2026-07-22
Blog Page 448

Hasi da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren indartze eta saretze prozesua

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak 2014an eratutako herri mugimendua indartu eta saretzeko prozesuaren hasiera asanblada egin du Gasteizen. Testuingurua zeharo baldintzatu du pandemiak eta dagoeneko existitzen ziren gabezia estrukturalak agerikoagoak dira orain. Horregatik, egungo testuinguruaren inguruko azterketa gaurkotzeko beharra azpimarratu dute asanbladan parte hartu duten hamarnaka eragileek.

Asanbladak bi helburu nagusi izan ditu. Lehena eraldaketa soziala eta burujabetzaren alde dauden subjektuon artean adostasunak eraberritu eta agenda sozial partekatu eta burujabea eraikitzea; bigarrena lan lerro berriak martxan jartzea.

Testuinguru berezian etorri da asanblada. Ikasturte berezia izango da aurtengoa. Pandemiak eraginda baina ondorioak kudeatzen hasita, eskubideen murrizketa eta herritarron bizi baldintzei eraso berriak denok ditugu begi-bistan. Horregatik, gure aliantza eremuak indarberritzeko barne prozesu honez gain, testuinguruari erantzuteak ere garrantzia izango du. Bildutako eragileek azpimarratu dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan parte hartzen duten eragileen adostasunak eraginkortzeko saretu eta antolatzeko era berriak behar direla.

Arcelor Mittal bezalako multinazionalen balizko erasoen aurrean enplegua eta lan-baldintzen defentsa irmoa egingo dugu lantokietan

Atzo komunikabideetatik jakin ahal izan genuen Arcelor Mittal argindarraren garestitzearen aurrean geldialdiak egiteko aukera aztertzen ari dela.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu orain arte ez dugula inolako jakinarazpenik enpresaren partertik. Halako neurririk hartu behar badu, lotsagarria da langileei ezer aurreratu aurretik komunikabideetara jotzea. Geldialdi patronal bat egin nahi badu, enpresak ordain dezala.

Arcelor Mittalen kasuan, erabakiak ez du inolako justifikazio ekonomikorik. Multinazional handiek abiatu duten txantaiaestrategiada: geldialdien mehatxua gobernuak argindarraren kostua jaisteko eta lan kostuak jaisteko erabili nahi dituzte. Familia asko larrialdi egoeran egondakoan alderdi politiko askok ez dute ezer esan, eta lotsagarria iruditzen zaigu multinazional batzuren mehatxuaren aurrean jarrera oldarkorra izatea, EAJk egin bezala. Multinazional handiek duten botere mailaren erakusle garbia da, atebirakarien kasuan era garbian erakusten dena. 2021urteko lehen sei hilabeteetan Arcelor Mittalek 5.322 milioi eurotako irabazi garbia izan du. Azken 13 urteetako emaitzarik onena izan du Arcelor Mittalek.

Sidenor izan zen bidea ireki zuena, jakinaraziz ekoizpena geldituko zuela. Azken 4 urteetan Sidenorrek 2016. urtetik hona 103.650.000 euro banatu ditu bere akziodunen artean. Argindarraren igoerak milaka familiak negua berogailua jarri ezinik igarotzea ekarriko duen honetan, benetan saldu nahi digute Sidenorreko jabeen egoeraz kezkatu behar garela? Sobera irabazi poltsikoratu dituzte urte hauetan, langileei ez ordainarazteko. Onartezina da LABentzat. Etxean eta lanean ordaindu behar dute langileek argindarraren garestitzea? Lehentasunezkoa pertsona ororen gutxieneko bizi baldintzak (energia kontsumoa barne) bermatzea da.

Euskal Herriaren burujabetza beharra nabarmen gelditu da berriro ere: lan erreformak enpresei ematen dien botere erabatekoak edozein arazoren aurrean (mikrotxipen afera, hornikuntza arazoen kudeaketa, argindarraren igoera) era automatikoan langileen bizkar jartzen ekartzen du. Kasu honetan pribatizatutako argindarraren negozioa.

LABek lantokietan enplegua eta lan baldintzen defentsa irmoa egingo du, multinazionalaren balizko erasoen aurrean.

Pobretzeak askotariko erantzuleak ditu

Urriaren 17a da Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Pobreziaren atzean egiturazko dinamikak eta logikak daude, ez da fenomeno naturala. Gero eta gehiago dira mehatxupean dauden bizitzaren dimentsioak. Pauperizazioa, bazterkeria, indarkeriak, oinarrizko eskubideen urraketa, merkantilizazioa, arpilatzea, espoliazioa eta prekarietatea dira pobretze horren ondorioetako batzuk, pobretzea gero eta handiagoa eta sakonagoa delarik euskal herri-sektore eta langile-klasearentzat.

Datu batzuek hau baieztatzen dute:

-Hego Euskal Herriko etxeen % 23,3 pobrezia energetikoko egoeran daude.

-Nafarroan, emakumeen* % 65ak eta gizonen %35ak adin txikikoak eta/edo mendetasun-egoeran daudenpertsonak zaintzen ditu beren etxeetan. Zainketen banaketa horrek desberdintasuna eta pobretzea eragitendie emakumeei*.

-Euskal Herrian langabezia-tasa orokorra %10,4ra igo da. Zehazki, Hego Euskal Herrian 22.500 lanpostusuntsitu dira 2020an.

-Guztira, 54.197 pertsonak ez dute gizarte-prestazioen sistema erabiltzen EAEn.

-EAEko soldata desberdintasunaren arrakala 1996tik izandako handienetakoa da. Egoera onenean daudenbiztanleen %20ak %20 behartsuenak baino 4,4 aldiz errenta altuagoa du.

Gasteiz eta Iruñeko gobernuek eta bertako patronalek gidatutako agenda neoliberalak dira pobretze-prozesu horren erantzule zuzenak. EAEko DSBEaren erreformak, zerbitzu publikoetan inbertsiorik ez egiteak edo eskubideen murrizketen eta pribatizazioen politika etengabeak sakontzen dute bizitzaren pobretze eta prekarizazio prozesuetan.

Dela Euskal Herria gobernatzen dutenen politikak, dela Madrilen pentsioen erreformari buruzko erabakiak, lan- erreforma ez indargabetzea, dela argiaren prezioaren igoera, gasolina eta, oro har, bizitzarako oinarrizko ondasunen igoerageldiaraztekoezintasunabesterenartean, gutxibatzuenonuraekonomikoaklangileengehiengoarengainetik jartzearen ondorio dira.

LAB sindikatutik eredu sozio-ekonomikoa aldatzearen aldeko apustua egiten dugu, trantsizio ekosozialista eta feminista baten aldeko apustua, non aberastasuna, lana eta zaintza banaketa hirukoitzaren bidez bere muinean pobretzea kapital metaketarako giltzarri duen sistema honen zutabeak errotik iraultzea proposatzen dugun. Ildo horretan, Euskal Lan Kodearen eta Euskal Gizarte Segurantzaren proposamen bat aurkeztu dugu.

Euskal langile-klasearen interesak, egoera ahulenean dauden sektoreen interesak erabaki politikoen erdigunean jarriko dituen agenda propioa defendatzeko unea da. Ezinbestekoa da gure bizitzak zehazten dituzten erabaki politikoetan eragitea, eta, horregatik, LABen ustez, inoiz baino beharrezkoagoa da greba orokorraren itxura hartuko duen mobilizazio sozial sendoa antolatzea, Euskal Herrian Madriletik etorriko ez diren neurri politikoak posible egiteko baldintzak sortu ditzagun.

Pobreziaren aurrean, aberastasuna, lana eta zaintzaren banaketa hirukoitza. Eredua aldatu eta sistema irauli.

Lan heriotzen sarraskiak eraikuntza sektorea kolpatu du oraingoan; bi langile hil dira Urnietan eta Amurrion

Beste langile bat hil egin da ostiralaren etorrerarekin, Urnietan oraingo honetan, bertako kiroldegiaren eraberritze lanetan. Lehen informazioen arabera, hormigoi kamioiarekin lanean ari zela izan du istripua 59 urteko langileak. Goizean ere, bigarren langile bat hil da, Amurrion kasu honetan, eraikuntzan ere. 54 urte zituen hildakoak, eta altueratik erorita zendu da.

Gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu hildako langileen familia, gertuko eta lankideei, baita lan heriotzen sarraskiaren ondorioz hil diren langile guztien senideei ere.

Aurten, gutxienez, 51 langilek galdu dute bizia lanean Euskal Herrian. Kasu honetan, eraikuntza sektorean izan dira lan istripu hilgarriak, industriarekin batera historikoki sektore arriskutsuenetako bat kontsideratu izan dena. Baina, LAB sindikatuak argi utzi nahi du lan heriotzen odolustea egiturazko arazo bat dela, ez sektoreka aztertu daitekeen arazo huts bat. Izan ere, lan heriotzak nonahi gertatzen dira, eraikuntzan oraingoan, baina ardogintzan, arrantzan, basogintzan, lanerako joan-etorrietan, modu ez traumatikoan eta lan gaixotasunen ondorioz ere baditugu zorigaiztoko adibideak, bai aurten eta baita azken urteetan ere. Eta ez da zori kontua, prekaritatea da.

Zentzu honetan, sektore guztietan hedatuta dagoen sarraskiarekin bukatzeko, premiazko neurriak exijitzen ditugu berriro. Langile guztiak gaude arrisku bizian. Administrazioek arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Beste alde batera begiratzeari utzi behar diote. Ezin dugu horrela jarraitu. Langile klasea nazkatuta dago.

Urnietako lan heriotzaren kasuan, asteartean, 13:00etan, Urnietako udaletxearen aurrean mobilizatuko gara euskal gehiengo sindikaletik lan istripu hilgarria salatzeko.

Bi urte hizkuntza-eskubideak urratzen

Nafarroako Gobernuak euskaldunen eskubideen aurka egiten duen azkenaurreko murrizketaren aurkako elkarretaratze jendetsua egin dugu Iruñean, Sarasate pasealekuan, PSNren egoitzaren aitzinean.

Hain zuzen ere, bi urte baino gehiago igaro dira Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen dekretuaren zenbait artikulu epai bidez baliogabetu zituztenetik; dekretu hura aurreko gobernuak egin zuen. Baliogabetutako artikuluak, funtsean, komunikazio, abisu eta errotulazioetan elebitasuna arautzen dutenak dira, bai eta eremu mistoko, eremu ez-euskalduneko eta zerbitzu zentraletako lanpostuetarako lehiaketa-oposizioetan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea ere.

Errealitatean, UGT, SPA, SMN, SATSE eta Afapna sindikatuek babesten duten erabaki hori dela medio, Nafarroako herritarren hizkuntza-eskubideek hamarkada batzuk atzera egin dute, eta merezimendu gisa puntuatu gabe uzten da Nafarroako bi hizkuntza ofizialetako baten ezagutza; aldiz, alemanaren, frantsesaren eta ingelesaren ezagutza puntuatu egiten da. Era berean, praktikan, ezinezkoa da herritarrek Administraziora euskaraz jotzea, hala egin nahi badute.

Zentzugabekeria horren konponbidea ez zen, berez, zaila. Aski zen dekretuaren idazketa egokitzea, horren bidez segurtasun juridiko nahikoa emateko. Hala iragarri zuen Maria Chivite Gobernuko presidente berriak 2020. urtearen hasieran, urte horretako udazkenerako idazketa berria egongo zela ziurtatuz. Baina, 2021eko urrian gaude, eta ez dago dekretu berriaren arrastorik, nahiz eta aldian-aldian iragartzen den haren aurkezpena berehalakoa izango dela.

Argi dago PSNren taktika zein den: gobernuko kideen (Geroa Bai, Podemos eta IU) konplizitatearekin, denbora pasatzen uztea, eta, bien bitartean, pasatzen den egun bakoitzean Nafarroako herritarren zati handi baten eskubideak urratzen ari dira.

LABek herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatzeko eskatzen jarraitzen du; jarraitzen dugu eskatzen Administrazioak berma dezala pertsona guztiek Nafarroako geografiako edozein lekutan bi hizkuntza koofizialetako edozeinetan hitz egiteko eta arreta jasotzeko duten eskubidea. Horretarako, Administrazioan euskara erabiltzeari buruzko dekretu berri bat eskatzen dugu, lehiaketa guztietan euskara merezimendutzat hartuko dela bermatze aldera; horrekin batera, euskara eskakizuna duten lanpostu gehiago definitzeko ere eskatzen dugu, gisa horretan, zirkuitu elebidunak ezarri eta hala nahi duten herritarrei euskaraz erantzun ahal izateko.

Gerente aldaketarekin, aukera berriak zabaltzen dira Haurreskolak Partzuergoan

Komunikabideen bidez jakin dugu Elena Aizpuruk ordezkatuko duela Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergoko gerentzian. LABetik uste dugu garai berria irekitzen dela hezkuntza zerbitzu honetan, eta lanean jarraituko dugu proiektuak euskal gizartearen beharrei erantzun diezaien eta langileen eskubideak berma daitezen.

LAB sindikatuko kideok uste dugu Zorione Etxezarraga gerentearen kargugabetzeak Haurreskolak Partzuergoaren fase berri bati erantzuten diola. Era berean, EAEko Hezkuntza Sailak eskatu zuen diagnosia jaso du, eta horrek zerbitzua hobetzeko aldaketak ekar ditzake.

Azken aldian, komunikabideetan Jokin Bildarratz sailburuari entzun diogu Haurreskolak Partzuergoa eskolaratze goiztiarraren erreferentziazko baliabidea bilakatu nahi duela. Gure partetik, norabide horretan kokatuko gaituzten erabakiak langileokin eta hezkuntza-komunitatearekin adostuz hartzeko eskatzen diogu Jokin Bildarratz berari eta, izendatu dutela hedabideen bidez jakin izan dugun gerente berriari, Elena Aizpururi.

Beraz, langileon ilusioa berpiztu eta proiektua eraldatu behar dugu. Norabide horretan eta azkenengo urteetan egindako ibilbideari jarraiki, diagnosia egin duen ikerlariari, LAB Sindikatuko kideok argi esan genion gure proiektuak zer behar duen, azkenengo urteetan jaiotza tasa pairatzen ari den jaitsiera eta kontziliazio neurri berriek gurean duten eragina ahaztu gabe. Eta noski, haurrak erdigunean jarriz.

-Aukera berdintasunean oinarritutako kalitateko hezkuntza ziklo hau Hezkuntza Sailaren barruan integratzea, 0-3 zikloa berreskuratuz, 0-6 etaparen logika pedagogikoan oinarrituta.

-Korronte pedagogiko berriei egokitu ahal izateko, beharrezkoa den inbertsio eta finantziazioa.

-Unibertsaltasuna, inklusibitatea, feminismoa, euskara, euskal kultura eta doakotasuna ardatz izatea.

-Herri eta auzo bakoitzak merezi duen zaintzan oinarritutako hezkuntza eskaintza.

-Haurren hezkuntza ibilbidea marraztuko duen eskolen mapa barruan kokatzea.

Lan hitzarmena eta langileon egonkortasunaren aldeko borroka ahaztu gabe, aukera dugu amesten dugun Haur Hezkuntza eraikitzen jarraitzeko.

Hezkuntza legearen inguruko eztaibaidan ere gure alea jartzen jarraituko dugu, urteetako borrokaren ondorioz, 0-3 zikloa ere aintzat hartua izan dadin.

Aukera berri baten aurrean gaude, herri honek behar eta merezi duen hezkuntza eraikitzeko lanean eta borrokan jarraituko dugu, borrokak merezi duelako.

Garbiñe Aranburu: “Aietek bake eta elkarbizitzarako ibilbide orria markatu zuen; aurreratu da, baina asko dago egiteko”

Bakea eraikitzeko oztopo eta aukerei buruzko nazioarteko topaketarekin egin dugu bat, Aieteko Konferentziaren 10. urtemugan. Hain zuzen ere, “Aiete hamar urte, irakaspenak eta erronkak” nazioarteko topaketa abian da, eta osteguna eta larunbata bitartean gauzatuko da, partaide garen Foro Sozial Iraunkorraren, Bake Bidearen, Conciliation Resources-en eta Berghof Fundazioaren eskutik.

Lehen egunean, Donostiako Aieteko jauregian antolatutako solasaldietan, LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu izan da, gonbidatutako beste eragiletako ordezkariekin batera. Bere hitzetan, “Aietek bake eta elkarbizitzarako ibilbide orria markatu zuen; aurreratu da, baina asko dago egiteko. Eremu sindikalean era pairatu izan dugu gatazka, eta LABek bere ekarpena egiten jarraituko du elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko, Foro Sozialean egin moduan”.

Donostian eta Baionan

2021eko urriaren 17an hamar urte beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia, Aieteko Konferentzia izenez ezaguna dena, egin zenetik. Konferentzia hori bide-orri zabalago baten baitan kokatzen zen, eta Euskal Herrian bakea lortzeko agertoki berri baterako bidea ireki zuen. Zentzu honetan, egunotan antolatutako Nazioarteko jardunaldien helburua euskal bake prozesuaren irakaspenak balioestea, bakearen eraikitze prozesuari dagozkion oztopoak eta aukerak aztertzea eta gatazkak konpontzeko erronka globalez hausnartzea da, eta LAB sindikatuak bertan hartuko du parte, prozesu honetan guztian ekarpena egin dugun eragileetako bat izanik.

Aieteko jauregian egindako irekiera solasaldien ostean, jardunaldiek ostiralean izango dute jarraipena Donostiako Kursaalen, eta larunbatean Baionako Arte Eskolan.

Hauteskunde sindikal libreak eskatu ditugu Saltoki Logistika Araban, enpresaren xantaien eta manipulazioen aurrean

Joan den irailaren 21ean, LABek lehenengo hauteskunde sindikalak sustatu zituen Saltoki Logistika Araba enpresan. 84 langile daude bertan. Data horretatik aurrera, enpresak maniobra batzuk hasi zituen hauteskunde-prozesua eta hauteskunde sindikalen emaitzak oztopatzeko.

Horrela, Saltoki Logistika Arabaren zuzendaritzak mehatxu egin die langile batzuei, enpresaren aldeko hautagaitza aurkeztu ahal izateko abalak lortzeko.

Era berean, enpresa kontratua amaitzen zaien behin-behineko langileak kaleratzen ari da, eta horien ordez ABLE bateko langileak ari da jartzen.

Egoera horren aurrean, LABek argi eta garbi esaten du Saltokiko langileek eskubidea dutela hauteskunde sindikal libreak egiteko eta datozen lau urteetan enpresaren aurrean ordezkatuko dituztenak inolako derrigortzerik gabe aukeratzeko. Horregatik, xantaia eta presioak amaitzea eskatzen dugu, baita aldi baterako langileen kaleratzeak gelditzea ere.

LABek etorkizunean enpresan gerta daitezkeen egoera antidemokratiko guztiak salatzen jarraituko du, hauteskunde sindikalak askatasun osoz, derrigortzerik eta mehatxurik gabe egin ahal izateko helburu bakarrarekin.

Ildo horretan, iragarri nahi dugu sindikatu honek dituen baliabide sindikal eta juridiko guztiak aktibatuko ditugula, ez enpresa honetan ez beste inon hauteskunde sindikal libreak izateko eskubidea zapaldu ez dadin.

Bodegas Eguiako gure delegatua izan dugu gogoan Eltziegon, eta lan heriotzen odolustea salatu dugu

Eltziegoko herriko plazan mobilizatu gara, euskal gehiengo sindikalak deituta, azken lan heriotza salatzeko. Hain zuzen ere, joan den ostiralean, Bodegas Eguiako 56 urteko langile eta gure delegatua zendu zen, errobot-makina bat gainera erori eta harrapatuta gelditu ondoren.

Aurten, gutxienez, 49 langile hil dira Euskal Herrian. Sarraski honen aurrean erakundeek ez dutela inolako neurririk hartzen salatu dugu elkarretaratzean.