2026-01-30
Blog Page 457

Zaintza, oroimena eta borroka izango ditugu ardatz martxoaren 3an

Martxoaren 3an, 45 urte beteko dira Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil zituztenetik. 45 urte geroago, oroimenak bizirik dirau Gasteizen, belaunaldiz belaunaldi pasatuz gizarte-justiziaren, antifaxismoaren eta klase-borrokaren balioak, frankistek irudi kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak.

45 urte geroago, harrotasunez, ozen eta argi esan dezakegu borroka eta elkartasunaren idealak ezabatu ez izateaz gain, Gasteizen ez dela inoiz Martxoaren 3 bat egongo, non gertatutakoa gogoratuko ez dugunik eta une bakoitzeko borrokak erdigunean jarriko ditugunik. Zalantzarik gabe egin dezakegun omenaldirik onena da.

Testuinguru honetan, aurten LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok deitutako mobilizazioek honako leloa izango dute: “Zaintza, oroimena eta borroka. Zaindu egin gintuztelako, zainduko ditugu “.

Martxoaren 3ko biktimen elkartearen omenaldia 18:00etan egingo da, martxoaren 3ko Plazan, eta manifestazioa 18:30ean aterako da handik, Foru Plazan amaituz, euskal gehiengo sindikalak babestuta. 11:00etan, berriz, LAB sindikatuak ekitaldi propioa egingo du Martxoak 3 plazan.

Euskal gehiengo sindikalak aukeratutako leloak gogora ekarri nahi ditu zaintza-lanak, funtsezkoak baitira bizitzari eusteko, COVID-19aren pandemiak erakutsi duen bezala, kapitalismo heteropatriarkalak prekarietatera eta esparru pribatura baztertu dituen bitartean.

Erdigunean jarri nahi dugu zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia, bai osasunekoak, zaintzakoak, bai hezkuntzakoak, eta horien guztien lan-baldintzen hobetzea aldarrikatu nahi dugu. Hobekuntza horiek aldarrikatzen dituzte ere zerbitzuetako langileek, batez ere emakumeak eta, askotan, emakume migratuak. Pandemiaren hasieratik ari dira borrokan, agerian gelditu baita azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen abandonua eta erantzukizun-falta.

Horregatik, aurten, uzten gaituzten 1976ko martxoaren 3ko protagonista guztiak gogoratzeaz gain, zaintza-sistema publiko baten aldeko borroka aldarrikatu nahi dugu.

Ez dugu amaitu nahi San Frantzisko Eliza Memorial bihurtzeko prozesuari buruzko gure ezinegona helarazi gabe. Aldebakarreko prozesua da, non ez duen euskal gehiengo sindikalak parte hartu. Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak beraiek baitira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak.

Gasteizko kaleak berriro beteko ditugu martxoaren 3an, guk ez baitugu ahazten.

Garbiñe Aranburuk adierazi du Tubacex-eko langileen borroka duintasunaren adibide dela

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak aktualitateko gaiei buruz hitz egin du Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan. Tubacexeko gatazkari buruz galdetuta, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ez dugula utziko foku mediatikoa milioi askoko irabaziak dituen enpresa batean aurreikusitako enplegu-suntsiketa ez den beste leku batean jartzen; izan ere, egoera koiuntural baten aurrean kaleratzeak egitea erabaki du enpresak, eta hori guztia, gainera, azken hamar urteetan lau istripu hilgarri gertatu diren enpresa batean gertatuko da. Horregatik, uste du ez dela onargarria langileen indarkeriaz hitz egitea.

Idazkari nagusiak azaldu duenez, gainera, Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko langileak alde batera utzi ditu, eta Ertzaintza grebalariak erreprimitzera bidali du, euren lanpostuak defendatzeko beren gorputzak besterik ez dituztenean. Zentzu horretan, Tubacexeko borroka duintasunaren adibide bat dela azpimarratu du, duela aste batzuk PCBko langileek egindako borroka bezalaxe.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, Euskal Herrian gertatzen ari den enplegu-suntsiketari erantzun behar zaio, mobilizazio-dinamika bateratuak aktibatzen eta enplegua defendatzeko harresi bat eraikitzen. Araban egindako mobilizazioak edo Aiaraldean martxoaren 5erako aurreikusitakoak horren adibide dira. Hori bai, idazkari nagusiak onartu du zailtasunak daudela gehiengo zabalagoak egituratzeko ELAren jarreragatik, ez baitu patronalarekin aurrez aurre konfrontatu nahi, eta horrek langileria ahultzen du erabat.

Martxoaren 5ean, lanuztea eta mobilizazioa egingo ditugu Aiaraldean, enplegu eta bizitza duinaren alde

Aiaraldea egoera kezkagarrian dago. Enplegu suntsiketa, lan-baldintzak okertzea, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera izugarriak dira. Arreta berezia merezi du Tubacex-en gertatzen ari denak, EEE batekin eta zuzendaritzak egindako 150 kaleratzeren mehatxuarekin, eta baita Valvospain- eko itxiera eta 79 kaleratzeek ere, hauek ehundaka familia eta gure eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin.

Baina zoritxarrez, izozmendiaren muturra baino ez da hau. Bi kasu larri hauei gehitu behar zaizkie enplegua suntsitu duten hamarnaka enpresa, kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, modu bidegabean ABEEEtan egon diren langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialetakoena, hezkuntzakoena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten egoera larria. Honi gehitu behar zaio zenbait kolektibok bizi duten egoera jasanezina: gazteak, emakumean migranteak… Gure eskualdea, bertako biztanle eta langileak egoera kritikoan gaude eta ez dugu onartuko gu izatea ordainduko dugunak.

Guzti horrengatik, LAB, ELA, ESK eta STEILASek, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, datorren martxoaren 5ean Aiaraldean enplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatzera dei egiten dugu. Eskualde mailako 2 ordutako lanuztea egingo dugu 11:00etatik 13:00etara, eta 11:30ean manifestazio bana egingo dugu Amurrio eta Laudioko plazetatik, “Aiaraldean enplegu eta bizitza duina” lemarekin.

Bizi dugun egoerak, enplegu suntsiketarekin, berau galtzeko arriskuarekin, enplegu prekarioarekin…, erantzun global, bateratu eta anitza eskatzen du gure eskualdean. Inoiz baino beharrezkoagoa da enpleguaren alde mobilizatzea, eskubide laboral eta sozialen alde, kalitatezko zerbitzu publikoen alde… azken finean, enplegu eta bizitza duinaren alde, eta gure eskualdearen eta bertoko langileen etorkizunaren alde.

Horregatik dei egiten diegu egoera honek eragiten die langile, enpresa, sektore eta kolektibo guztiei bat egin dezaten deialdi honekin, eta honela, gure eskualdeko enplegua eta etorkizunaren aldeko mobilizazio masiboa bihurtu dadin.

“Hitz onek ez dute jadanik balio; egoera jasanezina da, eta txertaketaren hasiera berehalakoa izan behar da”

LAB, ELA, CCOO, ESK, UGT, USO eta CNT sindikatuok mobilizazioa egin dugu Gasteizen, azpikontratetako osasun garraioko langileei txertoa eman behar zaiela exijitzeko. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin dugu protesta, Lakuan.

Hauxe da sindikatuon ohar bateratua, Gasteizen egindako mobilizazioaren harira:

Joan den ostiralean, EAEko Osasun sailburuak aste honetan txertoa jasoko genuela iragarri zuen Legebiltzarrean. Bada, hemen gaude ez zaigula txertoa jartzen ari salatzen jarraitzeko, eta ez digutela ezta deitu egun jakin bat ezartzeko. Ez zaigu deitzen txertoa jartzeko, eta ez zaigu deitzen elkartzeko. Publikoki eskatu dugu bilera bat egitea, hasiera-data eta txertoa jartzeko ezarritako plan espezifikoa zehazteko.

Hori dela eta, Administrazioaren aldetik bilerarik, konpromisorik eta hitzik ez dagoenez sailburuaren ahotan, atzo bertan greba-deialdi bat erregistratu genuen martxoaren 5erako (ostirala), guk hitza badugu, eta esan genuen txertoa jartzen hasten ez bazitzaigun grebara joango ginela.

Hitz onek ez dute jadanik balio; egoera jasanezina da, eta txertaketaren hasierak berehalakoa izan behar du. Jada ez dugu eskatzen; orain, premiazko bilera bat egitea eta txertaketa-plan espezifiko batekin benetako konpromisoa hartzea exijitzen dugu, eta hori berehala hastea.

Hala ez bada, martxoaren 5ean, ostirala, anbulantziak greban egongo dira. Greba hori lehen lerroan gauden sektore bati txertoa jarri ez zaiolako egingo da. Izan ere, Osakidetzaren beraren langileei jarri zaie txertoa, sektorearen% 1ari, baina azpikontratatuta gauden anbulantzietako langileen% 99ri ez zaie txertoa jarri, eta irizpide ulertezina eta arduragabea da, bai osasunaren ikuspegitik, bai lanaren ikuspegitik.

Manifestazioa egiten dugu gaur ere hemen, Eusko Jaurlaritzak baztertzen gaituela salatzeko. Ez dugu txertorik eta ez dugu txertaketa-egutegirik. 1.500 profesional baino gehiago gara Euskal Autonomia Erkidegoan, funtsezko zerbitzua ematen dugu euskal osasun publikoan, eta ez dugu onartuko kontratuaren arabera txertatzeak dakarren diskriminazioa, eta ez egiten dugun funtzioaren eta zerbitzuaren arabera. Lehen lerroan gaude COVID-aren aurrean, eta erabat abandonatuta sentitzen gara.

Kale garbitzaileek segurtasunez eta bizikidetzaz lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatu dugu Lezon

Joan den igandean, otsailaren 21ean, Lezoko kale garbitzaile bat erasotu zuten lanean ari zela. Goizean goiz izan zen gertakaria, 09:00etan. Langileari egindako zaurien eraginez, medikuek artatu behar izan zuten. LAB sindikatutik langileak jasandako jazarpena deitoratzen dugu eta langileok nozitzen ditugun erasoek amaitu behar dutela sutsuki adierazi nahi dugu. Udal zerbitzu, enpresa zein gizartea interpelatu nahi ditugu igandeko gertakaria ekidin zitekeelako. Hala, gertakaria salatzeko, sekula pasa behar ez zuen jazarpen hau azkena izan dadin eta erantzukizuna duten agenteei hartu beharreko neurriak hartu ditzaten exijitzeko, mobilizazioa egin dugu Lezoko Herriko plazan.

Tubacex-eko lanpostuak ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere dago jokoan

Tubacex-eko langileen borrokak aurrera darrai, euren lanpostuen defentsan. Enpresak Laudion eta Amurrion aurreikusitako 150 kaleratzeen aurka ari dira greba egiten, eta Ertzaintza gogor oldartu zaie goizean, eserialdia egiten ari zirenean Laudioko lantegiaren sarrera oztopatzeko. Gutxienez, bi langile atxilotu ditu eta beste zenbait identifikatu. Zaurituak ere egon dira.

LABek Tubacex-eko langileen borroka babesten du. 150 kaleratzeak Tubacex-eko arazo izatetik harago, Aiaraldeko, Araba eta gainontzeko herrialdeetako arazo ere bada. Izan ere, enpleguaren suntsiketa gogor ari baita astintzen Euskal Herria.

LABek Tubacexeko langileek enpleguaren defentsan ekin dioten borroka bultzatuko du. Era berean, erantzun eta borroka hori eskualdeko sektore guztietatik etor dadin lan egiten ari gara, Tubacexeko lanpostuak ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan dagoelako.

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Unibasq-en aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminazioa salatzeko

LAB sindikatuaren EHUko atal sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin da Gasteizen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia den Unibasq-en egoitzaren aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileek ikerketa-seiurtekoak jasotzeko eskubiderik ez dutela salatzeko.

Protesta honen bidez, aldi baterako irakasle-ikertzaileek pairatzen duten diskriminazioa salatu dugu; honako honetan ikerketa-seiurtekoak eskatzeko aukera ukatzen dietelako, hain zuzen ere. Kontratu iraunkorra duten irakasle-ikertzaileek sei urtetan metatutako ikerketa-merituak ebaluaziora aurkezteko aukera daukate, promozio akademikorako zein oinarrizko soldata osatzeko garrantzitsua dena. Hala ere, iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatzen diete aukera hori meritu nahikoak izan arren; iraunkorrek aurkezten dituzten meritu berdinak frogatu arren…

Diskriminazio hau ez da berria, baina aurten aukera berri bat ireki da tokiko ebaluazio agentziek irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ikerketa merituen ebaluazioa bideratu ahal izateko. EAEko Gobernuaren menpekoa den Unibasq-ek, ordea, ate hori itxi egin du, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektibo honen diskriminazioa mantenduz. Era berean, EHUko gobernu taldeak, Unibasq-en Gobernu kontseiluan presentzia izanda, ez du inolako ekimenik izan beren langileen alde. Epaitegi batek behartu arte itxarotea erabaki dute. Merkeago ateratzen da unibertsitatean ikertzen duen kolektibo zabal hau diskriminatzen jarraitzea… Gero erantzukizun sozialaz eta bikaintasunaz hitz egingo digute.

Elkarretaratzea bukatzean, agiri bat entregatu dugu Unibasq-en, seiurtekoen deialdian aldi baterako irakasle- ikertzaileek parte hartu ahal izateko eskatuz, baita kolektibo honen kideek beren ikerketa-merituak ebaluatuak izateko aurkeztu dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatuz ere.

Partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok eginiko adierazpena

Aste honetan LABekin partekatutako beste elkarlan eremu bat hautsi du ELAk: lan erreformaren derogazioa eskatzeko dinamikatik LAB baztertuz, Euskal Herria, Katalunia eta Galizako lau sindikatu soberanistok pasa den ikasturtean eginiko adierazpenaren garapena zapuztu du. Ez da erabaki isolatua izan; aitzitik, azken hilabeteotan LAB-ELA elkarlanaren kontrako hainbat erabaki hartu ditu ELAk.

Bere eredua eta erabakiak inposatu eta hori egin ezin duenean aldebakarreko erabakiak hartzea edo kasu honetan moduan LAB ekimen batetik kanpo uztea, ohikoa bilakatzen ari da ELAren egiteko moduetan. Elkarlana sendotu eta indar metaketaren aldeko apustua egiteko unean horrelako jokabideek, euskal herriko langileen interesak kaltetzen dituzte.

LABen ustez, bi dira ELAren jarreraren atzean dauden aldagai nagusienak. Lehenengoa: eremu publikoan eta azpikontratatuan bai, baina eremu pribatuan Patronalarekin konfrontatzeari uko egin dio ELAk.

Urtarrilaren 30eko Greba Orokorraren harira, 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea, emakumeen aurkako soldata arrakalaren ezabaketa eta subrogazioaren bermea jasoko lituzkeen Akordio Intersektoriala egitea exijitu genion Confebask eta CEN patronalari. Batak eta besteak ezezkoarekin erantzun ziguten eta, ezezko horren aurrean mobilizazio berriak antolatu ordez, Adegirekin eta Confebaskekin elkarlan giroa sustatu du ELAk, ERTEen osagarrien inguruko akordio ez nahikoa egiten saiatuz eta Gipuzkoako Metalean borrokarik gabeko hitzarmen bat adostuz. Confebasken eta ELAren arteko harreman on hauek baieztatu izan dituzte erakunde bietako bozeramaileek.

LABen ustez, premiazkoa da prekarietatearen kontrako eta enplegu duinaren aldeko borroka indartzea. Horretarako proposamenak egin izan dizkiogu ELAri ikasturte hasieratik, arrakastarik gabe. Urtarrilean, egoera okertzen ari zela ikusita, enplegua defendatzeko harresi bat osatzea proposatu genion hala ELAri nola gainontzeko sindikatuei. Baina ELAk uko egin dio behin eta berriz enplegu duinaren aldeko borroka elkarrekin egiteari.

Bi sindikatuon arteko elkarlana baztertzeko ELAren bigarren arrazoia, honako hau da: ELAk uko egin dio Euskal Herriaren autodeterminazio prozesua gauzatzeko beharrezkoa den Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa sustatzeari. 2017ko irailean, aldaketa soziala ahalbidetuko duen alde bakarreko burujabetza prozesuaren alde egin genuen bi sindikatuok, baina adierazpena plazaratu eta gutxira utzi zuen bertan behera ELAk, koiuntura politikoa desegokia zela argudiatuta.

Ordutik koiuntura politikoa aldatu den arren, ez da sumatzen ELAren aldetik adierazpen hartan hartutako konpromisoei heltzeko inolako interesik. Zoritxarrez, horrela izan da azken hamarkada honetan: koiuntura politikoak aldatu dira, aldatu direnez, baina ELArentzat ez da inoiz heldu une egokia aldaketa soziala ahalbidetuko duen autodeterminazio prozesuari begirako konpromisoak hartzeko.

Areago eta gehiago, euskal harremanetarako eta babes sozialerako esparruaren aldarrikapenak gero eta leku gutxiago dauka ELAren diskurtsoan. ELAk gero eta gehiago begiratzen du Madrilera, langileen interesak bertatik defendatuko dituelakoan eta arretan behar ez den lekuan jartzea da. Eta nabarmen geratu da ELAk ez duela inolako asmorik egungo marko juridiko-politikoaren mugak gaindituko duen ekimenik sustatzeko, ez lantokietan ezta orokorrean ere.

LABen iritziz, aipatutako bi aldagaiak daude ELAk elkarlana indargabetzeko hartu dituen erabakien atzean. Eta beharrezkoa iruditzen zaigu euskal langileria eta Euskal Herria egoera honen jakitun izatea. Halere, sendotasun berberarekin zera diogu:

LABek ez du amore emango eta elkarlana garatzeko ahaleginean jarraituko du, posible den eremuetan, bai ELArekin baita bestelako euskal eragile sozial, sindikal eta politikoekin, bizitzen ari garen sindemiari aurre egin eta premiazkoa den trantsizio ekosozialista eta feminista sustatzeko. Euskal langileriak nahiz Euskal Herriak horrela eskatzen dute.

Gure komunitateari dei egiten diogu Emakumeen Mundu Martxak antolatutako zapien jasoketan parte hartzera

Euskal Herriko 27 eskualdek baino gehiagok erantzun diote Emakumeen Mundu Martxaren V. Ekintzan parte hartzeko deiari. Hain zuzen ere, otsailaren 20tik 27ra bitartean, eskualde bakoitzeko herri batetik igaroko gara talde feministek diseinatutako zapiak jasotzeko, mugen, arrazakeriaren eta transnazionalen botere korporatiboaren aurkako konpromiso kolektiboak adierazteko.

Aipatu bezala, larunbatean hasi zen Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa plataforma herrietan mugen, arrazakeriaren eta botere korporatiboaren kontrako konpromiso kolektiboa adierazteko prestatu dituzten zapiak jasotzen! Hilaren 27an amaituko da jasoketa, eta martxoaren 6ean Irunera eramango dira, bertan transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin eta sistema arrazista, kolonial, kapitalista eta heteropatriarkala salatzeko. LABetik, Mundu Martxako plataformako kideak garen heinean, gure kominitateko emakume guztioi prozesu honetan parte hartzera dei egiten diegu.