2026-06-22
Blog Page 40

Langabeziaren jaitsiera kolokan jartzen du azken hilabeteko gorakadak, eta lan merkatuaren egiturazko gabeziak agerian utzi ditu

Azken urteetan datuek erakutsi dute langabezia-tasa jaitsi egin dela Hego Euskal Herrian. Pasa den hilabetetik, ordea, gora egin du % 0,61, joera ahula eta Gabonetako behin behineko kontratu zikloaren menpekoa dela argi geldituz. Hain zuzen ere, gabonetako kontratu fasea amaituta, 137.754 langabetu daude, eta beheranzko joeraren sendotasuna kolokan jartzen ari da. 

Egiturazko arrakalak ditu lan merkatuak, eta gabonetako zikloaren ondoren, okerrera egin du. Egoera hau emakume eta langile migratuen bizkar eraikitzen da bereziki, lan baldintza kaxkarrenak dituzten enpleguetan kateaturik. 

Langabetuen %58,80 emakumeak dira, eta azken hilabetean emakumeen langabezia areagotu egin da (1.639 gehiago), gizonezko langabe kopurua jaitsi den bitartean. Aurreko enplegurik gabeko langabeen artean, emakumeak dira gehiengo nabarmena (% 68,78), eta 25 urtetik gorakoen artean ehunekoa kopurua are eta handiagoa da,% 77,75 hain zuzen ere. Lau emakumetik batek jardunaldi partzialeko kontratua du (% 25,1), gizonezkoen artean portzentajea askoz ere txikiagoa den bitartean (% 11,6). Datu hauek argi uzten dute, genero arrakalak kontratu mota zein lanaldiaren banaketan isla duela, lan baldintza prekarioak nagusituz. 

Langile migratuen artean ere azken hilabetean langabetu kopurua zertxobait igo da, azken urtean zehar jaitsi bazen eren. Bereziki larria da migratuen % 31,35 aurreko enplegurik gabekoak izatea. Era berean, azpimarratu behar da % 52,97ak zerbitzuak sektorean bilatzen duela lana, prekarietatea nagusi den sektorean. Gabonak igarota, zerbitzuetan handitu da langabezia eta horrek eragin zuzena izan du migratuen arteko langabetuen igoeran. 

Industria sektorean langabezia igo egin da (207 langabe gehiago). Hala ere, zerbitzuak sektorean modu nabarmenagoan igo da (1.109 langabe gehiago), gabonak igarota, behin behineko hainbat kontratu eten egin direlako. Era berean, azken urtean langabeziaren gorakada nabarmena egon da aurreko enplegurik gabeko langileen artean, langabetuen % 12,69a izatera iritsiz. 

Afiliazioan hazkundea egon arren, azken hilabetean jaitsi egin da, bereziki zerbitzuak sektorean, 9505 afiliatu galdu baita neguko kontratuen amaieraren ondorioz). Hemen beste joera aldaketa bat atzematen da; izan ere, EAE eta Nafarroan urte bitarteko emakumeen afiliazioa jaitsi egin da, emakumeek lan merkatutik kanpo kokatzeko joeraren erakusle. Urtarrilean sinatutako kontratuen % 75,97 behin behinekoak izan ziren eta jardunaldi partziala % 1,83 igo da. 

Egungo eredu sozioekonomikoak egiturazko ahuleziak ditu eta ziklikotasunaren menpeko merkatua iraunarazten du, prekarietatea egoera zaurgarrian dauden kolektiboetan areagotuz. Krisi garaietan emakumeak dira ondorioak modu gordinenean pairatzen dituztenak, behin behineko kontratuen zein lanaladi partzialen gorakadak erakusten duen bezala. 

Hortaz, lan merkatuan ez dago egiturazko aldaketarik, enpleguaren hazkundea prekarietatean oinarrituta dago, eta langabezia-tasa formalaren hobekuntza zantzuak egon arren, errealitatean arrakalak, prekarietatea eta ezegonkortasuna dira areagotzen ari direnak. 

Beraz, gaurkoa borrokarako deia egiten amaituko dugu, langileon lan eta bizi baldintza duinen aldeko borrokara batzeko gonbita eginez. Horretarako, martxoaren 17an greba orokorra egongo da Euskal Herrian, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata duina langile klase osoari ezartzearen alde. 

[IRITZIA]: Erantzuna Amaia Antxustegiri: ratioak betetzen dira… baina hori ez da zaintzea

Jarraian duzue Itsasne Nuñez Bilboko idazkaria eta Juankar Vizan Soziokomunitario sektoreko Bizkaiko arduradunaren iritzi-artikulua.

Amaia Antxustegik Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dituen azken adierazpenek, etxebizitza komunitarioetan ratioak betetzen ari direla ziurtatuz, erantzun argi bat merezi dute. Ratioak betetzen direla esatea formalki egia izan daiteke, aldi berean sakonki engainagarria. Araudia betetzea ez da zaintza duinak edo lan baldintza gizatiarrak bermatzea. Eta gobernatzen denean, desberdintasun hori ez da txikia: erantzukizun politikoa da.

Duela egun gutxi, LAB sindikatutik salaketa larri bat egin genuen: Bizkaiko hainbat etxebizitza komunitariotan lan esplotazioko sare bat existitzen dela. Administrazio egoera irregularrean dauden langileek beren lan baldintzak bertako lankideenak baino okerragoak direla salatu zuten, eta baita erabiltzaileek bizi zuten egoera ere. Bizkaiko Foru Aldundiak erantzun zuen bere ikuskapenek ez dutela irregulartasunik detektatu. Berriro, egia izan daiteke. Baina arazoa ez da bakarrik zer begiratzen den, baizik eta zer erabakitzen den eta detektatu ez.

Eztabaida publikoan ia inoiz agertzen ez den zehaztapen bat sartu behar da: adinekoentzako egoitzetako ratioak 126/2019 dekretuak arautzen ditu, dagoeneko zaintza duinak bermatzeko nahikoa ez den arau bat. Baina etxebizitza komunitarioetan ratioak 1998ko dekretu batean ezartzen dira: dekretu laxoa, zaharkitua eta gaur egungo zaintza errealitatearekin, mendekotasun-profilekin eta arreta konplexutasun handituarekin guztiz lotura gabea.

Amaia Antxustegik ratioak betetzen direla esaten duenean, bereziki alde batera uzten du oinarrizko kontu hau: 25 urte baino gehiago dituzten ratioak betetzen ari dira, beste testuinguru sozial, osasun eta demografiko baterako pentsatuak. Betetze hori kalitatearen bermetzat aurkeztea ez da soilik sinplifikazio teknika; arduragabetze politikoaren modu bat da. Gainera, ikuskapenak araudiaren betetze formalera bakarrik bideratzen dira. Ez dute egiaztatuko esleitu diren mendekotasun-mailak egokiak ote diren erabiltzaileen beharrizan errealekin, ezta ratioak modu eraginkorrean betetzen diren ere bakoitzaren txandan. Fitxak berrikusten dira, baina ez da eguneroko bizitza ikuskatzen. Araudi esparrua onartuta ere, arazoak jarraitzen du. Ez 2019ko dekretuak, ez 1998koak ez dituzte zaintza duinak bermatzen. Kostuak kontrolatzeko diseinatuak dira, ez arreta, laguntza eta behaketa denbora bermatzeko.

Ez da bermatzen pertsona bakoitzarentzako arreta zuzena. Ez da neurtzen zein den benetan jaso duen arreta denbora. Ez dira kontuan hartzen modu egokian mendekotasun-maila ezberdinak edo lan karga errealak. Zentro askotan adinekoak eta gaixotasun mentala duten erabiltzaileak bizi dira, zaintza behar oso desberdinak dituztenak, eta hori ez da baliabide gehiagotan edo pertsona gehiagotan islatzen. Hala eta guztiz ere, zentroek «betetzen dute».

Arazoaren giltzarrietako «zaintza zuzena» definizio instituzionalean dago. Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, arreta zuzena lanegun osoan langile batek egiten duena da: garbitu, materiala prestatu, erregistroak egin, hutsuneak bete, gabezia estrukturalak ordezkatu. Dena kontatzen da ratioan, nahiz eta horrek ez suposatu pertsona bat zaintzea.

Definizio engainagarri horrek artifizialki handitzen ditu ratioak, eta egiaren errealitate bat ezkutatzen du: pertsona bakoitzarekin zaintza denbora eraginkorra ez da nahikoa.

Ondorioak larriak eta zehatzak dira. Adinekoek zaintza zatituak jasotzen dituzte, oinarrizkoetara mugatuta, dutxatzeko edo gosaltzeko denbora kronometratuekin. Ez dago denborarik harreman humanoa izateko, eta horrek kognizioaren hondamena azkartzen du, bakardadea eta sufrimendua handitzen ditu, eta osasun arazoen prebentzio beharra ezabatzen du. Bertsolari batek esaten zuen moduan: «Lehen pertsona zinen, orain hamabost minutu zara».

Langileek, berriz, gainkarga, lesio, estres eta frustrazio sakona jasaten dute beren lana ondo egin ezin dutelako. Zerbitzu publiko ezinbestekoa egiten dute, baina horrek beren egoera fisiko eta emozionala kaltetzen du, eta, gainera, gabezia estrukturala bere arduratzat hartzea eskatzen zaie.

Hau guztia ez da berria. Urteak daramatzagu salatzen. Horregatik, bereziki larriak dira «ratioak betetzen dira» soilik esaten dituzten adierazpenak, debatea itxi egingo balitz bezala. Ez dute eztabaida ixten; aldiz, agerian uzten dute.

Pribatizazioa bultzatu duten eta araudi zaharkituak mantendu dituzten politika publikoak dira gaur egungo egoitzetako eta etxebizitza komunitarioen egoeraren erantzule zuzenak.

LABetik honako hau exijitzen diegu Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari: publikoki onar dezatela egungo ratioek ez dutela zaintza duinik bermatzen; 1998ko dekretua indargabetu eta gaur egungo errealitatera egokitutako araudia onar dezatela; arreta zuzena pertsonarekin ematen den benetako zaintza-denbora gisa definitu dezatela; eta plantillak behar bezala dimentsiona ditzatela, zaintzeak gaixotzea ekar ez dezan.

LABek aldaketa hau bultzatuko du. Bihar, Bizkaiko Egoitza Hitzarmeneko Mahai Sektorialera ratioen proposamen zehatz bat eramango dugu. Zaintza langileak langile publikoak gara!

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa.

Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei ordainarazi nahi izatea, enpresak ehun milioi euro baino gehiago jaso dituenean diru publikoan, bideragarritasun industriala eta enplegua bermatzeko.

Tubos Reunidos ez da bere zoriaren esku utzitako enpresa bat. Urte luzez laguntza publikoak, Estatuaren abal publikoak eta gizarte osoak finantzatutako ABEEEak izan ditu. Diru publikoarekin sostengatutako enpresa batek ezin ditu langileak kaleratu. Horregatik, LABek prozesu honetan parte aktibo izan diren erakundeen erantzukizuna ere seinalatzen du.

Lurralde eragina bereziki larria da Ezkerraldean eta Aiaraldean, desindustrializazioak eta industria enpleguaren etengabeko galerak gogor kolpatutako bi eskualdetan. Ez dago benetako berrindustrializazio planik gaur egun lanpostuen suntsiketa onartzen den bitartean.

LABek ez du onartzen ez EEErik ezta enplegu-suntsiketarik ere. Enplegua, Amurrioko eta Trapagarango lantegiak eta bi eskualdeen etorkizun industriala defendatzeko aktibazioa, antolakuntza eta borroka kolektiboa sustatuko ditugu. 

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean mobilizatuko da bihar. 

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuko da LAB gaur eta bihar, ELA eta Steilas sindikatuekin batera, euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko eta euskaraz lan egiteko zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko berme juridikoak aldarrikatzeko. Gaur Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean mobilizatu da, eta bihar elkarretaratzea egingo du Nafarroako Jauregiaren aurrean.

Udal, foru aldundi, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta Jaurlaritzaren egoitzen aurrean mobilizatu dira gaur langileak, administrazio publikoak interpelatzeko. Izan ere, erakunde publiko horietan ez daude bermatuta euskaraz lan egiteko eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea; are, arrisku larrian daude. 

Epaitegiak azken lau urteetan bultzatzen ari diren oldarraldi euskarafoboak, euskararen normalizazioa oztopatu du, eta atzera urratsak eragin ditu. Horrela, hitzez euskararen alde daudela dioten sindikatuek, CCOOk eta UGTk, lanpostuak euskararen eskakizunekin betetzeko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan, enplegu publikoko hizkuntza eskakizunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu horiek bazka ematen diete epaile euskarafoboei, eta, PP-VOX et PSE alderdiekin batera, euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dute. Euskara frankismo garaira eraman nahi dute, urratsez urrats eremu publikotik ateraz.

Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari dira. Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, azpikontratatuak barne, eta ez alderantziz. 

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hori lortzeko bidean, honakoa da LABek proposatzen duena:

  • Euskararen kontrako epaiak salatzea. 
  • Administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Administrazioak erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz eta lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu-hizkuntza izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez. 
  • Lege aldaketaren bidez administrazio publikoan euskara eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Lanpostu guztiek hizkuntz eskakizuna izatea eta derrigorrezko data jarrita izatea. 
  • Lanpostu berriei dagokienez, derrigortasun data iraungita egotea lanpostua hartzeko momentuan.

Hilabete hauetan berebiziko garrantzia duen eztabaida izango da Eusko Legebiltzarrean, eta euskararen normalizazioari eta bere garapenari loturiko erabakiak hartuko dira. Euskararen normalizazio prozesuari segurtasun juridikoa eman diezaioketen erabakiak izan daitezke eta epaitegien injerentzien aurrean euste-horma izango direnak. Enplegu Publikoaren Legea aldatuko duen eztabaidaren araberakoa izango da hori, emaitza erabakigarria izango baita kinkan dagoen euskararen etorkizunari begira. 

EAJk legebiltzarrean aurkeztu duen proposamenak ahulezia egoera betikotzen duela uste du LABek, zerbitzu publikoak euskalduntzea zaildu egiten baitu, euskararen normalizazioan atzera egitea erraztuz. Euskarak berme juridikoak behar ditu: gaztelaniak dituen eskubide eta berme berberak behar ditu, eta, horretarako, euskararen eta gaztelaniaren eskakizunak parekatu behar dira. Norabide horretan, gaur ere EAJri ausardia eta ardura izateko eskatzen dio LABek, eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko egindako proposamenarekin bat egiteko. Oso larria litzateke epelkerietan eta erdibideetan jarraitzea eta euskara ahulezi egoera horretan mantentzea.

Abenduan aurreratu bezala, langileak eta lan zentroak aktibatzen ari da LAB dagoeneko. Gaur eta bihar Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu da, eta ez da honetan geldituko. Borroka areagotuko du. 

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso du. 2026 urte hasi berri den honetan, 4. lan heriotza da dagoeneko.

Ezaguna da LAB sindikatuarentzat Estaños Matiena enpresa. Langile migratu eta prekarizatuak baliatzen ditu lan arriskutsuak egiteko. Enpresaren politika da prebentzio araudiaren aplikazioa inpunitate osoz saihestea, eta, ondorioz, azken urteetan hainbat lan istripu larri salatu behar izan ditugu. Joan zen abuztuan langile batek araudia betetzen ez zuen makina batekin kontaktu elektrikoa izan zuen, eta larri zaurituta erietxera eraman zuten. Enpresak istripuaren ardura langileari egotzi zion, eta jarraian, mutuak emandako bajan zela, kaleratu egin zuen.

LAB sindikatuak hainbat salaketa aurkeztu ditu Osalanen, Lan ikuskaritzan eta Lan Agintaritzan. Bilerak egin behar izan ditu bertako arduradunekin enpresak duen prebentzio faltaren aurrean neurriak hartzeko. Dena alferrik izan da. Abuztuko istripu larriaren salaketaren erantzunik ez du izan LABek orain arte.

Gaurko lan heriotza ez da istripua izan. Enpresariak eragindako heriotza izan da, eta insitituzioek onartu egiten dute hori horrela izatea. Bistan da badirela enpresariak herri honetan botere maila handiak maneiatzen dituztenak; instituzioen lana oztopatzeko edo baldintzatzeko gaitasuna dutela pentsatzera eramaten du egoera larriak. Edonola ere, utzikeria eta arduragabekeria instituzionalak langileok pairatzen ditugu, ondorio lazgarriekin.

LABek ekintza sindikala eta juridikoa erabiliko ditu arduraduna den enpresariaren aurka. Bitartean, ardura instituzionalak exijitzen jarraitzen dugu, dagokien ardura hartuko balute gaur hil den langilea bizirik egongo litzatekeelako.

Datozen orduetan izango diren mobilizazioetan parte hartzera deitzen dugu.

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea eta gutxieneko soldata propioa ezartzea. Neurriok lortzeko eta bertako gobernuak zein patronala mugiarazteko, martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egin dezaten dei egin die LABek langileei. 

Hainbat neurri sozial jasotzen zituen Espainiako Lege Dekretuaren aurka bozkatu dute PP, VOX, Junts eta baita UPNk ere. Horrela, egoera zaurgarrian dauden milaka herritar eta familia etxegabetzeko edota oinarrizko hornidurak eteteko arriskuan daude; era berean, kolokan geratu da pentsioen balio handitzea.

LABek salatu du indarrean ziren Madrileko neurriok, oso mugatuak izanik ere, milaka pertsonen azken babesgunea zirela, eta erabaki horiek Madrilen menpe jarraitzeak euskal langileon lan eta bizi baldintzek ziurgabe jarraitzea dakarrela. Eskubide sozialak truke txanpon gisa erabiltzea oso larritzat jo du sindikatuak.

Horregatik, LABek Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari Euskal Herrian neurri zehatzak hartu ditzaten eskatzen die, etxegabetze bakar bat ere egin ez dadin eta herritarron lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko. Halaber, Euskal Herriko langileak martxoaren 17ko Greba Orokorrera deitu ditu. 

Asteartean Madrilen, milaka herritar etxegabetzeko bidea ireki zen. Etxebizitzaren negozioa lehenetsita, maizterren eta oro har langileon aurkako neurrien kontrako bozkak nagusitu ziren, egoera zaurgarrienean dauden herritarrak jopuntuan jarrita. LABek askotan esana du indarrean egon den “ezkutu soziala” deiturikoa ez dela izan inondik inora nahikoa. Ikerketa desberdinek agerian uzten duten gisara, etxegabetze guztien laurdena edo herena gelditzea lortu da soilik, bereziki emakumeak*, gazteak eta pertsona migratuak eragin larrienekin bizitzera kondenatzen ditu eta okerragoa dena; egiturazkoak izan behar diren neurriak joko parlamentario bilakatu dira. 

Etxebizitzak bizitzeko izan behar dira, ez negozioa egiteko. Izan ere, etxebizitzarena ez da arazo edo kezka soil bat, injustizia sozial ikaragarria baizik. Larrialdi egoera betean bizi gara eta egiturazko neurriak hartu behar dira. Horren ordez, etengabe, nahikoa ez diren eta eskubideak modu partzialean onartzen dituzten lege proposamen eta dekretuak ezartzen aritu da Espainiako Gobernua. Zoritxarrez, eraikuntza ziklo berria ireki eta higiezinen patronalaren aldeko neurri desberdinak lehenetsi dituzte ere bai Pradales zein Chiviteren gobernuek. Errentismoaren alde lerrokatuta jarraitzen dute. 

Eskubide sozialak joko parlamentario bilakatu dira Madrilen, eta horren adibide ere bada pentsioekin gertatzen dena. Truke txanpon bihurtu da eskubide beharko zuena izan, pentsioek balio handitzea besteak beste. Pentsiodunen eros ahalmena ziurtatzea ezin da urtero Madrileko kongresuko bozketen menpe egon. 

Euskal Herrian bizi garen herritar guztiok behar ditugu hemen modu ziur, aske eta duinean bizitzeko oinarrizko baldintza eta eskubideak. Etxebizitzarekin negozioa eten eta prezioak jaisteko neurri politiko eraginkorrak behar dira, etxegabetze guztiak gelditu behar dira, gutxieneko pentsioa bertan osagarritu eta sistema propioa eraikitzeko urratsak eman behar ditugu eta gutxieneko soldata hemen erabaki behar dugu. LABek lorgarriak diren aldarrikapen horien alde borrokara batzeko deia luzatzen die euskal herritarrei, baita bertako gobernuak zein patronalaren jarrera mugiarazteko martxoaren 17ko Greba Orokorrarekin bat egin dezaten ere.

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek

Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai negoziatzailea aktibatu zuenetik, 2010az geroztik iraungita dagoen Udalhitzen hitzarmena negoziatzeko. Alabaina, urte luze honetan gutxi izan dira egon diren aurrerapen eta bilerak eta azaroaren 7an mahai negoziatzailearen 5. bilera burutu zenetik mahaiak deitu gabe jarraitzen du.

Ekainaren 27an aurkeztu genituen LABek Udalhitzen negoziazioari begira ditugun lehentasunezko ildoak, eta geroztik, ez dugu ezertan aurreratu.

Atzera begira egin eta urte honetan gutxi izan dira aurreratu diren ildoak, are egoera berdinean edo okerragoan gaudela baieztatu dezakegu eta Udalhitzen mahaiaren negoziazioak blokeoa bizi duela.

  • 2024ko urriaren 16an EUDELek ordezkaritza dugun sindikatu guztiak deitu gintuen Udalhitzeko mahaia irekitzeko asmoa ofizialki adierazteko.
  • LABetik tokiko administrazioetan negoziaziorik ez blokeatzeko eskatu genuen orduan. EUDELek hasieran adierazi zuen prozesuak iraun bitartean, lekuan lekuko negoziazio kolektiboari uko egin beharra. Atzera egitea lortu genuen.
  • 2025eko urtarrilaren 22an 14 urteren ondoren mahai negoziatzailea bildu bazen ere, mahaia osatzeko adostasunik ez zen egon, besteak beste, ELA mahaitik altxatu zelako. Horrek negoziazioen hasiera luzatu eta atzeratzea besterik ez zuen ekarri. Azkenik, 2025eko apirilaren 10ea, Udalhitz sinatu eta 15 urtera, mahai negoziatzailea eratzea adostu genuen.
  • 2024ko urritik urte eta erdi pasa da, bost bilera egin dira soilik eta edukietan ez da aurrerapausorik eman. Bosgarren eta azken bilera 2025eko azaroaren 7an izan genuen. Bilera horretan, besteak beste, euskararen normalizazioa eta lege-babesa landu behar genituen, baina EUDELek ez zuen inolako posiziorik ekarri, bere lehendakaritza duen EAJ alderdia posiziorik gabe etorri baitzen eta negoziazioa oztopatu baitzuen. Gogoratu nahiko genuke euskararen gaiari dagokionez, LABek bat egiten duela EHBilduk euskararen gaiari lotuta aurkezturiko proposamenarekin; hain zuzen ere, udal erakundeetan euskara eta gaztelania maila berean parekatzeko ekimenarekin.
  • Azken bilera horretan LABek EUDELi eskatu zion langileekiko arduraz eta begirunez joka zezala eta Udalhitz berrirako akordio-zirriborro integrala lehen bai lehen bidaltzeko eta mahaira eramateko. Izan ere, bilerak egin bai baina gaur gaurkoz edukiak mahai gainean jarri gabe jarraitzen dute eta zirriborrorik ez dugu jaso. 

Gauzak horrela, urte eta erdi luze ondoren ikusita LABek proposaturiko lehentasun ildoetan aurrerapenik ez dagoela eta azaroaren 7az geroztik daukagun blokeo egoeraren aurrean, LABek mobilizazioekin hasteko garaia dela adierazten du, grebara joatea ere baloratuz. Zentzu horretan, mobilizazio horiek ELA eta LAB sindikatuen artean modu bateratuan egitea hobetsiko genuke eta norabide horretan lan egiteko prestutasuna dugu. Bien bitartean LAB otsailetik aurrera mobilizatzen hasiko da, eta abiatuko duen mobilizazio dinamikara batzeko deia egiten die langileei, EUDELek behingoz mahai-negoziatzailea deitu eta edukiz bete dezan.

Arabako eraikinen eta lokalen garbiketako hitzarmenean adostutako aurre-akordioak amore ematea dakar, eta sektorea prekarietatera kondenatzen du

Gaur, urtarrilak 30, sektoreko patronalak, UGT, CCOO, eta USO sindikatuak aurreakordio batera heldu dira, 2029ra arte luzatuko den Arabako eraikin eta lokalen garbiketako hitzarmen berria izango dena.

LAB sindikatutik aurreakordioaren eduki nagusien aurka agertu behar dugu. Alde batetik, hitzartutako soldata-igoerek ez dute loturarik KPIarekin, eta horrek esan nahi du eros ahalmena galtzeko arriskuan egongo garela, azken 5 urteetan gertatu den bezala, non sektoreko langileok %14 inguru pobretu baitara.

Eta beste alde batetik, ABE osagarrien murrizketa dago. Negoziazio osoan, horixe izan da patronalak gehien tematu diren puntuetako bat. Absentismoa deritzotenaren diskurtso faltsuaren pean, non emakume langile guztiak behin eta berriz kriminalizatzen aritu diren, haien helburu nagusia sektoreak duela urte askotatik kontsolidatuta zuen eskubide bat murriztea izan da. Hemendik aurrera, langileak ekonomikoki zigortuak izango dira bajaren lehen 20 egunetan, gaixotze hutsagatik.

Aurre-akordio hau UGTren, CCOOren, eta USOren hanka sartze handi bat dela da. Sindikatu horiek amore eman dute patronalen asmoetan, eta uko egin diote sektoreak baldintza duinak izan ditzan borrokatzeari. Negoziazioa hartzen ari zen garapena ikusita, irailean LABeko ordezkariek gainerako sindikatuei (UGT, ELA, CCOO eta USO) mobilizazio-egutegi bateratua adosteko deia egin zieten, baina hiru sindikatu horiek uko egin zioten eskaintzari.

Azken batean, aurreakordio honek langile horien egoera prekarioan sakontzea dakar, LGSa ozta-ozta gainditzen duten soldatekin irautera kondenatuta baitaude. Lanaren banaketa sexualaren adibide garbia da sektore hori, gutxietsita baitago eta aurreakordio honekin soldata-arrakala betikotzen baitu. 

LABek Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan arreta zuzeneko ordu jaitsieraren epaia irabazi du!

Gizarte ekimeneko patronalei dei egiten zaie epaia lehen bai lehen betetzeko

LAB Sindikatuak adierazten du EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman diola: etapa guztietan arreta zuzeneko ordu jaitsiera aplikatu behar da eta ordu hori lan pertsonalerako 5. ordua bilakatuz.

Epaiak dio neurri hau aplikatu beharrekoa zela ikasturte hasieratik, beraz, LABek Gizarte Ekimeneko patronalei eta ikastetxeei dei egiten die epaia lehen bai lehen bete dezaten. 2025eko irailetik irakasleek etapa guztietan sartu dituzten ordu gehigarri guztiak konpentsatuz 

Bi urte betetzear daude 14 greba egunen ondoren Greba Amaierako Akordioa sinatu zenetik. Ordutik, patronalak harroputz jokatu du eta mahai negoziatzaileetan akordioa bera ez zuela beteko adierazi zuen, horrela jardun duelarik ikasturte hasieratik.

LAB Sindikatuak, egoera honen aurrean, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuekin elkarlanean eta batasun sindikala landuz ekintza sindikala aktibatzea besterik ez zuen izan. Mobilizazio ezberdinak burutu dira akordioa betetzeko aldarrikatuz, azkena epaiketa egunean, urtarrilaren 20an bertan.

Arreta zueneko ordu jaitsieraren auzian ekintza sindikalaz gain LABek bultzaturiko gatazka kolektiboari esker bide judizialean epaitegiak arrazoia eman dio, akordioan jaso zen lan-baldintzen hobekuntza halabeharrez bete beharrekoa izanik. Honek berretsi egiten du egindako borrokaldi eta bide luzea, borrokak merezi du.

Ezin da ahaztu greba bukaerako akordioa sinatu zenetik hau dela LABek epaitegietara jotzen duen bigarren aldia, eta bai aurrekoan zein honetan aldeko epaia lortu da. Harroputz jokatzen ari den patronalak akordioa bere horretan eta sindikatuokin sinatu zuen bezala bete behar duela adierazi dio epaiak. Eta LABetik exijitu egiten diegu patronalei zein ikastetxeei ez errekurritzeko eta hau lehen bai lehen bete dezaten. Ez betetzea langileen eta ikastetxeetako hezkuntza proiektuen kalterako litzatekeelako bakarrik.

Bukatzeko, LABek berretsi egiten du tinko jarraituko duela arreta zuzeneko ordua murriztu eta lan pertsonalerako bilakatzen dela ikusi arte. Horretarako, orain arte bezala beharrezkoak izango diren pausoak emango ditu, bide juridikoa zein ekintza sindikala uztartuz, akordioan sinatutako eduki guztiak bete eta hitzarmenean jaso arte.