2026-04-12
Blog Page 493

Donostian mobilizatu gara, Jaurlaritzaren aurrean, lan heriotzen sarraskia salatzeko

Administrazioek ez dute lan heriotzen gaia agenda politikoan kokatzen, odoluste honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako; egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da. Arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu. Horixe aldarrikatzeko eta salatzeko bildu gara Jaurlaritzaren Donostiako egoitzan, egoera jasangaitza baita: honezkero, gutxienez 70 langile hil egin dira aurten, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian.

Lan heriotza guztiek faktore amankomun bat dute oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik. Beste alde batetik, Administrazio publikoen jarrera salatu nahi dugu. Dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. Aste honetan, esaterako, 4 langilek bizitza galdu dute lanean.

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile-klaseari. 

Hitzarmen duin bat eskatu dugu Arabako ardogintzarako

Arabako ardogintzako sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, hitzarmen duin bat eskatzeko, Arabako Batzar Nagusietan aurreikusitako agerraldiaren harira. Batzar Nagusien aurrean mobilizatu gara, hain zuzen ere.

LAB, UGT, CCOO eta ELA sindikatuon ohar bateratua:

Enegarren aldiz, gizarteari zuzentzen gara berriz ere, Arabako Ardogintza Sektoreko langileei, bai ardogileek, bai administrazioek ere ematen dieten aintzatespen eskasa jakinarazteko

Zergatik esaten dugu hau?

Ardogileen aldetik, badirudi langileak direla sektorearen funtzionamenduko azken lehengaia, baina, hain zuzen ere, lehenengoa eta preziatuena izan beharko lukete. Eta ikusten dugunez, ez da horrela.

Administrazioen aldetik, badirudi ez dutela ondo kontrolatzen ardogileek nora eramaten dituzten edo zertan erabiltzen dituzten diru-laguntzak, kasu askotan dirudunak, langileen nominetan ez baitira nabaritzen.

Arabako Errioxak eta bertako ardoek saltzen eta proiektatzen duten handitasun-irudia ez dator bat sektoreko langileek jasaten duten errealitatearekin.

Ikusten ari gara egunez egun lantokietan ez dela lana gutxitu, baizik eta kasu askotan handitu egin dela, batez ere upelategi handietan, eta langileek presio handiagoa jasanez.

Abenduaren 9an egindako azken negoziazio-mahaian, SEAk honako proposamen hau egin zigun:
– % 4ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean
– 2018ko soldata-taulen gaineko % 2ko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2019ko atzerapenei dagokiena.

– 2018ko soldata-taulen gaineko % 1eko ordainsari ez-kontsolidagarria, 2020ko atzerapenei dagokiena.

Sindikatuek kontraproposamen honekin erantzun genion:
– % 7ko igoera 2021. urterako, 2018ko soldata-taulen gainean, eta uko egitea atzerapen ez-finkagarriei.
Langileen aldetik, gure ustez, sektore honetan hain soldata txikiak ditugunez, oso garrantzitsua da soldata-tauletan igoerak finkatzea.

Horregatik, gaur eta hemen, Arabako Ardogintza Sektorerako Hitzarmen duin bat aldarrikatzen jarraitzen dugu.

HITZARMEN DUIN BATEN ALDE!!!

Patronalak Nafarroako garbiketa hitzarmena blokeatua duela salatu dugu, duela bi urte iraungi zen arren

Garbiketa sektoreko langileek atzo arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Ospitale Gunean, LAB eta ELA sindikatuen deialdiari erantzunez, patronalak hitzarmena blokeaturik duela salatzeko, ez baitie erantzuten sindikatuek behin eta berriz egin dizkioten bilera eskaerei. Egungo egoera da badirela bi urte hitzarmena iraungita dagoela, patronalak alderdi sozialaren proposamenak errefusatuta eta martxotik bertan behera utzitako negoziazioekin.

Pandemiak agerian utzi du Garbiketetako langileek gizartearentzako funtsezkoa den zerbitzua ematen dutela, eta, beraz, ezin dela gehiago atzeratu lan-baldintzak duintzeko hitzarmena izatea. Hori dela eta, atzo Ospitale Gunean kontzentratu ziren hitzarmen sektorial bat eskatzeko. Hitzarmen horretan, KPItik goitiko soldata-igoerak, %100eko baja-osagarria, partzialtasuna amaitzeko neurriak, antzinatasuna hobetzekoak eta urteko lanaldia murrizteko neurriak jasoko lirateke. Neurri horiek guztiek bilatzen dute langile hauek funtsezkoak direla aitortzea eta soldata arrakala bukatzea.

Atzoko elkarretaratzeaz gain, Garbiketetako langileek mobilizatzen segituko dute hitzarmen duina lortu arte. Hurrengo elkarretaratzeak urtarrilean izanen dira, NUPen eta CENen.

Jatorri anitzak langile klase bakarra, eskubide guztiak pertsona guztientzat!

Gaur, abenduak 18, pertsona migranteen nazioarteko eguna da. Gaur, berriro ere, esku-hartze inperialistaren eraginez haien herrialdea uztera behartuak diren pertsona migranteei gure elkartasuna adierazi nahi diegu, baita egoerari aurre egiteko izan duten ausardia balioan jarri ere. 

Era berean, pertsonen mugimendu behartu hauen egiturazko arrazoiak salatzea dagokigu: Gerra, pobrezia eta arrazakeria kapitalismo ekozida eta kolonialistaren ondorio dira; bizitza batzuk beste bizitza batzuen gainetik jartzen dituen sistemaren ondorio, eta egoera honekin amaitzeko irtenbide bakarra erroko aldaketa soziala gauzatzea da. 

LABen klase subjektua berrosatzeko ahaleginean jarraitzen dugu. Horregatik, eta bizi dugun aurrekaririk gabeko testuinguru berezi honetan langile sektore desberdinekin harremanak estutu eta elkarrekin hausnartzeko unea dela deritzogu. 

Bide honetan, hurrengo hilabeteotan jatorri anitzetako langileekin eta migrazioaren problematika lantzen duten eragileekin egoteko bilera erronda bati ekingo diogu. Bilera hauetako helburu nagusiak bi dira. Alde batetik, testuinguruaz hausnartuz, sindikatua errealitate honen inguruko ezagutza handituz, aliantzetako bidean sakontzea. Bestetik baita sindikatuak eskuartean dituen hainbat egitasmoen berri ematea. 

Amaitzeko, ezin ditugu aipatu gabe utzi une honetan behar beharrezkoak ditugun lehentasunezko aldarrikapenak. Pertsona guztien erregularizazioa orain gauzatzea exijitzen dugu, baita berriz ere atzerritartasun legea bertan behera uztea eskatu eta politika migratorioetan 180ºko norabide aldaketaren beharra azpimarratu. 

Azkenik, LABek dei egiten du egun honen inguruan deitutako mobilizazioetan parte hartzera:

– Bilbon, abenduaren 18an, 19:00etan Udaletxean.

– Gasteizen, abenduaren 18an, 19:00etan Correos aurrean.

– Iruñean, abenduaren 20an 12:00etan egingo den kalejira, Vergel pasealekutik Sarasateraino.

Jatorri anitzez osatutako langile klase bakarra osatzen dugulako, elkarrekin borrokatu dezagun. 

Amazon-ek dakarren prekarietatearen aurrean, merkataritza txikia eta langileen eskubideen alde egiten dugu

LAB sindikatuak larunbat honetan Oarso-Bidasoa eskualdeko eragile sozial ezberdinek Amazonen aferarekin antolatu duten ekimenean atxikitzea erabaki du eta, gainontzeko gizarte guztiari ere bertan egon dadin deialdia zabaltzea. Protesta abenduaren 19an izango da, Oiartzungo Lanbarren Poligonoan.

Azken asteetan bolo-bolo ibili da Amazonek San José & Lópezek Oiartzungo Lanbarren industriagunean duen lan zentroa erosi duela. Honek hautsak harrotu ditu, bistan da, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, egun gizartean oso zabalduta egonagatik, orain arte online bidezko salmentetan munduko lidergotza duen enpresa ez genuen ate-joka.

On-line bidezko salerosketak biderkatu egin dira azken urteetan, ordea, 2020an jasaten ari garen izurritearen ondorioz askozaz ere gehiago handitu da jarduera telematiko bidez etxetik erosketak egin eta atariraino ekartzea. Zentzu honetan, oso ezaguna da Euskal Herriak azken hamarkadan jasan duen tertziarizazio prozesuan galtzaileak nortzuk diren; tokian tokiko merkatalgune txikiak, herria bizirik mantentzen zituen eragileak eta, dudarik gabe, langileriak; gazte zein heldu.

Amazonek Oiartzunen zabalduko duen operazio logistiko eremuak aipatu berri ditugun gizataldeen hilkutxari azken iltzeak sartuko dizkio, eta ez da gutxiagorako. Ez baita berria, zentro hauen inguruan sortzen diren lan harreman berriak duintasunetik ezer ere ez dutela.

Arestian aipatutako tokian tokiko merkataritza suntsitzearen eraginez, negozio, eta batez ere, lanpostu galera nabarmena handiagotu da. Hori gutxi ez eta gainera, sortzen diren lanpostu berriak askozaz ere kaskarragoak direnez, lanpostu horietan sartzen diren langileen ezaugarriak gizartean dauden prekarizatuenak dira; lan munduan sartzeko zailtasun nabarmena dute gazteak, gizarteko sektore txiroenak; emakumeak, soldata arrakala zein berdintasun ezaren biktimak; eta lan munduan integratzeko zailtasun nabarmena izateaz gain, gizartean ere integratzeko zailtasun nabarmena duten etorkinak, alegia, gizarte-bazterkeriaren biktima diren gizataldeak.

Gasteizko Legebiltzarrera kateatu dira Alestis, Aernnova eta PCB enpresetako langileak, kaleratzeen aurka

Alestis, Aernnova eta ITP Aero taldeko PCB empresako langileak Gasteizen mobilizatu dira, enpleguaren defentsan. Hegazkigintza sektorea borrokan dago, eta langileek euren haserrea eta aldarriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusira eta Gasteizko Legebiltzarrera eraman dituzte. Hain zuzen ere, Legebiltzarrean bertan kateatu dira langileak, kaleratzerik ez dutela onartuko argi uzteko.

Koronabirusaren pandemiaren testuinguruan ondo gelditzeko diskurtsoak zabaltzen diren bitartean, hegazkigintza sektoreko langileak babes gabe utzi dituzte. Aeronautika sektorea eraldatzen ari dira enpresak. Etorkizunean oinarrizkoa izango den sektorean enplegua deusezten ari dira gupida gabe, eta instituzioen laguntzarekin. Helburua, etorkizunean langile prekarioengatik ordezkatuak izateko, edo ekoizpena leku merkeren batetara deslokalizatzeko.

Asko dira Euskal Herri osoan neurri ezberdinak hartu dituzten enpresak, banakako zein kolektiboak diren kaleratzeak, murrizketak, Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteak… Koronabirusak eragindako egoera langileek ordaintzea nahi dute ITP, ITP-Aero Castings-PCB, Alestis eta Aernnova enpresetan, besteak beste. Bada, Administrazio ezberdinak patronalarekin lerrokatua eta, herritarrak defendatu ordez, kapitalaren interesak babesten dituzten artean, langileek borrokan jarraituko dugu. Sektore osoa batzea, denok elkarrekin borrokatzea eta errudunen aurrean lanpostuak defendatzea ezinbestekoa izango da.

Sektoreko sindikatu guztiok mobilizazioak deitu ditugu Nafarroako Konponketa Tailerren Hitzarmenaren alde

Hitzarmena 2018tik iraungita dago, eta patronalak negoziazioa blokeatzen jarraitzen du, sindikatuek proposamen bateratuak egin arren.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuon oharra:

Konponketa-tailerren hitzarmena iraungita dago 2018ko abenduaren 31tik. Urte eta erdiko negoziazioaren ondoren, eta pandemiak sortutako egoeraren eta negoziazioan egindako aurrerapen urrien ondorioz, negoziazio- mahaiko lau sindikatuek (LAB, ELA, UGT eta CCOO) 2019rako eta 2020rako zubi-hitzarmen bat proposatu zioten Patronalari, non soldata-eguneratzeak baino ez ziren negoziatuko (tauletako soldata KPI + % 1 igotzea proposatu zen, eta KPI +0,5 soldata errealean 2019an eta 2020an, eta inaplikazio klausula bat jartzea).

Hala ere, azaroaren 18an, konponketa-tailerren Patronalak uko egin zion zubi-hitzarmen horri, trukean proposamenik egin gabe. Patronalaren erantzuna negoziazioa 2021era eramatea da, negoziazio berri gisa, data eta negoziatu beharreko gaien inguruko konpromisorik gabe, eta horrek negoziazioak blokeatzea dakar errealitatean.

Patronalaren diru-goseak eragindako blokeo-egoera honen aurrean, hitzarmenaren negoziazio-mahaia osatzen duten lau sindikatuek dei egin diete sektoreko langile guztiei abenduaren azken hamabostaldirako adostutako mobilizazioetan parte hartzeko:

  • Abenduaren 19an, 12: 30ean: gatazkaren sozializazioa Gaztelu plazan
  • Abenduaren 21ean, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Mugazuri eta Landazabal industrialdeetan, Beola,Torregrosa, Argauto, Kiamotor, AutocasiónPlus, Iriarte lantegietan…
  • Abenduaren 23an, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Cordovilla eta La Morea industrialdeetan, Pamplona Car, Tauro motor, Navarra Motor, Solauto, Unsain, Cirmauto, Zaray… tailerretan barrena.
  • Abenduaren 28an, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Agustinetako industrialdeetan eta La Muga enpresa- parkean, Iruña Motor, Eurocam, Victor Pérez, Sagamóvil, IruñaMóvil, Irumóvil… tailerretan.
  • Abenduaren 30ean, 18: 30ean: ibilgailuen karabana Talluntxe eta Berroa industrialdeetan, Gazpi Komertziala, Asier Automobilak, AJ Cars, RS motorra, Navarsuecia, Lurauto, Hanstein… tailerretan barrena.Patronalak hitzarmen duin bat lortu arte borroka ez dela geldituko jabetzeko deitutako lehen mobilizazioak dira hauek.

EAEko aurrekontuak: politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko da

Gasteizko Parlamentuak EAEko 2021erako aurrekontu legearen proiektua jaso du. Aurtengo aurrekontuak egoera berezi batean datoz; pandemia baten erdian, osasun krisia oraindik gainditu gabe eta aurretik pairatzen genuen krisi ekonomiko eta soziala guztiz areagotu den momentuan. Horregatik, aurtengo aurrekontuek garrantzia berezia dute, eta LABek esaten duena da orain arteko politika publikoetan norabide aldaketa bat beharrezkoa dela; bestela, politika berdinekin jarraituz gero, prekarizazioa eta pobretzea izugarri hedatuko litzateke.

Ez dugu ikusten momentuak eskatzen duen aurrekontu proiektua denik. Guretzat lehentasunezkoa da inbertsio publikoa berrantolatzea, eta, zentzu horretan, lehentasun horietan, oraindik ere, diru gutxiegi bideratzen da osasungintzara, hezkuntzara, gizarte zerbitzuetara edo enpleguari bultzada ematera. Osasungintzan eta hezkuntzan, esaterako, Europako Barne Produktu Gordinaren zein portzentaia bideratzen den ikusita, batez bestekoaren azpitik gabiltza, eta hor ez dugu ikusten aurreko urteetatik hona aldaketa nabarmenik egon denik.

2008ko krisitik hona, austeritate politikek murriztu egin dute sektore publikoen parte-hartze osasun gastuan. Ondorioz, finantzazio pribatuak espazioa irabazi du sektore publikoak atzera egin duen neurri berean. Eskura dauden azken datuen arabera, administrazio publikoek osasunean ematen den gastu korrontearen %67,4 suposatzen dute; eta derrigor ordaindu beharreko aseguruak batzen baditugu %69ra gerturatzen da finantzazio publikoa. Portzentaia hau %75era iristen zen 2009an.

Eusko Jaurlaritzaren osasun arloko aurrekontu politika ondoen laburtzen duen datua administrazio autonomikoak egindako per capita osasun gastuaren bilakaera da, 2009 eta 2019 artean %1,7an murriztu dena termino errealetan (inflazioa kenduta).

Uste dugu begirada ere epe ertainean jarri behar dela. Zorpetzeko bideari ekin zaio, baina hemen, zerga erreforma bati ekin ezean, diru gehiago ez baldin bada biltzen, errenta altuenak eta irabazi enpresarialak ez badira gehiago zergapetzen, dagoeneko hainbat eremutan ematen diren murrizketak areagotuko dira.

Bestalde, azpiegitura handienetara diru gehiegi bideratzen dela iritzi dugu, eta, horren harira, ekonomiaren gaineko kontrol publikoa berrantolatzea beharrezkoa da. Enpresa handienen esku diru publiko asko uzten da, eta diru publiko horrekin behar sozialetara dirua bideratzeko tarte asko egongo litzateke. Gainera, diru publiko hori inolako konpromisorik gabe bideratzen da, inolako konpromiso sozialik eta enpleguarekiko konpromisorik gabe. Diru publikoa esku pribatuen esku inolako baldintzarik gabe uztearekin batera, enpresen irabaziak finantzatzen dira diru publikoarekin, herriaren eta langileen kalterako.

70 dira honezkero urte hasieratik hildako langileak

Laneko heriotza berri bi izan ziren atzo. Batetik, atzo goizean, Amurrioko Saratxoko saihesbideko obretan egitura bat erori eta langile bat zauritu zuen. Langilea helikopteroz ebakuatu zuten Gurutzetako ospitalera eta bertan hil da. Bestetik, Orkoiengo Faurecia enpresan, Truck & Whell enpresako garraiolaria, gaizki sentitu eta bertan hil zen, istripu ez traumatikoan.

Azken heriotza hauekin, 70 dira gutxienez Euskal Herrian hildako langileak eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarreko zabortegian otsailaren 6tik.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langileeen senide eta gertukoei.

Salatu behar dugu heriotza guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik. Beste alde batetik, Administrazio publikoen jarrera salatu nahi dugu. Dagoeneko eta pasa den urtearekin alderatuta lan istripu hilgarriek %50ean egin dute gora. 2020an Aiaraldean zendu den bostgarren langilea da atzokoa. Sarraski ez du etenik, aste honetan 4 langilek bizitza galdu dute lanean.

Administrazioek ez dute gaia agenda politikoan kokatzen, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako, egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute, baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pausu bat aurrera emateko ordua da, arduradunak seinalatzea eta ordain dezatela exigitzen dugu .

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu. Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik, azken istripua salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten diogu langile-klaseari. Astelehenean, gehiengo sindikalak kontzentrazioa egin du Gasteizen, abenduaren 21ean, 11:30ean Arabako Foru Aldundiaren aurrean.