2026-10-13
HomeEkintza SozialaLABek babesa erakutsi dio Errekaleor Bizirik proiektuari

LABek babesa erakutsi dio Errekaleor Bizirik proiektuari

Azken egunetan Gasteizko Errekaleor auzoan gertatu diren erasoen aurrean, LAB Sindikatuak honakoa adierazi nahi du:

Administrazioak dira URSSAn eta bestelako lantegi eta lokaletan bizitzen (egon) diren pertsonak babes gabe utzi dituztenak. Hau da, ez zaie etxebizitza eskubidea bermatu, ezta bizi proiektu duin bat garatzeko inolako baliabiderik eskaini ere.

Aldi berean, etxebizitzaren egoeraren aurrean alternatiba gisa, 13 urte daramatzan Errekaleor Bizirik proiektu autogestionatuari aitortza egin nahi dio LABek. Urte hauetan guztietan jasandako hainbat eraso eta oztopo modu eredugarrian gainditu ditu, Europa mailan erreferentzia bat izateraino.

Ertzaintzak, bere agintarien aginduz, kale egoeran dauden pertsonak instrumentalizatu eta Errekaleorreko proiektua erasotzeko eta kaltetzeko erabili dituztela salatu nahi du LABek. Horrekin batera, auzoa babesten ari ziren auzokideen eta gasteiztarren kontra erabilitako oldarkeria eta jazarpena ere salatu nahi ditu LABek.

Garrantzitsua iruditzen zaigu gogoraraztea administrazioek ez digutela etxebizitza eskubidea bermatzen herritar guztioi. Etxebizitzen negozioa iraunkortzen dute, neurri eraginkorrak hartu gabe, eta LABek eskubide urraketa hori kokatzen du aurreko asteko geratakarien sorburu gisa.

Azkenik, zenbait sektorek diskurtso faxisten normalizaziorako duten joera ere azpimarratu nahi dugu. Zenbait alderdi politikok egindako adierazpenak eta komunikabide batzuen trataera tamalgarriak dira, eta diskurtso arrazista eta autoritarioa bultzatu besterik ez dute egiten. VOXen errelatoa erosi, eta hori proiektu autogestionatu baten kontra erabili nahi izan dute, erabateko arduragabekeriaz.

Beraz, gauzak horrela:

  • LABek bere erabateko elkartasuna eskaini nahi dio Errekaleor Bizirik proiektuari.
  • Faxismoaren, arrazismoaren eta autoritarismoaren kontra borrokatzeko bere konpromisoa berresten du, bai lan zentroetan eta baita auzo eta herrietan ere.
  • Administrazioei etxebizitza eskubidea bermatzeko exijitzen die, baita bestelako eskubide laboralak eta sozialak ere, bizitza duin bat garatu ahal izateko.
  • Langileek hainbestetan sufritu duten Ertzaintzaren jokabidea gogor salatzen du.

Faxismoaren, arrazakeriaren eta autoritarismoaren kontra, etxebizitza eskubidea denontzat.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funtzio Publikoko Zuzendaritzak bazter utzi du hitzarmenaren negoziazioa: 16 urte hitzarmenik gabe eta egutegirik ez

Gaur, urriak 13, Eusko Jaurlaritzako eta Organismo Autonomoetako langileen ordezkaritzaren eta Funtzio Publikoko Zuzendaritzaren arteko alorreko mahaia bildu da. LAB sindikatuan oso larritzat jotzen dugu Lan Harremanetako zuzendari berriak bertan azaldu duen jarrera.

Instalazioen narriadura larriaren eta segurtasun-bermerik ezaren ondorioz Arraizko TMB plantan beste istripu bat izan dela salatzen dugu

LABetik publikoki salatzen dugu Bilbon kokatutako Arraizko tratamendu mekaniko-biologikoko plantan (TMB) izandako gertakaria, enpresa kudeatzaileak ezkutatu egin nahi izan duena.

Greba Orokorraren erregistroa egin dugu gaur

Azaroaren 11ko greba orokorrak Euskal Herritik Euskal Herrirako deialdia izan behar duela sinetsita, gaur grebaren erregistroa egin dugun LAB, ELA, ESK, STEILAS ETXALDE, HIRU...