2026-06-30
Blog Page 497

Garbiñe Aranburu: “Guztia ez da Madrilen erabakitzen; baditugu eskuduntzak zaintza sistema publiko baten norabidean urratsak emateko eta zaintzak negozio izateari uzteko”

Martxoaren 8aren etorrerarekin, Euskal Herriko kaleak hartu ditugu sektore feminizatuen duintasuna eta aitortza aldarrikatzeko. Ipar Euskal Herrian beste sindikatuekin batera mobilizatu gara; Hego Euskal Herrian, mugimendu feministarekin eta emakume* pentsiodunekin batera, besteak beste. LABek ere bere mobilizazio propioa egin du; Gasteizen, hain justu. Bertan, Europa Jauregian egindako emakumeen* batzarraren ostean, manifestazioa egin dugu Andra Mari Zuriaren plazaraino. Plazan bertan, EAJren egoitza aurrean, alderdi jeltzalea interpelatu du Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, gobernu ardurak dituen neurrian: “Guztia ez da Madrilen erabakitzen. Baditugu eskuduntzak bestelako urrats batzuk emateko; baditugu eskuduntzak zerbitzu publikoak hobetzeko; baditugu eskuduntzak zaintza sistema publiko baten norabidean urratsak emateko eta zaintzak negozio izateari uzteko”.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “kasu askotan, EAJko kideei lotutako enpresa pribatuak dira zaintzarekin negozioa egiten ari direnak. Eusko Jaurlaritzak ere bultza ditzake akordio interprofesionalak prekarietatearekin amaitzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko edo gutxieneko soldata ezartzeko, baina horretarako guztirako borondaterik ez dago eta nahiago dute sistemak egun dagoen bezala bizirauten jarraitzea”. 

Gaurko egunerako leloetan zaintzaren gaia aukeratu dutela ekarri du gogora Garbiñe Aranburuk, “baina guri propagandak ez digu balio, hitz hutsalek ez digute balio, ekintzak nahi ditugu eta hori salatzen ari gara, ekintza horiek eta erabaki politiko horiek ez direla iristen”.

Gaur egun, sistema kapitalistak bizirauteko ezinbestez zaintza lanak aitortu gabe eta berrantolatu gabe jarraitu behar du, eta emakumeon* lanak prekarizatzen jarraitu behar du: “Emakumeon* lana duindu eta zaintza lanak aitortuz gero, sistema kapitalistak ezingo luke biziraun. Eta hau erabaki politiko bat da”, erantsi du.

Odolusteak ez du etenik

Azpeitian, Bidean Garraioak enpresako langile bat hil da Mendiaraiz enpresan. Kamioi bat deskargatzen ari zela karga gainean erori zaio eta bertan hil da. Istripu hilgarria ikertzea eta erantzunkizunak argitzea eskatzen dugu. Egun berean, gainera, beste langile bat larri zauritu da Carcarren, Nafarroan, teilatu batetik erorita.

Aurten gutxienez 9 langile langile hil dira lanean Euskal Herrian eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian iazko otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen familia eta gertukoei.
Gaur gertatutakoa ez da berria. Urtero, karga gainean erortzeagatik langile ugarik bizitza galtzen dute. Segurtasun neurriak hartuz ekidin zitezkeen istripuak dira, baina zoritxarrez errealitateak erakusten digu ez dituztela segurtasun neurriak hartzen honelako istripuak berriro gerta ez daitezen.

Istripuen erantzule nagusia patronala da, interes ekonomikoak lehenesten baititu langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik. Esku hartze publikoa inoiz baino beharrezkoa denean, Administrazio Publikoek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, ez dute patronalaren interesen kontra jarri nahi. Ez dute agenda politikoan lan istripuen arazo larria eta estrukturala jarri nahi.
Langileok bizi ahal izateko egiten dugu lan, eta ez ahalegin horretan bizia galtzeko. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza kaxkarrak, lan egiteko moduak eta prebentzio -neurri eskasen emaitza dira.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Badakigu norbanakoena, familiena eta gizarte osoarena den gaitz honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joko arauen aldaketatik etorriko dela aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Dei egiten diegu langile klaseari eta herritarrei antolatuko diren salatze mobilizazioetan parte hartzera.

Onartezina da sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak finantzatzen jarraitzea

Nafarroako Parlamentuak sexuagatik segregatzen duten ikastetxeak diruz-laguntzeari uzteko mozioa onartu da NA+ren kontrako bozka bakarrarekin. Gasteizko Parlamentuan proposamen berdina eztabaidatu eta ez du aurrera egin, EAJ eta PSE-EEk baztertzaileak diren ikastetxeak finantziatzen jarraituko dutela adierazi ondoren.

Egun, Jaurlaritzak 13 miloi euroz laguntzen ditu EAEn dauden sei eskola segregatzaileak. Berdintasunaren alde daudela esan eta sexuagatik baztertzen duten ikastetxeak diruz laguntzen jarraitzea onartezina da. Are gehiago, Jaurlaritzako alderdi politikoek, EAJk eta PSE-EEk hori defendatzea. Gasteizeko eztabaidan EAJko parlamentariak ukatu egin du eskola horiek baztertzaileak direnik.
Oso agerian geratzen da EAJ eta PSE-EE ez daudela Euskal Herrian mugimendu feministatik aldarrikatu diren oinarrizko eskubide eta neurriak betetzeko prest. Sexu-genero zapalkuntzaren ikur diren ikastetxeak diru publikoarekin finantziatzen jarraitzearen alde agertu dira. Gaur diru publikoz ikastetxe horiek finantziatu eta astelehenean ekitaldi instituzionaletan berdintasunaren aldeko adierazpenak irakurriko dituzte, hezkidetzaren alde daudela esatera ausartuko dira, haien politika hutsalak justifikatzeko antzerkiak eginez.

Nafarroako Parlamentuak emandako urratsa txalotzearekin batera, EAEn politika matxista eta anti-feminista hauek tinko salatuko ditugula adierazi nahi dugu. Horrekin batera, pedagogia feministan urratsak emateko borrokarekin jarraituko dugu, sexuagatik segregatzen ez duten ikastetxeak izatetik harago, era integralean feminismoan hezten duten ikastetxeak nahi ditugulako Euskal Herrian. Aurrean izango gaituzue!

Enplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara Aiaraldean

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok mobilizazio eguna izan dugu Aiaraldean, eta goizean goizetik irten gara kalera enplegu eta bizitza duinaren defentsan. Hain zuzen ere, eskualde mailako bi orduko lanuzteak deitu ditugu 11:00etatik 13:00etara, eta, ondoren, manifestazio bana egin ditugu Amurrio eta Laudion, “Aiaraldean enplegu eta bizitza duina” lemarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, sindikatuko ordezkaritza zabal batekin batera.

Bizi dugun egoerak, enplegu suntsiketarekin, berau galtzeko arriskuarekin, enplegu prekarioarekin… erantzun global, bateratu eta anitza eskatzen du Aiaraldean. Izan ere, eskualdea egoera kezkagarrian dago. Arreta berezia merezi du Tubacex-en gertatzen ari denak, EEE batekin eta zuzendaritzak egindako 150 kaleratzeren mehatxuarekin, eta baita Valvospain-eko itxiera eta 79 kaleratzeek ere, hauek ehundaka familia eta gure eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin.

Inoiz baino beharrezkoagoa da enpleguaren alde mobilizatzea, eskubide laboral eta sozialen alde, kalitatezko zerbitzu publikoen alde; azken batean, enplegu eta bizitza duinaren alde, eta eskualdearen eta bertoko langileen etorkizunaren alde.

Erakundeak eta alderdiak interpelatu ditugu

Amurron eta Laudion egindako manifestazioen bukaeran, sindikatuotako ordezkariek adierazi dugu, eskualdeko lanuzte honekin eta Laudioko eta Amurrioko kaleetan zehar egin ditugun manifestazioekin, erakunde eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugula, “gizartearen gainerakoekin batera gure eskualdeko kalitatezko enplegua defenda dezaten eta azken lan-erreformak indargabetzeko lan egin dezaten. Sektore guztiei bizitza duina bermatzeko nahikoa politika publiko eta laguntza bermatzea ere ezinbestekoa da”.

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuon hitzetan, “Aiaraldeko enpleguaren eta bizitza duinaren aldeko egondako dozenaka atxikimendu eta gaurko manifestazioen arrakasta kolektiboa ezin dira kanpaina baten amaiera izan, Aiaraldean enpleguaren eta bizitza duinaren alde borrokatzeko konpromisoaren hasiera baizik, Aiaraldean, elkarrekin, posible delako. Horregatik, helburu horrekin egiten diren deialdiekin bat egitera deitzen dugu. Gaurko borroka biharko enplegua eta baldintzak direlako”.

Azken lan-erreformek eta politika publikoek enplegua suntsitu dute, prekarizazioa sortu dute, “eta horrek, gure aldetik erantzun soziala, bateratua eta plurala eskatzen du. Horregatik, enpleguaren defentsan, kalitatezko zerbitzu publikoen eta lan eta gizarteko eskubideen alde mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu”.

Garbiñe Aranburu: “Propaganda gutxiago eta ekintza gehiago behar ditugu zaintza sistema publiko komunitario baterantz aurrera egiteko”

EAEko gizarte zerbitzuetan grebara deitu dugu martxoaren 4aren etorrerarekin. Zaintza lanak aitortzea aldarrikatuko dugu goizean goizetik, funtsezkoak diren sektore feminizatu hauetan dagoen prekarietatea salatzeaz gain, sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario baten alde. Hain zuzen ere, Pikete Feministak Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleak hartu ditu, eta instituzioak interpelatu ditu. Eguerdia aldean, manifestazioak egin ditugu hiriburuetan, mobilizazio bateratuan parte hartu baitugu, gure zutabearen baitan. Ibilbidearen amaiera, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak hartu du hitza, eta erakundeei zuzendu zaie, hitzetatik ekintzetara pasa daitezen zaintza sistema publiko komunitario baten bidean.

Garbiñe Aranburu.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “oso mezu argia bidali nahi diegu erakundeetako arduradunei eta, batez ere, agintean dagoen alderdiari, EAJri. Ez digute balio edukiz hustutako hitzek, propaganda gutxiago eta ekintza gehiago behar ditugu zaintza sistema publiko komunitario baterantz aurrera egiteko”.

Eta gure aldarrien berri eman dugu, bide hori gauzatu ahal izateko:

-Zaintza-lanen aitorpen politiko, ekonomiko eta soziala eskatzen dugu. Aitorpen horren ondorioz, lan-baldintzak nabarmen hobetu behar dira. Bizitzari eusteko funtsezko zerbitzua ematen ari dira, eta horrek konpentsatu egin behar da. Soldatak hobetu behar dira, langile gehiago kontratatu behar dira, ratioak murriztu behar dira, erabiltzaileei arreta emateko denbora gehiago izateko. Ratioak arautzeko dekretu berri bat eskatzen dugu, adostuko den dekretu berri bat.

Gasteiz.

-Publifikazio-plan bat egin behar da. Gizarte zerbitzuen pribatizazio eta merkantilizazio politika irauli behar da. Ezin da onartu zaintzak enpresa pribatuen negozio iturri izatea. Azpimarratu behar da egoitza asko EAJrekin lotura estua duten pertsonen esku daudela.

-Zainketako laguntza-eredua aldatu behar da. Gizarte-zerbitzuak hobetzeko eztabaida ireki behar da. Eztabaida horretan langileek parte hartu behar dute, erabiltzaileek eta haien senideek.

-Diru gehiago inbertitu behar da gizarte-zerbitzuetan.

Bilbo.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, “aldarrikapen eta borroka urte asko dira, baina pandemia, langileentzat oso gogorra eta nekagarria izaten ari den arren, pizgarria ere izaten ari da zaintza-sistema publiko baten alde borrokan jarraitzeko. Jendarte osoari dagokigun borroka da. Denok, gure bizitzan, zaintza horien beharra izango”.

Pikete Feministak instituzioak interpelatu ditu, zaintza lanak behingoz aitortu ditzaten

EAEko gizarte zerbitzuetan grebara deitu dugu martxoaren 4aren etorrerarekin. Zaintza lanak aitortzea aldarrikatuko dugu goizean goizetik, funtsezkoak diren sektore feminizatu hauetan dagoen prekarietatea salatzeaz gain, sistema publiko unibertsal, doako eta komunitario baten alde. Hain zuzen ere, Pikete Feministak Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleak hartu ditu, eta instituzioak interpelatu ditu.

Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan hasi dugu Pikete Feminista; Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian. Gasteizen ere instituzioen itzulia egin dugu. Hiru hiriburuetan gune esanguratsuetara eraman ditugu gure aldarriak; Bilboko Misericordia helduen egoitzara edo Donostiako Askatasunaren Hiribidera, kasu. Azken honetan, protestaren baitan errepidea moztu dugu bost minutuz, gure aldarrikapenak jendarteratzeko:

-Gizarte zerbitzu guztiak publifikatu, langile guztiak subrogatuz.

-Gizarte zerbitzuen eredua aldatu behar da; besteak beste, sarbidea erraztu eta orokortuz, arreta sistemak arautu eta pertsonen autonomia sustatu.

-Erabiltzaile eta langileen parte hartzea sustatu.

-Langileen lan baldintzak hobetzeko erabakiak hartu behar dira, lan hitzarmenak desblokeatuz eta ratioen dekretuak behar bezala eguneratuz. 

-Gizarte-zerbitzuen multzoa arautu behar da, Eusko Legebiltzarraren eskakizuna betez, dagozkion dekretuak eginez eta onartuz, erabiltzaileen eta langileen parte-hartzearekin.

-Behar besteko aurrekontu-hornidura bermatu behar da, gizarte-zerbitzuen eta zainketa-zerbitzuen euskal sistema publikoa aurrera eramateko, kudeaketa zuzenekoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa.

Azken finean, gizarte zerbitzuen sistemak eredu aldaketa oso bat behar du. Urteak daramatzagu langile, erabiltzaile eta erabiltzaileen senitartekoak administrazio ezberdinak interpelatzen. Zaintzen ez duen eredua alde batera utzi behar da, negozioa eta pribatizazioa alboratuz. Gizarte zerbitzuak publifikatu eta zerbitzu hauen kalitatea bermatuko dituzten arauak onartu behar dira instituzioetan. Langile eta erabiltzaileen iritzia kontutan hartzea beharrezkoa da.

Iruñeko Benecke Kaliko enpresan akordioa lortu dute, langileen borrokari esker #LortuDugu

Langileak joan den otsailaren 22az geroztik zeuden greba mugagabean, eta borroka dinamika bertan behera uztea erabaki dute, Landabengo industriagunean kokatua dagoen enpresaren zuzendaritzarekin akordioa lortu eta gero. 2022. urteko abenduaren 31 arte enplegua bermatzea adostu dute, besteak beste. Enpresa batzordeak, LABek buru, modu baikorrean baloratu du langileen batzarrak babestutako akordioa. “Borrokaren benetako fruitua ez da lortutako momentuko emaitza, erakutsitako batasuna baizik”, adierazi du enpresa batzordeak, honako oharrean:

Hoy, miércoles 3 de marzo, los trabajadores y las trabajadoras junto a la mayoría del Comité de Empresa (LAB, IND, ELA) hemos desconvocado la huelga indefinida que veníamos manteniendo desde el pasado lunes 22 de febrero tras lograr un acuerdo con la Dirección de Benecke Kaliko.

El acuerdo se ha producido cuando la Dirección de la Empresa ha aceptado la propuesta que hemos realizado desde la mayoría del Comité. Esta propuesta había sido previamente consensuada en asamblea por todos los trabajadores y trabajadoras en huelga y contempla varios puntos:

-GarantĂ­a de empleo hasta el 31 de diciembre de 2022.

-Inicio de negociaciones el día 12 de marzo entre la Dirección y el Comitéabriendo también la participación a la plantilla donde se recogerán los distintos compromisos necesarios para lograr restablecer un clima laboral que posibilite unas relaciones laborales normalizadas y sin autoritarismos.

-Sobre el ERTE para el 2021 que ha finalizado “sin acuerdo” la Dirección reducirá su aplicación hasta un máximo de 35 días de regulación por trabajador y complementará el salario en un 80% y las pagas extraordinarias las complementará en un 90%.

-Una mejora hasta el lĂ­mite de la indemnizaciĂłn legal por despido improcedente para el trabajador despedido.

La huelga indefinida había sido convocada por todo el Comité de Empresa salvo por un integrante del grupo INDEPENDIENTE. No obstante, durante el transcurso de la huelga los dos integrantes del Comité por el sindicato UGT decidieron, unilateralmente, entrar a trabajar abandonando así a la plantilla. Y entraron solos porque nadie les siguió. A pesar de la actitud mostrada por estas dos personas, la plantilla, que salió unida a la huelga, ha vuelto a entrar más unida y más fuerte que nunca.

Desde la mayoría del Comité de Empresa valoramos muy positivamente la pelea que han llevado a cabo los trabajadores y las trabajadoras de Benecke Kaliko y aplaudimos la determinación que han tenido en todo momento de luchar y de lograr el objetivo. Una pelea en la que se han implicado casi en su totalidad los trabajadores de producción habiendo hecho de esta unidad su mejor herramienta de lucha. Queremos hacer una mención especial con mucho cariño al compromiso y el coraje mostrado por nuestras compañeras del Comité de empresa por el grupo INDEPENDIENTES que, además de convocar la huelga, han sido las únicas del personal de oficinas que la han secundado hasta el final. Asimismo queremos resaltar que el verdadero fruto de nuestra batalla no está en el resultado inmediato sino en la unidad que hemos logrado afianzar junto con la mayoría de la plantilla donde ha prevalecido en todo momento la empatía y la solidaridad. Una solidaridad y una unión que nos permitirá afrontar nuevas peleas.

Zorionak a todos los y las huelguistas!!!

PAI programari dagokionez, PSNk, UPNren lepotik burua

PAI programa azkenaldian guztion ahotan dabil edo guztion belarrietara iritsi da behintzat. Ezaguna da Castejongo eskolaren afera, bai eta PAI programatik ateratzeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuak ezarri dizkion trabak ere, bata bestearen atzetik gainera.

PAI programa ingelesa ikasteko edo, hobeki esanda, edukiak ingelesez ikasteko programa dela esango dugu. Egia da programa eleanitzak edo irakaskuntza eredu eleanitzak egokiak izan daitezkeela baina, lehenik eta behin, gogoratu behar dugu PAI programa zertarako ezarri zen; hobeki esanda, nola eta zertarako inposatu zen Nafarroan. Bada argi eta ozen esateko, euskara baztertzeko diseinatu zen programa hau. 

Baina, kasu honetan, Castejongo egoera ezberdina dela esan genezake. Castejongo biztaleriaren artean eta, ondorioz, ikasleen artean afrikar jatorriko ikasle ugari dago. Gaztelania ez da haien ama hizkuntza, eta irakasgai gehienak hizkuntza horretan ematea nahikoa erronka bada. Hau nahikoa ez, eta ikasgaien zati handi bat ingelesez jarri diete. Honek, argi dago, kaltea besterik ez die eragiten. Baina, kaltea, kasu honekin eta migrazioarekin zerikusirik ez duten ikasleen artean ere suertatzen dela jakina da.

Horri gehitu behar zaio PAIk ez duela ikasleen ingelesaren ezagutzan berebiziko hobekuntzarik ekarri eta hainbat ikasgai ingelesez ikasteko curriculumean aldaketak egin behar izan direla edukiei dagokienez.

Azkenik, gogoratu Castejongo eskolaren eskola kontseiluak gehiengo handiz onartu zuela PAItik irteteko ekimena.

Honengatik guztiarengatik, Castejonek PAI lerroan ez jarraitzeko egin duen eskaria erabat zilegia dela iruditzen zaigu eta PSNk gidatzen duen Hezkuntza Departamentuari prozesu hori burutzeko oztoporik ez dezala jarri galdatzen diogu. Erabat ulertezinak iruditzen zaizkigu orain arte jarri dituen oztopo eta aitzakia guztiak, batez ere PAI egitasmoa bere unean UPNren proiektua izan baitzen –D ereduaren hedapena geldiarazteko, besteak beste-.

Garai berrietarako mentalitate berriak behar ditugu, eta hizkuntzak altxor komun gisa hartzea ezinbesteko da horretarako, ez lehia politiko eta soziala aurrera eramateko aitzaki modura. 

45 urte geroago, memoriak eta borrokak bizirik jarraitzen dute

Martxoaren 3aren etorrerarekin, Euskal Herriaren historian gertatutako pasarte lazgarrienetako bat gogora ekarri dugu: 1976ko martxoaren 3an, Espainiako Poliziak bost langile hil zituen Gasteizen, Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoa elizan, langile asanblada baten aurka oldartu eta gero. Hala, Pedro Maria Martinez, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda erail zituen. Bada, 45 urte geroago, biktima horiek ez dute egia, justizia eta erreparazioarik jaso. Errealitate honen aurrean, LABek omenaldia egin du Gasteizen, arratsalderako euskal gehiengo sindikalak deitutako manifestazioarekin bat egiteaz gain; azken hau, “Zaintza, oroimena eta borroka” leloarekin. Hain zuzen ere, goizean, ekitaldia egin dugu Martxoak 3 plazan, lana eta bizitza duina ardatz, langileon borroka lehen lerrora ekarrita; emakumeena bereziki.

Zentzu honetan, gure ekitaldian, duela 45 urte hil zituzten langileak gogora ekartzeaz gain, emakumeen papera nabarmendu dugu, orduko borroka horietan zein egungo borroketan ere. Hala, zaintza lanen aitortza aldarrikatu dugu, eta martxoaren 4an gizarte zerbitzuetan greba eguna dugula gogoratu dugu; feminizatuta eta prekarizatuta dauden zerbitzuetan, hain justu. “Bizitza erdigunean jartzea eta zaintzen ardura partekatzea da gure erronka. Izan ere, orain antolatuta dauden bezala, zaintzak jasanezinak dira. Ezin dugu beste aldera begiratu zaintza horiek ematen ari diren baldintza ez duin eta prekarioen aurrean, langile askoren esplotazioaren eta esklabotzaren bidez. Ezin ditugu zaintzaileen lan eta bizi baldintza prekarioak onartu, ezta minutu bat gehiago ere”, aipatu du Zerbitzu Soziokomunitarioko delegatu Idoia Ibarrolak.

Ez ahaztea, amore ez ematea, borrokan jarraitzea… horixe da martxoaren 3 hartatik geratu zaigun ondareetako bat; “bizitza duin baten alde, bizi izatea merezi duen bizitza baten alde. Zaintzak erdigunean eta pertsonak, eta ez kapitala, garrantzitsuena diren bizitza”.

Igor Arroyo: “Sistema errotik aldatu nahi dugu”

LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok ere hitza hartu du goizeko ekitaldian, eta adierazi du gaur egun inork gutxik jartzen duela zalantzan aldaketa ekonomiko, sozial eta politiko sakonak gertatuko direla hurrengo hamarkadan, Euskal Herrian zein mundu osoan. Aldaketak nork gidatuko dituen eta zein den aldaketen norabidea dira jokoan dagoena.

Gure apustua zein den berretsi du Arroyok: “Batetik, Aldaketa prozesuaren kontrola hartu nahi dugu. Ekonomiaren gaineko kontrola, politika publikoen kontrola hartu nahi dugu. Herri burujabetza nahi dugu, herriaren aldeko politikak egiteko. Boterea hartu nahi dugu, instituzioetan, kalean, lantokietan eta baita ere etxean, gizonok ditugun pribilegioak auzitan jarriz. Bestetik, Sistema errotik aldatu nahi dugu. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri bat eraiki nahi dugu. Esplotaziorik gabeko eredu bat, patriarkaturik gabekoa. Eta norabide horretan, trantsizio ekosozialista eta feminista bat gauzatu nahi dugu Euskal Herrian”.

Programa sozioekonomikoa aurkeztu dugu, eta eztabaidatzen ari gara. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozidaren alternatiba integrala irudikatzeko saiakera da. Lan Kode bat diseinatu dugu, Euskal Langileen Estatutu bat, erabat berritzailea eta iraultzailea. “Proposamen utopikoak dirudite. Baina utopiarik gabe ez dago mugimendurik”, adierazi du.

Idazkari nagusi ondokoaren hitzetan, “gu martxan gaude. Gu partida hau jokatzera goaz. Sistemari hordagoa botatzera goaz. Eta ez gaude bakarrik. Euskal Herrian bada eremu sozial, sindikal eta politiko zabal bat aldaketak eskatzen dituena; eta aldaketa horiek gauzatzeko boterea, burujabetza, eskatzen duena”.