2026-09-13
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du Telesonic enpresak ikus-entzunezko teknikarien %45 kaleratu duela

LABek salatu du Telesonic enpresak ikus-entzunezko teknikarien %45 kaleratu duela

LAB sindikatuak, Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi langile teknikoen sektorean %100eko ordezkaritza duenak, salatu du Baluarten zerbitzua ematen duen Telesonic enpresak langileen %45 kaleratu duela.

Enpresak kaleratze hauek jakinarazi dituenean, antolaketa eta produkzio arrazoiak argudiatu ditu, baita langileen egokitzapen falta ere. LABek “erabat” ukatzen ditu argudio horiek, bereziki egokitzapenarekin zerikusia dutenak, sindikatuaren arabera, langileek ez dutelako beharrezko prestakuntza jaso Baluarteko areto nagusian azkenaldian ezarri diren aldaketa tekniko garrantzitsuei egokitzeko.

Sindikatuak gogorarazten du Telesonic arduratu behar dela bere langile teknikoak sistema berriaren erabileran trebatzeaz, eta adierazi du “ezin dela egokitzapen faltaz hitz egin, egokitzapen horretarako prestakuntzarik eta beharrezko baliabiderik eskaini ez bada.” Gainera, kritikatu dute enpresak ez dituela beharrezko neurriak hartu kalitatezko ikus-entzunezko zerbitzu bat bermatzeko Baluarten, eta “kalera bota dituzten langile teknikoei bere lan kudeaketarako arduragabekeria ordaintaraziz.”

Sindikatuak prozesua kudeatzeko modu onartezina salatu du ere; langile kaltetuek kaleratu dituztela jakin dute kontu korrontean finikitoa ikusi dutenean, aurretik jakinarazpenik edo azalpen pertsonalizaturik jaso gabe.

Sektoreko hitzarmenaren negoziazioa oztopatzen duen mugimendua

Kaleratze hauek Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi sektoreko lehen hitzarmen kolektiboaren negoziazio-prozesuaren erdian gertatu dira. Testuinguru horretan, kaleratze hauek “abisu gisa, prozesuaren oztopo gisa, eta langileen antolaketa eta indarra ahultzeko saiakera gisa” ikusten ditu LABek.

Kaleratzeen iragarpena LABek antolatutako informazio-batzar baten egun berean eta ordutegi berean egin zen. Batzarraren helburua negoziazioen egoera aztertu eta egin ahal ziren mobilizazioei buruz eztabaidatzea zen. Aldi berean ere, sindikatuak patronalean dauden enpreseei komunikazio bat bidali zien hitzarmenaren negoziazioan parte hartzeko deia eginez. “Ez dugu uste kasualitatea denik,” adierazi dute LABetik.

Arduraz jokatzeko, elkarrizketa sustatzeko eta kaleratzeak berehala atzera botatzeko eskakizuna

LABek eskatzen dio Telesonic enpresari bere ardura bere gain har dezala Baluarteko ikus-entzunezko zerbitzuaren esleipendun gisa, kaleratzeak atzera botatzeko eta enpleguaren egonkortasuna bermatzeko. Sindikatuak ohartarazi du mota honetako ekintzek ez dutela “adostasunera heltzen laguntzen, sektoreko lan-baldintzak hobetu ordez, prozesua are gehiago tentsionatzen dute.”

Sindikatuak ziurtatu du Nafarroako Ikuskizun eta ekitaldi sektoreko langile teknikoen eskubideak indarrez defendatzen jarraituko duela, “lan duina bermatuko duen hitzarmen baten alde apustua eginez, eta komunitatearen jarduera kultural eta eszenikoan parte hartzen dutenen garrantzia kontuan hartuko duten lan-baldintza egokiak bermatuz.”

LABek negoziatzen jarraitzeko borondatea duela azpimarratzen du eta prozesu honetan era konstruktiboan parte hartzen ari diren enpresekiko balorazioa adierazten du, baina argi uzten du “negoziazioa desegonkortzeko provokazioetan” ez dela eroriko eta “hitzarmenaren negoziazioan lortutako aurrerapenei sabotaje edo oztopoak jartzen saiatzen diren mugimenduei aurre egiteko irmotasunez” jokatuko duela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

LABetik salatzen dugu bi hilabeteko geldialdiaren ondoren Eudelek ez duela proposamen berririk ekarri eta Udalhitzeko mahaia blokeatzen ari dela

Alderdi politikoen borondate politiko ezaren aurrean eragin eta mahaira edukiak ekarri ditzaten ezinbestekoa da urriaren 8an langileak grebara batzea. Bi hilabeteko udako geldialdiaren ondoren bildu...

Hauteskunde sindikaletan patronalei eta gobernuei erantzun irmoa emateko deia egin die LABek euskal langileei

Gutxieneko soldata, enpleguaren defentsa eta zerbitzu publikoak indartzea, ikasturte honetarako hiru lehentasun nagusiak. Kapitalari mugak jartzea eta birbanaketa politiken alde egitea da faxismoari eta olatu erreakzionarioari ateak ixteko biderik onena, LABen arabera.