2026-09-28
HomeEkintza SindikalaCCOOk Bizkaiko eraikuntzan hitzarmen eskasa sinatu du, gardentasunik gabe negoziatu ondoren

CCOOk Bizkaiko eraikuntzan hitzarmen eskasa sinatu du, gardentasunik gabe negoziatu ondoren

CCOO sindikatuak Bizkaiko eraikuntzaren sektoreko aurreakordioa sinatu du. LABek erabateko desadostasuna adierazi nahi du hitzarmenaren edukiarekin. Izan ere, edukiak ez dira inondik ere nahikoak sektorearen benetako beharrei erantzuteko: soldata-igoera eskasak sektorearen egoera kontuan hartuta, lan-eskubideetan eta laneko segurtasunean eta osasunean aurrerapenik ez eta hitzarmena betetzea bermatuko duen inolako neurririk ez (sektoreko arazo nagusietako bat).

Horrez gain, CCOOk gainerako sindikatuen bizkar negoziatu duela ere salatu nahi du LABek, patronalarekin partekatutako mahai batean, gardentasunik eta parte hartzerik gabe.

Hitzarmen hau borrokarik eta mobilizaziorik gabe eta langileei entzun gabe itxi da. LABek, ordea, uste du eskubideak ez direla bulegoetan lortzen, kalean baizik. Izan ere, negoziazio kolektiboak lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresna izan behar du, eta ez patronalaren neurrira egindako gutxieneko akordioak zilegiztatzeko bidea. Horregatik, LABek eredu sindikal borrokalari baten aldeko apustua egiten du, behetik gorakoa eta langileekin batera landuko dena, eta honako ezaugarri hauek izango dituena:

  • Langileen benetako parte hartzea erabakietan
  • Presioa eta mobilizazioa funtsezko hobekuntzak lortzeko
  • Negoziazio eredu gardena

Horregatik, atzerapausorik edo apurrik ez du onartuko LABek, eta dei egiten die Bizkaiko eraikuntzako langileei antolatzen eta borrokan jarraitzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

Sindikatuak ez du babestu salgaien garraioaren antolakuntzan jarduten duten enpresen sektoreko hitzarmena; izan ere, ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez die sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.