2024-05-14
HomeEkintza SindikalaAldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean egondako langile guztien langabezia kotizazioak bermatuko ditu...

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean egondako langile guztien langabezia kotizazioak bermatuko ditu epai batek, sindikatuak jarritako salaketa bati esker #LortuDugu

Milaka izan dira Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteen (ABEEE) mekanismoa aktibatu dituzten enpresak Estatu mailan, COVID-19ak sorturiko geldialdia tarteko. Zentzu honetan, ostalaritzan diharduen langile baten kasua eraman zuen LAB sindikatuak Bilboko 6. Sozialeko Epaitegira, SEPE salatuz, eta epaia gure aldekoa izan da.

Hain zuzen ere, ABEEEaren indarraldian langileak eginiko epealdia, langabezia prestazioari dagokionez, kotizatutzat hartu behar den ala ez zehazteko jo genuen epaitegira. LAB sindikatutik baiezkoa defendatu du auzibidean, eta epaitegiak arrazoia eman digu. Horrenbestez, COVID-aren eraginez ABEEEan emaniko epealdia ohiko langabezirako kotizaturiko tartea izango da efektu guztietarako. Epai berritzailea da; Estatu mailan baliatu daitekeena, salaketa Estatu mailako SEPE erakundearen aurka izan baitzen.

ABEEE-i dagokienez, kontuan izan behar dugu kotizazio horiek salbuetsiak izan direla enpresarientzat, Gobernuak horrela aginduta, eta SEPEk, aldebakarrez, erabaki du horiek ez kotizatutzat hartzea. Horren aurrean, LABek defendatu du enplegatzaileek alde izan dituzten neurri horiek ezin dituztela inolako eragin negatiborik izan langileentzat; hainbat kontratazioren aurrean dituzten pizgarriekin gertatzen den moduan. Bada, epaileak berretsi egin du gure irakurketa juridikoa.

Hain justu, 8/2020 errege dekretuaren 24.artikuluak zein xedapen horren ondorengo luzapenek argi jasotzen dute enplegatzaileak laguntzeko neurriek ezin dituztela langilearen aurkako eraginik izan, eta horretan oinarritu dugu gure defentsa. Epaileak ere ildo beretik jo du epaiaren mami juridikoan.

Jaso berri dugu SEPEk epaiaren aurka jarri duen errekurtsoa. Ez da berri ona langileak erdigunean jartzen dituen eta araua garbia den auzi honetan entitate publikoak gorakoko auzitegietara jotzea. 

Kapitalak ordain dezala

Epaia garrantzitsu honen berri emateko agerraldia egin dugu Bilbo, Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendia eta LABeko abokatu Garazi Mendozaren eskutik.

Xabier Ugartemendiak adierazitakoaren arabera, “aurreko krisia langileok ordaindu genuen, oraindik orain kaleratzeak eta prekarizazioa ahalbidetzen duen lan erreformaren bidez. Orain, pandemiak eragindako krisi honetan langileak ez ordaintzea aldarrikatzen ari gara; kapitalak ordain dezala, alegia. Baina, aurreko krisian banketxeak erreskatatuak izan baziren, oraingoan enpresa handiak erreskatatuak izateko pausoak ematen ari dira; Europako Funtsak eta pentsioen erreforma, besteak beste. Hau gutxi balitz, Estatutak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientean dauden eta etorkizunean beraien lanpostuak galdu ditzaketen langileak kaltetu egiten ditu, horiek aplikatzeko baldintzekin. Berriz ere langileak krisia ordaintzen. Hain zuzen ere, Estatuak, SEPEren bidez, kalean geratu daitezkeen langile askoren langabezia prestazioa murriztu egiten du”.

Azken honi lotuta dago LAB sindikatuaren ekimenez emaniko epai aitzindariaren garrantzia. “LABen ekimenez lortutako ebazpen honek Estatuko ABEEEn egondako langile guztiak babesten ditu, Estatuak eragindako erabaki kaltegarri bat neutralizatuz”, berretsi du Ekintza Sindikaleko idazkariak.

ABEEEn egondako langile gehienak prekarizatutako lan baldintzak dituztenak dira, asko emakumeak eta gazteak, ostalaritzan edo merkataritza moduko sektoreetan lan egiten dutenak. Enplegu galera tantaka eta isilpean sufritzen ari direnak. “Hau da, lan baldintza prekarioak dituzte, erreformaren bitartez kaleratuak izan dira, eta, orain, gainera, langabezia prestazioa murriztu nahi diete”, salatu du Xabier Ugartemendiak.

Honen aurrean, LABeko ordezkariak Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatu ditu: “Langileak babesteko neurriak eta posizioa hartu beharrean, enpresa handiak babesten dituzte kaleratzeak daudenean, patronala babesten dute prekarizazio prozesu bete-betean, langileak abandonatuz”.

Euskal Herrian langileen interesak defendatuko dituen araudi bat sortzea beharrezkoa dela nabarmendu du. Zentzu honetan, LABek Lan kode eta Gizarte Segurantzarako lege propio baten proposamena egin du, “eta Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatzen ditugu eztabaida hau martxan jartzeko, ABEEEn egondako langileen langabezia murrizteko moduko egoera hauek gerta ez daitezen”.

Langileok borroka fase berri baterako prestatu behar gara. “Pandemiak sortutako krisia langileak ordain ez dezagun borrokatu behar dugu. Antolatu, kolektiboari garrantzia eman, eta egoerari aurre egin, gure interesak gailentzeko”, erantsi du Xabier Ugartemendiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan istripuan zendu den garraiolari nafarraren kasuaren aurrean, sektorean prebentzio neurriak ezartzea premiazkoa dela azpimarratu dugu

Atzo, maiatzak 13, 51 urteko Lizarrako garraiolari bat hil zen lan-istripuan Valareñan (Zaragoza), gidatzen ari zen kamioia iraulita. Cerio Ensilados enpresako behargina zen. Heriotza honekin 23 dira jada aurten lan-istripuz hil diren langileak, eta horietatik 8 garraiolariak. Datu honek esan nahi du aurten Euskal Herrian lan-istripuak eragindako heriotzen %35 garraioaren sektorean gertatu direla.

Sokoa enpresan mobilizazioei ekingo diegu

2024ko Urteko Derrigorrezko Soldata Negoziazioen baitan langileen Biltzar Nagusiak hartutako erabaki baten berri emateko agerraldia egin dugu gaur LAB eta CFDT sindikatuok bulego-aulkien lantegiaren aurrean. Biltzar Nagusi horretan erabaki zen Soldata Negoziazioen blokeoa ematen bazen blokeo horren berri ematea gizarteari eta, aldi berean, gure aldarrikapen nagusiaren alde engaiatzea gaurtik bertatik mobilizazio bat antolatuz.

Polizien kidegoak Iruñeko ospitalean egindako erakustaldia gaitzesten dugu

LAB sindikatuko kideok salatu nahi dugu, Ospitaleratutako Haurraren Eguna dela eta, polizia-indarrek ospitaleetako zabalgunean egindako erakustaldia. Propagandarako ekintza honen aitzakia izan da goizean zezen-plazara joaterik izan ez duten haurrei ikuskizun hau eskaintzea.