2026-07-18
Blog Page 401

Kalitatezko osasungintza publiko baten aldeko borrokak aurrera darrai

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok elkarretaratzeak egin ditugu Osakidetzako hainbat zentrotan, osasun sailaren inmobilismoa salatzeko eta benetako negoziazioa eskatzeko. 11:00etarako deituta genituen mobilizazioen lehen olatua, eta bi ordu gerorako bigarrena.

Joan den hilaren amaieran, Osakidetzako langileek bi greba-egun eta kontzentrazio eta mobilizazio historikoak egin zituzten, hainbat elkarte eta gure erabiltzaileekin batera.

Greba eta mobilizazio horien helburua argia zen, negoziaziorik ezaren eta Osakidetzak ezarri duen akordioen ez-betetzeen egoera desblokeatzea. Hamar urte baino gehiago dira negoziaziorik ezaren ondorioz osasun publikoa oso egoera ahulean dagoela.

Lehen mailako arreta izaten ari da egoera hori gehien pairatzen ari den eremua, eta bertako langileak frustrazio- maila handiko kolektibo bihurtzen ari dira, herritarrek merezi duten arreta emateko ezintasunaren aurrean, hura indartzeko egiturarik eta politikarik ez dagoelako. Hainbat urtetako mobilizazioen eta greben ondoren, pandemiak lurrikara eragin du lehen mailako arretan, eta, ondorioz, premiazkoa da sakoneko politikak bultzatuko dituen inbertsioa handitzea.

Era berean, plantilla-defizit egiturazko arazoa pairatzen duen arreta espezializatua Lehen Mailako Arretaren hondatze etengabearen ondorioak jasaten ari da. Pandemiaren aurretik lan-kargak jadanik onartezinak ziren, eta gaur egun lan-kargak pazientearen kalitatea eta segurtasuna modu onartezinean konprometitzen ari dira.

Mahai sektoriala, langileen lan-baldintzak negoziatzen dituen organoa bide antzua bihurtu da. Osakidetzak propaganda-ekintza gisa erabiltzen du, eta inolako negoziaziorik gabeko informazioak mahai horri helarazten dizkio, aldi berean publiko egiteko, akordioaren ondorio balira bezala. Sarritan plantillak eta haren ordezkariok prentsaren bidez izaten dugu Osakidetzaren aldebakarreko erabaki hauen berri.

Hori dela eta, mahai sektorialetara joateari uztea erabaki dugu, harik eta gai-zerrendan hainbat hilabetetan antolatzen ari garen mobilizazioetan askotariko atxikimendu masiboak izan dituzten aldarrikapen garrantzitsuenak jaso arte.

Egoera bideratzeko azken saiakera martxoaren 9an egin genuen. Egun horretan dei egin genion Osakidetzari Lan Harremanetarako Kontseiluan bilera bat izateko, non gutxienez negoziazio-metodologia bat adostuko zen, hartu beharreko premiazko neurrien negoziazioari duintasunez aurre egin ahal izateko. Osakidetza ez zen bilera horretara joan.

Ezinbestekoa da mobilizatzea negoziazio hori eman dadin, eta negoziazioa langileentzako duintasun-parametroetan eman dadin. Osasun publikoari eragiten dizkioten mehatxu larriak egiturazkoak dira, eta dagoeneko ez dira nahikoa orain arte aplikatu diren neurri partzialak. Partxe horien eta urteetako negoziazio-falta horren ondorioz, langileen %50 baino gehiago behin-behinekoak dira, eta, egiturazko milaka lanpostu falta direnez, ematen den arretaren kalitateak nabarmen egin du behera azken urteotan.

Horregatik guztiagatik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko hainbat zentrotan mobilizatu gara.

Gurasoak preso dituen Izadiren eskubideak eta ongizatea aldarrikatu ditugu Bilbon

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuok salbuespenezko kartzela-politikaren kontrako hileroko mobilizazioa egin dugu Bilbon, Plaza Eliptikoan, Sareren “Izan bidea” dinamikaren baitan.

Gurasoak kartzelan dituen 3 urteko Izadi umearen eskubideak eta ongizatea aldarrikatuko ditugu oraingoan, eta “Izadi gurasoekin etxera” plataformako kideekin batera.

Arrazakeriaren aurkako borrokarekin bat egin eta pertsona guztien erregularizazioa aldarrikatzen dugu

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da martxoaren 21a. Europan gerra-eskalada nagusi den testuinguru batean dator aurten, eta, testuinguru horren ondorio ugarien artean, asiloa eta aterpea eskatzen duten Ukrainatik etorritako pertsonen migrazio-prozesu handia eragin du,

Erakundeek egoera honi eman dioten erantzun azkarrak erakutsi du borondate politikoaren kontua dela: bizirauteko estrategia gisa migratzen duten pertsonak erregularizatzea posible eta egingarria da.

Gauzak horrela, beste behin, azalaren kolorean, jatorrian eta gotortutako Europa baten politiketan gauzatzen den arrazakeria instituzionala salatzen dugu. Politika arrazista honek milaka pertsona diskriminazioaren eta indarkeria-mota anitzen eraginpean egotera kondenatzen ditu; baita beren migrazio-prozesuan bizia arriskuan jartzera ere. Egoera batzuetan administrazio-egoera irregularrean dauden pertsonak zaintzeagatik langile publikoak zigortu eta beste batzuetan arreta hori bultzatzen duen politika hipokrita bera da.

Egoera horren aurrean, LAB sindikatuak arrazakeriaren aurkako borroka babesten du, eta bat egiten du Espainiako Estatuko atzerritarren ezohiko erregularizaziorako herri-ekimen legegilearekin. Gure afiliazioa ekimen honekin bat egitera animatzen dugu eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako gure egoitzak sinadurak biltzeko guneak izango dira.

Bada garaia Irun-Hendaia mugan militarizazioarekin, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrolekin eta “beroan” egindako itzulketekin amaitzeko. Hego eta Ipar Euskal Herria indarrez banatzen dituen muga inposatua heriotzaren muga bihurtu da transitoan dauden pertsona migratuentzat. Joan-etorri segurua bermatu, harrera segurua eta lan zein bizi baldintza duinak bermatzeko premiazko neurri politikoak hartzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateari.

Migratzea eskubide bat da, eta pertsona guztiek izan beharko lukete aukera-berdintasuna eta bizitza eta enplegu duinak eskuratzeko aukera, norberak bizi nahi duen tokian. Atzerritarren legeak salatzeko eta Euskal Herria biolentzia arrazista, matxista, koloniala eta klasistarik gabeko lurralde gisa eraikitzeko erantzukizun politikoa dugu: egin dezagun gure harrera gizarte eta Herria izateko aukera.

Irmotasunez diogu: arrazista ez izatea ez da nahikoa. Horregatik, LABen aktiboki lan egiten dugu, zor kolonial baten partaide garela onartuz. Badakigu asko dugula des-ikasteko, gure burua antirrazismotik eraikitzeko eta urrats zehatzak emateko arpilatze, espoliazio, neo-kolonialismo, nekropolitika, militarizazio eta oinarrizko eskubideen urratze sare baten aurrean.

Gure lekutik, arrazakeriaren aurkako praxi sindikal bat eraikitzen ari gara azken hilabeteotan, gure erakundearen eta gure gogoen txoko guztiak zeharkatu nahi dituena. Ildo horretan, apirilean, arrazakeriaren aurkako sindikalismo baterantz topaketa egingo dugu, azken ikasturtean langile migratu eta arrazializatuekin, liberatuekin eta erakunde eta kolektibo sozialekin batera garatu dugun prozesu parte-hartzailearen amaiera gisa, eta hurrengo ikasturterako diseinatzen ari garen urratsei ateak irekitzeko.

Amaitzeko, dei egiten dugu mugimendu eta kolektibo antiarrazistek egun hauetarako deitutako mobilizazioetan parte hartzera.                                                    

EAEko Hezkuntza Legea langileokin eraikitzea aldarrikatu dugu, sistema publikoa, euskalduna eta propioa izateko bidean

LAB, ELA, STEILAS eta CCOO sindikatuok Gasteizko Legebiltzar aurrean bildu gara Hezkuntza Akordioaren zirriborroaren gaineko emendakinak bozkatzen diren egunean. Izan ere, hezkuntza akordioaren egungo zirriborroarekiko gure desadostasuna azaldu eta prozesu honetan eragin nahi dugula adierazi dugu, ditugun aldarrikapenak plazaratzeaz gain. Langileokin eraiki behar den hezkuntza legean honako aldarrikapen hauek ezinbestez jaso behar dira.

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza lege bat nahi dugu.

2.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

3.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza lege bat nahi dugu.

4.- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen hezkuntza legea nahi dugu.

5.-Euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen Hezkuntza legea nahi dugu.

6.-Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

7.-Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

8.-Hezkuntza lege parte hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.

Sare publikoko eta itunduetako hezkuntzako langileok (hezkuntza premia bereziko hezitzaileak, 0-3ko haur hezitzaileak, jangeletako sukaldari eta garbitzaileak eta irakasleak) gure hezkuntzaren etorkizunean zer esanik badugulako, martxoaren 25erako antolatu dugun greban parte hartzera dei egiten dugu. “PUBLIKOA, EUSKALDUNA ETA PROPIOA, Hezkuntza legea langileokin eraiki”lelopean.

Aldundiari eta enpresari langileen segurtasuna bermatzeko eskatu diegu, Buruntzaldeko BU40G autobus linean gertatutako istiluen harira

Aurreko larunbatean Buruntzaldeko BU40G lineako langileak ertzaintza deitu behar izan zuen, gertatzen ari ziren istiluak zirela eta, bere burua arriskuan ikusten zuelako.

Onartezinak dira langileen aurka gertatzen ari diren erasoak. Ezin dugu normaltzat eman, asteburuetan bereziki, langileak beldurrez eta ezinegonaz lanera joan beharra.

Honen guztiaren ardura Aldundia zein enpresena da bereziki. Hauek zerbitzua eman bai, baina hau modu seguru batean eman dadin hartu behar diren neurriak ez dituzte hartzen. Dagoeneko nekatzen hasi gara, nahiko gogorra da asteburuetan lan egin behar izatea eta gau osoan egin behar izatea gainera. Eta hau guztia beldurrez egin behar dugu? Ez gaude hau onartzeko prest.

Baina honen ardura nagusia Aldundiarena eta enpresena bada ere, ezin dugu erabiltzaileen ardura ezkutatu. LAB sindikatutik, erabiltzaileei honakoa eskatzen diegu: utzi langileak pakean. Denak gara langileak. Gure artean babestu eta zaindu beharrean, gure artean erasotzen bagara ez goaz ongi. Langileen arteko elkartasuna berebiziko garrantzia du garai hauetan bereziki, baita parrandan ere.

Lan heriotzen odolusteak eramandako azken langilea gogoan izan dugu, bizia galdu zuen eraikuntza obren aurrean

Ipar Euskal Herriko LABeko ordezkari Eñaut Aramendik lore sorta utzi du Baionan, beste sindikatu batzuetako kideekin batera, aurten hildako azken langilearen omenez. Hain zuzen ere, eraikuntzako langile bat zendu zen Lapurdiko hiriburuan, joan den martxoaren 9an, garabi bat erori eta gero. Garabi horretako gidaria zen hildakoa.

Lan istripu hilgarria izan zen leku berean egin dugu lore eskaintza, Santizpiritu auzoko obra batean, Alsace Lorraine etorbidean, Baionan greba interprofesionala dela-eta deitutako manifestazioa bertatik igaro denean.

Odolusteak ez du etenik. 11 dira, gutxienez, 2022an lanean hildako langileak Euskal Herrian.

Lan eskubideen alde mobilizatu gara Baionan, Frantziako Estatuaren etengabeko erasoen aurrean

Baionako kaleak hartu ditugu berriro, Ipar Euskal Herrian deitutako greba interprofesionalaren harira, Frantziako Estatua langileak etengabe erasotzen ari dela salatzeko: hitzarmen kolektiboen suntsiketak, lan-baldintzen okertzea, bajan diren langileen ez ordezkatzea, erretretara joaten direnengatik ere ez, kudeaketa tratu-txar egile sistemikoa, beherantz botatako soldatak, lanen lerratze antolatua…

Asko dira mobilizatzeko arrazoiak. Horren aurrean, langileek antolatu eta elkarrekin borrokatu behar dugu, hemen, Euskal Herrian, erabaki behar dugula aldarrikatzeko. Utz diezaiogun akziodunen poltsikoen betetzeari, eta aberastasunak partekatu ditzagun, guztiontzako bizi-baldintza duinak eta iraunkorrak ziurtatzeko.

Hauek dira kalera eraman ditugun aldarriak:

-Zerbitzu publiko guztiak berehala indartzea; bereziki, zaintza eta jendartearekin lotutakoak.

-Txertatu gabeko langileak berriz integratzea.

-Lansarien eta indizeko puntuaren emendaketa.

-Soldata arrakalaren amaiera eta inposatutako kontratu partzialenak.

-Lan denboraren murrizketa eta lanaren banaketa 30 orduko asteari esker. 

-Langabezia erreforma kentzea.

-Tokiko negoziaketa gune bat sortzea.

Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek greba egingo dute apirilaren 7, 8 eta 9an

Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta bertan iragarri ditugu grebak, hitzarmen berri baten defentsan eta homologazioaren alde.

LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuon oharra:

Negoziazio-mahaiak 40 bilera egin ditu, eta dagoeneko enpresen borondatea zein den argi geratu da: homologazioa kendu nahi digute. Homologazioa galtzeko arrisku larrian gaude. Hitzarmen berriaren negoziazioa 2018an hasi genuen, negoziazio erraza izango zelakoan, Osakidetzako langileekin homologatuta egoteak gai jakin batzuk akordio berrietara egokitzea baino ez baitzuen suposatu behar: 2012ko karrera profesionala, lanpostu hutsak betetzeko sistema zabalagoa eta bidezkoagoa, errelebo bidezko jubilazioa, Osakidetzako langilentzat onartu berri dituzten baimen eta lizentziak, etab.

Baina, enpresek ez dute hitzarmena eduki minimoetan egokitu nahi izan eta malgutasunik gabe azaldu dira. Mahaia blokeatuta dago eta badirudi blokeo hori Osakidetzak berak babesten duela, eta ez du erantzun egin dizkiegun bilera-eskaera desberdinei.

2020tik ari gara mobilizatzen, EAEko Ospitale eta Anbulatorio desberdinetan. Pauso berri bat emateko unea heldu da. Atera gaitezen grebetara hitzarmen berri bat eskatzeko, atera gaitezen mobilizazioetara argi eta garbi esatera homologazioa ez dela ukitzen!

Honengatik guztiagatik, eta egoerak pausu berri bat ematea exijitzen duelako, greba deialdia egiten dugu datozen apirilaren 7, 8 eta 9rako.

Eserialdia egin dugu Bizkaiko Aldundiaren aurrean, adinekoen egoitzetako gatazkan foru erakundearen inplikazioa eskatzeko

LABek eserialdia egin du Bizkaiko Aldundiaren aurrean, herrialdeko adinekoen egoitzen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan dagoen blokeoaren aurrean foru erakundearen inplikazioa eskatzeko, gaurko greba egunean egindako mobilizazioen baitan.

Aurreko greba-deialdietan zuzenean interpelatu du LABek Aldundia, pertsona nagusien egoitzetako hitzarmenaren negoziazioan aktiboki parte hartu behar dutela eskatuz. Azken egunotan, bilera bat eskatu dio sindikatuak Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuari eta Bizkaiko Batzar Nagusietan parte hartzeko eskaria ere egin dio. Eskari hauei entzungor egin dienez, eserialdia egin du LABek.

LAB sindikatuak ezinbesteko ikusten du nagusien egoitzetako gatazka konpontzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren inplikazioa. Borrokan dauden langileen lan-baldintzak sektore publikokoekin parekatzea eta egungo ratioa lehenbailehen berrikustea eskatzen du LABek. Negoziazioa desblokeatzeko, eta gure lan-baldintzen hobekuntza negoziatu ahal izateko, Aldundiak negoziatzera eseri behar du.