2026-09-28
HomeEkintza PolitikoaLehen datuek adierazten dute Palestinaren aldeko greba orokorrak jarraipen zabala izan duela

Lehen datuek adierazten dute Palestinaren aldeko greba orokorrak jarraipen zabala izan duela

Deitzaile diren sindikatuek (LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU) bildutako lehen datuek baieztatzen dute gaur Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan deitutako greba orokorrak jarraipen handia izaten ari dela.

Enpresa askok geldialdi osoa edo ia osoa egin dute, hala nola Beasaingo, Irungo eta Lebarioko CAFek, Beasaingo Indarrek, Olabarriko Arcelorrek, Itsasondoko Jasok, Indauxek, Nemakek, Oñatiko Hijos Juan de Garay eta Natra Zahorrek, Azpeitiko Bielek, Leitzako Torraspapelek, Aceros Moldeadosek, Guerra Hermanosek, La Barranquesak, Irunberriko Accionak, Kybserek, Cementos Lemonak, Gestamp Bizkaiak, Cemosak, Forgingek, Consonnik, Con Protec Arisawak, Unileverrek, Auria Solutions-ek, PEPSI Gasteizek, Laminaciones Arreguik, Astigarraga Kidlinek, Sapak, Mendiolak, Sammicek eta Elkar argitaletxeak.

Era berean, kooperatibek ere bat egin dute: Oñatiko Ulma, Fagor Automation eta Fagor Ederlan, Arrasateko Copreci, Eskoriatzako eta Aretxabaletako HUHEZI, eta Lakuntzako Sakana Kooperatiba, besteak beste. Gasolindegi gehienek gutxieneko zerbitzuetan baino ez dute lan egin.

Halaber, grebak eragin nabarmena izan du enpresa handietan ere, hala nola Mercedes, Volkswagen Nafarroa, Cinfa, KSB ITUR, Sidenor Basauri, MESA Mungia, MASA, Radimer Forjas de Berriz, ECS Zaldibar, Mondy, Arteche, Aludium, ZIV, Acciona Irunberri eta Arcelor Mittal Tubular Legutio. Horietako batzuetan —eta baita Arcelor Sestaon bezalako beste zenbaitetan ere— ekoizpena eten egin da.

Sektore publikoan ere, azpikontratek barne, grebak eta mobilizazioek eragin handia izan dute Eusko Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Osakidetzan, Osasunbidean, EiTBn, Guggenheim Museoan, Portu Agintaritzan, suhiltzaileen parkeetan, garraio publikoan (Donostian hamabi linea urbano eten dira eta Euskotren gutxieneko zerbitzuetan ari da), justizia administrazioan, hiru Foru Aldundietan eta unibertsitateetan. Hogueita bat bat udalek itxi dute, besteak beste Usurbil, Hernani, Astigarraga, Beasain, Zizurkil, Ordizia eta Bergarakoek, baita udal kiroldegi askok ere.

Hezkuntza publikoan eta ikastoletan jarraipena oso zabala izan da, eta ia eskola-jantoki guztiak ixteko iragarpena egin da. Lehenengo balorazio baten arabera, hezkuntza publikoari dagokionez, Gipuzkoan eta Bizkaian jarraipena %60 ingurukoa izan da; Araban portzentaje hori gainditu du, eta Nafarroan apalagoa izan da. Bestalde, Haurreskolak Partzuergoan jarraipena %85 eta ikastoletan jarraipena %80koa izan dela kalkulatu da. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.