2026-01-27
Blog Page 493

Mobilizazioaren beharra azpimarratu dugu, salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko

LABen arabera, preso eta iheslarien egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa da, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitzen dio. Sindikatuak dei egiten die langileei euskal presoen eskubideen alde indarrak bildu eta mobilizatzen jarraitzeko. Datorren larunbatean Donostian SAREk antolatu duen mobilizazioan parte hartuko du LABek, bertan egongo dira Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Aiora Imaz Batzordeko Exekutiboko kidea.

Presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraitzeko deia egin nahi du LABek, bizirik, osasuntsu eta etxean nahi ditugulako. Egun indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika erabat ankerra eta krudela da. Espetxe politika horrek gaixotu eta heriotzera eramaten ditu presoak, duela aste batzuk Igor Gonzalezen kasuan ikusi dugun bezala.

Espetxe politika anker honen ondorioz 20 preso hil egin dira espetxeetan, beste 13 preso gaixorik eta erabateko askatasuna berreskuratu gabe hil egin dira, 16 pertsona zendu dira dispertsio politikak eraildak eta sakabanaketak bere horretan dirau (Etxeratek gaur emandako datuen arabera, Espainiako Estatuko espetxeetan dauden kolektiboko 222 presoetatik 11 bakarrik daude Euskal Herrian, lekuz aldaketak lekuz aldaketa). Hortaz, bada momentua konponbideak eskatzeko, eta konponbidean erantzukizun zuzena du Espainiako Gobernuak. Horregatik, Espainiako Gobernuari dei zuzen eta argi bat egiten diogu: denborarik galdu gabe, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera utz dezala.

Bada garaia urrats sendoak emateko, eta, zentzu horretan, LABek presoen eskubideen aldeko mobilizazio desberdinak babesten jarraituko duela berretsi du, hala nola, Bilbon urriaren 23an beste sindikatu batzuekin egingo duena (11:30ean Plaza Eliptikoan), aurrerago aipatu dugun urriaren 24an Donostian SAREk deitu duena (Antigua, 17:00) edo herri eta auzoetan gaiaren inguruan aktibatuta dauden dinamika anitzetan.

Elkarretaratzea egin dugu Tasubinsak kalean utzi duen delegatua berriz har dezaten eskatzeko

Gaur goizean LAB sindikatuko delegatu, afiliatu eta jarraitzaile talde handi batek elkarretaratzea egin du Arazuri-Orkoien industrialdean, Tasubinsako bulego nagusien aitzinean, zuzendaritzari eskatzeko enpresak kalean utzi duten delegatu sindikala berriz har dezan.

LABek salatu duenez, desgaitasuna duen langile hori, bi urte eta erdi zeramatzana lanean  -azken biak modu aktiboan, langile guztien legezko ordezkari gisa-, kalean utzi dutela, bere kontratua hasieratik mugagabea izan behar zela erreklamatu zuelako.

Era berean, salatu du Tasubinsak -900 langile dituen eta diru-kutxa publikotik milioika euro jasotzen dituen Nafarroako enplegu-zentro bereziak- desgaitasuna duten pertsonen behin-behineko kontratazioa sistematikoki erabiltzen duela, pertsona horiek kontratuz kontratu 3 urtera arte ziurgabetasunean eta etorkizunerako bermerik gabe edukiz.

LABek ziurtatu du mobilizatzen segituko duela, kaleraturiko delegatua berriz onar dezaten, lan nahikoa dagoela uste baitu, eta delegatua defendatzea langile guztiak defendatzea dela uste baitu. Ildo horretan, ortzirale honetan, 13:30ean, Tasubinsak Tafallan duen lantegian bilduko dira berriz, lantegi horretan lan egiten baitzuen delegatuak.

“Osasuna, enplegua eta pertsonen beharra erdigunean jarri behar dira”

Hiru greba egun deitu ditugu EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan, eta horietatik lehena gaur gauzatu dugu. Hala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, mobilizazioak egin ditugu hiriburuetan; hain justu, elkarretaratzeak Gasteiz eta Donostian, eta manifestazioa Bilbon.

Grebarekin urrats bat eman dugula aurrera nabarmendu dugu, ikusezinak izateari uzteko. Izan ere, urratsa emateak, mobilizatzeak, borrokak azkenean emaitzak ematen ditu. Greba-aurreabisu bat behar izan da Hezkuntza Sailak jakin dezan eskola jantokietako langileen kolektiboa ere existitzen dela, eta eskubideak dituztela.

Langileek nabarmendutakoaren arabera, “entzunak izateko eskubidea, gure osasunerako eskubidea, gure enplegu eta lan baldintzarako eskubidea. Hezkuntza komunitate osoa irailaren 15ean grebara joan behar izan ginen elkarrizketa batzuei bide emateko. Jangeletako langileoi, ordea, muzin egiten jarraitu zaigu, euren zuzeneko langileak ez garelakoan, azpikontratak garelako, pribatizatzeko erabakia eurena ez balitz bezala”.

Donostiako elkarretaratzea.

Kurtsoa hasi denetik, langileen egoera oso ezegonkorra izan da eta ezjakintasun horrek hezkuntza itzulera antsietatez bizitzera eraman ditu: “Ez genekien lanean hasiko ginen edo ez, langabezia luzatuko ziguten edo ez, gure lankideekin egongo ginen edo ez, zenbat haurrekin egon beharko ginen, burbuilak egongo ote ziren, zenbat denbora izango genuen garbiketa egiteko… Eta honek guztiak arduradun bat dauka: Eusko Jaurlaritza. Gurekin bildu eta itzulera adostu ordez, beste alde batera begiratzen ibili baita, aldebakarrez bete ezin daitezkeen protokoloak inposatuz”.

Gasteizko protesta.

Greba deialdiak ezinbestekoak izan dira Eusko jaurlaritzak bilera batera deitzeko: “Borrokak merezi duenaren seinalea da hau. Baina, ez gaitezen nahastu. Grebaren deialdiak ez zuen azken helburua bilera bat lortzea. Harrera egin behar digute, bai, baina entzun egin behar gaituzte. Gure beharrak, gure aldarrikapenak kontutan hartu behar dira. Finean, jangelen irekiera seguru eta adostua nahi dugu. Esan dugu eta errepikatuko dugu. Zerbitzuaren, enpleguaren eta lan-baldintzen mantentzea ez daude segurtasunarekin kontrajarriak, borondate eta erabaki politikoa da gakoa. Osasuna, enplegua eta pertsonen beharrak erdigunean jarri behar dira, aurrekontu edota kostuen gainetik. Ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jangela-zerbitzuetan azpikontratatutako langileek merezi dugun errespetua eskatzen dugu, jangela irekiera seguru eta adostuarekin”.

EAEko eskola jantokietako greba deialdiari eutsi diogu, Hezkuntza sailak bilerara deitu arren

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuon ohar bateratua:

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jantokietako azpikontratetan ordezkaritza dutenek, urriaren 21, 27 eta 29rako deitutako grebari eutsiko diote, Hezkuntza Sailak asteartean, urriaren 20an, deitu duen bilera aparate, grebaren lehen eguna baino egun bat lehenago.

Maiatzaz geroztik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Hezkuntza Sailarekin bilera bat egiteko eskatu dute, eskola-jantokien itzulera segurua aztertu eta negoziatu ahal izateko.

Hala ere, orain arte, erabaki guztiak alde bakarrez hartu eta ezarri ditu Sailak, eta joan den irailaren 15ean hezkuntza-komunitate osoak lehen greba deialdia egin ondoren, hezkuntzako langileen mahai guztiak deitu ditu, azpikontratetako langileak izan ezik.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek gaitzetsi egin dute Saila jantokietako langileekin zuen jarrera, enpresa pribatuek kontratatutako langileak izan arren EAEko ikastetxeetan zerbitzuak ematen dituzten langileak baitira.

Sailak greba hasi baino egun bat lehenago deitu du bilera. Gehiago dirudi herritarrei eta familiei begirako mugimendua, arazoa konpontzekoa baino, azken egunera arte itxaron baitu greba urriaren 7tik deituta.

Langileek deitutako mobilizazioei esker, Saila kolektibo horren aldarrikapenak entzutera eseriko da, mobilizazio horiek gabe eta sektoreak duen indarra gabe bilera hau ez litzateke posible.

Hala ere, langileen eskaria Sailarekin bilera bat egitea baino haratago doa, eta aldarrikapenak oso argiak dira: segurtasunaren bermea, enpleguari eta lan-baldintzei eustea, ratioak jaistea eta lan-kargak ez-handitzea, zerbitzu seguruak eta kalitatezkoak eskaintzea.

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuetatik,bilera greba deialdira debora barik deitu denez, eta greba-deialdiaren helburua ez denez bilera bat lortzea, baizik eta langileen aldarrikapenak gauzatzea segurtasuna bermatzeari, enplegua mantentzeari eta lan-baldintzei dagokienez, Hezkuntza Sailak deitutako bilerara joango gara, baina aurreikusitako greba-deialdiari eutsiko diogu. Deialdia urriaren 21ean, asteazkenean, hasiko da, eta mobilizazioak egingo dira hiru hiriburuetan.

BILBO: 11:30ean: irteera Moyuatik Gran Vía 85era (Eusko Jaurlaritza)
DONOSTI: 12:00etan elkarretaratzea Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean (Andia, 13)
GASTEIZ: 12:00etan Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean. (Helbidea jarri, San Prudentzio, 18)

100 langile ebentual kaleratu dituzte Bilboko Portuan

Bilboestibako enpresa batzordearen oharra:

Duela aste batzuk, zamaketariok oraindik ez genuenean grebarako gure eskubidea erabili, enpresek, ardi larruz jantzita, neurrigabeko kanpaina prebentiboari ekin zioten gu mafiosotzat joz, ebentualei aparteko txandetan lan egitea galaraten genuela esanez (gauak eta asteburuak) eta baita ABLEetako gure lankideen lepotik eurek gure “pribilegio” deitzen dituztenak betierekotu nahi genituela aipatuz.

Denbora euren gezurrak agerian uzten joan da. Izan ere, lehen eta orain gure lankide ebentualak aparteko txandetan lanean aritu dira eta Bilboestiba CPEko langileei bezalako kontratua eskaini zaie. Orain ikus dezakegu enpresen benetako aurpegia. Langile ebentualentzat duten proposamen bakarra ebentualitatea oraindik gehiago zabaltzea izan da. Langile hauekiko itzurazko kezka agerian geratu da greba egunek aurrera egin ahala hartu dituzten azken neurriekin. Euren estrategia egoera are gehiago prekarizatzea zen, soldataren %40rainoko murrizketekin, 12 urtez eguneroko kontratuen bidez betetzen ari diren ataza berdinetarako.

Langile guztiek, Bilboestibako mugagabeko kontratudunek eta modu berezian, Randstad-en lan-poltsa historikoko ebentualek, batasun, elkartasuna eta grebarekiko atxikimendu ariketa egin dute. Ebentualek ere bat egin dute sektorean deitutako lanuzte guztiekin. Orain enpresek, inora ez doan bidaia honetan, langile hauen kontrako neurriak hartu dituzte, hain zuzen ere, zaurgarrienak direlako. Horrela, hauek kontratatzeari utzi diote CPEak lan-kargari aurre egiteko langile nahikoa izan ez arren.

Honek 100 zamaketari ebentualen kaleratzea dakar. Langile hauek, azken 12 urteotan, zamaketa-enpresentzako lanean aritu izan dira bataz beste, urtean 130 txanda eginez. Langile hauek egin dituzte zamaketari batek egiten dituen lanik nekagarri eta arriskutsuenak. Langile hauek, lan-kargak Bilboestibako langile finkoen gaitasuna gainditzen zuen egunetan soilik kontratatzen zituzten, eta egun horretan berean egiten zieten finikitoa.

Urteak aurrera joan ahala gutxituz joan dira langile finkoak, eta gora egiten zuen langile hauen jarduerak, azken bi urteotan urteko 170 lanalditara iritsi arte. Hori guztia, kontratu finkoa egin beharrean. Izan ere, langile ebentualak luzaroan egon dira honen esperoan eta herrialde erdi-normal batean honezkero izan beharko lukete kontratu finkoa. Orain, aukeratu beharrean daude, ebentualitate, eta ondoriozko prekarietate, handiagoa edo ezer ez.

Zamaketa-enpresek atzo, prentsa-ohar bidez jakinarazi zuten arbitrajea eskatu dutela gatazka konpontzeko; eta zamaketari finkoen aurka egin zuten, irain eta deskalifikazioekin eta orain, aldi baterako gure lankideen kontrako errepresaliarik gogorrena hartu dute, Bilboko Portuko Agintzaritzaren presidentziaren konplizitatearekin.

Errepresaliekin ari diren bitartean, itsasontziak pilatu egiten dira kaietan eta ez soilik zamaketarien grebarengatik, enpresek ere zeresana baitute honetan. Euren borondatez langileok kaleratuz zerbitzua emateari utzi diote. Gaurko egunera soilik begiratuta, atendituta egon zitezkeen 5 itsasontzi baino gehiago zerbitzurik gabe utzi dituzte, portuko komunitate osoa bahitu moduan hartuz. Ematen du jarduera lotsagarri honen aurrean Barkala jaunak ez duela inolako neurririk hartuko.

Elkartasuna adierazi nahi diegu Jaro operazioan auzipetutako guztiei

Euskal Herritik LAB sindikatuak atzo hasi eta bihar arte luzatuko den epaiketan Operación Jaro-ren  baitan epaituko dituzten Causa Galiza eta Ceivar erakundeetako hamabi militante independentista galiziarrei bere elkartasuna helarazten die. Hain zuzen ere, Garbiñe Aranburuk, Igor Arroyok eta Koldo Saenzek, sindikatuko idazkari nagusiak, idazkari nagusiaren ondokoak eta Nazioarteko idazkariak, hurrenez hurren, auzipetuekiko elkartasun adierazpena sinatu dute.

Berriro ere Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko den epaiketa politiko baten aurrean gaude, kasu honetan, Galizako independentismoa kriminalizatzeko helburua duen epaiketa politiko bat, alegia. Terrorismoa goratzea, eta erakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen diete, eta lau eta hamabi urteko kartzela zigor eskariari aurre egin behar diote.

Berriro ere disidentzia politikoa epaitzen duen epaiketa politiko baten aurrean gaude. Leporatzen dieten terrorismoaren gorazarrea adierazpen askatasunaren kontrako eraso garbi bat da, eta, beraz, oinarrizko eskubideen kontrako eraso larri baten aurrean gaude.

Epaiketa honek Galizako independentismoa kriminalizatzeko helburua izateaz gain, herriok pairatzen dugun zapalkuntza nazional, sozial eta hetero-patriarkalaren kontra errebelatzen den oro jazartzea du helburu. Epaiketa honek, eta aurretik Euskal Herrian hainbestetan pairatu ditugun antzeko epaiketa politikoek, ez dute lekurik Zuzenbide Estatu batean.

Horregatik guztiagatik, LAB sindikatuak auzipetutako pertsonen absoluzioa eta disidentzia politikoa kriminalizatzea helburu duten epaiketa politiko hauen bukaera exijitzen du.

Epaiketa politikorik ez!

Herriak aske!

Viva Galiza Ceibe!

Osakidetzako azpikontratetako langileek ere hiru greba egun egingo dituzte

Osakidetzan urriaren 29, azaroaren 5 eta azaroaren 12rako deitutako greba egunetan ere planto egingo dute azpikontratak diren garbiketa, osasun garraioa eta sukalde zein kafetegi zerbitzuetako langileek.

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako agerraldiaren harira:

Osakidetzako Garbiketa, Osasun Garraio eta sukalde zein kafetegietako langile azpikontratatuek greba deialdia egin dute langileei mobilizatzeko deia luzatuz.

LAB, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek, Osakidetzaren azpikontratak diren garbiketa, osasun garraioa eta sukalde zein kafetegi zerbitzuetan lan egiten duten langileen ordezkari gisa, hiru greba egun deitu dituzte. Deialdia urriaren 29rako izango da Araban, azaroaren 5erako Gipuzkoan eta azaroaren 12rako Bizkaian.
Deialdi honen bidez langileek bizi duten egoera salatu nahi dute: ez dagoela langile nahikorik, lanpostu hutsak edota aldi baterako ezintasun zein oporrak ez direla ordezkatzen, ez dagoela segurtasun-neurririk eta kolektibo batzuetan soldata-baldintza eskasak daudela. Egiturazko defizit hori areagotu egiten da bizi dugun pandemia egoeran.

Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu beren erantzukizuna har dezatela, atzera egin dezatela zerbitzu horiek pribatizatzeko erabakietan, eta zuzenean har ditzatela beren gain, egungo lanpostuei eutsiz eta plantillak handituz, gure baldintza ekonomiko eta sozialak homologatuz, eta alboratu ditzatela beren onura maximizatzen duten enpresa bitartekariak, lan-baldintzak prekarizatu eta herritarren osasuna bezalako oinarrizko zerbitzua hondatzen dabiltzalako.

Greba-deialdietan  bai eta aurreko egunetan hiru lurraldeetako lantokietan egingo ditugun kontzentrazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Elkarretaratze horiek urriaren 28an egingo dira Gipuzkoan eta Bizkaian; azaroaren 4an Araban eta Bizkaian, eta azaroaren 11n Gipuzkoan eta Araban.

Osakidetzako azpikontratako langileak ere honaino heldu gara! Grebara!

Azken erasoaren aurrean, Ekialdebusen segurtasuna bermatzea eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari

Aurreko larunbatean eraso berri bat izan zen Ekialdebuseko autobus batean. Kasu honetan, gidariari egin zioten eraso.

Ekialdebus-eko enpresa-batzordearen oharra:

Gertaera larunbateko gaueko 22:00k aldera jazo zen Donostiako Gros auzoan, autobusa geltokira iritsi zenean gizon batek autebusetik jeistera zihoala, ateak ez zuen funtzionatu eta ondorioz, ez zen irekitzen. Hainbat saiakera eta gero, gidariak atea irekitzea lortu zuen baina bidaiaria erabat haserre zegoen eta irain eta oihu artean, gidaria COVIDetik babesteko duen manpararen aurka oldartu zen kolpeka.

Hau ez da salatzen dugun lehen gertaera. Zoritxarrez ohikoak dira gidariok jasan behar ditugun eraso, mehatxu eta irainak.

Abuztuan Diputazioari zein enpresari babes neurriak eskatu genizkien, baina biek ala biek entzungor jarraitzen dute gure eskaeren aurrean.

Ez gara lanean seguru sentitzen eta segurtasun neurriak behingoz aplika daitezen eskatzen dugu. Azken eraso hau eta enpresa zein Aldundiaren utzikeria salatu nahi dugu eta horretarako, enpresa batzordetik kontzentrazioa deitu dugu datorren ostegunean, hilak 22, goizeko 11:00etan Donostiako Gipuzkoa Plazan, Aldundiak duen egoitzaren aurrean.

Hermanos Gruber enpresa gauzatzen ari den jazarpen sindikala salatu dugu

Elkarretaratzea egin dugu Barakaldon, Hermanos Gruber enpresak langileen ordezkarien eta langileen euren aurka duen jarrera salatzeko. Izan ere, lantegiaren aurrean egindako mobilizazioan ohartarazi dugun bezala, zuzendaritza langile ahulenak mehatxatzen ari da, horietako asko behin-behinekoak, bere helburuak lortzeko. LAB sindikatutik argi dugu ez dugula halako erasorik onartuko.