaritza egoeraz baliatu da lege eta prozedura oro urratuz langile borrokalari bat joko zelaitik kanporatzen saiatzeko. Bestela, nola uler daiteke alta medikoa jaso duen eta enpresaren beraren prebentzio zerbitzuek lanerako gaitzat jo duten langile bat argudio horrekin kalera daitekeela? Enpresak 7 hilabete izan ditu lanpostua egokitu edo beste bat emateko, egon badaudelako. Baina nahiago izan du egoeraz baliatzea, pandemiaren erdian eta enpresa ABLEEEan dagoenean, kaleratzea egiteko. Eta guztia, langile honek zaintzagatik murrizketa eskatu zuenean.

Ez da lehen aldia enpresa honek ezinezkoa egiten duela delegatuak jazartzeko, guztiak ordezkari moduan aukeratuak izan ondoren. Aipatu ordezkariak beharrezkoak dira istripu ugari izaten diren enpresa honetan. Gainera, enpresak xantaia eta beldurra erabiltzen ditu koakzio moduan negoziazioetan.

Horregatik, LABen ez gara geldi geratuko gehigikeria honen aurrean. Dei egiten dugu irailaren 23rako enpresa-batzordeak deitutako lanuztearekin bat egin eta 11:00etan enpresaren aurrean egingo den kontzentrazioan parte hartzera.


Gainera, mobilizazio gehiago egiteko prest gaude.

Enpresako langileei eta jendarteari orohar dei egiten diogu parte-hartze sindikalerako eskubideen urraketa hau salatzeko egingo diren protestetan.