Alestis Aerospace Gasteizeko plantillak gaur hasi ditu lau orduko lanuzteak, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan enpresaren jarrera inmobilistaren aurrean. Langileek argi utzi dute mobilizazio egutegiarekin aurrera jarraituko dutela benetako aurrerapausorik eman ezean, eta hitzarmen duin baten alde borrokan jarraituko dutela.
Gaurko lanuztearekin batera, langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, euren aldarrikapenak kalera ateratzeko eta negoziazioaren egoera salatzeko.
Komiteak salatu du hitzarmen kolektiboaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen duela eta zuzendaritzak ez duela inolako borondaterik erakutsi langileen eskaerei erantzuteko. Langileen ordezkarien arabera, mahai gainean dauden proposamenek ez dituzte bermatzen lan baldintza duinak ezta erosahalmenaren mantentzea ere.
Langileek adierazi dute gaurko mobilizazioa ez dela azkena izango. Enpresak bere jarrera aldatzen ez badu eta negoziazioan benetako aurrerapausorik ez bada ematen, mobilizazioekin jarraituko dute aurreikusitako lanuzteen bidez.
Alestis Aerospace Gasteizeko langileek berretsi dute hitzarmen duin baten alde lanean jarraituko dutela, lan baldintza justuak, erosahalmenaren bermea eta etorkizunerako egonkortasuna defendatuz.
Egungo egoeraren xehetasunak aztertu eta Euskal Herrirako estrategia ekosozialista baterako LABen proposamenean sakontzen duen txostena eman dugu argitara.
Ipar Hegoak, LABen ikasketa sindikaletarako fundazioak, 24. Ikusmiran txostena kaleratu du, Industriaren deskarbonizazioa Euskal Herrian izenburua duena. Ikuspegi ekosozialista oinarri, hamarkada baten balantzea egin du bertan, eta egungo industria-eredua eraldatzeko eta bidezkoa izango den eta lan-eskubideak eta bermeak zainduko dituen benetako deskarbonizazio baterako bidean aurrera egin ahal izateko sindikatuak proposatzen dituen estrategiak xehatu ditu.
Hasteko, Euskal Herriko egoeraren erradiografia bat jasotzen du txostenak, hiru ardatzen inguruan: lana, ekonomia eta energia. Ondoren, CO2 isuri gehien dituzten sektoreek 2013 eta 2023 artean izandako bilakaera aztertu du. Hurrena, sektore horiek deskarbonizatzeko bideak deskribatu ditu: eskaria murriztea, batetik, ekoizpena eraldatzea, bestetik. Enpresa-proiektu nagusiak deskribatu eta jaso dituzten laguntza publikoak aztertu ditu. Azkenik, lan-gatazka batzuetan arreta jarri eta LABen industria-politikarako proposamen batzuk aurkeztu ditu. Ondorio hauek nabarmendu daitezke:
Euskal Herriko CO2 isurien %32 sei industria-sektoretan jarduten duten 55 industria-instalaziok eragiten dituzte. Hauek dira sektore horiek: elektrizitatearen sorkuntza, petrolioaren fintzea, zementua, metalurgia, papera eta beira.
Isuri arautuen %28 elektrizitatea sortzeko sektorean gertatzen dira, %26 petrolio-fintzean, %18 karearen eta zementuaren fabrikazioan, %8 metalurgian, %5 papergintzan, %5 beiraren eta erregogorren fabrikazioan, eta gainerako %10 beste industria batzuetan.
Guztira, 22.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute datozen hamarkadetan deskarbonizaziorantz jo behar duten industria-sektoreetan.
2013 eta 2023 artean, EAEn, petrolio-fintzearen mozkinak batez beste %35 handitu ziren aurreko urtearekin alderatuta, beira-industriarenak %9, metalurgiarenak %7 eta papergintzarenak %14.
2013 eta 2023 artean, behera egin zuten EAEko enpresek elektrizitatearen sorkuntzan, petrolio-fintzean eta metalurgian egindako inbertsioek. Nafarroan, murriztu egin ziren elektrizitatearen sorkuntzan, metalurgian eta papergintzan egindako inbertsioak.
2013az geroztik, beira-fabrikazioko lanpostuak %33 jaitsi dira EAEn, eta %43 Nafarroan. Zementuaren fabrikazioan, lanpostuak %8 gutxitu dira EAEn. Oinarrizko burdinezko produktuen fabrikazioaren alorrean, lanpostuak %25 murriztu dira EAEn, eta % 13 Nafarroan. Metalen galdaketan, lanpostuak %10 murriztu dira EAEn.
2013 eta 2023 artean, CO2 isuri arautuak handitu egin ziren elektrizitatearen sorkuntzan (%29), zementuaren fabrikazioan (%17) eta beiraren fabrikazioan (%2). Gutxitu egin ziren petrolio-fintzeak (%7), metalurgiak (%15) eta papergintzak eragindako (%25) isuri arautuak.
Sektore hauetan erregai fosilak ezabatzea ez da eginkizun erraza, baina ez da ezinezkoa. Deskarbonizazioa lortzeko hainbat bide daude: eskaria murriztea eta ekoizpena eraldatzea, adibidez.
Eraikuntza-materialak aldatuz, azpiegiturak berrituz, ibilgailu pribatuen flota murriztuz, garraio publikoaren mugikortasuna handituz, ontzien diseinua aldatuz edo ontziak berrerabiliz, zementuaren, altzairuaren, paperaren eta beiraren eskaria murriztu dezakegu.
Ekoizpena eraldatzeaz ari garenean alderdi hauetaz ari gara: zuzeneko elektrifikazioaz (bero-ponpak, galdara elektrikoak, indukzio bidezko berogailuak), birziklatutako materialen erabilera areagotzeaz eta hidrogeno berdea edo biometanoa erabiltzeaz. Karbono-harrapaketa teknika osagarri gisa erabil daiteke, fabrikazioan sortzen diren erreakzio kimikoaren isuriak ezabatzeko.
Enpresa handi batzuk hidrogeno, biometano eta energia berriztagarrien proiektuak bultzatzen ari dira, eta proiektu horietako batzuek gatazkak piztu dituzte beren inguruan. Proiektu horiek erregai fosilen negozioarekin duten mendekotasunak, abeltzaintza industrialarekin duten loturak eta lurralde-plangintzarik ezak areagotu egiten dute jendartearen arbuioa.
Aldi berean, geroz eta gehiago dira trantsizio energetikoarekin eta industriaren deskarbonizazioarekin lotutako milioika eurotako dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresak. Laguntza horiek Europatik, estatuetatik eta autonomia-erkidegoetatik jasotzen dituzte, enplegua mantentzeko inolako baldintzarik gabe.
Azkenik, deskarbonizatu beharra daukaten industria-sektoreetako enpresa handi askotan gero eta okerragoa da lan-harremanen egoera. Bost enpresa izan ditu aztergai Ipar Hegoak: Heidelberg Materials, Guardian, Sidenor, Petronor, Arcelor Mittal eta Tubos Reunidos. Laneko istripuak, mantentze-lanik eza, kaleratzeak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen erabilera gehiegizkoa eta itxierak aurki dizakegu enpresa hauetan, kasu batzuetan, energia-trantsizioa aitzakia gisa erabiliz.
LABek ekintza sindikala indartzearen aldeko apustua egiten dugu, lan-eskubideak eta bermeak izango dituen deskarbonizazio industriala lortzeko ezinbesteko motorra dela uste baitugu. Industriaren trantsizioa planifikatzearen eta jabetza publikoko proiektuen alde ere egiten dugu; negoziazio kolektiboa deskarbonizazioaren esparrura eramatearen alde, horrela langileen parte-hartzea bermatzeko; lanaldia murriztearen eta enplegua banatzearen, birkualifikatzearen eta duintzearen alde eta deslokalizazioen aurkako legeria indartzearen eta lanaren baldintzazkotasuna eta laguntza publikoen kontrola areagotzearen alde.
Horretan guztian sakontzeko, jarraian ikus dezakezue 24. Ikusmiran txostena:
Urteak daramatzagu SALTOKIn jazarpen sindikala salatzen. Behin eta berriz ohartarazi dugu enpresak LABeko afiliatuen aurka hartu duen jarrera, langileak antolatzea eragotzi nahi duen estrategia eta hauteskunde sindikaletan esku hartzeko saiakerak.
2026ko urtarrilean egin ziren hauteskunde sindikalen aurretik, salatu genuen gure bi lankideren kaleratzeak ez zirela kasualitatea. LABen hautagaitzan aurkezteko asmoa zuten langileak ziren, eta gure ustez enpresaren helburua argia zen: beldurra zabaltzea, langileen boto asmoetan eragitea eta LABen hautagaitza ahultzea.
Gaur esan dezakegu epaitegi batek arrazoia eman digula.
Gaur, ekainak 2, lankideetako bat berriro sartuko da SALTOKIn lanean, Gasteizko Lan Arloko 2. Epaitegiak bere kaleratzea baliogabetzat jo ostean. Epaiak langilea berehala berronartzera, galdutako soldatak ordaintzera eta 7.501 euroko kalte-ordaina ordaintzera behartzen du, oinarrizko eskubideen urraketagatik.
LABetik aspalditik salatu dugu enpresaren inguruan sortutako ustezko “hautagaitza independentea” zuzendaritzaren interesekin lerrokatuta zegoela. Orain, epailearen ebazpenak berresten du enpresak hauteskunde prozesuan esku hartzeko eta langileen antolakuntza sindikala oztopatzeko estrategia bat garatu zuela.
Sententziak berak jasotzen duenez, gainera, 2024tik hona enpresak egin dituen kaleratzeen erdiak baino gehiago LABeko kide direnei dagozkie. Kaleratze horien gehiengoa epaitegietan bidegabetzat jo dute. Datu horiek ez dira kasualitatea: LABen aurkako jazarpen sistematiko baten isla dira.
LABetik argi adierazi nahi dugu: ez dugu onartuko jarduera sindikalagatik inor jazarria edo zigortua izatea. Langileen antolakuntza, parte-hartzea eta askatasun sindikala defendatzen jarraituko dugu, behar den leku guztietan: lantokian, kalean eta epaitegietan.
Sexu Langileen Nazioarteko Egunean, LABek eskubideak aldarrikatu nahi ditu sexu langileentzat. Kriminalizazioa, zigorra, prekaritatea eta estigmaren aurrean, sexu langileen eskubideak bermatzea eta aitortzea ezinbestekoa dela uste du sindikatuak.
Iaz, norabide horretan, Kolonbiako Pereira hirian egindako Sexu Langileen Eskubideen aldeko Nazioarteko Gailurrean parte hartu zuen LABek, eta gailur hartan sinatutako manifestuarekiko bere konpromisoa berretsi nahi du.
Manifestu hark honakoa eskatzen du:
1. Sexu lana lan gisa aitortzea.
2. Kriminalizazio eta estigmatizazio instituzional oro berehala etetea.
3. Pertsona migratzaileen deskriminalizatzea eta eskubide guztien aitortza.
4. Sexu langileen familiak kustodiak kentzearen bidez suntsitzeari uztea.
5. Osasun integralerako sarbidea.
6. Era guztietako langileei bermatzen zaien gizarte-babesa.
LABeko koordinatzaile orokorra Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan izan da gaur, Oihane Yustosek eginiko elkarrizketari erantzuten.
Lan-harremanen arloan zein esparru soziopolitikoan pil-pilean dauden hainbat gairi heldu die Arroyok, hala nola gaur bertan EAEko udaletan deitutako grebari, euskara eskakizunen auziari edota LABen etxebizitzaren arloan abiatutako ildoari.
Gaur hasi da Genevan Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 114. Nazioarteko Konferentzia. LAB LANEren kide bilakatu da berriki, eta lehen aldiz ari da parte hartzen aipatutako konferentzian. Hau oso urrats garrantzitsua da sindikatuaren aitortza instituzionalean, eta LABek azken urteotan izan duen hazkundeari erantzuten dio. Euskal Herriko langileen interesak defendatzeko eta Euskal Herria mundu mailako mapa sindikalean kokatzeko baliatuko du bere parte hartzea LABek.
LANE 1919an sortu zen, langile mugimendua mundu mailan indartzen ari zen testuinguru batean. Mundu osoko estatuak, enpresari elkarteak eta sindikatuak daude ordezkatuak bertan eta urtero, bi astez, biltzen dira Genevan.
2026ko saioak gaurtik ekainaren 12ra egingo dira eta, lehen aldiz, LAB sindikatua ordezkatua egongo da bertan, Espainiako Lan Ministerioak (estatu osoko parte hartzaileen zerrenda arautzeko eskumena duenak) sindikatu horrek egindako eskari historikoa ontzat eman baitu. Honela, CCOO, UGT, ELA eta CIGrekin batera, LABek ere parte hartuko du Genevako saioetan. Are eta gehiago, lanaldiaren murrizketaren inguruko mahai inguru bat antolatu du Munduko Federazio Sindikalarekin (MFS) batera.
LANEn ere kontrabotere sindikalismoak indarra eta espazioa har dezan lan egingo du LABek, MFSko gainontzeko sindikatuekin elkarlanean.
LAB, gero eta ordezkaritza handiagoa lortzen ari den neurrian, bere eragiteko gaitasuna handitzen ari da. Horren seinale da, besteak beste, LANEn emandako urratsa.
Sindikatuak 160 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu EHU sistemaren ardatz gisa kokatzeko, bere finantziazioa bermatzeko eta handitzeko, euskara bultzatzeko, langileen erreleboa bermatzeko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko neurriak ezartzeko.
Urte hasieran, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Unibertsitate Legea egiteko prozesuari ekin zion. Lege horrek Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legea ordeztuko du. Gaur amaitu da lege aurreproiektuari alegazioak aurkezteko epea, eta LABek 160 baino gehiago aurkeztu dizkio aipatutako aurreproiektuari.
Jaurlaritzak aurkeztu duen lege aurreproiektuak EAEn dauden unibertsitate pribatuen sistema hauspotu eta indartzeko araudi markoa ezarri nahi duela uste du LABek, unibertsitate publikoaren alternatiba gisa aurkezten baitu, “harmoniazko” unibertsitate-sistema planteatuz.
LABen ekarpenen helburu nagusia Euskal Herriko unibertsitate sistema publiko eta burujabearen bidean kokatzen den EAEko unibertsitate publikoa defendatzea da, euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua ahalik eta baldintza onenetan eman ahal izateko, EHU nazioarteko erreferentziazko unibertsitate publiko gisa finkatzeko, jakintza sortzaile gisa eta euskararen zein euskal kulturaren ezagutza, ikerketa eta transmisio sustatzaile gisa. Era berean, ezinbestekotzat jotzen da lege honen bidez indartzea, besteak beste, langileen lan baldintzak, unibertsitate publikoak izan behar duen aurrekontu zuzkidura nahikoa, euskararen hedapena, kontziliaziorako bermea, desmilitarizazio printzipioak edota unibertsitate pribatuei arlo guztietan exijentziak handitzea, unibertsitate publikorako exijentzietara hurbiltzeko (are gehiago finantzaketa publikoa jasotzen dutenean).
Testuinguru horretan, LABek lehentasunezkotzat jotzen dituen alderdi hauei loturiko ekarpenak aurkeztu ditu:
1. Hezkuntza sistema burujabe eta propioa: Unibertsitateen lege berriaren zioetan Euskal Herriak bere hezkuntza sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea jaso behar da, egungo hezkuntza sistemak dituen gabeziak (eskuduntzei eta ereduari dagokienez) onartuz eta horiek gainditzea xede izanik. Egungo estatus juridiko-politikoa gainditu, eta unibertsitateen eskumen osoaren transferentzia eta erabaki ahalmen osoa beharrezkoa direla jaso behar du legeak; besteak beste, bere langileen baldintzak arautzeko erabateko eskumena. Era berean, legeak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratu behar du.
2. Finantzazioa: Unibertsitate publikoaren finantzaketa egokia bermatu behar da, gutxienez, EAEko BPGren % 1eko helburua ezarriz.
3. Plantillaren egokitzapena: Plantilla nahikoa izan behar da Irakasleen eta Ikertzaileen (IRI) zein Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZEL) arloetan euskal jendarteari eman behar dion zerbitzua eman ahal izateko. TEKAZEL/IRI ratioa handitu behar da. Bestalde, irakasle ordezkoak ezinbestekoak dira bajek, baimenek, lizentziek eta abarrek sortutako hutsuneak betetzeko eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Egiturazkoak diren baina esternalizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko eta langileak subrogatzeko aukera legean txertatu beharra dago.
4. Teknikarien eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileen karrera profesional horizontal zein bertikala jaso behar dira: TEKAZEL langileen lan ibillbideari eta eskarmentuari balioa eman behar zaie.
5. Irakasle eta Ikertzaileen karrera akademikoa: Unibertsitate “prestigiotsuetan” bi urteko egonaldiak egin beharra berrikusi eta birformulatu behar da, faktore ekonomikoak, kontziliaziokoak eta aukera-berdintasunekoak kontuan hartuta. Honekin lotuta, egonaldiak egiteko beharrezko finantzaketa ezinbestez bermatu behar da, langileen gastuak (klase arraka ez handitzeko) eta beharrezko ordezkapenak kontuan hartuta. Bestalde, baldintza honek IRIak iraunkor bihurtzeko eskubidea nabarmen zailduko luke, sail batzuetan irakasle berriak lortzeko arazoak areagotuz.
6. Irakasle eta Ikertzaileen soldata baldintzak: Ordainsariak exijitutako titulazioarekin eta irakaskuntza, ikerkuntza, transferentzia eta kudeaketa ekarpenekin bat etorri behar dira, irakasle-ikertzaileak erakartzeko eta beste sektore profesional edo lurralde batzuetara joan ez daitezen. Ordainsari osagarri guztiak finkatuak izan behar dira, eta oinarrizko soldata bezala eguneratu behar dira.
7. Unibertsitate pribatuen aldeko politikak mugatzea: Unibertsitate pribatuak ez dira aurkeztu behar unibertsitate publikoaren alternatiba baliokide gisa, eta ez dute arau-eskakizun txikiagoen onurarik izan behar funtsezko alderdietan; hala nola, karrera akademikoan, euskarazko irakaskuntza-eskaintzan, titulu berrien ezarpenean edo unibertsitate publikoan lehendik dauden titulazioen bikoizketan.
8. Euskararen babesa eta sustapena: Euskarak lehentasunezko tratua jaso behar du, euskaraz lan egiteko eta ikasteko eskubidea bermatzeko eta hizkuntza ofiziala euskara duten beste unibertsitate batzuekiko lankidetza eta harremana errazteko.
9. Euskal Herriko unibertsitateen arteko harremanen artikulazioa: Legean Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko unibertsitateekiko harremanak lehenetsi behar dira.
10. Negoziazio kolektiborako eskubidea: Legezko langileen ordezkaritza sindikalarekin lan-baldintzak negoziatu behar dira, negoziazio kolektiborako dugun eskubidea errespetatuz eta soldatari zein enpleguari dagozkion gai guztiak hemen negoziatuz, Jaurlaritzak Madrilen adosten dena inposatu gabe.
Bukatzeko, LABek salatu nahi du oraingoz ez dela bete legeak entzunaldi publikoari buruz dioena. 6/2022 Legeak honela dio: “Entzunaldi publikoarekin batera, langileen ordezkariekin negoziatu beharko dira –edo kontsulta egin beharko zaie–, dagokion legeriak ezarritako gai-eremuen arabera, lan-baldintzen gaineko eta funtzio publikoaren legeriak zehaztutako gai jakin batzuen gaineko arau-egitasmoak betiere ez badituzte oinarritzat aurreko negoziazio batean lortutako akordioak”. Alta, unibertsitate legeak lan baldintzetan eragin garrantzitsua izango badu ere, sailburuak ez ditu sindikatuak bilerara deitu. Hortaz, izapideen hurrengo etapetan sailburuari sindikatuekin negoziatzeko markoak irekitzeko galdegiten dio LABek.
Ekainaren 1etik 12ra bilduko den Lanaren Nazioarteko Erakundean parte hartuko du lehen aldiz.
Hauteskunde sindikalen garai trinkoaren atarian, LABek hazten jarraitzen du, bai ordezkaritza sindikalean, baita afiliazioan ere. Hego Euskal Herriko ordezkaritza sindikalaren %20 baino gehiago eskuratu du dagoeneko, eta Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak adierazi duenez, baditu hazteko aukera eta borondatea.
Arroyoren arabera, mundu mailako testuingurua ikusita, kontraboterezko sindikalismo eraldatzailea “beharrezkoa, bideragarria eta eraginkorra” da. “Kapitalak hautsi egin du Bigarren Mundu Gerraren ostean, langile klasearen indarraren aurrean, Mendebaldeko estatuetan ezarritako oreka instituzionala, ongizate estatu gisa ezagutu izan dena. LAB bere sorreratik izan zen kritiko eredu horrekin, baina Europako sindikatu askok sinetsi egin zuten elkarrizketaren eta kontzertazio sozialaren bidez posible zela kapitalismo sozialago bat garatzea. Ameskeria hori amaitu da. Kapitala esplotazioa areagotzen, esku hartze inperialistak sustatzen eta lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ari da. Elkarrizketa sozialaren amaraunean harrapatuta gelditu diren sindikatuak ez dute borondaterik, ezta gaitasunik ere, erasoaldi horri galga jartzeko”.
Arroyoren arabera, besteak beste LABen ekarpenari esker, Euskal Herrian eutsi zaio sindikalismo borrokalari eta eraldatzaileari. Espainiako Estatuan nagusi diren eta elkarrizketa sozialaren ameskeriari eusten dioten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, langileen herena baino ez dute ordezkatzen Hego Euskal Herrian, “eta euskarari dagokionez hartu duten jarrera ikusita, babesa galtzen jarraituko dute”. Ipar Euskal Herrian ere LAB gero eta eragin gaitasun handiagoa izaten ari da: “Urte luzez sindikatu frantsesek baztertu egiten gintuzten; orain intersindikalak euskal markoaren arabera antolatzen hasi dira”.
Arroyoren aburuz, errealitate horri esker Euskal Herrian badugu aukera “krisi sistemikoari bestelako erantzun bat” emateko. “Klase sindikalismo antirrazista eta feminista da faxismoaren aurkako antidotoetako bat. Honela, oldarraldi faxista, matxista eta arrazistaren aurrean, Euskal Herrian badugu aukera trantsizio birbanatzaile, ekosozial eta feminista abian jartzeko. Norabide horretan, hauxe da LAB sindikatuaren apustua: autonomia sindikaletik Euskal Herriaren burujabetza eta eraldaketa prozesuari ekarpena egitea”.
Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide
Testuinguru horretan, LABek aitortza instituzionalean urrats historiko berri bat lortu du: Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide bilakatu da. Lanaren Nazioarteko Erakundea (ILO ingelesez, OIT gazteleraz) 1919an sortu zen, langile mugimendua mundu mailan indartzen ari zen testuinguru batean. Mundu osoko estatuak, enpresari elkarteak eta sindikatuak daude ordezkatuak bertan eta urtero, bi astez, biltzen dira Genevan.
2026ko saioak ekainaren 1etik 12ra egingo dira eta, lehen aldiz, LAB sindikatua ordezkatua egongo da bertan, Espainiako Lan Ministerioak (estatu osoko parte hartzaileen zerrenda arautzeko eskumena duena) sindikatu horrek egindako eskari historikoa ontzat eman baitu. Honela, CCOO, UGT, ELA eta CIGrekin batera, LABek ere parte hartuko du Genevako saioetan. Are eta gehiago, lanaldiaren murrizketaren inguruko mahai inguru bat antolatu du Munduko Federazio Sindikalarekin (WFTU ingelesez, FSM gazteleraz) batera.
LAB kritikoa da Lanaren Nazioarteko Erakundeak azken hamarkadetan hartu duen norabidearekin. Izan ere, elkarrizketa sozialaren aldeko ildoa daraman Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak (ITUC ingelesez, CSI gazteleraz) nazioarteko federazioak sindikatuen ordezkaritza monopolizatu du: LNEren zuzendaritzan sindikatuen aldetik parte hartzen duten hamar kidetik zortzi ITUC/CSIkoak dira, bat Munduko Federazio Sindikalekoa eta bestea Txinakoa. Ondorioz, elkarrizketa sozialaren aldeko mezuak eta jarrerak nagusi dira bertan. Parte hartze instituzionaleko beste eremuetan bezala, LNEn ere kontrabotere sindikalismoak indarra eta espazioa har dezan lan egingo du LABek, FSMko gainontzeko sindikatuekin elkarlanean.
LAB, gero eta ordezkaritza handiagoa lortzen ari den neurrian, bere eragiteko gaitasuna handitzen ari da. Horren seinale da, besteak beste, Lanaren Nazioarteko Erakundean emandako urratsa.
Hauteskunde Sindikalak: %20tik gora Hego Euskal Herrian
Hauteskundeen azken datu ofizialak apirilaren 30ekoak dira. Horien arabera, Hego Euskal Herrian LABek %20ko langa gainditu du, urtetan bigarren eta orain hirugarren sindikatua den CCOOekiko aldea nabarmen handituz. Duela 16 hilabete baino ordezkari gehiago hautatu diren testuinguru batean, LAB da ordezkaritza ehunekoan igoera izan duen sindikatu bakarra.
HEGO EH
2024ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
5277
%19,74
5529
%20,12
ELA
9568
%35,79
9827
%35,76
CCOO
5176
%19,36
5237
%19,06
UGT
3813
%14,26
3844
%13,99
Nabarmentzekoa da estatu mailan nagusi diren CCOO eta UGT sindikatuek pisua galtzen jarraitzen dutela Hego Euskal Herrian: egun, ordezkaritza sindikalaren %33,05 baino ez dute.
Urtez urte hauteskunde sindikaletan egoten direnak aldaketak txikiak badira ere, epe luzeko ikuspegiarekin azterketa eginez gero, nabarmena da izaten ari den aldaketa: azken hamabost urtetan kasik bost puntu egin ditu gora LABek, ELAk bere ordezkaritza ehunekoari eutsi eta UGTk eta CCOOk behera egiten duten bitartean.
HEGO EH
2010eko abenduaren 31
2020ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
3977
15,33%
4528
19,32%
5529
%20,12
ELA
9221
35,54%
8510
36,32%
9827
%35,76
CCOO
5542
21,36%
4644
19,82%
5237
%19,06
UGT
4506
17,37%
3235
13,80%
3844
%13,99
Nafarroari erreparatuta ere gora egin du LABek ehunekoetan, %18ko langa gaindituta. ELAk ere gora egin duen bitartean, UGT eta CCOO dira behera egin dutenak. Azken horrek bigarren postua galdu du ELAren mesedetan.
NAFARROA
2024ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
1263
%17,90
1299
%18,03
ELA
1606
%22,76
1695
%23,53
CCOO
1694
%24,01
1691
%23,48
UGT
1746
%24,74
1766
%24,52
Azken hamabost urteotan Nafarroan izaten ari den aldaketa oso esanguratsua da. Kontzertazio sozialaren eta marko estatalaren alde egiten duen blokea, UGTk eta CCOOk osatua, %55,96 izatetik %48,00 izatera igaro da; sindikatu abertzaleak, aldiz, %33,62 izatetik %41,56 izatera igaro dira. Alegia, bi blokeen arteko tartea 22 puntu baino handiagoa izatetik 7 puntu baino txikiagoa izatera pasa da. Aldaketa horren eragile nagusia LAB izan da, bost puntu eta erdi igo baititu. Horrela, Nafarroako lehen sindikatua den UGTren eta LABen arteko tartea 18 puntutik 6 puntura murriztu da, oraindik ere hainbat enpresarik UGTri mesede egiten dioten arren.
NAFARROA
2010eko abenduaren 31
2020ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
818
%12,59
1079
%17,69
1299
%18,03
ELA
1366
%21,03
1358
%22,26
1695
%23,53
CCOO
1641
%25,27
1473
%24,14
1691
%23,48
UGT
1993
%30,69
1469
%24,08
1766
%24,52
EAEko datuei erreparatuta, LAB igotzen ari den bitartean, beste hiru sindikatuek koska txiki bat egin dute behera. LABek jada bikoiztu egiten du UGTren ordezkaritza, eta hirugarren sindikatua den CCOOekiko aldea handitu du.
EAE
2024ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
4014
%20,41
4230
%20,86
ELA
7962
%40,48
8132
%40,11
CCOO
3482
%17,70
3546
%17,49
UGT
2067
%10,51
2078
%10,25
Duela hamabost urteko egoerarekin alderatuta, LABek igoera nabarmena izan du EAEn. ELAk koska txiki bat galdu du eta UGT-CCOOek behera egin dute.
EAE
2010eko abenduaren 31
2020ko abenduaren 31
2026ko apirilaren 30a
LAB
3138
%16,24
3449
%19,90
4230
%20,86
ELA
7824
%40,5
7152
%41,27
8132
%40,11
CCOO
3878
%20,07
3171
%18,30
3546
%17,49
UGT
2494
%12,91
1766
%10,19
2078
%10,25
Afiliazioa: 52.000 kide baino gehiago
Ordezkaritzan nola, LABek gora egin du afiliazioan ere: azken 16 hilabeteetan %2,7ko hazkundea izan du. Une honetan, LABek 52.170 afiliatu ditu. Izandako alten %51,08 emakumeak* izan dira. Horrela, LABek ekarpen egiten dio euskal langileen sindikalizazioari; Espainiako eta Frantziako estatuek baino afiliazio tasa handiagoa du Euskal Herriak.
Ekainaren 4ko greba egunaren aurretik aurre-akordio batera erdiesteko LABen proposamenari eta biltzeko eskariari ezezko borobila eman dio.
Atzoko egunez bildu zen berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia. Bileraren aurretik EUDEL osatzen duten alderdi politikoek idatzizko proposamen bat bidali ziguten atzoko bileran lantzekoa zena. Proposamen horrek eduki batzuk jaso ditu eta hori positiboki baloratu genuen arren, beste eduki eta zehaztasun batzuk falta ditu akordio batera iristeko.
Egoera horren aurrean, LAB sindikatutik Udalhitz berriaren aurreakordio hori erdiesteko lan egin dugu, egoera alferrikako atzerapenekin ez luzatzeko langileen aginduari jarraikiz; izan ere, udal langileak greba dinamika bete betean gaude. Hortaz, alde instituzionalak bidalitako dokumentuari denbora nahikoarekin idatzizko erantzun bat bidali genion aurreakordio hori sinatzeko aukera emango zuten zehaztapenekin. Hauek dira LABentzat zehaztasunak falta dituzten edukiak edota funtsezkoak direnak eta gaur gaurkoz ez daudenak:
6 urteko indarraldia oso luzea dela eta murriztu behar dela. Neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.
Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz.
Enpleguari lotuta: bitartekotasun egoerak gelditzeko benetako frenoak, langileen arteko mugikortasunak ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz).Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.
Aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea. Langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.
Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatu eta ezartzekoa izan dadila.
Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea.
Lan osasuna babesteko baliabideak.
Bileran zehar EAJk argi adierazi zigun ez dela gehiago mugituko bere posiziotik, eman duela eskaini beharreko guztia. PSE, aldiz, ixilik bilera osoan ahora ireki gabe. EHBilduk proposamen guztiak aztertzeko jarrera adierazi zuen eta Alderdi Independenteak bere txikitasuna aitortuz aztertzeko jarrera ere.
Horretaz gain, badira bi gai, euskararena eta zerbitzuen kudeaketa publikoarena EUDELen proposamen bateraturik gabekoak; bi proposamen oso ezberdin daude alde instituzionalaren aldetik. EAJ eta PSEren proposamenak euskararen normalizazioan atzera egiteari ateak irekitzen dizkio eta zerbitzuak publifikatzeko aukera erabat baztertua du. Gehiengo sindikal oso zabala osatzen dugun sindikatuok EHBilduren proposamenarekin bat egin dugula adierazi dugu mahaian eta gehiengoak errespetatzea exijitu ere. Gehiengoak errespetatu gabeko lan-hitzarmenik ez baita egongo.
Bukatzeko, egoeraren larritasunak hala eskatuta, LABek hurrengo grebaren aurretik, ekainaren 4aren aurretik, edozein egunetan biltzeko eskaria egin zuen, negoziazioari beste aukera bat emateko. Honi ezezko borobila eman ziguten. Alde instituzionalaren aldetik, ekainaren 12ko bilera batera deitu gaituzte eta LABek eskatuta aurrez idatzizko erantzuna bidaltzeko konpromisoa hartu dute.
LABetik uste dugu momentu klabea dela oraingo hau, Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko ere, izan ere, Udalhitzek jarriko dituen oinarriak izango dira ere udal horietan negoziazioa desblokeatu eta lan-hitzarmen berriei bide emango diena.
Hortaz, inoiz baino garrantzitsuagoa da, ezezko hauen aurrean, langileon indarrarekin presionatzea. Langileak batu behar gara eta hitzarmenak berritzearen eta hobetzearen aldarrikapena indartu behar dugu. Orain da momentua, borrokak merezi du eta alderdiak gehiago mugiarazi behar ditugu! Ekainak 4an udal langileok greba egin eta kaleak hartuko ditugu Bilbotik goizeko 12etan aterako den manifestazioan. Mobilizazio horretara bertaratzeko doako autobus zerbitzua antolatu dugu, beraz, apuntatu zaitezte lehenbailehen!