2026-01-28
Blog Page 5

LAB, ELA, CCOO eta ESK-k aurrerapausoak eskatu dituzte Arabako esku-hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioan, eta grebak iragarri dituzte

Gaurko negoziazio mahaiaren bileran agerian geratu da patronalaren eta sindikatuen jarreren arteko aldean.

Gaur, urtarrilak 8, Arabako esku-hartze sozialaren sektoreko hitzarmen kolektibo berrirako negoziazio mahaiaren beste bilera bat egin da. Bilera 2025eko abenduan LAB, ELA, CCOO eta ESK sindikatuek proposamen bateratu bat aurkeztu ondoren egin da. Hala ere, proposamen horrek ez zuen erantzunik jaso bere garaian, eta gaur arte ez du erantzun AISA patronalak, negoziazio esparrua jada ez dela berdina helaraziz. Berriro ere, akordio batera hurbiltzeko proposamenen ordez, akordio hori urruntzen duten aitzakiak jartzen dituzue mahai gainean.

Sindikatuen proposamenak modu errealista baina irmoan aurrera egitea planteatzen du, sektore publikoarekin parekatze aldera, epe laburrean hobekuntza zehatzei uko egin gabe. Negoziazioak aurrera jarraitzea baloratzen badugu ere, bi aldeen arteko aldea AISA patronalak Arabako esku-hartze sozialeko langileen lan-baldintzak sektore publikoko baldintzekin parekatzeko prozesutik urrun dagoen jarrera bat edukitzearen ondorio da.

Esku-hartze sozialeko sektoreak 1.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu Araban administrazio publikoko hainbat kontratatan, eta horrek enpresa desberdinekin azpikontratatzea erabaki du, egungo egoera eraginez. Egoera horren ezaugarria da soldata arrakala onartezina dagoela zuzenean sektore publikorako lan bera egiten duten lankideekin. Gero eta gehiago, azpikontratazioa erabiltzen da lan baldintzak prekarizatzeko eta zerbitzu publikoei eusten dietenei soldata okerragoak ordaintzeko. Horregatik, intersindikaletik parekatzearen helbururantz urrats sendoz aurrera egitea ahalbidetuko duen estrategia baten alde egin dugu, bitartean soldata igoera duinei eta gure lan baldintzak duinduko dituzten egiturazko hobekuntzei uko egin gabe.

Testuinguru horretan, LABek, ELAk, CCOOk eta ESK-k mobilizazio-egutegi bat iragarri dute urtarrilerako eta otsailerako. Datorren urtarrilaren 21ean txanda bakoitzeko hiru orduko lanuzteak egingo dira, eta otsailaren 4an eta 5ean greba deitu da egun osoan.

Gainera, urtarrilaren 14an, 12:00etan, prentsaurreko bat egingo da Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, sindikatuen proposamenaren edukia, negoziazioaren egoera eta mobilizazioen egutegia azalduko dira. Sektoreko langileak animatzen ditugu aktiboki parte hartzera.

LABek dei egiten die euskal langileei larunbatean Sarek Bilbon egin duen manifestazioan parte hartzera

Sarek mobilizazioa egingo du Bilbon urtarrilaren 10ean, Ezin da gehiago luzatu. Konponbidea. Bakea. Elkarbizitza lemapean. LABek bat egiten du deialdiarekin eta dei egiten euskal langileei bertan parte hartzera. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra buru izango duen sindikatuaren ordezkaritza batek parte hartuko du manifestazioan.

Garaia da gatazkaren ondorioak eta presoek bizi duten salbuespen egoera gainditzeko. Horrekin lotuta, beharrezkoa da presoak etxeratzeko presio soziala egiten jarraitzea, egindako mobilizazioari esker lortu baita orain arte egin diren urratasak egitea.

15 urte betetzera doaz ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik eta garaiz kanpokoa eta anomalia demokratikoa da gaur egun oraindik presoek etxeratze bidean hainbat traba eta oztopo gainditu behar izatea. Euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeak eta haien etxeratzeak gatazkaren aroa ixten eta elkarbizitzarena sakontzen lagunduko nuke. Izan ere, espetxean eta erbestean dauden euskal herritarren etxeratzea eta herritar guztiak dagozkien eskubideen jabe izatea ezinbestekoa da elkarbizitzarako.

Urtarrilaren 10ean Sarek Bilbon egingo duen mobilizazioa agendan urte asko daramatzan eguna da, eta LABek, bertan parte hartzera animatu nahi ditu euskal langileak. Bilboko kaleak betetzeko indar berezia egin behar da.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia elkarbizitza demokratikoaren kontrako erasoa da

Espainiako Auzitegi Gorenak 13/13 sumarioan epaitutako eta zigortutako herritarren kontrako epaia berretsi du gaur, eta, hala, bere egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak 2022an emandako epaia. Zigortuen artean dago Arantza Zulueta LABeko kidea, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala ematen aritutako beste hiru kiderekin batera.

LABen ustez, erabat larria da gaur ezagututako epaia, eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko euskal herritarren borondatearen kontrakoa da. Izan ere, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko ezinbestekoa da euskal herritar guztien eskubideak bermatzea, eta gisa honetako epaiek ahalegin hori oztopatzea baino ez dute helburu.

Horixe izan da, hain justu, 13/13 auzibidearen helburua, LABek hasieratik salatu zuenez. Elkarbizitza demokratikorako ezinbesteko baldintza da euskal presoen salbuespenezko egoerari amaiera ematea, eta helburu horren aldeko lanagatik izan ziren epaituak sumarioan auzipetutakoak. Horregatik, LABek hasieratik salatu zuen epaiketa bera ez zela egin behar. Ez da ahaztu behar, gainera, tortura salaketez eta irregulartasunez beteriko prozesua bizi izan dutela akusatuek, eta, are, epaiketan bertan ere salatu zituztela torturak zenbait akusatuk. Espainiako Auzitegi Gorenak, baina, zalantzan jarri ditu salaketa horiek.

Horrenbestez, LABek bere elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkie zigortuei. Era berean, dei egiten du epaia salatzeko mobilizazioetan parte hartzera, baita larunbatean presoen eskubideen eta behin betiko konponbidearen alde Bilbon egingo den manifestazio nazionalera batzera.

74 langile hil dira lanean 2025ean Euskal Herrian

Gaur bi lan-istripu hilgarriren berri izan dugu, biak abenduaren 29an gertatutakoak, bata, Laudioko Eroskin lan istripu ez traumatikoan non J.D.B 58 urteko garraiolari autonomoa hil zen, eta bestea istripu in misio batean, 59 urteko emakumea familiako langilea zen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, eta Andosilla, Azagra, Carcar eta San Adrian artatzen zituen. Langilea Azagrako etxebizitza batera zihoanean gertatu zen ezbeharra.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik helarazi nahi diogu senide famili eta lankideei gure elkartasuna eta babesa.

Beste egun beltza bat, beste bi tanta… horrela gure edalontzia erraz beteko da, horrela ia ia zaratarik egin gabe osasuna eta bizitza galtzen jarraitzen dugu, askotan salatu dugu prekarioak diren lan-baldintzek (lanaldi luzeak, estresa, presioak, lan zama…) eragina zuzena daukatela gure osasunean. Izan ere, gizarte-langilearen kasuan, bere baliabideak erabili behar ditu etxebizitzetara joateko, neurri gehigarririk gabe, etab. Eta lan istripu ez traumatikoetan (bihotzekoak, iktusak…) bilakatu dira heriotz lan istripuen lehenbiziko gauzatzaileak. Eta esan dugun bezala, lan zehatz batzuetan gertatzen direla, lanean jasotzen diren presioak, estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla eta gehienetan oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek eragindakoak ere dira.

Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan etorrikoak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanen, prekarizazioa, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza dira. Horregatik diogu gertatzen diren lan-istripu gehienak guztiz ekidin daitezkeela, eta horretarako borondate politikoa baino ez dela behar, lan-eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko neurriak jartzeko, baita erakunde publiko eta enpresa guztien inplikazioa ere.

Prekaritatearekin amaitu behar da. Patronalaren inpunitatearekin amaitu behar da. Erakundeek ezin dute jarraitu beste alde batera begiratzen, bestela gertatutakoaren konplize izango dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku-arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duen eredu batean.

Bilboko Portuko Amarradoreen kolektiboak Ezkerraldeko herritarren babesa jasotzen du, txandakako sistema berri baten inposaketaren aurrean

Bilboko portuko Amarradoreen plantillak, laugarren greba egunean, 300 pertsona baino gehiagoren babesa jaso du atzo arratsaldean Portugalete eta Santurtzi lotu zituen manifestazio batean. Manifestazio horretan, Bilboko portuko hainbat enpresak eta ezkerraldeko herritarrek bat egin zuten, Amarradoreen kolektiboari babesa adierazteko.

Amarradoreek bermatzen dute, urtean 365 egunetan eta egunean 24 ordutan, portuko trafikoaren behar guztiei eta sor daitekeen edozein larrialdiari erantzungo zaiela. Bilboko Portuaren funtzionamendurako funtsezko zerbitzua dira.

1990etik, ibaia eta Bilboko portua lotzeko enpresak bateratu zirenetik, 35 urteko bake soziala, akordioak eta zuzendaritzaren eta langileen arteko lankidetza izan dituzte. Denbora horretan enpresa bideragarri bat eraiki dute, zerbitzu eredugarri batekin, lan gatazkarik gabe eta egonkortasuna, profesionaltasuna eta kide izateaz harro egotea ahalbidetu duten baldintza duinekin.

Hala ere, hori guztia aldatu egin da zuzendari nagusi historikoak erretiroa hartu ondoren. Gerente berriak, P&O Reyser multinazionalaren babesarekin, hainbat hamarkadatan eraikitako eredua desegin nahi duen prozesu bat hasi du, besteak beste, gure lan baldintzak eta bizi kalitatea larriki prekarizatzen dituen Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa bat ezarriz.

Lan sistema berri bat, onartezina

Enpresaren azken jakinarazpenaren arabera, urtarrilaren 16tik aurrera lan sistema bat sartuko litzateke indarrean, eta horrek honako hau dakar:

  • 2.100 ordu baino gehiago urtean, 12 orduko sei txandatan banatuta, enpresaren irizpide esklusiboaren arabera.
  • Oporren murrizketa erreala: 15 egun baino ez dira bermatzen, eta beste 15ak txanden arteko atsedenaldietan “gozatutzat” jotzen dira.
  • Lanbide-kategoriak desagertzea edo aldatzea, soldata nabarmen galduz.
  • Lana eta familia uztartzeko ezintasuna.
  • Legezko gutxieneko atsedenaldiak ez betetzea.

Gainera, enpresak apurtu egin nahi du kontratazio berri guztiak gainerako langileen baldintza berberekin sartzeko akordio historikoa. Gure orainak ez ezik, funtsezko zerbitzu horretan lan egitera etorriko direnen etorkizunak ere kezkatzen gaitu.

Demanda judiziala eta lehen ondorioak

LAB sindikatutik demanda bat jarri dugu funtsezko aldaketa kolektiboki aurkaratzeko, benetako arrazoi ekonomiko, tekniko, antolamenduzko edo produktiborik ez duela argudioa. 

Gainera, LABek kautelazko neurriak eskatu ditu epaitegian, enpresak ezin dezan aldaketa aplikatu prozedura judiziala abian dagoen bitartean.

P&O Reyser enpresaren jarrera ondorio larriak eragiten ari da dagoeneko: azken egunetan, lankide batek kontratua azkentzeko eskatu du, kalte-ordaina jasota, iragarritako aldaketek kalte jasanezinak eragin dizkietelako.

Atzo laugarren greba eguna izan zen, urtarrilaren 5ean eta 12an jarraituko duen mobilizazio zikloaren barruan. Enpresak ez badu aldaketa mahai gainetik kentzen, Amarradoreen plantillak erantzuna gogortzea aztertuko du, eta bere eskubideak defendatzeko konpromiso irmoari eutsiko dio. 

Olentzerok ikatza utzi dio posta zuzendaritzari Arabako Lautadan

LABek Correosen duen atal sindikalak murrizketa berriak salatu nahi ditu, Arabako Lautadako herritarrei bereziki eragingo dietenak, 10.000 pertsona ingururi kalte eginez.

Posta Zuzendaritzak ordutegi-murrizketa bat egin nahi du 2026ko urtarrilaren 1erako, Aguraingo Bulegoaren jendaurreko arretan. Bulego horrek zerbitzua ematen die bai Aguraingo udalerriari, bai inguruko beste batzuei, hala nola Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondori, eta abar, herritarrei arreta emateko ordutegia %25 murriztuz, gutxi gorabehera.

Murrizketa horrek eragin negatiboa izango du Lautadako 10.000 herritar ingururengan eta Correosek bidalketak edo beste edozein kudeaketa (posta bidezko botoa, adibidez) jaso eta izapidetzeko orduan eskaini behar duen zerbitzu publikoan. Bestalde, enpresak ez du inolako argudiorik eman herritarren eskubideen aurkako erabaki hori hartzeko.

Bidezkoa da posta publiko eta kalitatezkoa aldarrikatzea, landa-inguruneak atzean utzi gabe. Herritar guztientzat Posta Zerbitzu Unibertsala bermatu beharra dago, funtsezko zerbitzu publikoa baita eta premiazkoa da udalerri horietako gizarte-kohesioari eta biztanleen eskubideei eusteko.

ELA, UGT eta CCOO-ek Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute eros ahalmena bermatu gabe eta errestaurazio modernoa sartu gabe

5 urte iraun duen negoziazioaren ostean patronalarekin egindako adostasuna urria da edukietan, eros ahalmenean eta sektoreko langile askoren lan baldintzak alde batera utzi dira, hain zuzen ere Errestaurazio Modernoko Markak. 

ELAk, UGT eta CCOOekin batera, Arabako ostalaritzako hitzarmenaren aurreakordioa sinatu dute. Adostutakoak ez ditu langileen beharrak bermatzen, behin baino gehiagotan LABetik adierazi dugun moduan. 

Aurreakordioak ez ditu errestaurazio modernoko langileak barnebiltzen. 2022an, ostalaritzako kate eta marka handien estatuko patronalak CCOO eta UGT sindikatuekin estatuko mailako hitzarmen bat sinatu zuten kateetan aplikatzeko, sektore honetako 140000 langileen lan baldintzak okertuz eta ostalaritzako hitzarmenetatik kanpo geratuz. Patronal estatalak, CCOO eta UGTrekin batera, sektore bat asmatu zuen estatalizazioaren bitartez, milaka langile prekarizatzeko, eta horrela lan baldintzak okertu ostalaritzako hitzarmen sektorialen kanpo geratuta. 

Kasu honetan, Ostalaritza kate eta marka handien eremua Arabako hitzarmenean ez barnebiltzean, langile hauen prekarizazioak bere horretan jarraitzen du.

Ez da kasualitatea sektore hau oso feminizatu eta arrazializatua egotea. Sistemak, berriro ere, egoera zaurgarrienean dauden langileen kontra egin du, eta LABek ez dugu prekarizazio konstante honetan parte hartuko.

Aurreakordioak ez du erosteko ahalmena bermatzen. 2025Eko abenduaren 1etik aurrera eta iraunaldi osorako %17,6ko igoera sinatu da kategoria guztientzat, urte guzti hauetako atzerapenak galduz. 2020tik metatutako KPIa % 18,1ekoa izanik.

ITetan, nahiz eta hilabete bat gehiago konplementatzen den, lehenengo hiru egunak zigortuak izango dira. Hau da, 4. egunetik 210. egunerarte konplementatuko dira. LABentzat ez da nahikoa, baja asko lehenengo hiru egun hauten ematen dira eta modu honetan, patronalak diru asko aurreztuko du.

Lanaldi-murrizketa irrigarria da, 2 orduko murrizketa baino ez hitzarmenaren indarraldiko 4 urteetarako. Ez dugu ahaztu behar sektoreak aspaldidanik daramala lanaldi altua izaten. 

Kolektibitateei dagokionez, LABetik sektorerako eskatzen genituen 1592 orduak baztertuak izan dira eta EAE mailan hitzarmena sortzen bada hau aplikatu behar dela klausula jartzera mugatu dira. 

Negoziazioaren bitartean ez dira mobilizazio nahikoak egin eta egin direnak ez dute eraginik izan. LABetik behin baino gehiagotan guztion artean mobilizazioak burutzeko apustua egin dugu eta grebekin batera bestelako borroka moldeak proposatu ere, baina ez dugu beste sindikaturik izan bide honetan lagun. 

LAB sindikatutik argi dugu borrokaren bidez hitzarmen duin bat lortzeko aukera izango genuela, sektoreko langile guztiak barnebiltzen dituena eta eros ahalmena bermatzen duena. 

Gabonetan egitekoa zen beiraren bilketako greba bertan behera utzi dute, azken orduetan akordioa lortu ostean 

LAB sindikatuak bertan behera utzi du abenduaren hasieran Enviser enpresan deitutako zazpi eguneko greba. Enviser enpresa beira biltzeaz arduratzen da Nafarroa osoan, eta hasiera batean, eguberri osorako deituta zegoen greba, abenduaren 24tik urtarrilaren 5era arte.

Egun hauetan zehar hainbat negoziazio egin ondoren, egoera desblokeatzea lortu da eta 10 langilez osatutako plantilla osoak berretsitako aurreakordio bat lortu da, aurreikusitako greba-deialdia bertan behera geratuz. 

LABen arabera, azaroan enpresa-ituna blokeatzea eragin zuten abusuzko baldintzak eta baldintza murriztaileak ezabatu dira, eta akordio bat lortu da urtero KPIari lotutako soldata-igoerekin, itun berria egin arte; peoi-espezialistaren kategoriaren funtsezko hobekuntza egin da, hilean 100 euro gordineko balio-aniztasuneko plusa ezarriz; antzinatasuneko langile guztientzako nominaren kontzeptu berri gisa 2026ko uztailean sartzea lortu da, eta plantilako langileengan horrenbesteko ezinegona sortu zuen xedapen iragankorra ezabatu da, itun horren hobekuntza guztiak etorkizuneko administrazio-kontratuan sartzearen baldintzapean jarri baitziren. 

LABetik, beste behin ere, ENVISEReko langile horien borroka eta batasuna azpimarratu nahi dugu. Izan ere, langile horien ahaleginari eta dedikazioari esker, errespetua lortu da azken urteotan, borrokaren eta negoziazioaren bidez itun duin bat lortu baita, hasierako egoera prekarioa hobetuz doana, estatuko hitzarmen zaharkitu batekin batera, hala nola saneamendu publikoa, bide-garbiketa, hondakinen bilketa, tratamendua eta deuseztapena. 

Hilketa matxista Barakaldon

Gizon batek emakume* bat hil du Barakaldon. LABek eraildako emakumearen* senideei bere babes eta elkartasun osoa helarazi nahi die, eta, halaber, bat egiten du Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak egindako irakurketarekin. Hark deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten du. Jarraian duzue irakurketa:

INDARKERIA MATXISTARIK GABEKO BIZITZAK ORAIN!

Atzo, abenduaren 21ean, indarkeria matxistaren aurpegi krudelenak berriro kolpatu gintuen Euskal Herrian. Barakaldoko Urban auzoan, emakume baten gorpua aurkitu zuten bere etxean, indarkeria zeinuekin. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du dagoeneko, gertakariarekin lotura duelakoan. Urtea amaitzear denean, beste emakume bat erauzi dute gure artetik, bere etxean, ustezko segurtasun eremuan. Feministok ongi jakin arren sarri ez dela hala izaten.

Emakumeon Mundu Martxatik, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu eraildako emakumearen senide, lagun eta hurbilekoei. Zuen mina gurea da.

Hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere. Emakumeon aurkako indarkeria sistema cishetero-kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzenena da. Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko. Kapitalaren metaketa eta heteropatriarkatuaren nagusitasuna emakumeon bizitzen kontura eraikitzen dira.

Nahikoa da! Ezin dugu onartu urtea beste erailketa batekin amaitzea. Ezin dugu onartu indarkeria matxista gure egunerokoaren parte gisa normalizatzea. Hilketak izozmendi baten punta besterik ez dira; baina azpian, instituzioek eta jendarteak maiz ez ikusiarena egiten duten egiturazko indarkeria dago, hamaika forma eta egituretan gure egunerokotasunean jasaten duguna.

Gaur, ozen diogu:

  • Erakunde publikoei: Berdintasun politikek ezin dute izan marketin hutsa. Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik.
  • Jendarteari: Indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna konplizitatea da. Erantzukizun kolektiboa dugu inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonei; hartu zeun ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat
    gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea.
  • Mugimendu Feministari: Elkartasuna eta autodefentsa feminista dira gure tresnarik indartsuenak. Elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dugu, mundu hau eraldatu arte.

    Gure bizitzak ere garrantzitsuak dira! Ez dugu onartuko bizitzaren eta kapitalaren arteko gatazka honetan emakumeok beti galtzaile izatea. Borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte, gure gorputzen jabe izan arte eta indarkeria matxistarik gabeko Euskal Herria eraiki arte.

    Azkenik, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntza indartzen jarraitzeko eta aurrera urratsak emateko, urtarrilaren 31an Zornotzan antolatuko dugun jardunaldian parte hartzera gonbidatzen dugu Euskal Herriko Mugimendu Feminista. Informazio gehiago Euskal Herriko Mundu Martxaren sareetan aurkituko duzue.

    DENOK MARTXAN, ASKE IZAN ARTE!

    Gora borroka feminista!