2026-01-22
Blog Page 402

Arabako Metalgintzan mobilizazioak, lanuzteak eta grebak proposatuko ditugu lan baldintza duinak lortzeko

LABek Arabako Metalgintzaren egoera aztertu eta ondorio argia atera du: ezinbestekoa da borroka fase batean sartzea. Hortaz, gainontzeko sindikatuei proposamen hori luzatuko diegu: sindikatu guztiok, oinarri batzuk adostuta, Arabako Metalgintzako langileok borrokara deitzea, hau da, mobilizazioak, lanuzteak eta grebak antolatzea, beti ere sektorean lan baldintza duinak lortzea helburu.

LABen ustez, nabaria da Arabako Metalagintzak arazo ugari dituela eta SEA patronalak ez diela aurre egin nahi: soldata txikiak handitzeko igoera eskasak, lanaldi luzea (Euskal Herriko luzeena) ez du inolaz ere jaitsi nahi, kontratazioaren iruzur handiaren kontra ezer ez, aldibatekotasuna izugarria jaisteko ezer ere ez, azpikontrateko prekaritateari aurre egiteko subrogazioa ez du onartzen, berdintasuna erreala gutxiesten du, lan istripuak ekiditeko ezer ez, bajan egonda soldata ez galtzeaz ez du entzun nahi, kontziliazioa eta erantzukidetasuna errazteko ezer ez, plantilak biziberritzeko errelebu kontratuari ez… 

Hortaz, SEA patronala ez da apenas mugitu hiru urtetan, negoziazioa bahituta dauka eta denbora pasatzen uztea besterik ez du egiten.

Hori dela eta, LABeko militantziak erabaki du ezin dugula geldirik jarraitu. Arabako Metalgintzako langileen batzar bat burutu eta bertan onartu da sindikatuaren proposamen berria: beste sindikatuekin oinarri batzuk adostu, borroka dinamika amankomuna abiatzeko. Borroka dinamika horretan adostu beharko zen, LABen ustez, sektoreko langileak mobilizazio, lanuzte eta grebetara deitzea, lan baldintzak duintzeko helburuz.

Proposamen hori LABek gainontzeko sindikatuei helaraziko die hurrengo egunetan, konbikzio argi batekin: soilik langileen mobilizazio eta aktibazioarekin lortuko dugu sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen duin bat. Lan baldintza duinak ez dira zerutik etorriko, baizik eta langileen borrokatik. Hori da, hain zuzen ere, LABek bultzatuko duena.

Gauzak horrela, espero dugu Arabako Metalgintzan borroka amankomuna ahalik eta lasterren gauzatzea.

Iruñeko eremu urdineko langile batek jasandako erasoa gaitzesten dugu eta erantzukizunak eskatzen ditugu

Joan den irailaren 8an, Iruñeko eremu urdineko zona berriak martxan jarri eta egun gutxira, ORAko langile bati eraso egin zioten, perdigoi batek jota. LAB sindikatutik uste dugu enpresako zuzendaritzak bere langileen segurtasuna eta osasuna bermatu behar dituela, eta salatu nahi dugu Dornierrek ez duela egin.

Nabarmena eta publikoa zen Iruñeko auzo batzuetan eremu urdina hasi aurreko egunetan izaten zen tentsioa, eta Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legeak arautzen duen bezala, enpresak arrisku-egoera hori kontuan hartu behar zuen eta prebentzio-neurri egokiak hartu behar zituen eremu horietan lanean hasi aurretik.

Baina enpresak ORAko langileak bidali zituen eremu berrietara, egoeraren arriskuen ebaluaziorik gabe eta istripurik gerta ez zedin prebentzio-neurri nahikorik hartu gabe. Hala, langileen osasuna babestu beharra ez zen bete.

LABen ustez, bai Dornier enpresak bai Iruñeko Udalak (azpikontratatutako langileen segurtasunaren eta osasunaren zuzeneko arduraduna ere bada) ORA gune berriak aktibatzeko zain egon beharko lukete, auzo-tentsioa hain handia ez izateko, eta eremu urdineko plantillaren segurtasuna lehenesteko.

Enpresa Batzordea osatzen dugun sindikatuok 2 orduko lanuztea adostu bagenuen ere, baina enpresak baldintzatu zuen, sindikatuek enpresaren erantzukizuna kentzea nahi baitzuen. ELAk, UGTk eta CCOOek onartu egin dute, eta Txantreako bizilagunengan bakarrik jarri dute erantzukizuna.

Horregatik, LAB sindikatutik deialditi horretatik atera gara, uste baitugu enpresa erantzukizunetik salbuestea ez dela onargarria Dornierreko langileentzat.

Hainbat faktore hartu beharko lirateke kontuan eraso baten ondoren; izan ere, ezin dira berdin hartu eremu urdinak aspalditik funtzionatzen duen eremuak, eremu sortu berriak eta auzokoen arteko gatazkak daudenean. Bistan da langileentzat arriskuak desberdinak direla, prebentzio neurriak kontuan hartu behar dira, eta hori alde batera utzita, edozein egoeratan ahalik eta eraso handiena jasan ahal duten langileak gara.

Horregatik berresten gara gure aldarrikapenetan:

  • Eremu urdineko langileen aurkako erasorik ez!
  • Gertatutakoaren erantzukizuna eskatzen dugu, eta lanean gure osasuna babesteko prebentzio-neurriak.

PCBko zuzendaritzak noiz utziko dio langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari?

Lan arloko epaitegiak ontzat eman du LAB, ELA eta CCOO sindikatuok aurkeztutako helegitea, eta, ondorioz, PCBko EEEa baliogabea dela ebatzi du. Laugarren aldia da.

LABek oso ongi baloratzen du ezagutu berri dugun epaia. Epaia, ordea, ezin da bere horretan baloratu, lehendik ere beste hiru aldiz irabazi baitugu epaitegietan: Lehen Aldi Baterako EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak. Auzitegi Nagusiak enpresak aurkeztutako errekurtsoa atzera bota zuen. Kaleratzeen EEE bertan behera utzi zuen epaitegiak gero (enpresak errekurrituta dauka), eta oraingo honetan bigarren Aldi Baterako EEEa utzi dute balio gabe.

Baieztapen batzuk eta hainbat galdera etortzen zaizkigu burura:

Zeren zain dago enpresako zuzendaritza langileek jasaten duten gatazka luzearen aurrean langileekin esertzeko? Noiz utziko diote langileen eskubideak eta lan zuzenbidea urratzeari? Kontrako epaien bilduman zenbat gehiago izan nahi dituzte? Enpresaren itxikeria PCB-ITPko langileen egonkortasuna arriskuan jartzen ari da.  

Horrengatik guztiagatik, kaleratzeen EEEren ebazpenaren kontrako helegitea erretiratzeko  eta aldi baterako EEEren oraingo epaiaren aurrean helegitea ez aurkezteko eskatzen diogu enpresari. Ea horrela behingoz egoera bere onera etor daitekeen.

Horrela ez balitz, LABek legezkoak ez diren eskubide urraketei eta gehiegikeriei erantzun egingo die, orain arte egin duen moduan, baina indar gehiagorekin.

Lan gatazka honetan Eusko Jaurlatritzak izan duen jarrera ere aipagai izan nahi dugu, lotsagarria izan baita. Enpresaren erabakien alde egin du, nahiz eta erabaki hauek gehiegizkoak, ez legezkoak eta bidegabeak izan. CONFEBASKenak ziruditen adierazpenak egin dituzte.

Asteburu honetan Urkullu lehendakaria kezkatuta agertu zaigu, BAIN inbertsio funtsak ITP eros dezakeelako. Erabakiguneak EAEn ez geratzeak eta proiektu industrial sendorik ez egoteak kezkatzen du, eta “enpleguarekiko konpromisoa” aipatu du  lotsati.

LABentzat bada garaia Eusko Jaurlaritzak eta Urkullu lehendakariak kaleratutako langileak, kaleratzeen kontrako epaiketa irabazi zutenak behingoz lanera bueltatzea eskatzeko. ITP-PCBko langile guztien enplegua bermatu behar da. Aspaldi egin behar zen, baina langileen aldeko laugarren epai honek espero dugu balio izatea langileen partetik galdegin ditugun konpromiso eta konponbideak babesteko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari zuzentzen gatzaizkio: noiz arte izango dute enpresek erabateko inpunitatea lan eskubideak zapaltzeko mafiosoen modura jarduteko? Noiz arte emango zaie diru publikoa enplegua eta lan eskubideak suntsitzeko? Noiz arte bidaliko dute Ertzaintza langileak erreprimitzera greba, manifestazio eta kontzentrazioak egiteagatik? Hau da, noiz arte emango zaio erabateko inpunitatea patronalari? LABentzat une hori iritsi da: Ezkerraldeko herritarren, eragileen eta mugimendu sozialaren babesa, langileen borroka eta epai judizialak nahikoa argudio dira nahi dutena egiteari uzteko.

Ikerketa sakonik egin gabe eta aldeei galdetu eta entzun egin gabe artxibatu dute Hondalearen esleipen prozesuaren aurkako salaketa

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak, uda hasieran, Santa Klara uharteko Hondaleako obrak izapidetzeko prozesuan gutxienez bi jarduketa irregular egon zitezkeela adierazi zuen, eta, horregatik, Fiskaltzari salaketa bat izapidetzea erabaki zuen, zegokion ikerketa egin zezan. Bestalde, Eneko Goiari eskatu zion beharrezko neurriak har zitzala, salaketa argitu arte, eta, horretarako, honako hau egin zezan eskatu zion: besteak beste, proiektuen arduradunaren izendapena behin-behinean etetea.

Orain, hiru hilabete geroago, Fiskaltzak tamalez erabaki du Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak aurkeztutako salaketa artxibatzea, gure salaketaren ikerketa sakonik egin gabe eta aldeei galdetu eta entzun ere egin gabe.

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikaletik adierazi nahi dugu, salaketa artxibatu den arren, bere garaian salatutako bi jarduketa irregularrak hor jarraitzen dutela, Fiskaltzak kontuan hartu ez dituen arren.

Alde batetik, Fiskaltzak onartu du “uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko proiektuaren obraren zuzendaritza” LKS-Fhekor-i lizitaziorik gabe, kontratu txiki bidez, eskuratu izana. Eta, bestetik, Udalak arkitekto bati eman zion uharteko itsasargiaren eraikina birgaitzeko lanak idazteko ardura, baina LKS-Fhecor-ek egin zuen, Udalak haiekin kontraturik egin gabe. Hau da, proiektuko lan nagusietako bat kontraturik gabe egin zen, azalpenik gabe. Gai erabat irregularra eta Udalak fiskaltzari azaldu ez diona

Donostiako Udalak proiektu hau LKS-Fhecor-i zuzenean kontratu txiki baten bidez esleitzea, eskandalua besterik ez da, eta, gainera, legezkotasuna zalantzazkoa du. LKS- Fhecor-ek prezioak bota zituen proiektu hau zuzenean, atzamarrez, esleitu ahal izateko, baina mundu guztiak daki enpresak eskainitako zenbatekoa ez zela nahikoa proiektu hori gauzatzeko. Horrela, ez dira betetzen Sektore Publikoko Kontratuen Legearen manuak, zerbitzu horiek modu irekian lizitatu ez direlako. Zoritxarrez, Fiskaltzak ez du hori ikertu.

Bestalde, salatu nahi dugu LKS-Fhecor-ek obra-zuzendaritzan egindako gastua Alfa Arte enpresak ordaindu duela, baina enpresak aurkeztutako proiektuan ez zegoela partidarik LKS-Fhecor-en zuzendaritza-lana ordaintzeko.

Fiskaltzaren artxibatze-autoak ere ez du horri buruz ezer esaten. Alfa Artek gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako arduradunak hala esan zuelako da. Bigarren irregulartasunaren aurrean gaudela uste dugu, Udal Aurrekontuko diru publikoa gaizki erabili baita.

Beraz, artxibatze-dekretua eta Udalak aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren, ondorioztatzen dugu Donostiako Udalak ezin izan duela justifikatu proiektua LKS_Fhecorre-i lizitaziorik gabe zuzenean esleitu izana, ezta horren ondoriozko exekuzio- gastuak ordaintzea ere, irregulartasunik egin gabe. Tamalez, Fiskaltzak ez ditu ikertu bi gai hauek.

Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak ikerketa horretan aurrera egiteko aukera abere aholkulari juridikoekin aztertuko du.

Hitzarmena sinatu dugu Arabako Zurgintzan; hobekuntza nabarmenak ekarriko dizkie sektoreko langileei eta prekaritatetik ateratzeko lagunduko du #LortuDugu

Gaur, irailak 27, Arabako Zurgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta hitzarmena sinatu dugu. 2 urte eta erdiz luzatu den negoziazioaren ostean, sektoreko langileek badute eragin osoko hitzarmen berria. Gogorarazi nahi dugu sektore honetan 500 langilek lan egiten dutela eta asko sufritu dituztela 2008ko krisia baita pandemiaren egoera ere.

Horregatik, azpimarratu nahi ditugu hitzarmenak dakartzan puntu nagusiak, gure ustez sektorearen arazo askori erantzuten baitizkio, langileak prekaritatetik ateratzeko lagunduz:

• Urtero %1,5eko igoera, eta hitzarmenaren amaieran KPI-arekiko berrikuspena

• San Jose pagaren kontsolidazioa

• Inaplikazio klausula

• Ultraktibitate mugagabea

• Izatezko bikoteen eta ezkontiden berdintzea

• Kategoria baxuenen (formakuntzakoak) berrikusteko konpromisoa

• Sektoreko Berdintasun Batzordea

• Egutegian egun bat mugitzeko aukera, hurrengoan lanaldia jaisteko aukera irekiz • Laneko bajetan osagarria hobetzea 10 hilabetetik 15era

Horrela, igoerari eta San Jose pagaren kontsolidazioari esker, hitzarmenaren amaieran langileen soldatak gutxienez %6,7 igoko dira.

LAB langileen aktibazioa etengabe bultzatzen saiatu da, bere kabuz ekimenak abiatuz eta ahal izan den neurrian batasun sindikala sustatuz sektorea astintzeko. Horrela, azken hilabeteetako dinamika proposamenak LAB-ek bultzatu ditu, eta argi dugu horri esker lortu dela patronala bere hasierako posizioetatik mugitzea. Joan den uztailean, 4 sindikatuok mobilizazio bateratu bat deitu genuen eta SEAko arduradunei 300 langileren sinadura helarazi genizkien, hitzarmen duin bat eskatuz.

Argi adierazi nahi dugu bide amankomuna zaila izan dela: batzuetan gogo eskasa nabaria izan da eta besteetan posizio maximalistetan kokatuta konfrontatzeko asmo falta ezkutatzea ere ikusi izan dugu.

Hala ere, LABek bereari eutsi dio eta langileen aktibazioa eta elkarlan sindikala bultzatzen tematu gara lortu arte, azken hau nahi baino txikiagoa izanda ere.

Honenbestez, LABek hurrengo urteetan lan egiten jarraituko du, sektorean borrokak eta dinamikak pizten, beti ere sektorean lan baldintza duinen defentsan, eta hurrengo hitzarmenean are hobekuntza gehiago borrokatzeari begira.

Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek kaleak hartu dituzte berriro

Asteko bigarren eta azken greba eguna egin dute Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek. Oraingoan, Donostian ostegunean egindako manifestazio arrakastatsuaren ostean, auto karabana bat egin dute euren aldarrikapenak jendarteratzeko. Era berean, elkarretaratzea egin dute Donostiako Intxaurrondoko Txara II egoitza aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazkari amaiera eman diezaion exijitzeko.

USOAko langileek greba historikoa egin dute, euren lan baldintzen defentsan

LABek mugarri historikoa ezarri du, eta USOAn, 300 langile baino gehiago dituen Barakaldoko Udaleko enplegu-zentro berezian, lehen greba egin du gaur, atzo egindako hiru orduko lanuzteen ostean. Enpresaren arduradunen eta Barakaldoko Udalaren jarrera salatu ditugu horrela, presa baitaukate langile batzuk baztertu eta diskriminatzen dituen hitzarmen kolektibo bat sinatzeko.

Hauxe da gaurko grebaren harira igorri dugun oharra:

LABek modu aktibo eta arduratsuan parte hartu du Usoaren hitzarmen kolektiboaren negoziazioan. Beti negoziatzeko prest egon gara.

Azken bost hilabeteetan aurreakordio bat lortu dugu enpresarekin hitzarmenaren oinarriak finkatzeko. Hortik aurrera, enpresak etengabe gezurretan egon da eta ez ditu bere konpromisoak bete, jarrera arduragabean eta legezko ordezkariekiko eta langileekiko mespretxu osoz.

Barakaldoko Udalak eta Gerentziak honako hau planteatzen digute:

– Langile guztiek genuen eskubide bat (Barakaldoko Udaleko langileei aplikatzen zaien soldata-igoera) modu aleatorioan kentzea plantillaren zati bati, hau da, 80 langiletik gorako kolektibo bati.

– Enpresak negoziazio-epeak ezartzen dizkigu, negoziatzen jarraitzeko aukera hautsiz. 

Barakaldoko Udaleko Gobernu Taldeak (EAJ-PSOE), USOAko gerentziak eta Batzordeko sindikatu gutxiengoek jarrera bidegabearen aurrean kalera ateratzeko erabakia hartu dugu.  

Oso positibotzat baloratzen dugu atzoko lanuzteen eta grebaren jarraipena. Langileek ASKI DELA esan dute. Txalotzekoa da USOAko langileek duintasunez haien lan eskubideak defendatzeko aurrera eraman duten borroka. Greba honek guretzat zer suposatzen duen azpimarratu nahi dugu, 30 urte baino gehiagotan, deitzen dugun lehena da. USOAren kudeaketa negargarriaren aurrean gogor erantzun behar izan dugu.

Langileen %62ren ordezkaritzaren pean grebara joatea erabaki dugu baina PSOEk eta Barakaldoko Udalak erabaki subirano hau deslegitimatzen saiatu dira. Lan-baldintzen aldeko borroka legitimoa da, baita enplegu-zentro berezi honetan ere.

Gezurrez betetako prentsa-ohar manipulatu baten bidez, Amaia del Campo presidentea eta Eduardo Castañeda USOAko (PSOE) presidenteordeak enpresa-batzordearen gehiengoak hitzarmena sinatu duelaz harrotu dira. Hori guztiz faltsua da; izan ere, langileen ordezkarien %38k baino ez du bermatzen sinadura hori, eta horrek erantzukizun guztietatik kanpo utzi behar ditu bai Amaia del Campo bai Eduardo Castañeda, etikarik ez duelako.

Gogorarazi nahi dizugu LABek enpresa batzordean gehiengoa duela, azken hauteskunde sindikaletako botoen %60rekin.

PSOE eta EAJ, Gerentziak eta CCOO, UGT eta EKINTZA sindikatuek USOAko langileak manipulatzeko duten inpunitatea gogor salatzen dugu. Greba historikoa hasi eta ordu gutxira, gutxiengoan eta eraginkortasun mugatuko hitzarmen bat sinatu dela argitaratu da.

Ez dugu baztertzen mobilizazioekin jarraitzea eta haien intentsitatea handitzea.

Hazkunde mugagabearen mitoa arbuiatu eta “banaketa hirukoitza” aldarrikatu dugu; enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa, zehazki

Klima larrialdiari aurre egingo dioten neurriak aldarrikatzeko nazioarteko mobilizazio egunean, sindikatuaren Programa Sozioekonomikoa berritzeko prozesua amaitutzat eman dugu, gure oinarri sozialarekin nahiz hamarnaka eragilerekin gogoeta prozesua burututa. Enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren alde borroka egiteko beharra nabarmendu du Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak, bai lantokiz lantokiko borroken bidez, baita mobilizazio orokorren bidez ere. Norabide horretan ekarpena egiteko, bi manifestazio antolatu ditugu, irailaren 29an Bilbon eta urriaren 5ean Iruñean. Hala jakinarazi dugu Bilbon egindako agerraldian.

Klima larrialdia eta oro har hondamendi ekologikoa langileongan ondorio kaltegarriak izaten ari dela ohartarazi dugu: “Miloika langileren bizi baldintzak okertzen ari da, eta migratzera bultzatu, prekarietatea eta lan esplotazio errazten duen testuingurua sortuz”. Europako funtsekin sustatzen ari den “kapitalismo berdea”-ren aurkako jarrera berretsi dugu eta, sostengaezina den ekoizpen eta kontsumoa eredua aldatzearekin batera, ekoitzitako zerbitzu eta ondasunak birbanatzeko “bidezko trantsizio ekologikoa” aldarrikatzen dugu. 

“Alde batetik, planetaren muga biofisikoak aintzat hartu eta jarduera ekonomikoa murriztu, birnorabidetu eta birlokalizatu beharra dago. Beste alde batetik, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketa parekidearen alde borrokatu beharra dago. Bi prozesu hauek ez daude kontrajarriak, aitzitik, guztiz osagarri egin behar ditugu. Hauxe litzateke ideia: denok eta gutxiago lan egin, lehengaien ustiaketa eta zabor ekoizpen txikiena sortuz, beharrezkoa dena (erre)produzitu eta ekoitzitako guztia (bir)banatu”, adierazi du Idazkari nagusi ondoko Igor Arroyok. 

Kapitalaren etekinak erdigunean kokatzen dituen eredu sozioekonomikotik herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituen eredu baterako trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen du LABek: “Trantsizio hau garatu ahal izateko, euskal herritarrok ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu behar dugu. Euskal Herrian estatu egiturak behar ditugu ekoizpen eredua aldatzeko eta ekoiztutakoa birbanatzeko, hala nola, Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza; politika publikoetan eragin ahal izateko langileok zuzenean hautatutako Lanaren Kontseilua; lan mundua euskalduntzeko plangintza nazionala; edota Euskal Herriko hiru instituzio nagusiak eta eragile sozioekonomikoak bilduko lituzkeen garapen sozioekonomikorako erakunde publiko nazionala”.

Testuinguru honetan, enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketa kontutan hartuko duen proposamen integrala aurkeztu dugu: banaketa hirukoitza. “Administrazioak enplegu bat bermatu behar dio herritar orori eta, egin ezean, gutxieneko soldataren baliokidea litzatekeen eta kotizatuko lukeen hileroko kalte-ordain mugagabea ordaindu. Enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasun (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortu behar ditugu”, azaldu du Igor Arroyok. 

Enplegu izaerarik gabeko zaintza lanen bidez, berriz, egunerokoan, gure inguru sozialean, bizitza sostengatzea ahalbidetzen dugu. Bi esparru hauek baliokide gisa ulertzen ditugu, bi esparru horietan arituz, langile guztiok gara ondasun sortzaile. Langile guztioi enplegua bermatzeko nahiz zaintza lanek dagokien lekua har dezaten, enpleguari eskainitako denbora murriztea proposatzen dugu (30 orduko lanaldia) eta zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala proposatzen dugu: zaintza lanetan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?. 

Jendartearengandik, berriz, kolektiboki sortutako ondasuna jasotzeko eskubidea dugu herritar guztiok: enpleguaren bidez ahalbidetutako doako zerbitzu eta baliabide publikoak (besteak beste, zaintza profesionalizatua), lan ez monetarizatuek ahalbidetutako zaintza komunitarioa eta, hirugarrenik, doakoak ez diren ondasun eta zerbitzuak eskuratzea ahalbidetuko dizkigun diru-sarrera duina. Diru-sarrera hau enpleguaren bidetik jasoko badugu ere, “soldata” gisa, bere funtzioa aipatutako bi lan parekideak ordaintzea da: enplegua (lan produktiboa) eta enplegu izaerarik gabeko zaintza lanak (lan erreproduktiboa); izan ere, azken hau gabe ez bailitzateke enplegu jarduera posible izango.

Honela, denok izango dugu oinarrizko errenta duin bat: 1.400 euroko gutxieneko soldata. Era berean, 1:3 proportziora mugatutako gehieneko soldataren eta plusbaliaren mugapenaren bidez, ondasunaren banaketa bidezkoagoa bermatuko genuke, esplotaziorik gabeko jendarte baten bidean.

HEGO EUSKAL HERRIKO DATU BATZUK:

  • Emakumeek bataz beste zaintza lanei egunean eskaintzen dioten denbora: 5 ordu 24 minutu (astean kasik 38 ordu). Gizonezkoek, aldiz, egunean 3 ordu 38 minutu (astean 25 ordu).
  • 356.800 (soldatapeko guztien %34) dira 1.400 eurotik behera jasotzen duten soldatapekoak.
  • 257.000 pertsona daude inaktibo gisa izendatuak; horien artean, 182.000 lagun etxeko zaintza lanetan ari dira. Pertsona hauei ez zaie enplegurako eskubidea bermatzen.
  • 156.000 lagun daude langabezian.
  • Populazio inaktibo gisa konputatzen diren, langabezian dauden eta 1.400 eurotik behera jasotzen duten langile kopurua, batuta, 769.900 da. Aldiz, 1400 eurotik gora jasotzen duten langileak 689.100 dira.
  • Barne Produktu Gordinarekiko soldatek 2008an zuten pisua berreskuratzeko, langileriak osotara 3.500 milioi euro gehiago jaso beharko luke.

Carles Puigdemont berehala askatzea eskatzen dugu, errepresioaren aurrean autodeterminazioa aldarrikatuz

LABek bere elkartasuna guztia helarazi nahi dio Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari eta bertako herriari. Langileon lan eta bizi baldintza duinak ezinezko egiten dituen sistema kapitalista atzean utzi eta bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako trantsizio ekosozialista eta feminista borrokatzen ari gara. Hau langileok mundu mailan dugun erronka izanik ere, alternatiba hori eraikitzeko, eraldaketa sozialerako herri burujabetza prozesua sustatu behar dugu, Euskal Herrian zein Katalunian.

Espainiako Estatuak gure etorkizuna erabakitzeko dugun eskubidea aitortu eta egikaritzeko aukerarik eman gabe jarraitzen du Euskal Herrian zein Katalunian, ez hori bakarrik, errepresioak ez du etenik. Atzokoa izan da azken adibidea, Puigdemont-en atxiloketarekin.

Atzokoa Katalunian bizikidetza eta demokrazia oztopatzeko Estatuak emandako pausu bat gehiago da. Atxiloketa hau Kataluniako eta Madrilgo gobernuaren elkarrizketa mahaia ireki denean gertatu izana ez dugu uste kasualitatea denik. Kataluniako herriaren gehiengo zabal batek erreferendum adostu bat eta errepresioaren bukaera defendatzen duen bitartean, bakearen eta demokraziaren etsaiek bide hau zapuztu nahian jarraitzen dute.

Errepresioari amaiera jarri behar zaio eta ezinbestez heldu behar zaio auzi politikoaren mamiari. Gure herrietan gehiengo sozialak defendatzen du herrion erabakitzeko eskubidea. Indar horiek norabide berean askatzeko erronka dugu, herriaren borondatea izango delako Espainiako Konstituzioak ezartzen duen kortse estu hori apurtzea lortuko duena.