2024-04-19
HomeLAB SindikatuaBizitza duinen alde antolatu eta kapitalismoaren izurriteari aurre egiteko estrategiei buruz arituko...

Bizitza duinen alde antolatu eta kapitalismoaren izurriteari aurre egiteko estrategiei buruz arituko gara Biltzar Artekoan

Barakaldoko BECen egingo dugu, urriaren 8an, sindikatuaren lehen Biltzar Artekoa. LABen 40 urtetik gorako historian, sindikatuaren lehen Biltzar Artekoa izango da, 2017ko maiatzean Gasteizen egindako 9. Biltzar Nagusian hala erabakita. Hain zuzen ere, Biltzar Nagusian hartutako erabakien nondik norakoen berri eman zein hartu ziren konpromisoen deboluzio ariketa bat izango da Barakaldoko hitzordua, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak hedabideen aurrean egindako agerraldian azaldu bezala. Aurrera begirako ildoek ere tarte nabarmena izango dute: bizitza erdigunera eramateko alternatiba estrategikoa berretsi, eta  eredu aldaketarako baldintzak sortu; kontrabotere sindikalismoa indartu, ekintza soziosindikal integrala praktikan jarrita; aldaketa sozialak gauzatzeko aldaketa politikoak eragin; eta sindikatu eraldatzaile moduan indartu.

Pandemiak areagotu duen krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko, LABen ekarpena zein izan behar den eztabaidatu eta erabakiak hartzera goaz urriaren 8ko Biltzar Artekoan.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “apustu estrategikoan berresten gara, bizitza erdigunera eraman behar dugu. Sistema kapitalista berreraiki ez, eredu aldaketa behar dugu. Sistema kapitalista berreraikitzea prekarietate eta pobrezia gehiago da, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea da, zaintza lanen arazoari irtenbidea ez aurkitzea da, planteta suntsitzen jarrraitzea da”.

Hala, norabidea aldatu behar dela nabarmendu du: “Eredu ekonomiko eta sozial berrira eramango gaituen trantsizio ekosozialista eta feminista behar dugu”. Eta eredu berri hori hemen erabaki nahi dugu. Eraldaketa soziala eta aldaketa politikoak eskutik doaz.

Hain zuzen ere, eredu aldaketa behar dugu langileok. Kapitalismoa ez da jasangarria, ez ikuspegi sozialetik, ez ikuspegi ekologikotik ere. Eredu aldaketa horretarako aukerak daude. Zentzu honetan, Biltzar Artekoaren aurkezpen agerraldiarekin irudikatu nahi izan duguna da badagoela partida jolasteko eta irabazteko aukera; alegia, partida hori xake partida modukoa izango dela.

Aurrez aurre gaude alderdi sistemikoek eta patronalak osatzen duten binomioa eta langileak. Partida gogorra izango da. “Xakea zerbait bada, estrategia jokoa da. Eta horrelaxe ikusten dugu momentua, xake partida baten modukoa. Xakean garrantzitsua da norberaren jokaldiak aurrez ongi pentsatzea, baita parean dagoen jokalariaren jokaldia aurre ikusteko gaitasuna izatea ere. Hori da gure abantaila. Alderdi sistemikoek eta patronalak krisiari nola erantzun nahi dioten badakigu: soldatak eta lan baldintzak kaskartuz, zorpetze publikoa handituz eta aberastasuna birbanatzeko zerga politika ukitu gabe, kostu guztiak langileon bizkar gainean utziz”, adierazi du Garbiñe Aranburuk.

Bada, aurkakoaren mugimenduak nondik etorriko diren aurreikusiz, gure jokaldian zentratzera goaz. Izan ere, xake partida horretako estrategia zehazteko ariketa izango da Biltzar Arteko eztabaida. Partida jokatzera goaz, orain dugu aukera, baldin eta partida hori ongi jokatzeko gai bagara.

Lehentasunezko aldarriak, argi
Langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko lehentasunezko aldarrikapenak argi ditugu. Aldarrikapen horiek garatuko eta eztabaidatuko ditugu BEC-en. Proposamen horien alde langileak nola antolatu eta nola aktibatu, baita aliantza politikaz ere, arituko gara.

LAB langile guztientzako tresna izan dadin, gure eredu sindikala birpentsatzen jarraituko dugu. Prekarietate modu zaharrei lan harremanen desregulazio horretan urrats berriak suposatu ditzaketen arrisku berriak (telelana, digitalizazioa…) gehitu zaizkie. Horri guztiari nola aurre egin eztabaidatuko dugu, arreta berezia jarriz ohiko sindikalgintzarekin irismenerako zailtasunak ditugun langile kolektiboetan (sektore feminizatu eta prekarizatuak, lan munduan sartu eta atera prekarioan dauden gazteak, migranteak, etxeko langileak, ridersak, ekonomikoki menpekoak diren autonomoak, ekonomi ezkutuan ari direnak….)

Erronkei modu eraginkorrean erantzun ahal izateko egin beharreko aldaketa organizatiboak ere hizpide izango ditugu.

Euskal sindikalismoak oro har, eta LABek zehazki, funtzio garrantzitsua bete dezake datozen urteotan, hala arriskuei aurre egiteko, nola aukerak baliatzeko. Honako hauek dira, hasten den borroka garai berriari begira, planteatzen ditugun ardatzak:

-Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren alternatiba estrategikoa berretsi eta eguneratzea, eredu aldaketarako baldintzak sortuko dituen estrategia integrala martxan jarrita.

-Kontrabotere sindikalismoa indartzea, hala lantokietan, nola maila sozialean, ekintza soziosindikal integralaren bitartez.

-Aldaketa sozialak ahalbidetuko dituzten aldaketa politikoen alde borrokatzea, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea, nahiz langileen mesederako erabakiak hartu ahal izatea, aldarrikatzen.

-Aipatutako zereginetan ekarpena egin ahal izateko, LAB sindikatu eraldatzaile moduan indartzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.