2026-10-12
HomeEkintza SindikalaAraba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hamar langiletik zortzik bat egin dute gaurko...

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako hamar langiletik zortzik bat egin dute gaurko lanuztearekin

Hezkuntza Sailak erakutsitako jarrerarekiko langileek duten ezinegonaren eta kezkaren erakusle da gaurko lanuztearen arrakasta. Bere konpromisoak bete, eta 2023ko akordio laborala bere osotasunean garatu dezan eskatu diote langileek sailari, goizean egindako elkarretaratzeetan. 

Ikastoletako langileek kezka handiz bizi dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2023ko akordio laborala betetzeko dituen konpromisoei bizkar eman izana, eta hori erakusten ari da gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan greba izaten ari den jarraipen zabala. Izan ere, langileen %80k egin dute bat grebarekin goizean eta beste hainbatek egingo dute arratsaldean. Beste behin ere, langileek ozen adierazi dute badela garaia Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak betetzeko, luzapenetan ibiltzeari uzteko eta adostutakoa gauzatzeko

Izan ere, akordio laboralean hezkuntzako sare guztietako langileengan eragina izango zuten hainbat konpromiso jaso ziren; horien artean, ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko ikastetxeetakoenekin parekatuko zirela 2027rako. Bestalde, ikastoletako langileen lan-baldintzak aztertzeko mahai tekniko bat osatuko zela jaso zuen akordioak, bi sareen arteko langileen baldintzak homologatzeko lehen mugarria izango zena. Mahai teknikoak 2025eko ekainerako amaituta behar zituen lanak —ikastoletako langile guztien lan-baldintzen azterketa, hain zuzen—. Hala ere, epea amaitu eta urtebete beranduago, mahai tekniko horren arrastorik ez dago.

Akordio laboralean jasotako konpromisoek, beraz, bete gabe jarraitzen dute. Lan baldintzen azterketari dagokion urrats bakarra ere ez da egin, eta, horrez gain, 2027rako langile guztien soldatak parekatuta egon behar duten arren, hori ez da gertatzen ari langile guztien kasuan, akordio laboralean espresuki langile guztientzat izango zela jaso zen arren. 

LABen eta Hezkuntza Sailaren artean zehaztu zen 2023tik 2027ra bitartean, urtez urte, diru kopuruaren igoerak zenbatekoak izango ziren. Orain arte, erdizka betetzen ari da sinatutakoa: 2024ari zegokion igoera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei aplikatu zitzaien; ez, ordea, 2025ean eta 2026an. Hezkuntza Sailak ez zien aplikatu zegokien igoera Haur Hezkuntzako hezitzaileei, hezkuntza laguntzaile espezialistei, jarduera osagarrietako langileei, administrazioko langileei, IKT mantenu teknikariei, sukalde eta jantokiko langileei, mantenuko arduradunei, atezainei, garbiketako eta garraioko langileei. 

Lan baldintzen azterketari dagokionez, hutsaren hurrengoa da Hezkuntza Sailak egin duena. Aspaldi gainditu ziren mahai teknikoari azterketa hori egiteko ezarri zitzaizkion epeak, eta ez dago arrastorik ere lan horri ekiteko Hezkuntza Sailak duen borondateaz. Azterketa hori hasi ere egin ez izanak zuzenean eta egunero eragiten die ikastoletako langile guztiei.

Hezkuntza Saila bere hitza betetzen ari ez zela eta adostutako epeak gainditzen ari zirela ikusita, LABek horren salaketa egin, eta mobilizazioekin hasiko zela iragarri zuen prentsa aurrean orain urtebete. Ordutik, egindako mobilizazio ugariren segida da gaurko lanuztea. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako ikuskizunetako teknikari eta laguntzaileek greba arrakastatsutzat jo dute eta hitzarmen duina eskatzen dute

Nafarroako ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek eta laguntzaileek larunbatean deitutako grebak jarraipen zabala izan du sektoreko langileen artean eta ondorioz hainbat kultur jarduera bertan behera geratu dira. Horien artean, Gayarre Antzokian aurreikusitako ikuskizuna, Baluarteko areto nagusian programatutako dantza emanaldia eta Civivox Pompelon eskainitako emanaldi bat daude. Gainera, Baluarteko hitzaldiak soinurik eta argirik gabe egin dira.

Gaur, urriak 12, ez daukagu ospatzeko ezer

LAB sindikatuak planto egin ohi die inposatutako jai egunei, Euskal Herriarentzat lan egutegi propio baten aldarria egiteaz gain. Hala, urriaren 12an, delako “Hispanitate Egunaren”...

Eskatzen dugu Avanza autobusetako gidariek zerbitzu bereziak egiteagatik dagokien ordaina jaso dezatela

Sindikatuari, noski, oso ondo iruditzen zaio garraio-zerbitzua hobetu nahi izatea eta herritarren eta bidaiarien joan-etorriak erraztea. Gidariak eurak dira zerbitzuak behar bezala funtzionatu dezan eta eta erabiltzaileen beharrei erantzun diezaien nahi duten lehenak. Hala ere, uste dute ez dela bidezkoa neurri berri bakoitza beti jende berberaren ahalegina baliatuz ezartzea.