2026-04-17
Blog Page 46

LABek urriaren 31ra arte luzatuko du Kubarekiko elkartasun kanpaina

Kubarako taupada-markagailuak erosteko eta sendagaiak, osasun-materialak eta ekarpen ekonomikoak biltzeko abian jarritako Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! kanpainak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. LABeko osasun ordezkarien elkartasunari eta afiliazio osoaren lan militanteari esker, emaitzak ikaragarriak izan dira.

Materialak biltzeko gaitutako LABen 22 egoitzek eta LABek ordezkaritza sindikala duen osasun-zentroek elkartasun-oldea bizi izan dute: lurretik sabaira zihoazen dohaintza kaxekin kolapsatutako korridoreak, ordezkarien eguneroko deiak beren ekarpenak bideratzeko, kamioi oso baten kargamentua Iruñeko egoitzan kanpaina itxi aurretik eta Bilboko Errondabiden Kubako diasporaren eta LABeko sindikalisten arteko solasaldia izan dira uholde internazionalista horren adibide, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, dohaintza handiak biltzen jarraitzen duten eskualdeetakok LABeko militantziaren eskariei erantzunez eta Euskadi-Cuba, Sierra Maestra eta Desembarco del Grama elkarteekin batera, LABek kanpainaren itxiera urriaren 31ra atzeratzea erabaki du. Beraz, oraindik ekarpenik egin ezin izan dutenek ordura arte izango dute aukera.

Kanpainaren hasieran salatu bezala, Donald Trumpen gobernuak Kubaren aurka onartu berri dituen neurri hertsatzaileek, azken 5 urteetan aplikatutako 243 neurriei gehituta, Kuba hornidurarik gabe uztera eramaten dituzte enpresa farmazeutikoak eta nazioarteko hornitzaileak, AEBen errepresalia ekonomikoen beldur. Gainera, AEBek uhartea “terrorismoaren babesle” diren herrialdeen zerrendan sartzeak finantza zehapenak dakartza, eta horiek eragotzi egiten diote Kubari nazioarteko kredituak eskuratzea osasun materiala erosteko. Gaur egun, Kubako ospitaleek eta farmaziek oinarrizko sendagaien % 30 baino ez dute.

Nola lagundu daiteke?

Gutxienez 2026ko iraungipena duten sendagai mota guztiak jasoko dira (likidoak izan ezik). Baita sargaiak, xiringak, eskularruak, esparadrapuak, bendak, zundak, josturak eta higiene-produktuak ere; hala nola, pixoihalak, konpresak eta preserbatiboak. Horretarako, LABen egoitzak prestatu dira Hego Euskal Herriko hainbat eskualdetan:

  • Araba: Gasteiz eta Laudio.
  • Bizkaia: Bilbo, Barakaldo, Durango, Gernika eta Ondarroa.
  • Gipuzkoa: Donostia (Gros), Irun, Orereta, Hernani, Tolosa, Beasain, Zumarraga, Zarautz, Eibar, Bergara eta Arrasate.
  • Nafarroa: Iruña, Lizarra, Tutera eta Altsasu.

Ospitaleetan eta osasun-zentroetan, LABek Osakidetzan eta Osasunbidean dituen ordezkariak arduratuko dira bilketaz. Bestalde, taupada-markagailuak erosteko ekarpena honako kontu korronte honetan egingo da: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa – Euskadi-Cuba) edo Bizum (04713 kodea – Kontzeptua: “Taupada-markagailuak”).

Kubako osasun sistemak Kubako langile klaseari mesede egiteaz gain, munduko beste herrialde batzuetara zabaldu du bere elkartasuna. Orain, hura babesteko unea da. Euskal Herritik, LAB sindikatuak elkartasuna adierazi nahi dio Kubari, eta elkartasun kanpaina honetan parte hartzeko deia egiten du.

Zaintza-sistema publiko komunitario baten bidean, patologia dualean espezializatutako arreta defendatzea

Duela urtebete baino gehiagotik, Abegia patologia dualean espezializatutako egoitza soziosanitario bakarreko langileok kezkaz jarraitu dugu Gorka Urtaran Gizarte Politiketako diputatuak Euskal Autonomia Erkidegoko baliabide bakar hori desegiteko iragarritako erabakia. Arabako Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) Gizarte Politiketako Sailak erabaki du Abegiako espazioa gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei arreta emateko erabiltzea, orain arte patologia duala duten pertsonei arreta emateko proiektu espezializatua izandakoa.

Zalantzarik gabe, lurralde honek gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta emateko sarea sendotu behar du argi eta garbi; izan ere, premia hori benetakoa eta premiazkoa da. Hala ere, Aldundiko gizarte-politiken arduradunak zerbitzu hori lurraldeko gizarte-zerbitzuak indartzeko iragarri zuen, eta zerbitzu hori beste kolektibo kaltebera eta ahaztu baten kontura ezarri da: patologia duala duten pertsonen kontura.

Abegiako zerbitzuak, orain arte, arreta integrala eta espezializatua eskaini izan du, etengabeko itxaron-zerrendarekin, aprobetxamendu handiarekin eta buruko nahasmenduak eta adikzioak dituztenen errealitate konplexuan prestatutako eta konprometitutako taldearekin. Baliabide honek, artatutako pertsonen bizitzan izan duen eragin positiboaren lekuko zuzenak izan gara.

Salatu nahi dugu instituzioen erabakia egungo testuinguru soziosanitarioa aztertu gabe hartu dela. Ez da datu argirik aurkeztu lurraldean kaleko egoeran dagoen biztanleriaren magnitudeari buruz. Esan al dezake Gizarte Politiketako Sailak zenbat pertsonak irauten duten kalean, lonjetan edo baldintza duinik gabeko beste leku batzuetan? Agenda politikoa lehenetsi da asistentzia-errealitatearen gainetik, osasun mentaleko sarearen funtsezko zutabe bat ahulduz.

Bazterkeria-egoeran dauden pertsonentzako baliabideak sortzeko premia aitortzen dugu, baina behar-beharrezkoak diren plaza horiek gurea bezalako arreta espezializatua eta ordezkaezina, sakrifikatzearen kontura izatearen aurka gaude erabat. Ez dugu onartzen bi kolektibo ahulen beharrei aurre egitea, bientzako baliabideak bermatu beharrean.

Abegiako profesionalok, urteetan zehar proiektu hau lagundu eta defendatu dugunok, langile propiotzat hartzen ez gaituen administrazio baten erabakiak gure gain hartzera behartuta gaude. GOFEk urteak daramatza lurraldeko gizarte-zerbitzuen kudeaketa azpikontratatzen. Argi eta garbi esaten dugu: Abegiako langileok langile publikoak gara, eta, beraz, GOFEri zerbitzua publifikatzeko exijitzen diogu.

Era berean, ohartarazten dugu iragarritako eraldaketak ez duela plantilaren benetako hazkundea aurreikusten, ezta egiturazko egokitzapena ere. Plaza gehiagok ez dakarte arreta hobeagoa, giza baliabideak eta baliabide materialak indartzen ez badira.

Horregatik, erabaki honek suposatzen duen galera azpimarratu nahi dugu. Kontua ez da proiektu bat defendatzea soilik, baizik eta arreta duina, espezializatua eta jarraitua izateko eskubidea aldarrikatzea. 

Zerbitzua ixteak, erabiltzaileei baliabide egokia kentzeaz gain, haien familietan ere eragiten du, askotan agortuta eta laguntza nahikorik gabe, eta lurraldeari prebentziorako, tratamendurako eta gizarteratzeko tresna eraginkor bat kentzen dio.

Hilabeteak daramatzagu kalitatezko zaintzarako sistema publiko komunitario bat aldarrikatzen. Erabaki honekin Arabako Foru Aldundiak, norabide horretan aurrera egin beharrean, atzera egin du.

Uko egiten diogu neurri hau oharkabean pasatzeari. Jokoan dagoena ez da baliabide bat bakarrik, gizarte gisa gehien behar dutenak zaintzea eta duintzea erabakitzen dugun modua baizik. 

Palestinaren aldeko lanuzte orokorra: jarraipen handia eta mobilizazio masiboak

Eguerdiko manifestazioetan 110.000 pertsona baino gehiago; ibilbidea lau hiriburuetan manifestariek bete dute.

Deitzaile sindikatuek bildutako datuen arabera (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU), gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan deitutako lanuzte orokorrak jarraipen handia izan du. Izan ere, estatuaren eta Europako lurraldean (Italia ondoren) mobilizazio sindikalak Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko izan duen eragina handiena izan du. Era berean, Euskal Herrian egin den mobilizazio sozial handiena da, eguerdiko manifestazioetan 110.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.

Gaurko eguna arrakastatsua izan ondoren, deitzaile sindikatuek instituzio publikoak (gobernu autonomikoak, udalak, unibertsitateak), enpresa-elkarteak (Confebask eta CEN) eta enpresa guztiak Israelekin dituzten harreman instituzional eta komertzialak bertan behera uztera dei egiten diete: ezinezkoa da genozidio baten kontura negozioak egitea.

Lanuztearen datuak

Beasaingo, Irungo eta Lebarioko CAF, Beasaingo Indar, Arcelor Olabarria, Itsasondoko Jaso, Indaux, Nemak, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahor, Azpeitiko Biele, Leitzako Torraspapel, Aceros Moldeados, Guerra Hermanos, La Barranquesa, Acciona Irunberri, Kybse, Cementos Lemona, Gestamp Bizkaia, Cemosa, Forging, Consonni, Protec Arisawa, Tamoin, Delcoi, Purgasa, Fibertecnic, ABC, Artiach, Unilever, Auria Solutions, PEPSI Gasteiz, Astigarraga Kidline, ABB Niessen, Sapa, Mendiola, Sammic eta Elkar argitaletxeak, besteak beste, geldialdi osoa edo nagusia egin dute.

Kooperatibek ere geldialdia egin dute, hala nola Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba. Gasolindegi gehienek gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lan egin.

Era berean, lanuzteak eragin nabarmena izan du enpresa handietan, hala nola Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Cinfa, SNA Europe, KSB ITUR, Laminaciones Arregi, Sidenor Basauri, MESA Mungia, MASA, Radimer Forjas de Berriz, ECS Zaldibar, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Arcelor Mittal Tubular Legutio. Batzuetan (VWn gau-aldian 150 auto gutxiago ekoitzi dira) eta beste batzuetan, hala nola Arcelor Sestaon, ekoizpena eten egin da.

Zerbitzu publikoetan, azpikontratek barne, lanuzte eta mobilizazio nabarmenak izan dira Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan (Donostian hamabi linea urbano eten dira eta Euskotren gutxieneko zerbitzuetan ari da), justizia administrazioan, hiru Foru Aldundietan eta unibertsitateetan. Hogueita bat bat udalek itxi dute, besteak beste Usurbil, Hernani, Astigarraga, Beasain, Zizurkil, Ordizia eta Bergara, baita udal kiroldegi askok ere. 

Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena nagusia izan da, eta ia ikastetxe guztietako jangela ixteko iragarpena egin da. Lehenengo jarraipenaren arabera: hezkuntza publikoan Gipuzkoa eta Bizkaian %60 ingurukoa izan da, Araban portzentaje hori gainditu du, Nafarroan apalagoa izan da; Haurreskolak Partzuergoan %85, ikastoletan %80; EHUn jarraipena masiboa izan da eta jarduera akademikoa bertan behera utzi da.

Mobilizazioak

Oso mobilizazio ugari egin dira, lan-zentroen aurrean hainbat kontzentrazio eta piquete.

Eguerdian 110.000 pertsona baino gehiago parte hartu dute lau hiriburuetako manifestazioetan, ibilbidea bete dute: Bilbon 55.000 baino gehiago, Donostian 18.000, Gasteizen 22.000 baino gehiago eta Iruñean 15.000. Palestinaren alde egin den mobilizazio sozial handiena da Euskal Herrian eta handienetako bat.

Hiriburu bakoitzean kolonak antolatu dira, auzo eta poligono desberdinetatik abiatuta manifestazioaren hasierako puntuan elkartuko direnak. Manifestazio bakoitza amaitzean, sindikatu ordezkariek protesta eskakizunak adierazi dituzte, eta Palestinako komunitateko ordezkari bat ere izan da. Ekitaldia “La Internacional” abesten amaitu da, arabieraz.

Arratsaldean Gernika-Palestinak deitutako 120 mobilizazio baino gehiago egingo dira herri eta auzoetan. Iruñean, Tuteran eta Lizarran greba sindikaleko manifestazioak egingo dira.

Jardunaldiaren eskakizunak:

  • Langile-klase osoaren elkartasuna adierazi Palestinako herriarekin.
  • Israelek Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesean, egiten ari den genozidioa eta giza aurkako krimenak salatu.
  • Mendebaldeko Bankadako Palestinako lurraldearen kolonizazio etengabea eta horrek langile palestinarren lan eta bizitzeko baldintzetan dituen ondorio larriak salatu.
  • Gaza-ko genozidioaren amaiera berehalakoa exijitu eta Palestinako okupazioa eta kolonizazioa amaitzen duen eta herriari askatasunean bizitzeko eskubidea bermatzen duen ebazpen integrala eskatu.
  • Enpresari eta instituzioei, bertako nahiz nazioartekoei, Israelekin dituzten harreman komertzialak bertan behera uzteko eskatzea. Genozidio baten kontura negozioak egitea ez da onargarria.
  • EB-Israel Bazkidetza Hitzarmena osorik bertan behera uztea eskatu. 

Garbiñe Aranburu, LABeko koordinatzaile orokorra: “Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da; sionismoari, autoritarismoari eta faxismoari aurre egitea”

Bilboko manifestazioan parte hartu du Garbiñe Aranburuk eta honakoa adierazi du hedabideen aurrean egindako adierazpenetan: 

“Gaurkoa elkartasun internazionalista adierazteko ariketa erraldoia izaten ari da. Milaka langile kalean, lanuzte eta mobilizazio egun arrakastatsua. Euskal langileok berriro argi utzi dugu Palestinar Herriarekin gaudela. Palestinako egoerak mobilizatzen eta eremu guztietan presio egiten jarraitzea eskatzen du:

Batetik, su-etena gauzatzeko, eta, Israelek beste behin ere adosturikoa ez betetzeko tentaziorik izan ez dezan. Israelek eraso oro bertan behera uztea eskatzen dugu, horrek lagundu behar du muturreko egoeran bizi diren Gazako herritarren gosetea arintzen eta Gazako hondamendiari aurre egiten, azken batean, Gazako herritarren egunerokoa hobetzen.

Bestetik, Palestinako Herriak, Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora, aske izateko eskubidea du. Konponbide integrala aldarrikatzen dugu: presoen etxeratzea, hala nahi duten errefuxiatuen itzulera; Palestinako Herriaren okupazioaren eta kolonizazioaren amaiera eta autodeterminazio eskubidea egikaritzea eskatzen dugu. 

Era berean, Palestinako langileen lan eta bizi baldintzei ere erreparatu nahi diegu, Gazan txikizioa da nagusi eta gutxieneko bizi-baldintza duinak ez dira ziurtatzen. Horrekin batera, ez dezagun ahaztu Cisjordaniak bizi duen kolonizazioak ondorio oso kaltegarriak dituela hango langile klasearentzat, eta palestinar langileak lan eta bizi prekario batera kondenatzen dituela.

Honengatik guztiagatik, genozidioaren erantzuleak epaitzea eskatzen dugu eta Israel isolatu egin behar dela diogu:

Ezin dugu ahaztu Palestinar herriaren aurkako genozidioa izan dela, Israelgo Estatu genozidak gizateriaren kontrako krimenak burutu ditu, eta erantzuleak ezin dira zigorgabe geratu.

Israeli eremu guztietan boikota egin behar zaio. Israelekin harreman sindikal, instituzional eta komertzial oro eten behar da. Genozidio eta kolonizazioaren kontura ezin da negoziorik egin eta gaurkoan patronalak duen arduran jarri nahi dugu arreta bereziki. CONFEBASK eta CENi eskatzen diegu posizio argi bat har dezatela eta enpresak interpelatu ditzatela, enpresei eskatu behar diete Israelekin dituzten konpromisoak errebisatzeko, Israelekin negoziorik ez egiteko.

Gaurko arrakasta baliagarri izan da etorkizunean ere Palestinar Herriaren aldeko elkartasuna eta konponbideak eskatzen jarraitzeko indar berriak biltzeko, jarraituko dugu presio egiten. 

Palestinaren alde egotea Trump, Netanyahu eta enparauen aurka egotea da, sionismoari, autoritarismoari, faxismoari aurre egitea. Faxismoa pairatu duen herria da gurea. Hainbatetan aldarrikatu izan dugu, ez dira pasako! Eta gaur Palestinari buruz gauza bera esaten dugu, Palestinatik ez dira pasako. Gora Palestina askatuta!”. 

Lehen datuek adierazten dute Palestinaren aldeko greba orokorrak jarraipen zabala izan duela

Deitzaile diren sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU) bildutako lehen datuek baieztatzen dute gaur Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan deitutako greba orokorrak jarraipen handia izaten ari dela.

Enpresa askok geldialdi osoa edo ia osoa egin dute, hala nola Beasaingo, Irungo eta Lebarioko CAFek, Beasaingo Indarrek, Olabarriko Arcelorrek, Itsasondoko Jasok, Indauxek, Nemakek, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahorrek, Azpeitiko Bielek, Leitzako Torraspapelek, Aceros Moldeadosek, Guerra Hermanosek, La Barranquesak, Irunberriko Accionak, Kybserek, Cementos Lemonak, Gestamp Bizkaiak, Cemosak, Forgingek, Consonnik, Con Protec Arisawak, Unileverrek, Auria Solutions-ek, PEPSI Gasteizek, Laminaciones Arreguik, Astigarraga Kidlinek, Sapak, Mendiolak, Sammicek eta Elkar argitaletxeak.

Era berean, kooperatibek ere bat egin dute: Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba, besteak beste. Gasolindegi gehienek gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lan egin.

Halaber, grebak eragin nabarmena izan du enpresa handietan ere, hala nola Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Cinfa, KSB ITUR, Sidenor Basauri, MESA Mungia, MASA, Radimer Forjas de Berriz, ECS Zaldibar, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Acciona Irunberri eta Arcelor Mittal Tubular Legutio. Horietako batzuetan —eta baita Arcelor Sestaon bezalako beste zenbaitetan ere— ekoizpena eten egin da.

Sektore publikoan ere, azpikontratek barne, grebak eta mobilizazioek eragin handia izan dute Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan (Donostian hamabi linea urbano eten dira eta Euskotren gutxieneko zerbitzuetan ari da), justizia administrazioan, hiru Foru Aldundietan eta unibertsitateetan. Hogueita bat bat udalek itxi dute, besteak beste Usurbil, Hernani, Astigarraga, Beasain, Zizurkil, Ordizia eta Bergarakoek, baita udal kiroldegi askok ere.

Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena oso zabala izan da, eta ia eskola-jantoki guztiak ixteko iragarpena egin da. Lehenengo balorazio baten arabera, hezkuntza publikoari dagokionez, Gipuzkoan eta Bizkaian jarraipena %60 ingurukoa izan da; Araban portzentaje hori gainditu du, eta Nafarroan apalagoa izan da. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoan jarraipena %85 eta ikastoletan jarraipena %80koa izan dela kalkulatu da. 

CCOOk Bizkaiko eraikuntzan hitzarmen eskasa sinatu du, gardentasunik gabe negoziatu ondoren

CCOO sindikatuak Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko aurreakordioa sinatu du. LABek erabateko desadostasuna adierazi nahi du hitzarmenaren edukiarekin. Izan ere, edukiak ez dira inondik ere nahikoak sektorearen benetako beharrei erantzuteko: soldata-igoera eskasak sektorearen egoera kontuan hartuta, lan-eskubideetan eta laneko segurtasunean eta osasunean aurrerapenik ez eta hitzarmena betetzea bermatuko duen inolako neurririk ez (sektoreko arazo nagusietako bat).

Horrez gain, CCOOk gainerako sindikatuen bizkar negoziatu duela ere salatu nahi du LABek, patronalarekin partekatutako mahai batean, gardentasunik eta parte hartzerik gabe.

Hitzarmen hau borrokarik eta mobilizaziorik gabe eta langileei entzun gabe itxi da. LABek, ordea, uste du eskubideak ez direla bulegoetan lortzen, kalean baizik. Izan ere, negoziazio kolektiboak lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna izan behar du, eta ez patronalaren neurrira egindako gutxieneko akordioak zilegiztatzeko bidea. Horregatik, LABek eredu sindikal borrokalari baten aldeko apustua egiten du, behetik gorakoa eta langileekin batera landuko dena, eta honako ezaugarri hauek izango dituena:

  • Langileen benetako parte hartzea erabakietan
  • Presioa eta mobilizazioa funtsezko hobekuntzak lortzeko
  • Negoziazio eredu gardena

Horregatik, atzerapausorik edo apurrik ez du onartuko LABek, eta dei egiten die Bizkaiko eraikuntzako langileei antolatzen eta borrokan jarraitzeko.

Digi-ko langileak lan-baldintza prekarioak salatu eta estatu mailako Hitzarmenaren inposizioari aurre egiteko berriro ere grabara

Gaur, 2025eko urriaren 14an, Arabako eta Bizkaiko Digi enpresetako langileek beste hiru greba eta mobilizazio egun hasi dituzte euren lan-baldintzen prekarizazioa salatzeko; Madrilen UGT eta CCOOk negoziatutako Estatu mailako Hitzarmena ezarriz gero okerrera egingo luketenak. Urriaren 14, 15 eta 16rako deitu dira datozen greba egunak, eta Euskal Herriko beste hainbat ordezkaritza (Gipuzkoa eta Nafarroa) batu direlarik, baita Kantabriako, Galiziako eta Asturiaskoak ere.

Aurten, martxoan, enpresak eta Espainiako estatu mailako sindikatu nagusiek (CCOO eta UGT) negoziazio-mahai bat ireki zuten Euskal Herriko lantokietako ordezkaritza legalekin (RLT) kontatu gabe. Hitzarmen Estatal bat adostuz langileen bizkarretara, eta, oro har, Digi-ko langileen egungo baldintzak nabarmen okertzen dituzten lan-baldintzak arautuz. Digi Spain Telecomek egun herrialdeetan lan harremanak erregulatzeko adostutako hitzarmenen gainetik pasatuz.

Eraso horren aurrean, eta Madrildik inposatu nahi dizkiguten lan-baldintzen prekarizazioa geldiarazteko, langileek mobilizatzen jarraitzen dute delegazio bakoiktzean eta lurralde bakoitzaren errealitatea kontuan hartuko dituzten lan-baldintza duinak negoziatu ahal izateko.

LABetik, enpresaren zein CCOO eta UGT sindikatuen jarrera salatu nahi dugu, Euskal Herrian lan-harremanak zeintzuk izan behar diren erabakitzeko dugun eskubidea ukatu nahi dutelako.

Enpresari bere jarrera inposatzailea alde batera utzi eta Euskal Herriko DIGIko langileei entzuteko negoziazio-mahai batean esertzeko exijitzen diogu.

DIGIko lan-baldintzen prekarizazioari EZ!

Borroka da bide bakarra. Hemen lan egin, hemen erabaki

Gasteizko FIBERTECNIC enpresan greba deituko dugu

Batzordeak urriaren 16, 21 eta 23an deitu ditu grebak, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta baitago.

Gasteizko Fibertecnic enpresa Aernnova taldeko enpresa bat da, kimika sektorean kotatua. Bertan lan egiten duten 160 pertsona inguruk hegazkingintza multinazionalaren baitan konponentean egiten dituzte.

Negoziazioa maiatzan hasi zen, eta 9 bilera burutu ostean, ez dago inolako aurrera pausurik. Enpresa tematuta dago eros ahalmena ez bermatzen, eta gainera eskala bikoitza sartu du kontratazio berriak kategoria prekarioenetan betikotzeko. Horrenbestez, pasa den urriaren 10ean egin zen langile asanbladan, gehiegoa greba deitzearen alde agertu zen. Asanbladak esandakoari jarraiki, Enpresa Batzordeak 3 egunetako greba deitu du datorren urriaren 16, 21 eta 23rako. Dei egiten diogu enpresari langileon eskaerei entzun eta beharginek merezi duten hitzarmena negoziatu dezaten, langileon eros ahalmena bermatuz, kontziliazio neurriak hobetuz, inongo atzera pausorik eta eskala bikoitzik gabe

Gutxieneko pentsioak, zaintza estrategia eta Palestinarekin elkartasuna izan ditu hizpide aurtengo LAB Helduak eta pentsiodunen asanbladak

Ikasturte hasierako asanblada nazionala egin du LAB sindikatuko Helduak eta Pentsiodunen arloak, eta ehun militante baino gehiago bildu dira. Hego Euskal Herriko hamaika herritatik etorritako militanteak bildu dira Errotxapeako Civibox-en, testuinguruaz eta datozen hilabeteetako erronkez aritzeko.

Horrela, Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hartu du lehen hitza, LABen sindikalgintza eraldatzailearen balioa azpimarratuz. “LAB lantokietan eta lantokietatik kanpo antolatzen da, lan baldintzak eta bizi baldintzak borrokatzen ditu, bizitza laborala amaitu bezala edota Palestinako genozidioari salatzeko lanuzte orokorrak antolatuz. Hori da gure sindikalismo soziopolitikoa”.

Arroyok arloko militantzia goraipatu du eta, sindikatuko erronka nagusien berri ematearekin batera, bihar gauzatuko den lanuzte orokorraren balioa azpimarratu du. “Erantzun ahalik eta bateratuena emateko ahalegina egin dugu etengabe, Euskal Herritik merezi duen erantzuna artikulatzeko lan egin dugu eta 2008tik hona egin ez dena lortu dugu, lanuzte politikoa arrakastaz egiteko baldintzak eraiki ditugu lantokietan. Biharkoa, Italiarekin batera, azken bi urteetan Palestinarekiko elkartasunez eta Israelekin harremanak eten daitezen eskatzeko egingo den ekimenik indartsuenetakoa izango da”.

Asanbladari jarraipena eman diote, ondoren, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak eta Ane Escondrillas Soziokomunitarioko arduradunak. Lehenak gutxieneko pentsioa osagarritzeko EAJk eta PSEk Herri Ekimen Legegileari emandako erantzun antidemokratikoa salatu du eta indarrak biderkatzeko deia luzatu die bertaratutakoei. “Pentsio sistema publiko eta propioaren bidean, gutxieneko pentsioa nola osagarritu behar dugun eztabaidatzeari uko egin nahio diote, eta, erabaki horren aurrean, ekimen berrien bidez erantzun behar dugu” adierazi du Perezek. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduan ekarpena egiten jarraitzeko deia luzatu du.

Ane Escondrillasek sindikatuaren zaintza estrategiaren ardatzak azaldu ditu, eta “publikoak gara” dinamikaren berri ematen du asanbladaren bigarren zatian. Zaintzak pribatizatzeko erabaki politikoei aurre egin eta sektoreko langileen erronkez zein jendartearen arteko aliantzez aritu da soziokomunitarioko arduraduna. Lantaldeetan egindako ariketan, LAB helduak eta pentsiodunek borroka honetan egin dezaketen ekarpena zehazten aritu dira.

Asanbada amaituta, ohikoa den bazkariari hasiera eman diote, aspaldi ikusi gabeko lagunak eta etortzerik izan ez dutenak gogoan.