Atzo, Europako Kontseiluak Kataluniako preso politikoak askatzea eta euroaginduak bertan behera uztea eskatu zuen. Europako Kontseiluko Asanblea parlamentarioak, Espainiako Gobernuari sedizio eta matxinada delituak erreformatzera dei egin, Kataluniako preso politikoen indultua planteatu eta Carles Puigdemonten aurkako estradizio eskaera erretiratzea eskatzen zuen Boriss Cilevics letoniarrak aurkeztutako ebazpena babestu zuen.
Atzoko ebazpenak bat egiten du bai Katalunian bai nazioartean errepresioaren bukaera eta Kataluniako herriari hitza ematea eskatzen duten ahotsekin, are gehiago azken hauteskundeetan hautesleen %52ak Kataluniaren independentzia aldarrikatzen duten alderdiak babestu dituela ikusita.
LAB sindikatuan poztu egiten gara Kataluniako preso politikoak askatzeko aukerarekin; besteak beste oso ongi dakigulako kartzelak ze suposatzen duen eta handik ateratzeak familia eta lagunei nolako poza sentiarazten dien. Hala eta guztiz ere, Kataluniak bizi duen gatazka nazionala ez da preso politikoen etxeratzearekin bukatzen, Espainiako estatuak Kataluniarekin duen gatazka nazionala demokratikoki konpontzeko bide bakarra mugimendu independentistaren kontrako errepresio oro bukatzea, erbesteratu guztiak itzultzea eta noski, Katalunia nazio bezala aitortzea eta ondorioz bere autodeterminaziorako eskubidea onartzea.
Zentzu honetan LAB sindikatuaren ordezkaritza bat datozen egunotan Katalunian egongo da bertako eragile sindikal eta sozialekin egoteko, bertan gertatzen ari dena hurbiletik jarraitzeko eta herrien burujabetzaren bidean pausuak emateko aliantzak eta elkarlanerako aukerak aztertzeko.
Soilik herrien askatasunaren eta klase herritarren interesen defentsatik gauzatu daiteke sakoneko eraldaketa politiko eta soziala eta hortaz, behar-beharrezkoa da itxaropenezko etorkizun bat eraiki nahi dugun eragileen arteko zubiak eta aliantzak eraikitzea.
Zaintzarako euskal sistema publiko komunitarioa definitzeko jardunaldia egin dugu Donostian, Okendo kultur etxean, Programa Sozioekonomikoa osatzeko prozesuaren baitan, irailean egingo ditugun beste mahai inguru monografikoen abiapuntu gisa. Ipar Hegoa Fundazioarekin batera antolatu dugu gaurko ariketa.
Jardunaldia Ordizian egindako jardunaldi orokorraren eta Oreretan egindako “Zaintza lanak Euskal Herrian” jardunaldiaren jarraipena izan da, zehaztasunetan sakontzeko helburuarekin.
Bi atal izan ditu jardunaldiak; lehenean, Colectiva XXK elkarteko ordezkari Amaia Perez Orozco, Emagin-eko kide Miren Aranguren eta LAB-eko Idazkaritza Feministako idazkari Eli Etxeberria izan dira hizlariak; bigarrenean, talde ariketa eta plenarioa egin ditugu.
Eremu estrategikoa
Gure Programa Sozioekonomikoa berritu egin dugu, Euskal Herriko trantsizio ekosozialista eta feminista helburu, lau oinarri hauen arabera: demokratizazioa, feminismoa, ekosozialismoa eta nazio garapena. Euskal esparru sozioekonomikoaren definizio orokorrarekin batera, sei eremu estrategikotan banatutako 120 neurri bildu ditugu Programaren baitan: lurra eta lurraldea; osasuna; ezagutza; industria; oinarrizko zerbitzuak; eta zaintza. Hain justu, azken hau izan da Okendoko jardunaldiaren ardatza.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzarrak berretsi ondoren, LABek, negoziazio-mahaian %51,85eko ordezkaritza duela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileentzako hitzarmena sinatu du, eta, besteak beste, soldatak lan-kontratudun langileekin parekatzea lortu du, kudeaketa zuzeneko eskola-jangeletan lortu genuen bezala. 2021eko irailean, soldata Hezkuntza Saileko lan-kontratuko langileen %99ren parekoa izango da (%9ko soldata-igoera), 2022ko urtarrilean %99,5ekoa eta 2023koan %100ekoa.
Era berean, 2021eko irailetik aurrera, langileek “hitzarmen-osagarria” kobratuko dute (2016tik aurrerako atzerapenak). Eguneko 2 orduko lanaldia duen langile baten kasuan, 1.000€ eta 1100€ artekoa izango da, enpresako antzinatasunaren arabera (hirurtekoak), eta hilero hainbanatuko da bi ikasturtetan (2021eko irailetik 2023ko ekainaren arte).
Gainera, hitzarmen honekin hobekuntzak gehiago lortu ditugu, besteak beste, lizentzietan (2 egun libre, gehienez 10 eguneko eszedentzia bi alditan, seme-alaba adingabeekin egindako kontsulta medikoak, espezialistekin egindako kontsultak…), hutsik dauden lanpostuetarako zentroaren antzinatasuna, behin-behineko langileentzako eskualdekako lan-poltsa, birkokatzeak edo kalte-ordainak (langileek aukeratzeko), langileak euskalduntzeko formakuntza, egutegiak irailaren 15a baino lehen entregatzea, aseguruen %5 gehiago, …
Hori guztia posible izan da langileek hitzarmen hau negoziatzeko eman diguten konfiantzari esker (% 51,85eko ordezkaritza) eta sindikatu honek Hezkuntza Sailarekin izan dituen elkarrizketei esker. Zerbitzu publikoa da, eta dirua ere bai; beraz, Eusko Jaurlaritzak erabateko erantzukizuna du eskola-garraioaren eta jolastokiko zaintzailearen zerbitzuaren funtzionamenduan eta kudeaketan.
Kontratu prekarioak, partzialak eta feminizatuak dituen sektorea izan arren, gure eskubideak hobetzeko borroka egin dugula frogatu dugu, soldatari dagokionez langile lan-kontratudunekin parekatuz, greba-egunik egin beharrik gabe.
Nahiz eta alderdi batzuk ezin izan diren lortu eta 2023ko negoziazio-mahaian jarriko ditugun, LAB sindikatuak hitzarmen honen sinadurarekin egiten duen balorazioa oso positiboa da, gure lan-baldintzak nabarmen hobetzea lortu dugu.
Lan heriotzen odolusteak mobilizatzera eraman gaitu berriro; Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, kasu honetan. Hain zuzen ere, elkarretaratzea eta bi orduko lanuztea egin dituzte bertako langileek, joan den ekainaren 8an Lakuako egoitzan zendutako lankidea gogoan.
LABeko Jaurlaritzako ordezkariek azaldu bezala, “kontzentrazio honetarako gure lehen xedea da lankidearen senide eta gertukoei gure babes eta elkartasuna adieraztea. Halaber, salatu gura dugu, berriro ere, Eusko Jaurlaritzan lan arriskuak ekiditeko eta batez ere gaitz psikosozialak prebenitzeko plangintza eta kultura falta larrian gaudela aspaldi. Izan ere, ia 8.000 langilek osatzen dugun plantillarako Administrazioaren Prebentzio Batzordeak 4 langile besterik ez ditu. Erabat eznahikoa dela iruditzen zaigu”.
Tubacex-eko langileek greban 130 egun baino gehiago daramaten honetan iritsi da Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) epaiketa. Astelehenean eta asteartean izango da, Laudio eta Amurrioko Tubacex TTIko eta Aceria de Alavako espedienteei dagokiena. Hala, EEEa bertan behera uzteko aldarria Bilbora eraman dute grebalariek, haien senideek eta hilabete hauetan guztietan langileei elkartasuna adierazi dieten herritarrek. Hain zuzen ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean bildu dira guztiak, kaleratzeen aurka protesta egiteko, pandemia gisako egoera koiuntural bat aitzakia hartuta egiturazko neurriak hartzea zentzugabekeria dela salatzeko.
LABetik enpresa-batzordeak EEEaren epaiketen aurrean antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dugu, baita bihar Bilboraino egingo den martxan parte hartzeko deia ere. 6:00etan, Laudioko enpresa-sarreratik abiatuko dira, eta, 11:30ean, enpresa-batzordeak mobilizazioa egingo du EAEko Auztegi Nagusiaren aurrean.
Presoen aldeko sindikatuen ekimenak ugaltzen ari dira. Iruñean manifestazio propioa antolatu dugu LABetik, eta, Bilbon, hainbat sindikaturekin batera, hilabeteroko ekimenari eman diogu jarraipena, Sareren “Izan bidea” dinamikaren baitan. Batean zein bestean, salbuespenezko espetxe politikaren amaiera exijitu dugu. Bizkaiko hiriburuan, era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik auzipetzen duen 13/2013 sumarioa artxibatzeko eskatu dugu LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok.
Aipatu behar da ere Iruñean, ostegunean aurkeztu genuen bezala, uztailaren 3an manifestazio bat egingo dela presoen Euskal Herriratzea eskatzeko, Sareren “Ibilian ibilian” eta “Izan bidea” dinamiken barruan, sindikatuek eta Nafarroako hainbat lantokitako enpresa-batzorde ugarik deituta.
Bilboko mobilizaziora bueltatuz, honako irakurketa plazaratu dugu sindikatu deitzaileok(LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE):
Gaur ikasturte honetako azken konzentrazioa da, eta “Izan bidea” ekimen sindikalaren barruan egiten ari garen dinamika honen eta bigarren ikasturte honen oso balorazio ona egiten dugu.
Oraindik ere balioa ematen diogu sindikatu gehienek bat egiteari, sinatzaile guztien konpromisoari eta konstantziari, gure desberdintasunen gainetik aldarrikapen honetan batzen gaituena.
Argi daukagu dinamikarekin jarraitu behar dugula; izan ere, nahiz eta urratsak eman diren hurbilketei eta gradu aldaketari dagokienez, oraindik urrun gaude egiten ditugun aldarrikapenak lortzetik: legeria arruntean jasotako espetxe-onurak eskuratzea, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituztenak espetxetik ateratzea, espetxetik ateratzen diren pertsonak lan-mundura itzultzea, eta kondenak salbuespenez luzatzeko legeria berrikustea.
Hiru hamarkada baino gehiago igaro behar izan dira, gaur bestelako egoera batez hitz egiteko. Baina gaur egun ere, preso askok Penintsulako iparraldean sakabanatuta jarraitzen dute, eta Hego Euskal Herriko espetxeetara noiz eramango dituzten zain daude.
Orduan hitz egin ahal izango dugu gure herriko bizikidetza normalizatzeaz.
Hasteko, larriki gaixo dauden pertsonak eta 70 urtetik gorakoak espetxetik atera beharko lirateke.
Espetxeratutako pertsona horien % 90ek baino gehiagok, irizpide hertsiki politikoetan oinarritutako sailkapen-politika baten xede izan ez balira, bigarren graduari dagozkion baimenak izan zitzaketen.
Herenak baino gehiagok bete ditu – zenbait kasutan, aspalditik – ezarritako zigorren 3/4ak.
7/2003 Lege Organikoa onartu ondoren epaitu eta kondenatu zituzten 60 euskal presoak, 40 urtera arteko askatasun-gabetze efektiboarekin eta hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko muga gaindiezinekin, salbuespenezko araudi batekin epaitu eta kondenatu zituzten, eta araudi hori araudi arruntera bihurtu behar da.
Frantziako Estatuko espetxeetan zigorra bete zuten 50 euskal presori “ad hominem” idatzitako lege bat aplikatzen ari zaie, soilik euskal presoentzat, eta horrek galarazi egiten die Europar Batasuneko espazioan askatasunik gabe pasatu duten denbora zenbatzea.
Era berean, euskal presoei laguntza juridikoa eta soziala emateagatik (13/2013 sumarioa) laster 8 pertsona epaituko direnez, hemen gauden sindikatuok honako hau adierazi nahi dugu:
Gure kezka eta gaitzespena adierazten dugu kaltetutako pertsonek adierazitako irregulartasunei buruz, eta bereziki, inkomunikazio-aldian tortura praktikatzeari buruz.
Kausa hori artxibatzea eskatzen dugu, bai aipatutako irregulartasunengatik, bai ekintza anakroniko bat delako, gure gizartean bake eta bizikidetza demokratikoaren eszenatoki baten aldeko gehiengoaren eskaria urratzen duena.
Espetxe-politikaren salbuespenaren amaiera behin eta berriz eskatu dugun bezala, salbuespen judizialaren amaiera ere eskatzen dugu. Euskal herritarrek eskubidea dute dagokien auzitegi arruntean epaituak izateko.
Bizikidetzan oinarritutako gizarte gisa berreraiki behar dugu, horregatik irailaren 17an, uztaila eta abuztuko etenaldiaren ondoren, berriz ere Eliptika plazan izango gara, hileko hirugarren ostiraletan mobilizatzen jarraituko dugu, kontzentrazio bakoitza modu zehatzean ezaugarrituz.
Ostiral honetan bultzada txiki bat eman nahi izan diogu mobilizazioari, gure afiliazioari dei zabalago bat eginez, sindikatuon aldetik aldarrikapenokin dugun konpromiso irmoa erakutsiz.
Petronor, Bilboko Argiak, Tubacex, Novaltia eta ITP-PCB-ko langileek deitutako mobilizazioak Bilboko kaleak hartu ditu, enpleguaren defentsan. Argi dago gaur egungo politikak eta bai EAE zein Madrilen gobernatzen dutenek patronalaren eta kapitalaren mesedetan dihardutela. Horren ondorio argia da enpresa horietan jasaten ari diren enplegu suntsiketa eta lan baldintzen okertzea. Hala, langile batasuna txalotuz, mobilizazioan izan gara.
Bien bitartean, langileak kaleak hartu dituzten honetan, Eusko Jaurlaritza eta Arantxa Tapia itsu, mutu eta gor daude. Are gehiago, aktiboen dagoen saila Segurtasunekoa dela salatu behar dugu. Politika hauen oinarria borroka duinak kolpatzea eta langile borrokalariak atxilotzea izaten ari da.
LABetik argi dugu, erreformen derogazioa ezinbesteko urratsa izan arren, askoz harago joan behar dela. Bada garaia Urkulluren gobernuak bertako langileak defendatzeko erabakia hartzeko. Berton erabaki behar dugu. Bertoko langileen etorkizuna, bizitza eta pertsonak erdigunean izango dituzten politiketaz hitz egiteko garaia da.
LABetik gure babes osoa adierazi nahi diegu gaur Amurrioko epaitegian deklaratzera deitutako hiru pertsonei. Elkartasuna adieraztea izan da egin duten delitu bakarra eta Tubacex-eko grebalariei martxoaren 25eko piketeetan laguntzea, Aiaraldeko zein beste eskualde batzuetako enpresetako ehundaka langilek egin duten moduan.
Hala, Amurrioko epaitegietara hurbildu gara, bertan deitutako elkarretaratzera. Tentsio uneak bizi izan dira Ertzaintzarekin, bere jarrera oldarkorra erakutsi duenean. Baina, LAB sindikatutik, berriro diogu: langileen arteko elkartasuna ez da delitua.
LAB eta ELA sindikatuon ohar bateratua, gaur egindako prentsaurrekoaren harira:
LAB eta ELA sindikatuok jendartea eta erakunde publikoak ohartarazi nahi ditugu merkataritzako langileek bizi duten alarma gorri egoeraz. Alarma gorria diogu, sektorean erreferenteak diren enpresek enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak are gehiago prekarizatzeko apustua egiten dutelako. Horregatik, merkataritzako eta saltoki handietako langileok grebara goaz ekainaren 25ean.
Azken hilabeteetan, Inditex, H&M edota El Corte Ingles enpresek, besteak beste, dendak ixteko, plantillak murrizteko, bertan lanean urteak daramatzaten pertsonak langabeziara kondenatzeko eta lanaldi-murrizketen bidez enplegua prekarizatzeko prozedurak jarri dituzte martxan. Guzti hau aurrera daramate, azken urteotan irabazi handiak lortu arren.
Inditexek, 3.800 milioi euroko irabazi garbia lortu duen arren, azken 4 hilabeteetan 23 denda itxi ditu Hego Euskal Herrian, eta ondorioz, enplegua suntsitu eta lan-baldintzak okertu egin dira, langile askori lanaldia murriztearekin batera.
El Corte Inglesek 310 milioi euroko irabaziak izan baditu ere, Estatuan 15 denda ixtea eta ia 3.300 langile kaleratzea planteatu du.
H&M-ek 1.200 milioi euroko irabaziak izan zituen 2019an, eta hala ere, 26 denda itxi eta 900 lanpostu baino gehiago suntsituko ditu, ehunka langileren lan-baldintzak murrizteaz gain.
Prozesu guzti hauetan, enpresek negoziazioak estatu mailara eraman dituzte, bertako gehiengo sindikala ekidinez, euren asmoak aurrera eramateko alfonbra gorria jarriko dieten sindikatuekin bakarrik negoziatzeko. Honen aurretan, negoziaketa esparru propioa aldarrikatzen dugu.
H&Mren kasuan, gure borrokari esker, enpresak eta estatuko sindikatu sinatzaileek atzera bota behar izan dituzte Hego Euskal Herrian inposatu nahi zituzten kaleratze eta Lan Baldintzen funtsezko aldaketak.
LAB eta ELAren ustez, onartezina da onura handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea eta lan-baldintzak prekarizatzea berez prekarizatuta dagoen sektore batean, non soldata txikiak eta lanaldi partzialeko kontratuak diren arau.
Bien bitartean, komertzio txikiak ere pertsiana jaistera behartuta ikusten ari dira, korporazio handien eta plataforma digitalen abiadurarekin, ordutegiekin eta prezioekin lehiatu ezinean. Hori ere enplegu suntsiketa da.
LAB eta ELA sindikatuok uste dugu merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesu hau hasi besterik ez dela egin, eta enpresa horiek beren estrategiarekin jarraitu eta beste asko batu egingo direla, baldin eta horren aurka mobilizatzen ez bagara.
Patronalari dei egiten diogu enpleguari eusten lagunduko duten negoziazio-elementuei heltzeko. Besteak beste, LABek eta ELAk aldarrikatzen dugu beharrezkoa dela hitzarmenetan gehienezko lanaldia nabarmen murriztea eta onlinesalmentaren ondorioz sortzen diren kategoria berriak arautzea. Kalitatezko eta bermedun enplegua nahi dugu.
Ezin dugu onartu, online salmenta areagotzearen aitzakian, enpresa horiek digitalizazio-prozesuak bultzatzea, gutxi batzuk are gehiago aberasteko, herri honetako langile-klasearen kaltetan, eta saltoki txikietako enplegua suntsitzeko.
Herri honetako erakundeei dei egiten diegu egoera honi amaiera eman diezaioten, alderdi politikoei dei egiten diegu behingoz beren gain har dezaten lan-erreformak indargabetzeko konpromisoa, irabazi handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea ahalbidetzen baitute.
Enpleguari eusteko eta hori babesten duten eduki duinak dituzten hitzarmenengatik, ekainaren 25ean grebara joango gara merkataritzako eta saltoki handietako langileak.