2026-06-10
Blog Page 4

Hau ez da Nafarroako langile publikoek behar eta merezi duten Estatutua

LABen ez dugu arrazoirik ikusten testuaren aldeko botoa emateko, eta horregatik, Gobernuari eskatzen diogu testuaren tramitazioa bertan behera uzteko eta mahai O¡orokorrean berriz esertzeko sindikatu guztiekin, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen beharrei benetan erantzungo dien karrerako lege bat eta Estatutu bat, bakoitza bere aldetik, egiteko.

Administrazioak eta Afapna, CCOO eta UGT sindikatuek ontzat eman dute Nafarroako administrazio publikoetako langileen baldintzak arautzen dituen lege aurreproiektuaren azken testua.

Sindikatu horien babesaren gakoa da beren baldintzetan zehaztasun handirik ez duen lanbide-karrera bat sartzen dela. Trukean, gure lan baldintzetan murrizketa handiak irentsi dituzte.

Astearteko bozketaren ostean, sindikatu sinatzaileek berehala zerrendatu dute ustez sinatzera eraman dituzten “arrazoien” zerrenda. Baina, egia esan, karrera profesionalak 2027rako dakarren soldata-igoera bakarrik hartu dute kontuan, gainerako guztia, zalantzan jartzekoa baita:

  • Ez dago argi lanaren betekizuna ebaluatzeko osagarria jasoko ote dugun, eta, jasotzekotan, burutza bakoitzaren interesen araberakoak izango dira irizpideak.
  • Baimen eta lizentzien hobekuntzek are denbora gehiago beharko dute ezartzeko, eta horietan edozein hobekuntza Parlamentuak onartu beharko du, lortzeko zaila benetan.
  • Telelana arautzeko konpromisoa 2022an hartu zuen Administrazioak.
  • Mailakako birkokatzea aspalditik eskatzen du Europak.
  • Antzinatasunaren kontzeptuan jasoko duguna Funtzio Publikoaren lehen proposamenak zekarrena baino gutxiago izango da.

Gainera, atzerapauso handiak ekarriko ditu eskubideetan, eta okertze nabarmena lan-baldintzetan:

  • Lanaldi partzialeko lan-kontratudun finkoak ezin izango dira, orain arte bezala, lekualdatze-lehiaketa bidez funtzionario bihurtu, eta horrek ondorio hau izango du: hemendik gutxira, Administrazioa lan-kontratudun langileek osatuko dute ia erabat.
  • Kasuan kasuko buruek beren kortijoa balitz bezala erabiliko dituzte sarrera eta kontratazio prozedurak.
  • LEP batera ateratzen diren plazak ez dira aldez aurretik eskainiko lekualdaketa lehiaketa batean.
  • Toki-erakundeetan, Administrazioko gainerako erakundeetan baino kategoria txikiagoko langileak egongo dira aurrerantzean ere.
  • Legean jasota geratuko da Hezkuntzako langileek ezin izango dutela ia ezer negoziatu beren ibilbide profesionalaz, baimenez, soldatez…
  • Ez da deus aipatzen egun dagoen behin-behinekotasun ikaragarriaz, eta ez da ezartzen hori % 8tik behera murrizteko neurririk.
  • Mailen arteko proportzionaltasun-indizearekin amaitzen da, eta Parlamentuak erabakitzen duenaren menpe gelditzen gara.
  • Jardunaldiaren murriztea aipatu ere ez da egiten.
  • Ez dago inolako neurririk errelebo-kontratua eta erretiro partziala ezartzeko.
  • Euskara eta Europar Batasuneko beste lan-hizkuntzak ezagutzea eskatzen duten lanpostuak lortu dituzten langileekiko diskriminazioa betikotu egiten da.

Horregatik guztiagatik, LABetik Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu testu honen tramitazio parlamentarioa geldiaraz dezala, ibilbide profesionala aparteko lege batean jorratzeko. Horrela bakarrik egin ahal izango dira Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen beharrei benetan erantzungo dieten Estatutua eta Karrera Profesionaleko legea.

Osakidetzako mahai sektoriala antzerki hutsa da

Azkenengoetan gertatu den bezala, gaurkoan ere kategoria gutxi batzuk ordenatzera mugatu da, eta beste behin ere langileak noraezean utzi ditu, bereziki egoerarik prekarioenetan daudenak. Lan hitzarmenaren negoziazioa premiazkoa da langile guztien lan baldintzak hobetu eta zerbitzu publikoaren narriadura lehengoratze aldera.

Gaurko mahaiaren gai nagusia Lanpostu Funtzionalen Dekretua izan da. Osakidetzak aurkeztu dituen dokumentuak aztertu ondoren, LABetik adierazi dugu aurkeztutako talde eta lanpostuen gaitasun gida oso orokorra dela eta, gaiak duen garrantzia kontuan hartuta, ekarpenak egiteko emandako epea laburregia izan dela.

Bestetik, salatzen dugu alde sozialari mahai sektorialean helarazi zaion dokumentazio guztia gaztelera hutsean zegoela, eta bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eskatu dugu.

Era berean, lanpostu guztien hornidura Osakidetzak berak egin beharko lukeela adierazi dugu, edo kontratazio publikoaren bidez, azpikontratazioa saihestuz. Era berean, dekretua zerbitzu guztien publifikazio prozesua egiteko tresna izan beharko litzateke.

Dekretuari zehaztasun ugari falta zaizkio; besteak beste, kategoria bakoitza zein taldetan sartzen den definitzea eta haren gaitasunak zehaztea. Gainera, kategoria batzuk desagertzea proposatzen da, eta hori onartezina da gaur egun lanpostu horietan ari den langileen ordainsarietan murrizketak badakartza, bereziki egiten diren funtzioei lotutako osagarriei dagokienez; adibidez, unitate espezializatuetako zelarien eta erantzukizun bereziko administrari laguntzaileen kategorietan.

Beharrezkoa da administrari laguntzaileek administrari izateko plan bat garatzea, gaur-gaurkoz administrazio orokorrean planteatzen ari den ildotik; izan ere, kategoria bietan funtzio berdinak gauzatzen ari dira. Gainera, lanpostu funtzionalen dekretua negoziatzeak, ordainsarien atala negoziatu gabe, etorkizunean arazoak ekar ditzake.

Norabide honetan, azpimarratu dugu Osakidetzako langile guztien lan-baldintzen hobekuntza akordio arautzaile osoa negoziatuz lortuko dela. Bestalde, gaurkoan ere mahai sektorialetan ez da hitz egin medikuen grebaren eta hura konpontzeko irtenbideen inguruan, eta gaia saihestu egin da.

Osakidetzak 20 urte betetzera doan lan-baldintzen akordio arautzailea du, eta premiaz berritu behar da, kolektibo desberdinen izaerari eta ezaugarriei erreparatuta, langileen lan-baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzeko. Zerbitzua propioa izatea eta baliabide publikoekin ematea aldarrikatu dugu. Halaber, pribatizazioaren aurkako neurriak hartzea eta zerbitzu guztiak publifikatzeko plana premiazkoa da.

Azkenik, LABetik Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari eskatu diogu erantzukizunez joka dezala eta 20 urte betetzera doan lan-akordioa osotasunean berritzeko borondatea erakuts dezala. Gauzak horrela, dei egin diogu mahai sektorialean akordio arautzailearen negoziazio integralari ekin diezaion. Gaur egun ez da benetako negoziazio kolektiborik gauzatzen ari, eta, egoera honen aurrean, aliantzak bilatzen eta ekintza sindikala aktibatzen jarraituko dugu.

Gipuzkoako esku-hartze sozialak hitzarmen duina behar du

Langileak hitzarmen kolektiborik gabe daude urtea hasi zenetik. Bada, egoera honek zaurgarritasun egoeran jartzen ditu berez nahiko berezia eta gizartearentzat ezinbestekoa den sektorea osatzen duten beharginak.

Administrazio publikoak gizarte eta zaintza lanak enpresa eta elkarte pribatuei azpikontratatzen dizkie eta, ondorioz, diru publikoa esku pribatuetara daramate. Sistema publiko-pribatu honek langileentzako prekaritatea besterik ez dakar, enpresek eta elkarteek etekin ekonomikoa bilatzen dutelako zerbitzu duina eta langileen ongizatea bilatu beharrean. Zerbitzu publikoak publikoki kudeatu behar dira, eta zerbitzu publikoetan lanean dabiltzan langileak langile publikoak izan behar dira.

Hitzarmen kolektiborik gabe egoteak soldatak izoztuta izatea dakar. IV. Hitzarmeneko soldata-taulek ez dute islatzen gaur egun sektoreko langileek egiten duten lanak izan beharreko aitortza, ez eta azken urte honetan munduko hainbat gertakari direla eta bizitzak izan duen garestitzeari erantzuten ere. Hori dela eta, sekula baino anbizio handiagoz exijitu behar zaie soldata igoera bat bai patronalari, baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere, langile hauen soldatak administrazio publikoan lan berdina egiten ari diren langileenekin parekatu arte.

Soldata kontuez gain, beste zenbait arazo estruktural ditu sektoreak; klasifikazio profesionalarena, besteak beste. Bolonia Planaren aurretik ezarritako kategoriak dauzka, gaur egun Gradu kategoria duten ikasketak bi maila ezberdinetan ezarrita. Horrez gain, bosgarren kategoria profesionalean dauden langileen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da, oinarrizkoak diren baina errekonozimendurik ez duten ezinbesteko funtzioak betetzen dituztelako.

Pixkanaka adinean goraka doan sektorea da esku-hartze sozialekoa, eta dituen berezitasunengatik ezinezkoa da lanpostuek eskatzen dituzten karga fisiko eta emozionalak jasatea. Urteko lan-orduei dagokienez ere, 1592 orduetan iltzatuta jarraitzen du.

Lan osasunari dagokionez ere, langileak babesik gabe daude. Babes falta administrazio publikoaren eta zerbitzuak gestionatzen dituzten elkarteen errua da. Administrazio Publikoarena, zerbitzua azpikontratatu eta eskuak garbitzen dituelako langileei gertatzen zaien guztian. Elkarteena, ez dituztelako langileen segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren inbertsioak egiten, eta edozein motatako erasoen aurrean hartzen dituzten neurriak antzuak direlako.

LAB, ELA eta CCOO sindikatuok, orain arte egin bezala, Hedatzen patronalarekin negoziatzen jarraituko dugu, sektoreko langileen eskariak hitzarmenean islatu arte, baina horretarako ezinbestekoa izango da langileen aktibazioa, mobilizazioa eta bultzada. Elkarrekin indartsuagoak gara, posible diren bide guztiak jorratu beharko ditugu hitzarmenean ahalik eta baldintza gehien eta ahalik eta baldintza duinenak bermatuta gera daitezen.

Horregatik, gaur abiatu ditugu Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko langileok hitzarmen duinaren aldeko mobilizazioak, eta datozenetan parte hartzera animatzen zaituztegu, hau guztion borroka delako.

Gora langileon borroka!

Lantokietako indarkeria matxistaren aurrean ez dago prebentzio neurririk

2024ko udaberrian, LAB sindikatuak indarkeria matxistaren prebentzioa lantokietako prebentzio planetan ezartzeko proiektu integrala aurkeztu zuen, eta Osalanen zein NOPLOIren esku ere jarri zuen. Bi urte geroago, proposamenak aintzat hartu gabe eta plan alternatiborik sustatu gabe jarraitzen dute.

Erasoei erantzuteko protokolo bat ezartzetik harago, erasoa bera ekidingo duen prebentziorako sistema neurgarri bat ezartzeko eskatzen du LABek eta neurri horien inplementazioa instituzioek betebehartzat jotzea, euren eskumena den heinean, guztiz premiazkoa baita.

Indarkeria matxista sistema kapitalista heteropatriarkalaren tresna nagusietako bat da, emakumeak* eta genero-identitate disidenteak zapalduta mantentzeko. Lan-munduan indarkeria hori etengabe gertatzen da, eta emakumeak*, askotan, babesik gabe aurkitzen dira; beste zapalkuntza batzuekin eta prekaritatearekin gurutzatzen baita sarritan. Lan sindikalaren ardatzetako bat da lantokiak indarkeria matxistarik gabeko gune seguru bihurtzeko baldintzak eskatzea, eta lan osasuneko prebentzio neurrietan fenomeno horrek daukan eragina kontuan hartu behar da.

Lan-munduan indarkeria matxistari aurrea hartzeak ezin du borondate kontua izan, legezko betebeharra baizik. Hori inplementatzeko neurriak eta sistemak ezarri behar dituzte instituzioek. Prebentzio sisteman integratzea ezinbestekoa da, egungo egituraketara egokituz, modu integral eta sistematikoan. Gaur gaurkoz ez da inola ere kontuan hartzen indarkeriaren prebentziorako sistemak ezartzeko beharra.

Prebentzioan, arrisku ebaluaketan zein babes neurrietan, indarkeria matxistaren eragina identifikatu, aitortu eta kontuan hartu behar da.

Enpresaren prebentzio planean atal zehatz gisa azaldu behar da hasteko; lanpostuen arrisku ebaluaketan ere modu espezifikoan jaso behar da indarkeria matxista emakumeentzako* arrisku faktore bezala, bai enpresaren barruan gertatzen denean, bai enpresatik kanpo gertatzen denean. Eta zehaztu egin behar da hori nola egin, alegia, nola neurtu eta detektatu eta zer neurri hartu. Beraz, LABek proposatzen du horretarako sistema oso bat garatzea:

  • Prebentzioan, arriskuak ebaluatuz eta lehentasunak zehaztuz. Informazioa eta formazioa ere barne bildu behar dira; eta enpresetan sentsibilizazio eta formazio planak zehaztu. Bistan da faktore psikosozialak paper garrantzitsua jokatzen duela eraso matxisten eremuan eta horien eraginean; beraz, faktore psikosozialak ere prebentzioaren atalean kontuan hartzekoak dira. Prebentzio planean atal espezifikoa behar dute.
  • Prebentzio faseak porrot eginez gero, esku hartzeko protokoloak zehaztu behar dira, fokua jarriz egoerak zuzentzeko neurrietan eta prebentzioa hobetzean.
  • Urtero langileen osasuna ikuskatzerakoan, osasun zaintza deritzon zerbitzuan, zeina enpresak eskaini behar duen, indarkeria matxista kasuak edo zantzuak arakatzeko baliabideak integratu behar dira. Balizko kasuak modu espezifikoan kudeatuko lirateke Osalanen eta NOPLOIren eta osasun zerbitzuen eskutik.
  • Proposamen honek administrazioaren ikuskatzaileak formatuta egotea eskatzen du (baita prebentzio delegatuei ematen zaizkien formazioetan prestakuntza zehatza integratzea ere, besteak beste). Noski, lan ikuskaritzak behar hori asetzeko egitura propioa eta espezializatua behar du.

LABek bere aldarriari eusten dio: Osalan eta NOPLOIk irizpidea markatu behar dute proposatutako neurriak betearaztea derrigorrezkoa izan dadin. Eztabaida ezinbestekoa da; lan munduan ere indarkeria matxistaren aurrean prebentzioa landu beharra dago.

LAB sindikatuak mobilizatzen jarraitzeko deia egiten die Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileei, telelanaren benetako plan bat ezartzeko eta hitzarmenaren blokeoarekin bukatzeko

Aldundiak eta ELA, UGT eta CCOO sindikatuek negoziatutako Telelanaren Plana langileek atzera bota ondoren, joan den maiatzaren 18an batzarra egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiko (BFA) eta GUFEko langileen batzordeak eta enpresa batzordeak. Batzarrean argi geratu zen langileek mobilizazio eta batasun handiagoa eskatzen zutela BFAren inposaketari aurre egiteko eta benetako negoziazioa eskatzeko.

Ia langile guztiek eskatu zuten asteko egun batez telelana egiteko proposamena berreskuratzea. Proposamen hori sindikatu guztiek defendatu zuten abendura arte, baina, urtarriletik aurrera, ELAk, UGTk eta CCOOk bertan behera utzi zuten.

Sektore pribatuaren zati batean eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publiko gehienetan arlo horretan aurrera egin duten bitartean, BFA gai honetan aurrera urratsak egitera ukatzen da.

Asanblada horretan argi geratu dira bi kontu hauek:

  • Negoziazioaren blokeoaren eta Aldundiaren inposaketaren aurrean, mobilizazioa ezinbesteko tresna da. Hura gabe, ezinezkoa da aurrera egitea. Beste urrats bat emateko eta lanuztea deitzeko beharra planteatu zen.
  • Aldundiak aurreko plana inposatuko zuela iragarri zuenez, kontsultan baztertutako plana onartzeko proposamenari ezezkoa eman zitzaion modu masiboan.

Telelaneko benetako plan bat ezartzeko eskaeraz gain, BFAri akordioa/hitzarmena negoziatzeko eskatzen diote langileek (adostutako azkena 2018/2019koa izan zen). Akordio/hitzarmen berri bat behar da eskubideetan aurrera egiteko: lanaldia murrizteko, pribatizazio gehiago saihesteko, kontziliazioa hobetzeko, euskararen normalizazioan atzerapausorik ez emateko, berdintasunean aurrera egiten jarraitzeko, galdutako erosahalmena berreskuratzeko…

Joan den astetik langileen kontzentrazioak egiten ari dira Ogasunaren eraikinaren aurrean. Mobilizazioen aurrean BFAk inposaketa alde batera uzten ez badu, hurrengo asteetan lanuztea deituko da.

Maiatzaren 28an, ostegunean, 11:30ean, mobilizazioa izango da BFAren Foru Jauregiaren aurrean, eta hilaren 29an, ostiralean, berriro mobilizatuko dira langileak Ogasunaren eraikinaren aurrean, BFAko eta GUFEko langileen batzordeak eta enpresa batzordeak deituta. Hurrengo asteetan mobilizazioekin eta lan-geldialdiarekin jarraituko dute langileek BFAk jarrera berdinarekin jarraitzen badu.

LABek mobilizazio horiek babesteko deia egin die langileei, BFA egiten ari den etengabeko inposizio-politikaren aurrean indarrak metatzeko eta presioa egiteko tresna gisa.

FVEMen borondate faltaren aurrean, LABek Bizkaiko metalgintzan indarrak batu, sektorea antolatu eta aktibatzeko deia egin du

Gaur, maiatzaren 26an, Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera egin da.

Beste behin ere, agerian geratu da FVEMek hitzarmena negoziatzeko duen erabateko borondate falta. Beste behin, aitzakiak baino ez ditu jarri, sektoreko langileentzat funtsezkoak diren eduki eta gaiei buruz eztabaidari heltzea saihesteko.

FVEMek uko egin dio erosahalmena bermatuko duten soldata igoerei buruzko galdera zehatzei erantzuteari, baita lanaldia murrizteko, antzinatasuna desizozteko edo lan osasuna, lizentziak eta berdintasuna bezalako gaietan hobekuntzak egiteko prest dagoen ala ez esateari ere. Azken puntu hori, hain zuzen ere, izan da LABek azken bilera honetara eraman duen gaia, eta FVEMek ez ditu erantzun sindikatuak egin dizkion galderak.

Ondorioa argia da: FVEMek ez du inolako hobekuntzarik negoziatzeko borondaterik, eta mahai gainean jartzen du bere azken proposamena, hainbat arlotan atzerapausoak jasotzen dituena, hala nola malgutasunean.

LABen badakigu zer den egoera hau alda dezakeen bakarra. Horregatik uste dugu indarrak batu, sektorea antolatu eta aktibatzeko garaia dela.

Hurrengo bilera ekainaren 19an izango da.

Kubaren aldeko elkarretaratzea eta eguzki-panelak bidaltzeko kanpainaren amaiera ekitaldia Bilbon

AEBen blokeo itogarria nozitzen ari den herrialdeari eguzki-plakak erosten laguntzeko helburuz abiatu genuen Argia eta indarra Kubarentzat kanpainaren amaiera ekitaldia izango da larunbatean, hilak 30, Bilboko udaletxearen aurrean. Horrekin batera, Kuba: Genozidioa gelditu lelopean elkarretaratzea egingo dugu, AEBen blokeo itogarria salatu eta uhartearekiko gure elkartasuna berresteko.

Euskal Herria-Kuba Ekimenak, Euskadi-Cuba elkarteak eta Hegoak plataforma internazionalista osatzen dugun eragileok abiatu genuen kanpaina martxoan, eta zer nolako emaitza izan duen jakitera emango dugu larunbatean. Aurreikuspenak gainditu dituela aurreratu dezakegu jada. Ekitaldian zehar hainbat artistak hartuko dute parte.

Lorturiko diruarekin erosiko diren eguzki-energiako instalazioak Habanako Pediatria Ospitaleari laguntzeko izango dira. Bada, bertako medikua da Aleida Guevara, Ernesto Che Guevararen alaba, eta Euskal Herriari esker oneko mezua helarazi dio. Bere esanetan, “gure haurren irribarreari eusten laguntzeko” ekarpena da kanpainaren bitartez eginikoa.

Post by @LABsindikatua@mastodon.eus
View on Mastodon

Izan ere, jakina denez, muturreko egoera bizitzen ari da Kubako uhartea gaur egun, setio energetikoa, zigor ekonomiko gogorrak eta AEBetako Gobernuaren esku-hartze militarraren mehatxua tarteko. Kubatarrek beren subiranotasuna entregatzea da metodo krudel horien bidez Trumpek lortu nahi duena. Hala, adibide gisa, beharrezko medikamentuen heren bat baino ez dago egun eskura, 96.000 pertsona baino gehiago daude ebakuntza baten zain, eta haurren heriotza-tasa %148 igo da. Horrez gain, egun osoko argi eta ur mozketak daude, pobrezia eta emigrazioa handitu dira eta oinarrizko hainbat zerbitzu (garraioa edota zabor bilketa, esaterako) ezin dira aurrera eraman.

Dohaintzak egiteko eta sinatzeko aukera zabalik

Gogorarazi behar dugu oraindik ere badagoela aukera kanpainaren baitan diru-ekarpenak egiteko. Bi bide daude irekita horretarako:

– Transferentzia Euskadi-Cubari: ES35 3035 0134 43 1340059271 (Laboral Kutxa)

– Bizum 04713 kodearekin (sakatu ‘dohaintza’)

Bestalde, Kubako herriari eta bere subiranotasunari babesa emateko online sinaduren nazioarteko kanpaina ere babesten dugu, mugimendu sindikalak bultzatua eta maiatzaren 2an Habanan eginiko Nazioarteko Elkartasun Konferentzian iragarria.

Atxikipenak plataforma honen bidez egiten dira: https://www.firmoporcuba.com/

LABek eta ELAk lanuztera deitu dute Eusko Jaurlaritzan hitzarmen duin baten alde

LAB eta ELA sindikatuek hiru orduko lanuztera deitu dute ekainaren 16an. Azken hilabeteotan negoziazioetan ez da benetako aurrerapausorik eman, Jaurlaritzako langileen aldarrikapen nagusiei erantzunik ez zaielako eman.

Duela 15 urte sinatu zen gaur egun indarrean dagoen hitzarmena, eta ordutik Jaurlaritzako langileen lan baldintzak atzean geratu dira inguruko administrazioetakoekin alderatuta. Bien bitartean, administrazioak aldebakarrez hartu ditu erabaki ugari: lan-poltsen kudeaketa arbitrarioa, adinagatiko neurrien blokeoa, laboralen eskubideen aurkako erasoak, C1-C2 taldeen berrantolaketa, euskararen babesgabetasuna edota kolektibo ezberdinen gatazken kudeaketa eskasa, besteak beste, Ibaiondo, Eustat edo ikastetxeetan lan egiten duten langileena.

LABek eta ELAk argi daukate egoera hau ezin dela gehiago luzatu. Eusko Jaurlaritzako langileek merezi dute eskubideak eguneratuko dituen hitzarmen berria, eta horretarako mobilizazioa ezinbestekoa izango dela berresten dute.

Lanuzteen bidez, LABek honako aldarrikapen hauek mahai gainean jarri nahi ditu:

  • Urteko eta asteko lanaldia murriztea.
  • Galdutako erosahalmena berreskuratzea eta hemen negoziatutako soldata igoerak adostea.
  • Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzea.
  • Adinagatiko neurriak ezartzea.
  • Benetako kontziliazio neurriak eta ordutegiak garatzea.
  • Lan osasuna lehentasun bihurtzea.

Administrazioak ez badu norabidea aldatzen, langileen mobilizazioak izango dira egoera hau iraultzeko tresna. Horregatik, LABek eta ELAk dei egiten diete langile guztiei lanuzteetan parte hartu eta mobilizazio dinamikan aktiboki inplikatzera. 

Enplegu zentro berezietako langileek negoziazioa blokeatuta dagoela salatu, eta akordioa eskatu dute EAErako, Espainiako Estatuko hitzarmenaren inposizioa saihesteko

Patronalak EAE mailan enplegu zentro berezietako lehenengo lan hitzarmena negoziatzeko aukera ukatzen du. Hori dela eta, LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilboko auzitegiaren aurrean.

Agerraldi horren bidez, sektoreko langileek jarraipena eman diote martxoaren 14ko mobilizazioari; orduan, hemen erabakitako 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde egin zen greba orokorraren bueltan mobilizatu ziren. Oraingoan, berriz, LABek, ELAk eta ESK-k patronalaren kontra jarritako salaketaren ondorioz egin den epaiketa dela eta egin dute protesta. Hiru sindikatuek enpresariei leporatzen diete 13.000 langile baino gehiagori lan eta bizi baldintzak negoziatu eta hobetzeko duten eskubidea urratu izana.

Sindikatuek gogoratu dute enplegu zentro berezien sektorean aspaldidanik galdegiten ari direla negoziatzeko esparru propiotik sortuko den hemengo hitzarmen bat, langileei bizi duin eta autonomoa garatzeko aukera emango dieten lan baldintzak izateko.

Izan ere, gaur egun, langileen %80 baino gehiago ozta-ozta iristen da hileko 1.500 euroko soldatara, eta kasu askotan ordainsaria Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) pareraino osatzen dute. Errealitate horrek agerian uzten du sektorean pairatzen den egiturazko prekaritatea.

Halaber, LABek, ELAk eta ESK-k adierazi dute administrazio publikoek erantzukizun zuzena dutela kolektibo honen garapenerako beharrezkoak diren lan- eta bizi-baldintzak bermatzerakoan. Haatik, salatu dutenez, irtenbideak bilatu ordez, administrazioek eredu horri eusten diote. Horrek sektoreko prekaritatea iraunarazten du.

Gainera, sindikatuok nabarmendu dute erakundeek bermatu behar dutela langile hauek ohiko enplegua izateko aukera, eta enplegu zentro berezietako jarduera aldi baterako izan dadila, ez behin betiko.

Horregatik, LABek, ELAk eta ESK-k galdegin diete Eusko Jaurlaritzari eta sektoreko patronalei zinezko gogoeta egin dezatela egungo ereduaren inguruan. Negoziazio mahaia eratu behar da EAEko sektoreko lehen hitzarmena lortzeko.