Tubacex-eko langileen borrokak aurrera darrai, euren lanpostuen defentsan. Enpresak Laudion eta Amurrion aurreikusitako 150 kaleratzeen aurka ari dira greba egiten, eta Ertzaintza gogor oldartu zaie goizean, eserialdia egiten ari zirenean Laudioko lantegiaren sarrera oztopatzeko. Gutxienez, bi langile atxilotu ditu eta beste zenbait identifikatu. Zaurituak ere egon dira.
LABek Tubacex-eko langileen borroka babesten du. 150 kaleratzeak Tubacex-eko arazo izatetik harago, Aiaraldeko, Araba eta gainontzeko herrialdeetako arazo ere bada. Izan ere, enpleguaren suntsiketa gogor ari baita astintzen Euskal Herria.
LABek Tubacexeko langileek enpleguaren defentsan ekin dioten borroka bultzatuko du. Era berean, erantzun eta borroka hori eskualdeko sektore guztietatik etor dadin lan egiten ari gara, Tubacexeko lanpostuak ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan dagoelako.
LAB sindikatuaren EHUko atal sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin da Gasteizen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia den Unibasq-en egoitzaren aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileek ikerketa-seiurtekoak jasotzeko eskubiderik ez dutela salatzeko.
Protesta honen bidez, aldi baterako irakasle-ikertzaileek pairatzen duten diskriminazioa salatu dugu; honako honetan ikerketa-seiurtekoak eskatzeko aukera ukatzen dietelako, hain zuzen ere. Kontratu iraunkorra duten irakasle-ikertzaileek sei urtetan metatutako ikerketa-merituak ebaluaziora aurkezteko aukera daukate, promozio akademikorako zein oinarrizko soldata osatzeko garrantzitsua dena. Hala ere, iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatzen diete aukera hori meritu nahikoak izan arren; iraunkorrek aurkezten dituzten meritu berdinak frogatu arren…
Diskriminazio hau ez da berria, baina aurten aukera berri bat ireki da tokiko ebaluazio agentziek irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ikerketa merituen ebaluazioa bideratu ahal izateko. EAEko Gobernuaren menpekoa den Unibasq-ek, ordea, ate hori itxi egin du, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektibo honen diskriminazioa mantenduz. Era berean, EHUko gobernu taldeak, Unibasq-en Gobernu kontseiluan presentzia izanda, ez du inolako ekimenik izan beren langileen alde. Epaitegi batek behartu arte itxarotea erabaki dute. Merkeago ateratzen da unibertsitatean ikertzen duen kolektibo zabal hau diskriminatzen jarraitzea… Gero erantzukizun sozialaz eta bikaintasunaz hitz egingo digute.
Elkarretaratzea bukatzean, agiri bat entregatu dugu Unibasq-en, seiurtekoen deialdian aldi baterako irakasle- ikertzaileek parte hartu ahal izateko eskatuz, baita kolektibo honen kideek beren ikerketa-merituak ebaluatuak izateko aurkeztu dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatuz ere.
Aste honetan LABekin partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: lan erreformaren derogazioa eskatzeko dinamikatik LAB baztertuz, Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok pasa den ikasturtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du. Ez da erabaki isolatua izan; aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu ELAk.
Bere eredua eta erabakiak inposatu eta hori egin ezin duenean aldebakarreko erabakiak hartzea edo kasu honetan moduan LAB ekimen batetik kanpo uztea, ohikoa bilakatzen ari da ELAren egiteko moduetan. Elkarlana sendotu eta indar metaketaren aldeko apustua egiteko unean horrelako jokabideek, euskal herriko langileen interesak kaltetzen dituzte.
LABen ustez, bi dira ELAren jarreraren atzean dauden aldagai nagusienak. Lehenengoa: eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan Patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk.
Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira, 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogazioaren bermea jasoko lituzkeen Akordio Intersektoriala egitea exijitu genion Confebask eta CEN patronalari. Batak eta besteak ezezkoarekin erantzun ziguten eta, ezezko horren aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk, ERTEen osagarrien inguruko akordio ez nahikoa egiten saiatuz eta Gipuzkoako Metalean borrokarik gabeko hitzarmen bat adostuz. Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu izan dituzte erakunde bietako bozeramaileek.
LABen ustez, premiazkoa da prekarietatearen kontrako eta enplegu duinaren aldeko borroka indartzea. Horretarako proposamenak egin izan dizkiogu ELAri ikasturte hasieratik, arrakastarik gabe. Urtarrilean, egoera okertzen ari zela ikusita, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri nola gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriz enplegu duinaren aldeko borroka elkarrekin egiteari.
Bi sindikatuon arteko elkarlana baztertzeko ELAren bigarren arrazoia, honako hau da: ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen alde bakarreko burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta.
Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik. Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat ez da inoiz heldu une egokia aldaketa soziala ahalbidetuko duen autodeterminazio prozesuari begirako konpromisoak hartzeko.
Areago eta gehiago, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan. ELAk gero eta gehiago begiratzen du Madrilera, langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan eta arretan behar ez den lekuan jartzea da. Eta nabarmen geratu da ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko, ez lantokietan ezta orokorrean ere.
LABen iritziz, aipatutako bi aldagaiak daude ELAk elkarlana indargabetzeko hartu dituen erabakien atzean. Eta beharrezkoa iruditzen zaigu euskal langileria eta Euskal Herria egoera honen jakitun izatea. Halere, sendotasun berberarekin zera diogu:
LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin, bizitzen ari garen sindemiari aurre egin eta premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko. Euskal langileriak nahiz Euskal Herriak horrela eskatzen dute.
Euskal Herriko 27 eskualdek baino gehiagok erantzun diote Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzan parte hartzeko deiari. Hain zuzen ere, otsailaren 20tik 27ra bitartean, eskualde bakoitzeko herri batetik igaroko gara talde feministek diseinatutako zapiak jasotzeko, mugen, arrazakeriaren eta transnazionalen botere korporatiboaren aurkako konpromiso kolektiboak adierazteko.
Aipatu bezala, larunbatean hasi zen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa plataforma herrietan mugen, arrazakeriaren eta botere korporatiboaren kontrako konpromiso kolektiboa adierazteko prestatu dituzten zapiak jasotzen! Hilaren 27an amaituko da jasoketa, eta martxoaren 6ean Irunera eramango dira, bertan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin etasistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkala salatzeko. LABetik, Mundu Martxako plataformako kideak garen heinean, gure kominitateko emakume guztioi prozesu honetan parte hartzera dei egiten diegu.
Abenduaren 10 eta 16ko eta urtarrilaren 25 eta 27ko greba egun arrakastatsuen ostean eta Hezkuntza Sailak deitu zuen azkenengo mahai negoziatzailetik bi hilabete pasa direnean, gaur, otsailaren 22aren etorrerarekin, greba eta mobilizazio dinamikarekin hasi gara langileon %72ko jarraipena izanik; gaur, bihar eta asteazkenean (otsailak 22, 23 eta 24) gauzatuko direnak. Lotsagarria eta erantzukizun politiko eskasa izatea iruditzen zaigu EAEko Hezkuntza Saileko arduradunen negoziatzeko borondate eza eta langileon aldarrikapenei horrela muzin egitea.
Abenduaren 22ko mahai negoziatzailean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak Haurreskolen bideragarritasuna zalantzan jartzeaz gain, 2018ko irakaskuntza publikoko kolektibo guztien mobilizazioen baitan burutu genuen dinamika luzearen osteko akordioen artean, Haurreskolak Partzuergoan sinatutakoa soilik ez dagoela indarrean esatera ausartu ziren inongo lotsarik gabe.
Bilbo.
Gauzak horrela, berririk gabe jarraitzen dugulako, egin dezakegun balorazio bakarra, bilera birritan atzeratu ostean, Jokin Bildarratz lehendakari den Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza batzordea ez dela bildu. Batzordera errebisatzera eraman nahi zituzten akordioak ez dituztela eraman, beraz, eta ematen du alde bakarrez momentuz ez dituztela berrikusi.
Isiltasun hau negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina dela salatu nahi dugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanaren eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu, baita pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera nola gauzatuko den argitzea ere. Era berean, Legebiltzarrak eskatu zizkion erabateko doakotasunerako urratsak noiz emango dituen azaltzea dagokio.
Donostia.
Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna hezkuntza zerbitzu honen doakotasunean eta Hezkuntza Sailean integratzearekin bermatuko dela uste dugu. Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.
Argi daukagu ere Haurreskolak Partzuergoko enpleguaren behin-behinekotasun tasa jaisteko lanpostuak egonkortuko dituen kontsolidazio prozesu bat behar dugula.
LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok langileei eta jendarteari argi adierazi nahi diegu egoeraren larritasuna eta mobilizazio dinamikarekin jarraitzeko beharra honako eskaera hauen defentsan:
Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza sailean.
Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.
Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.
Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.
Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.
Aurrekontua handitzea.
Bukatzeko, gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin eta aldarrikapenekin bat egin duten Haurreskolak Partzuergoko langileei, familiei, udalei, alderdi politikoei (EH Bildu) eta hezkuntza eragileei (Hezkuntza plazara, Ikama, …).
Gaur, hilak 22, hiriburuetan elkarretaratzeak burutu ditugu. Bihar, berriz, Eibarren kotxe karabana egingo dugu eta, arratsaldean, hainbat herritan mobilizazioak antolatu dituzte haurreskolako hezitzaile eta familiek. Dinamikak asteazkenean bukatuko ditugu, momentuz, Lakua inguratuko duen manifestazioarekin.
Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu! Denon artean lortuko dugu!
Soldata arrakalaren kontrako egunaren harira, mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Hain zuzen ere, soldata arrakala sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen dela salatu dugu. Hortaz, sexuaren araberako lan banaketa hori apurtzea ezinbestekoa dela nabarmendu dugu, emakumeok* soldatak eta lan baldintza duinak izan ditzaten.
Iruñea.
Bilboko protestan, Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberriak hartu du hitza, eta adierazi du, sexuaren araberako lan banaketa apurtzeaz gain, publifikazioa litzatekeela beste neurri garrantzitsu bat arrakalarekin amaitzeko: “Publikoak diren zerbitzuen pribatizazioak dakar emakume* langileen prekarizazioa, zaintza lanekin zerikusia duten sektoreetan bereziki. Bigarren maila batean nahi gaituzte lan merkatuan”. Etxeberriaren arabera, “botere publikoetatik ere behartu beharko lituzkete maskulinizatuta dauden enpresak emakumeak* kontratatzera”.
Gasteiz.
Idazkaritza Feministaren hitzetan, “ez dago emakumeenak* edo gizonenak diren lanik. Hau eraikuntza bat da. Horiek noren arabera balioesten diren ez da neutroa, ez normala, ez naturala. Sistemak inposatzen ditu, emakumeen lan-baldintzak* beti okerragoak izan daitezen, edo gu izan gaitezen etxeko zaintza-lan guztien arduradunak”.
Construcciones Arrankudiaga enpresaren aurrean mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta. Hain zuzen ere, enpresa horretako 51 urteko langile bat hil zen asteazkenean, garbiketa eta mozte lanetan zegoela zuhaitz bat erori eta gainera erori eta gero. Honako hau urteko zazpigarren istripu hilgarria izan da Euskal Herrian. Hortaz, egiturazko arazo honekin amaitzeko exijitu dugu elkarretaratzean, eta Eusko jaurlaritzari gaia agenda politikoan koka dezala eskatu diogu.
LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde, hileroko dinamikari jarraiki. Hain zuzen ere, Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan.
Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi dugu, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu diogu.
Lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatzeko manifestazio historikoaren urteurrenean, jardunaldiak egin ditugu Donostian, Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feministarako Programa Sozioekonomikoa ardatz. Hain zuzen ere, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar da, horretarako proposamenak eginez. Eta horretan ari gara. Donostiako jardunaldietan, besteak beste, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza zehazteko Euskal Herrian egin den lehen ariketa sakona aurkeztu dugu.
Eraldaketa azken urteetako lan eta pentsio erreformak atzera botatzetik hasi behar dela nabarmendu dugu, baina ezin dugu estatuetatik etorriko denaren zain egon. Madrilen Gobernu berria osatu zenetik azken lan erreforma bertan behera utzi edo moldatzeko asmoak entzun izan ditugu, baina ez da ikusten erreforma atzera botatzeko erabakirik eta pentsio erreforma berria martxan da. Zentzu honetan, eredu aldaketa Euskal Herritik eta Euskal Herrirako bultzatu behar dela berretsi dugu, horretarako proposamenak eginez. Eta sindikatuak bere proposamenak baditu, eta ari gara fintzen.
Programa Sozioekonomikoa modu dinamiko, ireki eta parte hartzailean landuko du LABek datozen hilabeteetan. Batetik, afiliazio guztiari zabaldu zaio ekarpenak egiteko aukera eta gaur, gaiez gai sakontzeko mintegia egin da.
Bestetik, eragile sindikal, politikoekin eta sozialekin, pentsionisten elkarteekin, mugimendu feministarekin, jatorri anitzeko langileen eskubideen defentsan ari direnekin, gazteeekin, mugimendu ekologistarekin harremanetan jarriko gara, baita langile kolektibo prekarizatuak ordezkatzen dituzten eragileekin ere (etxeko langileak eta ridersak kasu) gure ekarpenaren berri eman eta besteon ekarpen eta iritziak entzuteko asmoz.
Ekimen honen bidez, premiazkoa ez ezik posible ere baden mundu berri bat irudikatzeko ariketa kolektiboa sustatu nahi du LABek, Euskal Herrian trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatzeko beharrezkoak diren aliantzetan sakontzearekin batera.