2026-04-21
Blog Page 439

Azken hiru urteetan hiru langilek bizia galdu dute Muxikan, baso lanetan; azkenekoa, 25 urteko gazte bat, gaur goizean

LAB sindikatutik irmoki salatzen dugu gaur goizean, Muxikan, baso lanetan ari zen langilearen lan heriotza. CO2 enpresako langilea zen, eta 25 urte zituen. Azken honekin  azken hiru urteetan hiru langilek bizia galdu dute Muxikan, baso lanetan.  Dagoeneko 31 langile dira, gutxienez, aurten lan istripuz Euskal Herrian hildakoak.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu hildako langilearen familia, senide eta adiskideei.

Baso lanen sektorean, arriskuak handiak dira; besteak beste,  makinaria arriskutsuak erabiltzen dira, kontrako klimatologia, lur malkartsuetan lana… sektore honetan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako, hemen ere.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzeko eskatzen dugu; lan baldintzak eta lan erritmoak, barne. Erantzuleak seinalatu behar dira.

Kezkagarria eta asaldagarria gertatzen ari zaigu lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte. Lan istrupuen gorakada prekarizazio politikaren ondorio zuzena da, baita erakundeek lan osasunean egiten ez duten kontrol zehatzarena ere. Lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa balitz, lan istripuek ez lukete zertan igo behar.

Instituzioei eta gobernuei beste aldera begiaratzeari uzteko eta behingoz lan osasun politikak errotik aldatzea exigitzen diegu, sarraski honen aurrean neurriak hartu eta  lanean ematen diren istripuak ekiditzeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubideen, segurtasunaren eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko duen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

Tubacex enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak #LortuDugu

LABek Tubacexeko langileak zoriondu nahi ditu, baita borrokan lagundu digun jende guztia ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Tubacexen kaleratzeen deuseztasuna deklaratzen duen epaia ezagutu ondoren. Eredugarria izan baita lorpen hau ekarri duen enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka.

Borroka hasi zenean, langileek bazekiten luzea eta gogorra izango zela. Gaur 146 egun bete ditugu greba mugagabean. 146 pikete egun, manifestazio egun, eskualdean eta eskualdetik kanpo martxak, Ertzaintzaren identifikazioak, salaketak, atxiloketak eta kolpeak, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak epai honen bidez berretsi duena salatzeko. Ez dago egiturazko arrazoi objektiborik 129 lankide kaleratzeko, eta ez dago arrazoirik lan-baldintzak suntsitzeko.

Baina bizitakoa gogorra izan arren, Tubacexeko langileek arrazoi asko dituzte harro egoteko egindakoaz eta lortutakoaz. Gaur, beraz, ospakizun eguna da langile guztientzat, eskualde osoarentzat eta Euskal Herriko langileentzat.

LABetik enpresari eskatzen diogu bete ditzala kaleratzeak baliogabetzen dituen epaia eta berehala onar ditzala kaleratutako langile guztiak. Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia onartzeko eskatzen diogu, etorkizuneko edozein errekurtso bertan behera uzteko, gatazka hau ahalik eta ondoen itxi ahal izateko eta, mehatxurik gabe, guztion artean Covidaren aldi baterako egoera honen aurrean erabakiak hartzeko.

Sortu duen gatazka eta zentzugabekeriaren aurrean, Tubacex erantzukizunak argitzera behartuta dago, eta, horregatik, Tubacexeko Zuzendaritzaren eta JesĂşs Esmoris kontseilari ordezkariaren dimisioa eskatzen dugu. Gure ustez, pertsona horiek sinesgarritasuna galdu dute langileen aurrean, eta enpresaren kudeaketa negargarria egiten dutela erakutsi dute; beraz, ez dira solaskide baliodunak enpresa batzordearekin eta langileekin etorkizunean izango dituzten harremanetan.

Azkenik, zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Jaurlaritza eta, zehazki, Industria Saila eta Lan Saila. Jendarteak arrazoia eman zigun aspaldi, eta orain auzitegiek eman digute arrazoia. Zer egiteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak? LABetik jarrera argia eta zalantza gabea eskatzen dugu: langileak lanera behin betiko bueltatzea bermatu behar du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu ez diezaiela laguntza publikorako zentimorik eman irabaziak murrizten eta, aldi berean, enplegua suntsitzen eta lan-baldintzak prekarizatzen aritzen diren enpresei.

Azkenik, enpleguaren eta lan- eta bizi-baldintza duinen defentsan oinarritutako industria-politika eskatzen dugu.

Prekaritateak eragindako lan heriotzek ez dutela etenik salatu dugu Durangon

Euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzea egin dugu Durangon, joan den astean lan heriotza gertatu zen obraren aurrean, San Fausto auzoan. Hain zuzen ere, eraikuntzako azpikontratatutako langile batek bizia galdu zuen, altueratik erorita. Dagoeneko 30 langile hil egin dira aurten Euskal Herrian.

Futuro InsĂłlito. Joan den astean hildako langilearen azpikontrataren izena da hori. Bi aste besterik ez zeramatzan bertan lanean. 22 urte zituen. Altueratik erori zen, paradoxikoki obraren segurtasun sarea jartzen ari zenean. Hau guztia ez da zoria, prekaritatea da!

Espainiako Gobernuak ezarritako arau-aldaketen aurrean, kontsolidaziorako lege propioa ozenago aldarrikatu behar dugu

Aldaketa horiek ez diote amaiera ematen hego Euskal Herriko milaka  langileren prekaritate-egoerari, eta, espero bezala, ez ditu kontuan hartzen euskal administrazioen errealitatea eta beharrak.

Espero zen bezala, euskal enplegu publikoaren arazoei irtenbidea ematea ez zen araudi zentralistetatik edo epaitegietatik iritsiko, baizik eta, LAB sindikatutik azken urteotan aldarrikatu dugun bezala, konponbidea etorriko da negoziazio kolektiboaren bidez eta euskal erakundeek, errealitate espezifikoa eta gure administrazioen beharrak kontuan hartuta, bere ahalmen legegile osoa garatzeko daukaten aukera gauzatuz.

Enplegu publikoa sortzeko eta egonkortzeko oztopoak jarri dituztenek, behin-behinekotasun tasa altuak sortu dituztenek, aurrekontuetan  murrizketekin, birjarpen-tasak ezartzearekin, orain Europako eskakizunari erantzuteko helburu bakarrarekin egin dituzte aldaketa hauek, aldi baterako langileen artean are babesgabetasun handiagoa sortuz, beren lanpostuak arriskuan jarriko direlako konpentsazio ekonomiko irrigarri batekin eta atzeraeraginezko izaerarik gabe.

Publikoaren kudeaketa inposatu nahi digute, pribatizazioetan oinarrituta, iruzurrean oinarrituta enpleguaren teknokrizazioan oinarrituta.

Madrildik  etorritako  injerentzia guztiak  indar  gehiago ematen  dio  etengabe errepikatzen  dugun aldarriari, hau da, EAEko Legebiltzarrean eta Nafarroako gobernuan ahalmen legegile guztiak erabili behar dituztela berme juridikoekin lege propioak aurrera ateratzeko. Alde batera utzi behar dira ez nahikoak diren proposamenak, adibidez, EAJk oraindik mantentzen duen Kidego eta Eskalen legea.

Eusko    Jaurlaritzari    eta   Nafarroako Gobernuari egin beharreko lege berri eta  aldaketa legalak  sindikatuokin negoziatzea eskatzen diegu:

•          Ez  dugu onartuko  Madril  izatea negoziazio-markoa. Kontsolidazio  lege propio bat ezinbesteko tresna da gure administrazioetan dagoen behin behineko tasa  eta prekarizazioarekin bukatzeko. Lege  honek  kontuan hartu behar du EAEn zein Nafarroan dagoen errealitate espezifikoa, behin-behinekotasun tasa handiak eta administrazio bakoitzaren errealitate desberdinak ere. Administrazio bakoitzaren prozesuak  sostengatu eta lege-esparruarekin babestuko duen tresna bat behar dugu.

•          Negoziazio   Kolektiboaren   aldeko aldarria  egiten dugu.   Tokian   toki negoziazio prozesuen   bitartez,  lanpostu  estruktural  guztiak identifikatu eta  lanpostuen  zerrendan sartzea helburutzat  daukagu, gaur  egungo iruzurrean  dauden lanpostu  guztiak aitortzea ezinbestekoa delako.

•          Salbuespenezko egoera bati, neurriko irtenbidea negoziatu. Administrazio ezberdinetan enplegua  egonkortzeko beharrezkoak diren salbuespeneko neurriak    negoziatu    behar dira, errealitate  ezberdinak kontuan  hartuta: adina,  antzinatasuna,  sarbide mota, feminizatuta dauden kolektiboak.

LABek berriro deitzen ditu langile publiko guztiak enplegu publikoaren eta lan baldintzen alde borrokatzen jarraitzeko, eta elkarlan sindikala bultzatzen jarraitzeko konpromisoari heltzen jarraitzen diogu.

Donostiako San Martin merkatalgunearen inguruan banatu dugu Gazteontzako Lan Eskubideen Gida, gazte prekarizazioari aurre egiteko Ernai-rekin batera osatutako borrokarako tresna berria

ERNAI eta LAB-eko kideak Donostiako San Martin merkatalgunean batu gara, apirila amaieran kaleratu genuen Gazteontzako Lan Eskubideen Gida jendarteratzeko. Gazte prekarizazioaren aurrean borrokarako tresna izateko asmoa du eta, horregatik, hain zuzen ere, merkatalgune honetan zabaldu nahi izan dugu. Izan ere, Inditex, Fnac eta tankerako enpresetan aurkitzen dugun gazte langileen egoerak larritzen gaitu.

Errealitatea bat da, erabili eta botatzeko langile bihurtzen gaituzte horrelako merkatalguneek. Zer esanik ez data hauetan; beherapenak, udako kanpainak, turismoa…aitzakia hartuta, lanaldi mugatuko eta baldintza kaskarreko kontratuak eguneroko ogia dira gazteontzat.

Baina gazteok egun bizi dugun egoera prekario hori ez da inondik inora kasualitatea. Gazteria kolektibo bereziki zapaldua gara, eskulan merkea eta merkantzia erraza garelako. Eta pandemiak bizi dugun krisi anizkoitza azkartu baino ez du egin. Herri langilearen eskubideen murrizketei ekin dio etengabe kapitalaren metaketa helburu duen sistemak eta krisi egoera hau ere horretarako baliatu nahi izan du.

Prekaritatea zer den oso ondo ezagutzen dugu gazteok. Hego Euskal Herrian 25 urtetatik beherako 16.196 gazte daude langabezian, 3 gaztetik 1. Aurreko urtetik hona, %37 egin du gora gazte langabeziak.

Emakumezkoek* eta emakume* gazteok pairatzen dugu prekaritatea oraindik sakonagoa da.Emakumezkoen* kasuan: 25 urtetik beherakoen emakumezkoen* langabezia tasa nabarmenki altuagoa da EAEn: %41,76koa izanik, orokorra baino ia 6 puntu altuagoa. Nafarroa Garaian, aldiz, 20-29 urte bitarteko langabeen %55 emakumezkoa* da.  

Gazte langileon esplotazioa emankorra da, beraz. Esperientzia ezaren izenean edo praktika kontratu amaigabeei esker gure eskulanaz are gehiago aprobetxatzen dira. Ezin dugu, beraz, prekaritatea elementu koiuntural gisa kokatu, gazte-prekaritatea egiturazkoa da.

Hego Euskal Herriko instituzioetatik, ordea, gazte prekaritatearekin amaitzea ez da inoiz agendan kokatu eta, gazte prekaritatearekin amaitzeko inolako determinaziorik egotetik urrun, instituzioek gazteon esplotaziorako tresnak eskaintzen dizkiote kapitalari eta enpresariei.

Kapitalaren ofentsiba berri honen aurrean, egoeraren larritasunak gazteon interesak nahiz klase interesak borrokatzeko dugun beharrak ERNAI eta LABen arteko aliantza birpentsatzera eta egokitzera eraman gaitu. Euskal langile klasea osatzen dugun gazte, jatorri anitzetako langile, langabe, ikasle, emakumeok*… denok gaude kapitalaren ofentsiba berri honen jopuntuan eta denok batera borrokatzeko tresnak behar ditugu.

Horren aurrean, borroka tresna bat izan nahi du Gazteontzako Lan Eskubideen Gidak. Borroka egiteko lehen urratsa, gure eskubideak zeintzuk diren ezagutzea baita; eta horretarako abiapuntu bat aurkituko du edonork gidan.  Euskarri fisikoan izango da eskuragarri, baita ernai.eus webgunean ere. BIZILAN.EUS atarian,  gainera, eduki gehigarria topatuko duzue.

Gazteok lan merkatuan “bakarrik” sartzen garela sinestarazi digute. Horrela sentitu gara. Bada, beraz, egoera honi buelta emateko garaia. Bestelako eredu laborala eraikitzeko, egungo ereduan gure eskubideak borrokatu behar ditugu. Eta borroka hau irabaztekotan kolektiboa izatea ezinbestekoa dugu. Borroka da dugun bide bakarra. Aurrez ere borrokaz lortu ditugu orain ezabatu nahi dizkiguten eskubideak, eta soilik antolatuz, borroka kolektiboz eta borroka sindikalez lortuko dugu lan merkatua irauli eta bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu sozioekonomikoa eraikitzea.

Euskal Estatu Sozialista, Feminista eta Euskalduna eraikitzeko haututa egin dugu, eta langile eta gazte borrokaz lortuko dugu!

Garbitzaileek elkarretaratzea egin dute Iruñeko Sarasate Pasealekuko komun publikoetan, ixtea saihesteko

Hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur, Sarasate pasealekuko komun publikoen aurrean, itxiera planak salatzeko. Elkarretaratzean azaldu dutenez, orain kendu nahi dituzten langileek tratu humanoa ematen diete erabiltzaileei, eta, aldi berean, komun automatikoak baino 10 aldiz pertsona gehiago artatzen dituzte. Horregatik, ixteko saiakera zerbitzu publiko baten aurkako erasotzat jo dute.

Elkarretaratzean jakinarazi bezala, Sarasateko komunek 100 urte bete dituzte gaur, eta “borrokatuz gero, urte gehiago ospatzen jarraitu ahal izango dugu”. Zentzu horretan, langileen oposizioari esker Udalak gainontzeko komun publikoak ixteko planak bertan behera utzi dituela gogorarazi dute.

Bilera bat eskatuko dugu Gizarte Eskubideen sailburu Carmen Maezturekin, Nafarroako zaharren egoitzak publiko egiteko estrategia bat abian jartzeko

Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak Nafarroako zaharren egoitzei buruz egindako txostenean jasotako datuen sendotasunak Nafarroako Gobernua zuzenean interpelatzen du. Horrela, LABek Gobernuari eskatu dio argi dezala eredu horren alde egiten jarraituko duen, erakutsi baitu zer ondorio dituen.

Horrela, LAB sindikatuak bilera bat eskatuko du Carmen Maeztu Gizarte Eskubideen sailburuarekin, Nafarroako zaharren egoitzak publiko egiteko estrategia bat abian jartzeko. Era berean, LABen iritziz, apustu horrek langileen osasuna eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua bermatuko dien ratioen lege bat jaso behar du, bai eta egoitzetako lehen hitzarmenarekiko konpromisoa eta laguntza ere, Nafarroako sektoreko langileen lan-baldintza tamalgarriak berehala duintzeko. Bestela esanda, etorkizunari begiratu eta egoitzen egoerari irtenbidea eman.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak eta sailburuak berak defendatu dute Legebiltzarraren eta jendartearen aurrean egoitzen egungo negozio-eredua, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, bai eta pandemiaren garaian egindako kudeaketa ere. Hala ere, LAB sindikatutik beti esan izan dugu gure adinekoen heriotzen atzean, koronabirusa ez ezik, gure adinekoen osasunarekin eta zaintzarekin negozioa egin nahi duten batzuen zekenkeria ere bazegoela. Lan Osasuneko Institutuaren txostenaren arabera, kutsatzeak azpiegituren gabeziengatik eta babes-ekipamendurik ezagatik gertatu ziren. Hau da, erakusten du Gobernuak eta sailburuak gezurra esan zutela porrot egin zuen eredu baten ondorioak ezkutatzeko.

Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan egindako iruzurragatik deklarazioak hartzen hasi dira berriz ere

Aste honetan berriro ekingo zaio LAB sindikatuak eskatutako deklarazioari: 6 lagun lekuko gisa, eta beste 5 ikertu gisa, Osakidetzaren iruzurrezko LEParen kasuan.

Lekukoen deklarazio gehienek LEParen prestaketei buruzko datuak eta IVAPen parte-hartzeari buruzko datu zehatzak emango dizkigute. Kategoria batzuetan, erakunde horrek egindako azterketetan azterketak ere filtratu ziren; horretarako, IVAPeko kideek lekukotza emango dute. Euskadiko Medikuen sindikatuko eta Osakidetzako kideek deklarazioa egingo dute Fakultatiboen probetarako adostutako prozedurari buruzko gaiak argitzeko; izan ere, LEP akordiorako medikuen sindikatuak sinatzea ekarri zuen.

Osakidetzak ezarritako neurriak parte-hartzaileei begira prozedura garden baten berme gisa erabili zituen, baina LABek fiskaltzaren aurrean salaketa jarri ondorioz, azterketen egileek anonimotasuna galdu zuten, horri esker agerian geratu zen IVAPen instrumentalizazioa. Esan ahal dugu IVAPen parte-hartzea erabat instrumentala zela, probak egiten zituzten adituak ez zituen IVAPek izendatzen, baizik eta Osakidetza berak eta aditu horietako gehienak epaimahai kalifikatzaileetako kideak ziren.

Kirurgia plastikoaren kategoriak, traumatologiarekin batera, datozen egunetarako arreta jarriko du. LABek eskatuta inputatutako 5 pertsonek lotura dute bi kategoria horiekin.

LABek beste behin ere berretsi du konpromisoa duela berdintasuna, meritua eta euskal gizarte osoak enplegu publiko bat lortzeko duen gaitasuna bermatuko duten LEP prozesu garbiekin. Kasu honetan, herri-akusazio aktiboa egin du, eta orain arte Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian onartutako eginbide guztiak egiteko eskatu du.

Era berean, defendatzen jarraitzen dugu berme-mekanismoen zorroztasunik ezak, prozesuak dituen pitzadurek eta hainbat jarduera zehatzek agerian uzten dutela Osakidetzako zuzendaritzaren parte-hartzea ezinbestekoa zela filtrazioak gerta zitezen eta zigorrik gabe gera zitezen. Langile, alderdi politiko, herritar eta LAB bezalako sindikatuen salaketak euskal osasun publikoan lanpostuak banatzen zituen bezero sare baten planak zapuztu zituen. Sare horren nukleo operatiboa Jon DarpĂłn, MÂŞ Jesus Mugica, Xabier Balerdi, Juan Carlos Soro, Andoni Arcelay eta Miriam Apariciok osatzen zuten.

Haurreskolak Partzuergo publikoko gerentea kargutik kentzeko eskatu diogu Hezkuntza sailburuari

LAB, STEILAS eta ELA sindikatuon oharra:

Gaur, hilak 5, Haurreskolak Partzuergoko ikasturteko Batzar Nagusia bilduko da. Bertan, Jokin Bildarratz lehendakaria duen Zuzendaritza Batzordeaz gain, Haurreskolak Partzuegoaren kide diren udaletako ordezkariak bilduko dira. Nabarmendu behar dugu Haurreskolak Partzuergoaren etorkizunari eta haurren eta familien beharrei buruzko eztabaida sustatzen ez duen foroa izateaz gain, bilera hori aurrekontu-partidak onartzera mugatzen den esparru bihurtu duela Administrazioak berak. Horrez gain, udalen bozken muga salatu behar dugu, Hezkuntza Sailak baitu bozka kopuruaren gehiengoa.

Bukatzear dagoen ikasturtea berezia izan da oso, eta, pandemia bete-betean, Haurreskolak Partzuergo publikoko gerentea den Zorione Etxezarragak ez bezala, langileok eta familiak arduraz jokatu dugu. Ardura falta horrek izugarri kezkatzen gaitu.

Izan ere, Hezkuntza Sailak 2020ko urtarrilean izendatu zuen Zorione Etxezarraga Haurreskolak Partzuergo publikoko gerente ate birakarien bitartez, hezkuntzaren esparruan inongo ezagutzarik izan gabe; zer esanik ez 0-3 zikloaren gainean. Harrezkero, zerbitzu publiko horren noraeza izugarria izan da. Hezkuntza zerbitzu publiko horren funtzionamendu egokia eta bideragarritasuna bilatu baino, aurrekontura nola mugatu izan da bere helburu bakarra. Horretarako langileon, haur eta familien eskubideen gainetik pasa da hainbatetan, lotsarik gabe. Horrela onartu zuen ikasturte hasieran Legebiltzarrean, langileok mobilizazio dinamikan murgilduta geundenean, egin zuen agerraldian: “Ez zuen langileekin sinatuta dagoen lan hitzarmena betetzen, dirua ez zitzaiolako heltzen.”

Gerente kargua hartu zuenetik negoziazio kolektiboa bahituta izan du eta langileok 8 greba egun egin behar izan ditugu blokeoa gainditzeko eta Lan Hitzarmen berriaren negoziazioari ekiteko. Hala eta guztiz ere, negoziazioaren hastapenetan mahai negoziatzaileetan agerian geratu da Hezkuntza Saila eta gerentziaren arteko koordinazio eza. Ondorioz, negoziazioak erritmo mantsoegia hartzeaz gain, trabak besterik ez ditugu aurkitu bileraz bilera.

Halaber, etengabean saihestu nahi izan du langileen ordezkariekin elkarrizketa. Lan sindikala etengabean oztopatu du, sindikatuak informatu gabe eta deialdirik gabeko batzordeak sortu ditu, adostu gabeko prozesuak abian jarri ditu, informazioa ezkutatu su, etab. Zerbitzuaren, familien eta hezitzaileen kaltetarako erabakiak hartu eta hurrengo egunean bertan behera utzi ditu baita ere, hezkuntza komunitatearen kexak tartean. Ikasturte bukaeran gauden honetan, besteak beste, oraindik ez dakigu zein irizpideren baitan hornituko diren haurreskolak hezitzailez datorren ikasturtean.

Hori guztia kontuan harturik, gaur Bilboko Hezkuntza Ordezkaritzan egin dugun eskaeraren bidez, Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua eta Haurreskolak Partzuergo publikoaren Lehendakariari dagokion erantzukizuna bete dezala exijitzen diogu: berandu baino lehen, Zorione Etxezarraga gerentea kargutik kendu eta Hezkuntza Sailean Haurreskolak Partzuergoaren integrazio adostua negoziatzen has dadila eskatzen diogu. Horrela, lanpostuak egonkortzeaz gain, Haur Hezkuntzako lehenengo zikloari (0-3ari, alegia) hezkuntza sisteman aspaldi zor zaion tokia aitortuko litzaioke, udalen eskumena handituz eta familia eta haurren beharretara egokituz.

Era berean, gogora ekarri nahi dugu 2018an Legebiltzarrak 18.000 euro baino errenta baxuagoa duten familientzako haurreskolen doakotasuna onartu eta doakotasun osorantz urrats gehiago ematea eskatu zuenetik, Eusko Jaurlaritzak ezer gutxi egin duela. Beraz, haurrek aukera berdintasunean hezkuntzarako duten eskubidea bermatzeko doakotasun osorako beharrezko urratsak emateko garaia badela uste dugu.