2026-01-25
Blog Page 455

Ekiparazioa eta %4ko osagarria langile guztiei ezartzea nahi dugu Osakidetzan

Diskriminazio asko pairatzen ditugu Osakidetzako langileok. Horietako dezente, irabazten dugun soldatetan ere. Izan ere, asko dira Osakidetzan lan bera eginda ere, oso kopuru ezberdinak kobratzen dituzten langileak. Aspalditik aldarrikatu dugun horietako bat da “ospitalizazio osagarriaren” inguruan izan da.

Langileon eta sindikatuon aldarrikapenei kasu eginez, 2020. urteko azken hilabeteetan Osakidetzako zuzendaritzak ozen iragarri zuen lehen arretako zentroetan administrari lanak egiten diharduten langileei %4ko osagarri bat aplikatuko zitzaiela. Zuzendaritzak egindako publizitatea eta gero, ordaintzeko orduan, adostutakoa eta lau haizeetara iragarritakoa baino askoz ere murritzagoa dela egiaztatu dugu, oraingoz, soilik administrari laguntzaileei eta administrari laguntzaile lanpostu funtzionala duten zelari batzuei baino ez zaielako aplikatu nominan, kanpoan utziz, besteak beste, EAGko zelariak, Lehen Arretako behin-behineko zeladoreak edo zelari lanpostu funtzionala dutenak, Call Centerreko langileak edo Osasun Mentaleko ospitalez kanpokoak. Bestaldetik, uste dugu osagarria lan administratiborik egiten ez duten beste kategoriei ere aitortu behar zaiela.

Beraz, langile estatutarioak, interinoak edo behin-behinekoak ditugu, enpresa berean ,Osakidetzan, lan egiten dutenak, eta lantoki batean edo bestean lan egiteagatik eskubide laboral eta ekonomiko desberdinak dituztenak. Honen adibide garbia Transfusio Euskal Zentroan daukagu, zeinetan langileak mobilizatzen hasiak diren. Ezin dugu lehen eta bigarren mailako langilerik onartu. Denok gara funtsezkoak, guztiok gara beharrezkoak. Lan-baldintzak eta lan-eskubideak parekatu behar dira.

Hori dela eta, LABek honako hau eskatzen dio Osakidetzako zuzendaritzari:

– %4ko osagarri hori une honetan jasotzen ez duten langilei aplikatzea.

  • -Abenduari dagokion osagarria berehala ordaintzea (Osakidetzak atzeraeraginez onartu zuen osagarria abenduaren 1etik aurrera ordaintzea) urtarrileko nominan hilabete horri dagokion osagarria soilik jaso duten pertsonei. Era berean, une honetan kanpoan geratu diren kolektiboek ere kobratu egin beharko dute, atzeraeraginez, 2020ko abenduaren 1etik aurrera.

– Osakidetzako langileon ekiparazio erreala lortzeko urrats sendoak ematea.

LABek jadanik erakundearen Zuzendaritza Nagusira bidalitako demanda erregistratu du. Era berean, aldarrikapen hori Mahai Sektorialaren bilera guztietara eta Osakidetzako Pertsonal Zuzendaritzarekin egiten ditugun bilera guztietara eramateko konpromezua hartu dugu. Eta bestelako urratsak ere aztertzen ari gara. Zalantzarik baduzu, pasa gure atal sindikaletatik.

Haurreskolak Partzuergoko grebak eta hezkuntza-zerbitzuak gizartearen babes zabala jaso du Jaurlaritzaren mututasunaren aurrean

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Haurreskolak Partzuergoko langileen greba dinamika arrakastatsua eta langile, familia eta eragileen atxikimenduak balioan jartzen ditugu. Aldiz, gehiegizko zerbitzu minimoak, plantilaren greba eskubidearen urraketa, greba desitxuratzeko hauen inguruko interpretazio interesatuak eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasuna salatzen ditugu. Oztopo guztien gainetik, astelehenean hasi eta asteazkenean gauzatutako hiru egun hauetako grebaren %70eko jarraipenak indarra ematen digu gure helburuak bete arte mobilizatzen jarraitzeko.

Abenduan mobilizazio dinamika abian jarri genuenetik 8. greba eguna burutu eta gero, Eusko Jaurlaritzaren deiaren zain jarraitzen dugu. Bitartean, langileen lan-baldintzak okertu eta Haurreskolak Partzuergoa bera arriskuan jartzen dituzten aldebakarreko erabaki politikoak hartzen jarraitzen dute.

Gauzak horrela, Haurreskolak Partzuergoa 2003an sortu zenetik Hezkuntza Sailak, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzorde desberdinek egindako kudeaketa eta alde sozialak egindako lana zalantzan jarri ostean eta bi hilabetez Hezkuntza Sailaren berririk gabe egon eta gero, LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok mobilizazioekin jarraitzea baino ez zaigula geratzen azpimarratu nahi dugu.

Halaber, negoziazio kolektiboaren kontrako eraso zuzena eta alde sozialaren lana oztopatzeko ahalegina salatu nahi ditugu. Urteetan zehar Haurreskolak Partzuergoan lortutako hezkuntza kalitatearen defentsan egindako lanarekin eta langileak mobilizazioen bitartez lortutako lan baldintzen hobekuntzen defentsan jarraituko dugula argi utzi nahi dugu.

EAEko Hezkuntza Saileko sailburuari, Jokin Bildarratzi, haurreskolen etorkizunaren inguruan garbi hitz egin dezala eskatzen diogu. Non geratu da Eusko Legebiltzarrak pandemiaren ondorioz baldintza ekonomikoak okertu zaizkien familiei Haurreskolak Partzuergoaren kuoten hobariak gauzatzeko Eusko Jaurlaritzari egin zion eskaera? Eta, erabateko doakotasunerako urratsak?

Era berean, gogorarazi nahi dugu Haurreskolak Partzuergoak bizi duen gatazka non oinarritzen den eta mahai gainean ditugun aldarrikapenak zeintzuk diren:

– Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta integrazioa Hezkuntza Sailean.

– Dauden akordioak errespetatzea eta betetzea.

– Lan-hitzarmen berriaren negoziazioa abiatzea.

– Langileen behin-behinekotasun tasarekin bukatzea eta lanpostuak egonkortzea.

– Irakaskuntza publikoan Osakidetzak egiten duen Norbera Babesteko Ekipamenduen horniketan Haurreskolak Partzuergoa gehitzea.

– Aurrekontua handitzea.

Bada garaia 0 eta 3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari merezi duen aitortza emateko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazio dinamikarekin bat egin edota herrietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duzuen langile guztioi, hezitzaile zein kudeaketa langile izan. Gatazkari babesa erakutsi eta laguntza eskaini diguten familiei ere, nola ez, gure eskerrik beroenak.

Zerbitzu publiko honen garapenerako borrokan jarraituko dugu, denon artean lortuko dugu! Gora Haurreskolak Partzuergoko langileon borroka!

Zaintza, oroimena eta borroka izango ditugu ardatz martxoaren 3an

Martxoaren 3an, 45 urte beteko dira Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda hil zituztenetik. 45 urte geroago, oroimenak bizirik dirau Gasteizen, belaunaldiz belaunaldi pasatuz gizarte-justiziaren, antifaxismoaren eta klase-borrokaren balioak, frankistek irudi kolektibotik ezabatu nahi izan zituztenak.

45 urte geroago, harrotasunez, ozen eta argi esan dezakegu borroka eta elkartasunaren idealak ezabatu ez izateaz gain, Gasteizen ez dela inoiz Martxoaren 3 bat egongo, non gertatutakoa gogoratuko ez dugunik eta une bakoitzeko borrokak erdigunean jarriko ditugunik. Zalantzarik gabe egin dezakegun omenaldirik onena da.

Testuinguru honetan, aurten LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok deitutako mobilizazioek honako leloa izango dute: “Zaintza, oroimena eta borroka. Zaindu egin gintuztelako, zainduko ditugu “.

Martxoaren 3ko biktimen elkartearen omenaldia 18:00etan egingo da, martxoaren 3ko Plazan, eta manifestazioa 18:30ean aterako da handik, Foru Plazan amaituz, euskal gehiengo sindikalak babestuta. 11:00etan, berriz, LAB sindikatuak ekitaldi propioa egingo du Martxoak 3 plazan.

Euskal gehiengo sindikalak aukeratutako leloak gogora ekarri nahi ditu zaintza-lanak, funtsezkoak baitira bizitzari eusteko, COVID-19aren pandemiak erakutsi duen bezala, kapitalismo heteropatriarkalak prekarietatera eta esparru pribatura baztertu dituen bitartean.

Erdigunean jarri nahi dugu zerbitzu publiko hobeak garatzeko premia, bai osasunekoak, zaintzakoak, bai hezkuntzakoak, eta horien guztien lan-baldintzen hobetzea aldarrikatu nahi dugu. Hobekuntza horiek aldarrikatzen dituzte ere zerbitzuetako langileek, batez ere emakumeak eta, askotan, emakume migratuak. Pandemiaren hasieratik ari dira borrokan, agerian gelditu baita azken hamarkadetan pairatu ditugun gobernu neoliberalen abandonua eta erantzukizun-falta.

Horregatik, aurten, uzten gaituzten 1976ko martxoaren 3ko protagonista guztiak gogoratzeaz gain, zaintza-sistema publiko baten aldeko borroka aldarrikatu nahi dugu.

Ez dugu amaitu nahi San Frantzisko Eliza Memorial bihurtzeko prozesuari buruzko gure ezinegona helarazi gabe. Aldebakarreko prozesua da, non ez duen euskal gehiengo sindikalak parte hartu. Propaganda politikoko ekintza bat dela uste dugu, prozesu horretan parte hartu duten administrazioak beraiek baitira langileen eskubideak egunerokotasunean gaitzesten dituztenak.

Gasteizko kaleak berriro beteko ditugu martxoaren 3an, guk ez baitugu ahazten.

Garbiñe Aranburuk adierazi du Tubacex-eko langileen borroka duintasunaren adibide dela

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak aktualitateko gaiei buruz hitz egin du Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan. Tubacexeko gatazkari buruz galdetuta, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ez dugula utziko foku mediatikoa milioi askoko irabaziak dituen enpresa batean aurreikusitako enplegu-suntsiketa ez den beste leku batean jartzen; izan ere, egoera koiuntural baten aurrean kaleratzeak egitea erabaki du enpresak, eta hori guztia, gainera, azken hamar urteetan lau istripu hilgarri gertatu diren enpresa batean gertatuko da. Horregatik, uste du ez dela onargarria langileen indarkeriaz hitz egitea.

Idazkari nagusiak azaldu duenez, gainera, Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko langileak alde batera utzi ditu, eta Ertzaintza grebalariak erreprimitzera bidali du, euren lanpostuak defendatzeko beren gorputzak besterik ez dituztenean. Zentzu horretan, Tubacexeko borroka duintasunaren adibide bat dela azpimarratu du, duela aste batzuk PCBko langileek egindako borroka bezalaxe.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, Euskal Herrian gertatzen ari den enplegu-suntsiketari erantzun behar zaio, mobilizazio-dinamika bateratuak aktibatzen eta enplegua defendatzeko harresi bat eraikitzen. Araban egindako mobilizazioak edo Aiaraldean martxoaren 5erako aurreikusitakoak horren adibide dira. Hori bai, idazkari nagusiak onartu du zailtasunak daudela gehiengo zabalagoak egituratzeko ELAren jarreragatik, ez baitu patronalarekin aurrez aurre konfrontatu nahi, eta horrek langileria ahultzen du erabat.

Martxoaren 5ean, lanuztea eta mobilizazioa egingo ditugu Aiaraldean, enplegu eta bizitza duinaren alde

Aiaraldea egoera kezkagarrian dago. Enplegu suntsiketa, lan-baldintzak okertzea, enplegu prekarioa eta zerbitzu publiko askoren egoera izugarriak dira. Arreta berezia merezi du Tubacex-en gertatzen ari denak, EEE batekin eta zuzendaritzak egindako 150 kaleratzeren mehatxuarekin, eta baita Valvospain- eko itxiera eta 79 kaleratzeek ere, hauek ehundaka familia eta gure eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin.

Baina zoritxarrez, izozmendiaren muturra baino ez da hau. Bi kasu larri hauei gehitu behar zaizkie enplegua suntsitu duten hamarnaka enpresa, kaleratuak izan diren aldi baterako langileak, modu bidegabean ABEEEtan egon diren langileak, osasungintza publikoko langileen egoera, zerbitzu sozialetakoena, hezkuntzakoena, ostalaritza eta merkataritza sektoreen egoera, edo eskualdeko enpresa txiki eta autonomoek bizi duten egoera larria. Honi gehitu behar zaio zenbait kolektibok bizi duten egoera jasanezina: gazteak, emakumean migranteak… Gure eskualdea, bertako biztanle eta langileak egoera kritikoan gaude eta ez dugu onartuko gu izatea ordainduko dugunak.

Guzti horrengatik, LAB, ELA, ESK eta STEILASek, euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok, datorren martxoaren 5ean Aiaraldean enplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatzera dei egiten dugu. Eskualde mailako 2 ordutako lanuztea egingo dugu 11:00etatik 13:00etara, eta 11:30ean manifestazio bana egingo dugu Amurrio eta Laudioko plazetatik, “Aiaraldean enplegu eta bizitza duina” lemarekin.

Bizi dugun egoerak, enplegu suntsiketarekin, berau galtzeko arriskuarekin, enplegu prekarioarekin…, erantzun global, bateratu eta anitza eskatzen du gure eskualdean. Inoiz baino beharrezkoagoa da enpleguaren alde mobilizatzea, eskubide laboral eta sozialen alde, kalitatezko zerbitzu publikoen alde… azken finean, enplegu eta bizitza duinaren alde, eta gure eskualdearen eta bertoko langileen etorkizunaren alde.

Horregatik dei egiten diegu egoera honek eragiten die langile, enpresa, sektore eta kolektibo guztiei bat egin dezaten deialdi honekin, eta honela, gure eskualdeko enplegua eta etorkizunaren aldeko mobilizazio masiboa bihurtu dadin.

“Hitz onek ez dute jadanik balio; egoera jasanezina da, eta txertaketaren hasiera berehalakoa izan behar da”

LAB, ELA, CCOO, ESK, UGT, USO eta CNT sindikatuok mobilizazioa egin dugu Gasteizen, azpikontratetako osasun garraioko langileei txertoa eman behar zaiela exijitzeko. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean egin dugu protesta, Lakuan.

Hauxe da sindikatuon ohar bateratua, Gasteizen egindako mobilizazioaren harira:

Joan den ostiralean, EAEko Osasun sailburuak aste honetan txertoa jasoko genuela iragarri zuen Legebiltzarrean. Bada, hemen gaude ez zaigula txertoa jartzen ari salatzen jarraitzeko, eta ez digutela ezta deitu egun jakin bat ezartzeko. Ez zaigu deitzen txertoa jartzeko, eta ez zaigu deitzen elkartzeko. Publikoki eskatu dugu bilera bat egitea, hasiera-data eta txertoa jartzeko ezarritako plan espezifikoa zehazteko.

Hori dela eta, Administrazioaren aldetik bilerarik, konpromisorik eta hitzik ez dagoenez sailburuaren ahotan, atzo bertan greba-deialdi bat erregistratu genuen martxoaren 5erako (ostirala), guk hitza badugu, eta esan genuen txertoa jartzen hasten ez bazitzaigun grebara joango ginela.

Hitz onek ez dute jadanik balio; egoera jasanezina da, eta txertaketaren hasierak berehalakoa izan behar du. Jada ez dugu eskatzen; orain, premiazko bilera bat egitea eta txertaketa-plan espezifiko batekin benetako konpromisoa hartzea exijitzen dugu, eta hori berehala hastea.

Hala ez bada, martxoaren 5ean, ostirala, anbulantziak greban egongo dira. Greba hori lehen lerroan gauden sektore bati txertoa jarri ez zaiolako egingo da. Izan ere, Osakidetzaren beraren langileei jarri zaie txertoa, sektorearen% 1ari, baina azpikontratatuta gauden anbulantzietako langileen% 99ri ez zaie txertoa jarri, eta irizpide ulertezina eta arduragabea da, bai osasunaren ikuspegitik, bai lanaren ikuspegitik.

Manifestazioa egiten dugu gaur ere hemen, Eusko Jaurlaritzak baztertzen gaituela salatzeko. Ez dugu txertorik eta ez dugu txertaketa-egutegirik. 1.500 profesional baino gehiago gara Euskal Autonomia Erkidegoan, funtsezko zerbitzua ematen dugu euskal osasun publikoan, eta ez dugu onartuko kontratuaren arabera txertatzeak dakarren diskriminazioa, eta ez egiten dugun funtzioaren eta zerbitzuaren arabera. Lehen lerroan gaude COVID-aren aurrean, eta erabat abandonatuta sentitzen gara.

Kale garbitzaileek segurtasunez eta bizikidetzaz lan egiteko eskubidea dutela aldarrikatu dugu Lezon

Joan den igandean, otsailaren 21ean, Lezoko kale garbitzaile bat erasotu zuten lanean ari zela. Goizean goiz izan zen gertakaria, 09:00etan. Langileari egindako zaurien eraginez, medikuek artatu behar izan zuten. LAB sindikatutik langileak jasandako jazarpena deitoratzen dugu eta langileok nozitzen ditugun erasoek amaitu behar dutela sutsuki adierazi nahi dugu. Udal zerbitzu, enpresa zein gizartea interpelatu nahi ditugu igandeko gertakaria ekidin zitekeelako. Hala, gertakaria salatzeko, sekula pasa behar ez zuen jazarpen hau azkena izan dadin eta erantzukizuna duten agenteei hartu beharreko neurriak hartu ditzaten exijitzeko, mobilizazioa egin dugu Lezoko Herriko plazan.

Tubacex-eko lanpostuak ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere dago jokoan

Tubacex-eko langileen borrokak aurrera darrai, euren lanpostuen defentsan. Enpresak Laudion eta Amurrion aurreikusitako 150 kaleratzeen aurka ari dira greba egiten, eta Ertzaintza gogor oldartu zaie goizean, eserialdia egiten ari zirenean Laudioko lantegiaren sarrera oztopatzeko. Gutxienez, bi langile atxilotu ditu eta beste zenbait identifikatu. Zaurituak ere egon dira.

LABek Tubacex-eko langileen borroka babesten du. 150 kaleratzeak Tubacex-eko arazo izatetik harago, Aiaraldeko, Araba eta gainontzeko herrialdeetako arazo ere bada. Izan ere, enpleguaren suntsiketa gogor ari baita astintzen Euskal Herria.

LABek Tubacexeko langileek enpleguaren defentsan ekin dioten borroka bultzatuko du. Era berean, erantzun eta borroka hori eskualdeko sektore guztietatik etor dadin lan egiten ari gara, Tubacexeko lanpostuak ez ezik, Aiaraldeko enpleguaren eta ekonomiaren etorkizuna ere jokoan dagoelako.

Elkarretaratzea egin dugu Gasteizen, Unibasq-en aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminazioa salatzeko

LAB sindikatuaren EHUko atal sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin da Gasteizen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia den Unibasq-en egoitzaren aurrean, EHUko aldi baterako irakasle-ikertzaileek ikerketa-seiurtekoak jasotzeko eskubiderik ez dutela salatzeko.

Protesta honen bidez, aldi baterako irakasle-ikertzaileek pairatzen duten diskriminazioa salatu dugu; honako honetan ikerketa-seiurtekoak eskatzeko aukera ukatzen dietelako, hain zuzen ere. Kontratu iraunkorra duten irakasle-ikertzaileek sei urtetan metatutako ikerketa-merituak ebaluaziora aurkezteko aukera daukate, promozio akademikorako zein oinarrizko soldata osatzeko garrantzitsua dena. Hala ere, iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatzen diete aukera hori meritu nahikoak izan arren; iraunkorrek aurkezten dituzten meritu berdinak frogatu arren…

Diskriminazio hau ez da berria, baina aurten aukera berri bat ireki da tokiko ebaluazio agentziek irakasle-ikertzaile ez iraunkorren ikerketa merituen ebaluazioa bideratu ahal izateko. EAEko Gobernuaren menpekoa den Unibasq-ek, ordea, ate hori itxi egin du, aldi baterako irakasle-ikertzaileen kolektibo honen diskriminazioa mantenduz. Era berean, EHUko gobernu taldeak, Unibasq-en Gobernu kontseiluan presentzia izanda, ez du inolako ekimenik izan beren langileen alde. Epaitegi batek behartu arte itxarotea erabaki dute. Merkeago ateratzen da unibertsitatean ikertzen duen kolektibo zabal hau diskriminatzen jarraitzea… Gero erantzukizun sozialaz eta bikaintasunaz hitz egingo digute.

Elkarretaratzea bukatzean, agiri bat entregatu dugu Unibasq-en, seiurtekoen deialdian aldi baterako irakasle- ikertzaileek parte hartu ahal izateko eskatuz, baita kolektibo honen kideek beren ikerketa-merituak ebaluatuak izateko aurkeztu dituzten eskariak aintzat hartzeko eskatuz ere.