2026-01-24
Blog Page 445

Zuzendaritza independente bat eskatu dugu EITBrako

EiTBko zuzendariak Sabin Etxera edo Eusko Jaurlaritzara salto egiten ikusi ditugu, baina oraingoan bidea kontrako noranzkoan egiten ari dira. Duela hilabete batzuk Andoni Aldekoa izendatu zuten EITB Mediako zuzendari nagusi eta orain Ibone Bengoetxea aukeratu dute EITB Mediako zuzendari kargurako. Biak EAJko kideak eta politikagintzan arituak. Erabaki eskandalagarria, onartezina eta lotsagarria.

Andoni Aldekoa de la Torre Iñaki Azkuna Bilboko alkatearen aholkularia izan zen 16 urtez eta Iñigo Urkulluren Lehendakaritzako Komunikazio zuzendaria 2015 eta 2017 urteetan. Ibone Bengoetxea Otaolea 12 urtez izan zen EAJko zinegotzia Bilboko Udalean eta ondoren Bizkaiko Foru Gobernuko diputatua izan zen, Unai Rementeriak duela gutxi kargutik kendu zuen arte.

Aldekoa eta Bengoetxea EITB Media zuzentzen jarrita, EAJren asmoa agerian geratzen da: EITBn kontrol politikoa ezarri nahi du, komunikabide publikoa Gobernuaren komunikabide bilakatuz eta interes alderdikoien mesedetan aritzeko.

Ez dugu onartuko EITB Media EAJren propaganda tresna bihurtzea. Ez dugu onartuko ETB, Eusko Irratia eta eitb.eus Eusko Jaurlaritzaren NO-DO bilakatzea.

EiTBk objektibotasuna, profesionaltasuna, aniztasuna eta neutraltasun politikoa bermatu behar ditu. Halaber, komunikabide publikoa den heinean, euskal herritarren zerbitzura egon behar du, eta ez EAJren edo Eusko Jaurlaritzaren zerbitzura. EiTBk euskal herritarrak profesionaltasunez eta objektibotasunez informatzea izan behar du helburu, aniztasuna eta neutraltasuna errespetatuz, eta ez besterik.

Inoiz baino zuzendari eta gestore gehiago
Horrez gain, EITB Mediaren organigrama berria erabat salagarria dela uste dugu, gestore edo goi-karguen kopuruari dagokionez; izan ere, hiru enpresa ginenean (ETB, Eusko Irratia eta EITBNET) baino zuzendari eta gestore gehiago izango ditugu orain, hiru enpresa horiek EITB Media konpainia bakarrean fusionatu direnean. Ulertezina eta onartezina.

LABek urte luzeak daramatza EITB Mediako lanpostuak egonkortzeko eta plantilla estrukturala adosteko beharra dagoela aldarrikatzen, baina lan hori egiten hasteko baldintza zein den argi utzi dugu beti: gestoreen sistema desegitea (EITB Median 1000 langile eta 100 gestore daude). Zer egin du Andoni Aldekoa jaunak EITB Mediako zuzendaritzara heldu eta berehala? Zuzendari eta goi-karguen kopurua handitu.

Pandemiak urtebete egin duenean, aurrekaririk gabeko krisi sanitario eta sozio-ekonomikoa sufritzen ari garenean, EAJko bi komisario politiko jarri dituzte EITB Media zuzentzen. Garai zailak datoz komunikabide publikora.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek kalera atera dituzte berriro euren aldarriak

Greba eguna egin dugu Gipuzkoako helduen egoitzetan, hitzarmenaren defentsan. Hala, sindikatuok manifestazio bateratua egin dugu Gipuzkoako Aldunditik abiatuta, langileen lan-baldintzak duindu eta zerbitzua hobetzeko aldarrikatzeko.

Jakina da helduen egoitzen kudeaketa enpresa pribatuen esku dagoela eta, ondorioz, enpresa hauek gipuzkoar guztien diruarekin irabaziak edukitzen dituztela, egoiliarrek jasotzen duten arreta behar bezalakoa ez denean, gainera. Langileak helduen egoitzetan bizitzen ari diren egoera jasanezina da, lan karga handia, erritmo izugarriak eta estresa pairatzen ari dira. Azken finean, lanera joateagatik gaixotzen ari dira, eta errealitate hau aldatzeko garaia dela iritzi dugu.

Helduen egoitzetan egoera hau ematen ari den bitartean, sektoreko ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiak beste alde batera begiratzen du. Noiz arte jasan behar dute egoiliarrek eta langileek bidegabekeria hau?

LAB sindikatutik argi dugu sektorea publifikatzeko garaia dela, baita ratioak existitzen den errealitatera egokitzeko garaia ere. Gaur egun dagoen sistema goitik behera aldatu beharra dago.

Era berean, gaurko egunez, gure elkartasun guztia helarazi nahi diegu etxeko langileei, martxoak 30ean beraien errealitatea kaleratzeko eguna ere baita.

UTE Argiak enpresak grebarako eskubidea urratu du

Bilboko Udaleko argiteriaren ardura duen UTE Argiak enpresak grebarako eskubidea urratu du, lankide baten enpleguaren aldeko grebaren bigarren egunean, plantillako kide ez diren langileek ekitaldiak muntatzeko lanak egiten harrapatu dituztenean, jarduera hori berariaz kanpo utzi duelarik laneko lurralde-ordezkaritzak. Egitateak salatu izan dira momentuan poliziaren aurrean.

LABek berretsi egiten du Udalaren eta azpikontrataren arteko erabateko konplizitatearen tesia. Salatu egiten ditugu, batetik, ABEEaren iruzurrezko jarduerak, Lan Ikuskaritzaren aurrean erantzun beharko baitu; eta, bestetik, Bilboko Udalaren erabateko kontrolik eza, zeinak bestaldera begiratzen du zerbitzu publikoek egiten dituzten azpikontratetako langileen eskubideen urraketen aurrean.

Arabako metalgintzarako hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu SEAren egoitzaren aurrean

LABek ekintza ikusgarria burutu du gaur, hilak 29, Arabako Metalean hitzarmen duin bat aldarrikatzeko. Zehazki, sindikatuko hainbat kidek pankarta erraldoia zintzilikatu dute SEA patronalaren eraikinean, Gasteizko Urrezko Zeledoien Plazan.

Ekintza sinboliko honen bitartez, LABek SEA interpelatu nahi izan du, Arabako Metaleko negoziazio mahaia duela urtebete baino gehiago ez baita biltzen eta patronala erabat desagertuta dago.

Hortaz, sektoreak dituen arazoei erantzuten dien hitzarmen duin bat aldarrikatu dugu, gure ustez izan beharko zituen funtsezko edukiak argi utziz:

– Soldata duinak, gutxienez 1.200 euro garbi hilean, eta igoera ziurtatuz sektore osoan. – Lanaldia jaitsi -inguruko altuena-, lana banatzeko.

– Prekarietateari aurre egitea, ebentualitatea jaitsiz, kontratetan subrogazioa bermatuz, ABLEak baztertuz eta praktikak eta formazio duala duinduz.

– Lan baldintza duinak, malgutasuna jaitsiz eta baimenak hobetuz.

– Emakumeen diskriminazioaren aurre egiteko neurri eraginkorrak.

– Lan osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak eta bajan egonda soldata ez galtzea, are gutxiago lanekoak badira.

Ekimen berri honekin, LABek berresten du soilik aktibazioa eta mobilizazioren bidez lortuko dugula hitzarmen duin bat Arabako Metalean. Eta noski, LABek bultzatzeko konpromisoa dauka.

Edonola ere, LABek salatu nahi du ekimena burutzean poliziak 7 kide identifikatu dituela, baita bertan zegoen beste kazetari bat. Ohikoa denez, instituzioek bere lana erakusten dute lan gatazkak erreprimitzeko eta ez irtenbideak bilatzeko.

Zuastin hildako garraiolariaren lan heriotza salatu dugu Iruñean

Euskal gehiengo sindikalak elkarretaratzea egin du Iruñean, Nafarroako Garraio Departamentuaren aurrean, Zuastiko zerbitzu gunean hildako garraiolariaren lan heriotza salatzeko. Gutxienez, 13 langile hil dira aurten Euskal Herrian; horietako 3, Nafarroan.

Saltoki handien estatu mailako hitzarmenak langileak pobretu eta prekarizatzen ditu

ANGED patronalak eta FETICO, FASGA, CCOO eta UGT sindikatuek sinatutako Biltegi Handien Hitzarmenaren negoziazio mahaia martxoan ireki eta itxi da. LABek ezezko biribila eman dio sinatzeari. Estatu mailako hitzarmena da, Hego Euskal Herrian ia ordezkaritzarik ez duten sindikatuekin batera negoziatuta, patronalaren helburu argiari erantzuten diona: inposatu nahi dituzten merkataritza-eredu eta lan-harremanen egokitzapenei alfonbra gorria jarriko ez dieten kontrabotere-sindikatuekin negoziatzea saihestea. Gero eta lan baldintza malguagoak, prekarioagoak eta merkeagoak. Lan-harremanen esparru propio baten aldeko apustuan berresten gaitu hitzarmen honek.

Hitzarmen honek ezartzen duen soldata-taula bertako merkataritzako probintzia-hitzarmenetan dugun batez bestekoaren oso azpitik dago. Bestela esanda: enpresa aberats hauek EAEko eta Nafarroako edozein merkatari txikik baino gutxiago ordaintzen diete langileei.

Hitzarmen honek saltoki handiei eta multinazionalei soilik eragiten die, besteak beste, El Corte Ingles, Ikea, Leroy Merlin, Fnac, MediaMarkt, Forum Sport… 2020 urtea ere etekin potoloekin itxi duten korporazioak. Aldiz, sektore honetako ohiko saltzaile baten soldatak ia ez du urteko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata gainditzen. Horren aurrean, hitzarmenak bi urtean %2ko igoera baino ez du proposatzen, beraz, igoera aplikatuta ere, probintziako hitzarmenen azpitik jarraituko dute. Gainera, sindikatu sinatzaileek eta patronalak erabakiko dute urtero soldata aldakorra kobratuko den ala ez. Ziurgabetasun gehiago, prekarietate gehiago.

Soldataren bat 1.000 eurotik gorakoa denean, osagarri eta pizgarriei esker izaten da, eta hauek gutxika-gutxika murrizten ari dira, on-line salmentaren sustapenaren ondorioz, honek lan denbora asko jaten badu ere, ez baitu komisiorik sortzen. Beraz, eros-ahalmena galtzen jarraitzen dugu.

On-line salmentara egokitzeko beharra da, hain zuzen ere, 24 orduz lan egiten duten plataformekin lehiatzeko premia aitzakiatzat hartuta, salmenta horrekin zerikusia duten lanetan urtean 5 igandez ateak itxita lan egiteko betebeharra ezartzeko baliatu dutena (hitzarmen honek, dagoeneko igandeen %34 ateak irekita lan egitera behartzen zuen). Horrela, hemen igande eta jai egunetan lan egitera behartzeko zirrikitu bat ireki dute, nahiz eta bezeroei itxita izan. Horrek lerro gorribatgainditzenduguretzatetaaurreanizangogaituzte: ateakitxitazeinzabalik,jaiegunetan,jai!

Digitalizazioaren ondorioz merkataritza-ereduan ematen ari diren aldaketen aurrean enplegua bermatzea deitzen diote mugikortasun geografiko eta funtzionalari erraztasun gehiago ezartzeari, horrela gure baldintzak malgutuz eta gure bizitzak epe luzera antolatzea eragotziz. Gaur sail honetan, bihar beste honetan. Gaur lantoki honetan, bihar beste horretan. Gaur Taldearen enpresa honetan, bihar beste hartan. “Enplegua babestea” deitzen diote, plantilla murrizteko EEEak egiten dituzten bitartean, une honetan El Corte Ingles egiten ari den bezala.

Eta amaitzeko, “trantsizio-hitzarmena” deitzen diote, neurri horiek egungo egoeraren ondorio direla eta aldi baterakoak direla ziurtatuz, azken urteetan jarraitu duten bide baten jarraipena dela eta geratzeko datozen neurriak direla jakingo ez bagenu bezala. Horrela izango da antolatu eta ezetz esan ezean. LABek argi daukagu: hemen ez, eta aurrean izango gaituzte.

Adostasunak eraikitzeko eta indarrak metatzeko apustua berresten dugu Aberri Egunaren etorrerarekin

Urtebete luze pasa da covid19ak gure eguneroko bizitza goitik behera baldintzatu zuenetik. Bigarren Aberri Eguna dugu, oraindik ere, osasun krisia gainditu ezinean, eguneroko bizitza berreskuratu gabe, aurreko krisiaren ondorioak bizkarrean (bizitzaren eremu guztietara zabaldu den prekarizazio eta pobreziaren hedapena) eta konturatzerako krisialdi sakon eta berri batean murgildurik gaude.

Euskal Herria Estaturik gabeko nazioa izanik, azken hilabete hauek estatuekiko dugun menpekotasunaren eta lurralde zatiketaren ondorioen eragina zein den erakutsi digute.

Bada, lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute, eta eraldaketa hori Euskal Herritik bultzatu behar dugula uste dugu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua egituratzeko urratsak emanez. Eredu sozioekonomikoak eskatzen duen errotiko eraldaketa sakona azken muturreraino eramateko, Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista erdietsi behar dugu.

Hemen bestelako errealitate sindikal eta sozial bat dugu. Euskal Herrian kontrabotere sindikalgintza indartsua dago. Patronalaren asmoei mugak jartzen ari gara, enplegu duinaren defentsan lantokietan egiten ari garen borrokarekin, langile elkartasuna sustatuz eta borrokak sozializatuz, CONFEBASK eta CENi mezu argi bat bidaltzen ari gara: badituzte bitarteko legalak langileak oso erraz kaleratzeko, baina erreforma horiek erabiltzeko zailtasunak dituzte.

Gehiengo sindikalean, gaur gaurkoz, ez dago akordio orokorretarako aukerarik, baina herri honetan gehiengo sozial zabala osatzen dugun eta aldaketa sozialak eta erabaki ahalmen handiagoa eskatzen dugunon arteko adostasunak eraiki eta indarrak metatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu.

Hala nabarmendu dugu 2021. urteko Aberri Egunaren atarian sindikatuak osatutako adierazpenean:

MasMovilen EEPak Euskaltelen pribatizazio prozesu eskandalagarriari amaiera ematen dio

Atzo ezagutu zen MasMovilek Euskalteli egindako Erosketa Eskaintza Publikoa (EEP). Honekin, Eusko Jaurlaritzaren bermea izan duen pribatizazio eta espoliazio prozesua amaitu da. LABek borrokan jarraituko du beharrezkoa den trantsizio digital eta ekologikoa ikuspegi ekosozialista eta feministatik gauzatu dadin, telekomunikazioen sektore estrategikoetan jabetza eta kontrol publiko eta sozialari lehentasuna emanez.

Euskaltel 1995ean sortu zen, %100eko kapital publikoarekin. %40 Eusko Jaurlaritzarena zen eta gainerako %60a garai hartan guztiz publikoak ziren 3 aurrezki kutxena. Kapital pribatuaren sarrera etengabea izan zen, 2012an Eusko Jaurlaritzak akzio guztiak saldu eta Kutxabank %50 baino gutxiagorekin geratu zen arte; jabetza eta kontrol publikoa betirako galdu ziren. 2015ean burtsaratzea gauzatu zen eta akziodun pribatuek akzioak saldu zituzten erosketa-prezioaren hirukoitzagatik. Zegona funts britainiarra 2019an sartu ondoren eta Masmovil EETa iragarrita, pribatizazio prozesua gauzatu da, Eusko Jaurlaritzaren oniritzia izan duena une oro.

LABek beti salatu du prozesu hori, bai enpresaren jabetza publikoa saltzea, bai enpresa burtsara ateratzea. Pribatizazio prozesu guztia interes espekulatiboz josita egon da, Euskalteleko langileen lan-baldintzak okertuz eta euskal gizarte osoari funtsezko zerbitzu publikoa kenduz.

Egitez edo ez-egitez, Lakua egoera horren konplize izan da. Ez du inolako interesik izan Euskaltelen izaera publikoa defendatzeko, ezta bere erabakigunea Euskal Herrian mantentzeko ere. Gogora ditzagun Tapiaren hitzak 2019an, Euskaltelen errotzea arriskuan ez zegoela esatean gezurra esan zuenean. Hain zuzen ere, horretan oinarritzen da Eusko Jaurlaritzaren lankidetza publiko-pribatua: enpresa publiko estrategikoak esku pribatuetara transferitzea, kapital publikoa xahutuz eta oinarrizko eskubideak pribatizatuz. Hori are larriagoa da aldaketa teknologikoaren eta produkzio sarearen birkonfigurazioaren testuinguruan. Euskal jendarteari lapurtu egin zaio bere eredu digitala birpentsatzeko eta herri honetako langileen zerbitzura dagoen eredu baterantz aurrera egiteko zuen tresna publiko bakarra.

Amaitzeko, LABek babesa eman nahi die Euskalteleko langileei, beren etorkizunari eta lan-baldintzei buruzko ziurgabetasunez beteriko astelehen bati aurre egin beharko baitiote. Era berean, sindikatuak salatu nahi du MasMovilek EETa iragarri izana albiste txarra dela Euskal Herriko langile guztientzat.

Donostiako Udaleko administrarien Lan Eskaintza Publikorako prestakuntza emango dugu

Donostiako Udalean 63 administrari hautatzeko deialdia egin dute, oposizio lehiaketa eta txanda irekiaren bitartez; 58 modalidade orokorrean eta 5 desgaitasunen bat dutenentzat kupoan gordeta. Hala, LAB sindikatutik, Ipar Hegoa Ikasketa Sindikaletarako Fundazioarekin lankidetzan, formakuntza emango dugu, Lan Eskaintza Publiko hori ardatz. Ikastaroan parte hartzeko izena ematea martxoaren 29tik apirilaren 15era izango da, eta formulario honen bitartez egin beharko da. Ikastaroaren kostea 20 eurokoa izango da afiliatuentzat eta 80 eurokoa afiliatua ez direnentzat. On line izango da, eta, formazioa jasotzeaz gain, galderak egiteko eta erantzunak jasotzeko aukera egongo da.