2026-06-22
Blog Page 42

Langabezia egonkor mantentzen den arren, egiturazko desorekak nabarmentzen ari dira

Arrakala gero eta nabarmenagoak dituen lan-merkatuan, prekarietatea da nagusi.

Hego Euskal Herriko langabezia-tasa %7,6ra jaitsi zen, BAIren datuen arabera, 2025eko 4. hiruhilekoan. Hala ere, paradoxikoki, langabetu kopuruak gora egin du azken hiruhilekoan, %10,01, eta 200 pertsona gehiago daude lanik gabe pasa den urtearekin alderatuta. Jaitsiera nahiko ahula da, eta langile aktiboen kopuruaren gorakadari esker izan da posible (29.200 pertsona gehiago aktibo), ez langabeziaren beherakada nabarmen baten ondorioz.

Era berean, azpimarratu behar dugu lan-merkatuaren egiturazko desorekak mantentzen direla, eta adin-, genero- edota jatorri-arrakalak handitzen ari direla. Horrek guztiak kapitalaren eta lan-errenten arteko desoreka areagotzen du, jarraian nabarmendu ditugun datuek argi erakusten duten bezala.

Emakumeak dira enplegu-, soldata- zein lanaldi-arrakalak pairatzen dituztenak, lan-baldintza prekario eta ezegonkorrenetan

Emakumeen langabezia-tasa %9koa da, gizonen artean %6,4koa den bitartean.

Generoen arteko aktibitate-tasaren aldea handia da: gizonen artean %60,83koa da, eta emakumeen artean %53,50ekoa. Horrek esan nahi du, biztanleria osoa kontuan hartuta, emakumeen ia erdiak ez daudela lan-merkatuan.

1.400 emakume gehiago daude epe luzeko langabezia egoeran.

Lau emakumetik bat lanaldi partzialean dago (emakumeen %25,2), gizonen artean, berriz, ia 13tik batek (%8,2). Azken hiruhilekoan, 16.800 emakume gehiago lanaldi partzialean jarri dira, eta gizonen proportzioak behera egin du.

Emakumeen artean behin-behineko kontratuen proportzioa (%21,6) askoz handiagoa da gizonenarena baino (%14,9), azkenaldian aldea zertxobait murriztu den arren.

Prekarietateak gazteak eta pertsona migratuak ere zuzenean kolpatzen ditu. Izan ere, gazteen langabezia-tasa %18,1ekoa da. Egoera horrek beherakada txiki bat izan du, 10.600 gazte gehiago lanean daudelako. Pertsona migratuen artean, ordea, langabezia-tasa oso altua da (%18,98), eta azken hiruhilekoan nabarmen egin du gora. Langabezia bereziki larria da langile migratuen artean.

Azterketa sektoreka egiterakoan, lan-baldintza egonkorrago eta duinagoak izan ohi dituen industria-sektorean igo da langabezia modu nabarmenean; zehazki, %11,49ra.

Beraz, lan-merkatuak ez du funtsezko aldaketarik izan, eta langabeziaren jaitsiera afiliazioari zor zaio, ez kalitatezko enplegu sendo eta iraunkorraren sorrerari. Lan-merkatuaren benetako errealitatea ezagutzeko, ez da nahikoa langabezia-datuetara mugatzea; ikuspegia zabaldu eta lan-baldintzetan arreta handiagoa jarri behar dugu. Izan ere, etorkizun hurbilean izango dugun lan-merkatuaren konfigurazioan giltzarriak dira industriaren garapena eta zerbitzu-sektorearen prekarietatea. Gaur egun, biak ala biak dira kezka-iturri. Langile gehiago lanean aritzea positiboa bada ere, ez da nahikoa lan-merkatua egonkortzeko eta arrakalak murrizteko.

Egoera horren aurrean, gutxieneko soldata funtsezko tresna da gizarte-kohesiorako, eta lan-baldintza prekarioak dituzten milaka langile pobrezia-egoeratik ateratzeko ere balio dezake. Kalkulatzen da HEHn 300.000 pertsona baino gehiago daudela 1.500 eurotik behera kobratzen dutenak; horietatik erdia baino gehiago jardunaldi osoan ari dira, eta zuzenean onuradun izango lirateke. Gainera, LGSaren igoerak soldata-igoera orokorra ekarriko luke, eta horrek langile askoz gehiagori eragingo lioke.

Lan-merkatuaren egoera eraldatu eta hobetzeko, ezinbestekoa da langileen inplikazioa. Martxoaren 17an greba orokorra egingo dugu gure aldarrikapenak mahai gainean jarri eta entzunak izan gaitezen. 

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuek Espainiakoa hobetuko duten gutxieneko soldata propioak aldarrikatuko dituzte Madrilen

ELAk, CIGek, LABek, Steilasek, Etxaldek, Hiruk, Intersindical Valencianak, Intersindical Catalanak, IACek eta STEIk manifestu bat adostu dute espainiar LGS hobetuko duen lurralde bakoitzerako LGS propioaren alde, langileriaren pobretzeari aurre egiteko

Sindikatuek bilerak eskatuko dizkiete Kongresuko alderdi politikoei eta Diaz 2. presidenteorde eta Lan ministroari Langileen Estatutuko 27. artikulua alda dezaten

ELA, CIG, LAB, Steilas, Etxalde, Hiru, Intersindical Valenciana, Intersindical Catalana, IAC eta STEI sindikatuek manifestu bat adostu dute espainiar LGS hobetuko duen lurralde bakoitzerako LGS propioen alde (Espainiako LGS estatu guztirako gutxienekoa litzateke). Sindikatuok adierazi dutenez, “urtea joan, urtea etorri gero eta nabarmenagoa da Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren zenbatekoak ez direla nahikoak bizi-kostu handiei behar bezala aurre egiteko”.

Gutxieneko soldata ezinbesteko tresna da kohesio soziala indartzeko eta pobrezia borrokatzeko. Haatik, espainiar Estatuak LGS bakarra inposatzen du, zeina ez den egokia Euskal Herriko, Galiziako zein Kataluniako nazioen beharrizanetarako eta borondaterako. 

Areago, Espainiako lan-arauek soldatapeko jende multzo handien gero eta pobretze handiagoa dakarte, izan ere, “Estatu mailako araugintza bakarra eta zentralista da eta errealitate nazional anitza ukatzen du; horrekin batera, ezarri diren lan-erreformek -PPren Gobernuak 2012an inposatu zuena, indarrean dena eta egungo Gobernuak 2021 amaieran erabakitakoa- taxututako lan-legediak langileen prekaritatea eta soldata kaskarrak normalizatzen ditu lanaldi partzialeko enpleguaren eta aldizkako kontratu finkoen bitartez”. 

Espainiako LGSa ez zaie egokitzen errealitate nazionalei, ez justizia soziala sortuko duten adierazle sozioekonomikoei; gainera, legean jasotako xurgatze-mekanismoen bidez balizko igoeren eragina asko moteltzen du eta milaka langileri ez aplikatzea eragiten du. 

ELA, CIG, LAB, Steilas, Etxalde, Hiru, Intersindical Valenciana, Intersindical Catalana, IAC eta STEI sindikatuek Diputatuen Kongresuko alderdi politikoei (PPri eta Vox-i izan ezik), baita Yolanda Diaz bigarren presidenteorde eta Lan ministroari eskatuko diete Langileen Estatutuko 27. artikulua aldatzeko lege-ekimenak egiten hasteko. Hau proposatzen duten sindikatuek artikulatu zehatza jarriko dute mahai gainean. Gainera, proposamena egingo da noiz eta 2022/2041 EB zuzentarauaren ondorioz Langileen Estatutuko 27. artikuluaren aldaketa eztabaidagai izango den unean. 

Akordio hau sindikalismo borrokalari baten emaitza da, zeinak aurre egiten dion “urtez urte elkarrizketa soziala delako horren” eszenaratzeari; hau, “akordioa izan zein ez, gero eta ezgauzagoa da ezberdintasun sozial hazkorrak bideratzeko”. Manifestua sinatu duten sindikatuek espero dute Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen lankidetzari esker espainiar Estatuko herrietara justizia soziala eramango duen aldaketa politiko bat gertatzea.

LABek bere posizioa indartuta ekingo dio Arabako metaleko negoziazioari

Sektorean 3. indarra izatera pasa da azken negoziazio prozesutik.

Gaur, urtarrilak 26, Arabako Metaleko hitzarmena berritzeko mahai negoziatzailea osatu da. Aldaketa esanguratsuena LAB-ek izan dugun bilakaera izan da. Izan ere, aurreko hitzarmenean 4garren indarra baginen, oraingo honetan 3garren indar bezala ekingo baitiogu negoziazio prozesuari. Sektoreak LAB-ek izandako jarrera saritu egin du, bere delegatuen kopurua sektorean %40 handitu delarik.

Azken hilabeteetan LAB-ek bere ordezkari eta militanteekin batzarrak burutu ditu, inkestak jaso ditu enpresaz enpresa eta mahai negoziatzailean defendatuko dugun plataforma eratu dugu. Arabako metaleko sektorean milaka dira lan zentro eta tailer txikietan lan egiten duten langileak. Sindikatuok gai izan behar dugu tailer hauetako langile guztiei eskaintza sindikal eraginkorra egiteko, eta beren eskubideak eta lan baldintzak hobetzeko markoak eskaintzeko. LABentzat sektoreko hitzarmena da erreferentzia, eta hortik gora, enpresa-batzorde eta delegatuei tresnak eskaintzen dizkiegu hitzarmena hobetzen jarraitzeko. Enpresaz enpresako negoziazioetara mugatzeak babes gutxien duten langileak bazterrean uzten ditu, prekarietatera bultzatuz eta euren egoera betikotuz. 

Patronalak ez digu ezer oparituko, eta arrankatzea lortzen dugun eskubide bakoitza borrokaren bitartez izango da. Horregatik, eta datorren negoziazio prozesuaren aurrean, beharrezkoa izango da langileak aktibatzea eta borroka egiteko prest egotea. Norberak bere erantzukizuna ez hartzea, ez da aukera bat. Bai sindikatuok, eta baita langileok ere. LAB prest dago dagokion papera jokatu eta irmoki, koherentziaz eta langileon babesarekin sektoreak behar eta merezi duen hitzarmena lortzeko erronkari egiteko. Erantzukizun osoz. Aldi berean, gainontzekoei ere egokitzen zaien erantzukizuna har dezaten exijituko dugu.

Hurrengo bilera, otsailak 9an izango da. Bertan, LAB-ek bere afiliatu eta militanteekin azken hilabeteetan eratutako plataforma aurkeztuko du mahaian, sektoreak dituen beharrei era merezi duenari erantzungo diona. 

Ez dago aukerarik eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

LABek iragarri du utzi egingo duela EAEko Hezkuntza Sailak Eskola Bikaina Denontzat izenarekin sorturiko mahaia.

Segregazio mahaiaren bosgarren bilera egingo da asteazkenean Gasteizen. Bertan, Hezkuntza Sailak eskola segregazioari aurre egiteko garatuko diren lan-lerroak eta proiektuak definitzeko fasea landuko dela dio, baina ez du lanketarako inolako proposamenik aurkeztu. Berriro ere inprobisazioa izango da nagusi, eta sailaren helburua eguneko argazkia ateratzea izango da.

Hezkuntza sistemaren arazo nagusietakoa den eskola segregazioaren gaiari ausardiaz heltzeko baino, EAJk eta PSEk onartutako Hezkuntza Legean jasotako neurri orokorrez hitz egiteko foroa bilakatu da mahaia; konplexutasunari eta neurri konkretuei ez zaie heldu nahi izan. LABek foro horretan diagnostikoari ekarpenak egin dizkio, eta neurri zehatzei lotutako proposamenak aurkeztu ditu. Foro horretan parte hartu du borrokarako beste eremu bat gehiago izan delako, eta ikastetxeetan egin duen zein egiten ari den lanketari edota mobilizazioen bitartez egiten duenari batu zaio lan hori. Alabaina, mahaian egondako inprobisazioak, diagnostikoa onartzeko aldebakartasunak, eduki eta neurri errealez ez hitz egiteak eta foroa Hezkuntza Legea ontzat emateko baliatzeak LAB erabaki berri batera eraman du: mahaia uzteko erabakia hartu du.

LABek uste du ez dagoela aukerarik mahai horretan eskola segregazioari aurre egiteko beharrezkoa den itun soziala lortzeko; ez dago baldintzarik zerbait egiten delako sentsazioa emateko sorturiko mahai horretan. Tamalez, baieztatu daiteke ez dela konplexua den gai batean itun sozial bat lortzeko lan egiteko asmoarekin sorturiko mahaia izan. Gainera, langileen ordezkarien gehiengoarekin adostu behar den gaia izanik, bertan landutakoak irakaskuntzako mahai sektorialetan landu eta adostu behar direla eskatu izan du LABek, ez baitago segregazioaren kontrako itun sozialik langileen gehiengorik gabe.

Sistema bera, segregazioaren oinarrian

Segregazioa sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonial, arrazista eta ekozida honen beste tresna bat da. Nola funtzionatzen duen ulertzeko eta horri aurre egin ahal izateko, testuinguru sozioekonomikoari, egoera demografikoari eta hezkuntza politikei begiratu behar zaie. Euskal Herrira bizitzera iristen diren pertsona askorentzat migrazioa bizirik irauteko estrategia bat da. Eta, zentzu horretan, eskola funtsezko espazioa da edo izan beharko luke, errekonozimendurako eta aukera berdintasunerako.

Hala ere, horretatik urrun, segregazioa diskriminazioaren eta aukera desberdintasunaren aterkia da. Olatu erreakzionarioa ikasgeletara iritsi da, eta hor gero eta matxismo, arrazakeria, homofobia eta xenofobia handiagoa dago.

Testuinguru horretan ulertu behar ditugu eraso euskarafoboak ere. Euskara oso une zaurgarrian dago, larritasun egoera batean. Eskola segregazioa gainditzeko borrokak euskarari arnasa emateko borroka ere izan behar du.

Euskara eskubide kolektibo, eskuragarri eta bermatu gisa, haur migratzaileentzat aukera berdintasunerako eta gizarte, auzo eta herri kohesionatuago bat eraiki ahal izateko aukera da.

Hezkuntza eredua ez da neutrala. Eragin esanguratsua du haurren eskolaratzean, nola eta zertarako eskolatzen diren. Dauden arrakala sozialak betikotu ez ezik, sakondu ere egiten ditu. Hori da eta horretarako balio du, hain zuzen, eskola segregazioak.

Ukaezina da desoreka handiak sortzen dituela ikastetxeen artean, eta, egoera horretan, Jaurlaritzak bideraturiko hezkuntza eta hizkuntza politikek eskola segregazioa areagotu besterik ez dute egin:

• Ez dago eskolatze orekatua eta haurren euskalduntzea bultzatzen duen hizkuntza politikarik. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez, eta ez dituzte haurrak D ereduan matrikulatzera animatzen.

• Eskola segregazioaren arrazoien artean sistemaren antolaketa dualak eragina duela jaso du diagnostikoak, baina horrekin batera legez debekaturik dauden kuoten kobrantzak eragin zuzena du. Hezkuntza Sailak, gaur-gaurkoz, ez du kuota horien auditoretza egin, kuoten kobrantza datuak ez ditu gardentasunez publiko egin eta kuotak debekatzeko planifikaziorik ez dago.

• Doako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak —hezkuntza sistemaren % 50,8 da— eta oraindik kuotak kobratzen dituzte sare itunduan gizarte ekimeneko ikastetxeek —% 39,5— eta ikastolek —%9—. Alabaina, ikastolen kasuan, doakotasunaren bidean urratsak ematearekin batera, egoera zaurgarrian dagoen ikaslerik kanpoan ez geratzeko beka sistema bat abian jarri dute.

• Ikaspostuen gaineskaintza egoeran gaude, eta horrek bestelako eskola planifikazio bat eskatzen du. Horregatik, era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jartzeko politika eta neurriak behar dira, eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetu behar da, D eredukoak eta laikoak ez diren ikaspostuak murriztetik hasiz.

• Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioari heldu behar zaio. Izan ere, Hezkuntza Legeak esaten duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskarazko B2 maila eskuratu behar dutela, gaur-gaurkoz, eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean, hori ez da horrela. Funts publikoak jasotzeko bete beharreko betekizuna izan behar da.

Horrek guztiak hainbat ondorio ditu, eta desberdintasun sozioekonomikoak iraunarazi ez ezik, areagotu ere egiten ditu; eskola publikoaren azpifinantzazioa bultzatu du, eta haren kalitatean eragiten du. Horrez gain, euskararen ezagutza eta horren bermerako euskarazko murgiltze ereduaren hedapena zailtzen du.

Hortaz, eskola mapan dauden desorekak gainditu egin behar dira, desoreka horiek, goian aipaturiko ondorioez gain, klasismorako eta arrazismorako joerak indartu baititzakete. Horregatik, LABek gizarte kohesioaren alde egiten du eta hor euskarak inklusio sozialerako tresna garrantzitsua izan behar duela aldarrikatzen du.

Bukatzeko, LABek gogorarazi nahi du eskola segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen zituen dekalogoa publikoki aurkeztu zuela, eta bertan proposatutako neurriak lantzen eta borrokatzen jarraituko duela.

LABek salatzen du Gernikako Unitate Soziosanitarioa pribatizatzeko arriskua

LABek publikoki salatu nahi du Gernikako Unitate Soziosanitarioaren inguruan sortu den egoera, urteetan zehar kudeaketa publikoko zerbitzu publiko gisa iragarri den proiektua, eta orain enpresa pribatu baten bidez martxan jartzea aurreikusten dena.

Proiektu publikoa, negozio pribatu bihurtua

2022an, IFASeko Negoziazio Mahaian, jakinarazi ziguten Gernikako Ospitalean kudeaketa publikoko Unitate Soziosanitario bat sortuko zela, honako ezaugarriekin:

  • 25 plaza
  • IFASeko langileak
  • Jarduketa-memoria bat, beharrezko langile kopurua jasotzen zuena

Ordutik hona, Bizkaiko Foru Aldundiak behin eta berriz zabaldu du proiektu hau komunikabideetan, beti ere zerbitzu publiko gisa aurkeztuta, kudeaketa-ereduaren inguruko inolako aldaketaren berri eman gabe.

Informazioaren ezkutatzea

LABek eta IFASen ordezkaritza dugun gainerako sindikatuek gai honi buruz galdetu dugu ia negoziazio-mahai guztietan, 2022tik hona.
Azken mahaian, soilik adierazi ziguten unitatea ez zela martxan jarriko 2026ko amaiera arte.

Hala ere, LABek jakin izan du 2025eko azaroaren 24ko Gizarte Ekintzako Batzordean, Gizarte Ekintzako Diputatuak honakoa adierazi zuela:

Gernikako 25 plaza soziosanitarioak 2026ko amaieran jarriko dira martxan, mota horretako unitateak kudeatzen esperientzia duen erakunde espezializatu batekin egindako hitzarmen baten bidez, Bizkaian beste baliabide soziosanitario batzuk ere kudeatzen dituena.

Informazio hori ez zen IFASeko Negoziazio Mahaira eraman, sindikatuok behin eta berriz galdetu arren.

Hau ez da akats bat: informazioa nahita ezkutatzea da.

Zainketen pribatizazioa

Planteatzen dena argia da: baliabide publikoa dena, diru publikoarekin finantzatua eta kudeaketa publikokoa zela iragarritakoa ENPRESA PRIBATU BATEN ESKU UTZIKO DA, helburua ez delarik zaintza duina bermatzea, etekin ekonomikoa ateratzea baizik.

Enpresa pribatuek poltsikoak betetzen dituzte, honen kontura:

  • langile-ratioak sistematikoki murriztuz
  • lan-baldintzak prekarizatuz
  • eta arretaren kalitatea hondatuz

LABek gaia Batzar Nagusietara eraman du

Egoeraren larritasuna ikusita, LABek Gernikako Unitate Soziosanitarioaren gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara eraman du.

LABen ekimen horren ondorioz, EH Bilduk ahozko galdera bat erregistratu du, Gizarte Ekintzako Diputatuak publikoki argitu dezan Gernikako Egoitza Unitate Soziosanitarioa kudeaketa publikokoa izango den ala ez.

Pribatizazioa ez da negoziatzen

Baliteke erabaki hau erabaki politikoa izatea, baina horrek ez du justifikatzen:

  • gardentasun eza
  • informazioa ezkutatzea
  • ezta zainketak negozio bihurtzea ere

LABek erabat arbuiatzen du zainketen pribatizazioa.

Azalpenak eskatzen ditugu

LABek gai hau Bizkaiko Foru Aldundiko Negoziazio Mahaira ere eraman du, eta handik urtarrilaren 28an egingo den IFASeko Negoziazio Mahaira bidali gaituzte berriro.

LABek ez du beste aldera begiratuko

  • Ez pribatizazioari
  • Ez zainketen negozioari
  • Ez diru publikoa esku pribatuetara bideratzeari

Zainketak ez dira negozio bat. Eskubide bat dira.
LABek lanean eta salatzen jarraituko du.

1.500 ordezkari baino gehiago elkartu ditu LABek egunotan, martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko

Greba orokorrerako deia herriz herri, auzoz auzo eta lantegiz lantegi ari da zabaltzen LAB. Egunotan, eskualdez eskualde batzarrak egin ditu, eta ehunka ordezkari elkartu ditu. Izan ere, martxoaren 17an egingo den greba orokorraren lanketan sakontzeko unea da, eta grebaren garrantziaz, haren aurrelanketaz eta egunaz aritu dira ordezkariak batzarrotan. Euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia ere egin dute.

Deialdia zabaldu eta lantokiz lantoki grebarako arrazoiak langileekin partekatzeko, buru-belarri lanean ari dira LABeko kideak. Grebarako arrazoiak ez dira falta: bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko.

Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, greba orokorrera goaz.

Patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurrez pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten.

Eremu pribatuan eta publikoan, etengabe erasotzen dira langileon soldatak. Orain, absentismoaren mantrarekin datoz murrizketa berriak inposatzera. Beraz, greba orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu:

  • 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko.
  • Arrakala matxista eta arrazistak murrizteko.
  • Soldata guztiak gorantz bultzatzeko.
  • Enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko.
  • Gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko .
  • Sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko.
  • Soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan.
  • Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Badugu hamaika motibo, beraz, mobilizatzeko. LABek dei egiten die langile guztiei euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko. Greba eta mobilizazio egun arrakastatsu baten alde lanean jarraitzen dugu.

Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da

Gaur, Urtarrilak 23, negoziazio berria martxan jarri da, LAB-ek gehiengoa duen sektorean.

Bilera honetan, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen KPI berrikuspen klausula dela eta, %2ko igoera ere jaso dugu. LAB-ek gehiengoa duenetik, 2021eko hitzarmenetik alegia, soldatak %20 inguru igo dira azken bi hitzarmenetan. Aldi berean, salerosketa negoziazioarekin amaitu eta ez da eskubide bakar bat ere galdu. Kategoria batzuetan, Errioxako hitzarmenarekin alderatuta, oso parekatuta daude edota gainditu dira. Duela 10 urte, bi hitzarmenen arteko ezberdintasuna 10%ekoa zen soldatetan kategoria baxuenetan.

Arabako Ardogintzako hitzarmenak 1500 langile ingururi eragiten die. Sektorea orokorrean upategi txikiz dago osatuta, eta hori dela eta, berebiziko garrantzia du sektoreko hitzarmenak, upategi handi zein txikien erreferentziazko akordioa delako. Sindikatuok kapazak izan behar gara upategi hauetako langile guzti hauei eskaintza sindikal eraginkorra proposatzeko, eta beren eskubide zein lan baldintzak hobetzeko borroka markoak eskaintzeko. Enpresaz enpresako negoziaketetara mugatzeak bazterrean uzten du sektorearen gehiengoa, prekarietatera bultzatuz eta egoera betikotuz.

LAB-ek argi du sektorearen indarra langileon batasunean dagoela. Eta horrela, koherentziaz, erantzukizunez jokatuko dugu negoziazioan, beste sindikatuekiko eskuzabaltasunez. Baina hitzarmen ona lortzeko, beharrezkoa izango da langileon bultzada eta borrokarako prestutasuna Gure erronka sektorea aktibatzea da.

Hurrengo bileran, LABek azken hilabeteetan bere ordezkari, afiliatu eta militanteekin osatutako plataforma aurkeztuko dugu mahaian. 

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak egun ere Euskal Herrian aldaketa sozial eta politikoak eragiteko gaitasuna duela azpimarratu du Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak. 

Gasteizko sarraskiaren 50. urtemuga da aurten. Urteurrenaren harira, egitarau propioa diseinatu du LAB sindikatuak, eta horren berri eman gaur Gasteizko Zaramaga auzoan Igor Arroyo koordinatzaileak, 1976ko gertakarien lekuko eta biktima izan ziren hainbat kiderekin eta haien ondorengo diren LABeko kide gazteagoekin batera, langile borrokaren testigantza eskualdatzen ari dela irudikatuz. Memoria landu eta etorkizunari begira konpromisoak berritzeko asmoz, M-3aren bueltan egitarau oparoa antolatu du LABek: erakusketa bat eta hainbat solasaldirekin batera, martxoaren 3an bertan jarriko du mugarri nagusia, ekitaldi nazionala egingo baitu Gasteizko Europa Biltzar Jauregian, duela 50 urte bezala, orain ere borroka sindikalaren beharra aldarrikatzeko. Egun horretan, gainera, urtero legez, beste sindikatuekin eta M3 Elkartearekin arratsaldez egin ohi den manifestazioan parte hartuko du sindikatuak. 

Arroyok langile memoria zaintzearen garrantzia azpimarratu du: “Esaten da historia garaileek idatzi ohi dutela. Bada, gure herriaren eraldaketa soziala eta askapen nazionala lortu nahi ditugunok erronka bikoitza dugu memoriaren eta kontakizunaren arloan. Alde batetik, Gerra Zibilaren osteko diktaduran odolez eta suz inposatutako historia eta, ondoren, trantsizio makillatuaren bidez hedatutako diskurtsoa deseraikitzea. Bestetik, gure herriaren eta langileriaren duintasunaren alde borrokatu zirenen bizipenak berreskuratzea, berreraikitzea eta balioestea. Gure oroimena galtzea geure kabuz bestelako etorkizun bat irudikatzeko aukera galtzea da, eta ez gaude prest horri uko egiteko”. 

Ildo horretan, duela bi urte ospatutako LABen 50. urteurrenetik abiatuta sortutako egitasmo baten berri eman du Arroyok: Zabaltzen Dokumentazio Zentroa. Sindikalisten belaunaldi berriei nahiz ikerlariei iraganeko borroken berri emateko tresna izango da. Era berean, martxoaren 3ko ekitaldi nazionalean Gasteizko sarraskiaren oroimenari eutsi dioten kideen lana aitortuko du LABek. Arroyoren arabera, “ekinaren ekinez, Martxoaren 3ko oroitzapenak aitortza instituzionala lortu du, baina urte luzez LABeko militanteek eutsi izan diote egia, justizia eta erreparazioaren aldarriari. Harro gaude gure kideek egindako lanaz”. 

Bestalde, lehengo eta oraingo borroka sindikalaren inguruko gogoeta egin du Arroyok: “Euskal langileria eta Euskal Herria bezala, euskal sindikalismoa ere nabarmen aldatu da 50 urte hauetan: industria erdigunean izatetik sektore guztietan antolatzera; sistemak langileen artean sortzen dituen arrakalei aurre egiteko, sindikalismo borrokalari feminista eta antiarrazista garatzera; enplegua vs. kapitala gatazkatik bizitza vs. kapitala gatazkara. Berrikuntza horiek guztiak beharrezkoak eta onuragarriak izan dira. Era berean, duela 50 urteko baloreei balioei eutsi egin die euskal sindikalismoak: klase kontzientzia, klase elkartasuna, borrokarako determinazioa. Eta, bereziki, euskal langileriak bizi duen zanpaketa nazionala, soziala eta patriarkala gainditzeko anbizioari eutsi dio”. 

Hala, Europako lurralde askotan sindikalismoa sisteman integratu den bitartean arren, Arroyok nabarmendu du Euskal Herrian badela aldaketa sozial eta politikoak eragin nahi dituen eta ditzakeen eta ahal dituen sindikalismoa. “Are eta gehiago, urte luzez LABek bakarrik defendatutako eredu sindikal soziopolitikoa hegemonikoa bilakatu da Hego Euskal Herrian eta indartzen ari da Ipar Euskal Herrian. Krisi anizkoitza bizi dugu, energia, ekosistema, zaintza edota eredu ekonomikoa zeharkatzen duena. Kapitalak autoritarismoaren bidea hartu du mundu mailan, baina Euskal Herrian badugu aukera eta beharra beste norabide batean aritzeko, bizitza erdigunean jarri eta, ondasuna, enplegua eta zaintza banatuz, trantsizio ekosozialaren alde eginez”.

Arroyok nabarmendu duenez, ondasunaren banaketaren aldarria zegoen 1976ko martxoaren 3an Gasteizen deitutako Greba Orokorraren muinean. Eta aldarri bera dago, halaber, martxoaren 17rako Hego Euskal Herri osoan deitutako Greba Orokorrean: “Martxoaren 17a mugarria izango da, bai estrategikoa den gutxieneko soldata propioa eskuratzeko, baita sindikalismo euskal sindikalismo eraldatzaileari bultzada emateko ere. Langileak desjabetu eta sindikalismoa desaktibatu nahi dituen patronalari eta alderdi sistemikoei tamainako erantzuna emango diegu”. 

Lanuzteak hasi dira Arabako esku-hartze sozialaren sektorean

Gaur, urtarrilak 21, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek 3 orduko lanuzteak deitu ditugu Arabako esku-hartze sozialaren sektorean, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Dagoeneko 11 hilabete pasa dira sektoreko IV. hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zenetik, eta aurrerapenak oso urriak izan dira. Sektorean presentzia dugun 4 sindikatuok, sektoreko langileekin kontrastatu ondoren, soldatak eta lan-baldintzak sektore publikoko langileenekin parekatzea eskatu dugu.

Ordutik, AISA patronalak ez die aldarrikapenei erantzun, negoziazio osoan zehar planteamendu xantaiatsua eginez, bandazoz beteta eta gai gutxi batzuk bakarrik jorratzeko borondatearekin (soldatak eta plusak, lanaldia, segurtasuna eta osasuna, LGTBI+ pertsonen berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzeko neurriak, nahitaez landu beharrekoak direnak, eta gaixotasun egoeran daudenentzako osagarriaren aldaketa, baja luzeen estaldura okertzen duena).

Lau sindikatuok, langileen proposamenak jaso ondoren, hobekuntzak proposatu ditugu hitzarmenaren 28 puntutan, eta horietatik 10ek ez dute inolako kostu ekonomikorik. Patronalak 11 hilabetetan ez die erantzun kostu ekonomikorik ez duten 10 gai horiei, eta hori erabat onartezina da.

Horregatik, talde politiko guztiekin bilerak eta hainbat mobilizazio egin ondoren, sindikatuek lanuzteak eta grebak deitu ditugu. Gaur txanda bakoitzeko 3 orduko lanuztea egingo dira, eta negoziazio mahaiak, urtarrilaren 29an egingo den bileran aurrerapausorik ematen ez badu, otsailaren 4an eta 5ean bi greba egun egingo dira.

Lanuzteen eta mobilizazioen gaurko jardunaldia astelehen honetan Eusko Jaurlaritzan lortutako gutxieneko zerbitzuen akordio baten pean egiten ari da, sindikatuek sustatutako bilera batean. Aldundiak, hitzarmenaren aplikazioaren eraginpeko zerbitzu eta zentroen arduradun nagusiak, ez zuen bertaratzeko ardurarik izan, agerian uzten beraien arduragabekeria eta erabateko errespetu falta sektoreko langileei eta gizarte-zerbitzuetan artatutako pertsonei, zuzenean eragindakoek lanuzteen eta greben jardunaldiek, akordiorik ezean.

Gorka Urtaranek eta bere taldeak, beraz, ez dute akordioa errazten, ez dute haien erantzukizun publikoa hartu, eta ez dira arduratzen gatazka baten ondorioez, gatazka konpontzeko erabaki politikoak hartu behar direnean. Argi izan dezatela ez garela geldituko sektoreko langileek merezi duten hitzarmena lortu arte.

Arabako esku-hartzeko lan baldintzak hobetuz, ekiparazioa!!