2026-06-21
Blog Page 430

1.400 euroko gutxieneko soldatari bide emateko lanbide arteko akordioa proposatu diegu Confebask eta CEN patronalei

LABen deialdiari jarraituz, sektore feminizatuetako langileek (garbitzaileek, merkataritzakoek, zaintzaileek edo jangeletakoek) mobilizazio bana egin dute Bilbon eta Iruñean, Confebask eta CENen patronalen egoitzen aurrean, “1.400 euro gutxieneko soldata nahi dugu! Egin dezagu posible Euskal Herrian” lemapean. Guztiak pandemian zehar ezinbestekoak izan diren langileak dira, baina 1.400 eurotik beherako soldatak dituztenak. Ekimen honekin 1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatu du LABek EAE eta Nafarroako patronalen aurrean, eta honen alde egitea eskatu diegu enpresarien ordezkariei. Eskaerari bide emateko patronalei lanbide arteko akordiorako proposamena egin die LABek.

Maddalen Dorador LABeko Zerbitzu Pribatuen Federazioko idazkariak hartu du hitza Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean: “1.400 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzeko mobilizatu gara”. Aberastasunaren banaketan kokatu du gakoa: “Sortzen den aberastasuna modu justu batean banatzea eskatzen dugu”, langileek eta enpresariek jasotzen dutena alderatuz. “Dirua egon badago: gaurkoan hainbat enpresaburuk jasotzen dituzten soldatak bistaratu ditugu. Adibide bat: Sanchez Galanek jasotzen duena, Iberdrolako lehendakaria. Berak hilero zahar egoitzetako 660 langilek beste irabazten du, 799 garbitzailek adina”, azaldu du.

Doradorren hitzetan, “gure lanak aitortu eta duintzea eskatzen dugu. Patronalak zor bat dauka emakume langileokin, zor patriarkala. Bi aldiz aberastu da gure lanarekin, gure enplegu prekarioari esker, eta etxean musutruk egiten ditugun zaintza lanen kontura”, gaineratu du.

1.400 euroko gutxieneko soldata Euskal Herriko batez besteko soldataren %60 da. LAB sindikatuko ordezkariaren arabera, “zer gutxiago, hori bermatzea baino.  Eta horrela izan dadin, EAEn Confebaski eta Nafarroan CEN patronalari enplegu duinerako akordio proposamena aurkeztu diegu”. Jarraian, beste aldarrikapen batzuk ere zerrendatu ditu Doradorrek: “Gutxieneko soldata 1.400 eurotan ezartzearekin batera, sektore feminizatuei zuzenean eragiten dieten hainbat neurri jasotzen ditu proposamenak:  gehieneko lanaldia arautu, soldata arrakala gainditu  eta lanaldi partziala mugatzeko, besteak beste”.

Aldarrikapena esparru politiko-instituzionalean kokatuz amaitu du LABeko ordezkariak bere hitzartzea, “bidezkoa da eta bideragarria da eskatzen duguna. Urkulluri eta Chiviteri dei egiten diegu gai honetan esku har dezaten patronala akordiora bultzatzeko”. LABek honen alde borrokan jarraituko duela adierazi du.

Frantziako Estatuak Kanakiako erreferendumarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia salatu dugu

Urte luzez LAB eta Kanakiako USTKE sindikatu independentista borrokari lotuak egon dira; langileok duintasunez bizi ahal izateko eta gure herriek libreki erabaki ahal izateko borrokarekin, hain zuzen ere. LABek betidanik oso hurbiletik jarraitu du Kanakian gertatzen dena, eta hasiera-hasieratik bere askapen nazional eta sozialerako borroka babestu egin du.

Kanakiako herriak, Euskal Herriak bezalaxe, Frantziako Estatuko Gobernuaren erabakiak larrutik ordaintzen ari da. Austeritate gero eta handiago baten izenean, osasun zerbitzu publikoa ahultzen ari dira eta ondorioak oso larriak dira: erabiltzaileekiko zerbitzu txarra, langileen nekea, pertsona askoren heriotza…

LAB sindikatutik azken hilabete hauetan hildako USTKE-ko burkideak omendu nahi ditugu eta lerro hauen bitartez haien lan nekaezina goraipatzen dugu. Pertsona militante hauen heriotzak tristura handia sortu zuen LAB sindikatuan.

Beste aldetik, Frantziako Gobernua berriro ere Kanakian indar kolonizatzaile moduan inposatzeko saiakeran dabil, horretarako abenduaren 12ko erreferenduma inposatu nahian. Berriro ere su gehiago pizten eta Kanakiako herria zatitu nahian dihardu. Erreferendumaren antolaketarekin aurrera jarraituko balu, Frantziako Gobernua erreferendumak ekar litzakeen ondorio guztien erantzule bakarra izango litzateke, eta, beraz, ondorio guztien ardura bere gain hartu beharko du.

Euskal Herria eta Kanakia milaka kilometrotara egon arren, Kanakiako prozesu politikoa oso hurbiletik jarraitzen dugu beti eta jokoan zer dagoen oso ongi dakigu. LAB sindikatuak Kanakiako herriari eta bereziki USTKE sindikatuari bere babes osoa adierazten dio auto-determinazioaren aldeko borrokan.

Gauzak horrela, COVID 19ari lotutako osasun-egoera larria ikusita, erreferenduma atzeratzeko bidezko eskaerari gure babes osoa berretsi nahi dugu. Erreferendumaren data mantentzeko xedea benetako probokazio politikoa da, eta berriro ere Frantziako Estatuaren burugogorkeria, eta elkarrizketarekiko nahiz ariketa demokratikoarekiko duen ikusmoldea agerian uzten du. Alde horretatik, Kanakiako independentismoak erreferendumean parte ez hartzeko egiten duen deia sustengatzen dugu.

Pentsio publiko duinak ez daude bermatuak

Pentsio publiko eta duinak ez daude bermatuak. Azken urteetako pentsio erreformek, 2011 eta 2013koak, murrizketa gogorrak ezarri zituzten eta orain ezagutzen ari garen erabakiak ez nahikoak dira egoera hori iraultzeko. Pentsio publiko eta duinak bermatzeko soldatak duindu behar dira, kotizazioetatik jasotzen den dirua handitu eta beharrezkoa bada aurrekontu eta fiskalitatearen bidez bermatu behar dira pentsioak.

Hasteko, joan den larunbateko mobilizazioetan salatutakoaren ildoan, berriz ere salatu nahiko genuke pentsio erreformaren neurriak tantaka ezagutzen ari garela eta hau ez dela kasualitatea, argazki osoa izan dezagun ekidin nahi dute, orain hartzen ari diren neurriak partzialak, ez nahikoak eta epe ertainean kaltegarriak izanik ere, aurrerapauso moduan baloratu daitezen, eta aurrerago etorriko diren murrizketa berriei bidea irekitzeko.

Uztailean ezagutu genuen erretiroa aurreratzeko zailtasunak areagotu eta adina luzatzeko pizgarriak adostu zituztela, erretiro adin legala eta erreala parekatzeko helburuarekin. Pentsioak KPIaren arabera birbaloratzeko konpromisoa ere adierazi zuten orduan, baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak salatu bezala honetan ere iruzurra egiteko asmoa azalarazi da: urteko KPIa erreferentzia baino, urteko bataz besteko adierazlea erabiliko da aurtengo aurrekontu proeiktuan ezarri bezala eta horrek egungo pentsiodunen eros ahalmena %3a murriztuko du.

Iruzur berri hau gutxi ez eta Bruselarekin kotizazio urteak 25etik 35era luzatzeko konpromisoa ezagutu berri dugu eta baita pentsio pribatuak hedatzeko egitasmoak aurrera egiten duela. Azken pentsio erreformetako murrizketak bere horretan mantendu eta eraso berriak, beraz.

Azaroaren 15ean Patronalaren oneritzirik gabe jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen Belaunaldiarteko Elkartasun Mekanismoa ez nahikotzat jo du LABek, kotizazioei eskua sartuta ere ez delako pentsio publiko duinak bermatzeko gai izango eta kotizazio topeak altxatzen ez dituelako.

Azken egunean eta Patronalaren oniritzirik gabe adostu du Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin jasangarritasun faktorea ordezkatuko duen adierazle berria. 2022an %0,2 igoko dute kotizazioa, progresiboki 2026. urtean 0,6ra heldu arte. Era beran, 2033an Europako Batzordearen zahartze informeen arabera 2024 eta 2050 urteen arteko alderaketa egin eta gastuaren desbideraketa aurreikusiko balitz BPGren %0,2a erabiltzeko atea irekitzen da baita Toledoko itunean berriz aztertu eta pentsioen gastua murrizteko aukera.

Atzo ezagututako mekanismoak kotizazioei, alegia diru-sarrerei, erreparatzen badie ere neurriaren mugak agerikoak dira: Jasoko den dirua ez du egun eta etorkizuneko pentsiodunen egungo babesa eskaintzeko aukerarik ematen eta are gutxiago kopuruak igotzeko. Urrun gelditzen da beraz 1.080 eurotako gutxieneko pentsioaren aldarrikapenetik edota genero arrakala gainditzeko beharrezkoak diren neurrietatik. Norabide argia antzematen diogu erabakioi: pentsio publiko sistema hezurretan utzi, bizirauteko haina justu emango duen prestazio gisa eta pentsio pribatu osagarrien ereduari hedatu.

LABen iritziz, Madriletik eta elkarrizketa sozialetik datorrenari geldirik eta begira geratzea akatsa lizateke, eta gainera hemen artikulatu beharreko indar soziala moteldu egiten du. Sistema publiko, unibertsal eta propioa izatea da egungo eta etorkizuneko pentsioak bermatzeko aukera erreal bakarra, eta utopia aldiz bere burua historiako gobernurik ezkertiarrena bezala izendatu duenak egin ez duena inoiz Madrildik etorriko dela pentsatzea.

Horregatik, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako sistema propioa eraikitzeko indarrak biderkatu eta hemendik eragiteko deia luzatu nahiko genuke beste behin. Lan eta pentsio erreformak bertan behera utzi eta prekarizazio prozesuari aterabidea emango dion neurriak behar beharrezkoak ditugu eta agertoki berriak soilik mobilizazio sozialaz eta borrokaz lortuko ditugu. Arrazoiak soberan daude Euskal Herritik eta Euskal Herrian errealki eragiteko Greba Orokorra egiteko.

Grebara deitu ditugu Bizkaiko kontserberetako langileak, azaroaren 30erako

Bilbon mobilizatu ginen joan den astean, Bizkaiko kontserberetako negoziazio mahaian izandako aurrerapausorik ezaren aurrean. Bada, egoerak bere horretan darrai. Hortaz, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok greba egun batera deitu ditugu sektoreko langileak, azaroaren 30erako. Grebaren erregistroa egin dugu Bilbon, Eusko jaurlaritzaren egoitzan.

Etxebizitzaren arazoa langile guztion arazoa da!

Ipar Euskal Herriko hainbat norbanakok eta eragilek, LABek barne, Baionan azaroaren 20an izango den manifestaziorarekin egin dugu bat. 15:00etan abiatuko da, “Vivre et se loger au pays. Espekulazioari ez!” leloarekin, Euskal Herrian bizi eta etxebizitza izateko eskubidea aldarrikatzeko eta espekulazioa salatzeko.

Lanbideko bulego batean aurrez aurreko zerbitzuak murriztu dituztela salatu dugu

Lanbidek Gasteizko Enpleguaren Kongresuaren aurrean bere burua aurkezten du enpleguaren zerbitzuaren adibide gisa Estatuko eta Europako ordezkarien aurrean, kalitatezko enpleguaren sustatzaile bezala, baina errealitatea, gaur egun, proiektatu nahi dutenaren guztiz bestelakoa da. Horregatik elkarretaratzea egin dugu Kongresuaren aurrean, Europa Jauregian, LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok deituta.

Enplegu-politika pasiboak soilik kudeatzen dituzten bulegoetan bihurtu ondoren, egungo zuzendaritzak Lanbideren bulego bat orientazio-zerbitzu presentzialik gabe uzteko erabakia hartu du. Euskadiko langabezia-indize handiena duen herri honetako erabiltzaileei aurrez- aurreko harreta jasotzeko eskubidea murriztu zaie.

Guzti honeri gehitu behar diogu laguntza bat hartu izana, IMV delakoa, gai honetan, Zudendaritzak ez daki zer nolako eragina izango duen. Lanez gainezka dauden bulegoak, are gehiago saturatzeko arriskua dago.

Lanbideko zuzendaritzak, erabakiak, presaka, norabiderik gabe eta zein dotazioarekin kontatuko duen jakin gabe hartzen ditu. Egin nahiko lukeena esaten duena eta egiten duena bat ez datoztelarik.

Erabaki guzti hauek sindikatuen ordezkaritzarik gabe eta langileei ezer esan gabe hartzen ari dira. Askotan, hedabideen bidez berri izaten dute Lanbiden gertatzen ari denaren inguruan.

Lanbideko langileek ELKARRIZKETA, NEGOZIAZIOA ETA KALITATEZKO ZERBITZUAK eskatzen ditugu.

Erorketa informatiko etengabeak salatu ditugu Trafiko eta SOS Deiak zerbitzuetan

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGT sindikatuok publikoki salatu nahi dugu Trafiko eta SOS Deiak zerbitzuak etengabe sistema galtzen ari direla. Horrelako erorketa informatikoak nahiko ohikoak dira, azkenak zirkulazio istripu larri batekin eta taberna batean gotortuta zegoen pertsona batekin kointziditu zuen.

Joan den azaroaren 9an, Euskadiko larrialdietarako sistema informatikoa berriro erori zen, eta zerbitzu osoak eskuz funtzionatzea eragin zuen. Horrek esan nahi du deiak moteldu egiten direla, pilatu egiten direla eta beste zerbitzu batzuetara bideratzea zailagoa dela.

Akats horiek sistematikoak dira, eta enpresak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute ezer egiten zerbitzu horiek hobetzeko.

LAB, ELA, CCOO, ESK eta UGTtik hilabeteak daramatzagu Trafiko eta SOS Deiak-eko langile horien lan-prekarietateak herritar guztien osasuna prekarizatzen duela salatzen. Zer espero dezakegu gure larrialdi-zerbitzuek funtzionatzen ez badute?

Gainera, bi zerbitzu horiek oso langile gutxi dituzte, eta horiek arduratzen dira EAE osoko segurtasuna zaintzeaz.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu egoera horretan berehala jarduteko eta bi zerbitzuen kalitatea hobetzeko.

Burujabetza eta aldaketa soziala aldarrikatu ditugu Galizako CIG-Industriako kongresuan

LABeko ordezkaritza batek Santiagon egin berri den Galizako CIG-Industriako kongresuan parte hartu du. Bertan, Iratxe Azkuek eta Alexis Rodriguezek, azaroan 17an  Mariña Lucensen deitutako greba deialdiarekin bat egiteaz gain, burujabetza eta aldaketa sozialaren bidean bi sindikatuen arteko elkarlana sendotzeko deia egin dute. 

Eusko Jaurlaritzaren aurrean mobilizatu gara, kolektibitateetako langileen lan-baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak eskatzeko

Joan den ikasturtearen amaieran, LAB sindikatuak lan-osasunari buruzko inkesta bat egin zuen kolektibitateetako langileen artean, hots, eskola-jangela eta enpresa-jantokietako langileen artean. 700 langile inguruk erantzun zuten inkesta, eta euren laneko arrisku nagusiak honako hauek zirela adierazi zuten: zarata (%81,6), mugimendu errepikatuak (%63,1), jarrera behartuak (%60,8), lan-erritmoa (%51,3) eta arrisku psikosozialak (%42,4). Gaur, mobilizazioa egin du LABek Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, langileen osasuna jokoan dagoela salatu eta Hezkuntza Saila, Osalani eta kolektibitate-enpresei exijitzeko errealitate horren aurrean kolektibo honetako langileen lan-baldintzak hobetzeko beharrezko neurriak martxan jar ditzatela. 

Kontratu prekarioak eta lanaldi partzialak dituen sektorea izateaz gain, langileek euren osasunarekin ordaintzen dute sektorea kudeatzen dituzten enpresen irabaziak.

Nabarmentzekoa da langileen %27,5 soilik egon dela bajan arrazoi horiengatik, eta horrek azaltzen du sektore horretan, prekarizazioa dela eta (soldata baxuak, behin-behinekotasuna, etab.) gehienak ezin direla medikuarengana joan baja eman diezaieten, eta beste sekotre batzuetan orokortzen ari den bezala, medikazioaz abusatzen dutela lan-erritmoa jasateko.

Inkesta honek agerian jartzen du arriskuak sortzen dituzten lan-baldintzak daudela, eta arrisku horiek kalteak eragiten dituztela; hau da, diru pixka baten truke, langileak direla lan egitea euren osasunarekin ordaintzen ari direnak, eta enpresak langileen osasunaren kontura aberasten ari direla. 

Enpresei, langileek jasoten dituzten arriskuak ezabatu edo murriztuko dituzten prebentzio-neurriak ezartzea eskatu die LABek.  Eusko Jaurlaritza eta Osalani, aldiz, honako neurriak eskatuko dizkie :

  • Osasunaren ikuspegitik ratioak kontuan hartzea, eta konpromisoa hartzea Osalan-eko teknikariekin ad hocazterketa bat egiteko.
  • Enplegu duina eta kalitatezkoa, EAEko segurtasun- eta osasun-plan estrategikoetan langile horiek pairatzen dituzten enplegu- eta lan-baldintzak kontuan hartzea eta prebentzio-ahaleginak areagotzea.
  • Osalanek kolektibitateen sektorerako lantokietara bisitak egiteko programa-kanpaina bat garatu ahal izatea (kalitatezko arriskuen ebaluazioak eta osasunaren zaintza, prebentzio-neurriak gomendatzea eta arriskuak eta kalteak antzemateko programa bat egitea.
  • Osasun- eta lan-arloko agintarien arteko koordinazioa, bai eta Osalanen eta Laneko Ikuskaritzaren artekoa ere.
  • Prebentzio-zerbitzuen zeregina kontrolatzea.
  • Eusko Jaurlaritzako arloekin eta arlo horretan erantzukizunak dituzten beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea
  • Enpresen gaineko kontrol handiagoa, erregistroak egitea eta jarduera hori egiten duten enpresen kontrol- eta jarraipen-ekintzak areagotzea.
  • Arriskuen ebaluazioak kontrolatzeko eta aholkatzeko metodoak garatzea, prebentzio-rola bete dezaten; gainera, genero-alderdiak kontuan hartu beharko dira, desberdintasunak eta desberdintasunak kontuan hartuta.