LABeko idazkari nagusia Bizkaia Irratian elkarrizketatu dute, eta aktualitateko hainbat gairi buruz hitz egin du. Hemen elkarrizketa osorik entzuteko aukera.
Arabako helduen egoitzetako enpresaburuen elkarteak bilerara deitu ditugu PRECOn, irailaren 21erako
2 urte eta erdi baino gehiagoz astean 17 greba eta elkarretaratze egin ondoren, Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileen lan-baldintzak aldarrikatzen jarraitzen dugu LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok. Hala, agerraldia egin dugu Gasteizen, egoeraren berri emateko.
Hain zuzen ere, 30 hilabete hauetan bilerak egin ditugu Arabako Foru Aldundiarekin, egoitzen sektoreko hainbat ordezkarirekin eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailarekin, baina oraindik ere lan baldintzak eta zerbitzua hobetuko dituzten neurrien zain gaude.
Agerraldian jakinarazi dugun bezala, “alderdi politikoetako kideek diote jendartearentzako funtsezko zerbitzua garela eta gure lanpostuak ezinbestekoak direla, konfinamenduan zehar izandako txalo zaparrada ospetsuen ildotik. Demagogia hutsa eta prekarietate bera. Pandemiaren aurretik ikusezinak ginen, orain bere propaganda politikoaren tresnak besterik ez gara. Horregatik, sindikatuek dei egiten diegu sektoreko enpresaburuen elkarteei datorren asteartean, irailak 21, 12:00etan PRECOn bilera bat egiteko”.
Datu esanguratsu bat eman dute euren baldintzen argazkia azaltzeko: Bizkaiko lankideek baino 200 ordu gehiago lan egiten dute urtean, hilean 400 euro gutxiago, eta, gainera, lanbide-kategorien arabera ez dagozkien zereginak egiten dituzte. Hau guztia esanda, herrialdeko hitzarmenaren aldeko aldarrian berretsi diar egoitzetako langileak.
Presoen eskubideen alde mobilizatu gara Bilbon
LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, euskal presoen eskubideen alde. Hain zuzen ere, udan egindako etenaldiaren ostean, hileroko dinamikari eman diogu jarraipena, eta Sare erakundearen Izan Bidea ekimenaren baitan egin dugu mobilizazioa, Plaza Eliptikoan, Espainiako Delegaritzaren aurrean.
Presoen egoerari heltzea eta konponbide bat ematea premiazkoa dela adierazi, eta Espainiako Gobernuari salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko exijitu dugu. Hain justu, 2018ko abenduaren hasi genuen dinamika hau, indarrean dagoen salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzteko helburuarekin.
Neurri hauek lehenbailehen martxan jartzea eskatzen dugu: euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzea; gaixorik dauden presoak eta adinez nagusienak berehala kaleratzea; gradu aldaketa eta ohiko kartzela legerian aurreikusitako kartzela onurak eskura izatea inolako diskriminaziorik gabe eta salbuespen legeria oro gainditzea.
Aipatu neurriok premiazkoak dira eta ezin da gehiago itxaron. Kartzeletako salbuespen-egoerak, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, bizikidetza demokratikoan aurrera egitea zailtzen du eta sufrimendu gehiago sortzen du.
Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ezartzeko momentua heldu da
Atzo erabaki zen 15 euro igotzea Estatuko Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS), Madrilgo Gobernua eta CCOO eta UGTren arteko akordioarekin. Soldata igoerak beti albiste ona izan arren, zenbatekoa oso apala da, baita Espainiako estatuko egoeraren aurrean ere. LABetik argi esan behar dugu ez dituela Hego Euskal Herriko langileen beharrak erantzuten.
Estatu mailan planteatzen ari diren igoerak oso urrun daude Hego Euskal Herrian dauden beharretatik. Bertoko bizitzaren kostuari ezin dio estatu mailan ezarri den LGSak erantzun. Hego Euskal Herriko egoerari egokitutako eta egoera horri erantzuten dion LGS ezarri beharko litzateke.
2020ko Greba Orokorraren ondoren eta honen indarra baliatuz, gehiengo sindikalak LGS propioa ezartzeko proposamena egin zion Confebaski, Akordio Interprofesional baten bitartez. Pandemia etorri zen eta proposamen horrek ez zuen garapenik izan. Orain, momentua da eztabaida horri berriz heltzeko. Euskal Herriko biztanleri osoak beharrezkoa du.
LABetik Eusko Jaurlaritza eta Nafar Gobernua interpelatu nahi ditugu gai honen inguruan lan egin dezaten. Iñigo Urkullu eta Idoia Mendia, Maria Chivite eta Ma Carmen Maeztu prest agertu beharko lirateke LGS propioa ezartzearen alde, baita hau lortzeko beharrezkoak diren pausoak emateko; bertako LGS lortzeak herri honetako biztanleriaren lan eta bizi kalitatea hobetuko luke, eta hori izan behar da Gobernu bien helburua.
Horrekin batera Confebask ere interpelatu nahi dugu. Orain dela urte ta erdi proposamen bat egin genien: LGSa propio bat ezartzea EAEn. Garaia heldu da eztabaida horri heltzeko eta horren inguruko pausoak emateko.
CEN patronala ere interpelatu nahi dugu, Nafarroan ere LGS propioa ezartzeko eztabaidari hel diezaion.
Estatu mailan dagoen eztabaidan, Estatuko Gobernuak, LGS ezartzerakoan, Europako Eskubide Sozialen Kartak ezarritako irizpidea hartu du: LGS soldataren bataz besteko %60a izatea.
LABek Hego Euskal Herrirako irizpide berdina defendatzen du. Hortik ezarri zen urteetan aldarrikatu den 1.200 eurotako gutxieneko soldata.
Baina heldu da garaia kopuru hori eguneratzeko. Europako Eskubide Sozialen kartak ezarritako irizpidea jarraituz, 2021ean Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.400 euro gordinetakoa izan beharko litzateke, 14 pagatan.
Bada garaia Hego Euskal Herriko eta bertoko begirako LGS bat ezartzeko. Langileak eta biztanleriak behar dugu.
Gobernu, patronal eta sindikatuak gai honi heldu behar diogu. LABek eztabaida hori bultzatuko du bertoko LGS lortu arte.
Lanuzteak eta greba eguna deitu ditugu USOAn, langile batzuk baztertzen eta diskriminatzen dituen hitzarmen kolektibo baten aurrean
LABek mugarri historikoa ezarri du, eta USOAn, 300 langile baino gehiago dituen Barakaldoko Udaleko enplegu-zentro berezian, lehen greba egitea proposatu du. Honen helburua da Gerentziak eta Barakaldoko Udalaren jarrera salatzea, presa baitauka langile batzuk baztertu eta diskriminatzen dituen Hitzarmen Kolektibo bat sinatzeko.
Gerentziak eta Udaleko gobernu-taldeak, negoziazioak hausten dituen ultimatum baten bidez, hitzarmen kolektiboa sinatu beharra ezarri dute irailaren 24rako. Zentzugabekeria horren aurrean, LABen erabakia da atzera ez egitea eta USOAko langileen eskubideak defendatzen jarraitzea.
Gaur egun, USOAko langile guztientzat aurreikusten da Barakaldoko Udaleko gainerako langileei urtero aplikatzen zaien soldata-igoera.
Hitzarmen berriaren negoziazioan, LABek USOAko langile guztientzako igoera lineala proposatu zuen, eta enpresaren helburua da, ordainetan, udalaren soldata-igoera USOAko plantillaren zati bati kentzea, langileen artean aldeak sortuz.
LABek uste du xantaia hori onartzeak etorkizunean enplegu-zentro bereziko langileei beste eskubide batzuk kentzea ekarriko duela, eta, horregatik, tinko eusten dio bere jarrerari. LABek Barakaldoko Udalaren soldata igoera eskatu du USOAko langile guztientzat.
Egoera horren aurrean, LABek honako mobilizazioak deitu ditu: irailaren 23an, 3 ordutako lanuztea 12:00etatik 15:00etara eta irailaren 24an, greba eguna eta prentsaurrekoa 10:30ean Barakaldoko Herriko plazan.
Langileen eskubideak defendatzea ez dela delitua aldarrikatu dugu Bilbon
Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren alde greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten 3 langile epaitu dituzte, eta haiei babesa emateko mobilizatu gara Bilboko epaitegien aurrean, “Langileen eskubideak defendatzea ez da inoiz izango delitua” lemarekin”.
Bizkaiko Metalgintzan 10 greba egun egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuta.
Hauxe da LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, CNT eta USO sindikatuok eginiko ohar bateratua, gaurko epaiketaren harira:
Gaur, epaitegi honetan, greba egitea eta lan eta bizi-baldintza duinak izatearen alde borrokatzea erabaki zuten hiru langile epaituko dituzte. Denok gogoratuko duzuen moduan, Bizkaiko metalean 10 greba egin ziren, baita hainbat mobilizazio ere. Borroka horren ondorio gisa, gaur egun 7 langile daude inputatuak, guztira 15 langile inputatu dituzte, baina horietako 8 absolbitu egin dituzte honetaz gain hainbat isun eta zigor ekonomiko jarri dira, kasu batzuetan Mozal Legea aplikatu delako. Gaurkoa ez da azken epaiketa izango, urriaren 4an beste bi langile epaituko dituzte eta kasu honetan Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek 23 hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute.
- Salatu nahi dugu akusazio horien guztien atzean dagoena (kasu batzuetan espetxeratzeko eskaerak barne): grebarako eskubidea kriminalizatu nahi da, lan eta bizi-baldintza duinak babesteko borroka guztiak kriminalizatzeko nahia dago. Kolektibo oso baten, sektore baten, borroka eredugarria gauzatu duten langileen borrokari aipua kendu nahi diote.
Argi eta garbi aditzera eman nahi dugu kriminalizatzeko saiakera hori erabaki politiko baten ondorioa dela. Erabaki hori instituzioen eskutik etorri da, bereziki, Urkullu lehendakaria buru duen Eusko Jaurlaritzatik. Izan ere, gatazkan zehar patronalaren alde jarri zen zalantzarik gabe, adibidez, Ertzaintza bidali zuenean grebalariak beldurtzera. Azkenean, zenbait langile jipoitu, atxilotu eta salatu egin zituzten. Greba egun baten ondoren, Bilbon egin zen manifestazio baten ostean, greba deitu genuen sindikatuok indarkeriaren erabilera neurrigabe hori salatu genuen prentsa-ohar baten bidez. Orduan Eusko Jaurlaritzari eta FVEMri ohartarazi genien poliziaren bidea eta bide judiziala ez zirela erabili behar. Hala ere, gaur, irailaren 16an, 7 inputatu ditugu.
Halaber, ez ditugu ikusi lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza greba egiteagatik kaleratuak izan diren metaleko langileak babesten, greba egin ez dezaten mehatxatuak izan diren langileak defendatzen, egunero euren lan-eskubideak urratuak ikusten dituzten langileen ondoan edo prekarietatean murgilduta bizi diren langileekin, batzuetan osasuna galtzen dutenak eta gehiegitan bizitza ere. Horrez gain, enpresariak ez ditugu ikusi epaiketei aurre egiten, espetxeratzeko eskaerei aurre egiten, oraintxe aipatu duguna bezalako eskubide urraketak gauzatu badituzte ere. Erabateko inpunitatearekin jarduten dute norbaitek ahalbidetzen duelako, sistema osoak ahalbidetzen duelako.
Bizkaiko metala ez da salbuespen bat, ordea. Jaurlaritzak berrikusi beharra dauka euren lanpostuen defentsan ari diren langileen aurka, azken hilabeteetan poliziak izan duen jarduera salagarria, euren artean ITP-PCB edo Tubacex-eko langileen kontrako erasoak. Azken bi gatazka hauetan, gutxienez 8 dira epaitegietan deklaratu behar izan dutenak eta litekeena da inputazio gehiago heltzea. Inork ezin ditu ahaztu Ertzaintzak ITP-PCBko ateetan jipoitutako langileen irudiak edo Tubacex-eko langileenak, Eusko Jaurlaritzaren aurrean poliziak erasotuak.
Langileen eskubideak, gure eskubideak defendatzea ez da sekula delitu izango. Hori dela eta, salaketek, isunek eta errepresioak ez dituzte lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea erabakitzen duten langileak geldituko.
Energia sektorearen jabetza eta kontrol publikoa beharrezko jotzen ditugu
Elektrizitatearen prezioa goraka doa etengabe eta oligopolio elektrikoa langileon pobretzearen kontura aberasten ari da. Honen aurrean, energia sektorearen jabetza eta kontrol publikoa beharrezko jotzen ditu LABek.
Energiaren ekoizpen eta merkaturatzearen pribatizazioak espekulazio eremu bihurtu du oinarrizko behar bat dena, gero eta pertsona gehiago pobrezia energetikoko egoeran dauden bitartean. Horren aurrean gainera, instituzioetatik eragiteko gaitasuna erabat hustuta dago.
Zergak bertan behera utzi edo murriztea bezalako neurriak ez dira baliozkoak izan igoerari aurre egiteko, fakturaren zati oso txikia dira eta enpresen irabaziak ukitu beharrean diru publikoaren bidez egiten da. Sistema bidegabe hau zalantzan jartzen duten neurriak beharrezkoak dira. Zentzu horretan gasaren prezioa denbora baterako mugatzea, “zerutik eroritako irabaziak”(enpresek dituzten irabaziak energia merkeena gasaren prezioan ordaintzen dugulako) mugatzeko legea, edo berriztagarrien primak fakturatik ateratzeko Jasangarritasun Funtsaren sorrera neurri interesgarriagoak izan daitezke. Hala ere, egiturazko neurriak hartu behar dira egoera honi aurre egiteko.
Argindarraren oligopolioa aberasten den eta ekologikoki jasangaitza den sistema baten, trantsizioa ezin da oligopolio horren esku egon. Horregatik:
- Prezioen igoera mugatu eta hornukuntza bermatu egoera zaurgarrian dauden pertsonei. Igoera langileok ordaindu ez dezagun mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
- Krisi ekologikoari aurre egiteko estrategiak garatzeko sektore energetikoaren jabetza eta kontrol publikoa. Enpresa publiko baten sorrera aukera bat izan daiteke EBko beste herrialde batzuetan ikus daitekeen bezala. Honako helburuekin lan egin:
- Gehiegizko kontsumodun sektoreak mugatu eta bizitzeko beharrezkoa den energia hornikuntza bermatu.
- Sorkuntza berriztagarria bultzatu, makro-proiektuen aurrean deszentralizazioa bultzatuz.
- Euskal Herriaren energia burujabetzarantz. Norabide horretan doazen egitasmo eta proiektuak bultzatuz.
LABek bat egiten du bihar Bilbon egingo den mobilizazioarekin eta bertan parte hartzeko deia egiten die langileei. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak eta Ekologistak Martxan-ek deituta, Euskadi plazan izango da mobilizazioa, 19:00etan, “No al tarifazo de la luz. Iberdrola errudun!” lemarekin.
EHUko langileen prekarizazioa eta diskriminazioa salatu dugu ikasturte hasiera ekitaldian
EHUk 2021-2022 ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egin du Donostian. Bada, honen aurrean, mobilizazioa egin dugu EHUrako finantzazio nahikoa eskatu eta unibertsitate publikoko langileen prekarizazio eta diskriminazioa salatzeko: “Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dute EHUn, kanpoan beste lan bat izan gabe, 400-700 euro hileko soldatekin bizitzen”.
Hauxe da LABek igorritako oharra, mobilizazioaren harira:
Berriro ere, EHUko ikasturte hasierako ekitaldian erronkak eta erresilientzia, bikaintasuna eta beste hainbat hitz polit entzungo ditugu ordezkari instituzional batzuen ahotan. Hala ere, eta pandemiak sortutako zailtasun berriez gain, badaude egoera batzuk pandemia aurrekoak zirenak, pandemian mantendu direnak eta pandemia garaitzean mantenduko direnak, haiekin bukatzeko neurriak ez badira hartzen.
EHU barruko errealitate gordin horiek ez dira berriak, eta ez dira egunkari eta albistegien berriak ere. Hedabideetan ez zaio zabaltzen euskal gizarteari EHUn dagoen prekaritate eta diskriminazioaren berri.
Irakasle askok lanaldi partzialeko kontratuekin jarraitzen dute EHUn, kanpoan beste lan bat izan gabe, 400-700 euro hileko soldatekin bizitzen. Irakasle partzialek era sistematikoan ordaindutako baina lan zama handiagoa dute. Irakaskuntza eta tutoretza baino ez zaie ordaintzen, nahiz eta kasu gehienetan beste ezinbesteko jardunak ere burutu (formazio-ikastaroak jaso, klaseen prestakuntza, kudeaketa, ikerketa…). Praktika oker batzuk aldatzeaz gain ezinbestekoa da soldata hain baxuak ezartzen dituen 41/2008 dekretua aldatzea, eta horretan Eusko Jaurlaritzak ardura nagusia dauka.
Doktoretza aurreko ikertzaile askoren kasuan oraindikez zaizkie ordaindu EHUk zor dizkien atzerapenak, Ikertzaileen Estatutu berriak ezarritako baldintza berriak direla eta. Ikertzaile berrien soldatak murritzak dira. Unibertsitatearen bikaintasuna behin eta berriro aipatzen digute, neurri handi batean ikerketan oinarrituta, baina ikerketa egiten hasten direnentzat lan-baldintzak prekarioak dira.
Salbuespen batzuk kenduta (hutsik dagoen lanpostu iraunkor bat okupatzen duten aldi baterako irakasleak), iraunkorrak ez diren irakasle eta ikertzaileei ukatu egiten zaie ikerketa seiurtekoak eskatzea, osagarri hauek jasotzeko meritu nahikoa izan arren. Kasu askotan beren lankide iraunkorrek haiekin batera eginiko ikerketa-jardunen lanak aurkezten dituzte ebaluatua izateko, baina aldi baterakoei ukatzen zaie aukera hori. Langileen arteko diskriminazio argia da, konpon daitekeena (beste unibertsitate batzuetan, egin den bezala,) baina EHUko Zuzendaritza taldeak ez du arazorik langileen arteko diskriminazio hau mantentzeko.
Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) kasuan,urte luzez lanean ari diren ehun langileren lanpostuek kontsolidatu gabe jarraitzen dute. Aurrekontu ez nahikoaren arrazoi nagusia den arren, Zuzendaritzak nekez presionatzen du Eusko Jaurlaritza beharrezko finantziazioa lortzeko.
Bestalde, EHUren zerbitzu baten baino gehiagotan, langile kopuru ez nahikoekin ari da lanean, eta kontratuak urtero berriztatzen dira, langile publikoen etorkizuneko lan-harremana eta bizitza nahierara moldatuz, ezinegonean.
Hala ere, urte luzetan, lanpostuen Zerrendako plaza gehienak ez dira LEPetan eskaini, eta aldi baterako langileek bete dituzte, lege iruzurrean. Eta orain Zuzendaritza iragartzen eta negoziatzen ari den enplegu eskaintzetan ez du inolako borondaterik erakutsi eskainiko diren lanpostu horietako langileei inolako egonkortasun akordiorik eskaintzeko, ezta are gutxiago, kontsolidazio proposamenik mahai gainean jarri eta negoziatzeko.
Hauxe da EHUko Zuzendaritza erakusten ari den arduragabekeria AZPko plantillarekiko. Hauxe ere, EHUko sindikatu gehienak, antza, onartzeko prest daudena.
Aurrekoa gutxi ez balitz, UPV/EHUko Zuzendaritza 2020ko aurrekontuan izandako 3 miloiko defizita 2021ekoan “orekatzeko” prest dago, gastuak txikituz zehazteke dauden murrizketak eraginez. Noiz eta Urkullu buru duen Eusko Jaurlaritza Euneiz unibertsitate pribatu elitistari bide emateaz gain, 12,5 miloiko dirulaguntza zuzena luzatzeko prest dagoen une berean. Lotsarik ez dute EAJ/PNVk eta PSEk!!
Horregatik beharrezkoa da, ikasturte hasiera honetan, EHU barruan mantentzen diren prekarietate eta diskriminazio egoera hauek eta beste batzuk salatzea eta haiekin bukatzeko exijitzea, horixe baita unibertsitate publiko bikaina erdiesteko ezinbesteko baldintza. LAB sindikatua tinko mantenduko da aldarrikapen hauetan, orain arte egin duen bezala.
Heziketa Bereziko langileen ezegonkortasuna salatu dugu
Ikasgelak dagoeneko umez eta gaztez beterik egon arren, hezkuntza behar bereziak dituzten ikasleak artatu behar dituzten langileen ezegonkortasuna nagusi da. %60tik gorako behin-behinekotasuna dagoeneko gutxi balitz, ordezkapenen banaketa kaxkarra medio, ikasturte hasiera ezegonkorra izaten ari da heziketa bereziko langileentzat. LAB sindikatuan eskola ezberdinetako langileen partetik eta ordezkapenetarako deien zain dauden izangaien aldetik jakinarazi diguten kexek, agerian uzten dute Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Hezkuntza Sailaren kudeaketa txarra.
Halaber, Hezkuntzako gainontzeko kolektiboetan covid-19aren pandemiagatik ezarritako langile gehigarriak aurreikusita badago, Heziketa Berezian, ez iaz ezta aurten ere, ez dira egongo errefortzuak.
Sail bereko langileak diren arren, EAEko lurralde bakoitzean arau desberdinak aplikatzen ditu Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzak, eta horrek ezjakintasuna, haserrea eta urduritasuna sortu ditu langileen artean.
Alde batetik, ordezkoen zerrenda-hurrenkeran akatsak egon dira, batzuk ez dira deituak izan, eta hori kontsultatzeko dagoen tresna telematikoan, Irakaslegunean, aldaketak egon diren arren, Administrazioak ez digu horren berri eman.
Beste aldetik, telefonoz esleitutako plazetan ez dira errespetatu jardun erdiko 50 kilometro baino urrutiagoko lanpostuei uko egiteko aukera, zerrendetatik kanporatua izan barik.
LABetik uste dugu ordezko hezitzaileei esleitutako plazak gardentasun handiagoz kudeatu behar direla; horretarako, Ordezkagune bitartez zerrendak eguneratzeaz gainera, kudeaketarako langile gehiago kontratatu eta trebatu behar ditu administrazioak, ikasturtea behar bezala has dadin. Izan ere, behar dugun hezkuntza ikasle guztiei heldu dakien, inor kanpoan utzi gabe, beharrezko giza-baliabideak eskaini behar zaizkio eskola publikoari.
Beste aldetik, Hezkuntza Sailak ezin du horrela jokatu langileekin; are gutxiago, dei horien beharrean dauden ordezko hezitzaileen ogibidearekin.


