2026-01-29
Blog Page 446

Oinarrizko Osasun Laguntza indartzea proposatu dugu Nafarroan, Covid-19rako kontratatutako langileekin

Joan den astean, Osasunbideko Profesionalen Zuzendaritzak iragarri zigun Covid kontratuko plantilla murriztuko dela; izan ere, maiatzaren 1etik aurrerako kontratazio sistema berriak kontratuen % 30 ezabatzea dakar. Erabaki horrek argi eta garbi uzten du pandemiaren garaian funtsezko funtzioak bete dituzten langile asko alde batera uzteko asmoa dutela. LAB sindikatuarentzat, ezinbestekoa da langile horiek baliatzea osasun etxeak indartzeko.

Osasun Departamentuak erabaki du maiatzaren 1etik aurrera Covid-erako errefortzu gisa kontratatutako langileen kontratuak aldatzea. Horrek ekarriko du, batetik, kontratuak egitea iraupen luzeko zerrenden bidez (urriaren 31ra arte eta abenduaren 31 arte), eta, bestetik, apirilaren 31ra arte indarrean dauden kontratu guztien% 30 inguru murriztea. LABek ez du onartzen kontratazio-murrizketa hori egitea, are gutxiago lan baldintzei eta asistentziaren kalitateari dagokienez hain egoera kaskarrean gaudenean (batez ere oinarrizko osasun laguntzan), horren ondorioz osasun etxe batzuetan hitzordua izateko 10-12 egun itxaron behar baita.

Kanporatu nahi dituzten langile horiekin osasun etxeetako plantillak indartu eta lan-kargak arindu ahal izango lirateke, horrela herritarrei arreta hobea emateko. LABek pandemiaren hasieratik salatu izan du justifikaezina dela Oinarrizko Osasun Laguntzan errefortzurik ez izatea. Osasuneko kontseilariak hitzetatik ekintzetara igaro beharko luke, eta joan den martxoaren 18an Oinarrizko Osasun Laguntzari buruz iragarri zuena gauzatzen hasi beharko litzateke. Hitz ederrak eta asmo-adierazpenak ez dira nahikoak oinarrizko osasun laguntzak dituen gabeziak konpontzeko.

LABen argi daukagu ez dagoela aitzakietarako tokirik, eta orain aukera bikaina duela osasun etxeak eskarmentu handiko langileekin indartzeko. Horregatik, eskatzen diogu lehenbailehen erreakzionatu dezala, osasun arloko profesionalen kontratazioa egonkortu dezala eta ez dezala gehiago militarrengana jo profesional horiek ordezteko.

LABek irtenbide bat proposatzen du, alegia, langile horiekin osasun etxeak indartzea, Osasun Departamentuak alde batera utzi dituela uste baitugu. Eta horrez gainera, kezka handia dugu, halaber, Osasunbideko gainerako ataletan egin nahi duten langile-murrizketaren aurrean.

Sunsundeguiko langileek mobilizazioak egin dituzte, kategoria profesionalaren aitortza exijitzeagatik zigortu duten enpresa-batzordeko delegatu bati elkartasuna erakutsiz

Altsasuko Sunsundegui enpresako langileak mobilizatu egin dira enpresa batzordearen babesarekin, LABeko delegatu bat lan eta soldata gabe zigortu ostean. 2017. urtetik akordio bat dago enpresan, besteren artean LABek sinatua, bertan batzorde baten bitartez kategorien gaiari heltzea adostu genuen.

Hiru urte eta gero ez zaio irtenbiderik eman gaiari, enpresan lan baldintza ezberdinak daude aurreko krisian hartutako doikuntza neurrien ondorioz. Ez dira kategoriak behar den bezala onartzen eta ez da metaleko hitzarmena betetzen. Modu honetan delegatuak uko egin zion bere kategoriatik gora dagoen lan bat egiteari. Honen aurrean enpresak errepresioaren hautua egin zuen 12 eguneko lan eta soldata gabeko zigorra ezarri zion.

Enpresak zigor honekin, langile guztien kategorien gaia heltzea ekidin nahi du neurri eredugarriak inposatuz eta langileak mehatxatuz. Langileak ez du aurretik inongo zigorrik izan.

Arrazoi honegatik, delegatua babesteko asmoz (zigorra atzera bota dadin) eta langile guztiei dagokien kategoria onartua izan dadin metaleko hitzarmenak ezartzen duen terminoetan, behar diren neurri juridiko guztiak hartu ditugu.

Horregatik guztiagatik, enpresari exijitzen diogu delegatuaren kontrako zigorra bertan behera utz dezan eta langile guztiei dagokien kategoria onar diezaieten, benetan egiten dituzten funtzioen arabehera.

Enplegu publikoaren kontsolidazioaren alde mobilizatu gara lan zentroetan, apirilaren 22ko greba presente

LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuok deituta, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko milaka langilek hartu dute parte lan zentroetan antolatutako kontzentrazio eta mobilizazioetan.

Apirilak 22ko greba aurretik, apirilak 15ean ere administrazio eta sektore desberdinetako lan zentroetan mobilizazioak antolatuko ditugu ardura daukaten agintari eta alderdi politikoei irtenbide egoki bat eskatzeko.

Zerbitzu publikoen defentsan, enplegu publikoa sortu eta behin behineko langileen kontsolidazioa galdegiteko, sindikatuok abian jarritako mobilizazio dinamikaren baitan, kontzentrazio eta ekimen desberdinak gauzatu ditugu gaur sektore publikoko milaka langilek beraien lan zentroetan:

-EAEko hiru hiriburuetako udaletxeetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostian, ehundaka langilek babestutako kontzentrazioak gauzatu dira. Baita hiru lurraldetako beste hainbat udaletxetan ere, handienen artean, Gipuzkoako Orereta, Irun edo Eibar; Bizkaiko Durango, Gernika, Balmaseda, Getxo edo Galdakao; eta Arabako Laudio.

-Gipuzkoako Foru aldundian, Bizkaiko IFASen edota Arabako IFBSn ere elkarretaratze jendetsuak izan dira.

-Administrazio Orokorreko hiru hiriburuetako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean, hots, Gasteizen Lakuan, Bilbon Kale Nagusia 85ean, eta Donostian Andia kalean, zein Lanbideko zentro desberdinetan ere elkartu dira bertako langileak.   

-Osakidetzan hainbat ospitaletan eta osasun zentrotan gauzatu dira elkarretaratzeak, batzuk aipatzearren, Santiagoko ospitalea eta San Martingo osasun zentroa Araban, Gurutzetako ospitalea eta Basurtoko osasun zentroa Bizkaian edota Zumarragako ospitalea eta Amara Berriko osasun zentroa Gipuzkoan

-Hezkuntzan, Gipuzkoa eta Bizkaiko zentro gehienak itxita badaude ere, elkarretaratzeak gauzatu dira irekita dauden Arabako hainbat ikastetxetan, Adurtza eta Salburuakoak esaterako. EHU-Leioan ere elkartu dira langileak, eta Haurreskoletako langileak ekimenera batu dira, elkarretaratzeak gauzatuz, besteak beste, Gasteizko Izarra Haurreskolan edota Eibarreko kudeaketa langileak dauden lan zentroan.

-Garraio publikoari dagokionez, Metro eta Eusko Treneko langileek elkarretaratzeak egin dituzte.

-Komunikabide publikoen kasuan, EITBko Miramon eta Bilboko zentroetako langileek ere ekimena babestu dute, elkarretaratzeak gauzatuz.

Eusko Jaurlaritzak berak onartu bezala, Espainiako Estatuko eta Europako behin behinekotasun maila handiena daukagu gure sektore publikoan. %40tik gorako behin behinekotasuna ez da salbuespena, baizik eta administrazio, sektore eta eremu guztietan sistematikoki, modu orokortu batean eta kasu askotan iruzurrean errepikatzen den errealitatea.

Zerbitzu publikoen ahultzea eta langile publikoen prekarizazioa dakarten enplegu politika orokortu hauek azpikontratazio eta pribatizaziorako aurretiazko pauso gisa soilik uler daitezke. Gure agintariek zerbitzu publikoekin negozioa egiteko erabaki politikoa hartu eta horretara bideratutako neurriak sustatzen dituzte, beraz.

Egoera honi irtenbide egoki bat emateko ardura daukaten agintari zein alderdi politikoek erantzun egokirik ematen ez diguten bitartean, sindikatuok adostutako mobilizazio dinamikarekin aurrera jarraituko dugu. Hurrengoak, apirilak 15ean lan zentroetan gauzatuko diren mobilizazioak eta apirilak 22ko greba eguna.

Zuzendaritza independente bat eskatu dugu EITBrako

EiTBko zuzendariak Sabin Etxera edo Eusko Jaurlaritzara salto egiten ikusi ditugu, baina oraingoan bidea kontrako noranzkoan egiten ari dira. Duela hilabete batzuk Andoni Aldekoa izendatu zuten EITB Mediako zuzendari nagusi eta orain Ibone Bengoetxea aukeratu dute EITB Mediako zuzendari kargurako. Biak EAJko kideak eta politikagintzan arituak. Erabaki eskandalagarria, onartezina eta lotsagarria.

Andoni Aldekoa de la Torre Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aholkularia izan zen 16 urtez eta Iñigo Urkulluren Lehendakaritzako Komunikazio zuzendaria 2015 eta 2017 urteetan. Ibone Bengoetxea Otaolea 12 urtez izan zen EAJko zinegotzia Bilboko Udalean eta ondoren Bizkaiko Foru Gobernuko diputatua izan zen, Unai Rementeriak duela gutxi kargutik kendu zuen arte.

Aldekoa eta Bengoetxea EITB Media zuzentzen jarrita, EAJren asmoa agerian geratzen da: EITBn kontrol politikoa ezarri nahi du, komunikabide publikoa Gobernuaren komunikabide bilakatuz eta interes alderdikoien mesedetan aritzeko.

Ez dugu onartuko EITB Media EAJren propaganda tresna bihurtzea. Ez dugu onartuko ETB, Eusko Irratia eta eitb.eus Eusko Jaurlaritzaren NO-DO bilakatzea.

EiTBk objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EiTBk euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik.

Inoiz baino zuzendari eta gestore gehiago
Horrez gain, EITB Mediaren organigrama berria erabat salagarria dela uste dugu, gestore edo goi-karguen kopuruari dagokionez; izan ere, hiru enpresa ginenean (ETB, Eusko Irratia eta EITBNET) baino zuzendari eta gestore gehiago izango ditugu orain, hiru enpresa horiek EITB Media konpainia bakarrean fusionatu direnean. Ulertezina eta onartezina.

LABek urte luzeak daramatza EITB Mediako lanpostuak egonkortzeko eta plantilla estrukturala adosteko beharra dagoela aldarrikatzen, baina lan hori egiten hasteko baldintza zein den argi utzi dugu beti: gestoreen sistema desegitea (EITB Median 1000 langile eta 100 gestore daude). Zer egin du Andoni Aldekoa jaunak EITB Mediako zuzendaritzara heldu eta berehala? Zuzendari eta goi-karguen kopurua handitu.

Pandemiak urtebete egin duenean, aurrekaririk gabeko krisi sanitario eta sozio-ekonomikoa sufritzen ari garenean, EAJko bi komisario politiko jarri dituzte EITB Media zuzentzen. Garai zailak datoz komunikabide publikora.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek kalera atera dituzte berriro euren aldarriak

Greba eguna egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan. Hala, sindikatuok manifestazio bateratua egin dugu Gipuzkoako Aldunditik abiatuta, langileen lan-baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko aldarrikatzeko.

Jakina da helduen egoitzen kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoela eta, ondorioz, enpresa hauek gipuzkoar guztien diruarekin irabaziak edukitzen dituztela, egoiliarrek jasotzen duten arreta behar bezalakoa ez denean, gainera. Langileak helduen egoitzetan bizitzen ari diren egoera jasanezina da, lan karga handia, erritmo izugarriak eta estresa pairatzen ari dira. Azken finean, lanera joateagatik gaixotzen ari dira, eta errealitate hau aldatzeko garaia dela iritzi dugu.

Helduen egoitzetan egoera hau ematen ari den bitartean, sektoreko ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen du. Noiz arte jasan behar dute egoiliarrek eta langileek bidegabekeria hau?

LAB sindikatutik argi dugu sektorea publifikatzeko garaia dela, baita ratioak existitzen den errealitatera egokitzeko garaia ere. Gaur egun dagoen sistema goitik behera aldatu beharra dago.

Era berean, gaurko egunez, gure elkartasun guztia helarazi nahi diegu etxeko langileei, martxoak 30ean beraien errealitatea kaleratzeko eguna ere baita.

UTE Argiak enpresak grebarako eskubidea urratu du

Bilboko Udaleko argiteriaren ardura duen UTE Argiak enpresak grebarako eskubidea urratu du, lankide baten enpleguaren aldeko grebaren bigarren egunean, plantillako kide ez diren langileek ekitaldiak muntatzeko lanak egiten harrapatu dituztenean, jarduera hori berariaz kanpo utzi duelarik laneko lurralde-ordezkaritzak. Egitateak salatu izan dira momentuan poliziaren aurrean.

LABek berretsi egiten du Udalaren eta azpikontrataren arteko erabateko konplizitatearen tesia. Salatu egiten ditugu, batetik, ABEEaren iruzurrezko jarduerak, Lan Ikuskaritzaren aurrean erantzun beharko baitu; eta, bestetik, Bilboko Udalaren erabateko kontrolik eza, zeinak bestaldera begiratzen du zerbitzu publikoek egiten dituzten azpikontratetako langileen eskubideen urraketen aurrean.

Arabako metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu SEAren egoitzaren aurrean

LABek ekintza ikusgarria burutu du gaur, hilak 29, Arabako Metalean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Zehazki, sindikatuko hainbat kidek pankarta erraldoia zintzilikatu dute SEA patronalaren eraikinean, Gasteizko Urrezko Zeledoien Plazan.

Ekintza sinboliko honen bitartez, LABek SEA interpelatu nahi izan du, Arabako Metaleko negoziazio mahaia duela urtebete baino gehiago ez baita biltzen eta patronala erabat desagertuta dago.

Hortaz, sektoreak dituen arazoei erantzuten dien hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu, gure ustez izan beharko zituen funtsezko edukiak argi utziz:

– Soldata duinak, gutxienez 1.200 euro garbi hilean, eta igoera ziurtatuz sektore osoan. – Lanaldia jaitsi -inguruko altuena-, lana banatzeko.

– Prekarietateari aurre egitea, ebentualitatea jaitsiz, kontratetan subrogazioa bermatuz, ABLEak baztertuz eta praktikak eta formazio duala duinduz.

– Lan baldintza duinak, malgutasuna jaitsiz eta baimenak hobetuz.

– Emakumeen diskriminazioaren aurre egiteko neurri eraginkorrak.

– Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta bajan egonda soldata ez galtzea, are gutxiago lanekoak badira.

Ekimen berri honekin, LABek berresten du soilik aktibazioa eta mobilizazioren bidez lortuko dugula hitzarmen duin bat Arabako Metalean. Eta noski, LABek bultzatzeko konpromisoa dauka.

Edonola ere, LABek salatu nahi du ekimena burutzean poliziak 7 kide identifikatu dituela, baita bertan zegoen beste kazetari bat. Ohikoa denez, instituzioek bere lana erakusten dute lan gatazkak erreprimitzeko eta ez irtenbideak bilatzeko.

Zuastin hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu Iruñean

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du Iruñean, Nafarroako Garraio Departamentuaren aurrean, Zuastiko zerbitzu gunean hildako garraiolariaren lan heriotza salatzeko. Gutxienez, 13 langile hil dira aurten Euskal Herrian; horietako 3, Nafarroan.

Saltoki handien estatu mailako hitzarmenak langileak pobretu eta prekarizatzen ditu

ANGED patronalak eta FETICO, FASGA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako Biltegi Handien Hitzarmenaren negoziazio mahaia martxoan ireki eta itxi da. LABek ezezko biribila eman dio sinatzeari. Estatu mailako hitzarmena da, Hego Euskal Herrian ia ordezkaritzarik ez duten sindikatuekin batera negoziatuta, patronalaren helburu argiari erantzuten diona: inposatu nahi dituzten merkataritza-eredu eta lan-harremanen egokitzapenei alfonbra gorria jarriko ez dieten kontrabotere-sindikatuekin negoziatzea saihestea. Gero eta lan baldintza malguagoak, prekarioagoak eta merkeagoak. Lan-harremanen esparru propio baten aldeko apustuan berresten gaitu hitzarmen honek.

Hitzarmen honek ezartzen duen soldata-taula bertako merkataritzako probintzia-hitzarmenetan dugun batez bestekoaren oso azpitik dago. Bestela esanda: enpresa aberats hauek EAEko eta Nafarroako edozein merkatari txikik baino gutxiago ordaintzen diete langileei.

Hitzarmen honek saltoki handiei eta multinazionalei soilik eragiten die, besteak beste, El Corte Ingles, Ikea, Leroy Merlin, Fnac, MediaMarkt, Forum Sport… 2020 urtea ere etekin potoloekin itxi duten korporazioak. Aldiz, sektore honetako ohiko saltzaile baten soldatak ia ez du urteko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata gainditzen. Horren aurrean, hitzarmenak bi urtean %2ko igoera baino ez du proposatzen, beraz, igoera aplikatuta ere, probintziako hitzarmenen azpitik jarraituko dute. Gainera, sindikatu sinatzaileek eta patronalak erabakiko dute urtero soldata aldakorra kobratuko den ala ez. Ziurgabetasun gehiago, prekarietate gehiago.

Soldataren bat 1.000 eurotik gorakoa denean, osagarri eta pizgarriei esker izaten da, eta hauek gutxika-gutxika murrizten ari dira, on-line salmentaren sustapenaren ondorioz, honek lan denbora asko jaten badu ere, ez baitu komisiorik sortzen. Beraz, eros-ahalmena galtzen jarraitzen dugu.

On-line salmentara egokitzeko beharra da, hain zuzen ere, 24 orduz lan egiten duten plataformekin lehiatzeko premia aitzakiatzat hartuta, salmenta horrekin zerikusia duten lanetan urtean 5 igandez ateak itxita lan egiteko betebeharra ezartzeko baliatu dutena (hitzarmen honek, dagoeneko igandeen %34 ateak irekita lan egitera behartzen zuen). Horrela, hemen igande eta jai egunetan lan egitera behartzeko zirrikitu bat ireki dute, nahiz eta bezeroei itxita izan. Horrek lerro gorribatgainditzenduguretzatetaaurreanizangogaituzte: ateakitxitazeinzabalik,jaiegunetan,jai!

Digitalizazioaren ondorioz merkataritza-ereduan ematen ari diren aldaketen aurrean enplegua bermatzea deitzen diote mugikortasun geografiko eta funtzionalari erraztasun gehiago ezartzeari, horrela gure baldintzak malgutuz eta gure bizitzak epe luzera antolatzea eragotziz. Gaur sail honetan, bihar beste honetan. Gaur lantoki honetan, bihar beste horretan. Gaur Taldearen enpresa honetan, bihar beste hartan. “Enplegua babestea” deitzen diote, plantilla murrizteko EEEak egiten dituzten bitartean, une honetan El Corte Ingles egiten ari den bezala.

Eta amaitzeko, “trantsizio-hitzarmena” deitzen diote, neurri horiek egungo egoeraren ondorio direla eta aldi baterakoak direla ziurtatuz, azken urteetan jarraitu duten bide baten jarraipena dela eta geratzeko datozen neurriak direla jakingo ez bagenu bezala. Horrela izango da antolatu eta ezetz esan ezean. LABek argi daukagu: hemen ez, eta aurrean izango gaituzte.