2026-01-27
Blog Page 485

Oionen mobilizatuko gara asteazkenean, azken lan heriotza salatzeko

Kupsa enpresa kimikoaren aurrean elkartuko gara, 12:00etan, euskal gehiengo sindikalak deituta. Ostiralean hil zen bertako langile bat, egun batzuk lehenago izandako sutearen ondorioz pairatutako erreduren eraginez.

Ostiralean hil zen joan den asteazkenean Oiongo Kupsa enpresa kimikoan sute baten ondorioz oso larri, erredura handiekin, zauritu zen 62 urteko langilea. Hori, gehiengo sindikalaren eskutik Bilbo eta Iruñean patronalaren aurrean laneko heriotzen aurka mobilizatu ginen egun berean. Hain zuzen ere, odolusteak etenik ez duela salatu genuen ostiralean bertan, eta azken lan heriotza honek Iruñean eta Bilbon egindako mobilizazioetan esandakoa berretsi baino ez zuen egin. Hildako honekin eta urtea hasi zenetik, gutxienez 60 dira Euskal Herrian lanean hildakoak, eta Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen du Zaldibargo zabortegian otsailaren 6tik.

LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu hildako langilearen senide eta gertukoei. Koronabirusaren testuinguruan, jarduera ekonomikoaren geldialdiak eta ondorengo krisi ekonomikoak ez dute lanean hildakoen sarraskia geldiarazi. 2020 urtea bukatu ez denean salatu nahi dugu lan istripu hilgarriek okerrera egin dutela nabarmen.

Langileriak pairatzen duen laneko biolentzia arazo sozial larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarierietateak gaixotu eta hil egiten gaitu.

Egoera horrek erantzuleak ditu, eta nagusia patronala da. Epe motzeko onura ekonomikoa hobesten du langileon osasunaren eta bizitzaren aurrean. Laneko arriskuen prebentzioa eta ondorioz, gure osasuna eta bizitza, negozio bihurtu dituzte.

Eta egoera honen aurrean, patronalaren ez betetzeen aurrean, langileria da osasuna eta bizitza bera galduz ordaintzen duena. Bitartean, administrazio publikoek ez dute langileon osasuna eta bizitza bermatzeko eginkizuna betetzen, ez baitute egoera hori aldatu ahal izateko zaintza, kontrola eta zigor eredugarriak ezartzen.

Administrazio Publikoei, Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu: zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu haugeldiarazteko? Noiz sartukodituztelanekoheriotzakagendapolitikoan?

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez saiakeran bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari aurruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia eredu zehatz batek, lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

LAB sindikatutik argi dugu, bizitza eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Sarraski honekin amaitzeko lan-harreman eta joku arauak aldatu behar ditugu. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, interes ekonomikoen gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

Mobilizazioa eta borroka funtsezkoak dira istripuen aurrean. Horregatik, LABen laneko heriotza bakoitza salatzen jarraituko dugu, lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon segurtasun eta osasunaren alde.

Erandioko Udala pribatizazioaren bidea bultzatzen ari dela salatzen dugu

Ikastetxe bateko atezaintza zerbitzua pribatizatu izana salatu du Erandioko Udaleko LAB atal sindikalak. Izan ere, ikasturtea hasi eta batera, Altzaga ikastolako Haur Hezkuntzan (Bekoa ikastetxea) enpresa pribatu bateko langilea jarri dute atezain lanetan.
LABek argi adierazi nahi du eskola publikoan langile publikoak behar ditugula.

Aldi baterako beharretarako, lan-poltsak erabili daitezke, arazo barik. Eta behar iraunkorretarako, lanpostu berriak sortu eta deialdi publikoak eginez bete beharko dira. Atal sindikalak erabat arbuiatzen du lanpostu publiko bat betetzeko enpresa pribatua erabiltzea, Erandioko gobernu-taldeak Altzaga ikastolan egin duen bezala.

Erandioko Udala zerbitzu publikoen pribatizazioan beste urrats bat ematen ari da. Eta hori ez dugu onartuko. Zerbitzu publiko guztien kudeaketa publikoa aldarrikatzen dugu.

Zerbitzu publikoen pribatizazioa salatzeko aurrean izango gaituzte.

Premiazko neurriak eskatu ditugu lan istripuen odolustea geldiarazteko

Euskal gehiengo sindikaletik mobilizazioa egin dugu Bilbon eta Iruñean, Confebask eta CEN patronalen aurrean, eta, bertan, premiazko neurriak eskatuko ditugu lan-istripuen odolustea geldiarazteko. Hain zuzen ere, Covid-19aren ondorioz jarduera ekonomikoa nabarmen murriztu da, baina 2019ko lan-istripu hilgarrien kopurua gainditu dugu. Hortaz, pandemiak inoiz baino argiago erakutsi du osasuna sistema ekonomikoaren alboko kaltea dela.

Azaroan gaude, urtea oraindik bukatu barik dagoela eta dagoeneko 53 pertsona behintzat zendu dira lan istripu baten ondorioz Hego Euskal Herrian. Horien artean dugu Joaquin, oraindik ere bere gorpua Zaldibarko zabortegian jarraitzen du lurperatua. 53 lagun horietaz gain, hainbat eta hainbat langile gaixotu edo zendu dira Covid-19a dela eta. Lan ezbeharren datuak urtetik urtera okerragoak direla salatu nahi dugu eta enpresen eta gobernuen aldetik ez dugu funtsezko aldaketarik ikusten.

Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak onartezinak dira. Gaur egun, nahikoa baliabide daude, bai pertsonalak zein baliabide teknikoak, horiek saihesteko, baina kostu ekonomikoa dute, eta enpresek eta patronalak ez dute prebentzioan inbertitu nahi. Produktibitatea lehenesten dute beti,epe motzeko onura ekonomikoa langileen segurtasunaren eta osasunaren aurretik, baita pandemiaren garai hauetan ere . Hilabeteetan langileok Covid-19aren aurkako beharrezkoak diren babes-neurririk gabe lan egin dugu, eta egunero prekarietatea pairatzen duten langileentzat emaitza hondamendia da.

Urtea amaitzear dago, baina dagoeneko gainditu ditugu 2019ko lan-istripuen datuak.
Kontuan izan behar da martxoan etxeko konfinamendua ezarri zigutela eta enpresa askok beren jarduera eten behar izan zutela funtsezkotzat jotzen ez zelako; baina lan-jarduera eten arren, ondorengo krisi ekonomikoak datuak aurreko urtean baino are okerragoak izatea eragin du,lan istripuek gora egiten jarraitzen dute. Era berean, biztanleak beren etxeetan konfinatzeak lanera joateko betebeharrarekin eta enpresetan kutsatzeko arriskuarekin kontraesana dakarrela salatzen dugu, gainera sektore asko funtsezkoak ez izan arren patronalaren interesengatik irekita jarraitu zuten. Horrek guztiak gobernuen eta patronalen adostasunak agerian uzten ditu.

Beraz, datuek erakusten dute EAE eta Nafarroako gobernuek lan-prekarietatearen eta Covid-19aren aurka izan duten estrategiek ez dutela balio izan. Nahiz eta etxean konfinatuak egon edo gobernuek ezarritako murrizketak eta neurriak bete, istripuak eta kutsatzeak areagotu egin dira eta jendearen osasuna eta bizitza jokoan izan dira, bai kalean, bai lantokietan. Norabidea aldatu behar da eta osasuna eta bizitza erdigunean jarri.

Ezin da birus horren aurka borrokatu babes-neurri edo bitarteko egokirik gabe; ezin zaie eskatu langileei babes-ekipamendu egokirik gabe lan egitea, beren osasuna eta bizitza arriskuan jarriz, baina hori da hilabete askotan gertatu dena. Osasun-krisi horrek ezin hobeto irudikatu du osasun-, gizarte-, elikadura- eta garbiketa-sektoreetan lan egiten duten pertsonek jasaten duten prekarietatea. Sektore horiek guztiak feminizatuta eta pribatizatuta daude, eta babesgabetasun handia dute behin-behinekotasunean, kontratazio partzialean eta txandakatze-indize altuetan. Garraioan eta banaketan lan egiten duten pertsonek ere, besteak beste, prekarietate eta aintzatespen-falta hori jasaten dute.

EAEko eta Nafarroako gobernuei langileen osasuna lehenesteko eta segurtasuna eta bizitza bermatzeko exijitzen diegu. Oinarrizko sektoreak publifikatzea eta estatregiaz aldatzea exijitzen diegu bai lan osasunean eta baita birus honen kontra egiterako orduan. Neurri eta bitarteko egokiak bermatu behar dira lan zentroetan eta ezin da -betetze-maila soilik enpresen eskuetan utzi. Administrazio publikoek, enpresen gaineko zaintza eta kontrola areagotu behar dute. Osasunik gabe ekonomiarik ez dago, bizitza duinik ez dago, etorkizunik ez dago.

Kritikotasunez hartu dugu EAEko Hezkuntza Sailak harturiko erabakia: LEP gutxienez ekaina arte atzeratzearena

EAEko Hezkuntza Sailak iragarri berri duen Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako oposaketen dataren atzerapena dela-eta, LAB Irakaskuntzak gure jarrera kritikoa agertu nahi dugu.

LAB Irakaskuntzatik kritikotasunez hartu dugu EAEko Hezkuntza Sailak harturiko erabakia: LEP gutxienez ekaina arte atzeratzearena, alegia. Izan ere, COVID19k eragindako egoera dela eta, atzeratzeko erabakia aspaldi hartua izan behar zuten hezkuntza-arduradunek, behin eta berriz exijitu dugunez. Azkenean, denborak arrazoia eman digu, ez baitago baldintzarik oposaketak eman zituzten datetan egiteko.

Departamentuaren aurreikuspen ezak nahasmendua, urduritasuna eta ezinegona sortu ditu langile askorengan. Kontuan hartu behar dugu izena eman dutenek beren bizitzak baldintzatu dituztela eredu zaharkitua duen oposizio honetarako ikasi ahal izateko eta, beraz, aurrerantzean berriro ere prozesu honetan kalteturik izan ez daitezen honako hau eskatzen dugu:

– Azterketaren data ematen duten unetik probaren egunera arteko tartea ahalik eta zabalena izatea.

– Azterketa egiten denerako konfinaturik dagoen jendearentzat azterketa egin ahal izateko alternatibaren bat ziurtatzea.

Azkenik, LEPa prestatzen ari direnei elkartasuna adierazi nahi diegu, baita animoak eman egoerak kaltetutako langile guztiei.

LABetik lanean jarraituko dugu LEP hau berme guztiekin burutu dadin.

Lan, pentsio eta bizitza duinaren aldarrikapenean berresten gara eta bide honetan pausu berriak emango ditugula ozen esan nahi dugu

Aste honetan zehar Gasteizen Greba Orokorrean parte hartu zuten hainbat gazteren atxiloketen harira, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok, LABek barne, honakoa adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin, gure elkartasuna eta babesa operazio mediatiko-polizial honetan atxilotuak izan diren gazteei adierazi nahi diegu.

Bigarrenik, salatu nahi dugu Lan, pentsio eta bizitza duina aldarrikatzeko pasa den urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokor arrakastatsua kriminalizatzeko saiakera berri baten aurrean gaudela. Osasun krisialdi bete-betean egonik, gobernuek gure osasuna babestu eta zerbitzu publikoak nahiz babes soziala indartu beharrean, egungo ereduan sakontzea erabaki dute. Era berean, krisiaren ardura herritarrongan delegatu dute, arduradun politikoek duten erantzukizun politiko zein kolektiboa alboratuz.

Eta hori guztia gutxi balitz, mobilizazio soziala eta eskubide sozialak jo puntuan jarri dituzte, mobilizazio legitimorako eskubidea murriztuz eta kriminalizatuz. Urtarrilaren 30ean egindako Greba Orokorretik isun eta salaketa ugari jaso ditugu, baina Gasteizen jazotakoak jauzi bat da eta ez dugu uste kasualitatea dela testuinguru honetan gertatu izana.

Amaitzeko, lan-pentsio-bizitza duinaren aldarrikapenean berresten gara eta bide honetan pausu berriak emango ditugula argi eta ozen esan nahi dugu. Egungo egoera irauli eta norbanakoa zein natura erdigunean izango duen eredu berri baten alde mobilizatzen, kaleak hartzen, interpelatzen, proposamenak egiten eta alternatibak eraikitzen jarraituko dugu! Zentzu horretan, eskubide sozialak aldarrikatu zein defendatzera deitu nahi ditugu herritarrak, orain inoiz baino gehiago elkar zainduz, mobilizazioa ezinbestekoa delako.

Osakidetzako langileek aho batez erakutsi dute berriro gogaituta daudela

Sindikatuon ohar bateratua (Argazkiak, LAB Osakidetzaren Twitter kontuan):

Gaur, SATSE, ELA, SME, LAB, CCOO, UGT, ESK, SAE, UTESE sindikatuok deituta, Bizkaiko Lehen Arretan eta Osakidetzako ospitaleetan protestak eta greba egiten ari dira lurraldeko zentro guztietan. Goizeko 11etan kontzentrazio masiboak egin dira lurraldeko zentro guztietan, eta horren adibide da Gurutzetako Ospitalean egin den kontzentrazioa.

Araban eta Gipuzkoan gertatu zen bezala, jarraipena bereziki garrantzitsua izaten ari da lehen mailako arretan, eta, zalantzarik gabe, horrek agerian uzten du jasaten ari den gainezkatze sistematikoa eta langileen nekea. Nabarmentzekoa da osasun-zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetako langileen artean izaten ari den jarraipen masiboa. Gainerako kategoriek eta arreta mailek ere, gogor jarraitu dituzte lanuzteak.

Eta hori guztia, milaka langile greba eskubiderik gabe utzi dituzten gehiegizko zerbitzu minimo batzuekin. Izan ere, kolektiboaren greba-eskubidea neutralizatzeko, eragozteko eta erasotzeko ahalegin berri baten aurrean gaude. Horrez gain, salatu nahi dugu, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen dituela datuak; eta, greba egiteko aukera izan dutenen artean zenbatek parte hartu duen adierazi beharrean, plantilla osoa hartzen duela oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin.

Deialdia egin dugun sindikatuok plantillaren egoera kezkagarria salatu nahi dugu. Egoera hori egunetik egunera larriagotu egiten da pandemiaren bilakaeraren ondorioz eta horren ondorioak, langileek ezezik, herritarrek ere jasaten dituzte. Argi eta garbi esan dezakegu, lehen konfinamendua igaro ondoren, Osakidetzak ez duela plangintza egokirik martxan jarri, ezta birusaren balizko berragerraldiei bermeekin aurre egiteko beharrezko errefortzuak ere. Gogoratu behar da, birusa agertu aurretik, lan gainkarga sistematikoa zegoela Osakidetzan. Gaur egungo egoeran, lana modu esponentzialean biderkatu da eta inoiz baino beharrezkoagoak dira iristen ez diren errefortzu horiek.

Horren adibide argia da, berriz ere, kolapso egoera batera iritsi garela, eta egoera horretan ezinezkoa dela arreta-jarduera guztiari erantzutea. Hala, martxoan gertatu zen bezala, jada ezin da denera iritsi, eta horregatik hasi dira programatutako edota presazkoa ez den ohiko arreta atzeratzen. Gure kezka azaldu nahi dugu neurri horien aurrean; izan ere, Covid 19az bestelako patologien arretan, etengabeko atzerapenak gertatzen ari dira. Atzerapen horiek ondorio larriak izan ditzakete herritarrentzat, eta, zalantzarik gabe, agerian uzten dute gure osasun-sistemak, gaur egungo berragerraldiaren aurrean, ez daukala baliabide nahikorik herritarren arreta-beharrei erantzuteko.

Egoera larria izanik, eta Araban eta egindako greba-deialdien arrakastaren ondoren, Osasun Sailak ez du inolako elkarrizketarik izan deialdia egin dugun sindikatuokin: ez dugu dei bakar bat ere jaso. Komunikabideen bidez neurri batzuen berri dugu, eta salatu nahi dugu, ohikoa den bezala, Eusko Jaurlaritzaren aldetik erabateko opakutasuna eta informazio falta dagoela. Era berean, ez dago negoziaziorik mahai gainean jarri ditugun aldarrikapenei buruz, eta ez da neurri bakar bat ere planteatu urrunetik datozen egiturazko arazoei irtenbidea emateko.

AERNNOVAko enplegua mantentzea exijitzen dugu

Gaur azaroaren 11n, AERNNOVAko zuzendaritzak iragarri du kaleratze kolektibo eta kontratu-eteteen prozesua hasiko duela. LAB guztiz kontra dago eta enplegua mantentzea eskatzen du. Era berean, dei egiten diegu instituzioei enplegua eta 450 langileekin inplikatzera, hegazkingintzan erreferentziazkoa den enpresa baten etorkizuna berma daitezen.

AERNNOVA Aeroestructuras de Álavako zuzendaritzak gaur goizean iragarri du kontratuen extintzio EEE eta suspentsio ABEEE baterako prozedura abiatuko dituela. Horretarako “krisi estruktural larria” arguidatzen dute, “lan-kargaren jaitsiera garrantzitsuarekin”.

Honen aurrean, eta urjentziazko laborazio batean, LABek adierazten du espediente honen guztiz kontra dagoela, langileekin batera borrokatuko duguna enpresan bertan, borroka sindikalaren bidez, baita kaleetan, negoziazio mahaian eta baita esparru juridikoan ere, behar izango balitz.

LABek erabat baztertzen ditu enpresaren argudioak. Egia da hegazkigintza pandemiak eragindako ziurgabetasun momentuak bizitzen ari dela, baina nabarmanea da egoera hau koiunturala dela eta hortaz, neurri koiunturalak eskatzen dituela.

Egoera honetan, lanpostu guztiak mantentzea exijitzen dugu. Baztertu egiten dugu hamarnaka kaleratzeren mehatxua oso murriztuta duen lan-taldea duen enpresa honetan, pandemiaren ondorioz oso kolpatua izan den sektore batean. Honekin lotuta, LAB neurri alternatiboak babesten ditu egoera koiuntural honi aurre egiteko, hala nola lanaldia jaistea, lana banatzea guztiek lan egin ahal izan dezaten. Hegazkingintzak bizi duen egoera honetan, zeinetan hamarnaka kaleratze dagoen mahai-gainean, uste dugu enpleguei eutsi eta lan-baldintzak hobetzea ekar dezakeen formula bat izan daitekeela, honela bizi-kalitatea ere hobetuz.

Azkenik, dei egiten diegu instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, enpleguaren eta etorkizunaren defentsan inplikatzera, enpresa erreferentzial zehatz honetan zein hegazkingintza sektorean. Urte luzez diru-laguntzak jaso dituzte enpresa hauek eta orain, benetako politika industriala behar dugu, langileen defentsara bideratuko dena eta lanaldia jaistea eta lana banatzea bezalako neurriak bultzatuko dituena kaleratzeak saihestu eta etorkizunari aurre egiteko.

Salatu dugu Gorlizko ospitalean babes neurririk hartu ez izana, duela aste batzuk egoeraren berri eman arren

Iritsi garen egoera orain dela aste batzuk salatu genuenaren emaitza baino ez da. Gorlizko ospitalearen ezaugarriak direla eta, logelek 4 paziente dituzte, eta beren patologiengatik ezin dute maskara eraman edo ez dute eraman behar. Paziente horietako bakoitzak bisita bat jasotzen zuen, eta, beraz, une askotan 8 pertsona elkartu dira espazio txiki eta gaizki aireztatu batean.

Urriaren hasieran, bigarren COVID bolada sumatzen hasi zenean, LABek jakinarazi zien bai Laneko Osasun Zerbitzuari bai ospitaleko Prebentzio Medikuntzari egoera hori gertatzen ari zela eta profesionalok pazienteak maskara kirurgiko batekin bakarrik tratatzen ari ginela. Erantzuna izan zen “pazienteak osasuntsuak” zirela eta maskara kirurgikoarekin nahikoa babes genuela.

Zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu. Gaur egun 40 langile eta 30 paziente inguru daude kutsatuta.

LABen ustez, langileentzako babes nahikoak jarri izan balira eta bisiten gaineko kontrol apur bat handiagoa izan balitz, egoera hori saihestu egin zitekeen.

Une honetan, akatsetatik ikasteko garaia da, eta ez daitezela berriro errepikatu, baina ikusten dugu Gorlizko Zuzendaritzak ez duela autokritikarik egin, eta bai, ordea, langileak erruduntzat jotzen direla, langileak “kafea hartzeko orduan erlaxatu” direla argudiatuz. Zuzendaritzak mahai gainean jarritako neurri bakarra aurpegiko pantaila bat gehitzea da. Noiztik da aurpegiko pantaila arnas babesa?

Egoera horren aurrean, salatu nahi dugu langileok babesik gabe egon garela birusaren aurrean, eta haien erabakiek gaixotu egiten gaituztela. Ez diegu utziko gure osasunarekin jolasten, ezta gure zentroan artatzen ditugun pertsonen osasunarekin ere.

Dei egiten diegu PSN eta Geroa Bairi langileen itxaropenak ez zapuztera eta deslokalizazioaren aurkako beren aldarrikapenak babestera

Covid-19aren pandemiak agerian utzi du egungo sistema kapitalistaren logika. Horrela, euren pribilegioei eutsi eta euren negozioa eta irabaziak handitzen jarraitzeko helburu bakarrarekin, sistema honen enegarren krisiaren aitzakia baliatu dute enplegua eta milaka langileren etorkizuna suntsitzeko. Legeriak ahalbidetzen duen jokabide bat eta gure lanpostuak bermatzen ez dituzten lan erreformak, kontrara, kaleratze ia doakoa zehazten dute, eta erabateko prekarietatea, “erabili eta botatzeko” langile bihurtzen gaituena.

Jarduteko modua, betikoa, deslokalizazioa bere gordinean. Diru asko irabazten dute eta gehiago irabazi nahi dute produkzioa mundu beste luk batzuetako lantegi batzuetara eramanda, zeintzuetan gehiago eta hobeto esplota dezaketen langileria milaka familiaren enpleguaren kontura. Modu honetan, enpresariek euren erantzukizuna onartu gabe jarraitzen dute langileok sortu ez dugun krisi baten fakturari uko eginez, baina, berriro ere langileon bizkar jarri nahi dutena.

Deslokalizazioa, ABEEEa, itxiera eta milaka familiaren sufrimendua. Hauxe da egungo eredu ekonomiko eta sozialak berriro ekarri gaituen logika zitala. Siemens-Gamesaren kasuak erakusten digun moduan enpresak salbatzea ez da enpleguak salbatzearen sinonimoa. Langileak babestu behar dira! Etorkizuna, diru publikoaren kontrola eta enplegu bermea dira, gure bizitzak enpresarien diruzalekeriaren aurrean lehenetsi daitezen.

Gaur eztabaidatu dira Nafarroako Parlamentuan EH Bilduk enpresen deslokalizazioaren kontrako legeari egindako emendakinak. Hauen artean ziren LAB sindikatuak egindakoak, EH Bilduk soilik egin dituenak bere. Eztabaida bertan behera geratu da PSN eta Geroa Baik berriro jokatu dutelako patronalaren bozeramaile moduan, multinazional eta enpresario handien interes eta negozioak ordezkatuz. Horrela, baieztatu egin dute langileek euren etorkizuna eta enpleguen aldeko langileen aldarrikapen nagusiei bizkarra emango dietela. Zergatik ez dute babesten langile azpikontratatuak kontuan izatea (bereziki enplegurik gabe geratu diren emakumeak enpresa nagusiaren deslokalizazioarengatik)? Zergatik ez dute nahi kontrol, jarraipen eta ebaluaziorako mekanismo zehatzak zehaztea lege horren betetze benetako eta efektiborako? Hauek dira nafar jendarte osoari zor dizkioten erantzunak.

Hasiera bertatik esan genuen legea ontzat jotzen genuela bere helburuetan sakonduz gero eta berau edukiez ez hustekotan. Azken honekin lotuta, LABek adi egoteko konpromisoa hartu zuen. Gaur, PSN eta Geroa Baik gure beldurrak konfirmatu dituzte eta legearen ezarpen-esparrutik kanpo utzi nahi dituzte zenbait enpresa eta laguntza publiko. Jarrera honek herritarrei iruzur egitea esan nahi du, ekidin behar duguna. Jendarteak nahi duena da diru publikoa jaotzen duen enpresa batek konpromisoa har dezala langileen etorkizunarekin eta euren enpleguak berma ditzala. Eta Gobernuak izan dezala kontrol neurriak ezarri eta diru publikoa berreskuratzeko gaitasuna diruzalekeria eta enpresarien boterearen aurrean.

Dei egiten diegu PSN eta Geroa Bai alderdiei legea hobetzeko aukera ez zapuztera gehiengo sozialaren mesedetan, Kontratu Publikoen legearekin gertatu zen bezala. Egoera honen aurrean, dei egiten diogu langile-klaseari eta orohar jendarteari mobilizatzera, datorren azaroaren 26an 11:00etan Parlamentu aurrean (legea bozkatuko den eguna) etorkizunaren, diru publikoaren kontrolaren eta batez ere, gure enpleguen alde. Enpresarien diruzalakeriaren kontra, krisi hau kapitalak ordain dezan.