2026-05-30
HomeEkintza SindikalaSalatzen dugu EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela Udalhitzek lan-hitzarmen berria lortzeko...

Salatzen dugu EUDELen lehendakaritza duen EAJk ez duela Udalhitzek lan-hitzarmen berria lortzeko gatazka bukatzeko inolako borondaterik

Ekainaren 4ko greba egunaren aurretik aurre-akordio batera erdiesteko LABen proposamenari eta biltzeko eskariari ezezko borobila eman dio.

Atzoko egunez bildu zen berriz Udalhitz berria negoziatzeko mahaia. Bileraren aurretik EUDEL osatzen duten alderdi politikoek idatzizko proposamen bat bidali ziguten atzoko bileran lantzekoa zena. Proposamen horrek eduki batzuk jaso ditu eta hori positiboki baloratu genuen arren, beste eduki eta zehaztasun batzuk falta ditu akordio batera iristeko.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatutik Udalhitz berriaren aurreakordio hori erdiesteko lan egin dugu, egoera alferrikako atzerapenekin ez luzatzeko langileen aginduari jarraikiz; izan ere, udal langileak greba dinamika bete betean gaude. Hortaz, alde instituzionalak bidalitako dokumentuari denbora nahikoarekin idatzizko erantzun bat bidali genion aurreakordio hori sinatzeko aukera emango zuten zehaztapenekin. Hauek dira LABentzat zehaztasunak falta dituzten edukiak edota funtsezkoak direnak eta gaur gaurkoz ez daudenak:

  • 6 urteko indarraldia oso luzea dela eta murriztu behar dela. Neurri gehienak oso berandu aplikatzea ekarriko baitu horrek.
  • Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak egitea bertako langileak subrogatuz.
  • Enpleguari lotuta: bitartekotasun egoerak gelditzeko benetako frenoak, langileen arteko mugikortasunak ahalbidetzea eta lanaldi partzialek %10 ez gainditzea (lehentasunez sektore feminizatuetakoak %100ean osagarrituz). Horrekin batera hautaketa prozesu propioak eta mankomunatuak egitea hauek ordezkari sindikalekin adostuz.
  • Aurrez erretiratzeko neurriak zehaztea. Langileei lanera ez joateko askoz denbora gehiago emanez.
  • Soldatak berreskuratzeko zorra onartzea eta erosahalmena bermatzeko igoerak egiteko tresna ezberdinak adostea. Horien artean karrera profesionala objektiboa eta langile guztiei aplikatu eta ezartzekoa izan dadila.
  • Euskararen ezagutza eta erabilera bermatzea.
  • Lan osasuna babesteko baliabideak.

Bileran zehar EAJk argi adierazi zigun ez dela gehiago mugituko bere posiziotik, eman duela eskaini beharreko guztia. PSE, aldiz, ixilik bilera osoan ahora ireki gabe. EHBilduk proposamen guztiak aztertzeko jarrera adierazi zuen eta Alderdi Independenteak bere txikitasuna aitortuz aztertzeko jarrera ere.

Horretaz gain, badira bi gai, euskararena eta zerbitzuen kudeaketa publikoarena EUDELen proposamen bateraturik gabekoak; bi proposamen oso ezberdin daude alde instituzionalaren aldetik. EAJ eta PSEren proposamenak euskararen normalizazioan atzera egiteari ateak irekitzen dizkio eta zerbitzuak publifikatzeko aukera erabat baztertua du. Gehiengo sindikal oso zabala osatzen dugun sindikatuok EHBilduren proposamenarekin bat egin dugula adierazi dugu mahaian eta gehiengoak errespetatzea exijitu ere. Gehiengoak errespetatu gabeko lan-hitzarmenik ez baita egongo.

Bukatzeko, egoeraren larritasunak hala eskatuta, LABek hurrengo grebaren aurretik, ekainaren 4aren aurretik, edozein egunetan biltzeko eskaria egin zuen, negoziazioari beste aukera bat emateko. Honi ezezko borobila eman ziguten. Alde instituzionalaren aldetik, ekainaren 12ko bilera batera deitu gaituzte eta LABek eskatuta aurrez idatzizko erantzuna bidaltzeko konpromisoa hartu dute.

LABetik uste dugu momentu klabea dela oraingo hau, Udalhitzen lan-hitzarmen berria lortzeko zein Udalhitzetik kanpo dauden udalen negoziazioetan eragiteko ere, izan ere, Udalhitzek jarriko dituen oinarriak izango dira ere udal horietan negoziazioa desblokeatu eta lan-hitzarmen berriei bide emango diena.

Hortaz, inoiz baino garrantzitsuagoa da, ezezko hauen aurrean, langileon indarrarekin presionatzea. Langileak batu behar gara eta hitzarmenak berritzearen eta hobetzearen aldarrikapena indartu behar dugu. Orain da momentua, borrokak merezi du eta alderdiak gehiago mugiarazi behar ditugu! Ekainak 4an udal langileok greba egin eta kaleak hartuko ditugu Bilbotik goizeko 12etan aterako den manifestazioan. Mobilizazio horretara bertaratzeko doako autobus zerbitzua antolatu dugu, beraz, apuntatu zaitezte lehenbailehen!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eusko Jaurlaritzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, hitzarmen berria negoziatzeko eskatuz

LABek eta ELAk lanuztera deitu dituzte langileak, ekainaren 16ean, 11:30etik 14:30era, eta arratsaldez kasu egiten dutenen kasuan, 15:00etatik 18:00etara. Jaurlaritzako langileek 15 urte daramatzate...

SEAk negoziatzeko benetako borondatea duela erakusteko beste aukera bat galdu du

Atzera pausoetan oinarritutako proposamena erretiratu gabe jarraitzen du, eta horrek Negoziazio mahaiaren blokeoan sakontzen du. Gaur, maiatzak 29, Arabako metalgintzako hitzarmena negoziatzeko laugarren bilera egin...

Udal euskaltegien finantzazio-sistema aldatzeko HABEren eta EUDELen arteko akordioa bertako langileak kontuan izan gabe erabaki dela salatzen du LABek

Era berean, ohartarazi du ez duela onartuko eredu berriak langileen baldintzetan inolako kalterik edo murrizketarik eragitea. Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek udal euskaltegien finantzazio-sistema eguneratzeko akordioa...