2026-01-24
Blog Page 434

Madrilek plataforma digitalen banatzaileen inguruan onartutako “rider legea” ez da nahikoa, eta prekaritateari ateak zabalik uzten dizkio

LABek berresten du estatuko Ministroen Kontseiluan onartutako legea ez dela nahikoa eta ez dituela plataforma digitaletako langileen lan eskubideak bermatzen. Aitzitik, ateak zabalik uzten ditu etxez etxeko banaketa-enpresa digitalek beste bide batzuk bila ditzaten riderrak esplotatzen eta prekarizatzen jarraitzeko.

Ez dugu ahaztu behar plataforma digitalek etxez etxeko banaketarako ezarri duten eredua kapitalaren estrategia oso baten izozmendiaren punta dela. Horregatik, ezaugarri horiek dituen erregulazio bat ezin da riderretara mugatu, ustezko autonomo guztiak hartu behar ditu, eta azpikontratazioaren gaitza errotik konpondu. “Ad hoc” salbuespenak edo erregulazioak ezartzeak lan eskubideen aplikazio orokorra ahuldu besterik ez du egiten.

Bestalde, legeak ez du errotik bukatzen mota honetako enpresen ereduaren muinarekin: algoritmoa eta haren aplikazioa produkzio prozesuan. Egia da langileek algoritmoek lan baldintzen gaineko eraginari dagokionez ezartzen dituzten arauei buruzko informazioa izan beharko dutela, baina ez da ezartzen horien gaineko kontrol publikorako mekanismorik. Algoritmoen ezagutza eta erregistro publikoa ezinbestekoa da enpresa horien jarduera kontrolatzeko.

Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, bai eta Lan Ikuskaritzaren txostenen eta, batez ere, langileen borroken ondoren, onartezina da borroka prozesu osoa faltsuan ixtea. Inoiz baino garrantzitsuagoa da gogoratzea borroka prozesu guztia langileen antolaketari esker izan dela, estatu osoko sindikatu alternatiboekin batera, non LAB presente egon den.

Egun, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatuta gaude, Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean, Bilboko eta Iruñeko makro epaiketetan langilegoa ordezkatuz eta atal sindikalak sortuz. Bada garaia Euskal Herritik sektore horren beharrei erantzuteko, aurrerantzean zuzenduko duen esparru juridikoa ematekoa. Bizkaiko kasuan, LABek azaroan proposatu zuen banatzaileak Bizkaiko Ostalaritza Hitzarmeneko III. kategorian sartzea (1.419,06 euro 15 ordainsaritan), eta ildo horretan lanean jarraitzea bermatu genuen.

Ildo horretan, premiazkoa da ustezko autonomoen iruzurra eta azpikontratazioa bere osotasunean bukatzearen alde egitea, tresna digitalen kontrol publikoa duen erregistro bat sortzea eta lan harremanen esparru eta kode propio bat ezartzea ildo horretan aurrera egiteko. Antolaketaren, borroka kolektiboaren eta sektorearen batasunaren bidez, riderren lan baldintzak hobetu daitezke Euskal Herrira negoziazioa ekarriz.

Bilboko Udaltzaingoa bere eskumenekoak ez diren ordena publikoko eginkizunetan erabiltzen ari direla salatu dugu

Bilboko Udaltzaingoak bart Alde Zaharreko Arrakala lokala husten parte hartu zuela eta, LAB sindikatuak honako hau adierazi nahi du:

– Udaltzaingoa bere eskumenekoak ez diren ordena publikoko eginkizunetan erabiltzen ari direla salatzea. Berriz ere, udal gobernuak Bilboko Udaltzaingoari eramaten ari zaion deriba autoritario eta errepresiboaren adierazpen berri baten aurrean gaude. Gero eta gehiago urruntzen ari da udaltzaingoa ustez defendatzen duen hurbileko poliziaren eredutik.

Errepresioaren bidez gizarte-arazoei aurre egitea guztiz kontraesankorra da gizarte-eragileekin lankidetzan eta bitartekaritzan oinarritutako hurbileko poliziaren ideiarekin. Alkatea eta EAJ-PSE gobernua udaltzaingoaren eta herritarren arteko aldea handitzen ari dira, murriztu beharrean.

– Udal gobernuak aho batez onartutako segurtasun akordioa hautsi du. Era berean, Amaia Arregi jarduneko alkateak ez dio jaramonik egin Udaleko Enpresa Batzordeak aho batez egindako adierazpenari, zeinean Gobernu Taldeari eskatzen baitzaio udal langileak ez erabiltzeko etxegabetzeen ondoriozko kaleratzeetan. Baita langile publikoak bankaren interesen eta, oro har, interes pribatuen zerbitzurako tresna ez bihurtzea ere.

– Alkateari eta EAJ-PSEri eskatzen diegu errepresio-dinamika hori bertan behera utz dezatela, ez dezatela parte hartu datozen egunetarako programatuta dauden etxegabetzeetan eta ez ditzatela babestu.

Ildo horretan, Arrakala espazioa hustea testuinguruan kokatu behar dugu. Etxebizitzaren arazoa areagotzen ari da covid- 19aren krisiaren ondorioz, eta une honetan langileen eta etxebizitzarako eskubide unibertsalaren aurkako eraso batean murgilduta gaude. Aste honetan bertan, Bilboko Arrakala husteaz gain, gutxienez beste bi etxegabetze aurreikusten dira, eta horrek erakusten du kapital finantzarioa eta higiezinen interesak lehenesten ari direla langile klasearen eskubideen gainetik.

Etxebizitza duina izateko eskubide unibertsala, lehen mailako printzipio politikoa izateaz gain, premiazko behar materiala da milaka familiarentzat. LAB sindikatuak argi du eskubide horren defentsan lehen lerroan egotea dela bere lekua. Era berean, langile guztiak animatzen ditugu aktiboki parte hartzera, gauzatu nahi dituzten kaleratze horiek guztiak eragotziz.

Langileen bizitza eta osasuna lehentasun moduan izango dituen eredu baten alde egiten dugu

Jakin dugu, astelehenean, Adunako Refrectarios Kelsen enpresan, 59 urteko langile bati bihotzekoak eman ziola eta bertan hil zela. Azken hildako honekin eta urtea hasi denetik, gutxienez 21 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hil direnak. Gainera, ezin dugu ahaztu Joaquin Beltranek desagertuta jarraitzen duela Zaldibarreko zabortegian duela 15 hilabete eta 5 egun.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi dizkiegu hildakoaren senide eta lankideei.

Lanean bihotzekoak edo zirkulazio gaitz baskularren bat ematea ez da kasualitatea izaten. Patronalak dioen bezala, ez da izaten lanarekin zerikusirik ez duen zerbait.

Jakina da horrelako gertaerak baldintza zehatz batzuen pean gertatzen direla. Lanean jasotzen diren presioak edo estresa bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak dira eta gehienetan, determinanteenak, bizi eta lan baldintzekin batera.

Istripu ez traumatikoak, bihotzekoak eta iktusak bilakatu dira lan istripu hilgarrien arrazoi nagusia. Aurten, dagoeneko bost langile hil dira arrazoi horiengatik.

Argi daukagu lan istripuak, traumatiko zein ez traumatikoak, ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, indarrean dauden lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza baizik.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Norbanako, familia eta gizarte osoarena den gaitz honekin amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira. Lan harreman eta joko arauen aldaketa behar dugu, beste guztiaren gainetik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituen eredu berri bat.

Sindikatu, alderdi politiko, instituzio eta patronalarekin bilerak egingo ditugu, lantokietan euskara normalizatzeko lanbidearteko akordioaren berri emateko

LABek, Kontseilua eta ELArekin batera, azaroan adierazi bezala, soilik enpresen %1 inguruk du lantokietan euskararen erabilera normalizatzeko plangintzaren bat martxan. Ondorioa argia da, lantokietan euskararen erabilera gizarteko beste esparru batzuetan baino txikiagoa da, herritar gehienek bertan beren bizitzaren parte garrantzitsu bat igaro arren.

Egun lanean hasten ari diren gazte gehienak euskaldunak izanik ere, ondoren ez dute euskaraz lan egiteko aukerarik. LABek, Kontseiluak eta ELAk enpresetan ere euskararen normalizazioan urratsak eman beharko liratekeela uste dugu eta horregatik proposatu genien patronalei normalizazio hori lantokiz lantoki negoziatzeko urratsak eman zitezela eta horretarako Lanbidearteko Akordio bat sinatu zezatela.

Azaroan 50 langiletik gorako enpresa guztietan Euskara Planak negoziatzeko proposamena publiko egin ondoren eta horretarako CEN eta CONFEBASKi Lanbidearteko Akordioa sinatzea proposatu, LABek, Kontseiluak eta ELAk gure proposamenaren xehetasunak emango dizkiegu aste honetatik aurrera alderdi politiko, beste sindikatu, instituzio eta patronalari berari. Eragile guztiei proposamenarekiko atxikipena eta babesa eskatuko diegu, denon artean langileek euskaraz lan egiteko eskubidean urratsak eman ditzagun.

Bide horretan, asteazken honetan CCOO sindikatuarekin bilduko gara, ostiralean Legebiltzarrean PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta EAJrekin, eta datorren astean EH-Bildurekin.

25 garbitzaile berronartzeko eta diru publikoarekin kaleratzeak ez finantzatzeko mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundian

Joan den azaroan, LAB sindikatuak Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa-kontratan 25 langile kaleratu zituztela salatu zuen. Zerbitzu horretan enpresa esleipendunen aldaketa ematen zela aprobetxatuz, Garbialditik Optima Facility Services-era, 25 langileri baja eman zitzaien Gizarte Segurantzan, subrogaziorako baldintza guztiak betetzen bazituzten ere.

Langile horiek hilabeteak zeramatzaten Covid errefortzu gisa lanean Foru Aldundiaren bulego eta eraikinetako garbiketa eta desinfekzio-lanetan. Gehienek, gainera, hainbat urte zeramatzaten zentro horietan lanean, eta hainbat kontratu sinatu zituzten aurretiaz aldi baterako bajak ordezkatzeko edo oporrak kubritzeko.

Kalean mobilizatu ginen, eta, aldi berean, epaitegietan kaleratzeagatiko demanda andana aurkeztu genituen. Epaiak langileen aldekoak izaten ari dira. Arrazoi genuen gure lankideak subrogatuak izan behar zirela esaten genuenean eta azaroan ikusitakoa kaleratze bat izan zela salatzen genuenean. Parekorik gabeko kaleratzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren garbiketa-zerbitzuari dagokionez.

Gaur mobilizazioa egin dugu Foru Jauregiaren aurrean; gertakari horien berri emateko, baina baita borroka hemen amaitu ez dela iragartzeko ere. Epaiak onartzen du langileen kaleratzea ez dela bidezkoa izan, baina Optima enpresari aukera ematen dio erabakitzeko langileak berriro lanean hartzeko edo kaleratzeagatiko kalte-ordaina ordaintzeko. Eta enpresa bigarren aukera horren aldeko hautua egiten ari da. Hau da, Bizkaiko Foru Aldundiak, garbiketa zerbitzua emateagatik ordaintzen ari dion diru publikoa erabiltzen ari da kaleratzeak finantzatzeko. Bidegabeko kaleratzeak finantzatzeko. Zergadunon dirua enplegua suntsitzeko erabiltzen izaten ari da.

Joan den astean, gertaera horien berri eman genion Bizkaiko Foru Aldundiari, eta eskatu genion bezero gisa eska ziezaiola kontratari azaroan kaleratutako gure lankide guztiak berriro hartzeko. Ez dugu erantzunik jaso. LABetik, berriz ere, Optima- ra jo dugu, Aldundira jo dugu: gure garbiketa-lankide guztiak berriro hartzea nahi dugu. Lan zentroetan nahi ditugu, gurekin batera lan egiten. Diru publikoarekin kaleratzerik ez!

Gasteizko Udalak azpikontratetako langileak ahaztu ditu berriro

Gasteizko Udalak, txertaketa egiteko Lakua03ko pilotalekua Osakidetzari lagatu izanak, Lakuako frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuko langileak langabeziara bidali ditu.

Joan den apirilean, Gasteizko Udalak Lakua03ko pilotalekua utzi zion Euskal Osasun Zerbitzuari, Arabako Covid-19aren aurkako txertaketa-kanpainaren erreferentzia gune bezala prestatzeko. Modu horretan, Osakidetza instalazio osoa kudeatzera pasatu da.

Hori dela eta, frontoiaren kontrol eta garbiketa-zerbitzuaren enpresa emakidadunak, Disport Eki enpresak, aldi baterako enplegu erregulazio espediente bat aplikatu die instalazioan lan egiten duten kantxeroei. Hiru pertsona, inolako errurik izan gabe, langabeziara doazenak gutxienez 6 hilabetez. Gainera, soldata baxuak dituzten pertsonez ari gara, prekarietatea sendotzeko faktore bat.

Beste behin ere, udal-erakunde nagusiak, berri ere Udaleko azpikontratetako langileak ahaztu egin dituela ikusten dugu. Beste behin ere ikusten dugu administrazio batek langileak bazterrean uzten dituela.

Norbaitek pentsatu al du aldez aurretik pertsona horiei zer ondorio ekarriko zizkien instalazioa Osakidetzari lagatzeak? Zergatik ez zen Udaleko arduradun bat ere harremanetan jarri langileekin edo zerbitzuaren enpresa emakidadunarekin instalazioa lagatzeak izan zitzakeen ondorioez arduratzeko? Hain zaila izango zatekeen hiru pertsona horiek instalazioan lanean jarraitzea, egiten ari ziren lan gehienak eginez, hala nola instalazioa ireki eta ixtea, sarbidea kontrolatzea edo instalazioa garbitzea?

Horregatik, LAB sindikatutik Gasteizko Udalak duen planifikazio gabezia eta inprobisazioa salatu nahi dugu, baita zerbitzu publiko bateko azpikontratetako langileen babesgabetasuna ere.

Kartzela politika berria eta presoak etxeratze bidean jartzea eskatzen dugu

Gaur sinatu da EAEko espetxeen kudeaketaren inguruko transferentzia. Lehenik eta behin, honek agerian uzten du administrazio autonomikoen estatuarekiko menpekotasuna eta burujabetza falta. Eredu autonomikoa aspaldian agortu zen, 42 urte pasa dira Estatutua onartu zenetik eta oraindik ere guztiz bete gabe badago ere, herritarren presioari esker lortu den eta ongi etorria den eskualdatzea dela esan dezakegu.

Espetxe kudeaketaren transferentziak, pertsonak suntsitu eta erail dituen salbuespenezko espetxe politika anker eta krudela albo batera utzi eta espetxe politika eredu berri baterako aukerak irekitzen dituela uste dugu.

Euskal Herrian eremu politiko, sindikal eta sozialean adostasun zabalak eraiki dira espetxe politikan aldaketak eskatzeko. Babes zabala dauka salbuespen neurriak albo batera utzi eta presoei legedia arrunta ezartzearen aldarrikapenak, presoak euskal herriratu eta gradu aldaketak ahalbidetuz. 

Aldarrikapen hauek lortzeko helburuarekin, LABek lanean jarraituko du adostasunak bilatu eta aktibazioa hauspotuz.

CCOOek eta UGTk FEIQUE patronalarekin adostutako Kimiketako Estatuko Hitzarmena baztertzen dugu, prekaritatea betikotzen duelako

Estatuko negoziazio eremuaren aldeko CCOO eta UGTren apustuak, bertako bertako negoziaketa kolektiboa oztopatzeaz gain, pobretzea dakar. Sinatu berri den estatuko hitzarmenak oso baxuak diren soldaten gaineko %1, %2 eta %2ko igoerak adostu ditu. Baina gainera, 2021. urterako, soldaten igoera soilik uztailetik aurrera aplikatzea adostu dute. Hau da, benetan, soldata igoera 0,5koa soilik izango da 2021an. Gogoratu behar dugu 14.892,26 eurotako urteko soldatak arautzen dituela. Miseriazko soldataz ari gara.

Gainerakoetan ez dago apenas hobekuntzarik, legearen aplikazio hutsaz haratago. Hitzarmen honek ez die mugarik jartzen sektoreak dituen arazo nagusiei: ebentualitate handia, ABLEak, azpikontratetako langileentzat subrogazio eskubidea, lan osasuna.

1.752 orduko lanaldiari eusten dio, estatuko lanaldirik handiena dena. Malgutasuna erabatekoa da eta lan erreforma bertan behera uzteko klausularik ez dago, beraz, hitzarmena ez betetzea ahalbidetzen zaie enpresei.

Gainera, LABen harridurarako, atzerapauso larri batzuk ere badaude: lan osasuna eta lan istripuak lehentasunezko gaiak dira kimiken sektorean, izan ere, lantoki askotan erabiltzen diren sustantziak eta egiten diren jarduerak arriskutsuak izan ohi dira. Horregatik ezin da ulertu 50 eta 100 langile arteko enpresetan prebentzio delegatu bat kendu izana onartzea (lehen 3 ziren eta orain 2).

Aipatu arrazoiengatik hitzarmen hau ez da Hego Euskal Herriko langileek behar dutena. LABek lanean jarraituko du estatuko hitzarmenak arautu ez ditzan Euskal Herriko sektoreko langileen lan baldintzak. LAB buru belarri arituko da lantokietan, ez soilik hitzarmen honen edukiak hobetzeko, baita langileen lan baldintzak hobetuko dituen benetako neurriak ezartzeko ere.

FVEMek Bizkaiko metaleko berdintasun batzordean duen blokeozko jarreraren aurrean, beharrezko pausoak emango ditugu sektorea aktibatzeko eta mobilizatzeko

Bizkaiko metaleko hitzarmena sinatu arteko bidea ez zen batere erraza izan. Sektore horretako langileen kolektiboa modu masiboan atera zen kalera, modu irmoan. Langileek argi zuten, beraien lan- eta bizi-baldintzak aldatuko zituen hitzarmenaren alde ari zirela borrokan. Horretarako, ezinbestez, hitzarmen honek ikuspegi feminista bat jaso behar zuen, pertsonen bizitza erdigunean jartzeko, eta ez kapitala.

Bizkaiko metalean emakumeek bizi duten egoera ez da ezezaguna inorentzat. Emakumeen presentzia oso txikia da, izan ere, metaleko enpresa gehienetan debekatuta dute lanean sartzea jendartea osatzen dugunon erdiok, hau da, emakumeok. Eta metaleko enpresa batean sartzea lortzen dutenean oso lanpostu zehatzetan da, eta gehienetan behin- behineko kontratuekin, honen ondorioz soldata-arrakala betikotzen da.

Hori gutxi balitz, azkenaldian ikusten ari gara sektorean gertatzen ari den enplegu-suntsiketaren aurrean emakumeak direla beren lanpostuetatik kanporatutako lehenak, hala nola PCB, Aernnova edo Tubacex-en…

Borrokaren ondorioz enpresa eta kaleetan egindako presioek emaitza izan zuten, eta hitzarmen honetan inork uste ez zituen aurrerapenak lortu ziren. Aurrerapen horiek feminismotik ere eman ziren, eta mekanismo garrantzitsuak eta nahitaez bete beharrekoak ezarri ziren; besteak beste, sektorearen diagnostikoa egiteko, 50 pertsona langile baino gehiago zituzten enpresetan benetako berdintasun-planak egin ahal izateko eta Jazarpen Sexualaren eta Sexuagatiko Jazarpenaren aurreko Protokoloa osatzeko Bizkaiko siderometalurgia sektorerako.

2020ko otsailaren 28an, Bizkaiko metalaren hitzarmena argitaratu zen BOEn. 3 egun geroago, martxoaren 3an, LABek Berdintasun Batzordea sortzeko eskaera erregistratu zuen, baina irailaren 21era arte atzeratu zen haren eraketa, Covid-19k sortu zuen egoera zela-eta. Batzorde horretan, lehenengo eta behin, sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokolo sektoriala egitea erabaki zen. Hamaika bilera egin dira gaur arte, eta kontaezinak dira sindikatuok patronalari egindako proposamenak eta alternatibak.

Berdintasun batzordea sortu zenetik, bilera guztietan ikusi dugu patronalak ez duela akordio batera iristeko borondaterik. Sindikatuok egindako protokolo-proposamenak Emakunderen bermea du, baina patronalak ez dio zilegitasunik aitortzen erakunde horri aholkularitza emateko, eta ez ditu kontuan hartu nahi berdintasunaren arloan eman dituen irizpideak. Sindikatuok ahalegin handiak egin ditugun arren, patronalak negoziazioa blokeatu du, jazarpen protokoloa itxi ezinik. Etengabeko blokeoaren aurrean, batzordean dauden sindikatuok mediazio-eskaera erregistratu genuen ostiralean LHKn. Eskaera horri FVEMek erantzun dio ez dakiela parte hartuko duen.

Patronalaren asmoa konpromiso argirik eta derrigortasunik gabeko akordio bat sinatzea baldin bada eta FVEMek aurpegia garbitzea eta propaganda egitea baino ez badu nahi, LAB aurrez aurre izango gaitu bide honetan.

Guzti horregatik, eta Patronalaren jarrera kontutan izanda, urrats berriak emateko unea da. Bere egunean borrokaren bidez lortutako akordioa orain berriro ere defendatu behar dugu. Hitzarmen honekin lortu genituen berdintasunera gerturatzeko tresnak aitortzea, orain tresna horiek borrokatu behar ditugu. Diskriminazioarekin bukatzeko, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean urratsak emateko, hitzarmen honen alde berriro ere borrokatu behar dugu.

Eta hori izango da LABek Bizkaiko metaleko enpresetan aurrera eramango duen borroka, akordio horiek blindatzeko eta beteko direla bermatzeko.